Erreka zuloan
IV
Bigarren gau hura ez zan Azalgortako Mielentzat lehenengoa baino hobea izan. Miel gizajoa! Bere gelako leiho zirriztutik Urrategiko bideari begira igaro zuan, begiak irten beharrean, gau osoa. Gero eta ilunagoak ziran harek bere buruan zerabilzkin gogamenak. Gaurdia Civil biren erdian ikusten zuen bere burua. Eskuak katez lotuta, heriotzegile bat balitz bezela eramango zuten Guardia Civil haiek Urrategiko kaleetan barrena. Ez zuan inork harentzat hitz gozorik izango. Madarikatua izango zan haren izena, eta madarikatuak izango ziran, hura zala eta, haren emazte eta alabaen izenak ere. Eta zer egin behar zuten emakume gaixo haiek, hura espetxeratzen zutenean?
Bere senarra oheratuaziko ote zuan ahalegin guztiak egin zituan Erramonak, bainan ez alperrik! Nork kenduerazi hura bere gelako leiho ertzetik? Ez zan eguna Erramona gajoak nahi bezain laister zabaldu!
Ana eta Manuela jeiki ordurako, sukaldean zegoan Erramona. Kalerako goiz zan artean. Sua piztu eta su ertzeko aulkian eseri zan. Horrela arkitu zuten Ana eta Manuela k. — Zer du aitak? Lorik egin al du? —galdetu zion gazteenak. — Pake-pakean laga behar diozute aitari —erantzun zion amak. — Zergatik ez diozu sendagileari etortzeko esaten? —esan zion orduan Anak. — Ez du aitak sendagile beharrik! —erantzun zion bat-batean amak. Eta aulkitik jeiki eta kalerako gertatzen ari zanean... — Eta Joxe? —galdetu zuan. Ez zuan erantzunaren zai egon beharrik izan. Joxe bera agertu baitzan sukaldean. — Zerbait gertatu da hemen inguruan, etxekoandre —hasi zan Joxe—. Gizon talde haundia dator honuntz. Guardia Civilak ere bai, eta gaizki ikusi ez badet behintzat, Erretore jauna eta herriko agintariak datoz gizon hoien artean. — Zer diozu, Joxe? —galdetu zion larri Erramonak—. Noruntz datoz? — Honuntz, etxekoandre. — Ai, Jesus! Orain bai, galduak gerala! Eta ezertarako kemenik gabe lehengo aulkian eseri zan Erramona. Zer pentsatu ez zekitela gelditu ziran Ana eta Manuela.
Egunon Jaungoikoak esanaz sartu zan sukaldean herriko Erretore jauna. Erramonak ez zuan bururik ere jaso. Negar batean ari zan gajoa. — Zer du amak? —galdetu zuan Erretore jaunak. — Guk ez dakigu —erantzun zioten neskatxa biak—. Kalerako asmoetan zan oraintxe, eta beok honera zetozela jakin duanean, ezertarako kemenik gabe gelditu da. — Pensatzen nuan, bai... —ekin zion Erretore jaunak—. Bildur nintzan horregatik nahi izan det bakarrik etorri... Eta Erramonarengana hurbildu, eta honela hitz egin zion Erretore jaunak. — Ez zaite bildurtu, Erramona. Gertaera horrekin zerikusirik ez dezutela ondo dakit nik. Ez gera, ba, asmo txarrez etorri. Alperriko pausorik ez ematearren etorri gera honera. Gorputz hori non dagoan, inork baino hobekiago zuek esango diguzutela eta. — Gorputz hori? —esan zuten bat-batean, harriturik, neska biek. — Ez al dakizute ezer? —galdetu zien Erretore jaunak. — Hoiek ez dakite ezer —esan zuan orduan Erramonak—. Mielek eta biok degu bakarrik horren berri etxe hontan. Eta Jaungoikoak bakarrik daki zer pasatzen ari geran biok. — Ez ba bildurtu, Erramona. Ez zaizute ezer txarrik gertatuko eta. Non da Miel? — Hor goian, bere gelan, jauna. Ez jan eta ez lo dago heranegun ezkeroztik, gizajoa! — Goazen ba biok, Erramona. Eta aulkitik jeikitzen lagundu ondoren, Mielen gelaruntz hasi ziran Erramona eta Erretore jauna. Sukaldean gelditu ziran, morroiarekin batera, Ana eta Manuela. Mutuak ematen zuten hirurek!
