Erreka zuloan
IX
Ez zuan Pierres jaunak gau hartan lekaimetxeko morroiak bezelako lo gozorik izan. Esnarik igaro zuan gau osoa. Lekaimetxeko morroiak esandakoek, kezka sortu zioten bihotzean. Bere alaba ote zan ba, Urrategin hilotzik agertu zan neskatxa hura? Eta horrelako kezka batekin, nork egin dezake lo lasai? Lo ezin hartan, erabaki sendo bat hartu zuan Pierres jaunak. Urrategira joango zan, ba, eta Urrategiko Erretore jaunak emango zion, beharbada, zerbaiten aztarrena.
Pierres jauna Urrategira iritsi zanean, arratsalde erdia edo zan. Egun hartako izparringia irakurtzen ari zan Erretore jauna. — Aurrera! —hots egin zuan Erretore jaunak, haren atean kox-kox jo zuten bezain laister. — Arratsalde on Jaungoikoak —agurtu zuan Pierres jaunak. — Baita zuri ere. Hona hemen eserleku bat. Eserita hobeki jardungo degu. Ez al diozu hala irizten? — Eskerrik asko, jauna. Ez zera, ba, urrategitarra izango? Ez zaituk nik ezagutzen eta. — Ez naiz urrategitarra, ez. Mugaz haruntzekoa naiz. Lohitzundarra. Ezagutzen al dezu Lohitzungo herria? — Entzutez, bai. Bainan ez naiz behin ere han izan. Eta zerk ekarri zaitu, ba, Urrategira? — Hara ba, jauna. Gauza bat jakin nahiean etorri naiz. Ez dakit, jakin nahi dedan hori jakitea erreza izango zaidan ala ez. Bainan jakin nahi haundia daukat. Ez ote didazu zuk nere jakin min hau aseko? — Zer jakin nahi zenduken esan beharko didazu hortarako aurrena. — Bai, jauna. Poz-pozik esango dizut, esan ere. Orain bederatzi urte neskatxa gazte bat arkitu zutela hemen, hilotzik, esan didate Lohitzunen. — Hala da, eta nor izan zitekenik, ez degu oraindik jakin. Hemen hauetakoa ez zan behintzat neskatxa hura. — Eta zenbat urte izango zituan gutxi gorabehera? — Hogeita bat urte edo, Sendagile jaunak esan zuanez. — Ile gorrixka al zuan? — Bai, jauna, hala omen zuan. — Nere alaba ote zan, ba? —esan zuan larri-larri. — Zure alaba? — Bai, jauna. Nere alaba! Eta alabarekin zer gertatu zitzaion, argi eta garbi esan zion Pierres jaunak Urrategiko Erretoreari .Eta geroztik zeraman samintasuna ere, bai. — Zer egingo dezu, ba, —erantzun zion Erretore jaunak, Pierres jaunak bere hitz saioa bukatu zuanean—. Edonork izan ohi du itsumenaldi bat, eta itsumenaldi batean, edozer gauza egin ohi da, nahiz eta gero, eginarekin ondo damutu. — Egia da, jauna. Barkatuko ahal zizkidaten Jaungoikoak eta nere alabak, nik orduan esan eta egin nituan gaiztakeri guztiak! — Barkatuko zizkizuten, bai. Ez dezu horren kezkarik izan behar. — Eta zer izan ote zuan, ba, gajoak? — Zer izan? Ez al dizute ezer esan? Hemen hilda agertu zan neskatxa, baten batek hil zuan! — Hil egin zuten, beraz? — Bai. Bizkar aldean zauritu omen zuten, eta odolustu egin omen zan, Sendagile jaunak esan zigunez. Aizto bat ere agertu zan gorputz ondoan. Epaile jaunak izango du oraindik aizto hura. Zure jakin-nahi hori asetzea, ez da ba gauza zaila izango. Neskatxaren argazki batzuk, ere, egin ziran, eta argazki hoiek eta neskatxak egun hartan zeraman soinekoa, Epaile jaunak dauzka oraindik. Argazki eta soineko hortatik errez jakingo dezu, ba, hemen hilotzik agertu zan neskatxa hura zure alaba zan ala ez. Nik neronek lagunduko dizut. Epaile jaunarengana. Atoz, ba, nerekin. Eta Epaile jaunaren bila irten ziran Erretore jauna eta Pierres jauna.
