Erreka zuloan
Anastasio Albisu

1956 (1973an argitaratua)

 

 

II

 

      Azalgorta! Beste asko izan ohi diran bezelako basarria dezu, irakurle. Ez aberats-aberatsa, ez txiro-txiroa ere. Baztar onak ditu. Badu baso koxkor bat ere. Esne behi batzuen jabe ere bada.

      Ez da, Euskal Herrian, oilategirik ez duan basarririk, eta Azalgortak ere badu bere oilategia. Eta oilategiaz gainera badu Azalgortak mendi gainean, beste txabola bat ere. Txabola hontara bildu ohi du Azalgortako nagusiak berea duan artaldetxoa.

      Horixe dezu ba, irakurle, Azalgortako aberastasuna.

 

      Ezagunak dituzu bertako biztanleak: Miel dezu etxeko nagusia. Gizon gordina oraindik. Berrogeita hamar urteko gizasemea. Gizon ona. Gutxitan ikusiko dezu Miel etxetik kanpora.

      Ez da beste asko izan ohi diran bezain tabernazalea. Ez eta perizalea ere. Lagunarterik ez du, eta horixe dezu, pekatua baldin bada behintzat, Mielen pekatu bakarra: bakarti xamarra izatea, alegia.

      Inoren etsai ez bazan ere, ez zuan inorekin ere kontu asko izango, eta bere izate horrek galdu behar zuan Miel.

 

      Senarra ez bezelakoa zan Erramona, Mielen emaztea.

      Esnea saltzea zala eta, egunero jetxi ohi zan Erramona herrira. Ondo ezaguna zuten urrategitarrek.

      Bazuan gainera, gazte-gaztetandik maite zuan lagun bat: Oion basarriko etxekoandrea. Gaztetan lagun ziran eta ezkontzak ez zituan sakabanatu. Oion baitzan Azalgortarentzat auzorik gertuena.

      Goizero ikusten zuten alkar Erramonak eta Oiongo Marik. Alkarrekin egiten zuten egunero baserritik kalerako bidea. Beti izan ohi zuten zer esana.

      Hala ere, ez uste izan, irakurle, Azalgortako Erramona eta Oiongo Mari berritsu bi ziranik. Ez ziran berritsuak; lagunak ziran eta lagun bezela ez zioten alkarri ezer gordetzen.

      Senarra bezain ona eta hura bezain gordina dezu Erramona ere.

 

      Ana dezu Miel eta Erramonaren alabarik zaharrena. Hogeita bat urte besterik ez ditu. Neskatxa liraina da. Pol-pol aldean artzai ibili ohi da gehienetan. Beltz antzekoak ditu arpegi, beso eta zankoak. Eguzkiak beztuak, noski.

 

      Ez da Ana bezain beltza Manuela, Miel eta Erramonaren bigarren alaba. Hemezortzi urte ditu eta hemezortzi urteko neska artean ez da neskatxa zatarrik izaten. Eta basarrietako neskatxa artean gutxiago.

      Etxeko lan gehienak Manuelak egin ohi ditu. Ez du, ba, Anak adina eguzki hartzen. Eta horregatik du, izan ere, Anak baino azal zuriagoa.

 

      Bertako morroia dezu Joxe, irakurle. Azalgorta eta Pol-pol arteko basarri bateko semea. Gaztetxoa oraindik. Hamasei urte besterik ez ditu. Senide asko dira Joxeren senideak, eta askoren artean baten batzuek morroi irten behar, nahi eta nahi ez...

 

      Horrela Azalgortan zoriontsu bizi behar!

      Egia esan, semerik ezak nahigabetzen zuan zerbait Mielen eta Erramonaren zoriona. Hain beharrezkoa da, izan ere, basarri batean gizaseme bat! Hain maite du, izan ere, euskaldunak bere abizena! Eta abizenari eutsiko bazaio, gizaseme bat behar etxean. Eta azalgortatarrei ez zien eman nahi izan Jaungoikoak gizaseme hori...

      Hona, ba, hemen, irakurle, Mielen eta Erramonaren zoriontasuna pixkaren bat iluntzen zuan nahigabearen sustraia.

 

      Urrategin dezu Azalgorta, irakurle. Eta Urrategi Euskal Herriko herri bat dezu. Mugaz haruzko Euskal Herritik bertan dagoan herri bat. Herri hazia. Zortziren bat mila biztanle dituan herria. Herri polita, Euskal Herriko herririk gehienak diran bezelakoa.

 

      Eta besterik gabe, heldu dezaiogun berriro berri hauek emateko eten degun hariari...

 

 

Erreka zuloan
Anastasio Albisu

1956 (1973an argitaratua)