www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Franzisko Xabierren bederatziurrena
Sebastian Mendiburu
1769, 1982

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Mendibururen idazlan argitaragabeak, Sebastian Mendiburu (Patxi Altunaren edizioa). Euskaltzaindia, 1982

 

aurrekoa hurrengoa

Zortzigarren eguneko irakur-aldia

 

Gaia: Agitz andia da S. Francisco Xavierren behartsu gaisoekiko urrikaltza

 

Charitas patiens est, benigna est. 1 Chor. 13

 

        Ongille urrikaltia da behartsu gaisoak gogo osoz billatzen dutena, ta era edo gis onetako ongille bat billatzen dute S. Francisco Xavier billatzen dutenak eta ongi egiten dute; bada bere bizian urrikaltia zen Santua ta ill ta zerura ezkero agitz urrikaltiagoa da; zeren eriotzarekin ez diran galtzen, ontzen ta anditzen dira(n), Santu guzien birtut eder ta gauz onak. S. Francisco Xavierren leneko urrikaltza ekusteko aski da bera edozein ontzitan, edozein presondegitan, edozein hospitaletan edo edozein itxe behartsutan ekustea; bada urrikaltz garbi andiak egiten duena da an onek egiten zuena; atoz ezperen Portugaltik Indira eraman zuen ontzian hura ekustera.

        S. Francisco Xavier Indirako itsas-bidera zenean, batetan atera ziran Portugaltik zenbait ontzi, ta erregek ala nai ta, atera zen S. Francisco Xavier guzien ontzi nagusian, ta orregatik atera zen ontzi, ark zuen urrikaltz andia agertzeko, guztiz egokian; bada atera zen ontzi mariñel ta soldadu ta gizon geiago zituenean, ta berez zenbat ere geiago ontziko gizonak, anbat geiago ontzi bereko gizonen behar, gizonen gaitz eta gizonen eritasunak, eta orregatik andiagoa urrikalti baten urrikaltza agertzeko bidea.

        S. Francisco Xavierren ontzian arkitzen ziran milla gizon bezala; itxe baterako giza-sall arrigarria ta eguzki-pe errean ta ur gazi gañean zebillen eta anitz ill betez itxetik ateratzen etzen onelako giza-sallarentzat etxe agitz erikorra. S. Francisco Xavierrekin Portugaltik ontzian atera ziranetatik anitz gaitzez ta miñez ill ziran bidean, beste anitz eriotzaren ortzetara ziran ta gaitzik gutien ekusi zuena gaizkitu zen edo egondu txarki ta eri, bai ta S. Francisco Xavier bera ere.

        Ala ere S. Francisco Xavier izandu zen beste guzien lagunle, sendalle ta ongille; ta ongille, sendale ta lagunle agitz urrikaltia. Itsasoko ber(e) irur ill lenbizikoan agitz nastua erabilli zuen Santuak bere barren guzia ta oñen gañean ere doi-doia ibilli zen denbor orretan, ta denbor berean izandu zen beste guzien oin ta esku, eri bakoitzari zegokan guzia egiten ziona ta eri guziei beren behar aldietan laguntzen ziena.

        Bera ere eri ta oriei laguntzen gobernariak ekusi ta besotik artu ta eraman zuen bere aldera ta bere maira, esaten ziola: «Aita, beste egitekorako ta inditar guziak fededun egiñak uzteko bidaltzen zaituzte erregek, Aita Santuak eta Jangoiko berak, eta erien artean emen iltzen bazara, gaizki egiñen dezu zere egiteko hau. Bestela ere zaitzeko esku ta manuarekin igortzen nau ni nere erregek eta gaizki nik zai zaitzaket, zauden bezain eri arkitzen zarala uzten badizut gau ta egun orrenbat eriren ta iltzen daudenen artean».

        Mill esker eman ziozkan S. Francisco Xavierrek gobernari(ari) ta zituen era politekin ta bere ezpañak irriz edo farrez eztiturik, asi zitzaion esaten: «Ongi, jauna, nik maite ditudan ontziko gaisoak iltzen daude ta lagunlerik ez dutela, ta nola nik, orien onerako zerbait dagikedanak, utziko ditut lagunzik bage? Ez, gobernari jauna, mundu guziagatik ezin dagiket hau nik. Lagundu behar diot, bada, eri bakoitzari edo guzien artean emen bertan damuz illa gelditu behar dut nik».

        Hau aditu ta sorbaldak goratu ta mututurik joan zen gobernaria beste aldera ta S. Francisco Xavier bere erietara, ta ibilli zen gau ta egun batetik bestera sei-eun eri beintzat zituen ontzi-hospital artan, konfesatzen bata, oliatzen bestea, maneatzen oni bere oatzea, eramaten ari eskatzen zuen jatekoa edo sendagaia ta kentzen beste bazterrekoari zerion materi ta usteltasuna.

