Erreka zuloan
Anastasio Albisu

1956 (1973an argitaratua)

 

 

III

 

      Goizean goiz jeiki ziran, egun hartan, Ana eta Manuela. Ez zuten deitu beharrik izan. Biak batera etorri ziran sukaldera, eta biak batera eman zizkieten egunonak oraindik sukaldean zeuden gurasoeri. Haiek sukalderatu ziranean, jeiki ziran beren aulkietatik Miel eta Erramona. Sukaldetik irten, eta bere gelara joan zan Miel. Sukaldean gelditu zan Erramona. Hala ere, ez zuten Anak eta Manuelak amari ezer galdetzeko ausardiarik izan. Hain nahigabetua zegoan, egon ere, Erramona...

      — Jeiki al da Joxe? —galdetu zuan halako batean Erramonak.

      — Bai, ama —erantzun zion Anak—. Astoa ere gertu dago kalerako, eta zuk joan nahi ez badezu, joango naiz ni gaur, ama.

      — Ez! Gelditu zuek hemen, eta pake-pakean laga aitari.

      — Zer du, ba, aitak? —galdetu zuan, orduan, Manuelak.

      — Ezer ez! —erantzun zion amak.

      Eta esne ontziak asto gainera ipinita, kalerako irten zan Erramona.

      Ez zuan goiz hartan Erramonak berriketarako gogorik. Bazuan zertan pentsatu.

      Oion basarri aurrera heldu zanean, ez zan besteetan bezela Mariren zai gelditu. Bakar-bakarrik egin nahi zuan egun hartan kalerako joan-etorria. Ez alperrik!

      Oiongo atarian, han zegoan jolasean Mariren mutil koxkorra. Ikusi zuan Erramona... Bazekian ama sukaldean Erramonaren zai zegoala, eta ohi zuan bezela, amaren zai Erramona gelditu ez zala ikusi zuanean, sukaldera joan eta...

      — Ama —esan zion—, Erramona joan da eta ez da besteetan bezela hemen gelditu.

      — Erramona joan dala?

      — Bai, ama. Oraintxe joan da. Neronek ikusi det —erantzun zion mutil koxkorrak.

 

      Harriturik gelditu zan Mari.

      Igaro ote zan inoiz Erramona Mariren etxe aurretik Mariri agurrik egin gabe? Ez al ziran, ba, biak alkarrekin kalera joaten beti? Zer ote zuan Erramonak egun hartan?

      Eta egia esan, Erramonarekin egoteko besteetan ez bezelako gogo bat zeukan Marik egun hartan. Oiondik ondo ikusten baitzuan Azalgorta, eta Azalgortako sukaldean ez zala gau hartan argirik itzali, ondo baitzekian Marik.

      Okerren bat izan ote zuten, ba, Azalgortan?

 

      Kalera baino lehen alkartu ziran bi lagunak.

      — Egun on, Erramona —esan zion Marik—. Ederra egin didazu gaur. Etxe aurretik igaro, eta deitu ez!

      — Barkatu, Mari —erantzun zion Erramonak—. Presa nuan, eta horregatik ez dizut deitu.

      — Zure zai nengoan, ba, ni... Okerren bat izan ote zenduten, bildur nintzan.

      — Okerren bat guk? Zergatik diozu hori, Mari?

      — Zergatik? Zuen etxera joan ala ez egon gera gau guztian senarra eta biok. Ez dezute gau osoan sukaldeko argirik itzali!

      — Ahaztu egingo zitzaigun.

      — Ahaztu? Bateren bat bazebilela esango genduan, ba, guk. Ez al zinan zu sukaldean? Lo askorik egin ez dezula arpegian igartzen zaizu, Erramona. Ez dezu zuk gaur beste egunetako arpegirik. Zer gertatu zaizute?

      — Ez zaidazu galdetu, Mari... Ez naiz oheratu, egia esan. Gau osoan egon gera sukaldean Miel eta biok. Ez zaigu ezer gertatzen, bainan... Barkatu, Mari. Pozik esango nizuke dana, arindu baten beharrean daukat bihotza, bainan ez diodala inori ezer esango agindu diot nere senarrari, eta eman diodan hitza bete egin beharko det, Mari. Dana dala, laister izango dezu zuk ere gertaera negargarri honen berri. Eta errukarriak orduan gu, azalgortatarrok! Ai, Mari...!

