www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Franzisko Xabierren bederatziurrena
Sebastian Mendiburu
1769, 1982

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Mendibururen idazlan argitaragabeak, Sebastian Mendiburu (Patxi Altunaren edizioa). Euskaltzaindia, 1982

 

aurrekoa hurrengoa

Laugarren eguneko irakur-aldia

 

Gaia: Andia da gaistoak eskuratzeko S. Francisco Xavierrek duen eskua

 

Fecit potentiam in brachio suo. Luc. 1,51

 

        Sulezeko gaistoak ez dira emen bizi garanok ditugun etsai guziak; emen bertan ere izaten dira gizon etsaiak, bai ta Jangoikoari bere animak kentzen dabiltzan gizonak ere; ta andia da era bateko ta besteko etsaiak eskuratzeko ta eritasun gaistoak gal-erazteko S. Francisco Xavierrek izandu zuen ta duen eskua.

        Inditar gaisoei al zuen on guzia egitera joanik ibilli zen an S. Francisco Xavier azkeneko bere amar urteetan ta egin ere zien ezin esan-ala; ta egin zien animako gauzetan ez ezik, emen bertakoetan ere; bada ematen zien anitz eta anitz eriri osasuna, zenbait illi bizia, ta bizi zenbaiti bestela galdu behar zuten ondasuna, orain zuk ekusiko dezun bezala.

        Indian Jangoikoaren legera S. Francisco Xavierrek ekarri zituen erreinuetatik izandu zen Trabankor deritzan andi bat. Sulezeko deabru gaistoaren atzaparrean arkitu zuen S. Francisco Xavierrek erreinu hau; bada etzuen an arkitu fededun bat ere; guziak arkitu zituen jentilen itsumenez ta erakeriz beteak. Alere egiten zituen milagro andiekin ta zeruko erakustanz argitu ederrarekin ill-bete zenbaiten buruan bataitu ta fededun egiñak zeduzkan errege bera ta erreinutar geienak, eta bazter batean ta bestean egiñak arkitzen ziran Jangoikoaren berrogei ta bost Eliza, ta denbor berean urratu ta auts egiñak an bertan horduraño sulezeko deabruak eta deabruaren idolo txarrak izandu zituzten pagoda ta eliz guziak.

        S. Francisco Xavierrek lan andi hau eragozteko idolo beren apaizen eskuz ta beste anitz aldetara egin zuen deabru gaistoak ber alegiña; baña uts eta ustel atera zen aren al guzia, ta an bertakoen eskuz egin etzuena bestetakoen eskuz egin naiez, asaldatu zituen Trabankorko erreinuaren inguruan bizi ziranak. Trabankordarrak baño agitz geiago ziran oriek eta ziran gizon gerrarako egiñak, eta deabru gaistoak eman zien suarekin ta Trabankortar fededunei zuten guzia kendu naiez, armak artu ta ejerzitu izugarri bat egin ta artu zuten fededun gaisoetarako bidea.

        Trabankortar gaisoak etzuten alakorik uste ta prestaturik arkitzen etziran gerrarako, ta beren inguruko Badagak (hau zen Trabankortarren ingurukoen izena) armak arturik bertan zirala aditu zutenean, arrituen gisan gelditu ziran zer egin etzekitela. Alderena zutenak billatzen dute S. Francisco Xavier ta negarrez beteak esaten diote agitzen dena ta eskatzen diote bereetatik bat; «bada erregek bere erreinuko guziak bildu ta ejerzitu bat egin naiagatik, izanen ez dira», esaten diote, «Badagen laurdenak ere, ta dagiela erregek nai duena edo dagola geldirik, galduak gara errege bera ta erreinutar guziak, zuk gu perill onetatik milagroz ez ateratzera».

        Hitz egiten zioten Trabankortarrak bezain ongi ekusten zuen S. Francisco Xavierrek hau guzia, bai ta geiago ta geiago ere; bada ekusten zuen erreinuko lenbiziko erriak, ara ezkero, erreko zituztela gerrari Badagak, artuko zutela an bertan ta beste errietan arkitzen zutena, erreko edo urratuko zituztela Jangoikoaren an bertako Eliz guziak, eta azkenean Badagak andik atera ta bizirik gelditzen ziranak geldituko zirala ondasunik, jatekorik, itxerik eta Elizarik bage; ta errege gerrako zenbait biltzen asi zenean, belaunikatu ta otoitz egin ta Santo Kristo bat artu ta atera zen bakar bakarrik etsaien bidera.

        Zertara, uste dezu? Badag beren ta Trabankortarren arteko izatera ta Badagentzat zenbait diru ta ondasun Trabankortarrei aterako ziela Badagei esatera, edo gutienean Badag berei Jangoikoaren Elizik etzezatela uki eskatzera? Ez, bada. Zertara, bada? Berak bakarrik zetozen Badag guziak garaitu ta beren itxera igesi bidaltzera. Egin ere zuen ta. Nola uste dezu? Adi zazu.

