www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Franzisko Xabierren bederatziurrena
Sebastian Mendiburu
1769, 1982

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Mendibururen idazlan argitaragabeak, Sebastian Mendiburu (Patxi Altunaren edizioa). Euskaltzaindia, 1982

 

aurrekoa hurrengoa

Lenbiziko eguneko irakur-aldia

 

Gaia: Andia da edozen idor-ekori lagunzeko S. Francisco Xavierren eskua

 

Mirabilis Deus in sanctis suis. Ps. 67,36

 

        S. Francisco Xavierren eskutik artu duten on bakoitzaren señalea utzi balute guziak, aren aldar bazterrak arkituko lirake gaur milagro señal andiz ongi beteak. Ekuskizun txarmari ederrak dira, dio Salmari onak, bide batez eta bestez bere Santu andiei Jangoikoak eragin diez(ten) gauzak eta guzien artean artako bezala berezi dituen Santu zenbaitenak. Aditu ta ekusi dugunaz Santu gauz andi-gille ta milagrari orietatik da mundu guziaren ta berezki euskaldun onen honrari S. Francisco Xavier; alakoak, ain andiak eta anbat dira Jangoiko maitagarriak munduko bazter guzietan eragin diozkan gauzak.

        Hau egia dela zuk aisa siñistuko dezu idorreko bi bazterretan egin dituenak aditu ezkero. Bestetan ill bazen ere, Indiko Goa deritzan erri batean arkitzen da S. Francisco Xavierren gorputza. Erri onetan bada Obispoa ta Obispoaren Probisor jaunak jakin nai izandu zuen zenbat ziran an bertan ta ango Obispaduko errietan S. Francisco Xavierrek egin zituen milagroak, bai ta zer milagro zen milagro bakoitza ere, ta laster arkitu zituen zortzi eun urte gutiren buruan Santu onek an egiñak, eta arkitu zuen Juezak bezala ekusi zituen zorz eunak etzirala denbor labur berean Santuak an egin zituenen laurdenak ere, ta guzien kontua zuzentzeaz etsirik, utzi zuen bukatu bage bere egiteko ta lan luze hau.

        Bada Goako milagro berak onenbat badira, Pesquerikoak, Malabarren artekoak, Malakakoak, Cochinchinakoak, Japongo erreinu andietakoak, Mairuaren islakoak eta Santu bera ibilli zen an bertako beste isletakoak, erreinuetakoak eta bazterretakoak zenbat ote dira? Ez da erraz hau guk adiraztea. S. Francisco Xavier ill ezkero ango bazter zenbaitetan sartu dira danesak. Danesen predikari herejeak onez ezin eramanez beren sermoietara S. Francisco Xavierrek Pesquerian bataiatu zituenen humeak, soldaduz beldurtu ta eraman zituzten zenbait aldiz beren elizara; baña aratzen ziran inditarrak arrizko gizonak balira baño geiago jasotzen etzuten herejeen hitz bakar bat ere.

        Hau ekusi ta predikar herejeak esan zien bein inditar bere adilei: «Zergatik siñisten ez dezue nik esaten dudana?». «Zeren zuk egiten ez dezun Jangoikoaren legea emen erakutsi zuen S. Francisco Xavierrek egiten zuena», eranzun zioten Pesqueriko inditarrak. «Zer ez?», esan zien inditarrei danes predikariak. «Milagrorik ez», eranzun zioten predikari herejeari inditarrak; «eta ori», esan zioten oni zitxekola, «leneko gure predikari S. Francisco Xavierrek milagroz ta milagroz agerzen zigun behar bezalakoa ta zuzena zela erakusten zigun guzia. Ark ez bezalako gauzak erakusten dituzu zuk, baña erakusten dezunaren alde ez dezu oraindik milagro bat ere egin. Egizkitzu, bada, bein ark adiña milagro ta ekusiko dugu zuk diozuna artzeko utzi behar dugun edo ez S. Francisco Xavierrek emen erakutsia; baña milagrorik egiten ezpadezu, zure hitzik ezpaliz baño geiago ez dugu siñistuko».

