www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Ipuin eta ixtorio
Piarres Larzabal
1930-1964

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Piarres Larzabalen idazlanak (V), Piarres Larzabal (Piarres Xarrittonen edizioa). Elkar, 1996.

 

 

aurrekoa hurrengoa

ESKUALDUNA MIRIKU

 

        Etxepare jauna karraskan ari baitzauku «Eskualdunean» medikuntza jakitatearen hedatzen, haren aldean, kasik haur mukizu bat izanikan ere, bizkitartean, hasi duen sail ederrean, ez dut bakarrik utzi nahi. Hortako lotu naiz ni ere lan berari, nahiz arrunt mail berezi batean. Etxepare jaunak erraiten baitauku zer egin behar dugun holako edo halako eritasunetik sendatzeko, nik argitarat eman-gogo dut, Eskualdunek zer egiten zuten eta hainitzek oraino zer egiten duten, gorputza zonbait gaitz tzarrez hunkia dutelarik, hartarik garbitzeko. Ez dut den gutienik igurikatzen hek dakizkaten sendagailu guzien argitaratzea, bainan bakarrik zonbaixka batzuen. Hemen aipaturen ditudan sendagailuak, hamar hameka ahotarik bilduak dira oro eta frango eremu hertsian. Beraz ez dut lana hasten baizik: haizu nornahiri nere ikertzeak barnatzea eta nik moldatuko axalari mami on bat emaitea.

 

* * *

 

        Zonbait aldiz behar bada, egon zarete begiak ñir ñir, ez edanarengatik, bainan aire gaixto zonbait begirat sarturik. Badakizue ez dela josteta, beti nigar tzar bat heldu, argia ezin jasan eta hogoi-eta-hameka keinuka ezin geldi. Huna bildu ditudan zonbait aholku aire tzar hori kanporat haizkatzeko dira. Aski da begia garbitzea lahar osto ur irakituarekin. Lahar ostoaren orde berdin litake kamomila, dutea edo oraino ehun ostotako arrosa idortua. Bainan bada horiek guziak baino sendagailu zaluagoa eta errexagoa. Zoazi haurra bularrean daukan emazte batenganat eta, xahakotik arnoa bezala, ixur-araz zazu haren esnetik zirrizta bat zure begiaren gainerat. Bertze deuseren beharrik ez dukezu sendatzeko. A zer tiroa, duzu asmaturen! Nahi duzun bezenbat, bainan, oxtian nion bezala, nere xedea ez da jendeen kitzikatzea, bainan bakarrik erakusterat emaitea zer medikuntza duten usatzen holako edo halako gaitzetan.

 

* * *

 

        Eta beharriko mina nola senda? Badakite orok ez dela hau goxoenetarik eta bereak eta asto beltxarenak ikus-arazten diozkala jiten zaion dohakabeari. Huni ihardokitzeko ez ditut bi sendagailu baizik bildu et hauk denek ezagutzen dituztenak. Huna lehena. Aski da teila belarra lehertzea eta haren urina beharri ziloa beheiti egortzea. Bigarrena da berritz olio poxi baten sar-araztea beharritik. Eta hori, huna zertako, gizon xahar batek erran dautan bezala. Beharri barnean ba omen da har bat. Har hura egarritzen omen da arteka eta zalapartaka lotzen, bakerik ez duela utzi nahi, edari xorta bat ukan artio. Bitxi ez den ahatik nola nehor ez den ongi heldu, zurrutarik gabe!!

 

* * *

 

        Kalitza eder da elizan, bainan ez da berdin, sortzen delarik esku gainean edo mazelaren erdian. Gu bezalako mutil zarpailek ez diotegu hanbat kasu emaiten, bainan bertzela da neskatx larru goxo nahi, irindu horientzat. Huna nola xahar denborako nexkatx gazteek, ganarazten zituzten delako kalitz horiek. Goiz batez goiz jeikirik, zoazi baratzerat. Bil zatzu bederatzi bare eta ziri batean sar-azkitzu lerro lerro. Gero torra-azu zure kalitza bare bakotxarekin behin. Zure ziria ezar-azu bide-gurutze batean. Bederatzi goizez, lan bera egizu, zure kalitza torratuz bare bakotxarekin. Deus gehiagoren beharrik ez dukezu zure larrua guritzeko eta leuntzeko.

