www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Franzisko Xabierren bederatziurrena
Sebastian Mendiburu
1769, 1982

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Mendibururen idazlan argitaragabeak, Sebastian Mendiburu (Patxi Altunaren edizioa). Euskaltzaindia, 1982

 

aurrekoa hurrengoa

Zazpigarren eguneko irakur-aldia

 

Gaia: Animen ona da S. Francisco Xavierrek bere milagroz billatzen duena

 

Signa autem eos, qui crediderint, haec sequentur. Marc. 16

 

        Jangoikoak Apostolu Jaunak munduan banatu zituenean banatu ta bidaldu zituen milagroz beteak edo milagro ta milagro egiteko nai adiña esku ematen ziela. Zertako uste dezu? Beren jan-edana ta soñerako beharko zutena irabazteko? Ez, bada; beste bidez hau billatzen zuten oriek. Zertako, bada? Beren egiteko andia obeki egiteko ta munduko guziei agertu behar ziezten Ebanjeli santuko egi andiak siñist-erazteko ta zerurako baziran artu beharko zuten birtutezko bide latza ar-erazteko, ta onetako behar-zuten Apostolu Jaunak, dio S. Tomasek, milagroen laguntza, ta behar zuten, dio Doktore S. Gregoriok, aurrak esnea ta mintegitik mendira ta sagardira aldatzen diran landare berriak ura bezala; bada urik ez duen landare arbol-gai berriak ez du lurrik artuko ta esnerik bage ez da aur jaio berria aziko; ez eta, dio Dokotore santuak, milagrorik bage jentil itsu gaistatuaren animan zeruko sinistantzik eta birtuterik ere sartuko: miraculis erat nutrienda (Hom. 29 in Evang.).

        Indian len S. Francisco Xavierrek egiten zituen milagroetatik anitz izandu ziran ango jentil itsuei ta Mahomaren legeko gizon gaisoei gure lege santa ta lege santak agertzen duen bidea ar-erazteko. Gaur ere jenda-giro beretatik dira ango geienak eta geroz an egin dituen milagroak ere alde berera zuzenduak izaten dira, ta an ta emen ta munduko beste bazter guzietan egiten dituenak munduko beren ona ta zerua billatzen dutenak dira; bada guziak egiten ditu Jangoikoaganako ongi-naia ta amorea ekusten ta ikasten dituzten guzien bihotzean sar-erazi naiez, edo ekusten ta ikasten dituztenak gaistoak badira on-erazteko, ta onak diran aldian onduagoak edo obetuak uzteko.

        Anitz aldetarakoak dira Santuak eskatu ta Jangoikoak egiten dituen milagroak, eta ematen diegu guk Santu bakoitzaren milagroen izena, bakoitzak eskatuz edo bakoitzaz bere aldian baliatzen dela Jangoiko berak egiten dituenei; bada bakar bakarrik Jangoikoa da milagroak berez egin ditzakena: qui facit mirabilia solus (Ps. 135,4). Santuen gis onetako milagroak, bada, dira illak biztea, iltzen daudenak edo agitz eri ta indar gutirekin arkitzen diranak bat-batean sendatu ta sendor uztea, besorik edo oñik bage arkitzen dena besodun edo oindun uztea, ta batek berez edo lurreko laguntzekin ezin dagiken edozein beste gauz egitea.

        Jangoikoak, bada, ta Jangoikoaren Santu guziak beren milagroz billatzen dutena da Jangoiko beraren honra ta gure ona, bai ta milagro berak eriari osasuna ta behartsuari ondasuna emateko egiñak diran aldian ere; bada gañez bezala ematen diran gauzak dira emengo gauzak eta gure animen ona ta Jangoikoaren honra da Santu guziak berez ta beren milagroz billatzen dutena ta onetarako ez diran gauzak eskatu ere behar ez diran gauzak dira; bada gauz onerako ez diran gauzak eskatzea, bere lepoa ebakitzeko den kanibeta batek eskatzea bezala da. Eta diogun onerako dela, nai bazenu ere, ezin uka dezakezun gauza da orain adituko dezun gizon batekin S. Francisco Xavierrek bein ta birretan ta irur aldiz egiña.

        Francisco Fernandez zeritzan bat zen zori oneko gizon hau. Zori gaistoko ibill makur askotan sarturik zebillen gizona zen gizon hau, S. Francisco Xavierrek agertuz, mehatxuz ta ekusiko dezun adiña bidez on-erazi zuen arte guzian; bada arteraño besteren andre batekin aragi gaistoak eragiten dituen zikinkeri loi galduetan ta sekulako su-gai itsusi arrigarritan ibilli zen gizon hau; ta ibilli zen itxeko guzien isilka, gabaz, illunbean ta anitz diru ez ezik, gorputzak eskatzen duen loa ere galtzen zuela.

