www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Franzisko Xabierren bederatziurrena
Sebastian Mendiburu
1769, 1982

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Mendibururen idazlan argitaragabeak, Sebastian Mendiburu (Patxi Altunaren edizioa). Euskaltzaindia, 1982

 

aurrekoa hurrengoa

Bostgarren eguneko irakur-aldia

 

Gaia: Anitz eta andiak dira S. Francisco Xavierrek bere itzalez egiten dituen milagroak

 

Ut umbra illius... liberarentur ab infirmitatibus suis. Act. 5,15

 

        Indiko Goan gelditu zen S. Francisco Xavierren gorputz osoa. Andik gero eraman zen aren beso bata ta Erroman arkitzen da. Zenbait beste toki ta erritan badira Santu beraren zenbait kutsu ta reliki; baña munduko eun erritatik larogei ta amaseiak daude orrelakorik bage ta ez dutenak behar dute zerbait oroizgarri, S. Francisco Xavier billatu ta milagroz erdisteko behar duten hau edo hura; bada billatzen ta eskatzen ez duen gabeak izan ez oi du nai duenik.

        S. Pedrok emen bizi zenean sendatzen zituen eguzkiak eragiten zion bere itzalarekin ukitzen zituen eriak. Ill ezkero geldirik eta gordeak arkitzen dira S. Pedroren, S. Francisco Xavierren ta beste Santu ta Santen gorputzak, eta gutitan edo bein ere ekusten ez ditu eguzkiak, bizirik zebiltzan denboran bezala, zerbait itzalketa oriei ark eragiteko, ta beste itzal-giroz egin beharko dute itzalez zerbait egiteko; ta egiten ere dute, ta S. Francisco Xavierrek gutienik ez; bada egiten ditu, ta anitz, bere domiñuz edo medallez, bere estanpez ta beraren zurezko edo beste gaiezko aintzurez, ta oriek ere Santuen itzalak eta taisuak dira, gorputzari eguzkiak utz-erazten dion illuntza gorputz beraren aintzur ta taisu den bezala, ta gorputzaren itzal ta taisu hau baño taisu ta itzal egoki-obeak.

        Bere domiñuz edo medallez S. Francisco Xavierrek egin dituen milagroen artean ekustekoak dira Luci Vellenzana zeritzan inditar andre zar baten eskuan gelditu zen batez egiñak. Orain zuk adituko dituzunak arkitzen dira S. Francisco Xavier aldarera igan-erazteko egin ziran prozeso batean. Luci hau zartu ta eun ta ogei urte zituenean ere beste edozein ogei ta bostetan bezain indartsu ta bizkor arkitzen zen. Gazte zela erakutsi zion S. Francisco Xavierrek gure lege santa ta ongi bizitzeko jakin behar den guzia, ta len ta gero bere erakusle ta Apostolu maitagarriari bezala izandu zion ongi-nai agitz andia, ta erditsi zuenetik etzuen utzi aren aintzur ta itzal-medalla.

        Luciaren medall onekin S. Francisco Xavierrek egin zituen milagro anitz ekusi ta juramentu pean esaten du testigu batek: «Nik nere begiz ekusi ditut S. Francisco Xavierrek medall hau ukitu horduko gaitzik bage ta osasun osoan oñazez burua erdi bi egiña bezala zedukatenak, esku, beso edo oiñ ezin galduagoekin arkitzen ziranak, gorputza erdi usteldua ta aragi zati-puskak zeriozkala zedukatenak eta zañak, larrua ta ezurrak baizik etzutenak eta zutik zebiltzan aldian illak ziruditenak». Orra testigu onek juramentu pean esaten duena. Eta gis onetan arkitzen diranak bat-batean sendaturik gelditzea gorputzak berez ezin dagiken gauza ta Jangoikoaren milagroa da; orra, bada, zenbat milagro S. Francisco Xavierrek eskatuz ta beraren medall onek ukituz Jangoikoak egiñak edo, esan oi den bezala, orra zenbat milagro S. Francisco Xavierren medall onek egiñak, eta testigu-ekusleak bere juramentuz seguratzen dituenak.

        Aditu dituzunak baño andiagoak dira medall beraren bidez S. Francisco Xavierrek egin zituen beste zenbait. Ara nolakoak. Hordua baño len jaioa ta zazpikia zen Luci beraren erriko aur bat. Jaio zen aur hau biziaren antzik bage ta obira eramaten diran illak bezala. Bazekien aurraren amak S. Francisco Xavierren medallak egiten zituela gauz txarmagarri andiak eta medallaren jabe Luciari deitu ta eskatu zion biz zezan Santuak aren aur illa, Santu berari otoitz egin ta uki zezala bere medall milagrariarekin aur bera. Egin zuen Luciak aur illaren amak eskatu ziona ta medallak aurra ukitze berean gelditu zen biztu osasunduna aur horduraño illa edo illa zirudiena.

