www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Ipuin eta ixtorio
Piarres Larzabal
1930-1964

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Piarres Larzabalen idazlanak (V), Piarres Larzabal (Piarres Xarrittonen edizioa). Elkar, 1996.

 

 

aurrekoa hurrengoa

OKERRAREN OKERTZEAZ

 

 

                «Dire usaia zaharrak:

                Ederrak edo okerrak.

                Segi ditzagun ederrak,

                Konda bakarrik okerrak!»

 

        Gure herriko okerra, nola okertua zitaken, nere gizon xaharrari ezin atera nion.

        Nere xaharra, supazterrean zagon, onbor su bat noizean behinka zirikatuz, zigarro mutur hil bat ezpain zokoan.

        Lehio bakarreko gizona urrikari nuen: «Non galdu ote du gizon horrek bertze lehioa? Edo, sortzez ote da hola?... Edo, gaizoa, gerlan da hola bilakatu!»

        Ezpainak larrituz, espalda tankaz, ezetz eta ezetz zarion nere xaharrak.

        Karatxo! Nik ez ote dut ba gizon hori mintzaraziko?

        Betbetan orroitu nintzen, nere xaharra gerlan ibilia zela eta hainitz sofritua, Verduneko gudukan.

        «Zer da, gizagaizo hori, bertze hainbertze bezala, Verduneko errezelatuetarik?»

        Huntan, xaharra supiztu zautan, Verduneko gerlarien ohorea zikindu banu bezala:

        «Ez, ez duk Verduneko erreketan okertua gizon hori bainan Anozteiko errekan!», zautan bizi-bizia ihardetsi.

        Salbu nintzen... Solas iturria azkenean ideki baitzen. Dautzuet ahoa xabalik egon nintzaiola aditzale.

        Bere zigarroa, tu zirrizta batekin, onbor suari bota zion, eta lotu zautan okerraren istorioa kondatzen.

        «Ba... Mutil gazte zelarik, galdua dik okerrak bere begia... Eta, atzo balitz bezain ongi, orroit nauk, noiz eta nola.

        Elgarrekin muntatu ginian balentria baten ondotik duk hortaratua.

        Azkainen orduan, gazteak zerbeit bagintukan... Oraiko gazteak, pitsik ez dituk! Espantu hanitz ba, bainan obretan, debru pitsik!

        Denbora hetan beraz, Donibaneko jandarmek, Mortzelaitar gazteak begietan gintiztekan.

        Goiz batez, Erroteneko astoa, bi sokez tripa azpitik hartua, arbola baten puntan zintzilik atzeman zitekela eta, hura gure gain!

        Gure gain ere, pilota plaza kaskoan arrimaturik atzeman zitiztekan Xobadin-baitako mahain bat eta lau kadira.

        Astoa, ez zakiat nork hupatua zikan arbolerat, bainan plazako lanaren egile buru: Pepe Nanoa zukan.

        Pepe Nanoa, gizon zango makur, tiki-tiki, enbalier hura, hortako on zela, nehor ez baitzukan dudatu ere.

        Dena den, kaxketadunek gure gazte lagun, Zizari Mortzelaitarra, lan horietaz akusatu zitekan, preso altxatu, aitor-arazi nahiz zafratu, eta azkenean libratu, erranez gu denak abisa gintzan, ez baginen geldirik egoiten, bertze hainbertze bilduko ginuela.

        Kaxketadun zitalak! Zer zitekan hola guri jazartzeko, jakin gabe ere nor zukan hobendun?

        Erotu gintukan! «Gurekin taria nahi baditek izanen ditek! Irakutsiko ziotegu zer axola dugun heien mehatxu eta larderiaz!»

        Sei Mortzelaitar gazte elgarretaratu gintukan, denak kontrabandako lagunak, eta, hilik ere, elgar galduko ez ginuenetarik Borkotx eta Zizari, Menttura, Okerra, Xubero eta ni. Deliberatu ginian jandarmeri behar giniotekela zortzi egunen kurriada bederen eman, zerbeit balentria larri, aipagarri muntatuz.

        Larruntzolaren gaineko aldean, baituk giltzurdin harroka haundi bat, gogoan hartu ginian, behar gintiela, gau batez, harrokaren ondorat bildu, kartiereko gereta, ateka, zerrakura guziak, eta gainerat, etxe guzietako laneko tresnak... Guhaurenak lehenik, nehork ez zezan pentsa nor zituzkan balentrilariak.

