www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Ipuin eta ixtorio
Piarres Larzabal
1930-1964

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Piarres Larzabalen idazlanak (V), Piarres Larzabal (Piarres Xarrittonen edizioa). Elkar, 1996.

 

 

aurrekoa hurrengoa

LARRUN, ENE MENDIA!

 

        Zerbait dakiena, mintza bedi! Ene iragan denbora, oraino atzo duzu. Bainan, hain da laster atzo hura bertzalakatu, nun Larrun, ene mendia azken berrogoita-hamar urte hautan saindatu baita naski, aintzineko bortz mendeetan egin izan zen baino gehiago.

        Larrungo mendi-pean sortua, Larrun kaskotik lehen auzo den etxean, Azkaingo eskualderat, ttipitik eta geroztik ere, Larrun kurritu izan dut luzeka eta trebeska, dituen zabaldura eta xokomoko guziak erneki ikertuz, begiz perekatuz, bihotzez gozatuz.

        Larrun mendia, hitaz zerbait dakitalakotz, aipatuko haut, gerokoek jakin dezaten, zertarik zertaratu haizen.

 

 

LARRUNGO BETIZOAK

 

        Orroit naiz, hamalaueko gerla bururatu berria-eta, nola mendi maldari lotu baino lehen, beha-aldi luze bat ematen ginion ikusteko ean kabala lanjerosak han ziren. Delako kabalak behi betizoak edo, laburzkiago deitzen ginituen bezala: «betizoak». «Betizo» hitz hori hedatua da Larrun mendiaren inguruan, jende eta alimalentzat da bakarrik baliatzen, eta «non domestique, sauvage» laitezke horren frantseserako itzultze hoberenak.

        Dena den, betizoak, orai «lasterketan» erabiltzen dituzten landes behi horien idurikoak ziren. Ogi bihi kolore, txar eta zaluak, eta gaxtoak, multzoka alhatzen ziren: zezen, behi eta aratxe.

        Nik ez dakit ote ziren odolaz arraza basatik, edo etxeko behi basaturik... Nehork ez zituen ihiztatzen, salbu lanjerosak gertatzen zirelarik... Bat hiltzen zutelarik, hala beharrez, gehienetan hil-toki inguruko etxetarat haragia partitzen zuten, «sesiña» egiteko. Sesiña egitea da haragia kontserban ezartzea olioan.

        Betizo horiek, lanjeros izanagatik, bazuten beren abantaila ere. Ez baitzen orduan «xiringazko eraintzalerik», ez eta beti auzoan zezenik, zonbaitetan etxeko behiak larrerat igortzen ginituen ernaltzerat... Merkeago zen hola, eta, bertzalde xahal onak botatzen zituzten betizo zezenek... Ahatik, ume aitatarrak! Behin gure behi bat holaz erdirik, debruarenak ikusi ginituen haren ume-ihizia ezin eskuetarat bilduz.

        Bainan kanpotiarrak, Larrunen hegal ederrez oharturik, batzu oinez, bertzeak mandoz, azkenak tranboz, gure mendiaz jabetu ziren.

        Guk, lekukoek, baginakien ez zela arropa gorritan betizoeri hurbildu behar, baginakien betizoeri ihes egiten, harroka puntetarat iganez bederen. Bainan, hiritar hain argituek holakoxkarik ez zakitelakotz, zonbaitek adar kaska batzu bildu zituztelakotz, legea atera zuten behar zirela betizoak suntsitu... Eta, tiroz denak garbitu zituzten, azkena Uharteko ondoan.

        Pena da... Ahatik, ez dakit gerlen edo zergatik, oraiko jendeak, lehenagogoak baino irriskorrago eta lanjerkinago baitira, nago hainitzek ez ote luketen Larrunerat tirantza berezi bat beren baitan sendituko, berritz betizoak alha balire mendi horren maldetan.

        Larrun kaskoaren jabe diren lau herrietako buruzagiek, elgar aditurik, ezar baletzazte kabale basak, lehen ziren tokietan, eta erreklama egin balezate «Montagne de la Corrida»-rentzat, iduripena dut jendea usuago iza laitekela mendi hortarat.

