www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Ipuin eta ixtorio
Piarres Larzabal
1930-1964

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Piarres Larzabalen idazlanak (V), Piarres Larzabal (Piarres Xarrittonen edizioa). Elkar, 1996.

 

 

aurrekoa  

URDEA HIL DUGU

 

        Angeleski mutur motz, beharri labur bat ginuen, etxean hazia, hiru bat kintalekoa, ginarritsu... Bazuen ba oraino urinarentzat leku, bainan amak diona: «Gure etxean, sobera mutur zuri bilakatuak gira... «Pu» egiten diogu gizenari!...». Eta, oraiko artoaren prezioan, bihiak ez ote du gehiago emaiten salduz, urinduz baino! Zoala beraz gazitegirat; beherapenaz balia, deiegin ginion Batita, gure aspaldiko urde hiltzaleari.

        Baietz ba, zuen ihardetsi Batitak, etorriko zela gogotik eta goizean goizik, galdegin bezala. Adinarengatik, urde hiltzeko ofizioa utzixea zuela, bainan ezetzaren afrunturik ez zezakela egin gu ginen ate zaharrari.

        Egia erran, Batitaren baztertzea, harentzat izanen zen afruntuago, guretzat baino. Jakin behar da zaharreri plazer egiten, heien beti gazte direlako ustekeria ohoratuz.

        Dena den, egun handiaren bezperan, emazte horiek bazuten haro gure sukaldean. Batzu ari ziren kobrezko panderu zaharra hautsaz dirdiratzen. Beste batzu, begiak erreak, tipula xuritzen. Azkenak, baxerak garbi eta xukan... Ez galda ean bazuten, mahain-gainean, aho bustitzeko kikerarik.

        Eta holakotan, zu gizona, ez ibil aitzaki-maitzaki, beti hetarat joana kutzukerian. Bestenaz hartuko dituzu jorraldi batzu, zure baratzeak egundaino hartu izan ez dituenak.

        Alta, gu, gizonak ere, urdearentzat ari ginen ba lanean. Bezperan garreiatuak ginituen, sukaldekotz, mugaz bestaldetik biper-gorri-errauts, klau-itze eta zaku bat gatz larri... Hangoak biziagoak baitira hemengoak baino. Urde hiltzeko azpilari eskutila azkartu ginion, ahuldua baitzuen. Lasto-matxota batzu selaurutik jautsi ginituen... Zume-andana bat baratze-zokotik ekarri... Gaziteia, ur irakituz errotik garbitu... Lukainka-haga erreberritu... Onborkitik, suko egurra ausarki apailatu... Besta-egunez ez baitira laket bazter-lanak, bezperatik ere sartu ginituen kabalen pazkak. Eta, bixtan dena, holako egunetan ez aipa gure haurreri eskolarat joaiterik.

 

* * *

 

        Biharamunean, argi-zirrintzako, Batita han ginuen ate-joka. Urde hiltzeko tresnen kutxa bizkarretik trebeska zintzilik, zango aztalak larruz tapatuak, gorputza tente bi izter-makil makurren gainean, iduri zuen potreta zaharretako zaldizko gerlari bat.

        Kafe-xorta bat bere ondokoarekin klikatu-eta, denak bildu ginen urdandei-ondorat.

        Urdeak kurrinkaz etxeari kapeta kendu nahi zion. Gaizoa, bezpera eguerdiz geroz barurik ginaukan, haragia hobea izan zezan.

        Pisu-solasetan eta begirat, Batitak aitak baino gorago jotzen zion estimua. Bainan, badut uste biek, beren baitan, egiari zimiko-egiten zioten, Batitak hazlea ohoratzeko, eta hazleak bere ohorea ez berduratzeko.

        Urdeak hiltzalea usmatzen omen baitu, Batita baztertu eta aitak zuen, urdandeirat sarturik, alimalea gibel zangotik soka-lasterrean hartu. Urdea gose ziritua zagon eta kexu atera zen, aitaren «ñur-ñur» eztientzat den gutieneko konplimendurik gabe.

        Atxikitzaileak han ginauden, mahainaren inguruan, prest lanari lotzeko. Han zagon ere auzoko Mari Beltza, untziarekin odolaren «hartzerat» etorria... Urruntxagotik eta uzkur zagotzin Popol, etxeko seme ttipia, mutiko gotor arpegi zuri bat, gapelu zabal bat buruan, eta Adrien, Mari Beltzaren alabarena, hamalau urtetako pipa-xango bat, sortzez kontrabandako horietarik. Biek, elgarren ondoan, iduri baitzuten, batek onjo-papuna eta besteak meta-ziria.