        Erran bezala, seiak bildu gintukan.

        Mentturak pitzar bat izpiritu ekarri zian, nik ardi gasna zahar bat, eta Borkotxek ogi opil bat, indarren bixitzeko.

        Hirunazka, bi multzotan partikaturik, multzo bakotxak non zer lan egin behar zian, elgar aditu genikan.

        Hiru jokatuko gintukela Espartinbaitako eskualdeari, Martineneraino, eta bertze hiru, Olaberrietako eskualdeari.

        «Lehenik puskak metatuko ditiagu bide hegietan, eta gero, etxetan harturik orga, arkera, gurdi edo zaldi karro, hetan garraiatuko ditiagu hitzartu tokirat».

        Baietz eta baietz, ados gan gintukan bakotxa gure lanerat.

        Beharrik, zakurren beldurrik ez ginian. Guk ibiltzen ginikan kontrabandarekin, kartiereko zakurrek errotik ezagutzen gintiztekan. Ez zitekan guretzat sekulan saingatzen, bainan hanbat gaxto gardarik agertzen bazen inguru hetan. Errepika osoan, heien pasaia urrunerat salatzen ziteian.

        Halere ederki pekatu behar ginikan gau hartan.

        Hastetik, gure harat-hunatetan, ongi atera ginitukan. Larruntzolan mutil baitzukan Xubero, hari esker, etxe hortako pusken aldaira aise erreusitu ginian, bai eta Xarlexbaita eta Zelaikoena ere.

        Bainan, Eskolakobordako ondoan hasi zaizkigukan desgraziak. Hango larrekia behera, hiruak, gereta bana bizkarrean, gaki baigintukan, ez zauzkiuk ba azpiko tarte bidetik bi garda ateratzen: «Halte!», eta «Halte!», oihuka.

        Briu-brau, burua behera, gure geretak bota ginazkotekan, eta nik daut, lastersko tokiak hustu ginitiela.

        Geroxago berritz, Premun errotan galtzez gintukan. Premu errotazainak, erralditako, sekulako astoak, hamabortz bat segurik, hazten zitian.

        Astoteiko ixpila batean beiratzen baitzitikan laneko tresnak, ahal bezain poliki, astoen artetik, ixpilarat sartu nindukan, heien handik hartzeko.

        Ba baina, ez zaizkitakan ba asto guziak ernatu eta orroaz lotu! Debruen fildak!

        Premu senditu nian gelatik jausten... Arraxina argia eskuetan, etorri zuan astoteirat eta bere kabaleriaren lausengan luzaz han egon.

        Anartean, han nindagokan ixpila hesiari josia, hila bezain geldi.

        Uruski ez nindian ikusi, eta, handik urrundu zelarik, jakiten ahal duk ez nintzela ni ere han lokartu.

        Ez handik eskuak hutsik urruntzeko, ote meta ondotik, lerak giniozkan airetan ereman Premuri.

        Goiz alderat, ehun bat laneko tresna eta gereta segurik, baginitian metaturik, Larruntzolako giltzurdin harrokan.

        Lanean lehertuak ginituan... Bainan halere, eta, argi zirrintza izanagatik ere, kaskoan hartu ginian, seiek batean, azken garraio bat egin behar ginikela... Anozteia ginikan begietan.

        Han bizi zukan Basurdia deitu gizon bortisko bat, eta, harekin, zenbait denbora lehentxago izana gindian eztabaida bat. Kontrabandako presa batez, haren sorroan baiginitian zenbeit pottoka sartuak, hek herriko mutilaz bahitu zauzkuian... Halere salbatu ginitian. Bainan, Basurdeari egitate horren kitantza zor giniokan.

        Beraz, deliberatu ginian, seiak gan-eta, haren etxeari behar giniokela huts aldi on bat eman.

        Harat-eta, lotu gintukan lanari, lehenik airetan eta ixilik, biderat garraiatuz gurdia, arkera eta zaldi karroa.

        Heien gainerat kargatu ginitian atzeman apailu eta puska guziak: are, bortz-hortza, marka, irauldeko apailu, sega, aintzur, haga, brozela saketsak, otasketako trebazak, uztarri, hede, ba funtsean... eskuperat etorri guziak.

