www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Franzisko Xabierren bederatziurrena
Sebastian Mendiburu
1769, 1982

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Mendibururen idazlan argitaragabeak, Sebastian Mendiburu (Patxi Altunaren edizioa). Euskaltzaindia, 1982

 

aurrekoa hurrengoa

Seigarren eguneko irakur-aldia

 

Gaia: Andia da bere aldarean S. Francisco Xavierrek agerzen duen eskua

 

Oculi mei sunt aperti, et aures meae erectae ad orationem ejus, qui in loco isto oraverit. 2 Reg. 7

 

        S. Francisco Xavierrek munduan baditu anitz Eliz eta zenbait erritan agitz andi ederrak. Orietatik da Españiko korte Madrillen duena; bada da ango andien, ederren, apainduena. Bere izeneko Elizik ez duen erri askotan baditu S. Francisco Xavierrek bere aldar apaindu politak, eta aldar, an egin dituen gauz andi ta milagr anitzen berria oroitzapen-señalez ematen dutenak.

        Behar den aldian lurreko edozein bazterretan ta itsaso beraren erdian ere egin dakioke Jangoikoari otoitz eta eska dakioke berari edo beraren Santuaren bati edozein gauza ta milagro; baña al bada eskantz hau Jangoiko beraren Elizan ta Jangoikoaren Santuen aldar aitziñean egin behar den gauza da, zeren Eliza ta aldarea den Jangoikoak artarako berezi digun tokia, ta toki, Elizaren konsagrantzez edo bedeikantzez santutua; eta orregatik da toki eskatzen diran gauzak erdisteko agitz egokia.

        Hau guri adirazteko da Jangoikoak errege Salomoni bein esana. Errege Salomonek Jerusalenen asi ta bukatu zuen Eliz bat eta aren presenta Jangoikoari egin zion aldian aditu zuen Jangoiko beragandik: «Artzen dut, bai, nik neretzat eta onara datozenen otoitzak aditzeko toki ta itxe hau; ta israeldarren bekatu gaistoak aser-erazi ta nik odeiak agortzen ditudan, ortz gaistozko mamorroz bazter ereñi frut-dunak betetzen ditudan edo itxeak eriz betetzen ditudan aldian, onara etorri ta, emen nik beren bekatu guzien damuz beteak ekusten baditut, adituko dut orien otoitza, barkatuko dieztet beren bekatu guziak kenduko dieztet ar ta mamorro gaistoak eta emanen diet eskatzen didaten ura ta behar duten beste guzia; ta noiznai toki onetara etorri ta emen otoitz egiten didana ekusteko ta eskatzen didana aditzeko, idiki-zabalak idukiko ditut begi-belarriak; hau da alabaña israeldarrekin ditudan egiteko(eta)rako berezi dudan tokia ta toki santua».

        Len israeldarrentzat Jerusalengo Eliza zena da gaur fededunentzat edozein Eliz eta Elizeko aldare, naiz Jangoiko berarena izan, naiz Santuaren baten izenekoa Eliz edo aldarea. Orregatik, bada, Eliz berean ta Eliz-aldareetan beste toki ta bazterretan baño gauz andi ta milagro geiago egiten ditu Jangoiko berak berez ta bere Santuz, ta bere aldareetan S. Francisco Xavierrek egin dituenetatik bat edo beste ekusi behar dugu oraingo aldian.

        Ezkondu ta zenbait urtez humerik bage bizitu zen andre ezkondu bat eta S. Francisco Xavierren Eliz edo aldarera joan ta eskatu zion bein, berriz ta askotan seme bat, eta lenbizian ez-aditu bezala egin bazion ere, azkenean agertu zion aditu zuela aren otoitza ta eskale berak ezagutu zuen aurdun arkitzen zela ta gelditu zen poz eta atsegintz agitz andiarekin, ta bere aurdun denboran ta erdi arte guzian ibilli zen S. Francisco Xavierri esker ta eskerrak ematen ta erditz on bat eskatzen. Lotu zitzaion noizbait bere erdi-hordua ta oñazea ta erdi zen anitz luzatu bage; baña ez berak nai bezala, bada ekusi zuen alaba zela ta ez semea egin zuena.

        Hau ekusi ta illundu zen hordurañoko aren poz guzia ta S. Francisco Xaviergana ere galditu zen Jangoikoak zekien bezala, ta jaikitzen asi ta zerbait bizkortu zenean, bere alaba besoan artu ta joan zen naigabetu baten berriketan ta esaten: «Beste guziak atsegintzez betetzen dituzun Santua, zergatik uzten nazu ni naigabez betea? Atsegintzez betetzen dituzu besteak bakoitzari emanez eskatzen dizuna; nik gauza bat eskatu dizut zuri ta niri zuk hau ukatu didazu; bada nai nuen gauza nik zuri eskatu ta zuk niri eman didazu nai ez nuena ta emate hau ez ematea diña da ta nolanai orra non dezun zere erregaloa».

