www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Franzisko Xabierren bederatziurrena
Sebastian Mendiburu
1769, 1982

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Mendibururen idazlan argitaragabeak, Sebastian Mendiburu (Patxi Altunaren edizioa). Euskaltzaindia, 1982

 

aurrekoa hurrengoa

Bigarren eguneko irakur-aldia

 

Gaia: Andia da itsasoz dabiltzanei ongi egiteko S. Francisco Xavierrek duen eskua

 

Mirabiles elationes maris. Ps. 68

 

        Idorrean bizi diranak bizi dira anitz etsaien erdian, bada badira idorrean lapur gaistoak, badira suge izurdunak, badira artz-otsoak, badira dragoi itsusi, zakur amurratu, pozoi-belen, gos-egarri, egur-aldi agor ta bazterrak galtzen dituzten ubelde, arri, aize ta elementak, bai ta gizonari gaitz egiteko diran beste gauz anitz asko ere, ta gizonen baitan zenbait aldiz beintzat ez da arkitzen orrenbat gaitz-gai garaitzeko diña indar ta esku, ta garaituko badira, behar izaten da zerukoren baten laguntza.

        Laguntz beraren beharrean arkitzen dira, eta gutitan ez, itsasoz dabiltzan mariñel ta beste zenbait ere; bada aizea ta itsasoa agitz aserretu ezkero, laster ta fite edo anitz luzatu bage palakatzen ezpadira, ez da len edo gero ango olast-mendiperen batean lertzen ta ondatzen ez den ontzirik, eta ontzia lertu ta ondatu ezkero, ondatu-galduak dira ontziko mariñelak eta beste guziak.

        Aldi orietan ez ezik, aizerik ez dabillen aldian, ontzi-lema galtzen den aldian, ontzi gañeko zurak aizeak autsi ta eramaten dituen aldian, daramaten jan-edana aitzen den aldian ta era bereko beste aldi zenbaitez arkitzen dira ontziko gaisoak eriotz izugarriaren atzapar gogorrean, ta bazter guzietara begiak jiratuagatik, ura ta ura ta zerua baizik ekusten ez dutela, ta zerutik ezpada, laguntzarik uste ez dutela.

        Idorreko behartsu-gaisoentzat, ekusi dugun bezain laguntzalle ona da S. Francisco Xavier, ta itsasokoentzat ez da bat ere laburragoa; bada bera ere itsasoz anitz aldi txar ekusia da, ta zeruko Santu guziak berak len izandu zituzten nekeetan ekusten dituztenei, artara ezkero, laguntzen die gogo osoz ta guztiz ederki; ta emen bizi zenetik eta itsasoz bera zebillen alditik oitua dago S. Francisco Xavier milagrozko bere lan hau itsastar behartsu gaisoen alde egitera. Adi zazu ezperen.

        Arkitzen zen bein S. Francisco Xavier Chin aldera zijoan ontzi gizonez betean. Ur gañean ta urez ingurutua ibilliagatik ontzia, ura da ontziko gaisoak itsasorakoan lenenik billatzen duten ta kontuzena ontzian gordetzen duten gauza, zeren gazia den ta edateko ez ona itsas-ura ta itsas bazterrera bage aitzen bada ontzian daramaten ur geza, egarriz iltzen diran ontziz dabiltzanak. Galerak eta gabarrak eta txalupak eta itsas-ontzi txikiak bagabilzke arraunez batetik bestera itsasoan aizerik ez ibilliagatik; baña itsas-egoz ta mast-oialez, txoria egoz bezala, dabiltzan ontzi andiak ez. Andietatik zen ta Santa Crutz zeritzan batl aldi onetan S. Francisco Xavierrek eta arekin zebiltzan itsastarrak zeramaten ontzia. Itsas erdian artu zuten ontzi hau kalm andiak edo aizerik bageko egunak eta egunak, eta anitz ur ontziko pip guzietan sartu bazuten ere, geiago ziran ontziko egardunak eta egunean bakoitzak guti edaten zuela ere, aitu zen guzia.

        Al zuten guzian iraundu zuten ontziko gaisoak beren egarriarekin, baña gañetik agitz erretzen zituen eguzkiak eta barrendik beren egarriak, eta milagroz ezpazen, ezin iraunen zutela ekusi zutenean, guziak elkar artu ta bat batean joan ziran S. Francisco Xavierrengana, ta ingurutu ta erdi negarrezko hitzekin asi ziran esaten: «Aita Santua, ura, ura: Aita Santua, egarriz itotzen gara, ura, ura».

        Ekusten zuena ekusi ta hau aditu horduko, «Ez, nere semeak, ez esaten die Santuak, ez du naiko Jangoikoak ur edangarri bagez emen zuek illak ekustea. Eskatu bakoitzak egiñaz damuturik bere bekatu guzien barkanza ta goazen, Jesusen Ama arteko arturik, urrikal dakigula berari eskatzera». Belaunikatzen da besteekin Santua ta esaten du Loretoko letania. Guziekin hau esan ta gelditzen da bera Jangoiko berari otoitz egiten. Baña agitz laburra izandu zen egin zion otoitza, zeren egardun gaisoak bazter guzietatik ots egiten zioten: «Ura laster, Aita Santua, ura, ura».