 

 

LARRUN KASKOAZ

 

        Larrun kaskoak asko xapela mota jauntzi ditu azken mende erdi huntan. Gure haurrean, seinale ziren oraino hor, denboraz zen ermita kaperaren teila eta paretak... Geroztik, erlijionez bezain ilusionez aberats ziren bi Azkaindar gizonek (Jean Sougarret eta Koxe Larranbaitakoak), otoitzean eta ortutsik, ereman zuten zurezko gurutze pisu bat eta landatu lehen kapera zen tokian.

        Hor izan dira edo badira oraino, Napoléon ttipiaren ohoretan altxatu harrizko arranoa, inguruko hedaduren karta dakarkien mahain arrunda, hotelak eta menttak ere.

        Alemanek, gure tokiez jabetu zirelarik, hor ezarri zuten, airetakoen seinalatzeko «radar» deitu miraila zabal bat. Haren inguruan muntatu zituzten, burdin zimentaz, gerlako ziloak... Lekua hustu behar izan zutelarik, oro jauzarazi zituzten bolboraz... Hortakotz oraino ere, Larrun kasko inguruan, nun-nahi arrapa ditazke aleman gerlako orroitzapenak.

        Orai fama da behar dutela oto bidea egin Larrunerat, eta ere, hor muntatu telebizioneko-potreten hedatzeko tresna bat.

        Tokiko jendea gehienik upatzen da mendi hortarat Pazko eta Mendekoste biharamunetan... Gaztek maite baitute orduan, jan edan eta dantza egitea, han hemen, multzoka.

        Lehenago, Azkaindik Larrunerat joaiten ziren prosesionez, euriaren galdatzeko. Azkaingo jende xaharrak orroit dira azken prosesioneaz, Bécas bikarioa buru, 1887an naski.

 

 

CORONADO JAUN MIRIKUA
ETA ARDI HAZKUNTZA

 

        Han eta hemen egiten dira, oraiko egunean, laborantzaren onetan, entseguak. Entsegu horietarik izan dira, lehen ere. Bertzeak bertze, Coronado jaun mirikuak ardi hazkuntzako bat egin izan du, Larrun mendiaren maldetan.

        Jaun, miriku horrek, ardi-artalde bat erosi zion Ziburuko Guilbeau andereari, 1903an. Ardi heien pazkatzeko, alokatu zituen Larrun azpiko bi etxe (Xalbadinen eta Xeruen-borda), eta erosi, Azkaingo herriari, lur batzu, Iturriederretan eta Zazpi Haitzetan. Gainean bi borda muntatu zituen ardi heien geriza-leku, eta beherean, erein pazka ferdeak, neguan heien hazteko... Artzaintzat hartu zituen Fermin Xeru eta Battitta Xabaldinen-bordakoa.

        Allier departamendutik ekarri zituen, lehen primako marro edo ahari batzu gaitzak, angeles Southotown eta Diskley arrazakoak... Oraiko dirutan, marro hetarik bakotxak balio lukete ehun mila liberaz goiti... Eri gertatzen baziren ere, heien artatzeko, muntatu zuen barne berezi bat, Donibanen, bere biziteian.

        Zorigaitzez marro heiek ez zuten ontsa eman... Itsas azienderi ez zaiote laket mendia... Bertzalde, Coronadok zionaz, bi artzainek ez zuten konfiantzarik marro heietan, eta zakurrik ez zutelakotz, higuindu zituzten, ezin bilduak baitziren... Halere, marro hetarik etorri ume batek, irabazi zuen lehen prima, Donibaneko ardi primatzetan.

        Angeles arraza bazterrerat utzirik, Coronadok ekarri zituen bi marro, Larzac frantses arrazakoak, menditarrago ziren eta xuhur pazketan usatuago... Bainan, hek ere eritu eta hil zitzaizkon.

        Ondotik, bertze bi marro alimale, adar handi batzuekin, erosi zituen Haute-Garonne departamenduan... Hauk ere fin gaxto egin zuten.

        Orduan, baitzuen jada zer-nahi diru xahuturik, Coronadok, etsiturik, artaldea saldu zuen, eta ba artzain, ba etxeen jaberi, despeira eman zioten.

        Ez-erreusitua, erreusitua bezain argitzale izan baititake, badute hor zer ikas oraiko entsegulariek.

 

 

MENDIAN HILIKIA

 

        Larrun arrano toki duzu... Gauza ederra da bainan suerta nekea, arrano multzo bat harroketan pausatua, beren lepo larrutua erne daukatela, etsaien zelatatzeko.