        Zenbat eta zenbat milagro, bada, S. Francisco Xavierrek gure lege santa erakutsi zuen inditarren eun erreinu ta geiagotan egin ote zituen, milagroka gauzak erakusten zituenak bezala? Nork hau adirazi? Guk dakiguna da S. Francisco Xavierrek bere eskuz bataiatu zituela milletan milla ta berreun mil jentil, ta etzituen bataiatu beragandik legeko misteri andiak ikasi zituztenen laurdenen laurdenak ere. Eta Indi beretan dabiltzan misionistak gaztigatzen dutenaz, S. Francisco Xavierrek an len milagroak eta milagrok zeriozkala erakutsi zuen lege santa orain ere milagro berriz ta berriz zutik daduka, edo geroztik ere lege santa berak eskatzen dituen guziak egiten ta egiten hari da. Ekus zazu, bada, zenbat eta zenbat diran len ta gero an S. Francisco Xavierrek egin dituen gauz andi ta milagro txarmagarriak.

        Indian izandu zena da munduko beste bazter guzietan ere S. Francisco Xavier ta bazter guzietan da an bezain milagraria. Calabriko erri txiki Potamon egin dituenak berak bete dute milagroz libru bat eta denbor ez luzean Juezak an bildu zituztenak badira berreun ta berrogei ta bi, ta beste errietan, probinzietan ta mundu guziko erreinu andietan egin dituenak bildu ezkero, balirake libruak eunka betetzeko diña.

        Anitz gisakoak izandu dira S. Francisco Xavierrek an ta emen egin dituen milagro ta gauz andiak eta guziak izandu dira eskatzen zituen beharrari zegozkanak. Hau zuk ekusteko agertuko dut orain bat edo beste. Zerbait ondasun zeraman soldadu bat utzi zuten bage itsas lapurrak eta zuenarekin batean bizia galtzeko beldurrez ontzitik itsasora saltatu ta igerian itsas bazterreta zen ta al zuen bidez bere burua estali ta asi zen eskean, ta eskean zebillela besteen artean arkitu zuen S. Francisco Xavier aldi artan an predikatzen zebillena ta Jangoikoaren izenean eskatu zion zerbait.

        Urrikariz eskua bere sorbaldan ezarri ta, Ez dut korradu bat ere, eranzun zion S. Francisco Xavierrek, eta begiak gero zerura jiratu, otoitz zerbait egin ta esan zion behartsu gaisoari: Jangoiko berak dizula oraingo zure beharrak eskatzen duena. Santuaren aotik hau aditu ta agur humil bat ari egin ta artu zuen soldadu behartsuak bere bidea bestetan billatzeko an arkitu etzuena, ta etzen luzaro egondu arkitu bage; bada aren ondotik kendu ta laster ots egin zion S. Francisco Xavierrek, eta hura aren aldetik kendu ezkero, Santuaren sakelan egin edo utzi zituen Jangoikoak munduan egiten ziranak ez bezalako diru zenbait, eta an eskua sartu ta atera zituen urrezko ta zillarrezko berrogei ta amar ta eman ziozkan soldadu behartsuari esaten ziola: «Orra Jangoikoak bidaltzen dizun limosna; on dagizula; baña begira, nondik dezun ez esan mundukori bein ere».

        Baña soldaduak hura artu ta bere pozarekin lasterkari eman ta asi zen ojuka esaten: «Milagroa, milagroa!»; ta hau ziola bazebillen pozez batetik bestera. «Zer milagro da, gizona?», galdetu zioten aditzen zutenak, «gaur zuk banatzen dezuna?». «Orain nerekin A. Francisco Xavierrek egin duen bat». «Zer egin du zurekin Santuak, gizona?» «Orra», erantzun zien, «nere beharra estaltzeko eman dit gizonek oraindik ekusi ez duen diru sall hau»; ta agertu zien diru guzia. Diru berria ekusi ta an arkitzen ziran merkatari ta dirutan zekiten beste guziak esan zuten etzela munduan gis artako dirurik, ez eta diru ark bezain urre ta zillar ona zuenik ere, ta hura berak debozioz artu ta eman zioten zebillen dirutik beste anbat eta anitz geiago ta soldadu behartsuarentzat anditu zen S. Francisco Xavierren limos-milagroa.

        Milagrozko diruarekin atera zuen aldi onetan S. Francisco Xavierrek soldadu hau bere gabentz eta behar anditik eta beste batez besteren diruz estali zuen beste baten beharra ta gabentza; baña diru emalleak eman zion ta zuen diru guzia baño geiago balio zuen zeruko berri on bat ordañez ematen ziola. Jangoikoa galtzeko bidetan arkitzen zen neskatx batena zen aldi onetan S. Francisco Xavierrek estali zuen beharra ta bere adiskide andi Pedro Belloren diruz estali zuen ark onen behar hau.

