www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Ipuin eta ixtorio
Piarres Larzabal
1930-1964

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Piarres Larzabalen idazlanak (V), Piarres Larzabal (Piarres Xarrittonen edizioa). Elkar, 1996.

 

 

aurrekoa hurrengoa

SORGINAK LAPURDIN

 

        Eskual Herriko etorkizun guzian ez da izan behar deus hitsagorik eta bihotz okaztagarriagorik, nola Lapurdik 1609an hartu izan duen zafraldia, eta hori, ikusiko dugun bezala, ametsetako sorgin zonbaitengatik. Urrunagoko xehetasunen ongi kaskoan sar-arazteko, erran ditzagun lehenbizi hitz batzu, denbora hetako Lapurdi eta Lapurtarren gainean.

 

 

LAPURDIKO BILTZARRA

 

        Lapurdiko goiti-beheitien arta, Biltzarrak zuen. Biltzarreko gizonak, etxeko jaun edo auzapez, (hauk orduan apezak deitzen zituzten) urtean behin Uztaritzen elkarretaratzen ziren, Uztaritze baitzen Lapurdiko 35 herrien burua.

        Herrian zuzentasunaren atxikarazteko eta mendiz bertzaldekoeri behar orduan ihardokitzeko, Uztaritzen baziren 1.000 soldado Lapurtar, Frantziako erregearen kideko gizon bat zutela aitzindari. 1609an, Senpereko jauregi-zaleak zuen kargu hori.

        Elkarren artean ezin xuri ziren auziak, Baionako buruzagi gorakoaren aintzinean agertaraz zitazken. Hunen ihardesteaz ez baziren ados auzilariak, beren samurgoaren zuzenlari, hartzen ahal zituzten Bordeleko lege gizonak. Haukien gainean ez zen erregea baizik.

        Bi bizimolderi emana zen Lapurdi. Laborantzari lur barnetan, hala nola Uztaritzen, Hazparnen, eta arrantzari itsas hegian. Nahiz toki hautako sagarnoek eta gaztainek bazuten erakaspen, lur lanak ez baitziren hanbat aberaskor, itsasotik frango urrun bizi zirenak ere, bereziki Azkaindar eta Urruñar hainitz, arrantzari jarraikiak ziren. Etxe ttipi batzuen jabe, goldetsu bat lurrekin, behi bat edo bertze hazteko manera gehienek bazuten. Beren haur-emazteak hemen utzirik, iñadak agertu baino lehentxago itsasoen barnetarat gaten ziren, Ternuraino berdin, balea edo bakailauaren ondotik. Zazpi hilabetetaraino urean ematen zituzten.

        Orduko kostatarrek, oraikoek bezin odol beroa zuten. Maiz elkarren artean kasailan ari ziren. Bainan bazituzten bereziki bi makur-bide.

        Batetik Hendaiarren eta Hondarrabitarren artean. Alabainan Españolek, hek zutela bakarrik Bidasoan arrantzan aitzeko dretxoa, timuin atxikitzen zuten. Frantsesek berritz, Bidasoaren erdia bederen hekiena zela zioten. Hortarik, noiz nahi baziren mutur-jokak eta heriotzeak, ezen, behar orduan, ala Hondarrabiko jauregia, ala Hendaiakoa, ez ziren kexatzen, beren eremutako gizoneri esku emaiteko, zonbait kanoi ukaldi noiz-hemenka etsaien bizkarrerat largatuz.

        Bertzalde Donibandarrek eta Ziburutarrek ez zuten batere elkar aditzen. Bi herri hoikien artean, itsasorat pulunpatzen den ur haundian, halako eta holako untzi egon-tokiak hekienak zirela, zioten Ziburutarrek eta hanbat gaxto, zergarik pagatu gabe, leku hetan kokatzen bazen zonbait Donibandar atrebitu. Donibandarreri aldiz, ura denena zela iduritzen baitzitzaioten, ez behar bada arrazoinik gabe, ez ziren segur ixilik egoitekotan. Hi bahaiz, ni banauk, arnoa hirugarren, mutur-joka partida batzuen egiteko, gaia ausarki bazuten.