      Eta negarrari eman zion Erramonak.

 

      Isilik zihoazen bi lagunak.

      Zer pentsatu ez zekian Marik. Hain saminak ziran, izan ere, Erramonak ixurtzen zituan malkoak! Eta bere lagunaren samintasun hau arindu nahiean edo, hasi zan galdezka berriro Mari.

      — Entzun, Erramona. Senarrari eman diozun hitz hori betetzea ondo dago. Bainan laister jakingo dan gauza dala ez al dezu, ba, zuk zerorrek esaten? Zergatik ez didazu, ba, gaur neri esan behar? Isilik gordetzeko gauza baldin bada, isilik gordeko dizut nik, Erramona. Eta lasaitasun galanta hartuko zenduke zuk...

      — Hori bai, Mari, hori bai! eta inori esatekotan zuri esango nizuke lehenengo. Gure alabek ez dakite oraindik ezertxo ere. Gajoak!

      — Esan zaidazu, Erramona. Zure ahotik jaki nahi det. Ez diot inori ezertxo esango, zuk hala nahi badezu, behintzat.

      — Bai, Mari, hala nahi det!

      — Ondo da.

      — Ai, Mari. Gure erreka zuloan neskatxa gazte baten gorputza dago hilotzik.

      — E...?

      Bai, Mari. Ardiak bilduta, bart etxeruntz zetorrela, Mielek erreka zuloko bidea hartu zuan, eta han arkitu zuan odol potzu batean neskatxa hila. Gure sailean dago zoritxarrez. Ez da heriotzegilerik agertuko, eta gu izango gera heriotzegileak.

      — Jesus! —erantzun zuan Marik.

      Eta handik kalera ez zuten beste hitzik esan lagun biak.

 

      Bildurgarria izan zan, berri honek Mariri sortu zion bihotzikara.

      Kalera iritsita, bi lagunak sakabanatu ziranean, Erramona berak baino arpegi zatarragoa zeukan Marik. Odolustu balitz ere, ez zan hain zuri geldituko. Eta esne ontzia hartu, eta esnea saltzen hasi zan etxerik etxe.

      Etxe guztietan ohartu ziran Mariren zurbiltasun harekin, bainan ez zioten behar ez bezelako galderarik egin...

 

      Bazan ordea Urrategin sorgin antzeko emakume bat. Herri guztiko berriak biltzen zituan emakumea. Gauzak ateraerazteko munduan berdinik ez zuana.

      Eta honen etxera ere joan beharra izan zuan Marik egun hartan, zoritxarrez. Eta atea iriki orduko, honela asi zitzaion sorgin antzeko emakume hura.

      — Ai, Mari... Ez dakarzu gaur, itxuraz, berri onik?

      — Zer, ba? —erantzun zion Marik.

      — Zuri begiratzea besterik ez dago, Mari. Hori arpegia dakarzuna.

      — Ez da ezer.

      — Hala diozu zuk! Bainan zure itxura horrek ez du gezurrik esaten. Ez dezu esan nahi bainan... Badakit nik berri onik ez dezutela mendi aldean.

      — Nork esan dizu zuri hori?

      — Nik jakiten ez dedan gauzarik ez da izaten, Mari.

      — Badakizu, beraz...

      — Bai, Mari... Gauza guztiak jakiten dira kalean.

      — Harrigarria da, ba... Azalgortako Erramonak esan ez didan artean, ez nekian nik ezertxo ere. Ez dakizu nolako negarrak egiten zituan gajoak! Eta ez da gutxiagorako, izan ere... Neskatxa gazte baten gorputza beaien sailean hilotzik arkitzea ez da txantxetako gauza.

      — Eta nork arkitu du, ba?

      — Nork arkituko zuan, ba? Azalgortako Mielek. Ardiak bilduta etxeruntz zetorrela, arkitu zuan erreka zuloan.

      — Jesus mila bider! Hori ere ba al degu?

      — Ez al zenekian, ba?

      — Zer jakin behar nuan, emakumea —erantzun zion astiro sorgin antzekoak.

      Ondoez egiteko zorian gelditu zan Mari gajoa!