        Arranoa, hegaztin basa izenagatik, garbia da eta baliosa... Ez duzu edo guti duzu jazartzen haragi biziari eta landetako uzteri, hala nola miru, belatx eta buzokak.

        Arranoek eta belek, hilikiak garbituz, mendia sanotzen dute.

        Ahatik, ez dute moko bera janariaren prezatzeko... Arranoak hil berritik nahi du. Beleari aldiz berdin zaio hil zapar usaindua.

        Gauza izigarri, ezin-ahantzizkoa da beha egoitea zer gertatzen den azienda bat hiltzen delarik mendian... Han baitagotzi beti barrandan, gorputza ikusi edo usnatu orduko, harenganat joko dute inguruko arrano-bele guziek.

        Arrano jauna jabetuko da lehenik hilikiaz, eta, puska hoberenak beretuko ditu: begiak, mihia eta buru-fuina. Bere moko aztaparrak bortizki ibiliko ditu, bainan ohorezki eta garbiki, errege bati dohakon bezala, noizean behinka begi zorrotz batez, bele ausartegiak urrunduz eta inguruak zainduz.

        Bere zeremoniaz hilikia kontsekratu balu bezala, segidaren jateko, bele herrestak hurbiltzerat utziko ditu... Berehala, kataskan, harrapaka, zikin eta okaztagarri, beleak lotuko dira apairuari... Hilimiliklik, kabala hustuko dute, batzuek gibeletik hertzeak ateriaz, bertzek gatzagi zilotik tripa xurgatuz, urdekerian eta saltsan, iduri erotuak, ihauska dabiltzala.

        Arranoak, oraino ere, bertze puska hoberen batzu beretuko ditu, bainan bazterrerat tiratuz janen, ez baitu beleen ziliportez bere jauntzi ederra zikindu nahi. Eta, ez bada alturan, airatzeko abaila hartuko du pisuki, lurra joz bere hegalez gaitzeko arrabotsarekin eta jauzi batzu eginez.

        Denbora laburrak barne, hilikitik ez da geldituko hezur eta larru zamarra baizik... Kabala norena zen, beharritako markatik gizonek ezagutuko dute; hegaztinek beharriak oso uzten baitituzte.

 

 

ARRANO IHIZIA

 

        Orai arrano ihizia bazterrerat utzixea da, bainan, ene haurrean, ihiztatzen zituzten, hirietarat erakusgarri igortzeko lastoztaturik.

        Bi xoletan egiten zen bereziki ihiztatze hori: Kolar Handietan zen etxola batean (orai beti xutik). Ibarnegarai, Ottare, Vergon, Harriet komandant batek eta bertze zonbaitek, badituzte hameka gau pasaturik xola horietan.

        Orroit naiz nola behin, gure etxean, ardi bat galdatu zuten, arranoen apastatzeko. Tipia izanagatik, gure artaldeko ardi guziak ezagutzen nintuen (baziren ehun bat). Bat edo bertze eskas gertatzen zelarik, artaldea bordarat biltzean, laster atzemana nuen zoin zen hura: Lepo larrutua, Titi makur, Adarkari, Beharri xut edo bertze.

        Gure ardietan, bat baginuen haurrek bereziki maite. Gorputz xehekoa, ahuntxa bezain fina, zortzi bat urtetarat jada heldua, zaharrez antzutua. «Muino» zuen izena, kopeta gainean zuen ile karbutzarengatik... Ile putzuka hura, adinarekin, zuritu, lehundu eta harrotu zitzaion, hegastei airos eta errespetagarri batez apaintzen baitziozkan bekainak. Ardi maite hori, arrunt eskuetakoa ginuen haurrek. Noiznahi, alhan edo geldian, etortzen zitzaukun, jaten ari ginenaren eske... Eta, ez baginion pitsik largatu nahi, buruarekin perekan ez ginituen bakean uzten, edo berdin, oinetakoen lokarriak desegiten zauzkigun... Arditeirakoan, bere artaldeko lagunen artetik aldaraturik, beti sukaldeko aterat hurbilduko zen, amoina galdez.

