Erreka zuloan
Anastasio Albisu

1956 (1973an argitaratua)

 

 

VIII

 

      Luze joan zitzaion gaua Lohitzungo lekaimetxeko morroiari. Luze gaua, eta berandu argitu zitzaion eguna ere.

      Ez zeukan egun hartan beste egunetan ohi zuan bezelako lanerako gogorik. Gogoramenez beterik zeukan burua. Atsedenik ematen ez zioten gogoramenez betea. Atxurka batetik bestera. Jaungoikoak daki zenbat denbora igarotzen zuan egun hartan.

      Ez ziran berak nahi bezain laister etorri arratsaldeko bostak.

      Pierres jauna ikusi zuan bezain laister, atxurra soroan besteetan ohi zuan bezela laga eta, Pierres jaunarengana heldu zan gure morroia.

      — Arratsalde on!

      — Baita zuri ere.

      — Besteetan ere nekez izaten baldin badet loa, besteak ez bezelako gaua izan det bartko gaua. Ez det begirik lotu. Zuk atzo arratsaldean esandakoak ezin kendu izan ditut burutik gau osoan. Eta Jaungoikoak bakarrik daki, zer pensamentu etortzen zaizkion bati honetakoetan. Neri behintzat etorri zaizkit galanki. Ez zera nik nahi bezain azkar etorri.

      — Ez al naiz, ba, betiko orduan etorri?

      — Bai, hala etorri zera. Bainan zai dagoanari, luze joaten zaizkio orduak. Eta zure zai nengoan gaur...

      — Zer, ba! Lekaime berriren bat?

      — Ez, jauna, ez... Ez da inor berririk agertu. Bainan goazen aulkiraino. Nik bart ibili ditudan gogamenak azaldu nahi dizkizut eta. Min emango ote dizudan bildur naiz, bainan ez dira min ematekoak nere asmoak. Eseri zaite, ba, eta entzun zaidazu arren.

      — Pozik entzungo dizkizut, entzun ere. Ez bildurtu. Esan behar dituzunak argi eta garbi esan.

      — Hara, ba, jauna —hasi zan morroia—. Orain urte batzuk, mugaz harunzko gizon bat agertu zan hemen eskale. Itxura oneko gizona zan eta mahaikide hartu zuan hemen bertako apaizak. Hirurok bazkaldu genduan, ba, alkarrekin. Ez zan berritsua gure eskalea. Isilik egon zan gehienbat otordu bitartean. Hala ere, ezin gorde izan zuan bihotzean zeraman arantza. Arpegian igartzen baitzitzaion barruko nahigabea. Zirikatu zuan pixka bat apaizak eta laister azalduerazi zion bere nahigabe hura. Mugaz harunzko gizon bat zala esan zigun. Ez zuala ordurarte eskean ibili beharrik izan. Basarri bateko nagusia zala. Bere emazte eta alaba birekin bizi izan zala ordurarte basarrian. Bainan ihes egin behar izan zuala, eta ordutik zebilela etxerik etxe eskean. Eta zergatik ihes egin zuan galdetu zionean apaizak, hona zer erantzun zigun eskale hark: ardiak bildu eta etxeratzekoan, bere saileko erreka zulo batean, neskatxa gazte baten gorputza arkitu zuala hilotzik. Odoletan agiri zala, behintzat. Ezezaguna zala neskatxa. Berak ez zuala luzaro begira egoteko ausardiarik izan, bainan ez zitzaiola, behintzat, han inguruetako neskatxa iruditu. Bera errudun egingo ote zuten bildur izan zala, eta inori ezer esan gabe, ihes egin zuala herriko agintari eta Guardia Civilak bere basarri aldera zetozela ikusi zuan bezain laister...

      — Gizon gizajoa!

      — Ez zenitun hala ere, haren malko garratzak ikusi! Ez zuala horrelakorik egin behar esan zion mila bider gutxienez apaiz jaunak, bainan alperrikoak izan ziran haren esanak! Han gelditu izan balitz, espetxeratu egingo zutela eta horregatik egin zuala ihes. Bere pardela hartuta, han joan zan. Nondik nora ote dabilen gaur, Jaungoikoak bakarrik daki.