        Bazekien S. Francisco Xavierrek zein andia zen Pedro Belloren urrikaltza ta aldi onetan argana joan ta eskatu zion egin oi zituen lanetatik baterako diru zati on bat, baña zenbatekorik agertu bage. Bere adiskide baten itxean ta kartak eskuan zituela arkitzen zen aldi artan Pedro Bello ta diruaren kutxako giltza atera ta hura eskura eman ta esan zion S. Francisco Xavierri joan ta ar zezala nai zuen guzia, ta gelditu zen bera jokatzen len bezala.

        Bere giltzarekin joan ta artu zituen S. Francisco Xavierrek irur-eun dukat, zeren oriek ziran aldi artako neskatxaren beharrak eskatzen zituenak, eta bere giltza itzul-biurtu zionean, esan zion Pedro Bellori zenbat zen artu zuena; ta hau adituta ta «Zer?», esan zion Pedro Bellok, «miseri ori baizik ez? Kutxan bazeuden ogei ta amar milla dukat bezala ta giltza eman nizunean, erdiak bazen ere artuko zenituela uste nuen. Urrengo aldian laburtasun orrelakotan ez da nerekin zer ibilli».

        «Esker milla, Pedro Bello», esan zion S. Francisco Xavierrek; «aldi onetan ez nituen irur-eun baizik behar ta irur-eunak ere irur edo amabost milla eman bazenizkit adiña estimatzen ditut; eta artu ditudan irur-eunena ez ezik, eman nai zenizkidan amabost millen saria ere egunen batez zuk Jangoikoaren eskutik zeruan artuko dezu; ta bertatik nik ematen dizudana da geroko berri on bat; eta ematen dizudan berria da bere zerurako Jangoikoak zaduzkan zori oneko gizona zarala ta ill baño len Jangoiko berak agerturik jakiñen dezula zere ill denbora, ill zaitezen zerurako dagon doatsuari dagokan gisan ta zere neurri guziak ongi artu ta behar den eran ta gisan zere gauz guziak prestatzen dituzula».

        Indiko ondasun guziak ekarri baliozka baño poz eta atsegintz andiagorekin artu zuen Pedro Bellok S. Francisco Xavierren zeruko berri hau, ta len ona bazen, zen bezala, hordu artatik asi zen agitz obetzen, aldi artaraño baño gauz on geiago ta agitz obe egiten, ta zituen ondasunak behartsu gaisoen artean ta beste gauz on askotan banatzen. Sosegantz andiak ta zerurako gauzak prestatzen hari zen gizona bezala bizitu zen anitz urtez, ta zartu ta gero, izandu zuen Jangoikoagandik bere ill egunaren berria.

        Berri on onen eskerrak Jangoikoari eman ta zuzendu zituen itxeko bere gauzak eta bere ill-ortzirako ta ill-ondoko mezetarako behar zuena berezi-gelditu ta beste guzia zuzendu zuen Elizetara ta behartsu gaisoen eskura ta asi zen itxez itxe bere adiskide guziei azken adio esaten. Burutik irauzia zebillelako goganber-sospetxan sartu ziranak fit aski ta laster akordura ziran; bada ekusi zuten len bein ere baño akordu obean egiten zituela bere gauza guziak. Azkeneko bere egunetan etzuen konfesi-komunio, mez-entzute ta gauz onak eta onak egitea baizik egiten; ta zekien eguna etorri zenean, joan zen bere aide ta ezagun guziekin Elizara, eskatu zuen kanta zezatela illen meza. Hau asitzean etzin zen gorputz illak egoten ziran mai gañean, oial beltz bat gañetik zuela. Mez-azkeneko Requiescat in pace aditu ta kendu zioten gañeko oiala ta arkitu zuten illa.

        Orra zer zen S. Francisco Xavier bizi zen aldian ere; orra zein eskerduna, orra zein milagraria idorrean bizi ziranekin. Horduan zena da orain ere ta bazoazke argana Jangoikoagandik behar dezuna erditsiko dizulako uste osoan. Baña zoaz, Pedro Bellok bezala bizitz on batekin eriotz on bat erdisteko asmoan. Bai arren, bai.

 

aurrekoa hurrengoa