        Bainan, Muinori ere itaitzurak abiatu. Negela zuela, muturretik gorputzerat min zakar batzu hedatu zitzaizkon. Ez zitaken holakorik atxik artaldean... Goiz batez beraz, hartu ginuen gure ardia, aitak sokatik aintzinean, ni gibeletik, makilxka bat eskuan. Abraham eta Izaak bezala joan ginen mendia gora sakrifizioaren eskaintzerat. «Arrano xolak» badu aintzinean soropil garbi bat, kamomila lorez apaindua. Aitari ihiztariek galdatua zioten ardia han hiltzeko, bainan odolik kendu gabe, hola tirantza gehiago zukeelakotz mokodun basentzat... Beraz, aipatu lekuan, aitak pazota kozkor batekin, hiru kolpe izigarriz, burua arraildu zion Muinori eta han utzi ginuen gaixoa, lau zangoz zeruari deika.

        Biharamun argi zirriztean, xolako murru zilotarik, ihiztariek tiroz bota zituzten zonbait arrano, ardi xahar haren jaterat jautsiak... Tiroen ondorio, ikusi nintuen Gantzume eta Ganix garreiariak, arranoz kargatu haga baten pean plegatuak.

        Betikotz bihotzean zauri bat gelditu zautan, gaixo Muino hola finitzen lagundurik.

 

 

ENE AITATXI

 

        Ene aitatxi zen gizon bat izila, osoa eta otsoa bezain azkarra... Gure etxea, patar baten kaskoan baitzen, errebidetik kilometra on batean, behin bazituen bide hortan garraiatzeko lau zaku xori-ongarri (hola deitzen ginuen, lehen: guanoa, eta orai: fozfata zuria) bakotxa kintalekoak (50 kilo).

        Denbora hetan, urgulu bat zen bizkarkako lana, eta, alter jukutria edo ahul molde bat, lan xeheterientzat kabalen uztartzea.

        Xori ongarri heien garraioa beraz, gure aitatxik, bizkarrez egin zuen. Bainan, bere indarraren frogatzeko, lehenik hiru zaku betan zituen etxerat joan, biga espaldetan, bertzea galtzarpean... Bigarren itzuliko, azken zakua bakarrik zitzaion gelditu.

        Ene aitatxik maite ninduen, gehienik naski ardietako begi ernea nuelakotz, eta, galtzak soinean ezarri orduko, bide zorrotzetan ixtaklok hartuz, berekin Larrunerat eremaiten ninduen.

        Lehengo xahar hainitz bezala, xuhurki bizitzen ikasia baitzen, bidean aurkitu guziak biltzen zituen eta etxerat joaiten... Baiginakien nun, jateko, jartzen ziren Larrungo piaiantak, heien apairu lekuetan, aitatxirekin biltzen ginituen botoila hutsak eta paper garbi balia zitazkenak... Gertatzen bazitzaikun bidean ardi hil baten zamarra, hura belarri batez aitatxik biribilkatuko zuen eta makil puntan garraiatuko.

        Noizean behinka ere, zaku bat borda batean arkinez betetzen ginuen (arkina da ardi ongarri xehe gizena) eta, aintzur bat bizkarrean, otardi itsu batzuetarat sartzen ginen... Zertako ote? Pipa-belarra kario baitzen salteietan, gure aitatxik han hemenka bazituen pipa-belar baratze ttipi batzu muntatuak... Baratze horiek herriko lurretan egiten zituen, guardek harrapatzen bazituzten ere, ez zezaten izan jaberik... Makila puntan, edo zakuan, edo arropa besotan, ekartzen ginituela gure puska jada aipatuak, edo onjo, edo gaztain, edo otatx zama, aitatxi eta ni beti kargatuak itzultzen ginen Larrunetik... Ean ez den ba Larrun, mendi aberatsa.

 

 

AITATXIREN ADIXKIDE BAT

 

        Nik maite nuena oroz gainetik, zen, ardiak beherean gintuenean, aitatxirekin ardi zain joaitea, Hiriburuko-bordako pentzetarat.

        Han bizi zen frango behardunki, mahasteiak zirenean dolaretzat baliatzen zen etxola batean, Inazio Beltza deitu karlixta gudulari ohi bat. Haren etxetik ginituen ardiak zaintzen, lanean, pipan eta janean denbora pasatuz.