        Egia erran, ez dut nehor ikusi sendagailu horri jarraikitzen, bainan ba frangotan segidako huni. Sagar bat pikatzen duzu izari bertsuko lau pusketan. Haukiekin, banazkakoan, bi hiru aldiz karrakatzen duzu zure kalitza. Gero, bazoazi zure sagarraren ontsa gordetzerat, hobekienik lur-pean, ezen, haren atzemaileak, zure kalitza, berak ukanen omen bailuke. Gehienetan, ez da aski behin bakarrik gauza horren egitea, bainan behar da lau bortz aldiz lan berari lotu, karramintxa debrua arrunt suntsitzekotan.

        Huna oraino bertze bi molde kalitzaren kasatzeko. Lehena da hunen estekatzea hari zirikuarekin ondo ondotik eta ahal bezen junt. Hola zonbait egun atxikiz, bera eihartuko da.

        Bigarrena da berriz, fiko ferde bat zapatuz, haren esnea kalitzaren gainerat ixurtzea, hau orratz puntaz zilokatu ondoan. Esne harek, zure larru kailua beltzatzen du eta poxika erretzen.

 

* * *

 

        Fikoz mintzo nizanaz geroz, behan bada hitz horrek oroitarazten dautzue denek hain maite duzun fruitu azukretsua. Bainan medikuntzan bertzerik da, ezen, hemen fikuak deitzen dira, frantsesek «hémorroïdes» izendatzen dimiten zauri ubeltsuak. Bi sendagailu badira ezagutuak haukientzat. Lehena: erkalatxaren ura egosi eta haren edatea. Bigarrena berritz: mina gantzutzea olio eta malba urarekin, hauk izari berean elgarrekin nahasi ondoan.

 

* * *

 

        Malba hortan eskualdunek fidantza haundia dute. Horrekin maiz zangoak mainatzen dituzte. Bertzalde, horren ostoaren ura baino hobeagorik deus ez omen da barnea garbitzeko, salbu behar bada, fruitu ferdetik ausarki jatea.

        Horiek hola, irakurle xahar maitea, segur naiz ez zinauzkela lekuaren gainean, jakin nahizik zer sendagailu aterako ote dudan zure erromatismentzat. Har zatzu beraz maiz eta beroki azeri buztan mainoak.

        Bertzenaz, atzeman-azu azkonarro bat eta haren urinarekin ontsa torra-azu zure belaun edo beso gogortua.

        Edo oraino, bederatzi bat pinta uretan ezar-azu bi kilo gatz eta binagre poxi bat. Ur hartan busti-azu oheko mihise bat eta huntaz ingura zaite. Baditake azken aholku hunek, tut ez duen balio, bainan hola jokatzen omen ziren gure arbasoak, eta hetarik hainitzek beren ehun urteak bete dituzte. Ez da beraz hor irri-mirririk, heien erakaspenek zerbeit on badakarte.

 

* * *

 

        Xaharra eta haurra, bi hitz horiek usu uztartzen ditugu. Ikus dezagun beraz nola eskualdun amek artatzen dituzten beren haurrak.

        Legarraren sendagailurik hoberena omen da eztia.

        Krisma (5) baldin badu zure haurrak buruan, hau ez zaio demendrenik artatu behar. Bertzenaz jinen zaio urte-mina. Azken gaitz hau higuingarrienetarik da. Gorapenetan gaxtatzen da eta beherapenetan gordetzen, bainan sekulan ez kuntsumitzen.

        Zizariekin dutelarik partida haurrek, huna zer sendagailu usatzen dituzten eskualdun amek. Lehen bai lehen edanarazten diote haurrari zizari belar ura, edo berdin, baratxuri ura olioarekin nahasi eta. Gero ibil-arazten diozkate lepoan, bederatzi baratxuri xixtor, hari batean, arrosarioa iduri apailatuak. Gaitz berarentzat, arras on omen dute ere, xilkuaren gainean atxikitzea ur eta izpirituan egosikako kamomila, bero beroa.

