Erreka zuloan
X
Luzeak izan ziran lekaimeen morroiarentzat Lohitzundik kanpora Pierres jaunak igaro zituan egunak. Zai zegoan! Pierres jauna noiz agertuko, zai!
Lekaimetxe aurrean ikusi zuanean, ez zion besteetan ohi zuan bezela arratsaldeon esan, “Eta?” izan zan egun hartan Pierres jaunari Lohitzungo morroi zintzoak egin zion galdera bakarra. — Nere alaba zan bai, zoritxarrez —erantzun zion Pierres jaunak. Ez dira ustel irten zure usteak. Lehen baino lasaiago biziko naiz orain, hala ere. Badakit, orain behintzat, hila dala eta bere alde egingo ditudan otoitzetan izango det hemendik aurrera nere atsegin bakarra. Azken orduan, bederen, barkatuko ahal zidan, gajoak, nik egin nion kalte guztia! — Ez dezu horren kezkarik izan behar, —erantzun zion morroi zintzoak—. Lekaime izan nahi zuan neskatxa batek ezin zezakean bere aitarentzat gorrotorik gorde. Ez dezu, ba, horren kezkarik izan behar! — Hala uste al dezu zuk? — Hala uste det, bai! — Eskerrik asko! — Ez daukazu zergatik eskerrik eman. Eta erreza izan al zaizu, han hilda agertu zan neskatxa hura zure alaba zala jakitea? — Ezin errezagoa izan! Eta ezpairik ez izateko eran jakin ere, jakin det guztia. Neskatxa hilari egindako argazki batzuk zeuzkan Epaile jaunak eta, argazki haiek eskuan hartu orduko, garbi ikusi nuan han hilotzik agertu zan neskatxa hura nere alaba ber-bera zala, han zeukaten nere alabak egun hartan zeraman soinekoa ere, eta bertan erakutsi zidaten nere alaba hori hiltzeko, hiltzaileak erabili zuan aiztoa ere. Nerekin ekarri ditut gauza guzti hauek. Nere etxean dauzkat! .— Benetakoa izan da, beraz, nere ustea, zoritxarrez? — Bai, eta zer egingo da ba! — Eta heriotzegilea inor izan zitekeanik ez al dizute esan? — Bai. Esan zidaten hori ere, eta han esan zidatenez, orain bederatzi urte emen eskean agertu zan gizon hura bera da nere alaba hil zuan gizona. Azalgortako Miel izan behar zuan eskale hark, eta Azalgortako Miel jotzen dute han, Erretore jaunak ez beste guztiek, nere alabaren heriotzegile bezela. — Hara, jauna. Nik ez dakit hemen azaldu zan eskalea eta zuk esaten dezun Azalgortako Miel hori bat diran ala ez. Bainan eskale hark ez zuala heriotzarik egin ziur-ziur nago. Gizon on bat zan eskale hura, jauna. — Gizon ona? Ez didate neri holakorik esan. Emaztea eta alaba biak etxean utzi eta ihes egiten duan gizona ez dala gizon ona, esaten dute han, eta horixe egin omen zuan Azalgortako Miel horrek. Ez daki, ez, gizajoak, zer hondamendi ekarri zion etxeari. Eskerrak bertako alaba zaharrena, bertako mutil jator batekin ezkondu zanari. Lur jo zuan honuzkero bestela Azalgortak, eta hondamendi hori dakarren gizonari ez nioke nik ere, gizon on izenik emango. — Bazuan horrekin nahiko samin gizajoak. Ihes egin bazuan, bildurrak eraginda ihes egin zuan. Errudun egingo ote zuten bildurrak eraginda. Ez zeukan hark zeresanik ezer. Ez genion guk ezer galdetu. Errudun izan balitz, ez zigun ezer esango. Hark hitz egin zuan bezela hitz egiten duan gizona ez da behin ere errudun. — Egia