        Erran baitut gure aitatxik «belar berritik» pipatzen zuela, orroit naiz zoin arta bereziarekin apailatzen zuen bere pipagailua... Pipa-belar hezea, mailuz ongi jo ondoan, idor-arazten zuen ilunpean, eta xerrakatzen kanibeta batekin, suko hauskoaren gainean... Pipatzeko muntadurak zituen bi totxa: bat, urde pizuntziz, egun guzitako, bertzea, sator larruz, besta burutako... Mendian bildu su-harri koxkor bat ferretaz joz, pizten zuen mitxa gorri bat... Pipak bazituen, bat gerezizkoa, gider mako labur batekin, erdi errea, gapelu-pean ibiltzen zuena maizenik. Bertze multxo bat, lurrezko zuriak, kabitze gutikoak, merke eta hauts-errexak, etxean uzten zituenak kopa baten barnean.

        Ardi zain ginaudelarik, ez ginen alferrik egoiten, bainan aihen, bihurri edo faro egiten artzen ginen... Orduan, hainitz garreiatze obratzen baitziren bizkar zamaka, orai baino estekagailu gehiago zen higatzen. Hortakotz ginituen aihen eta bihurriak. Bihurria da adar heze bihurtuz egin korda.

        Faroa da joarea zintzilik ibiltzeko lepo uztai egurrezkoa... Gaztainondo gaztetik ginituen jalitzen... Nolako eta norentzat baitziren joareak-eta, gisa hartarat ginituen faroak moldatzen eta apaintzen... Zeren, baduzu joare eta joare... Bildots joaretan, badituzu: kalaxkak eta ttolonttak. Ardienetan eta behienetan: luzeak eta bulunbak. Ahuntzenetan: zilintzak eta kroskilak. Behi uztartuentzat aldiz: panpalinak, hauk ohorezko joareak, uhal edo uztai kobratu ederretan ibiltzekoak.

        Bainan, Luzaideraino joana bainaiz ene xeheterien kondairekin, hasi sailerat berritz itzul gaitezen... Inazio Beltza, karlista!... Ha, zer istorio izigarriak ez zauzkidan kondatzen, lur sagar edo gaztain basa batzu hauts-pean errez. Santa-Cruz apezaren soldado izana zen. Kondatzen zuelarik nola «beltzak» ostatu mahainen gainean estekaturik, makil-ukaldika ehotzen zituzten. Nola gauaz ohetik gizonak hartu-eta garbitzen zituzten. Nola behin lasto-pean gordeak zaudelarik, etsaiak lasto gainean lo plantatu zaizkoten... Bainan luzegi laiteke ororen errepikatzea... Eta, istorioa Inaziok bururatzen zuen beti hitz berez: «Santa Cruz, potella, hura zukan hura apaiza!»

        Badut uste, karlista horrek zautan, bere gisan gogoan sartu, apezak, norbait gorako eta ohoragarrizko mailetik zirela.

 

 

LARRUNGO AZKEN AKERRA

 

        Larrunen oraino ere pottoka multzoak badira... Denboraz jito edo buhamek erosten zituzten gehienik beren karrosen zalditzat. Orai aldiz baliatzen dira ardurenik haragiko edo ikatz mina zilotako.

        Bainan, nago pottokak ere ez ote diren Larrunetik kuntsumituko, duela urte zonbait ahuntzak kontsumitu ziren bezala. Zeren, ene haurrean baziren oraino Larrunen ahuntz artaldeak... Bainan, ez zutelakotz errespetatzen ez berro, ez zerrakurarik, beren aho pozoinaz primaderako lehen aldaskak moztuz, landareak zafratzen zituztelakotz, peko ontasunetan haiekin burutzerik egin ez zezaketelakotz, legea atera zuten, ahuntzak ez zirela gehiago haizuko estekan baizik.

        Bizkitartean ahuntza, alimale pollita duzu eta garbia... Halako dolu bat kausitzen diotet Larrungo harroka mutur, arboldei eta bidexkeri, ez baititut gehiago hetan ikusten ahuntzak, lerro lerro joaki, akerra buru, edo beren kolore ttittakatuekin josiak leku gora guzieri... Eritasunen kontra ez da kabale sanoagorik, eta nago ez ote lezaketen oraiko jakintsunek, xangre edo bertsuko gaitz zikinen bentzutzeko, zerbait sendagailu jali ahuntzen odoletik.

        Dena den, legea lege, egun laburrak barne, Larrungo ahuntz guziak bildu zituzten, jan, saldu edo estekatu... Guziak erran dut... Ez. Salbu bat... Eta, bat hura: Harizpenbordako akerra. Aker bat oreina iduria, burua gora eta erne, betizoa bezain basa, desafiazko behako batekin... Ezin bildua zelakotz, deliberatu zuten tiroz garbitzea.

