www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Ipuin eta ixtorio
Piarres Larzabal
1930-1964

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Piarres Larzabalen idazlanak (V), Piarres Larzabal (Piarres Xarrittonen edizioa). Elkar, 1996.

 

 

aurrekoa hurrengoa

ALLANDE ETA
HIRU «ASTRONOMUAK»

 

        Allande... gaizo Allande! Orotan ezagutua zen Allande ikazkina. Halako gizon txar bat, erdi konkorra, zango batetik maingu, ahal bezalako galtzak soinean, beti atorra has eta galtzerdirik gabe.

        Asto bat bazuen beltza, asto harekin karroa eta karro hartan ikatza garraiatzen zuen hirirat. Goiz guziz, eguerdi inguru artio, haren boz meharra ez zen ixiltzen karriketan: «Ikatza merke! Merke ikatza!»

        Haurrek batzuetan trufatzen zuten, edo harek bezalako oihua eginez edo urrundik haren astoa manatuz. Jende haundiek ere emaiten ziozkaten arteka kitzika-aldi batzu: «Allande, zure asto ihartu horrek bazter guziak usaintzen ditu». Eta Allandek aire berean: «Behazu, anderea, aski duzu ahotik hats hartzea». «Alo, ba. Allande, zuten erasiatzen hiri-zainek, noiz ikasiko diozu zure astoari bidearen eskuinetik ibiltzen?». Bainan errefera han zen laster: «Egungoan barka ezozue, jaunak... Bihartik eskolarat igorriko dut».

        Hola zen Allande, deusez ez nehorrez axolarik gabe, dena ditxo, jukutria eta bitzikeria, bereziki zorta bat zintzurra beheiti igorri ondoan, orotaz hartua eta maitatua.

        Ahatik, denbora hetan, jendeak nahiago baitzuen ikatzarekin baino egur idorrarekin berotu, buru-hauste frango bazabilkan bere ikatza ezin salduz. Etxerat itzultzean, ardurenik, irabazi diruek arrabots guti zioten egiten bere galtza txar petazatuen sakeletan. Beharrik ez zuen haurrik! Andre Katixarekin, bi biak bizi ziren ttattola pobre batean.

        Ahatik Allanderi ez zitzaion galdetu behar ean non bizi zen. Laster ihardetsiren zautzun: «Jauregi eder batean».

        Eta futxo, ez zen baitezpada gezurrez mintzo. Jauregi bat bazuen, bainan...auzoan. Halako jauregi kankar bat, dena xirez estalia, lehiotzat zilo txar batzu han hemenka, iduri Moisen denborakoa.

        Jauregi hartan egoiten ziren hiru anaia, hiru mutil gazte. Nor ziren, zer ziren mutil heiek, nehork ez zakien xuxen herrian. Beti hiruak elkarrekin zabiltzan, berdin berdina beltzez jauntziak eta kasik nehorekin solastatu gabe.

        Gaztetasun guzia ikasten iragana zutelako fama zuten, han nonbeit Parisko aldeetan. Halako izen bitzi bat erraiten zioten, heien jakitate suertiari: «astronomia» edo «astonomia» edo... nik ez dakit zer... Dena den, gauaz eta egunaz zeruari beha zagozin halako tresna luze batzuekin.

        Allanderi norbeitek salatua zion mutil hek jakiten zutela aintzinetik zer aro egin behar duen. Bainan gure ikazkinak ez zuen heien trebentzian sineste pikorrik. Eta huna zertako:

        Uda goiz batez, ari zen Allande bere buruarekin solasean «To, egun kalernatu behar dik. Astoa minbera diat, ileak harro ditik eta beharriak xut!»

        Hainbertzenarekin horra non ikusten dituen jauregiko hiru anaiak bidean heldu. Behingoan heieri solas emaiterat ausartatzen da eta galdetzen diote: «Errazue, jaunak, zer aro egin behar du?» Hek aldiz: «Zortzi egunez idorte... Ez duzu ikusten zeruaren urdin hori?»... Ba, bainan, aratsaldekotz pesiak ari baitziren ahatik!

        Geroztik Allandek, mutil heientzat ez zuen bertze trufarik. Jauregiko «astomamuak» deitzen zituen. Pitsik ez zirela hek... bere astoa baino gutiago zakitela... haren katixima entzutekoa zen jauregitarren gainean.

        Ba eta, nahi baduzue egia jakin, Allanderen ahopaldiak ez ziren gezurrezkoak. Segurki zozoak ziren jauregiko hiru mutil hek. Zozoa baino zozoagoak. Hainitz urtez eskolan ibili ondoan, kasik deusere ikasi gabe, azkenean, ofizio bat hartu behar-eta, zeruari beha egoitekoa zuten hautatu. Eta huna zertako Ilargiak, gau batzuez, urrea bezala dirdiratzen baitu, hiru mutil buru eskas hek amestu zuten, ilargia urre meta bat zela dilindan, han nonbeit zeru gainean. Geroztik urre hura zer moldez beregana zezaketen, ezin pentsatuz ari ziren.

