Erreka zuloan
Anastasio Albisu

1956 (1973an argitaratua)

 

 

V

 

      Bazan zeresana Urrategin biharamun hartan, neskatxa hila zala eta. Azalgortako Mielen ihesia zala eta, bazan, bai, zer esana Urrategin. Eta zeresan hontan ez ziran emakumeak bakarrik jardunlari. Gizonezkoen artean ere bazan zeresan ugari... Miel gizajoa! Ordurarte gizon on izenaren jabe izan bazan ere, ez zegoan, orduan behintzat, oso gora haren izena.

      Entzun, irakurle, zer nolakoak ziran egun hartan Urrategiko jardunak. Emakume bi ditugu hizlari.

      — Jakin al dituzu Azalgortako berriak?

      — Jakin ez! Badira hoiek berri onak!

      — Hogeita bat urteko neskatxa omen zan.

      — Eta ez omen zuan inork ezagutzen.

      — Nongoa ote zan, ba, bera?

      — Bizkar aldetik zauritu omen zuten.

      — Eta han omen zegoan, gorputz inguruan, heriotzegileak erabili zuan aiztoa ere.

      — Aberatsa izango zan...

      — Hala izango zan, noski!

      — Eta egia al da, Azalgortako Mielek ihes egin duala?

      — Bai, emakumea. Egia da, eta ez zan ba, gure usteetan, gizon gaiztoa Azalgortako Miel! Zer dala eta ihes egin du, ba? Gaizki pentsatzeko ere bada, ba, hori...

      — Hori esan! Dana dala, ez nuke, nik behintzat, haren narru barruan egon nahi. Diruak itsutu egiten omen du gizona, eta...

      — Bai! Eta gizona izan Miel ere!

      — Hori diot nik ere, eta Jaungoikoak libra gaitzala horrelako heriotz batetik.

      — Libra gaitzala, bai...

 

      Eta ez ziran, ez, gozoagoak gizonezkoen arteko jardunak. Errudun ez bazan, zergatik ihes egin behar zuan Mielek? Mielen izen ona galtzeko, horixe nahikoa izan zan. Heriotz harekin zerikusirik ez bazuan, ez zeukan ihes egin beharrik. Hala zioten, behintzat, Urrategiko gizonezkoek.

      Entzun, irakurle, lagun bi hauen jarduna.

      — Zergatik ihes egin behar zian, ba?

      — Bildurrez ere bai!

      — Bildurrez? Ez diagu, ba, hik eta nik bildurrik! Hark ere ez zian izango, noski, heriotzarekin zerikusirik izan ez balu...

      — Egia dek hori ere. Bainan hain gizon ona izan dek beti Azalgortako Miel.

      — Ez diat nik hori ukatuko. Bainan zer dala eta, ihes egin behar zian, ba?

      — Bai! Hori ere, hala dek!

      — Bai, gizona. Diru usaiarekin galduko zian beharbada burua, eta kito! Ondo damutua egongo dek gaur, bainan alperrik! Egina ziok hori!

 

      Eta bi hoien antzekoak izan ziran Urrategiko egun hartako jardunak. Eta ez da alperriko jardunik, irakurle... Jardun guztiak laga ohi dute beti zerbait. Eta horregatik, goizean goiz Mielen errugabetasuna aitortzen zuten haiek berak ere, errudun egiten zuten Miel ilunabarrean.

      Bat bakarra izan zan Urrategin Mielen alde beti irten izan zan gizona: Urrategiko Erretore jauna.

 

      Arratsaldeko hirurak edo izango ziran, eta han zegoan, Erretore jaunaren etxean, Urrategiko Epaile jauna ere. Bazuten hauek ere zeresanik!

      — Ez det bart lorik egin —zion Epaile jaunak—. Nork kendu burutik neskatxa haren irudia?

      — Nik ere ez det ba, lo askorik egin —erantzun zion Erretore jaunak—. Bainan ez neskatxa haren irudiak loa galerazi didalako, ez! Beste batek galduerazi dit neri loa: Azalgortako Mielek. Zer egin ote du?

      — Azalgortako Mielek? Herriak zer dion, ba al daki? Errudun izango dala Miel. Berak hil ez badu, ere, neskatxa horren heriotzarekin zerikusi haundia izango duala... Ez zeukala bestela, zertan ihes egin!

      — Hori al dio herriak?

      — Bai, jauna, hori dio herriak.

      — Ez du, ordea, berorrek hori sinistuko?

      — Ez nuan sinisten. Bainan sinistuerazi didate ia-ia. Badaezbada ere, preso ekarri dezaten, Guardia Civil bi bialdu ditut Azalgortara.

      — E...?

      — Zer, ba!

      — Azalgortako Miel, preso? Hori ez, Epaile jauna. Ez dute Azalgortako Miel preso ekarriko, errudun dala jakin ez bitartean behintzat. Inork baino hobeto ezagutzen det nik Miel. Miel ez da hiltzaile. Nere gain hartzen det gizon hori. Egunen batean errudun agertzen bada, nik neronek ipiniko det berorren eskuetan. Bainan errudun agertzen ez dan bitartean, ez du inork Miel preso ipiniko!

      — Berandutxo izango da honezkero, jauna.

      — Berandutxo? Zergatik, ba?

      — Honerako bidean izango diralako honezkero.

      — Egingo al dit mesede bat, Epaile jauna?