        Bularrean zedukan unide-aña batek besteren aur bizi bat eta berarekin andik onara zebillela edo hura besoan zuela beste lanen bat egin naiez, ustekabean lasaitu ta zabaldu zuen besoa ta besoko aurra andik atera ta erori ta gelditu zen erdi illa ta agitz urratua. Bere lan gaisto hau ekusi ta gelditu zen arritua ta zer egin etzekiela; bada munduko gauzagatik etzuken gis artan aur hura beraren ait-amen begietan agertu nai. Oroitu zen bera edo norbaitek esan ta ikasi zuen Luciak S. Francisco Xavierren medallarekin egin oi zuena, ta Santuari aurrarentzat osasuna eskatu ta billatu zuen Lucia ta esan zion Santuaren medallez uki zezala zekusan gisan arkitzen zen aur erdi illa. Aurraren gañean gurutze bat egin ta eman zion aur berari bere ezpañetara S. Francisco Xavierren medalla, ta medall hau aren ezpañetara horduko, gelditu zen aurra añ-iñudearen besotik erori baño len arkitzen zen bezain osoa ta osasun onekoa ta non-nai ager ziteken gisakoa.

        Lucia bizi zen errian ez ezik, Indiko beste erri geienetan ere banatu zen S. Francisco Xavierren medalla onek egiten zuena ta anitz erritatik eskatzen zuten ango eri, elbarri ta gaitzdun gaisoak; baña Luciak etzuen eskutik utzi nai bere medalla ta egiten zuena zen ur zati batean medall bera sartu ta bere medallarekin bera gelditu ta behardun gaisoetara ur hura igortzea; ta ura edanez edo artaz ur bedeikatuz bezala busti ta bertan sendatzen ziran, medall berak ukitzen zituenak bezala.

        Aita Santu Santutzat S. Francisco Xavier klaratu zuenak bere klarantz hau egiten duen Bula berean agerzen ditu S. Francisco Xavierren medalllaren urak era onetan egin zituen beste milagro bi. Arkitzen zen, dio Aita Santuak, alde aietako gizon bat elbarri, perlesidun ta itsu ta deus ere ekusten etzuela, ta arkitzen zen zegon tokitik ezin igi ziteken eran. Berak eskatzen zuela edo nolerebait ekarri zioten S. Francisco Xavierren ur hau ta bota zioten artatik zerbait, ur bedeikatua bezala, ta ur ark hura ukitu horduko, gelditu zen ekuste oso garbiarekin ta batetik bestera nolanai zebilken ta bere eskuz gauzak edozein sendok bezain osoki zegizken eran.

        Bestea da, dio Aita Santuak, irur-ogei urte ta geiago zituen ta anitz aldetatik eri ta gaizki arkitzen zen gizon bat, eta gizon egun oro ill behar zuela zirudiena. Gizon onek ere erditsi zuen S. Francisco Xavierren medallak ukitu zuen ura ta ur artatik tanta bat edan ta gelditu zen bere bizian eritasunik ekusi ezpalu bezala ta indarrean ta bere beste gauza guzietan gazte bat zirudiela. Orra nolakoak S. Francisco Xavierrek bere itzal-medallez ta itzal-medallak ukitzen duen urez ere egiten dituen gauzak eta milagro andiak.

        Era berekoak dira bere estanpez egiten dituenak ere. Orietatik da bigarren eguneko irakur-aldian agertu genuena edo S. Francisco Xavierrek Genovatik Itali aldera zebillen ontziko Konpañiko aitekin ta besteekin aurten estanpa bat itsaso aserretura bota ta egiña. Baña hau utzi ta adi zazu orain beste batekin Santu berak egiña ta len esan dugun prozesoan arkitzen dena.

        Bere afari, debozi ta beste gauzak egin ta etzin zen arrats batez alakorik gogoan etzuela ta loak arturik arkitzen zen Cocingo gizon Andres Gonzalez zeritzan bat eta gau erdiko lo andian sartu zeneko iratzarri zuten itx-atariko ots eta oju andi zenbaitek. Batetik bestera arazo andian zebiltzanen otsak ziran aditu zituenak eta otsen artetik ateratzen ziran ojuak zioten: «Sua, sua; ots laster, betor ura ta ura; sua, sua».

        Hau aditu ta lo-gurak galdu ta zena arriturik oatzea utzi ta atera zen leiora ta batera ta bestera begiratu ta ekusi zuen zena; ta ekusi zuena zen bere itxea alde batetik eta bestetik su egiña ta laster auts egiñik gelditzeko bidetan sartua; zen alabaña arez, karez ta arriz ez, baizik olez ta zurez egiña.