        Aldaira osoa han muntatu ginian, bideari lotu gintukan, biga gurdiarekin, bertze biga, zaldi karroarekin, eta, aintzin aintzinean, Okerra eta ni, arkerarekin.

        Arkerari, gibeletik, martinbulua arrimatua giniokan.

        Abiatzen gaituk beraz bideari, bainan hara non, oihu paturria ikaragarri batzuek airea inarrosten diteken: «Heup, heup, heup! Ohoin basa zikinak! Norat gaki ditutzue nere tresnak!!!»

        Denek ezagutu ginian Basurdearen orroa.

        Bainan, badakika zer egin zaukun Xuberok?... Egiaz errana duk ba: Xuberotarrek, zangoa bezain arin dutela burua!... Ehorrek juja zak ba!!! Ixil ixila egoteko orde, ez zikena Xuberok, bere boza altxatu! Boza altxatu, eta... xuberotarrez!

        «Kasü, kasü! Basurdia dük heben!» Oraino beharrietan diat haren oihua. Pentsa ba Basurdiak ez zian ezagutu nor zen! Xuberotar ergela!

        Dena den, ez ginitian halere gure kargak eskuetarik utzi, bainan, mutur hauska, pusken erdiak tilisti-talasta bazterretarat berduratuz, seiak aintzinean eta Basurdea ondotik, patarra behera tira-ahala jokatu gintukan.

        Eta, orduan nik izan nintian nahigabeak! Soineko boten lokarriak zartatu zaizkitaian, eta, oinetakoekin hasi lasterkada, ortutsik segitu nian.

        Gehiago zena, karga nausitu zaitakan, eta, timuina han harat largaturik, doidoia kargapetik baztertu ninduan.

        Gibeleko kargek, abaila gorrian, nerea jo ziteken, eta han amildu hituen, gizon eta puska, patapunpaka, zafrada izigarri batean.

        Halere sei gizonek, nolazpeit ihes egin ginian.

        Zorigaitzez, gutarik bat, Okerra, begian kolpe bat harturik, atera zuan.

        Etxerat sar-eta, igandea baitzukan, ongi garbiturik, bizarra eginik, gan gintukan denak goizeko mezarat.

        Gure malobraren berria laster hedatu zukan herri guzian.

        Herriko mutilak kridatu zian, bota pare bat bazela atzemana... Galtzailea agert zadien herriko etxerat. Pentsatzen ahal duk bota heien jaberik ez zela behin ere agertu.

        Pilota partida bat egin-eta, itzuli gintuan nor gure etxetarat... Kartiera guzia airean atzeman ginian.

        Kaxketadunak etorri zituken, meza nausi ondoko.

        Guhaurre barne, hogoi bat itzain segurik bildu gintukan Larruntzolako harrokarat, puskaketarat... Guk, gureak, bertzek berenak baino aiseago berexi gintikan, gisa hartarat ezarriak baiginitian.

        Denek bezala, gaitzeko erasiak atera ginitian holako joko basa muntatu zitekenen kontra.

        Zizari, bertzeak baino harrokiago mintzatu zuan jandarme-ri: ean, berritz ere, hoben gabeek pekatuko zuten, egiazko hobendunentzat... Hek ziren baliosarekin, jende prestua ez zela biziki gerizatua... Eta, holako!

        Basurdearen erranetik, kaxketadunek Xubero deitu zitekan eta itsuski galdezkatu... Bainan, ez zioteian debru pitsik salatu.

        Okerra aldiz, kontrabandakotik kolpatua balitz bezala, Urruñako mirikuaz ixilka artarazi ginian. Bainan, bere begi hura ez zitzaiokan behin ere oneratu, eta, emeki emeki, azkenean, bixta galdu zian.

        Horra, gure herriko Okerra, nola okertua den.

        Ez gintukan orduko gazteak, oraiko perttolietarik! Orduan ba, baginakikan jostatzen!»

        «Hum!», nion ihardetsi, nere xaharrari!

        «Zer, hum eta hum!... Hori hala duk!!! Orduan ba, baginakikela gaztek abusatzen!»

        «Baietz, gizona, baietz... Ba, baaa!»

 

(Gure Herria, 1955, 51-56)

 

aurrekoa hurrengoa