 

 

LAPURTARRAK SINESKOR

 

        Eta erlijionea zertan ote zen denbora hetan? Orok dakitena da hamabortz eta hamaseigarren mendetan, jendea deubruaren beldurrean bizi zela. Sinestea tikitzen den tokitan, maiz amodiozko sendimenduen ondotik, beldurrezko sendimenduak etortzen dire. Beraz, hainbertze entzuten zen deubruaz eta haren obrez mintzatzen, dela prediku-alkitik, dela sahetsetarik, non, gertakari bat ere ez baitzitaken iragan, hartan nehork, zonbait deubruri, bere sudurra sar-arazi gabe, Eskual-Herrian bereziki, egundainotik sinestedun bezin sineskor izatu baigare, deubru kondairak gogotik entzunak ziren eta gazura bezala iretsiak. Horra zerk behar zuen galdu Lapurdi.

        Emazu behi bat hiltzen dela. Oraiko egunean miaka ariko gintazke, ean ez diogun bada azienda gaixoari zerbeit pozoinki eman, edo trefla berotu edo ixurkin zikindu edo... nik dakita zer. Bainan orduan, jendeak ez zuen holako buru-hausterik ibiltzen. Behi batek arta eskasez edo eritasunez leher egin zezakela? Ba zera! Bitxia behar zen holakorik ateratzeko ere. Hiltzeko gaitza? Ez urrun bila. Bi egun zituen doidoia, auzoko atso sorgintsa deubru hura, haurrek ikusi zutela heiako atetik behieri beha. Beha, ba jauna, beha egotua zen bere begi xorrotx ziferekin. Geroztik uztarriko Katxok ez zuen gauzonik. Hiltzeko xortea botaia zion sorgintsak, eta lurreko marexalik hoberenak, deus ez zezaken, haren sendatzeko. Sorgintsa tzarra! Izigarria zen ba ahatik haren lana! Bainan laboran gaxoak ixil ixila egoitea hobe, bere herra bihotzean, ezen oihuka hasi-eta, ez bat, bainan berdin azienda guziak ziozkan sorte tzarrez joko delako atsoak.

        Huna, etxe batean, gizon bat eri. Eztiki eztiki, ehortz-lekueri buruz, barneko gaitz tzar batek derama. Emazte multxo bat, auzo edo ahaide, han ditu ganbaran. Ezar dezagun apur bat beharria atearen kontra, entzuteko zer dioten elkarri: «Ni nago, da hasten Kattalin, min hori ez ote zaitzun zonbeit zorte-tzarretik heldu. Ez zaitu nehoiz zonbeit sorginek ukitu, begiztatu edo mintzatu bederen?». «Ez dut uste, du lehenik ihardesten eriak, bainan, gogoetak egin eta: hala duzu, Kattalin, Urketako atso sorginak udare eder bat eman daut guri guria», «Segur naiz hura jan duzula?», «Ba, eta gogo onez, ahotik ezin utzia baitzen!». «Horra Maria, horra, Mañaña, ez dun dudarik. Barneko min hori ez din onezkoa. Atso zikin harek ukan-arazia zion!». Ez zen gehiagoren beharrik gure emazteen ikaraz hormatzeko eta heien gogo-bihotzen iluntzeko. Sorgintsa higuina! Eta hobendunari ezin jazarri dena, norbeiti halere pikoa sartu gabe ez baitagoke, bereziki emaztekia: «Zer deubru, zioten elkarri! Zer ari dire herriko buruzagiak eta apezak? Ez ote dute ba zerbeit indar sorgin gaxtagin hoikien kontra? Hola ez ditake iraun. Ez badute deus bururatzen ere, zerbeiti bederen lot daitzila, hola geldi-geldia egon gabe».

        Jendea geroago eta kexoago zoan. Herri batetako sorgin gertakariak, haizea bezin laster, bertze herritan hedatuak ziren. Orok bazakiten Mendiondon, haur bat, epe laburrak barne, hamikatu, ziritu, eta hil zela. Nola hori? Bere gapelua lurrerat erori baitzitzaion, atso sorgintsa batek zion bildu. Hortan akabo. Haur gaxoa gaitz gaxto batez joa izatu zen eta hiru egun bertzerik ez zuen iraun.

