www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Franzisko Xabierren bederatziurrena
Sebastian Mendiburu
1769, 1982

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Mendibururen idazlan argitaragabeak, Sebastian Mendiburu (Patxi Altunaren edizioa). Euskaltzaindia, 1982

 

aurrekoa  

Bederatz-garren eguneko irakur-aldia

 

Gaia: Erdits-uste osoan ta eskutik utzi bage eskatu behar zaio S. Francisco Xavierri gauza

 

Modicae fidei, quare dubitastis? Matth. 14

 

        Beren otoitzan anitzek egiten dute bere lan batean Apostol S. Pedrok bein egin zuen utsa ta beren uts hau atera artean ez dute erdisten eskatzen dutena. Itsas aserretuak Apostolu guziak beren ontzian agitz gaizki zerabiltzan batez, agertu zen ur gañean Jesus, ta len baño kezkatuagoak gelditu ziran hura ekusi ta, zeren gaitzen bat egitera zetorren duendea zela uste zuten ekusten zutena. «Ni naz», ots egiten die Jesusek Apostol izutuei; «ta ez da zer asaldatu».

        Hau aditu ta «Zu bazara», eranzuten dio S. Pedrok bere Maisu Jesus maitagarriari, «banoa oñez zugana». «Ni naz, bai, ta bazatozke», esaten dio Jesusek S. Pedrori. Jesusen bai hau aditu ta soñeko guziak gañean zituela ta oñetakoak ere kendu bage, ontzitik saltatu ta idorrean balebil bezala itsas gañean asi zen S. Pedro lasterka; ta Jesusen aldera zenean, nor zen bera berez ari adirazteko, baztertu zuen Jesusek bere milagroa, (bada Jesusen milagroz zebillen zebillen gisan S. Pedro) ta asi zen oinpeko urean sartzen ta ondatzen; ta zeren igerian ibilli naiagatik agitz izugarria zen zebillen aizea ta ezin geiagoraño asaldatua arkitzen zen itsasoa, ezin zebilken ta zena ikaraturik esaten dio Jesusi: «Jauna, lagun zakizkit, galdua naz bestela», ta bereala Jesusek eskua luzatu ta besotik artu ta, «Uste gutiko gizona, zerk beldurtu zaitu?» esan ta eraman zuen bere ontzira, ta biak aratze berean, gelditu zen aizea ta palakatu zen itsaso aserrea.

        Aldi onetan S. Pedrok bezala uts egiten dute otoitzgill anitzek beren eskantzan; eskatzen asi ta laster erdisten ezpadute eskatzen dutena, erditsiko dutelako ustea erdi galdu ta gabe geldituko diralako beldur andiarekin gelditzea; ta uts hau egin ezkero, egin oi dute besterik ere; bada geroz epelki ta nagiro egiten dute egiten duten otoitza. Aldi onetan bere beldurrarekin etzuen S. Pedrok egin bigarren uts hau; bada horduan ez itotzeko S. Pedrok egin zuena zen, ur gañean iduki zezaken Jesusi lenbaitlen ta indar andiarekin bere laguntza eskatzea. Hau da zerbaiten beharrean arkitzen denak bere otoitz aldietan egin behar duena: beragandik zenbait ere urrutiago gauza, anbat bizirago Jangoikoari eskatzea, ta ark hau egitea, sinisturik dena den bezala, edo Jangoikoak (eta orobat Jangoikoaren Santuak) askotan ez aditu egiten dutela ekusi artean norañokoa den eskalearen ustea, ta geiagotan ta bortizkiago eskaleari bere gauza eskaraztea ta gero gauza agitz obetua edo hura baño ordain obea ta zerurako anitz laguntz berari ematea.

        Hau zekienak bezala S. Francisco Xavierrek emen bizi zen denboran etzuen galtzen bein ere Janogikoari eskatzen ziozkan gauzen erdits-ustea, ez eta munduko perillik andienetan ere; ta bein Jangoikoari bere laguntza eskatu ta bere egitekoz sartu zen beldurrik bage Mairuaren islan, esan bazioten ere aratzen ziranei bizia kentzeko izurriz ta benenoz beteak zebiltzala islako gizonak; eta beste aldietan besterik etzuenean Chinara, Japona edo beste urrutiren batera joateko sartzen zen edozein mairuen edo jentilen ontzitan, Jangoikoak, mairu ta jentilak ez naiagatik, onzia ara zuzenduko zuelako ustean, ta zuzentzen ere zuen ontzi-jaunak nai ta ez. Gauz orietan zuena zen beste gauz guzietan S. Francisco Xavierrek zuen ustea ta bat zen beti eskatzen zituen gauzen bukantza: berak nai bezalakoa edo agitz obea.

        Hau bera da berari zerbait eskatzen dionak artu behar duen bidea: eskatzen diona edo hura baño obeki dagokan gauza erditsiko duelako uste osoan eskatzea ta eskatzen dion gauzak zerbait luzagatuagatik gis berean bere eskantzak egitea. Hau da eskale on guziak egiten dutena ta ez da munduan Jangoikoaren eskale ona bage ekusi duenik. Erdits nai badezu, bada, eskatzen dezuna, izan zaitez eskale ona ta izanen zara, egiten badezu S. Francisco Xavierrekin itsu batek bein egiña.