Udaletxean arkitu zuten Epaile jauna. Azaldu zion Erretore jaunak Pierres jaunaren jakin mina eta laister zituan honek, bere eskuetan, neskatxa hilari atera zizkioten argazkiak. Argazkiak ikusi orduko... — Nere alaba da, bai —esan zuan negarrez Pierres jaunak. Eta argazkieri begi-begira gelditu zan une batzuetan. Eta beste hainbeste gertatu zitzaion, neskatxa hilari kendu zioten soinekoarekin ere. — Bai!, esan zuan Pierres jaunak soinekoa ikusi zuan bezain laister. Soineko hauxe zeraman, bai, nik etxetik kanpora bota nuanean. Alaba errukarria! A zer heriotza izan duan! Barkatuko ahal zidan, behintzat. — Hauxe dezu, jauna —esan zion orduan Epaile jaunak—, zure alabaren gorputz ondoan jaso genduan aiztoa. Aizto onekin egindakoa zala zure alabak bizkar aldean zeukan zauria, esan zigun Sendagile jaunak. Ez dira hauek zuretzat oroigarri ederrak izango, bainan eraman nahi baldin badituzu, zureak dituzu bertatik. — Eskerrik asko, —erantzun zion Pierres jaunak, eta Epaile jaunarekin gelditu zan. Bere zereginetara joan zan Urrategiko Erretore jauna. — Egingo nizuke nik ere galdera bat, —esan zion orduan Epaile jaunak. — Galdetu, jauna —erantzun zion Pierres jaunak. Zure alabaren gorputz hori, hemen azaldu zala, bederatzi urte luze dira, jauna. Ahalegin guztiak egin ginduzen berri hartan, zerbaiten aztarrena ateratzeko. Bainan alperrikoak izan ziran gure ahalegin guziak. Geroztik ez gera asko saiatu, egia esan. Hori dala eta, sortu zait neri orain jakin nahi hau: nolatan jakin dezu zuk, mugaz haruntz, heriotz honen berri? — Hara ba, Epaile jauna. Badet Lohitzunen lagun egin dedan morroi bat. Hark esan zidan zerbait eta haren esana egitearren etorri naiz honera. — Morroi batek? Eta nondik ote zekian morroi horrek heriotz honen berri? — Esango dizut, ba, jauna. Orain bederatzi urte eskale bat agertu omen zan Lohitzunen. lekaimetxe batean morroi dagoan gizon bat det nere laguna, eta lekaimetxe hortan eman omen zioten ostatu eskale hari, eta eskale hark esanda jakin zuan nere lagun horrek hemengo berri. — Eta eskale hura nor zanik ez al zizun esan? — Bai, eta urrategitarra izan behar zuan eskale hark, izan ere. Bere sailean agertu zala nere alabaren gorputz hori eta, errudun egingo ote zuten bildurrez, ihes egin zuala etxetik. — Mugaz haruntz dabil beraz? — Zer? Ezagutzen al dezu, ba? — Ezagutuko ez det, ba? Danok ezagutzen degu hemen Azalgortako Miel. Gizon ontzat eduki genduan beti, bainan ustela irten zan. Eskale hura dezu zure alabaren hiltzailea. eta hiltzailea ez baldin bada, heriotz horrekin zerikusi haundia izango du, behintzat. Ez zuan, bestela, emaztea eta bi alaba utzi eta zergatik ihes egin. Lohitzun aldean da, beraz. Gizajoa! Azalgortak lur jo ez baldin badu, alaba zaharraren ezkontzari esker ez du lur jo. Honen gizonak jaso baitu Azalgorta berriro eta landara berri bi sortuerazi bertan: semetxo bat eta alabatxo bat. Ai, jauna! Ustelak dira, bai, gizonaren itxurak! — Lohitzunen eskale agertu zan Azalgortako Miel da beraz nere alabaren heriotzegilea? Ez du horrelakorik uste izango nere morroi lagunak! Eta une hontan azaldu zan berriro Udaletxean Urrategiko Erretore jauna. Bat-batean isildu zan Epaile jauna. Eztabaida asko izaten baitzituzten bien artean Azalgortako Miel zala eta ez zala. Ez baitzuan Erretore jaunak Azalgortako Mielen errua Epaile jaunak ikusten zuan bezela ikusten. Ontzat zeukan oraindik Azalgortako Miel Urrategiko Erretore jaunak. — Zuri gauza bat esatera etorri naiz —esan zion Pierres jaunari—. Ikusi nahiko dezu, noski, zure alaba hil zuten erreka zuloa? — Bai, jauna, nahigabez arren, ikusi nahi nuke —erantzun zion honek. — Ba, bihar goizean lagunduko dizugu Epaile jaunak eta biok Azalgortako erreka zulora, eta handik etorritakoan zure alabaren hilobira joango gera hirurok. Eta ostatu beharrean arkitzen bazera orain, nere etxean dezu zure ostatua. — Mila esker, jauna. Moldatuko naiz ni neroni! Eta Epaile jaunarekin utzi zuan berriro ere...
Goizeko bederatziak izango ziran Azalgorta alderako bidea hartu zutenean. Laister egin zuten hango joan-etorria. Urrategiko hilerri bidean ziran, ba, eguardi eguardian. Neskatxaren hilobira iritsi ziran bezain laister, Aitagure bat errezatu zuan Erretore jaunak. Belaunikatu zan gero Pierres jauna eta, zotinka batean, barkapen eskeko musu bat eman zion bere alaba estaltzen zuan lurrari!
Ilunabarrean irten zan Pierres jauna Urrategitik Lohitzunaldera.
Erreka zuloan |