        Hiru egunez ez bazen hiltzea zilegi, sorginkeriarik gabe, asmatzen ahal duzue, are gutiago garbi zitakela norbeit tipus-tapan, nonbeitik zerbeit xorte tzarrez hunkia izan gabe. Ez da harritzeko beraz Baionan iraganikako gertakari batek, burrunba gaitza ibili bazuen zonbait egunez, Eskual Herri guzian. Huna delako gertakaria. Andere gazte bat ari zen otoitzean ehortz-harri baten ondoan. Bizkarretik zerakarken mantaleta beltzaren gainean, baitzuen luma edo hari xuri bat, Mandiburo izeneko emazte xahar bat hurbiltzen zaio, luma edo hari xuri hura kendu beharrez. Edo norbeitek hala gibeletik, ohart-gabean, ukitzeak, izitu ote zuen, edo, lur azpian ziren ezagun eta ahaiden oroitzeak, bihotzean zerbeit egin ote zion, xuxen ez dezakegu argitarat eman. Dena den, gure andere gaztea, punp zabal zabala erori zen, eta «Agur Maria» bat erraiteko astirik ukan gabe, mundu hau utzia zuen. Ez zen duda mudarik. Marrumek, oihuek, intzirinek eta oiharzunek gauza bera zioten. Mandiburek zortea botarik hila zela delako anderea. Zoazi gero zu horren ukatzerat. Ez eta makil ukaldika ere ez zinioten egia kaskoan sar-araziko!

        Harriak, artoak edo baratzekariak xahutzen bazituen, eritasun kutsudun batek artalde bat ondatzen bazuen, ihurtzuriak arbola bat jotzen bazuen edo zonbait sorropil kixkailtzen, oro sorginen gain gaten ziren.

        Martikot de Migelkorena ziburutarraren untzia ur zolarat gan bazen, hori ere sorginen lana.

        Baionako kalonje bati, orena, uste baino lehenago, etorri bazitzaion, Catherine de Molères sorgina zen hobendun.

        Erortzeko mina, barneko gaitz gehienak, eritasun luzeak eta heriotze lasterrak, denak debruaren obratzat zauzkaten.

 

* * *

 

        Lan haundi baten bururatzeko, langile hainitz behar den bezala, hoinbertze sorginkeria nekez zitaken sorgin hainitz izan gabe. Hortako, beren solas urratsetan zerbeit berezi zuten jende guzientzat, debruari salduak zirelako burrunba laster ateraia zen. Bakartasunean bizitzea, nehori kasurik egin gabe, bere buruarekin palabran aitzea, bertzeak ez bezala kurritzea, mintzatzea edo behatzea, gauaz ametsetarik edo zentzu osoarekin kanpoan ibiltzea, horiek oro, sorginkeriari emana zinelako seinaleak ziren. Bereziki, eliza zokoetan, ezpainak otoitzean eta begiak xorrotx, ikusten diren mutzurdin hoitarik gehienek, zorte tzar botatzaile zirelako fama zuten.

        Bainan elizatiar atso zahar hek baino ehunetan hastiroago zituzten gure arbasoek, bertze jende mota batzu. Buhamiak nahi ditut aipatu. 1575an Espainiatik haizatuak, hauk Lapurdin alhatu ziren, hala nola Ziburun, Azkainen, Senperen, Ezpeletan. Batzuek otarre eta saski eginez beren bizia ateratzen bazuten, hainitz bizkitartean, eskeari eta ohointzari emana zen. Frangok ere, merkatu egunetan eta berdin handik kanpo, geroa ezagutu nahiz ari ziren teteleeri, dirutan truk, geroa argitaratuz, zuten beren ogia irabazten. Ohidura bitxiak, esku zikinkeria maite, etziko gertakariak egundik ikusten, horra tira arrazoin, Eskualdunek Buhamien seko higuintzeko eta debruari saldurikako arima batzu zirela kaskoan hartzeko. Geroztik buhame eta sorgin hitzek halako ahaidetasun bat izan zuten gure zaharren ahoan. Eta, ez baititazke nahas ardiak akerrekin, elizan berean, sar-ate eta jarleku berexak eman ziozkaten agoteri.

 

* * *

 

        Horra beraz nor ziren gure sorgin izigarriak eta zer ziren hekien lan tzar, ezin jasanezkoak. Bainan xo, xehetasun harrigarrienak ezen, aipatzekoak ditut zorte botatzaileen gainean. Hortako zahar zaizte lau mendez eta zatozte enekin gure arbaso baten sukalderat, iluntze batez.