      Erramona ikusiko ote zuan bildurrez, irten zan etxe hartatik. Pekatari ikusten baitzuan bere burua, nahiz eta pekatu hura berak nahi ezta, egin. Isilik gordeko zuala agindu zion sorgin antzeko emakume hark, bainan ondo zekian Marik sorgin haren hitza nolaka zan.

      Urrategitar askok zekiten, eguardirako, Azalgortako erreka zuloan neskatxa gazte baten gorputza zegoala, odol artean, hilotzik!

 

      Errosariorako orduaren zai zeuden ilunabar hartan eleizatarian Urrategiko Erretore, Sendagile eta Epaile jauna.

      Egunero alkartu ohi ziran hirurok. Izparringietako berriak izan ohi ziran gehienetan haien jardungaiak.

      Hirukote hau eleizatarian ikusten ohituak zeuden egunero errosariora etorri ohi ziran Urrategiko gizon eta emakumeak. Horregatik, txapelaren muturra pixkaren bat jasota igaro ohi ziran, besterik gabe, haien albotik gizonezko gehienak. “Gabon Jaungoikoak” izan ohi zan emakumezko gehienak hirukotearentzat izaten zuten agurra. Ez zan inor hirukote harekin hizketan gelditzen.

      Egun hartan, ordea, ez zan hala izango.

      Buruko zapia ile artean katiatu nahiean zetorren emakume batek izango zuan, izan, ilunabar hartan hirukote arekin hitz egiteko ausardia.

      — Gabon Jaungoikoak, izan zan emakume haren agurra ere.

      — Baita zuri ere —erantzun zioten hirurek.

      — Haundia gertatu zaigu, gero, herrian! Nor ote da bera?

      Zer erantzun ez zekitela gelditu ziran hirurak. Eta hiru haien harritu arpegia ikusi zuanean, honela jarraitu zuan emakumeak:

      — Bainan ez al dakite beok ezer? Herri guztian ez da gaur beste konturik ibili. Ez al dute ezer entzun? Hori bai dala harrigarria! Inork jakitekotan, beok jakin behar zuten, ba, lehenengo. Ez ote da, ba, egia?

      — Nik ez dakit, behintzat, zer esan nahi diguzun... —erantzun zion Erretoreak.

      — Ez dakila? Azalgortako erreka zuloan neskatxa baten gorputza hilotzik bilatu dutela ez al daki?

      — Ez det ezer entzun!

      — Egia izan behar du, ba, jauna, eta esaten dutenez, norbaitek hil du neskatxa hura, berak bere burua hil ez badu behintzat. Odol potzu baten erdian omen dago hilotzik.

      — Ez da egia izango! —erantzun zion Epaileak.

      — Egia izango da, ba, jarraitu zuan emakumeak. Azalgortako Miel berak arkitu omen du gorputza. Bart arratsean, ardiak bilduta etxerakoan, erreka zuloko bidea hartu omen zuan, eta hantxe arkitu omen zuan gorputz hori bere sailean.

      — Eta nola ez dit, ba, neri gauza horren berri ekarri? Baten-baten gorputza hilotzik agertzen danean, epaileak jaso behar izaten duala ondo daki Azalgortako Mielek. Alkateak ere ez du ezer jakingo noski. Gaztigatu behar zidan bestela. Dana dala, alkatearengana noa ni orain, eta Udaletxean egongo gera biok. Errosario santu ondoren ea biok Udaletxera etortzen diran mesedez. Erabakiren bat hartu beharko degu, noski-eta.

      Eta Epaile jauna alkatearengana joan zanean, errosariorako ordua zuten Erretore eta Sendagile jaunak.

 

      Udaletxean alkartu ziran errosario santu ondoren Alkate, Epaile, Errotore eta Sendagile jauna.

      Hauxe izan zan bertan hartu zuten erabakia: Azalgortaruntz irtengo ziran biharamun goizean. Han jakingo zuten danaren berri. Herriak ziona, egia gertatu zekiala eta, Guardia Civil bi, argazki egile bat, eta, gorputza jasotzeko, lau gazte eramango zituztela eurekin.

      Hori izan zan, bada, lau gizon haiek Udaletxean hartu zuten erabakia...

 

 

Erreka zuloan
Anastasio Albisu

1956 (1973an argitaratua)