        Han ere zabiltzan, bestaren usainak ekarriak, etxeko bi zakurrak eta auzotako gatu bat «Trinkili», Mari Beltzarena, hiru zangotako enbalier, eihartu bat.

        «Ale lot!», zuen manatu Batitak, urdeari burdin-krakoa golazpitik sartuz... Gaztetan, urgulu zuen urdeen hiltzeko, burdin-krakorik baliatu gabe. «Ez duk haukieri nausi den burdinik», zuen erraiten orduan, bere aztapar sekail zakarrak erakutsiz. Jendek zioten gizon horrek ez zituela ukare-muturretan aztaparrak, bainan estokak. Gure etxean behin, lau bat kintaletako aketz tzar bati muturra eskolatu zion esku xoilaz. Bainan, adina etorri Batitari ere, eta tresneri galdatu behar, zainek, izanik ere dobleak galdu duten larderia.

        «Ale lot!», erran-eta, Batitak, denen xinkakoa lauzkatzeko, atera zituen oihu eta espaiñol «aleluia» batzu, bainan usaiaz beharrez baino gehiago; ezen «in nomine santian» urdea luzatu ginion azpila-gainean. Ginen laguntzarekin, ez zen irriskurik urdea eskapa zadien, eta, ondoko egunetan, pertsulariek gutaz mundua irriz ase zezaten, beste zonbaitez bezala.

        Urdearen beso bat estekaturik mahainaren eskutilari, lotu ginen bakotxa menbro bati. Popol tipia buztanari. Orduan, Batitak finkatu zuen burdin-krakoaren makoa bere zango aztalari, aurtiki bere gapelu higatua, lepo-zaina begiztatu eta, puntaz zeinatu ondoan, marraza erroraino sartu zion. Odol nasai bat zurruztan jautsi zen untzirat eta Mari Beltza hasi zen hura itzul eta itzul, ariaren biltzeko.

        Urdeak, hastetik eta lehen harridurarekin, ez zuen baitezpada hanbat marruma atera. Bainan orai, bazter guziak inarrosten zituen bere kurrinka eta zalapartez. Errefera ematen zioten zakurrek beren herio-sainga latzekin. Eta, badut uste, zakurrek gehiago lotsatzen gintuztela urdeak baino; ezen, gure artean, egundainotik izan da sineskeria zakurren herio-saingek zerbait zorigaitz aintzinetik salatzen dutela.

        Anartean, bere beso estekatu gabea arraukan ibiltzen ginion urdeari, odolaz hobeki huts zadien... Batitak kontent iduri zuen bere marraza ukaldiaz: bihotza hunkitu-gabe, legez zilatu ziola lepo-zaina.

        Hainbeste arramantzez durduzatua, Popol tipia, lanari tiro emanik zagon, beharri-ziloak erhiz tapatzen zituela. «Nahi-uka urdea atxiki, to?», zuen erasiatu Batitak. Berritz lotu zen beraz Popol bere sailari, urdearen buztana eskuaren inguruan bihurdikatuz, indar-egiten zuela arkumaka eta hats-hantuka, sokatiran bezala. Hoinbeste zalaparta ez baititazke debaldetan ibil, halako batean, urdeak saritzat, librantza-ziztor batzu ziozkan bet-betan igorri eskuen gainerat... Handiak irriz hasi ginen. Afruntatua eta nazkatua, gure laguntzale baliosa, bere kargua utzirik, ihesi joan zitzaukun.

        Noizbait, urdearen garrasiak jabaldu ziren eta azken hats-orroaren ondotik, ez zen gorputzean gelditu biziaren beroa eta hil-berri zainen daldara baizik. Mari Beltzak ez zuen ondar odola bildu, jada untzi barrean «itsaso eta bidaso» bazuelakotz. Odol-aria zakurreri aurtiki zioten eta, nehori hitzik atera-gabe, etorri bezala sukalderat itzuli zen.

        Norbaitek, eta bereziki emazte bat, mutu-egoitea besteen artean, ez da maiz gertatzen dena. Hortakotz, zonbait xehetasun zor ditut hemen Mari Beltzaz.