        Su eder baten ondoan, huna jarri-ta, amatxi, hiru lau haur inguruan dituela. Ama berritz, baxera lanetan ari da, artean hasperen batzu entzun-araziz, doaike itsasoan den gizonaren oroitzeak eginarazten diozkanak. Bainan, hauxok haurren prestutasuna! Ez harri, amatxi istoriotan dugu: «Haurrak ez ahantz ur benedikatuarekin zeinatzea oheratekoan. Bertzenaz sorginek berdin gauaz eremanen zaituzte. Ganden astean oraino bat gan omen dute bere sehaskatik. Zorionez haurra nigarrez hasi baita, burasoak atzarri dire eta sukaldeko atean, abantxu kanpoan zelarik gelditu dute». «Bainan, dio tikienak, norat eremanen zuten?». «Debru bestarat, haurra. Han haurrak debruari jaterat eskaintzen diozkate edo hari saltzen. Eta haurrek ez badiote debrueri musu eman nahi, sorginak zanpakoka ez zaizkote gelditzen. Luziferrek, behieri adarretan bezala, burdin gorritu batekin, bere seinalea ezartzen diote begian. Seinale hura apo zango bat izaiten da. Geroztik, haurrek apo itsusi, beltz, haundi batzuen zain behar dute egon, han ilunpetan. Kasu beraz, haurrak. Ur benedikatua ez ahantz. Ederki eginen zinuteke beti zuen sakelan ibiltzen bazinute pixka bat».

        Hemen, krak, amatxi ixiltzen da. Zer du bada? Ez duzu entzun oilarra kukurukuka? Gizon gogorra zu! Haurrek, amak eta amatxik bertzelako beharria dute, ezen denak oihuka ez dire ixiltzen: «Sorgina puies, sorgina puies!» Ahur bat gatz laster surat aurtiki du batek, zarta dadien mila bunbakotan. Hauxok bitxikeria! Zertako hori? Ha, ez dakizue! Ikasiko dautzuet beraz, ximixta lasterrak bezala «ziuztan» ibiltzen direla sorginak, gauaz, airez aire, multzoka edo banazka, ezkartz gider batzuen gainean edo oraino akerren itxurako debru ikaragarri batzuen bizkarrean. Oilarrek begi ona baitute, sorgin ximixtak, egun argiarentzat hartzen dituzte eta horra zertako kukurukuka diren hasten... Bainan ez orai kexa, egon deskantsuan, ezen gatzaren zanpakoek sorginak urruntzen baitituzte.

        Amatxi kezkan dugu: «Ha, haurrak, berritz ere, gure etxe inguru huntan dute ba beren besta sorginek. Gan den gabean, ohetik entzun ditut gure errekan heien irrintzinak. Egun, segura urari joka ariko dire eta laster barazuza edo harria, gain behera jautsiko zauku». Hasi litania aintzinarat segitu zuen gure kondari xaharrak. Haurrek ikasi zuten nola, holako herrian, nehor ez zitaken elizatik atera, apezak, meza erran-eta, ahantzi zuelakotz, aldareko liburuaren hestea. Ikasi zuten ere, lepo azpiko buhurdietako lumak elkarri josten direlarik, behar zirela harrotu eta bat bertzetarik berexi, ezen, hori gabe, segur herioak, epe laburrak barne joko baitzuen, buhurdi haren gainean lo egonen zena.

        Amatxik mihi ona baitu, lur huntako sorginkeri gehienak aipatu zituen, bainan luzegi bailitake denen xehetzea, gu hemen ixilduko gare. Bakarrik ez harri otoi, gure sukaldeko lau haurrek sekulako sorgin amets tzarrak izaten badituzte heldu den gauean. Ez harri ere, jeikirik ametsetan kurri ibiltzen badire, barnean edo kanpoan. Bihar goizean, atzarri orduko, huna zer izanen den hekien lehen hitza: «Ama, sorginak jazarri zaizkit gau huntan». Ama sineskorrak ez badiote ihardesten: «Haurra, zaude ixilik, amets egin duzu», bainan hasten bada oihuka eta nigarrez, aiher zaizkon zorte botatzaileen kontra, segur izaten ahal zare haurrek, beren buruko gogoeta mainguak, gertakari egiazkotzat hartuko dituztela.

        Horra nola zen herritan zernahi burrunba hedatzen, sorginek haurrentzat zuten aiherkundeaz. Sutan zagozin izpiritu zonbaitetarik aterako umek zituzten beraz gure arbasoen adimendu ahulak ikaratzen. Zorigaitzez buruko sukarra, botikariotako sendagailuz eztitzeko orde, suaz bertzerik ez zitakela garbi zitzaioten gogoratu orduko buruzagieri eta hortarik erreka gaxto jo zuen Lapurdi eskualdeak.