        Ojuka zeudenez urrikaldurik jaiki zen bere otoitza utzi ta S. Francisco Xavier, ta guzien erditik ots egiten dio ontzi berean ta besteen artean an arkitzen zen Mahomaren legeko gizon bati ta esaten dio: «Ekazkitzue zuk eta zure legeko emen arkitzen zarazten guziok ontziko ur-ontzi ta pipa guziak». Ustuak zeuden guziak eta laster aski atera zituzten ontzi gañera, ta «Ona, Aita», esan zioten, «ur ontzi guziak». «Bete zatzue, bada», esan zien S. Francisco Xavierrek, «itsas-ur gaziz guziak».

        Asi ziran bereala mairu legeko guziak ontzi bazterretik ura igan ta ur gaziz pipak betetzen. An arkitzen ziranetatik batek edo bestek bere egarriarekin artu zuen aoan zerbait ur, baña uraren gatztasunak mihia erre ta ura bota ta gelditu ziran artu zutelako damuarekin tuka ta listuka. Alik lasterrena bete zituzten mairu belzak pip eta ontzi guziak, eta «Orra, aita», esan zioten, «zuk esan bezala, ur gaziz beteak ontzi guziak».

        S. Francisco Xavierrek hau aditu horduko goratu zituen Jangoikoagana bihotza ta begiak, eta otoitz labur bat egin ta bere eskuz besoa luzatu ta ur-ontzi gañean egin zuen gurutze luze zabal bat, eta mairu berei ta ontziko beste guziei esan zien: «Orra nai adiña ur gez on; edan, bada, ta on dagizuela». Batak eta besteak asi ziran edaten lenbizian beren beldurrarekin, ta asi ta ura eztarrira horduko Jangoikoak daki zer pozarekin, ta nai adiña edan ondoan Aita santuari eskerrak eman ta esan zuten guziak beren bizian edan etzutela ur hura bezain otz-arin-emerik eta barren obea egin zienik.

        S. Francisco Xavierren milagro hau ekusi ta arritu bezala ziran ur artatik edan zuten mairu anitz eta berak eskatu ta milagrozko ur berarekin bataitu zituen Santuak eta gelditu ziran fededun egiñak eta animaz agitz zuri ederrak. Beren poz onekin arkitzen ziran denboran etorri zen aitzina joateko behar zuten aizea ta behar bezala beren mast-oialak zabaldu ta eraman zuten nai zuten toki ta errira beren ontzia. Ara ziranean, nai zutena bidean edan ta gelditu zen ura eraman zuten itxeetara, ta itxeetako eri ur hura edan zutenak gelditu ziran sendatu osasundunak. Eta orra itsasoko milagro bati zerraizkola zenbat milagro itsaso berean ta idorrean S. Francisco Xavierrek aldi onetan egiñak.

        Era berekoak eta hordutik hordura egiñak bezala izaten ziran S. Francisco Xavierren itsasoko ta idorreko milagroak. Idorrekoak utzi ta agertu nai dizkitzut itsasoko beste zar bi ta aurtengo bat. Itsas bazterrean zebillen batez ekusi zituen S. Francisco Xavierrek arrantzatik arrai bage zetozen arrantzale zenbait eta urrikaldurik bedeikatu ziezten, eskuz gurutze bat egin ta, uretik zekazten sare utsak, eta geroztik etzuten arrantzaleak sareen botaldirik egin arrai-aldi andirik egiten etzutela. Era berean ta bidenabar bezala egiten zituen S. Francisco Xavierrek anitz beste milagro. Hastizago bezala egiña da, ta ez bakarra, orain zuk adituko dezuna.

        Bere Aita S. Ignaciok Erromatik gaztigatu ta egiteko batez itzuli zen S. Francisco Xavier Japongo erreinu Bungotik Indi aldera ta sartu zen andik Chincheora zetorren Duarte ta Gamaren ontzi batean. Aize ta eguraldi onarekin atera zen Bungotik ontzia, baña bidean izandu zituen eguraldi ta aize agitz gaistoak. Agitz eta agitz aserretu zen bein aizea ta aizearekin batean itsaso guzia. Itsas-olastak, eta aize aserretuaren boladak, ego andiak emen luma bezala, zerabilten itsasoan gain-bera ta batetik bestera Duarteren ontzia. Ontzi-maisu ta mariñel guziak egiten zuten ontzia zutik eta ur gañean idukitzeko al zutena, baña orien al-indarrak baño agitz andiagoak ziran aize bortitzarenak eta onek asaldatuak zerabiltzan itsasoarenak. Ezpalitu bezala ziran ontziak zituen sokak, anastak eta mast-oialak. Urez erdi betea ta geiena ur berean ondatua zebillen ontzi guzia, baña urezko olast-mendi batek azpian artu ta ontzi guzia ondatzera zetorren aldian, esan zuen S. Francisco Xavierrek: «Nere animak maite zaituen Jesus, gure onerako gurutzean egin zitzkitzuten bost zulo izugarriak gatik lagun zakizkit aldi onetan», eta ark hau esate berean urratu ta joan zen ontzi bazterretara olast-mendia ta hordu berean zuzendu zen ontzia ta igan zen ur gañera.