        Beste langilleen artean badira munduan gañeko aizea argiz ta polbor-soñuz betetzen dakitenak. Argi soñu-gai oriek egiten dituzte egun andietarako ta atsegiñezko berri andiak etortzen diran zenbait alditarako. Gai oriek egitea ez da neke andizko lana, baña bai perillezkoa; bada paperez ta polboraz egiten diranak dira artako gaiak, eta polbora, dakizun bezala, bazterren errelea da. Koheteen izena dute aizeko soñu-gai argigille oriek. Orien egille eder bat arkitzen zen S. Francisco Xavier ibilli zen Indian ta polbor zati bat bere aitzinean zuela lanean hari zen batez, polborak sua artu ta utzi ziozkan erreak bere bi begiak eta gelditu zen itsu egiña.

        Orra suarena: batzuei argi egitea ta bestei argia kentzea. Langille oni berea kendu zionetik bukatu ziran onen lanak eta gelditu zen lanezko irabaz-biderik bage ta jateko zerbait biltzeko eskeko bidea baizik etzuela; ta alkeak edo lotsak lenbizian gogortzen bazion ere, beharrak azkenean ar-erazi zion bide hau; ta emendik atera bage ibilli zen zenbait urtez, urrikariz ematen ziotenaz bere jan-edanak egiten zituela; ta bere bizian besterik egin zezakelako asmorik ere arzen etzuela.

        Bide zuen S. Francisco Xavierrekin zerbait debozio; bada bein agertu ta esan zion Santuak: «Nai dezu nik zure begiak sendatzea ta len zenuen ekuste berarekin nik zu uztea?». «Jesus, nere Santua, zer itsuri galdetzen zaio hau?», erantzun zion itsuak S. Francisco Xavierri; «nai dut, bai, ta agitz al-ere, ta ez dakit zer negiken nik hau erdistea gatik». «Ori, bada, ta zoaz» (esaten dio S. Francisco Xavierrek) «Cotatako nere Elizara, ta ango nere aintzur imajinaren aitziñean erditsiko dezu nai dezuna».

        Zer atsegintza berri onekin itsu gaisoak artu zuena! Hau artu ta bereala artu zuen Cotatako bidea. Sei lego-bide ziran aren itxetik Cotatara. Bidean batu ta nora zijoan galdetzen zioten guziei erantzuten zien: «Cotatara, S. Francisco Xavierren eskuz nere begi erreak sendaturik ekustera ta len nuen ekuste onarekin gelditzera; ta milagro hau ekusi nai dutenak, ots, betoz nerekin ara». Zenbait, aren esanez irri egin ta joan ziran beren bidez aitziñat, itsuak zionaz kasorik egiten etzutela, ta beste zenbaitek artu zuten, itsuari zerraizkola, Cotatako bidea, ekusi naiez itsuarekin an S. Francisco Xavierrek egiten zuena.

        Bideko guziei esan ziena esaten zien itsuak Cotatan erritarrei ere; ta erriko ta bideko anitzekin sartu zen itsua S. Francisco Xavierren Elizan. Eraman zuten S. Francisco Xavierren aldarera ta ango imajinaren aitzinean belaunikatu ta asi zen zekizkien otoitz guziak esaten ta S. Francisco Xavierri begietako osasuna ta ekuste on bat eskatzen ta eskatzen. Noizean bein goititzen zuen burua ta jiratzen batera ta bestera, ekusten ote zuen ekusi naiez; baña ekusirik arako bidea artu zuenean baño geiago etzuela ekusten, itzultzen zen bere otoitzera ta otoitz denbora luzearen buruan, egiten zuen len egiña; baña bere al-egin ta ibiller guziekin, anitz horduren buruan atera zuena zen, Elizako guziei bere begi-zulo utsak erakustea ta Cotatarako bidea artu zuenean bezain itsu gelditzea.

        Belaunekin anbat horduz lurrean egoteak, egin zituen adiña errezo ta otoitz egiteak, ekarri zuen ango bere arazoak eta hordu artaraño egin zuen barurak nekaturik utzi zuten eri gaisoa ta jateko zerbait artu behar andiarekin; ta ilunabarrean, «Ez du oraindik Santuak egin bere egitekoa, ta pazienzia» esan ta artu zuen hostaturako bidea; bidean zenbait hist eta irri egiten ta esaten ziotela: «Itsuak egin du amets ekusi behar duela, baña amets utsa da itsuaren ekus-uste guzia».

        «Ez da ametsa, ez», zion itsu gaisoak, «nere ekus-ustea; ekusiko dut berdin, S. Francisco Xavierrek nerekin milagro egiten duela». «Bai, on dagizula; gaur bezala zuk ekusiko dezu noski bigar ta etzi ta datozen egunetan ere», esan ta utzi zuten bere ostatuan edo urrikariz eman zioten itxe batean, Elizatik araño berarekin ibilli ziran zenbaitek eta isillik egondu ziran beste guziak. An sartu ta zerbait artu ta egin zuen itsu gaisoak al zuen loa; ta urrengo eguna agertu horduko, joan zen berriz bere Elizara ta S. Francisco Xavierren aldarera.