      — Nik egitekoa baldin bada, bai!

      — Guardia Civil hoientzako agiri bat egin behar dit. Ni egin naizela Azalgortako Mielen jabe, eta aske utzi dezatela.

      — Ondo dago. Egingo diot, ba, agiri hori!

      Eta Epaile jaunak egin zion agiri harekin, Azalgortarako bidea hartu zuan Urrategiko Erretore jaunak.

 

      Bidean arkitu zituan Guardia Civil biak. Bakarrik zetozen.

      Miel ez zan, artean, etxean azaldu, Guardia Civil biek esan ziotenez. Haiekin jardunalditxo bat egin ondoren, bide erdian zala eta, Azalgortaraino joatea erabaki zuan Erretore jaunak.

 

      Negargarria azaldu zitzaion Azalgorta. Nola ez? Aitaren berririk ez zutela, hirugarren eguna zan hura, eta aita agertzen bazan ere, zer? Ez al zuten berehala preso eramango?

      Negar zegiten, ba, ama-alabak. Negar samina!

      Haien samintasun hura zerbait gozatu nahiean, ahaleginak egin zituan, egin ere, Urrategiko Erretore jaunak.

      Eskerrak eman zizkion Erramonak. Eskertzekoak izan ziran, izan ere, Erretore jaunaren hitzak. Bazan herrian Mielen zintzotasunean sinisten zuan gizon bat behinik behin.

      Laisterarte gozo batekin agurtu zituan Urrategiko Erretore jaunak Azalgortako ama-alabak.

 

      Neskatxa gazte haren heriotza izango zala Azalgortako hondamendia esan zuan Mielek, eta ez zuan gezurrik esan. Laister ziran morroirik gabe. Esaten ziranak esan eta nola edukiko zuten, ba, etxe hartan semea morroi, Joxeren gurasoek? Eta etxe hartarako beste morroi bat bilatzea ez zan erreza izango. Ez zan, behintzat, inor bertako morroi izan nahi zuak eta, Azalgortan azaldu. Eta morroirik gabe, zer egin behar zuten Azalgortako emakumeek?

      Barne muinetaraino sartu zitzaien hiru emakume haieri lotsa! Heriotzegile baten emazte eta alabak ziran, herrian esaten zutenez behintzat. Eta lotsa hori barrenean, nola agertu behar zuten haiek kalean?

 

      Igande eta jai-egunetan lehenengo meza entzun eta, meza amaitzen zan bezain laister, Azalgortara itzultzen ziran hirurak berriro.

      Ez zuten gehiago esnerik saldu. Laharrak hartuta agertzen ziran lehen lantzen zituzten baztar asko. Gauza bati eutsi zioten, hala ere: Mielek hain maite zuan artaldetxoari. Eta Ana egin zitzaien artzai.

      Ardiak larrean ari ziran bitartean, beti izaten zuan eskulanen bat.

      Hamaika malko isil isuri zituan bitartean. Nola ez! Ardi haiek, nahi eta nahi ez, ekarri behar baitzioten aitaren oroimena!

 

      Amaren ondoan bizi zan Manuela. Neskatxa ona! Elizkoia! Aitaren aldeko otoitzean aspertzen ez zan neskatxa!

      — Otoitz egingo al degu, ama?

      Eta otoitzean igaro ohi zituzten, arratsalde osoak, ama-alabek.

 

      Horrela zihoan Azalgortako bizitza. Bizitz iluna! lagunik gabeko bizitza!

      Lehen lagunik haundienak zituzten haiek ere, ez ziran orain Azalgortan azaltzen. Lagun haundia izan zuan Erramonak Oiongo Mari: lagunetan lagunena. Eta hala ere, gertatu ziranak gertatu ziran ezkeroztik, ez zuan Azalgortako Erramonak Oiongo Maririk ikusi. Tamalgarria benetan Oiongo Mariren jokabidea, eta hala guztiz ere, ez zuan inoiz Erramonak bere samintasunik azaldu.

 

      Astean behin azaldu ohi zan Azalgortan Urrategiko Erretore jauna. Hau izan zuten pozekarle bakarra. Itxaropen hitzak izan ohi zituan beti Azalgortakoentzat.

      — Etorriko da Miel. Etorriko da, bai! Ez dira alperrikoak izango zuen eta nere otoitzak. Miel ez da errudun. Ez du hark heriotzarik egin. Gizon ona izan da beti. Jaungoikoak gordeko digu, bai, bere zintzotasuna azalduko dan artean. Agur ba, eta laister etorriko naiz berriro ere.

      Eta etxeratzekoan, beti izaten zuan eskupeko isil bat Erramonarentzat.

 

      Bainan Azalgorta laga beharrean gera, irakurle. Ez betirako. Laister itzuliko gera, beharbada, berriro.

      Mugaz haruntz gertatzen ari diran gertaera batzuk esan behar ditugu orain.

 

      Herri polita degu Lohitzun ere. Itsasertzean eserita dagoan herria.

      Euskaldunak dituzu Lohitzundarrak ere. Gure anaiak, nahiz eta mugaz beste aldekoak izan.

      Bada Lohitzunen lekaimetxe bat, eta lekaimetxe onen inguruan jarraituko degu Azalgortan hasi degun edesti hau.

      Goazen, ba Lohitzunera, irakurle.

 

 

Erreka zuloan
Anastasio Albisu

1956 (1973an argitaratua)