      — Ondo dago, lagun! Eta zer esan nahi didazu horrekin ..? Beste batzuek ere izaten dituztela nik adineko nahigabeak?

      — Ez, jauna. Ez dizut horrelakorik esan nahi, eta esan nahi dizudana esateak, horretxek ematen dit bildur. Lehendik ere bihotza ondo nahigabetua baldin badaukazu, ez ote dizut nik, nere esan behar honekin, gehiago nahigabetuko? Isilik egoteari ere, ez diot bidezkoa irizten beste alde batetik. Hona ba, hemen nere gaurko estuasunaren zergatia.

      — Ez bildurtu, lagun, nahigabeari egina dago nere bihotza. Ez dezu dagoan baino gehiago nahigabetuko!

      — Ez al dezu esan nahi dizudanaren susmorik hartu?

      — Ez det ba hartu, ez!

      — Ez al dira bederatzi urte zure alaba hori etxetik irten zala?

      — Bai, bederatzi urte dira nere alaba hori etxetik bota nuala!

      — Eta bederatzi urte dira, esan dizudan eskale hori ere hemen agertu zala?...

      — Eta?

      — Hara ba, jauna. Ez ahal da egia izango, bainan egia izango ote dan bildur naiz. Ez ote zan zure alaba, erreka zuloan eskale hark, hilotzik, arkitu zuan neskatxa hura?

      — Nere alaba? Ezin zitekean hura nere alaba izan! Zertarako joan behar zuan mugaz haruntz?

      — Zertarako? Hona hemen neri bururatu zaidana. Ez al zenion zuk, zure alabari esan, hemengo lekaimetxe batean sartzen baldin bazan, su eta gar kiskaliko zenduala zuk lekaimetxe hura?

      — Hala esan nion, bai...

      — Eta ez ote zuan, ba, zure alaba horrek, zuk esan zenion horren bildurrez, mugaz harunzko lekaimetxe batean sartzeko asmorik hartu?

      — Ez ahal zuan horrelakorik egingo!

      — Egin zuan ala ez, ezin dezaket nik hori esan. Egin ote zuan bildur naiz, ordea. Ezezaguna omen zan neskatxa. Nor izan zitekean, ba?

      — Eta neskatxa harek, nere alaba behar al zuan, nahi eta nai ez?

      — Ez, jauna. Beste edonor izan zitekean, bainan zure alaba izango zala esaten dit bihotzak. Zure tokian banengo, ez nintzake trankil egongo hori jakin gabe, behintzat. Joan-etorri bat egitea, zer kostatzen zaizu zuri?

      — Nora, ordea?

      — Eskale hark esan zigunez, Urrategin arkitu zuan hark neskatxa haren gorputza, eta ez du hemendik urruti egon behar Urrategi horrek...

      — Ez dago urruti, ez. Mugaz harunzko lehenengo herrietako bat dezu Urrategi. Haruntz joatea besterik ez balego... Urrategira joan eta aterako ote nuke ezeren aztarrenik?

      — Nik baietz uste. Biziko dira oraindik behintzat gorputz hura jaso zuten gizonak. Ez ote lizuteke ba, gizon haiek zerbaiten aztarrenik emango? Eta joaten ez bazera ere, ez al dezu beti zurekin, neskatxa hura zure alaba ote zan ala ez, kezka izango?

      — Egia da hori ere...

      — Bai, jauna. Egia da! Ezin zindezke, ba, joan-etorri hori egin gabe gelditu. Joan zaite, ba, lehenbailehen. Poz haundi bat emango didazu neri ere, joan-etorri horrekin.

      — Ondo dago, lagun. Bihar azaltzen ez banaiz, Urrategira joan naizen seinalea izango dezu. Alkar ikusi arte, ba!

      — Nahi dezun arte, jauna.

      Eta besterik gabe herri aldera joan zan Pierres jauna.

 

      Lohitzungo lekaimetxeko morroiak besteetan ez bezelako poz bat zeukan gau hartan. Otoitz xamurrak izan ziran, gau hartako haren otoitzak. Besteetan ez bezelakoa haren loa ere. Amets gozo batean igaro zuan gau osoa...

 

 

Erreka zuloan
Anastasio Albisu

1956 (1973an argitaratua)