www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Euskaldun onaren biziera
Sebastian Mendiburu
1762

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Euscaldun onaren biciera, Sebastian Mendiburu. Martin Joseph Radaren etxean, 1762

 

 

aurrekoa hurrengoa

S. FRANZISKO XABIERREN
AMAR-URRUNA

 

        Zenbaitek egiten diote San FRANZIZKO XABIERri urtean bein bere AMAR-urruna, edo amar eguneko eskaera bat, edo Otoitza. Egiten da amar egunez Otoitz hau, San FRANZISKO XABIERrek Indietan, Ebanjelioa erakusten egin zituen amar urteen izenean; ta egiten da, ez errenkako egunetan, baizik amar ostiralez.

        Ostiralak artzen dira orretarako, ta ez beste egunak, zeren Santua ill izandu zen ostiral batez. Eta artzen dira Santuaren eguna baño lenagoko amar ostiralak, edo Santuaren egun berari darraizkonak. Santuaren eguna, urtearen azken illeko irurgarren eguna da.

        Amar-urrun hau egiten duenak konfesa-komekatu behar du ostiraloro; ta egun orietan egin behar ditu, Bederatz urtenetako berezi diran gauzetatik bat edo beste. Ekusiko dituzu, hau egiten dutenen Induljenziak pag. 171.

        Ostiral bakoitzean, konfesa-komekatu ondoan, erraten dira amar Aira gure, Abe Mari, ta Gloria Patri; ta gero urrengo

 

OTOITZA

        Indietako Apostolu San FRANZISKO XABIER, gure Jangoikoak zuri emanikako eskuarekin, nai dezun guzia egiten dezuna, ta amar urtez len Indietan lurrekoei, Zeruko bidea erakusten anitz nekerekin ibilli izandua; eskatu behar diozu gure Jangoiko berari, diela Jentilei bere berria, gaizki bizi diranei ontzeko asmoa, gure Legeko Erregeei elkarren arteko bakea, ta beren etsaiak garaitzeko indarra ta eskua, ta Purgatorioko gaisoei, bere aurpegia ta gloria, ta didala niri ere, orain nik eskatzen diodan guzia.

        Zuganatzen diranak aditzen dituzu zuk, nere Apostolu Santua, ta ni ere adituko nazulako ustean etorria naz zugana gaur. Adi nazazu bada nere Santua, ta egizu zuk, nik gaur zuri eskatzen dizudan guzia. Bai arren nere Bitarteko maitagarria, bai.

 

 

SAN FRANZISKO XABIERRI

 

Deiez dago mundua

negarrez, ta gogotik;

San Xabier Zerutik

iguzu zuk eskua.

 

Santu bata batetako

besterako bestea:

San Xabier, zu zara

nai dutenen onerako.

Dago gure bizia

neke-penaz beterik

San Xabier Zerutik

iguzu zuk eskua.

 

Agertu nai badezu,

dezun esku ta indarra,

gure neke gogorra

kendu baizik ez dezu,

Ai! Orretan asia

bazeunde zu gaurdanik!

San Xabier Zerutik

iguzu zuk eskua.

 

Ez andi, ta ez txikirik

arkitzen da munduan,

ez duenik askotan

behar asko Zerutik.

Zuk hau bai dakizula,

ez dugu guk dudarik.

San Xabier Zerutik

iguzu zuk eskua.

 

Behartsuak askotan

zugana bildu dira:

utsik irten ez dira

orrelako horduan.

Baldin zu mudatua

ezpazaude geroztiek,

San Xabier Zerutik

iguzu zuk eskua.

 

Nere behar andiak

nakar ni gaur zugana:

badaduizu zertara:

jakin beza munduak.

Nik eskatzen dudana

betor emen bertatik:

San Xabier Zerutik

iguzu zuk eskua.

 

Anitz da len munduan

zuk egin zenuena:

geldirik egotera

sartu zara Zeruan?

Ezin izain da orkoa

dagoena geldirik:

San Xabier Zerutik

iguzu zuk eskua.

 

Len ta gero bat zara;

ongigillea beti:

ez arren uka niri

orair behar dudana.

Uste dut, ez nazula

utziko ni galdurik:

San Xabier Zerutik

iguzu zuk eskua.

 

Badakizu bizia

ematen ill zenari:

bai-ta beste edozeñi,

behar duen guzia.

Nik ere nai dudana

uste dut gaur zugandik:

San Xabier Zerutik

iguzu zuk eskua.

 

Itsasoz, ta leorrez

zenbait on egin dezu:

zerbait utzi badezu,

izandu da nai gabez.

Zuk nai dezun guzia

nai du Jaunak bertatik.

San Xabier Zerutik

iguzu zuk eskua.

 

Argia behar badu

Itsasoko tristeak,

laster zure eskatzeak

Eguzkia lotzen du.

Ez bat galdu dedilla,

izan gabez argirik.

San Xabier Zerutik

iguzu zuk eskua.

 

Erretzea suari

kendu zenion noiz-bait:

ez diozu utzi nonbait

gatzik ur gaziari.

Bekatuen gazia

ken baledi gugandik!

San Xabier Zerutik

iguzu zuk eskua.

 

Alaba Seme egiña

Ama batek nai zuen:

zure Elizan egin zen,

hark eskatzen zuena.

Guk eskatzen duguna

orain bihotz guzitik:

San Xabier Zerutik

iguzu zuk eskua.

 

Bi toki zuk batetan

bete zenituen len:

arki zaitez gaur emen,

or zaudela Zeruan.

Zu bazatoz gugana

ez da geroz nekerik:

San Xabier Zerutik

iguzu zuk eskua.

 

aurrekoa hurrengoa