 

* * *

 

        Xarranpinaren sendagailua galdetu eta, ez dut ihardeste hau baizik ukan: edan azkarki esnea.

        Kokolotsa duenak behar omen du bizi den lekutik urrunxko aldatu, aire berri bat aurkitzeko gisan eta kafea edan ausarki.

        Huna bertze sendagailu bat oraino, min berarendako. Bare kurkuilu andana bat bil-azkitzu eta ezar, ongi azukreztaturik, irazteko baten gainean. Laster bare kurkuilu heiek guziak hasiko dira halako kaurin baten kanporatzen, Kaurin hura aski da haurrari ur epel pixka batean irets-araztea. Eta, ez otoi ari fu-zikinka. Edani hori arras ona omen da eta haurrek ezpainak milikatzen omen dituzte xorta bat ere ez galtzeko.

 

* * *

 

        Haur hainitzek, zonbait odol gaxto eginarazten diozkate amari, izen gabeko eritasun hunekin, erran nahi dut, gau guziz ohea bustiz. Xaharrek diote, aratsetan ez litazkela sekulan haurrak su-ilete batekin jostatzerat utzi behare jostatze horrek ekarki duelakotz oxtion aipatzen nuen ondorio tzar hori. Dena den, huna nola ikusi dutan gaitz horri ihardokitzen. Bazoazi hil-harrietarat eta hartzen duzu azkenik harroturikako lurretik, ahur on bat. Haurra oherat eremaitean, zure lurra erakusten diozu, erranez nondik duzun eta han ezartzen diozu sehaskako buhurdiaren azpian. Hori bera maiz aski da, haurraren sendatzeko. Zoin egiak diren ahatik hitz zahar hauk: izitzea dela zuhurtziaren hastapena!

        Bertzalde errankizun bat bada, eritasun hori bentzutzeko aski dela, zonbeit sagu urian egosi eta, hola moldaturikako haragi salda zanka zanka klikatzea. Bainan, ez zaut iduritzen egundaino nehor atrebitu dela holako zikinkeriaren iresterat.

 

* * *

 

        Aza xirtoina olioan bustirik, ez zinuke sekulan amestuko, zertako ditaken paregabea. «Suppositoire» gisa. Jendetasunarengatik ez dezaket izen frantses hori, eskuararat itzul. Agian ez zautzue sekulan behartuko zer den jakitea.

        Zakarren idortzeko ez omen da deus hobeagorik nola lahar ostoa eta zaia urean irakin-arazi ondoan, hunekin heien garbitzea.

        Hi aldiz, goiz gixon mukizua, hire bizarra ezin sortaraziz ari bahaiz, entzun-zak zahar aholku hau: oilo kakaz torra-atzik hire mazel kokotsak.

 

* * *

 

        Sugeak ausiki bazaitu, zoazi ahal bezain laster erroitza batetarat. Kanibetarekin gurutze bat egizu ausikiaren gainean eta han ezar-azu ur zurruta baten azpian. Gero esnez asetzea bertzerik ez dukezu, fine sendatzeko.

        Ur xirriparik ez bada zure inguruan eta norbaitekin bazare, huni suge ausikia tustaraz-akozu, ez balin badu segurik ahoan fits karramintxarik. Horixe bera aski omen da salbatzeko.

 

* * *

 

        Neguan hainitz jenderi eskuak zartatzen zaizkote hotzarekin. Huna sendagailua: doazila ardi deizterat. Ardi errapean baita halako liska bat, hunek zalu joan-araziko diozkate zartadurak.

        Ez zinauzkelarik letagin edo hagin usteldu batetik minez, emaztekia bazare, ar-atzu basa pastenagre lañazak, gizona bazare aldiz, pipa-azu ausarki.

        Mafrundi tzar batek joa, zintzatzetik ezin geldi zintazkelarik, lañazak ar-atzu ur irakituarekin, huntan lehenik ezarririk ahur bat hauts, ahur bat piper min eta bertze hainbertze gatz. Agodrienta edateak ere on haundia egiten omen du holakotan. Nonbaitik ere!!!