        Aldi artan zu an arkitu bazina, zer egiñen zenuela uste dezu? «Jauna», erantzunen dezu, «itxetik atera ta ekarri ta erakarri al nuen ura». Andres Gonzalezek ere hau bera egin zuela usteko dezu? Ez, bada; ark horduan egin zuena zen S. Francisco Xavierren bere gelako itzal, aintzur edo estanp-kuadro bat paretatik lenbaitlen kendu ta leio beretik urbiltzen zen suari agertu ta itxeko guziak erakarri ta bera lenenik eta gero beste guziak belaunikaturik, berak esan ta besteak erantzutea: «S. Francisco Xavier, laguntzen ezpadiguzu, galduak gara». Hau da aldi artan Andres Gonzalezek esana ta egiña. Eta aren aldera zetorren suak egiña? Len S. Francisco Xavierrekin su berak egin zuena.

        S. Francisco Xavier bezala Jangoikoaren gauzetan dabiltzan onak beren gañ izan oi dute sulezeko etsaia ta berak berez edo lurreko gaistoren batek laguntze diola egiten diezte al duten gaitz guzia eta bein alde bat eta bein beste egin ere ziozkan S. Francisco Xavierrei; bada Apostol Santo Thomasen Malipurko Elizan beintzat bere eskuz eman ziozkan tunda gaistoak eta itsasoan ta idorrean gizonen eskuz egiten zion zezaken gaitz guzia ta bein suz orain adituko dezuna.

        Idoloen apaiz txar eta jentil itsu gure lege santa artu nai etzutenak begi gordiñez begiratzen zien fededun egiten ziranei ta jentil arteko zeremonia loiak utzi ta gure legeko gauz onak egiten zituztenei, ta ezin ekusi zuten S. Francisco Xavierrek fededun aurrei eragiten ziena edo fededun aurrak jentilen jainko txarrak eta deabruaren itxur itsusi idoloak artu ta, jostatzen dabillen zakurrak zatar bat bezala, ostikoka erabiltzea, ta su andi bat egin ta guziak an erre ta auts egiñak uztea, ta alkekizun hau beren begietatik betiko kendu naiez ara bein egin zutena.

        Arkitu zuten S. Francisco Xavier egur igartuzko itxe txar edo hermit batean ta, «Hau bizi den artean ez dugu burutuko aur txar bataituekin ta erre dezagun an bere itxearekin» elkarri esan, ta joan ta eman zioten itxeari edo egurrezko itxolari saiets guzietatik su ta su. Erre zen laster itxe guzia ta Santua ere an erre zela uste zuten jentillak; baña egondu zen an Santua suaren argiarekin bere Eliz errezoa egiten ta atera zen gero surik ekusi ere ezpalu bezala ta udan itzalpe andi batetik ateratzen zena zirudiela.

        Era berean, bada, gelditu zen S. Francisco Xavierren estanp eta aintzur bere leioan Andres Gonzalez(ek) zedukana, itxea ingurutzen zuen suak ukitzen etzuela. Aldi artan egin zuen S. Francisco Xavierrek geiago ere; bada erretzen zeduzkan beste itxeak ere utzi zituen suak S. Francisco Xavierren itzal-imajinak arkitu zituen bezala ta geiago erre bage, ta gelditu zen illa ta bukatua su guzia.

        Horduan zena da geroztik S. Francisco Xavier ta bere estanpekin milagro andiak egiten dituena. Adi zazu anitz urte ez dela egin zuen bat. Gure aita Francisco Rabago Erroman ere Theologiko maisu, gero Gaztelan Probinzial ta azkenean Fernando seigarren gure erregeren konfesor izanduak al zuenean egiten zituen bere misioneak. Orietatik bat egiten zuen errian eskuetan artu zuen aur batek amaren orratz-ontzia, ta erabilliz idiki ta ezpañetara eraman ta zer egiten zuen etzekiela aizez tiratu ta sartu zituen eztarrian an zeuden orratz guziak, eta asi zen bereala negarrez ta eztulka, itorik laster gelditu behar zuena bezala. Bertan etzagutu zuen amak agitu zena. Aoa zabaldu ta begiratu zion eztarrira, baña etzen orratzik ageri, sartuak ziran guziak barrena. Bere aurra besoan artu ta joan zen aita misionistagana ta eskatu zion Santuren baten laguntza. S. Francisco Xavierrekin zuen onek bere debozioa ta Santuaren estanpantxo bat artu ta ukitu zion arekin aurrari eztarri orratzduna, ta estanpak hau ukitu horduko, eztultxo bat egin ta bota zituen aurrak orratz guziak eta gelditu zen alakorik ezpaliz bezala. Ar zazu, bada, Santu beraren debozioa ta medalla edo estanpa, ta balia dakizula zere behar aldietan: bai arren, bai.

 

aurrekoa hurrengoa