        Aita zentzudunagoa izana zuten. Seme hek hain herabe ikusteak emaiten zioten bihotz minekin, berrikitan hila zen. Huna zer izan ziren haren azken hitzak bere semeeri: «Mutikoak, mutikoak, aski baduzue zeruari beha egonik! Ez zaituzte horrek aseko. Joka zaizte bederen azienda hazten, bertzenaz erreka gaxtoak joko zauzte laster». Aholku zuhurrak horiek... Zuhurregiak, mutil bulunba heiek entzuteko.

 

* * *

 

        Egun batez beraz, ari zen Allande bere andrearentzat erasian. Ez zen arrazoinik gabe. Alabainan, gizagaizoak, josiaren eskasiaz, galtzen sakelak zilo zituen eta sakelako diru xehe guziak lurrerat eroriak zitzaizkon... eta ez lur garbirat, bainan, hala beharra, astoaren ongarrirat. Han ari zen beraz Allande dirua bil eta Katixari mokoka.

        Hainbertzenarekin, huna non ondotik iragaiten zaizkon jauregiko hiru zozoak. Behin ere ez-eta, oraikoan, hiruak gelditzen dire ttanpean, ikazkinaren aldean. Han beti sos biltzen. Hek berritz Allanderi beha, harrituak, ahoak zabalik, konkortuak hurbilagotik ikusteko ongarri hartan zer ari zen. Azkenean zozo hetarik batek emaiten dio solas: «Zer egiten duzu hor?» Allandek aldiz: «Lan urrea egiten, jaunak... Urre biltzeko lana», «Bainan, nondik heldu zaizkitzu diru horiek guziak?». «Astoarenganik». «Astoarenganik?». «Bai, jaunak... Zer uste duzue, ene astoa iduri duen bezain ez deusa dela? Ez, ez. Urreak balio ditu ene astoak. Hori ez baginu ez ginazke biziko... Horrek gaitu-eta hazten!»

        Hiru zozoak han gelditu ziren, ez jakin zer pentsa, elkarri beha. Azkenean batek erran zion bertzeari: «Bahakien hik, azienda urre egileak bazirela?» Bertzea luze egon zen, begiak urrun galduak, han nonbeit lañopetan. Noizpeit ihardetsi zuen: «Ez, ez nakikan. Bainan, ongi gogoratu-eta, ez nauk harritzen gauza horren hola izaiteaz... Alabainan, ilargiaren axala urre balin baduk, lurrarena ere hala izan zukek. Eta astoa, lurraren axaletik bizi denaz geroz, horren tripan urrearen aurkitzea, ez diat hain bitzi atzemaiten».

        Hirugarren zozoa ere hitzketatu zen: «Oroitzen zaizte, gure aita zenak nola erran zauzkiagun hiltzean, aziendetan aberastuko ginela ilargi lanetan baino hobekiago? Ez zukan hura airerat mintzatzen den hetarik. Harek ba bide zakiken zerbeit... Ba, ba xaharrak arrazoina ziken... Aziendetan, aziendetan duk urrea, ez ilargian ez!»

        Huntan hiru zozoak luzaz ixilik egon ziren, begiak lurrari, iduri burua asmuz pisutua. Azkenean bat ernatu zen eta halako irri zoro bat ezpainetan, anaiak ondorat deiturik, beharri zilorat, pitxi-pitxi, zerbeit salatu zioten. Bainan laster agertu zen zertaz zuten solasa. Astoa nahi zioten Allanderi erosi.

        Hasi ziren beraz tratuan: «Allande, asto hori behar daukuzu saldu!» Ikazkinak aldiz: «Asto hau saldu!! Mila untz urretan ere doidoia eman nezake! Ez, ez, ez... hau erosiko duen diruduna ez dago sorturik». «Emanen 500 untz urre». «Ez eta ere...». «Emanen 700». «Zazpi ehun untz urre?....... Hemen kopeta zimurtzen du Allandek, halako samur aire batekin. Nor zen trufatzen? Hura hetaz edo hek hartaz? Asto ederrenak 50 untz urre ez balio-eta... zer ari ziren? Irrizko tratua egin nahiz? Hortako, mintzatu zitzaioten motz-motza: «Behauzue hortik, jaunak! Ilargia eskuratuko duzuelarik, etorriko zaizte asto traturat. Beharbada orduan antolatuko gare».

        Bainan zozoek ez zuten irri-mirririk: «Mila untz urretan salduko zinukela, aipatu baituzu oxtian, zioten erran ikazkinari, horra mila untz urre». Huntan zakuxka bat urre bota zioten Allanderi eskuetarat, eta, astoa sokatik harturik, urrundu ziren. Allande, harritua, zorotua eta zuritua gelditu zen, hitz bat ere atera gabe.

 

* * *

 

        Huna orai gure hiru zozoak jauregirat itzuliak... Azienda baten erostea ez baita aski, behar baita hura hazi, eta gure «astomamuek» ez baitzakiten demendren pitxik beharri luze baten mantenuaren gainean, hasi ziren liburuetan mia eta mia, astoak zer janez bizitzen diren jakiteko. Epe laburrez, zer nahi xehetasun ikasi zuten: astoek barne sanoa dutela. Oloa, zahia, ogia berdin jaten dituztela bai eta ere belar idorra eta perdea. Azkenean, zozo hetarik batek, liburu xahar batean, harrigarrizko xehetasun bat atzeman zuen eta anaieri gora gora irakurri zioten. Liburu harek zion aziendak, trefla berotutik jaten badute, hanpatzen direla.