        Mari Beltza zen presuna bat, gorputzaz sostor, arropatzez putsuka, jitez haize-hego... Arpegi biribil hantu batean, bi ezpain handi ari zaizkion airean musuka.

        Heien gainean, sudur motzor bat, bi begi tipi beren zilotan galduak, eta ile-karbutza sasitsu bat, kopeta hertsi baten teilatu.

        Batita eta Mari Beltza, zakur eta gatu bezala bizi ziren aspaldiko urte hetan... Eta zertako ote? Segur, balio du konda dezadan.

 

* * *

 

        Ordu hetan, gure herrirat etorri zen miriku berri bat. Xarantesa zen... Ez baita, Frantzian, arraza piltzarragorik... Errainetarik gogor, makila hautsi bat iduri zuen kurritzean... Sudur luze bat bazaukan, «baionetan» landatua arpegiaren zain... Sudur haren gainean ixtaklok, han zirrizta bati estekatuak, bi berina koxkor, alimaleko muntadura bati uztartuak, iduri baitzuten mari-burruntza bat dantzan... Sudurraren pean, kokotsik baterez, bainan bi ezpain busti, infrentzuz itzuliak, muztatz erori batean pazkan ari.

        «Ofiziale berri, oro hari», baita errana, etorri-ordu gaitzeko arrakasta bildu zuen gure Xarantesak... Jakintza doblekoa omen ginuen gizona... Ez bakarrik eskoletako, bainan gainerat sasi-mirikuntzan trebatua... Nehork ordu artio senda ez zezazken eritasunak, egunetik biharrerat, eskuz bezala kentzen zituena.

        Sasieneko Manez tipia terrenpente sendatu zuen ohe bustitzeko usaiatik... Ezkerreneko Beñat ere ba, larru-dario batetik. Alta, batek ala besteak hameka miriku kurriturik zauzkaten, sendatu nahiz... Bai eta ere asko «Jainko ttipi» eta beila-leku...

        Xarantesaren sendagailu zonbait nihungo mirikuarenak ez bezalakoak ziren. Bati, belarrean lo-egiteko manatzen zion... Besteari, ilargi xuritan larru-has ibiltzeko, edo oraino, goiz ihintz zilarrean amilkatzeko.

        Ahatik, ez baita itzalik gabeko arbolik, emagintzan ez omen zuen tut balio. Behin bakarrik, ezin-beste batez, deitu zuten herrian, haur munduratzeko lanerat... Haurrak, burua jada erdi kanpoan zaukan, bainan ikusi zuelarik mirikuaren mokoa, ikaratu zen eta berritz amaren sabelerat sartu hogoi eta lau orenentzat. Horra zer zioten jendek. Jendeak, gaxtoa behar du izan, huts batengatik saila guzia ehorzteko. Bainan, hola duzu munduko legea, eta, beren urratsentzat erakaspen har dezatela miriku abiatu berriek.

        Maria Beltzak ere bazituen ordu hetan, osagarriaren aldetik, bere arrangurak: aire-bafadak, goiti-eginnahiak, odola maiz bururatzen, dena tzitzi bilkatzen ari... Nik dakita zer? Joan zen beraz miriku Xarantesarenganat eta hunek erran zion hobekitzeko zer egin: «Bota larrua ilargi-xuriari, zangoak gau-zerenuari, trunkoa dantzari!»

        Bainan... Bainan, nun nabila ni hola, hartu bidetik arras baztertua? Jo dezagun berritz gure urdearenganat.

 

* * *

 

        Mahainetik uzkaili ginuen lasto-ohe baten gainerat eta han errotik garbitu, larruko ileak errez, ur irakituarekin lertzoa kenduz, kanibet-ahoz eta teila-puskaz karrakatuz.

        Gero, azpila ureztaturik, berritz haren gainean ezarri ginuen eta Batita, marrazaz eta aizkorez, lotu zen puskatzen.

        Bi kanibet ukaldiz lepo-sagarra kendu ondoan, golazpitik gibel ziloraino ideki zuen, eta, bare-sarea bazterrerat berexiz, kendu ziozkan tripak... Hauk, saski potor batean kargaturik, bi emaztek ereman zituzten errekarat, ur-gaian garbitzeko.

        Lehenago tripoila eta ondo-hertzea, haragi xehatuz beterik, lukainka-haga muturrean zintzilik emaiten ginituen eta deitzen martin-piro edo mondongo. Hertze artekoak aldiz, andoilen sagar-gai baliatzen ginituen... Orai berritz hertze xehe berak baliatzen ditugu odolgi eta andoiletako.