        Haritzpenbordan bizi ziren senar-emazte xahar batzu, seme bakarrarekin. Hau, Baratzuri bataiatua zuten jendek... Orai, hiruak hilak dira, bainan Baratzurientzat nehork ez dautzu fama onik emanen... Mutil mandrin bat zen, edalea, ongarria baino alferragoa, hain alferra nun, behi zain zagon batean, tiroz bat garbitu baitzuen, haren itzultzerat joaiteko ez akitzeagatik.

        Bainan, enetzat Baratzuri norbait zen. Haren aire futituak eta fama gaixtoak, emaiten zautan harentzat halako lazdura bat, eta beldurraren ohorea ekartzen nion... Ohorea naski-ta areago ekartzen nion, Baratzuri maiz tresna berezi bat bizkarrean trebeska ikusten nuelakotz... Tresna hura zuen zizpa bat... Ez oraikotarik, bainan lehengo kanoi luze bakarrekoa, muturretik kargatzen zena eta oilar azpiko ximinean pixtuna ezarriz, pizten zena... Oren laurdentsu bat behar zen zizpa haren kargatzeko, eta maizenik oilarzangoa behar zitzaion bizpahirutan zapatu, bolborari su emaiteko.

        Baratzurik beraz, aker ihizirat joaiteko, hartu gintuen laguntzat auzoko mutiko kozkor zonbait, eta heien artean, ni... Zizpa kargatu zuen gure aintzinean, erran dudan bezala kanoia muturretik, harrobian ebatsikako bolbora, ziri batekin, sartuz-eta, Napoléon-en denborako berunezko bala errunda bat, perdira larritzat ezarriz... Eta hola, gure kapitain harmatua buru, airoski jo ginuen mendirat.

        Akerra urrundik ikusi ginuen Androla kaskoan. Harek ere ikusi bide gintuen, ezen, ez gintzaizkolarik oraino hurbildu ere, jo zuen tira-ala Kaskoin xolako errekarat, handik berritz, malda gora Negu xolarat. Haizatzaleak gibeletik utzirik, Baratzuri eta biak, joan ginen azpiz, Ximeldegiko bordari buruz, barranda muntatzerat.

        Igortzaleek akerra jauts-arazi zuten Ateketan beheiti, Xalupa-harriraino. Han ginauden gordeak. Gure aintzinean harroka konkor gora bat baitzen, haren gainean, betbetan agertu zitzaikun akerra... Lepoa zut, begia kezkan, behin luzeki usnatu zuen itsasotik heldu zen aire gazia. Gero, brastakoan itzulirik, so bat, petik gora, eman zion Larrun mendiari, han nunbait ihes-leku bat miatzen bazuen bezala.

        Hartan zagon oraino, noiz eta ere, Baratzurik zapatu baitzuen zizparen oilarzangoa. Eta, hala beharra, lehen zapa-aldian, harrabots ikaragarri batekin, tiroa jali zuen eta akerra hil hotza aurtiki.

        Hola erori zen betikotz Harizpenbordako akerra, Larrungo ahuntzen azken erregea.

        Baratzurik bizpahiru egunen pesta muntatu zuen aker haren jateko... Nik, ez nion jastatu ere... Hil hurranean, aker hura sartu zen ene gogoaren aldarean, eta ez nezaken onart platan...

 

 

ANGELESAK ETA AZERIAK

 

        Ez naiz mintzo Napoléon handiaren denboraz... Orduan ere, Angelesak, Espainian gaindi, pasatu ziren Larrundik, bainan gerlari gisa. Ordukoak dira Kolar Handietako murruak, Aira-Berriko zilo paretadun batzu, eta ere, Esnaurreko eta Bizkartzuneko pezoin eta izakak.

        Bainan, geroztik Angelesekin adixkidetu ginen, eta, hauk etortzen zauzkigun negutiar gisa herrirat... Guk, haurrek, Angelesez ginuen iduripena, zirela denak zaldizkariak eta banana jaleak... Angelesek alabainan ezagut-arazi zaukuten banana. Harrituak egoiten ginen beha fruitu berri horri, eta berdin lurreko azalak milikatzen ginituen zer gustu zuen jastatzeko.