        Huna eskualdun xaharrek zango mainatzeko urean, zer manatzen duten gehienik emaitea: gatza eta hautsa, xira ostoa, eltzaur ostoa, gaztain ostoa, belar azia, malba. Odol gaxtoek kitzikatzen bazauzte, haukientzat, urari petrola nahastea da hoberena.

        Beso edo zango iñartatua junt lot-azkitzu, iñarta belarraz inguratu ondoan. Belar horren eskasian, keldar errauts puska bat, zonbait arroltzeren xuringoarekin heda-azu trapu baten gainean eta huntaz birunga-azu zure iñartadura. Ezur hautsi edo ateraiarentzat ez da deus egitekorik, baizik-eta daunatuaren atzemaiterat joaitea.

 

* * *

 

        Odol kolpearentzat behar omen da edan karraskila ura edo ausin ura. Azken sendagailu huntan fidantza haundia duen gizon batek zautan: zonbat ausin ur edanen baituzu, hainbertze odolez arinduko zira. Zintzimarien beldur bainintzen egundainotik, orai jakinen dut nola joka bertze aldian.

        Leperia balin baduzu, zaude beroki, zure lepoa ardi ile ahal bezain zikin eta gizenkorrez ontsa tapaturik.

        Behin atzeman dut gizon bat, zernahi ikusten zuela urdailarekin. Arrunt gogoetatua zen bere eritasuna zonbait sorginek egorria zakotela. Hortakotz atso xahar batek aholkaturik, hamar liberako bat hel-arazia zuen herriko erretorari, meza bat erran zezan harentzat.

        Bertzalde bere gaitzarentzat hainitzek manatzen omen zakoten bere pixetik goiz guziz eta barurik baso bat irestea, bainan ez zen atrebitzen. Huna beraz zer hartzen zuen apairutzat egunean bietan: baba zahar lehertua, olio eta baratxuriekin nahas-mahasia. Agian ongituko ahal da!!!

 

* * *

 

        Frangotan, nik uste, golkoan ukan duzu halako erredura bat. Huni bihotztarra erraiten da eskuaraz. Horren eztitzeko aski omen da edatea esne gordina edo lahar osto ura, edo oraino jan-azu eltzaurra.

        Ote bat nori ez zaio egundaino sartu eskutik edo zango zolatik? Batzuetan orratz puntaz oren batez kitzikaturik ere, ez ditake larru gainerat ageraraz. Orduan, huna zer egin. Ote ziloan ezar-azu, zerri mina (orotsarena ahatik) edo oraino gatzagiaren mamia. Bi gauza horietarik, bat ere ez badaukazu eskupean, berdin da, ezen horien orde indar bera du zure beharriko liskak. Hunen atzemaitea da lana!!!

 

* * *

 

        «Jaunisse» nola izenda dezaket eskuaraz? Gure aldetan segurik «joniza» deritzagu, Dena den, huna nola arta dezakezun. Aski ditutzu bederatzi zorri egostea eta heien ura edatea. Usteko duzu, beharbada sendagailu hori errankizun bat dela bakarrik. Nik ere, hala naukan lehenbizian nere burarekin, bainan geroztik osoki segurtatu naiz, delako salda hori ez dela ontsa bazkaldu eta asmatuko hetarik, bainan egiazki zintzurra behera joaiten diren hetarik.

        Saki batetarik odola zurruztan heldu eta ezin geldi-araz delarik, odol ziloaren tapuin gisa, irmiarma sarea zerbitzatzen ikusi dut maiz.

        Sahetseko barearentzat huna gure haurtzarotik zer egin behar dela erakutsi daukuten. Aski da konkortuz lurretik harri bat hartzea, tuz bustitzea eta lehengo leku ber berean ezartzea.

        Irriz zaudete segur sendagailu tetele huntaz, bainan nik dautzuet ez dela batere tetelea, ezen, frangotan, horri esker, nehorrek kasatu izan dut sahetseko barea.

 

* * *

 

        Etxeari sua lotzen delarik, ura botatzen zaio gain behera. Bainan zure zangoa edo besoa erretzen hasten badira, bertzela behar duzu jokatu. Zoazi beraz laster barrokirat. Bil-azu eskutara on bat behi kaka guri eta gozotik. Gero, han, talo bat bezala zabal-azu erreduraren gainean. Hola ez zaitzu den gutieneko frintzarik agertuko.