        Bere boneta buruan, Santo Kristo bat eskuan gor-goitituan duela ta lei gogor peleara dijoan baten gisan anitz mill Badag armaturi ateratzen zaie bidera; ta ateratzen, azpirako dituela dakienaren oin arinarekin; ta agur bat ere egin bage ta gaizki dabiltzan mutillei nagusiak bezala begi zorrotzez begiratzen diela ta agitz gogorki mintzatzen zaiela, esaten die: «Begira, oin bat ere aitziñat igitzen badezue, ezpadezue nai Jaun onek dagien or bertan zuek illak uztea edo beste gauza zentzagarriren bat. Egin dezutenagatik ere irabazi dezute onelako zerbait ta hau zuek zeren buruan ekusi nai ezpadezue, ots, fite ta ber-bereala artu zeren itxerako bidea». Hau ta era bereko gauzak esaten zieztela, bazebillen biziro Santua ta bazijoan beti soldadu beretara, ta hura ala ekusi ta soldadu Badagak asi ziran, hura aurrer-aitziñat diña, gibelat igeska ta gis artan ibilli ziran Trabankorkoa utzi ta beren erreinuraño. Orra zer eskua Trabankorko bere Elizak, bere fededunak eta fededunen itxeak eta ondasunak gordetzeko S. Francisco Xavierrek aldi onetan agertu zuena.

        Bizi zenean ez ezik, ill ta ere S. Francisco Xavierren gorputzak izutzen ditu eritasunak eta gizon gaistoak eta ateratzen erioaren eta gaistoen atzaparretatik beraz baliatzen diran fededunak eta besteak, orain zuk ekusiko dezun bezala.

        Indiko bazterrak, Japongo erreinuak eta itsasoko islak fededunez bete ta milletan milla ta gañez beste berreun milla andi ta txiki bere eskuz bataitu ta Chinaco inperio andia ere Jangoikoarentzat irabazi ta fededun egiña utzi naiez, artu zuen S. Francisco Xavierrek arako bidea. Chinan sartzeko neurri onak artu artean gelditu zen Sanchon deritzan aren aldeko isla batean. Baña ark uste etzituenak ziran Jangoikoaren berarekiko neurri egokiak eta Chinako nekeetan sartzen utzi bage eraman zuen Sanchondik zerura. An ontzitik atera ta egin zioten etxol txar bat eta an egondu zen zenbait egunez eri Santua, ta egondu zen medikurik, barberik eta sendagairik bage ta azkenean ill zen Elizakorik ere nork eman etzuela, ta alere ill zen bizitu zen gisan ta agitz santuki, ta ill zen beraren ontziko mariñelak nork daki zenbat negar egiten zutela.

        Zituzten egitekoak an egin ta itxerakoan Santuaren ezurrak berekin eraman naiez, Eliz soñekoak gañean eman ta ortzitu zuten kaja batean, zen guzia kare biziz betetzen zutela. Bi ill ta erdiren buruan abian arkitzen zen Indirako S. Francisco Xavierren ontzia ta joan ziran beren ustez Santuaren ezur utsen eske; baña gañeko karea kendu ta arkitu zuten gorputza ill zen hordu berean bezain osoa ta biguña ta zeruko usai agitz eder bat zeriola, ta zegon bezala bere kajan artu ta eraman zuten ontzira ta ontzian Malakako errira.

        Malakako andi ta txiki guziak ikasi zutenean an zetorrela S. Francisco Xavierren gorputza prozesio bat egin ta joan ziran aren eske ta eraman zuten Santu berak eragin zuen Jesusen Konpañiko Elizara, ta beren maisu ta apostolu ta Santu andiari bezala zegozkan honrak egin ta eri bati an eman zion milagrozko osasuna ekusi ta zekarren kajatik atera ta lurtatu zuten Eliz berean, oa-buruko bat azpian ta oial txuri bat aurpegian ezartzen ziotela.

        Andik bost ill-betera ara zen Jesusen Konpañiko aita bat eta jakin naiez zer gisan arkitzen zen Santuaren gorputza, isillik Elizan sartu ta idiki zuen aren obia, ta arkitu zuen gorputza len bezain biguña ta ill zen horduan bezala, ta arkitu zituen beraren Eliz soñekoak egin ziranean bezain berriak eta gañeko oial zuria ta azpiko burukoa odol berriz beteak, eta odola zen gañeko kargak Santuaren buruari bot-erazi ziona.

        Izandu zuten erritarrak milagro onen berria ta kaja eder bat egin ta damaskoz estali ta ezarri zuten an Santuaren gorputza; ta zeren arkitzen ziran pozoi-izurrizko eritasunez beteak edo peste deitzen zaion gaitzez galduak, eskatu zioten Santuari beraren gorputz an zutenaren honran atera zitzala beren gaitz andiaren atzapar gogorretatik, eta puntu beretik Jangoikoak, Santuak eskatu ta, atera ere zituen. Orra ill zenetik eritasunik gaistoenak ere eskuratzeko S. Francisco Xavierrek duen eskua.