diozu. Ez dezu arrazoi paltarik. Han, ordea, zuk ez bezela ikusten dituzte gauza hauek. — Nahi dutena esango dute han, jauna. Bainan beste heriotzegile bat bilatu behar degu guk hemen. — Beste heriotzegile bat? — Bai, jauna. Errotarri bat dirudi nere buruak, gauza guzti hauek jakin nituan ezkero. Ez det beste ezertan ere pentsatzen. Eta hainbeste gauza etortzen zaizkik burura! Urrategin hila agertu zan neskatxa hura zure alaba izan zitekeala pensatzeak, Jaungoikoak bakarrik daki zer burutapen sortuerazi dizkidan neri buruan, igarotako egun hauetan. Zure alabari zer gertatu zitzaion, nik neretzako badakit, jauna. — Eta zer da ba, zure usteetan, nere alabari gertatu zitzaion hori? — Gauza bat dakigu, behintzat, ziur. Mendiz ihes egin zuala zure alaba horrek mugaz haruntz. — Egia. — Eta ezagutzen al zituan zure alaba horrek mendibide hoiek? — Ez det nik uste. — Ez zan beraz, lagunik gabe bide hoietan hasiko? Zure alabak bazuan gainera diru mordoxka bat, zuk esan zenidanez... — Bai. — Eta, nor izan zitekean zure alabaren lagun hori? — Nik zer dakit, ba! Kontrabandistaren bat, beharbada... — Ez diozu gaizki. Kontrabandistak izan ohi dira laguntza hauetan ibiltzen diran gizonak, aditzera dedanez behintzat. Hori da, ba, guk hemen jakin behar degun gauza. Zure alabari lagundu izan zion kontrabandista hori, nor izan zan. — Jaungoikoak daki hori! — Egia diozu. Kontrabandista hori nor izan zan jakitea, ez da guretzat gauza erreza. Bainan ez al daude, hortarako jarriak dauden gizonak? Zergatik ez degu, ba, polizi hoietara jotzen? Urrategitik ekarri dituzun argazki, soineko eta aiztoa ez dira hoientzat alperrikako gauzak izango. Sen haundiko gizonak dira, esaten dutenez, eta hari mutur bat nahikoa izaten omen dute, korapilorik gogorrena askatzeko. Ni ez naizela kontrabandista hoiekin fio! Diru pixka bat irabaztearren, noiznahi ipintzen dute beren burua bizitza galtzeko arriskoan. Diruzalekeriari emanak daude. Diruagatik edozer gauza egiteko prest egoten dira beti. Utzi dezaiogun, ba, pakean, bildurrak eraginda, ihesi etorri zan eskaleari eta jo dezagun beste bide batetik. Ezagutuko dezu, beharbada, polizi hoietako bat edoren bat? — Ezagutuko ez det, ba! Nere lagun kutun bat det, hain zuzen, hemengo polizi guztien buru. — Hori hala dala, ez daukagu zertan jardun gehiago. Hartu itzatu Urrategitik ekarri dituzun gauza guzti hoiek, eta joan zaite lehenbailehen zure lagun horrengana. Hori eginda, ez dezu ezertxo ere galduko. Ez dezagun heriotz horrekin zerikusirik ez duan bat heriotzegile egin. — Ondo dago. Beteko ditut, oraingo hontan ere, zure esanak. Bihar bertan izango naiz nere lagun horrekin. Agur, ba, lagun. Buru azkarra eman dizu Jaungoikoak. Ez dezu, dalako Azalgortako Miel hori errudun egiten? — Ez, hark ez dauka heriotz horrekin zerikusirik. Gogoan eduki nere hitz hauek, jauna. — Gogoan izango ditut.
Pierres jaunak Lohitzunaldera hartu zuan, eta lekaimetxe aldera morroi zintzoak. Amets berdin-antzekoak izan zituzten gau hartan lagun biak.
Erreka zuloan |