        Gauza bera egiten da egosidurarentzat. Behi lohiaren orde berdin da kisu bizia edo batzuek diotenaz: tinta.

        Xixtapur zonbait nonbaitik sartu eta ezin atera duzularik, aratsean oheratekoan birunga-azu zure mina suge larruz. Biharamuneko xixtapurra bera jaliko da haragi barnetik.

 

* * *

 

        Negelarra joan-arazteko, aski da hunen gantzutzea bederatzi goizez eta barurik anbulu erroarekin edo oraino tua eta gatzarekin.

        Beltxorra balin baduzu begian, (eta hau gezur erraiteak etor-arazten omen du) gako baten eraztuna bero-azu oihal baten gainean harat eta hunarat ibiliz. Gero eraztun harekin zapa-azu zure begiko hauntura. Deus bertzeren beharrik ez duketu, zutarik gezurti aipamenaren urruntzeko.

        Urtzintzaren ixil-arazteko, frango jukutria bada bazterretan. Huna hiru, gehienik ezagutuak eskualdunen artean. Baso bat ur edatea, gapelua azpikoz gora buruan emaitea edo zartako fin bat ukaitea. Ahatik, ez ahantz, jendetasunak galdetzen daukula urtzintzlariari: «Dominix tecum» erraitea.

 

* * *

 

        Izerdi sartua nola senda? Zer zaitzu Batita? Eta Batita hasi zaut segidan sekulako elasturetan. «Hori, behin, gaztetan, pilotan ederki izertu nintzen eta gero hoztu. Hantxe bildu nuen ustez, nere denborako eritasuna. Ohean nindagolarik beraz sukarretan, heldu zaut auzoko gizon xahar bat. Harek erakutsi zautan ene gaitzaren sendagailua eta han esker naiz oraino bizi. Huna zer nuen egin. Odolki egosteko panderu haundi baten bete ur irakin-arazten duzu eta hartan ezartzen erramu benedikatutik zonbait aldaxka, baratxuri zahar hosto zonbait eta erromani ondo batzu. Pandero hura tapatzen duzu arbi-ketako saski kozkor batekin. Zehorre jartzen zare biluz gorririk saski haren gainean eta ongi ongi inguratzen zare oheko estalki zonbaitekin. Epe laburrak barne, izerdi uharrak abiatzen dira bizkarra behera eta zure eritasuna urak eremaiten du». Ez zen den gutienekorik dudatzen, gaizo Batita, haren endagailua aspalditik hedatua dela, ez balin bada ere hartzen panderu eta saski pottorrekin.

 

* * *

 

        Eztularen kontra aholkatua da idi-mihi ura. Bertze frango belarkiekin saldak moldatzen dituzte eskualdunek, bainan belar horiek ezagutuxeak dira jadanik leku gehienetan. Hala nola: kamomila, gerezi buztana, meliza, tilura, lizar ostoa, gaziz ostoa, xendena belarra, menda, edo oraino koskana, hau izpiritu poxi batekin.

        Ote sistako batetarik maiz zorne bat etortzen da. Ez bada kasurik emaiten zorne harek bere inguruak kutsatzen ditu eta laster umeak egiten. Min hortarik sendatzeko, zila-atzu, orratze gorritu batekin zure bizika materiatsu guziak eta gero atxik-azu bulta bat zure alderdi minbera ur gai batean (ur gaia erraiten diogu kurri doan urari). Hortarik lekorat, ez duzu zauriaren idortzeko lana bertzerik izanen, huna zerekin: bada ostoarekin, edo belar beltzarekin edo bortz zainetako belarrarekin edo hobekienik orkatx belarrarekin. (Hau oraino aingeru belarra deitzen dute).

 

* * *

 

        Zernahi karramintxen artagailu gisa on dira baratxuri lehertua, tipula berotua edo esne gaina (hau bereziki mina jadanik zakartua delarik).