        S. Francisco Xavierren gorputz guzia dutenen alde ez ezik, gorputz beraren zerbait zati dutenen alde ere askotan agertu du Santuak bere esku andi hau. Adi zazu beraren beso bat andik zekartenen alde bein ta beso bera ekustera urbildu zen hereje batekin beste batez Santu berak egiña.

        Ekusi ditugun Malakako milagroak egin ta laster eraman zuten S. Francisco Xavierren gorputza Goara ta an arkitzen da geroztik onara. Jangoikoak daki zenbat diran ara zen hordutik Goako erri berean ta ango beste bazter guzietan Santuak egin dituen milagro andiak, eta emengo gure bazterretan len egiten zituenak baño geiago Santu berari eragin naiez, eskatu zuen Erromatik Jesusen Konpañiko gure nagusi-Jeneralak Santu beraren beso bat. Eta eskatu bazuen ere Santua ill ta anitz urteren buruan, S. Francisco Xavierren gorputza arkitzen zen ill zen egunean bezain osoa.

        Beldur andiarekin sartu ziran lan hau egin zutenak S. Francisco Xavierren gorputz osoari beso hau kentzera; ta artara prestatu ziranean, Santuaren kapill guzia ikaratu ta andik igesi joan baziran ere, berriz ara ta Jangoikoari otoitz egin ta Jesusen Konpañiko nagusiak eskatzen zuela aren besoa S. Francisco Xavierri esan ta beraren aita S. Ignaciok eskatu balio bezala, egondu zen geldirik S. Francisco Xavierren gorputza ta ebaki zioten eskoieko besoa ta ekarri zuten Erromara.

        Denbor artan bazerabilzten Portugestarrak karabelen izena zuten itsas ontzi txiki zenbait eta orietatik batean ekarri zuten S. Francisco Xavierren beso hau. Bakarrik zetorren ontzi txiki hau, ta itsas bazterrak utzi ta ur andian sarturik zebillen batez, ekusi zuten ontzi berekoak aldetik zerraikola mairuen itsas lapur ontzi andi agitz biziro zebillen bat; eta ekusi zuten aren atzaparretatik Santu berak ez ateratzera, galduak izan behar zutela. Atera zuten, bada, Santu beraren gorderik zekarten besoa ta otoitz humill bero bat egin ta Jesusen Konpañiko an zetorren aita batek ontzi gañera igan ta bere bi eskuetan goititu zuen, mairuen ontziari begira zegokala, Santuaren beso bera; ta mast-oial aizez beteekin ta nai bezala bazetorren ere, Santuaren besoa agertze berean gelditu zen kate andiz aitz bati lotua zirudiela; ta zebillen aizeak erabilli zuen ontziko Portugesak nai bezala beso bera zekarren ontzi txiki karabela. Orra zekartenen alde S. Francisco Xavierrek bere besoz aldi artan egiña.

        Len ta gero besteen alde beso beraz ta beste bere relikiz edo kutsuz S. Francisco Xavierrek egin dituen gauz andiak ezin kont-al adiña dira. Adi zazu beso beraz Erroman anitz urte ez dela hereje gazte batekin egiña. Sorginkeriak zirala uste zuen hereje onek Santuen milagro ta gauz andiak, eta nola egiten ziran ta fededunen beste gauzak ere ekusi naiez, jaitsi zen Nortetik Erromara. S. Francisco Xavierren bederatz-urrunean hari ziran aldi artan Santuaren besoa duan ango gure Elizan. An zena ta egiten zutena ekusi naiez, sartu zen Elizan herejea ta arkitu zuen Santuaren aldarea agitz ederki apaindua ta aldarean Santuaren beso bera; ta besoari begira gelditu zeneko, ekusi zuen besoak bere eskuz deitzen ta deitzen ziola beregana. Toki hura utzi ta joan zen beste aldera; baña ekusi zuen jiratu edo itzuli zela Santuaren besoa hura joan zen aldera ta leneko gisan bere eskuz ots egiten ziola, ta beste edozein tokitara hura joanagatik, hau bera beti egiten zuela. Joan zen Elizatik Santuaren igesi, baña bere buruarekin ezin burutuz, itzuli zen berriz ara ta berriz ere agitu zitzaion len agitua; ta zena erriturik, joan zen andik beste gauzarik Erroman ekusi bage bere errira itzultzeko asmoan ta artu ere zuen zenbait aldiz arako bidea; baña S. Francisco Xavierrek bidera atera ta geldi-razi zuen beti, ta azkenean Santu berak erditsi zion zeruko argia, diran gisan gauzak ekusteko, ta hereji gaistoa utzi ta egin zen an bertan fededun. Orra norañokoa nai duten guzie laguntzeko S. Francisco Xavierrek duen eskua. Artu zazu Trabankortarrak, Malakakoak, itsasokoak eta beste onek bezala. Bai arren, bai.

 

aurrekoa hurrengoa