        Gis onetan gau guzia galdu ta itxera itzultzen zen goiz batez sartu zen Elizan ta urbildu zen, oi zuen eran, S. Francisco Xavierren aldarera, Santuari zerbait otoitz egitera. Loak garaitu ta laster utzi zuen bere otoitza. Bere esku bietan aurpegia ezarri ta urbildu zuen burua paretara ta bertan gelditu zen loak artua.

        Loak artu horduko, ekusi zuen aldaretik jaitsi ta beraren billan zetorrela S. Francisco Xavier ta aren aldera zeneko, esaten ziola: «Non zabiltza, Fernandez, ta zer egiteko da zere esku-tartean dakartzun galgarria? Noiz utzi uste dezu dakartzun bide makurra? Begiratzen diozun baño geiago ez diozu begiratu behar Jangoikoari zor diozun amoreari ta zori tristeko andre ezkondu aren honrari? Zokora tiratzen den tresna tzarra edo zer da zure anima? Bada zere gorputz gaistoari atsegin loi lotsagarri bat egiteagatik uzten diozu beretzat deabru amurratuari, ta deabru, sekulako neke tormentuz urratzen ta lertzen iduki nai zaituenari? Begira: zentzatzen ezpazara, itsutzen zaituen andre gaistoa zuretzat izanen da sulezeko zure etsairik andiena ta sierpe ta dragoi geienik ozkatuko ta atzaparkatuko ta amur-eraziko zaituena. Zere animari zor diozun ongi-naiagatik, bada, Fernandez, ta izandu didazun debozio piskagatik, bide galgarri orretan ez berriz oñik sartu ta dadukazun baño geiago ez, arren, Jangoikoa aserretu».

        Hau ari esan ta igan zen S. Francisco Xavier bere aldarera ta iratzarri zen Fernandez, ta iratzarri negarrez urtua, ta S. Francisco Xavierri anbat egiteko eman ziolako damuz betea ta naigabe berrirako biderik ari eman baño len bizia galduko zuela esaten zuela. Horduko aren asmo onak eta bihotzeko tristantzak iraundu zuten zenbait horduz, baña ez egun oso bat ere; ain andia zen aragiaren atsegintz loietarako arturik zedukan makurza ta atsegintz beren keak ematen zion itsumen-lilurantza, ta goizetik arratserañokoa izandu zen, ta luzeago ez, Fernandezen urrikanz guzia.

        Eguna illuntzen asi ta asi zen Fernandez hordurañoko arratsetan egiten zuena gogoan erabiltzen ta bere erabiltz onek berotu zion, oi zuen gisan, atsegintzetarako grin gaistoa, ta hau berotuz bezala, oztuz ta galduz joan zen S. Francisco Xavierri goiz artan eman zion hitza, ta berak nai bezala asi zen bere gogo gaistoari esaten: Erakeria ta ametsa egun goizean nik izandu dudana. Aurrak dira ta atso buru txarrezkoak ametsen bidez gauzak egiten dituztenak. Alde bat, bada, ametsak eta goazen genbiltzan bidez nere begira egonen den andre aren itxera; ta hau esan ta artzen du arako bidea ta arrats artan izaten da lenagokoetan bezain gaistoa.

        Urrengo goizean andik atera ta sartzen da bidenabar leneko goizeko gisan S. Francisco Xavierren Elizan ta urbiltzen da Santu beraren aldarera, horduan ere an otoitz egitera. Sartu zen Elizan, otoitz labur bat an egin ta bereala itxerako bidea artzeko asmoan ta an egondu zen artean ere egin zuen alegiña begiak ongi zabalduak eta lotara bage iduki naiez. Baña alere Santuak nai ta, bat batean gelditu zen lo ta bere aldaretik jaitsi ta beragana zen bigarren aldian S. Francisco Xavier.

        Nola uste dezu? Bakez ta hitz mee zenbait, leneko aldian bezala, ari esatera? Ez, baizik bekaitz arrigarri bat erakusten ziola, nork daki zenbat mehatxu egitera ta agitz gogorki ari esatera: «Ez dezu alkerik emen atzo eman zenuen hitza autsi ta nere aldare onetara urbiltzeko? Gezurti gaisto, ezkontzen zikingarri, gizon loi bekatuz galdua! etzen aski nik bein zuri esatea, etzindezela bart izandu zaran itxera berriz itzuli, sekulan ara zu ez itzultzeko? Zeren billan zabiltza zu an? Nai dezu gaur, bigar edo urrengo arratsen batez tiro bat dizuten zure gorputz gaistoa obira ta lenbaitlen anima loi zikiña sulezera ta deabru gogorren atzaparera bot-aurtikitzeko ta betiko neketan an ondaturik uzteko? Lotsarik ez dezun eskerbagea! berriz aratzen bazara...».