        Ango imajinaren aitzinean belaunikatu ta asi zen leneko eguneko bere eskantza, errezo ta otoitzak egiten; ta egondu zen an egun guzian, bein jaiki, bein jarri, bein belaunikatu, bein bere begi-zuloak alde batera, bein bestera jiratu, bein ere pits bat ekusten etzuela; ta azkenean andik atera zen lenbiziko egunean bezain itsu, egun artan baño ere agitz nekatuagoa ta zerbait artu beharragoa ta horduan baño ere hist eta irri geiago egiten ziotela.

        Alere etzen aitzen itsu gaisoaren ekus-ustea ta S. Francisco Xavierren milagroa bere baitan ekusi naia, ta urrengo eguna agertu horduko, joan zen irugarren aldian S. Francisco Xavierren Eliz aldarera. Baña hau ere besteak bezain ongi an igaro ta gelditu zen len bezain begi bage ta ekusterik etzuela; ta andik itxerako bidean mutil txarrak urbildu ta beren eskuz arpegian zapladak eman ta galdetzen zioten: «Itsua, zenbat behatz-heri ditu nere eskuak?», eta andiak ere egiten ziozkaten beren hist modu ta irri berriak; eta itsu gaisoak guzia zeraman mee-meki Jangoikoaren ta bere Santu andi S. Francisco Xavierren izenean, ta beti arkitzen zen bat-berean ta bere ekus-uste osoan.

        Laugarren eguna etorri ta joan zen itsu gaisoa S. Francisco Xavierren Eliz ta aldare berera, ta goizetik arratseraño leneko egunetako gauz onetan ta eskantz beroetan an egondu ta, atera zen sartu zen bezain uts eta begi bage; ta hau bera agitu zitzaion urrengo ta urrengo ta beste ta zortzigarren egunean ere. Horduko, ta lenago ere, ametsleari bezala begiratzen zioten ekusten zuten geienak, eta egunoro egiten ziozkaten hist eta irri berriak eta irri agitz astunak.

        Hau guzia ekusi ta ere, egondu zen itsua ur bazterreko aitz andi, gain-bera datozen bag-olast guziak zeatu ta ere, igitzen ez dena bezala, bere sendantz-uste osoan; ta zazpigarren egunetik sendatu arte guzian egondu zen Elizatik atera ere bage; bada egun artan, anitzek ekusten zutela, aldar aitziñean jaiki ta esan zion S. Francisco Xavierri: «S. Francisco Xavier, zuk ni sendatu arte guzian ez naz emendik aterako; bada, ekusten dezun bezala, onara nintzanean baño agitz gaizkiago arkitzen naz gaur; urrikari ninduten alabaña len ta ematen zidaten batak behar nuen hau ta besteak hura; ta ez nintzan, behar nuena bage, arkitzen; ta emen egun oro eskatu dizudana bage arkitzen naz ta guziak hist eta irri egiten didatela; ezpanazu, bada, guzien irrigarri egiña ta gosez illa ekusi nai, indazu anbat aldiz eskatu dizudan ta erdits artean eskatuko dizudan bista ta ekustea». Egin zuen esan zuena; bada urrengo irur egunetan egondu zen Elizan, al zituen otoitz guziak egiten, ta irugarren eguneko arrats-aldean edo bere otoitzetako bederatz urrunaren bukantzan, iduritu zitzaion sartzen ziozkatela bere zuloetan bi begi, ta begi, argi ederrez beteak; eta ekusten zituela Aldareko Santua ta Elizan ziran gizon guziak. Ekusten ere zituen ta.

        Hau ekusi ta jaiki ta asten da ojuka «Milagro, milagro» esaten ta batetik bestera lagunik bage ibiltzen ta leneko bere ezagunak besarkatu ta bakoitzari bere izenez ots-egiten. Arrituen gisan Elizako guziak eta berriaren otsarekin ara ziranak begiratu ta ekusi zuten, sekulan gizonek izandu zituen begirik ederrenak baño ederragoak zirala S. Francisco Xavierrek eman ziozkanak; eta erriz erri ibilli zen bere begi ederrak erakusten ta S. Francisco Xavierren milagro hau bere ta ekusten (zuten) guzien poz, eta atsegintz agitz andiarekin banatzen.

        Orra zer den, Jangoiko urrikalt-maitagarriari eskatzen zaion gauza erdisteko, itsu onek egin zuen gisan bein ta berriz ta berriz ta erdits arte guzian, erdits-uste osoarekin Jangoikoari edo Jangoikoaren Santuei eskatzea. Egizu, bada, zuk ere, ta ez anitzek egiten dutena: bein edo berriz gauza eskatu ta erdisten ezpada, alde bat uztea; ta erditsiko dezu eskatzen dezuna edo hura baño obea den besteren bat. Jangoikoak dizula hau zuk, gaurko itsuak bezala, egiteko grazia: bai arren, bai.

aurrekoa