        Hau esan ta utzi zuen Santuaren aldarean bere alaba ta baztertu zen zerbait agitz zaputztua. Alere etzen Elizatik atera, ez eta Santuaren aldaretik agitz urrundu ere, ta bere bihotzeko miñarekin ta zuen seme-nai andiarekin ez dakigu zer izandu zen S. Francisco Xavierri aldi artan ark an esana; guk dakiguna da S. Francisco Xavierrek bihotzean ukitu ta jaiki zela belauniko zegon tokitik eta joan zela berriz Santu beraren aldarera an utzi zuena ekustera ta arkitu zuela an utzi zuen alaba seme egiña; zenbat bere poz eta atsegintzekin ez da erraz orain guk adiraztea. Zer eskerrak andre ark horduan S. Francisco Xavierri emanak eta zer debozioa Santu berari gerozko bizitzan izandu ziona! Nai ta ez andia, bada agitz andia izandu zen S. Francisco Xaviergandik artu zuen ontart eta milagro berria.

        Emengo gisan Indian ere fededun, jentil ta turkoak ibiltzen dira saldu-erosian ta beren beste egitekoz erri ta probinzi batetik bestera, ta turko ta jentilak ekusten duten an ta emen S. Francisco Xavierrek fededunen alde egiten duen milagr hau edo hura, ta zenbaitek fededunen gisan aren aldera urbildu ta eskatuz erditsi dute beren idol txarrei edo Mahomari eskatu ta ezin zutena. Adi zazu orietatik batena.

        Andre jentil ezkondu bat bizitu zen luzaro orain ekusi dugun beste hau bezala humerik bage bat seme ta izateko nai andiarekin. Bere nai onek zerabillela ibilli zen zenbait urtez idoloz idolo seme bat bakoitzari eskatzen ziola. Baña idoloak zur-puskak, sagu-kabiak eta deabrutegi zikiñak dira ta semerik ez ezik, pits bat ere ezin eman dezaken gauzak eta azkenean andre gaisoa utzi zuten bere nai utsarekin ta humerik bage.

        Aditurik, bada, hura bezalako zenbaitekin len S. Francisco Xavierrek egiña joan zen Santu beragana ta eskatu zion bere idoloetatik erditsi etzuen semea, ta idoloen aldareetan bezala S. Francisco Xavierren aldarean etzen ustel atera andre gaisoaren uste-eskantza; bada S. Francisco Xavierri seme bat eskatu ta laster humedun gelditu zen ta urtea baño len izandu zuen nai zuen ta Santuari eskatu zion semea.

        Atsegiñez zoratua bezala gelditu zen bere semearekin andre jentil hau ta ill-bete biz ibilli zen pozez zertan dabillen ez dakien baten eran. Baña ill orien buruan semea gaitzez ill ta gelditu zen negu gogorreko gau illun-otz baten gisakoa edo erdi erotu, erdi amurratua; ta azkenean egin zuena zen bere seme illa artu, Elizara joan, S. Francisco Xavierren aldarera urbildu, aldarean arkitzen zen Santuari begi zorrotzez begiratu, aur illa aldar aitziñean utzi ta Santuari esatea: «Semerik ez ematea baño gaistoago izandu da bi illeko niri zuk hau ematea; bada hau illa ekusi dutenak urrikaltzen ziran nitaz len, ta orain irri ta irri egiten didate; ta orra, zuretzat nai badezu eman didazun semea».

        Hau esan ta artu zuen bere itxerako bidea, baña S. Francisco Xavierrek zerbait egiñen zuelako ustean edo bere humeari zion onginaiak tiratzen ziola, itzuli zen utzi zuen bere seme beragana ta eskuetan artu ta begiratu zioneko ekusi zuen begiak idiki ta zabaltzen zuela aoa, amaren bularra eskatzen balu bezala, ta ama jentillak hau ekusi ta, «Zer?» esaten dio, «zer? bizi zara, nere semetxoa?». «Bai, bizi da», esaten die an arkitzen ziranei, «ta behar du titia», ta eman ta ekusten du artzen duela gaitzik ekusi ezpalu bezala. Eta S. Francisco Xaviergana itzuli ta eskatzen dio leneko bere erakeriaren barkanza ta bigarren bere milagroagatik millaka eskerrak eman ta badijoa bere semearekin agitu zenaren berria banatzen duela.

