Erreka zuloan
Anastasio Albisu

1956 (1973an argitaratua)

 

 

VII

 

      Atxurrean ari zan ordu hartan Lohitzungo lekaimetxeko morroia.

      Arratsaldeko bostak edo ziran eta besteetan bezain zuzen agertu zan egun hartan ere Pierres jauna lekaimetxe inguruan. Ez zeukaten nor nor zan adierazi beharrik. Lagunak ziran biak aurreko egun ezkeroztik.

      Atxurra baratzean laga eta, Pierres jauna agurtzera hurreratu zan morroia.

      — Arratsalde on, jauna.

      — Baita zuri ere. Ez al da inor berririk sartu?

      — Ez, jauna. Atzo bizi ziranak bizi dira gaur ere etxe hontan.

      — Ondo dago.

      Eta han bertako aulki batean eseri zan Pierres jauna.

      — Nere jakin-min hau xelebre xamarra irudituko zaizu, beharbada, bainan ez da ematen duan bezain xelebrea. Badu nere jakin-nahi honek bere zergatia. Jarri zaite hemen nere alboan. Lagun zaitut eta lagun zaitudan aldetik nere bihotzaren berri emango dizut. Horrela jakingo dezu hemen inor sartzen dan ala ez zergatik jakin nahi dedan nik. Ba al dezu hortarako astirik?

      — Izango ez det, ba, jauna!

      — Ez ote zera aspertuko?

      — Ez, jauna, ez; ez naiz aspertuko. Esan-nahi hori zer izaten dan ondo baitakit nik. Pozik entzungo dizut.

      — Eskerrik asko, lagun! Entzun, ba...

      “Alarguna naiz. Bi alaba izan ditut. Bi hoietako bat ezkondua daukat. Bestea berriz... Alargundu nintzanean, nere alaba ezkondua ekarri nuan etxera, eta harekin bizi naiz orain ere. Alargun izan arren, zoriontsu bizi nintzan nere bi alaba, suhi eta bilobatxoekin. Bazuala berak ere bere senargaia, adierazi zidan behin batean nere bigarren alabak. Nik oso ezaguna nuan mutila zala, eta gogokoa izango zitzaidala, noski. Eta hala zan, izan ere. Maite nuan nik mutil hura. Etxe oneko semea zan, eta etorkizun ona izango zuan mutila. Poz egin nion alaba gazteak ekarri zidan berri oni. Noiznahi ikusten nituan biak alkarrekin. Maite zuten alkar, bai.

      “Laister ezkonduko zirala eta, zenbat amets gozo ez nituan egin nik egun haietan! Aita nintzan, eta hauxe izaten da, izan ere, aita baten ametsa: bere umeen zoriona. Zuk, beharbada, ez dezu honelako gauzarik jakingo, aita izan behar izaten da hortarako eta... Jarrai dezagun ordea.

      “Ona zan alaba. Ezin nezake ukatu! Elizkoia! Elizkoiegia zoritxarrez, nere lehengo usteetan behintzat. Elizkoitasun horrek galduerazi zidala nere alaba, esan izan nuan behin baino gehiagotan. Gaur ez nuke orduan jardun nuan bezela jardungo. Beste era batera ikusten ditut gauza hauek gaur. Alabarik ez badet, ez da alabaren errua, nerea baizik. Orduan, ordea, ez nituan gauza hauek honela ikusten. Eta hain mingarria izan zitzaidan alabak hartu zuan erabakia!

      “Igande egun bat zan. Ez det behin ere ahaztu izan geroztik igande egun hartako ilunabar hura. Alaba noiz etorriko, zai-zai nengoan. Azaldu zanean, irripar gozo bat loretu zitzaidan ezpainetan. ‘Zer dio Jon Andonik’ galdetu nion goxoki. ‘Noiz ezkondu behar dezute?’. Ez nuan nik orduan halakorik uste. Negar batean hasi zitzaidan alaba. Beregana hurreratu nintzan eta ‘Zer dezu, maite’ galdetu nion xamurki. ‘Hasarratu egin al zera Jon Andonirekin?’. ‘Ez, aita, ez naiz hasarratu. Ez da hori, aita’, erantzun zidan negarrez. ‘Zer dezu, ba? Zer dala eta, negar egiten dezu, ba?’. ‘Nik ez det ezer, aita. Zuk izan behar dezun nahigabeak, negar eragiten dit’. ‘Nik izan behar dedan nahigabeak?’. ‘Bai, aita. Zuk izan behar dezun nahigabeak’. ‘Zer esan nahi didazu horrekin?’. ‘Hara, aita, eta barkatu! Nere ezkontzarekin ametsetan ari zera egunero, eta ni ez naiz ezkonduko!’. ‘Ez zerala ezkonduko?’. ‘Ez, aita. Ez naiz ezkonduko’. ‘Zer dala eta?’. ‘Ez hasarratu, aita. Jon Andoniri hauxe bera esan diot gaur’. ‘Ez al dezu, ba, Jon Andonirik maite?’. ‘Bai, aita. Inor maite izan badet, Jon Andoni maite izan det. Bainan beste bide batetik nahi nau Jaungoikoak’. ‘Zer esan nahi dezu horrekin?’, erantzun nion hasarre. ‘Lekaime izan nahi dezula edo...’. ‘Nik ez, Jaungoikoak nahi nau lekaime!’.