        Hau esan ta igan zen S. Francisco Xavier bere aldarera ta iratzarri ta esnatu zen gisatzar zikin lotsabagea; ta esnatu ta iratzarri zen, zen guzia arrit-ikaratua ta alkez begirik aldarera ezin goratu zuela; ta an bertan S. Francisco Xavierrek egiteko gaistoren bat egin zezan beldurrez betea, joan zen andik igesi bere itxera ta gau ta egun ibilli zen ill betez S. Francisco Xavieren beldur andiarekin ta andre gaistoaren itxera urbiltzen ere etzela.

        Baña orra zer den aztur gaistoa ta aragi galduaren atsegintz zikiñen oikura bezain oikur kutsaria. Egunak eta hasteak joan ta epeldu zen S. Francisco Xavierren hitz mehatxariak Fernandez bekatariari sartu zion beldurra. Denbor berean anditu zen aren atsegintz debekaturako su ta grin gaistoa, ta bere su-grin gaistoak burura bidaltzen zion lañoarekin asi zen itsutzen ta esaten: «Lenbiziko ametsa bezain amets eroa izandu da S. Francisco Xavierren aldar aldean azkenik nik izandua ta orain ere banoake», zion, «leneko andre beraren itxera; baña egin behar dudana da S. Francisco Xavierren Elizan oñik berriz ez sartzea, etor ez dakidan lenekoak bezalako amets izugarri txarren bat». Eta hau baño gaistoagoa zen gauza ere egin zuen Fernandez bekatariak, eta hau zen S. Francisco Xavierri zion debozio piska ta egiten zion zerbait errezo uztea ta epaliz baño geiago artzaz ez oroitzeko asmoa artzea.

        Bere asmo galgarri hau artu ta artzen du bere atsegintz loietarako bidea ta urrengo arratsetan ere badabill bide galgarri berez ta S. Francisco Xavierren igeska ta gordeka, uste etzuen bidez Jangoikoak hura billatzera behartu zuen artean. Ara nola.

        Bere ibiller gaistoen artean eldu zitzaion Fernandezi burutik oñeraño humore lodi gordin oñazez betetzen zuen bat. Humore hau sartu zitzaion ezurren bill-tegi ta juntur guzietan, bai ta zituen gorputzeko zainetan ere, ta ez eskurik eta ez oñik eta ez heri-behatzik igi zezaken oñazez lertzeko tranzeren bat ekusi bage. Gaztea zen oraindik Fernandez ta ondasunduna, ta beregandik bere gaitza kendu naiez, barber-tan, medikutan ta sendagaitan gastatzen zuen kupide bage; baña eriarentzat etziran deusetako barber-medikuen alegiñak eta sendagai guzien indarrak, eta guzien ondoan gelditu zen iltzeko tranzean ta Elizako gauzak artu behar zituelako berriarekin.

        Berri hau aditu ta oroitu zen S. Francisco Xavierrez ta damuz beterik ez egiñaz bein ta berriz bere amets onetan ark adirazia, asi zitzaion bihotzez esaten: Ah nere Santu maitagarria! Egin banu nik nere onerako Elizan zuk esaten zenidana, gaur ez nintzan gorputzez ta animaz arkituko arkitzen nazan eran ta gisa urrikalgarri onetan! Orra zertara nauten nere atsegintz zikiñak! Obira doa lasterka ta oñazez beterik nere gorputz bekatuz nik len agitz loitua, ta nere bekatu berak gatik agitz beldur naz onda dakidan betiko sulezean nere anima. Zori gaistoan jaioa ni nere anim hau bein ara ezkero! Ez dizut orain eskatzen gorputzaren osasuna ta nere oñazeen arintza; eskatzen dudana da nere bekatu zikiñen barkanza, ta hau da zuk, S. Francisco Xavier, gaur niri erditsi behar didazun gauza, izan ez nadin zure debozioko Doktore santu S. Geronymok sulezean arkitu zituen anitzen laguna; bada dio aratzen diran eunetatik larogei ta amar ta geiago aragiaren zikinkeriak gatik aratzen dirala.

        Eriak hau esan horduko, agertu zitzaion irugarren aldian S. Francisco Xavier ta galdetu zion: «Ezagutzen nazu? Eta ematen badizut eskatzen ez didazun osasuna ere, onduko zara zere bizi guzirako? Eta oraindañoko bide makurrak utzi ta artuko dezu fededun on batek artu behar duen bizitza edo ongi ta maiz konfesatzea, baruz ta nekez zere gorputz gaistoa eskuratzea, al dezun ona behartsu gaisoei egitea, bide gaistotan oñik ez sartzea ta Jangoikoaren legeak eskatzen duen beste guzia?». Baietz ta baietz juramentaturik eriak esan ta S. Francisco Xavierrek bere bedeikanza eman ta utzi zuen anima ta gorputz sendatua, ta geroz ill artean bizitu zen Francisco Fernandez garbiro ta santuki. Orra Santuak beren milagroz billatzen dutena: billatzen dituztenak animan ondurik edo obetuak uztea. Eska zagozu S. Francisco Xavierri dagiela aldi onetan milagro hau zurekin ere: bai arren, bai.

 

aurrekoa hurrengoa