        Bertzalde, Angelesek, Azkainen gaindi muntatzen zituzten azeri ihiztatzeak... Hoteleko, Ottare zuten azeri fornitzale. Ihiziko egun goizean, Xabat, Hoteleko mutilak, hartuko zuen zaku zahar batean azeri bat hila (edo ezin bertzean: azkona bat)... Eta, hura lurrean herrestatuz, larrekiz larreki, joko zuen Susiondoko ondotik, edo berdin Serresetik, Donibaneraino.

        Angelesak, zaldiz, beren zakur larri ttittadun hori beltzekin, entseiatuko ziren hatzetarik azeriaren atzemaiterat... Ihiztari zaldizkari horiek ez baitzituzten errespetatzen landetako zerrakurak, ez zituzten gure laborariek biziki begi onez ikusten... Hetarik bat bazen zaldikari famatua, Azkainen egoiten zena Dorreko nausia.

        Hainitz Angelesek maite zuten ere, mandoz edo oinez Larrunerat izatzea. Oinezko gidariek batzuetan, bi aldiz egun berean, egiten zuten Larrungo joan jina, gomendio zituztenen puskez kargatuak. Itzuli bakotxarentzat irabazten zituzten host libera... Mandoarekin aldiz hamar libera... Azken mandozainetarik, bertzeak bertze, izan dira: Pele Pilipaitakoa, Andres Ederko, Jean Laduxe, pilotariaren aita.

 

 

LARRUNGO AZKEN OTSOA

 

        Azeri eta azkenarroak balin-badira oraino Larrunen, denboraz, Eskual Herriko mendi gehienetan bezala, baziren ere otsoak. Hor dire lekuko, Androla mendiaren hegian «Otso zilo» deitu harripe itsusiak.

        Ez du hain aspaldi garbitu zutela Larrungo azken otsoa... Haranederreko Jean-Batiste Gracy-ren amatxik kondatzen zuen bere haurreko istorio hau, duela ehun bat urte pasaturik gertatua.

        Haranederreko artaldeari basa alimale bat jazar zen eta nehork ez zezaken konpreni zer zitaken... Egunetik edo bietarik, ardi bat edo bertze odol hustua, funditua aurkitzen zuten.

        Azkenean ba, artaldearen zain ezarri zuten etxeko ate-zakurra, zakur bat gaitza, lepoko uhala itze puntez harmatua... Halere, lehen gauaren ondotik, egundaino bezala atzeman zituzten bizpahiru ardi sarraskituak, eta, delako ate-zakurra aldiz, odolez orratua, leher egina... Ha debrua, zuen pentsatu artzainak!... Horra beraz nor zaukun ardi jaten ari!... Etxeko zakurra, ala-jokoan!... Hasarre gorrian, berehala urka-sokatik zintzilik ezarri zuten arbola bati.

        Gaztigu horren ondotik, artzaina itzuli zen artalderat, desmasien hurbilagotik ikusterat... Eta, zertaz zen ohartu!!... Han, ardien erdian, otso alimale bat bazela... Otso bat odoletan, hil-berria... Etxeko zakurrak hila, guduka izigarri baten ondotik, hatzek erakusterat ematen zuten bezala... Gaizo zakurra!... Asma jabeen pena!... Bainan zer egin!... Hila hil!...

        Urteak eta urteak, eta berriki artio, Haranederrean atxiki dute murruan, edergailu gisa, delako zakur haren lepo-uhal itzeduna.

 

 

LARRUNGO ITZAINAK

 

        Larrun aberats bada ihaurkiz, hala da ere harriz. Harri mota guzietarik bada Larrungo harkadietan: zuri, gorri, beltz, giltzurdin xabal, eta bertze...

        Sant'Izpirituko zubia, Baionan, Larrungo harriz egina da... Oraiko egunean, bereziki harri gorria, Pariseraino despeitzen dute harrobi-zaleek... Harri, eskuz lantuetan, hiruk badute tira handia: harri zikiak, harlozak eta galtzarako harriak. Harlozeroak, tokiko gizonak dira, bainan aspaldiskoan harri ziki egile hoberenak, Italiatik heldu dira.

        Ene haurrean oraino altxatzen ziren asentuak (murruak) harri hutsez... Asentu altxatzale famatuenak izan dira, mugaz bertzaldetik hunarat ihesi etorri karlista batzu. Heien lanak dira Sant-Inazioko ondoan, Xominone lur berriko asentuak... Bizi beharrez, janean truk, obratu omen zuten lan hori... Zaharretan, nik ezagutu dudan tokiko ofiziale hoberena, harri hutsez pareten eraikitzeko izan da: Zoldoritz... Delako karlisteri zor omen zioten bere artesia... Baditu Larrun beherean, hameka harri eskuetan pasaturik.