      “Orduan bai hasarratu nintzala. Bene-benetan hasarratu ere. ‘Alperrik, erantzun nion. Ez zera lekaime izango. Hemezortzi urte besterik ez dituzu eta nere mendekoa zera oraindik. Ezin zindezke nere baimenik gabe lekaime izan, eta ez dizut hortarako baimenik emango! Alperrik zabiltz, ba, zu eta alperrik dabiltz zure buruan hori sartu nahi dizuten apaizak. Apaiz hoiek, izan ere, txoratu egiten zaituzte. Ez al dute beste egitekorik? Zure eguneroko elizara joateek honelako zerbait ekarri behar zuten, bai. Bukatu ziran, ba, kontu hoiek. Astean behin joango zera elizara gaurtik aurrera, eta orduan ere, nerekin joan eta nerekin etorriko zera. Ez nuan uste ain txoro irten behar zenduanik!’. Eta besterik gabe oheratu nintzan ni.

      “Ohetik aditzen nituan alabaren negar-zotinak. Ez dakit noiz oheratu zan. Ez nuan nik lo askorik egin, hark ere ez, noski. Etengabeak izan ziran haren negarrak. Bainan alperrikoak ere bai! Ez nengoan ni, orduan, negar haiek biguntzeko.

      “Bete zituan hark nere esanak. Ez zan etxetik irtetzen ere. Urte bi luze igaro zituan horrela, eta urte bi hoietan ez zan nere etxean lekaime izenik aipatu ere. Bere asmoari laga izan ziola ere, uste izan nuan. Bainan ez! Hogeita bat urte bete izan zituanean, bere asmoan zintzo irauten zuala adierazi zidan berriro. Bere buruaren jabetasuna ematen zion orduan Legeak, eta nik ezin nezakean eragozpenik ipini.

      “Hasarreak itsutu ninduan berriro, eta zer egiten nuanik ez nenkiala, nere gelara joan, hari tokatzen zitzaion senipartea hartu eta ‘Tori, esan nion. Hor dezu zure senipartea eta zoaz bertatik nahi dezun tokira. Ez dezu gaurtik hemen bizi izaterik izango. Ez zaitut alabatzat ezagutzen. Eta ziur egon, zu lekaime sartuko zeran etxe hura, nik kiskalieraziko dedala su eta gar. Eta ondo dakizu ni nor naizen holakoetan.

      “Negar zegin bene-benetan gajoak. Ez zuan etxetik irten nahi, eta indarrez atera behar izan nuan etxetik. Eskilara buruan gelditu zan negarrez, han igaro zituan ordu batzuk. Samintasunez beteak ikusten nituan etxekoak, bainan gogor nengoan ni nere asmo gaiztoan. Zorigaiztoko alaba! Eman nizkion diru gehienak etxeko ate ondoan laga eta joan zan noizbait, gajoa! Ez det geroztik haren berririk. Ondo zigorkatu nau Jaungoikoak. Ez det geroztik pozik. Mingarria da ordutik daramadan bizitza.

      “Honerako asmoetan zala jakin nuan geroago. Hauxe zala beretzako aukeratua zeukan lakaimetxea. Horretxegatik etortzen naiz egunero honera. Ez nuke nere alaba hori ikusi eta besarkatzeko itxaropenik galdu nahi. Azalduko ahal da, behintzat. Ez nuke haren barkapen hitza entzun gabe hil nahi... Ona zan gajoa!”.

      Eta negarrari eman zion Pierres jaunak.

 

      Zer esan ez zekian morroiak. Arindu nahi zion Pierres jaunari bere nahigabea, bainan alperrik! Ez zitzaion hortarako hitz egokirik sortzen. Hala ere, zerbait esan behar eta...

      — Azalduko da oraindik zure alaba hori, jauna.

      Azalduko ahal da! Azalduko ahal da, bai! Non dagoan, jakingo ahal det behintzat. Haretxeri musu bat eman eta nere alabatzat ezagutzen dedala esatearren, munduko baztarrik izkutuenera joango nintzake poz-pozik.

      Horra ba esan nere jakin nahiaren sustraia. Ez zaizu, orain behintzat, hain xelebrea irudituko nere eguneroko galdera.

      — Ez, jauna. Oso bidezkoa iruditzen zait orain.

      — Inoiz ezer jakiten badezu, adieraziko didazu.

      — Bai, jauna. Adieraziko dizut. Poz-pozik adieraziko ere.

      — Ondo dago, lagun!

      Eta malkoak lehortu ondoren, bihar arte esan, eta agurtu zuan Pierres jaunak Lohitzungo lekaimetxeko morroia...

 

 

Erreka zuloan
Anastasio Albisu

1956 (1973an argitaratua)