        Halahala ez dugu gehiago pizuntzia urinez betetzen, ez-eta hanturik, geroko toxa-gai zintzilik ezartzen; bainan zakurreri diotegu aurtikitzen, beste asko ondarkinekin: miña, segoki, haragi zail, hezur huts eta gainerateko.

        Bainan ez dezagun Batita begitarik gal... Urdeari, burua aizkoraz mozten dio... Fuñak bazterrerat ezartzen ditu aitatxirentzat gosaritako eta beretzat beiratzen... Ezpainak «Adinarekin gizona mutur-zuritzen baituk, dauku salatzen, ohartua nauk urdeak ditikan jangailu finenak ditukala: ezpainak... Ez duk harritzeko... Urdek, ezpainez ditiztek janariak haztatzen eta berexten... Berexte hori lan milikia duk eta nahi-ta-ez hortaz kargatuak diren haragi zatiak dituk milikienetarik».

        Bainan, zertako Popol tipia ote dago hoin erne? «To to, hire saria, dio erraiten Batitak, urdearen buztana moztuz. Hau sar-zak lurrean... Hola, heldu den primaderako sortuko duk "kututu" berri bat».

        Popolek, holakorik sinesten ote du? Iduri luke haren adimena duda-mudaka dabilala, «baietz»-ka Batitaren segurtamenari, eta «ezetz»-ka sahetseko irriengatik. Adrien, pipa-xango, lehertzeko karkarietan ari da, erhi-hezurrak aireari kriskatuz, bere metzikano galtza luze hertsiak tarratatzeko irriskuan.

        Jada errana dut Pipa-zango dela aitarik gabeko haurra, neska lepo luze, ezpain matxar baten semea; amak Paris-etik ekarri zuen, aitortuz jaun ikasle eder batenganik zuela... Gisa hortan etortzen diren haurrak, beti hala izaiten baitira... Etxean haur bakarra, aitatxi-amatxi zaharregiez altxatua, lagunetarat guti largatua, Pipa-xangok halako herabetasun eta uzkurtasun bat bazaukan, bere adineko edo larriagoko lagunen artean. Bainan, atrebentzia eta ausartzia pizten zitzaizkon bere menekoetarat sartu ordu.

        Handiez huiatua eta heiekilakoa egiteaz lorietan, berekin hartu zuen Popol eta biak joan ziren baratzerat, aza-lerro baten buruan urde buztanaren landatzerat... Aintzurrarekin putzua eginik, gogoratu zitzaioten, ongailuaren laguntzarekin, beren «landareak» hobeki hartuko zuela... Jo zuten beraz arditeirat, arkina pixka baten bilarat... Bainan debrua ez baitago lo, urrundu zireneko, etxeko gatu zaharrak baratzetik joan zioten bere urde-buztana. Horra zertako ez den aurten gure baratzean zerri-umerik sortuko. Beti-eta bereziki urde hiltzetan, kasu-emaiteko da zakur eta gatu ohoineri. Pika-ahalean, haragi-puskak ganbera hetsirat garreiatzen ginituen eta, han mihise baten gainean pausatzen.

        Batita pika eta pika ari zen, artetan kanibeta, sahetsetik zintzilik zaukan zizpari xorroxtuz... Harrigarri da urde batek zer haragiketa daukan. Huna gaziteiko: zingar azpi eta sorbaldak, zazpi hezurrak, solomuak, azpixunak, almiak edo artekiak, zango, pala eta beste holako hezurkiak, mihia, beharriak, giltzurdinak, kailuak...

        Ez dituzte etxe guzitan, puska berak berdin baliatzen. Hainbeste koziner eta hainbeste moldetan ari dira eta bakotxa berearen alde.

        Guk odolki-gaian sartzen ditugu: odola, birika, barea eta buruaren parte bat; lukainka-gaietan: ginarkiak.

        Andoilak egiten ditugu, tripoila eta bertze sobrakin xehatuekin.

        Ez dugu urtzen urinik, gantxingorren apailatzeko, gutik baitituzte maite gure etxean.

        Amak urin garbi pixka bat sahetserat ezartzen du, ondoko egunetan baliatuko baitu zonbait sendagailuren moldatzeko.