        Kamionak agertu aintzin, itzain multxo bat bizi zen harri garraiotik. Garraiatze hori egiten zuten gurdiz (hola deitzen da orga ttipi, adur betea). Beren karga jausten zuten Azkaingo porturat, Artxinen zalantetarat eta hunek, urez, Donibanerat.

        Larrungo itzain horiek famatuak ziren debotak, eta bereziki estazioneri kartsuki jarraikiak... Lehen estazionea ohoratzen zuten harrobian berean, gordea beiratzen zuten menttakotik benedikatuz. Bigarrena Uxenean, bideko lehen ostatuan: hau, zintzurra mendi-errautsetik garbitzeko... Hirugarrena, Xipa-baitan: hau, Pele Xiparen bizitzen laguntzeko... Laugarrena, portuan: deskargari buruz, zainen zalutzeko... Gurdiak hustu-eta, estazione berak ohoratzen zituzten aintzin-gibelka... Ez da harritzeko beraz, aratsetako pixka bat zeruan baziren ere.

        Itzain horietarik gehienak gizon maitagarriak ziren, jostakinak, elgarri atxikiak, irria muntatzaleak... Behin, Peitipeitako bat, frango aire-puskatua baitzuen, lagunek, bera ohart gabean, «estazione» bakotxean, gurditik harriak deskargatu ziozkaten... Porturat heldu-eta, gure itzaina joan zelarik idien gibelerat, kargaren jausteko, gurdia hutsa atzeman zuen... Pentsa haren harritzea eta bertzeen trufak zer izan ahal ziren!

        Bertze behin, Oker bat, ziminoan, ostatutik ezin aldaratuz baitzagon, bere behiak ber-berak etxerat abiatu zitzaizkon... Okerraren lagun zonbaitek, behi hek arrastatu zituzten eta gurditik kendu... Behiak hutsik etxerat igorririk, gurdia arbol baten puritan ezarri zioten.

 

 

LARRUN MENDIARI ENE AGURRA

 

        Frangotan, gau arats epel batez, egon izan naiz Larrungo mazeletan, ene gogo bihotzen goxatzen. Urrunean, hara itsaso zedarri gabekoa, bere orro loakor betierekoaz, bazterrak betan gerizatzen eta ikaratzen dituela... Han, hurbilago, Donibane-Ziburuko argi ttipiak keinuka... Eni buruz heldu, suge alimale bat iduri ur ibaia, bere mirailean ilargia kukulaukan jostatzen zaiola... Ene zangopetan, Azkaine, herri maitea, haur pollit kriketa, Larrunaren altzoan jarria... Ene inguruan aldiz, ehunka ardiak, iluna arras sartu aintzin, lurrari musuka, beren joare desberdin eta marraka minez, airea, batean eztitzen dutela, etabertzean, zilatzen... Han hemenka landatuak, inguruko toki maiteak, ene adixkideak: Urkulako lepoa eta Tramar, Zimini-harri, Xapel-harri eta Azeri-harri, Basaal, Golan-putzu eta bertze.

        Bainan, gauak jada tapatuak ditu urrunak, eta hurbilak ere bere perekaz ari ditu belzten... Lurrak eta kabalak ixiltzen dira, airea libro uzten dutela gogoaren amets hutseri eta kezka ezin konprenitueri. Ahatik, aditzen baidituzu noiztenka bi-hiru sainga intzirinkor labur, ez otoi pentsa lamineri... Azeri ama duzu bere umeeri mainuka ari.

        Gau berean, lurraren konkorrak eta maldak dira bilakatzen mamu ezkin-gabeko batzu, doluzko arropetan kokorikatuak edo nola nahizka etzanak... Mamu horien denen gainetik, denen aitaso, bere gora marrez ezagut-errexa, Larrun, ene mendia, bere bizkar seguraz, inguruak gerizatzen eta deskantsatzen dituela.

        Bainan, huna ameslarientzat ere loaren tenorea... Hire pean. Larrun, lañoki lokartuko nauk... Larrun, izan-hadi ene beilari... Orai eta gero... Agur, Larrun!

 

(Gure Herria, 1958, 257-268)

 

aurrekoa hurrengoa