        Eskean billatu ta eramaten zion behartsuari etzuena, bere eskuz maneatzen zion jatekoa, egiten zien oni ta ari beren garbitasuna ta hura baizik ezpaliz bezala, ematen zion eri bakoitzari bere eskua ta laguntza. Indarrik etzuenari besoa sartu ta goratzen zion lepoa ta burua, artu behar zuen salda, zukua edo edaria ar-erazteko, ta esku-oiala artu ta idortzen ziozkan bere ezpañak. Bazebillen batetik bestera bakoitzari nola arkitzen zen edo zer etzuen galdetzen ta artu behar zuena ematen ta hitz onez guziei beren gaitz, kezk eta naigabenzak arintzen.

        Iltzen zegon bati laguntzen hari zenean, aditzen zituen andik eta emendik deitzen zioten amarren otsak, eta ots, iltzeko prestatu nai zutela ziruditen erienak, eta esku tartean zuena alik ongiena prestatu ta joaten zen behar geiena zuela zirudienagana ta esaten zien beste guziei: «Itxozue gutitxo bat, emengoa laster egin ta zuekin naz», ta egiten zuen esaten zuena. Baña ots egin ziotenekikoa egin horduko, ots egiten zioten beste anbestek eta orien ondoren besteak eta besteak, eta goizetik arratseraño artan ibilliagatik etzuen bukatzen bere lan hau ta gabaz ere luzaro artan berean hari zen S. Francisco Xavier.

        Berekin zuen gaitzak eta nekeak garaitu ta lo piska bat egitera biltzen zen aldian, etziten zen ontzi gañeko ol gogorrean ta artzen zuen buruperako an zeutzan soka bilduetatik bat eta eriren baten lenbiziko ots edo ai bat aditu horduko, an zen aren bazterrean ari bere animako lanean edo behar zuen beste edozenetan laguntzen, ta bere lotegira etzen itzultzen eriaren gauzak, eri berak nai bezala, egiñak utzi arte guzian, ta guztiz laburra izaten zen len ta gero egiten zuen loa ta artzen zuen atsedantza, ta jaiki horduko sartzen zen bere erien artean ta leneko eguneko egiteko berean ta egiten zuen lenekoan bezain zinki ta urrikaltz andiarekin.

        Artu zuen S. Francisco Xavierrek ontzien gobernari ta beraren ontziko nagusi jaunak berezi zion gela-modu bat, baña artu zuen non egon etzuten eri gaisoak eta gaizkien arkitzen ziranak an sartzeko, alderagotik an berak berezkiago ta obeki laguntzeko ta S. Francisco Xavierrena ez, baizik eri errumes behartsu gaisoena zen S. Francisco Xavierri gobernariak beretzat eman zion gela.

        Gelaz egiña egiten zuen S. Francisco Xavierrek gobernariak berak ematen zion janari bereziarekin: artu ta behartsu eriei eman ta Jangoikoaren izenean ematen zioten ogi zatiren batekin bera gelditzea. Alde guzietara S. Francisco Xavierrek alegiña egin ta ere, anitz eta anitz izandu ziran ontzian ill ziranak eta ill ziran guzietatik etzen ill bat ere S. Francisco Xavierrek konfesioz, komunioz, hitz onez ta zezaken bidez laguntzen etziola.

        Ontzi barreneko tokirik azpirenekoan ta txarrenean arkitzen ziran gizon ezer-ezenak eta eririk behartsuenak, eta gizon eri laguntz guti edo bat ere etzutenak. Orien berria artu horduko artu zuen S. Francisco Xavierrek arako bidea. Hau ekusi zutenak lasterka joan ta besotik itsasi ta arrituak bezala asi zitzazkan esaten: «Aita, aita, ta nora zoaz? or bertan illik gelditzera? Ez, Jangoikoagatik. Zaude emen ta emen ere egiten dezunarekin Jangoikoaren milagro bezala izango da luzaro zu bizitzea».

        Baña S. Francisco Xavierrek begi eskerdun leunez geldirazi nai zutenei begiratu ta eztizko hitz on zenbait esaten ziela soseg-erazi zituen; ta gogoan ar-erazten ziela ontzi gañekoak eta ontzi erdikoak bezain animadunak, eta animadun bataituak, eta bataitu, Jangoiko berak agitz maite zituenak zirala ontzi ondoko eri gaisoak, eta ontziko eri guzien artean aiek zirala eri urrikalgarrienak eta animako eta gorputzeko laguntz geiagoren beharrean arkitzen ziranak, ta, geldirazi ani zutenak geldirazi zituen ta orien igesi bezala sartu zen azpiko eri gaisoen egontegi illun zikinean; ta ara sartu horduko, esan ziezten hitz egoki urrikarizkoekin arindu zituen guzien bihotzak, egondu zen gero bakoitzarekin berak nai adiña denboraz, lagundu zien guziei animako gauzak zuzentzen, ekusi zuen zer zen bakoitzak zuen gaitza, garbitu ziozkan zituenari bere zauriak eta lotu ziozkan zezaken ongiena ta egin zion bakoitzari gaizki arkitzen den seme maite bati am on batek legikon guzia, ta egin zion S. Francisco Xavierrek ari hau jaits-aldi artan ez ezik, gerozko egun guzietan ta eriak an ill edo sendatu arte guzian.