        Haunditsuentzat bi sendagailu bildu ditut, deus ez baitute zor botikariotako sendagailu hobereneri. Lehena da: pika belarra. Belar hau, larria eta oliotsua, guti aurkitzen da bazterretan. Suan poxi bat guritu ondoan, ezar-azu zure haunditsuaren gainean. Nik dautzut laster ohartuko zarela zer ondorio onak emaiten dituen. Laparra bezala lotzen da bere lanari eta uzten balitz, ez luke bakarrik materia gorputzetik jaliaraziko bainan haragia bera ere.

        Bigarren sendagailua, «tirakolon» deitzen da. Nik ez dakit non debrutik heldu den izen hori. Dena den, huna nola moldatzen ikusi dutan. Eltze batean nahasten ditutzu salboin beltza, etxe ezkoa, urin gatz garbia, etxe arnoa, oilo gantza, baratxuria, olioa eta bederatzi ur benedikatu xorta. Hauk ongi higituz berotzen ditutzu eta zure sendagailua egina da, ontsasko baliosa baita.

 

* * *

 

        Ema sabela mina huna nola behar omen den artatu, emazte batek erran dautan bezala. Lehenbizik gantzutzen da eria olioarekin, hasi zango puntetarik eta sabeleraino: gero berritz gain behera ber lekuraino, Orduan ezartzen zaizko sabelaren gainean bi soseko bat eta hiru xirio benedikatu mutur, hauk sosaren gainean tente. Baso batez tapatzen ditutzu zure sos eta xirioak. Lan bera has-azu bederatzi egunez eta sendo izanen zira.

        Gongoilak zer ote dira? Batere ez dakit, bainan berdin da heientzat bildu dudan sendagailuarentzat, ezen hau errankizun bat bertzerik ez da. Huna zertan den dena. Bederatzi aratsez, bederatzi gurutze bidetan, hiru aldiz bide gurutze bakotxean eta behin bakarrik hatsa hartuz, aski da erraitea: «Gongoilak badire bederatzi; bederatzi, zortzi: zortzi, zazpi: zazpi, sei; sei, bortz: bortz, lau: lau, hiru: hiru, biga; biga, bat. Nere gongoilek egin dezatela zirt eta zart».

 

* * *

 

        Zangotako edo eskutako haunturen joan-arazteko huna sendagailu bat, frango lekutan oraino usatzen dena, Eltze batean ezartzen ditutzu bederatzi gatz bihi, bederatzi harri koxkor, bederatzi erramu osto, bederatzi baratxuri xixtor, bederatzi ur benedikatu xorta. Eltze hura itzultzen duzu azpikoz gora, ur irakitua daukan plata batetarat, eta haren gainean apailatzen ditutzu gurutzean axtur bat eta orraze bat. Zure zango edo esku hauntua luzatu ondoan hola eginikako gurutzearen gainerat, tapa-atzu ongi. Gero zaude geldi geldia platako ura noiz eltzerat dena sartuko den beha, ezen hala gertatzen da. Bederatzi egunez, gisa berean joka zaite eta osasuna ukanen duzu.

        Huna non bururatu dudan ene lanttoa. Hortako ez nauke hitz bat erran gabe. Huna zer. Ez otoi uste izan sendagailu hauk, nehorrek asmatuak direla. Ez naiz aski burutik maingu hola paper beltzatzen artzeko ametsetako lukainkez eta bertzalde, irakurle maitea, ene sendagailuetarik hainitz zehorrek ezagutzen ditutzula segur naiz, hori baita frogarik hoberena ez direla ametsetakoak, bainan ba egiazkoak. Ahatik, ez iduki eskualdunak, jende tonto gibelatu batzuentzat. Nornahi bezein ongi badazkite zer diren kataplasma, baso eta gaineratekoak, eta eskualde hautako botikarioak, bertze edozoin eskualdetakoak bezenbat aberasten dire. Nere xedea izan da beraz, ez medikuntza jakitatearen erakustea, bainan ba eskualdunen jakitatea, medikuntzaren gainean. Nik ez dut lana hasi baizik. Agian norbaitek segituko du edo sendagailu berriak bilduz, edo, ene sendagailuetan berexkuntza eginez on eta tzarren artean. Nork daki, ean, hola jokatuz, ez giren jainko ttipien maileraino helduko? Agian ba!

 

(Gure Herria, 1934, 404-413)

 

aurrekoa hurrengoa