        Aitak, bere ihiziko boten gantzutzeko, zoko batean gatu-petik gordetzen du urdearen buztan-ondoan. Emazte horiek andere-arrea zakurreri aurtikitzen diote. Hertzetan sartzen bada, hauk lehertarazten omen baititu.

        Horiek hola, sukaldetik deia ukan ginuen joaiteko gosaiterat. Mahaina ederki emana zen sotoan, eta apairua bi jakitakoa urde gibel saltsa eta oilasko errakia... Mari Beltza zerbitzari... Deneri elhe egiten zaukun, salbu Batitari.

 

* * *

 

        Ha, ez dut ahatik bururatu bi gizon-emazte horien hasarretzea nundik heldu zen.

        Beraz, gau hartan, Batita joana zen bere pentzerat, ilargi-xuriz sator ihizirat... Han zagon tente, aintzurra eskutan, sator-mulo baten zain, noiz eta ere harrabots batzu entzun baitzituen berroaren bestaldetik. Zer ote zitaken, badoha behako baten ematerat eta zer ikusten du? Emazte trunko bat, arras arinki beztitua, gaitzeko zalapartetan ibilki: batean lasterka, bestean potikoka, zangoz uztarka, besoz otoizka eta berdin ihintzean amilka... Mari Beltza zen Xarantesaren sendagailutan ari...

        Pentsa, Batita ez zen ba harritu! Ixil-ixilik etxerat sartu zen.

        Biharamunean, igandea baitzen, apezak mezan sekulako oihuak atera zituen elgar-maitatzearen alde... Xede onak harturik, dudarik ez da, Batitak jo zuen ostaturat, goizekoaren egiterat. Mahaineko lagunak zituen: Pette Kaliforni, Anton Burrunba eta Martin Zirtzil... Alimale pollitak, hiruak ere...

        Ez nakike zer solas ibili zuten elgarren artean; bainan, ondoko gauean, anitz eta anitz sator-ihiztari baziren Batitaren pentzean... Bezperako «basurdea» ere etorri zen bere laster-jauzietarat. Nik ez dakit nolaz bet-betan, akelarre guzia harat bildua balitz bezala, ikaragarriko galarrots bat han muntatu zen adar-turruta, joare-zilintza, su-panpa, zakur-marruma, atabal-tarrata, untzi-zarrantza, oihu-garrasia, orotarik bazen eta nasaiki.

        Zonbait egunen buruan, pertsu-paper batzu eskutik eskurat zabaldu ziren herrian... Behi zahar, errape handi bat aipu zuten... susara... marexalaren tratamendutan ari eta... holako.

        Geroztik, Mari Beltzak ez dio hitz tuntik egiten Batitari... Handik laster, delako Xarantes mirikuak, tokiak hustu zituen... Ez omen zuen aski lanik.

 

* * *

 

        Bainan zer kalakak sukalde-aldetik! Ke gizen usaindu baten lanoan, erreximendu bat emazte, bazkariaz pizkortuak, ari dira batzu haragi xehatzen, besteak hertze betetzen, azkenak baxera lanetan... Lehen odolgiak, urina darioan, idortzen dagotzi, zimini-azpian zumetarik zintzilik, edo, lasto gainean, supazterraren inguruan... Laratzetik dilindan dago suko erregea panderu handia... Horren barrean galgal irakitzen ari dira beste odolgi batzu, emazte batek zizta eta zizta baitabilzka, ez daiten lehert. Iluntzeko, gizonak biltzen ahalko dira «odolgi jatearen» egiterat.

        Bihar, haur bat ibiliko da auzo-ahaidetan, «urde-puxka» partitzen. Jaun erretorak ere izanen du jasta.

        Horra nola iragan den gure urde hiltzea... Baditake zonbaitentzat ibili dugun sobera xahupide, denbora-galtze edo lan debalde... Bainan, bizia egina ote da beti zalapartaka eta diruketaka higatzeko?... Biziari ez ote zaizko zor pausa eta deskantsatzeak?... Guri iduritzen, ez bakarrik zor zaizkola; bainan oraino, aberastasunik laketenak dituela adixkiden arteko egonaldi eta gurutzamenak.

        Ez dauku segur egun horrek doluzko orroitzapenik utzi, bainan plazer ezti bat... Ha! Luzaz iraun dezatela Eskual Herrian gisa bereko egun goxoek!

 

(Gure Herria, 1964, 86-94)

 

 

aurrekoa