        Bein bakarrik hau egitea ere urrikarizko lan ekusten dezun bezain andia zen; baña hau bera berriz ta berriz ta askotan ta askotan ta azkeneraño S. Francisco Xavierrek egin zuen gisan egitea, zer izanen zen? Santuaren urrikalzak zegiken gauzarik andienetatik bat. Eta orra norañokoa S. Francisco Xavierrek ontzian sartu zen egunetik agertu zuena.

        Emen agertu zuen urrikaltz bera izandu zuen S. Francisco Xavierrek ontzira baño len ta ontzitik atera ta beti bere bizi guzian. Ontzira baño len Aita S. Ignaciorekin ta bere beste lagun guziekin Venecian bizitu zen denboran bizitu zen sendatu ezin diran-ena zeritzan hospital batean. Bazen horduan an zenbait eri agitz izugarriren artean materi ta usteltasuna zerion bat. Lenbiziko aldian hau ekusi ta nastua gelditu zen Santuaren barren guzia, ta bere burua eskuratzeko ta Kristo Jaunaren izenean eriarekin, an gis artan arkitu balu, Kristo Jaun berarekin egiñen zuena egin naiez, eriari bere zauria agertu, ezpañak gañean ezarri ta txupatuz kendu zion zerion zikinkeri guzia. Ekusten dezu nolakoa lendabizitik ere S. Francisco Xavierren eri gaisoekiko urrikaltza? Bada gisa berekoa ta gero lenbiziko ontzian ekusi duguna bezalakoa izandu zen beste ontzi ta hospital guzietan agertu zuena.

        Eri gaisoekin bezain urrikaltia izandu zen beste behartsu guziekin S. Francisco Xavier. Itsasoz dabiltzanak irabanz andiak egin naiez galtzen dute askotan zutena ta gelditzen dira gabe ta behartsu, ta berak ill ta, edo bestetara joan ta, uzten dituzte beren itxeko gaisoak zer jan ez dutela ta beren animak eta honra galtzeko bidetan sartuak. Anitz erritan sartzen zen S. Francisco Xavier ta era onetako behartsu gaisoetatik arkitzen zituen nork daki zenbat, eta behartsu-urrikalgarrietarako zuen ongi-naiak eta urrikaltzak etzion uzten bideren batez oriei lagundu bage.

        Laguntzen zien zenbaiti kalez kale ta itxez itxe ibili ta limosnan biltzen zuenarekin. Laguntzen zien besteei Portugalkoei kartak egin ta andik bidaltzen zioten diruarekin ta gañerako guziei Indi berean zituen adiskide dirudunei behar zuen eskatzen ziela; baña etzien behartsu gaisoei emalleen diruz laguntzen emalle berak kaltear uzten zituela.

        Nola zen hau, diozu zuk? Santu berak andituz emallen dirua edo ondasuna. Zerbait eskatzen zuen aldian ematen zion batak berez eskatzen zion dirua; ematen zion besteak, ar zezan berak nai zuena, zituen diru guzien giltza; ta batari ta besteari milagroz anditzen zien beren diru-salla edo seguratzen zien itsasoz bidalzen zuten oialdia edo oialdiaren saltze ona; ta zeren limosnaz ematen zien S. Xavierren eskuz behartsu gaisoei zerbait diru, beren kutxan arkitzen zuten len zutena baño agitz geiago edo nai bezala saltzen zituzten bestela salduko etzituzten edo itsasoan galduko ziran oialdiak eta merkantzak. Orra zein andia emalle onekiko ta emalleen dirua artzen zuten behartsu berentzat S. Francisco Xavierren urrikaltza ta karidadea.

        Len zena ta len baño ere agitz urrikaltiagoa da gaur behartsu gaisoentzat eta emalle onendako S. Francisco Xavier, ta dutenak beraren izenean ematen badie behartsu gaisoei behar dutena, seguratuko dute len zutena ta andik edo emendik bilduko dute gañez zerbait, bai ta zerurako anitz laguntz ere, Kristo Jaunak esana dadukan bezala, ta behartsu gaisoei, ari oriek ongi eskatu ezkero, zuzenduko die nolerebait behar dutena. Jangoikoak diola bakoitzari bere lan hau behar bezala egiteko grazia: bai arren, bai.

 

aurrekoa hurrengoa