Mielen gelan ez zan inor ageri. Non ote zebilan, ba, bera? — Hementxe utzi det nik —zion Erramonak—. Leihoan igaro du gau osoa. Bere bila etorriko ote ziran bildur zan. Berak arkitu zuala gorputza, bere sailean zegoala eta bera egingo zutela errudun, esaten zuan gizajoak. Gorputza arkitu zuanean, gu ez izatera, ihes egingo zuala esan zidan lehenengo gauean. Ihes egin ote duan bildur naiz, ba, jauna. — Ez ahal zuan horrelakorik egingo! —erantzun zion Erretore jaunak. — Hemen agiri ez danean, horrelakoren bat egingo zuan ba, jauna. — Urrutira joan ote da ba? — Ez ahal zan joango, jauna. — Ez dedila hemendik aldendu, behin etxeratzen danean. Ez zaiola ezer gertatuko. Ez estutu, Erramona. Etorriko da Miel. Gu honuntz gentozela ikusi duanean egingo zuan ihes. Hemen inguruan izango da. Ez bildurtu... eta non dago ba gorputz hori, Erramona? — Nik ez det ikusi. Bainan Mielek zionez, behintzat, hor erreka zuloan daukagun sailean dago. — Ondo dago, Erramona. Besteak nere zai egongo dira eta, banoa. Egun hauetako batean etorriko naiz berriro. — Etorri, bai, jauna. Eta sukaldean sartzeke irten zan Azalgortatik Erretore jauna.
Mielek ihes egin zuala zertarako esan, irakurle. Urruti batera ikusi zuan Mielek Azalgorta aldera zetorren gizonezko taldea. Behin ere baino begi argiagoa zeukan, eta laister ezagutu zituan gizonezko talde artean zetozen Guardia Civil biak. Bere bila zetozenik, ezin ukatu ba. Zer egingo ote zuan, ba? Hartu zuan erabakia hartzen ez zuan Mielek denbora askorik igaro. Inortxori ezer esan gabe, eta soinean zeuzkenakin, atzeko ate batetik mendi aldera joan zan Miel iheska. Ez zegoan hura Azalgortan gelditzeko ordu hartan.
Erretore jauna buru, erreka zulo aldera hartu zuan Urrategitik etorri zan gizonezko taldeak. Han zegoan, Mielen sailean, neskatxa gazte haren gorputza. Ahuspez agiri zan. Han ikusten zan oraindik, lurrak edan ezinda, lur gainean gogortu zan odola. Gorputz ondoan agiri zan hiltzaileak heriotz hura egiteko erabili zuan aiztoa ere. Ezertan hasi aurretik, Aitagure bat errezatu zuan, neskatxa haren alde, Urrategiko Erretore jaunak. Ez zuan lan haundirik izan Sendagile jaunak. Neskatxaren bizkar aldean nabarmen ikusten zan heriotzegileak egin zion zauria. Zer esanik ez zegoan! Zauri hura, gorputzaren inguruan agertu zan aizto harekin egindako zauria zan. Epaile jaunari eman zion Sendagile jaunak aizto hura. Inork ezagutzen ote zuan jakin nahirik, arpegiz gora ipini zuten neskatxaren gorputza gazte bik. Gaztea zan neskatxa. Hogeita bat urte inguruko neskatxa, ile gorrikoa. Ez zuan inork ezagutzen. Ez zan han inguruetakoa. Hala zioten, behintzat, han zeuden gate haiek. Eta haiek ezagutzen ez zutenean... Argazki egileak argazki batzuk egin zizkionean, eman zuan Epaileak gorputza jasotzeko agindua. Bailarta batera jaso, eta izara batekin estali zuten neskatxaren gorputza.
Eguardia zan Urrategira jetxi ziranerako. Kale betean zetozen langileak beren lantegietatik. Bailarta ikusten zuten bezain laister, txapela kendu eta bidertzetan gelditzen ziran danak. Gorputza igaro ez artean, ez zuan inork hitzik ere esaten. Hura isiltasun bildurgarria! Eta isiltasun hura lagun zutela iritsi ziran hilerrira neskatxaren gorputzari lagun egiten zioten guztiak.
Ez zioten berehala lurra eman. Gorputz azterketa egin behar zala holakoetan agintzen baitzuan legeak, eta gorputz azterketa hori egiteko hilerrian hortarako zegoan toki batean utzi zuten neskatxaren gorputza.
Arratsaldeko seiak izango ziran neskatxari gorputz azterketa egin ziotenean. Hiru izan ziran azterketa hori egiteko bildu ziran sendagileak. Iritzi batekoak izan ziran hirurak: neskatxa harek ez zuala bere burua hil: neskatxa hura zauritu egin zutela eta aizto batekin zauritu ere, eta zauri hartatik odolustu egin zala neskatxa. Honela zion, behintzat, Sendagile jaunek Epaile jaunari bidali zioten idazkiak.
Soinekorik gabe lurperatu zuten neskatxa. Epaile jaun berak gorde nahi izan zituan neskatxaren soinekoak. Soineko hoiek eta neskatxari atera zizkioten argazkiak izango ziran, beharbada, neskatxa hura nor zan ezagutzeko bide bakarra. Eta soineko eta argazkiekin batera gorde zuan Epaile jaunak gorputz ondoan arkitu zuten aiztoa ere...
Erreka zuloan |