        Gauza hori entzutean, hiru zozoak zutitu ziren, lorietan: «Horra, zioten elkarri, horra gure astoak behar duen bazka: trefla berotua. Alabainan, tripa haundiago eta urre gehiago dikek barnean. Kanpoz hanpatua den sakelak, barnea jori».

        Baietz eta baietz, ase zuten astoa, aipatu dugun bazkaz, lepo zintzurreraino. Eta futxo, liburu zaharrak erran bezala hanpatzen. Hiru zozoak hari beha zagozin atseginez itoak: «Zer azienda ona, zioten! Nola baliatzen duen ahatik jaten duen hura! Eta laster!». Eta, astoari, muturra perekatuz, eskutik zioten emaiten jaterat, haur bati bezala: «Alo, jan-azu, adixkide maitea! Jan ausarki!... Oraino bertze ahur bat... Hori azken trefla ahur bat! Hau bertzeak baino beroago da! Jan-azu bada!»

        Bainan astoak bazuen askitsu iretsirik. Haunturarekin ezin hatsik hartuz ari zen. Azkenekotz bere burua bota zuen lurrerat. Zozoek pentsatu zuten, dudarik gabe, ongi ase ondoan, astoa orai lo egin nahia zela, eta hartarik urrundu ziren, ahal bezain arrabots gutirekin, haren ez atzarrarazteko.

        Gaizo beharri luzea! Tripa gero eta gehiago hanpatu zitzaion, eta ondarrerat, lehertu eta zapartatu zen.

        Berritz itzuli zirelarik aziendarenganat, hiru gizonek astoa hila atzeman zuten. Bihotz fultsoak ikertu ziozkaten. Berdin zuen ez eginik ere ezen gorputza jada hoztua zen. Barnea ere miatu zioten bainan urre pikorrik aurkitu gabe. Huntan, hiru zozoak arrunt burutik nahasi ziren. Bat hasi zen gora gora marrumaka, eta nigarrak nigarra deitzen baitu, bertze biak ere sail berari lotu ziren. Bihotz-erdiragarrizko intzirinak botatzen zituzten. Batek zion: «Ha, gure asto maite maitea, zer gertatu zauk bada?». Bertzeak errefera: «Gaizoa, hik ere tenorea izaki, tenore lazgarria!». Hirugarrenak, moda berriko hil-otoitzak atera zituen: «Anaiak, zuen erran buru-has xutiturik, anaiak, holako gertakari hitsaren ondotik, gauden minuta bat ixilik!»

        Noizpeit bada lekuak hustu zituzten eta joan ziren Allanderengana, behar ziozkatela errenkurak egin erosi astoaren gainean: «Allande, zure astoa hil zauku». «Gaixoa, ez nintzen beldurrik gabe! Ezin laketuz segura?». «Ba... hil zauku eta zuk gezurra sakatu daukuzu!». «Zer gezur?». «Zure astoak urreak balio zituela... Barnea ikertu diogu eta ez diogu deusere atzeman». «Nere astoak ez urreak balio? Nahi duzue oraiko orenean ere bortz untz urre kentzen diozkatala nik hari?». «Nola ba hori?». «Nola hori? Aski duzue nik erranaren egitea. Arras gauza errexa izanen da». «Zer behar dugu ba egin?». «Segur ez duzuela gibel eginen?». «Ezetz, gizona, aginduz geroz». «Bon atozte enekin».

        Allandek hartzen du ikazketako karroa eta badoatzi denak asto hilaren ondorat: «Alo, diote manatzen Allandek bertzeeri, karga-azue asto hori karro huntan». Eta kargatu ondoan: «Orai, eman zaizte timuinean eta tira-azue karroa. Nik manatuko norat joan».

        Agindua agindu baita, hiru «astronomuek» ez zuten ezetz erraiteko kopetarik izan. Timuinari lotu ziren beraz. Orduan, ikazkina izatu zen karroaren gainerat. Hola, bera gidari eta «astronomuak» mando, itzuli haundi bat egin zuten karrikaz karrika, jende guzia irriz ase baitzen.

        Noizpeit Allandek karroa geldi-arazi zuen larru-lantegi baten aintzinean. Eta larrupintzaileen nausia deiturik, asto hilaren larrua, oraino haragitik berextekoa, bortz untz urretan, saldu zion. Eta segidan «astronomueri» ukan dirua bota zioten, larderiarekin erranez: «Horra nik astoari bortz untz urre kendu... Har zazue diru hori eta neri ez gehiago aipa ene astoak deus ez zuela balio!»

        Zer den ahatik! Zentzugabea balin bada ere jaunxkil, hari beti nausi edozoin zentzudun, izanik ere ikazkin, galtza zikin.

 

(Gure Herria, 1938, 209-215)

 

aurrekoa hurrengoa