        Orra zer milagroak bi aldi oietan S. Francisco Xavierrek bere aldarean egiñak. Bai? bada biak bezain ekustekoa da orain adituko dezun irugarrena. Thomas Croce zeritzan batek izandu zuen S. Francisco Xavierrek andre jentil onekin ta onen semearekin egin zituen milagro andien berria. Berri hau ark artu ezkero, eritu zen ta agitz gaizki beraren seme txiki guztiz ark maite zuen bat. Ain maiteari bezala egin ziozkan sendatzeko ziran laguntz guziak, baña guziak atera ziran ustel ta zenbait egunen buruan ill zen Thomasen seme maitea.

        Itxeko guziak asi ziran aurraren illerrirako gauzak prestatzen. Elizako nagusiari eman zioten aurraren ill berria, argizagi-gilleari eskatu zioten ill-ortzirako behar zutena, ill-oialaren eske bidaltzeko zeuden dendara ta ezkillei eman-erazteko ill otsa ta berria. Erriko ezagunak eta Thomasen aide ta auzoko guziak bildu ziran aren itxean bere semearen eriotzak eman zion naigabenza beren hitz onez zerbait arintzera ta asi ziran emendik bata ta andik bestea artako zen guzia ari esaten.

        «Baña, zer?» esaten die Thomasek bere aide-adiskide an bildu guziei; «galdu dudala nik zuek uste dezute nere semea?». «Zer, bada?», eranzuten diote bere aide-adiskide ta ezagun guziak; «ill da, ta». «Ill?», esaten die Thomasek; «eta etzen ill, bi ill bete horduko, araistian aditu dugun andre jentil aren semea ere? Ta galdu zuen ark orregatik hau?». «Ah, baña S. Francisco Xavierrek», eranzun zioten Thomasi bere aideak eta beste adiskide ta ezagunak, «biztu zuen milagroz aren semea». «Ongi; ta», esaten die Thomasek, «S. Francisco Xavierrek arena bezala ezin biz dezake nere aur illa ere? Edo andre jentil batena diñako ustearekin ezin eska dezoket nik Santuari biz diezadala?».

        «Beude, bada, beude geldirik», esaten die gero bere itxekoei, «aurraren obirako argi-zagi, ezkill ta prestantz guziak eta goazen S. Francisco Xavierri eskatzera nere aur illaren bizia». Jaiki ta badijoa andre jentila bezala Elizara ta Santuaren aldareta ta esaten dio Santuari: «Ez dut uste ukatuko didazula niri, zure itxekoari ta fededunari, anitz ez dela jentil arrotz bati eman diozun ondasuna; indazu, bada, niri ere, S. Francisco Xavier, nere aur illaren bizia ta hau zuk nik eskatu ta biztu didazulako poza ta atseginza. Nere bekatu gaistoak gatik ez dagokit niri onenbat zure ontart eta fabore; baña eskatzen dizut nere aurtasunetik dudan kristau siñistaren alde ta naigabetuekin beti zuk izandu dezun urrikaltz andiagatik».

        Hau guzia esan zuen Thomas Crocek deboziozko negarra ta negarra zeriola. Hau esan ondoan egin zuen S. Francisco Xavierren aldareari limosn andi bat egiteko botoa, ta hau ark esan ta egin horduko, biztu zen, jentil amaren seme illa bezala, Thomasen aur illa ta gelditu zen gaitzik ekusi ezpalu bezain ona ta bizkorra, ta bete zen pozez ta atsegiñez Thomasen itxea ta erri guzia.

        Baña itxozu; etzen emen bukatu S. Francisco Xavierrek Thomas Croceren semearekin egin zuen milagro guzia. Urteak joan ta eritu zen berriz, ta len bezain gaizki, Thomasen seme len ill hau, ta illzeko puntura zenean, lasterka Thomasek S. Francisco Xavier bere aldarean billatu ta eskantz eta boto berri bat egin ta erditsi zuen berriz ere bere seme beraren bizia. Andik zenbait urteren buruan eriotzeko tranze berera zen Thomasen seme hau ta irugarren aldian Thomasek otoitz bera ta promesa S. Francisco Xavierri egin ta erditsi zuen bere semearen bizia ta osasuna, ta anitz urtez izandu zen mutil hau S. Francisco Xavierren milagrozko gizona. Orra zer den S. Francisco Xavierrek bere aldaretik billatzen dutenen alde egin dezakena. Artu, bada, berarekiko debozio andia, besteei bezala balia dakizun zere aldian edo beharra agertzen zaitzun horduan: bai arren, bai.

 

aurrekoa hurrengoa