        Ontziari loturik eta urean zebillen amasei gizonekin ontziko txalupa. Ontziko nagusiaren illoba zen amaseietatik bat. Soka batez lotu oi da urean dabillen aldian edozein ontzi txalupa, baña ekusirik aldi artako itsasoaren asarraldia, lotu zioten beste bigarrena, ta al-ere aizeak eta urak eta ontziak bi sokak autsi ta gelditu zen ontzitik urruti txalupa, ta bazebillen batetik bestera, itsas bagak eta olastak nai bezala; laster gorde zen ontziko guzien begitik eta ondatu zelako agitz naigabetua zebillen ontzi nagusia ta aren gisan arkitzen ziran ontziko beste guziak.

        Era onetan oriek S. Francisco Xavierrek ekusi ta, «Ez da zer kezkatu, gizonak», esaten die guziei, «txalupa ez da galdu, ez eta galduko ere; etorriko da ta etorriko txalupan diran gizon guziekin ta gure ontziko nagusiaren illobarekin». Ametsa zela uste zuten aditzen zutena ta, «Nola dabilke», zioten, «mast-oialekin ta aize onarekin ontzi hau adiña ta hau baño ere geiago, non arkitzen den ez dakigun, itsas zapirik ez dakarren ta laur arraun baizik ez dituen txalupa? Ekusi artean beintzat nik hau ez dut siñistuko», zion batak eta hau bera zioten beste guziak. Hau guzia aditzen zuen Santuak eta bere hitza sendortzen zuela, «Bai, gizonak», esaten die berriz, «bai, etorriko da batela batelko gizon guziekin, ta etorriko da, ekusiko dezuten bezala, datozen irur egune buruan».

        Santuak esan zuen egunen buruan ontziko gabian arkitzen zen ontzi mutil bat eta ontzian alakorik uste etzuten horduan, asi zen ojuka: «Milagro, milagro, ara non datorren gure batela». Eta ala zen; ta ontziko guziak alde artara begiak jiratu ta, ekusi zuten an zetorrela ta, bala bat baliz bezala, itsas bagak edo olastak urratuz ontziratzen zela txalupa. Ontzitik soka eman ta txalupa lotu ta ontzira igan ziranean, galdetu zien zein izandu zen txaluparen gobernari; ta behatz-heriz berezten zutela, «Orra», eranzun zuten, «Aita Santu hau», (hau zen bazter guzietan ematen zioten izena), «onek eskuz gurutz egin ta urratzen zituen itsas-olastak eta geldirazten zuen zetorren aizea». »Ez, gurekin emen egondu da beti Aita Santua», zioten ontziko guziak. «Bai ta gurekin ere txalupan», erantzuten zuten txalupakoak, eta guziak azkenean ezagutu zuten denbor batean txalupan ta ontzian ibilli zela guziei laguntzen Santua ta hau zela Jangoikoaren aldi artako irugarren milagroa.

        Españiko erregeren manuz Erromako Aita Santuaren errietara zijoazen aurten 1769garren urtean Jesusen Konpañiko berrogei ta amar bezala. Sartu ziran Genovan prestaturik arkitu zuten ontzi batean. Bidean artu zituen itsas-element arrigarriak, eta bidetik atera ta irur egunez erabilli zituen batetik bestera ezin gaizkiago, ta azkenean gelditu zen ontzia Duarteren ontzi S:Francisco Xavierrek milagroz zuzendua bezain era gaistoan; ta biziaz etsiak bezala arkitzen ziran ontziko guziak; eta Duarteren ontziko bere lagunak bezala milagroz atera zitzan, egin zioten boto S. Francisco Xavierri, eta tiratu zuten itsas aserretura Santu beraren estanpa. Estanpak ura ukitu horduko palakatu zen itsasoa, zuzendu ta arindu zen ontzia, ondu zen aizea ta ezbaida batean bezala eraman zituen beren ontziarekin billatzen zuten kaira edo portura, guziak arriturik gelditzen zirala; ta ontziko nagusiak eskerdun onak bezala artu zuen bertan S. Francisco Xavier bere ontziaren betiko patroitzat. Orra zer den itsastarrentzat ere S. Francisco Xavier. Balia dakiela beraz baliatzen diranei: bai arren, bai.

 

aurrekoa hurrengoa