 

 

ERREGEARI GUTUNA.
DE LANCRE BILIGARROA

 

        Alde guzitan, sorginez eta hekien itsuskeriez bertzerik ez zen mintzo jendea. Denak bat ziren erraiteko hola ez zitakela iraun, pozoina behar zela kendu leku hautarik. Bainan beren pekoen begiratzeko eta hetaz opukatzeko eginbidea zutenak zertako zagozin ba hola deskantsuan, haizea nondik etorriko zen beha? Egia aitor, Lapurdiko soldadoen aintzindari ordeak, Boniface de Lasse lotinantak, 30 bat urte lehentxago, bazituen erreak Uztaritzen zonbait brozela sorgin (berrogoi bat arima). Mihi tzarrak orduan urte multxo batentzat ixildu ziren, bainan orai, egundaino bezala kalaka abiatua zen, beti gauza beraren gainean. Zer nahi duzue! Neguko gau luzeetan, nekez zitazken supazter xokoan, arats osoak iragan, ametsetako sorginen gaxtakeria bihotz-ilungarriez hitzik atera gabe.

        Dena den, irakiak azkenean gaindi egiten baitu, hala zitzaioten gertatu Lapurdiz arta zuten buruzagieri. Errenkuren bentzutzeko eta bakearengatik, Urtubi eta Senpere jauregik, 1609ko urtarrilaren 17an, Henri IV, Frantziako erregeari igorri zioten gutun bat, erranez nola sorginkeriaz nahasia zen eskualde hau eta otoi zerbeit mana zezan hemengo jendeen onetan. Jorrailean, leku hartako makurren zuzentzeko, erregeak izendatu zuen Bordeleko lege gizonetarik bat: Pierre de Rosteguy edo de Lancre jauna. Hau kakolaskoa zela iduriturik lan hortako, hunen lagunek izkiriatu zioten gibelarat Henri IVeri, galdetuz bertze norbeit hauta zezan. Bainan erregea bere hartan tematu zen edo halatsu, ezen, de Lancre-i eman bazion aholkulari gisa, d'Espagnet jauna, Bordeleko lege gizonen buruzagia, hau, handik laster, kargu hortarik kendu zuen, Hendaiarrek eta Hondarrabitarrek zituzten kasaila-bideen antolatzerat huiatzeko. Beraz de Lancre bakarrik gelditu zen, esku osoak berekin zituela, hiru hilabeteentzat, Lapurtar guzien gainean.

 

* * *

 

        De Lancre-n lana argitarat eman baino lehen, ikus dezagun zer lumatako biligarroa zen jaun hori. Tipi tipitik, sorgin istoriotan hazia, hekien gainean idatziko liburu gehienen jakitateaz hanpatua, gure gizonak, Eskualdunek berek baino sineste haundiagoa zuen sorginkeria baitan. Sorginak airetan ibiltzen zirela, haurrak beren sehaskatik ebasten zituztela, debruekin ezkontzen zirela eta holako zorokeria batzu, nehork ez ziozkan burutik aterako. Alabainan, bai san Augustinen, bai san Thomas Aquino-koaren, bai bertze frango idazleen erakaspena zen hori. Ezagutua ere zen orotan, Sprenger izeneko fraile baten liburua, zointan xeheki irakutsia baitzen, Alemanian sorginek zerarnaten sail ikaragarria. Aita sainduek berek, hainbertze zuten entzuten gauza horietaz mintzatzen, non, batek baino gehiagok, manu bereziak egorri baitzituzten zonbait eskualdetarat, sorgineri nola behar zen ihardoki argien emaiteko. Bainan egundaino aita sainduek ez dute beren gain hartu, orduko jendeak sorginen indarraren baitan zuen sinestea, eta, sorginkeriari jazartzeko moldetan, beti zuzentasuna eta eztitasuna bilatu izan dute. Lekuko hor ditugu heien izkiriozko manuak, hala nola Innocent VIIIenak.

        Beraz, de Lancre etorri zitzaikun, dena espantu eta dena kar, Jainkoaren esku-makila zela, bere buruarentzat goraki erranez. Kasu egiten ahal zuen Satanek. Orai arte, bere eskupeko balin bazauzkan Lapurtarrak, hemendik goiti, irri trufak sar-araziko ziozkan gero de Lancre bipilak. Eta nola hori? Ez zare ahalge holakorik galdetzeko ere, zu, elizako gizona? Idek-azu Testament Zaharra, Exodo liburuaren 22 kapituluan eta irakur-azu. Huna zer atzemanen duzun: «Ez zakela utz bizitzerat sorginik». Jainkoaren manamendua hola zenaz geroz, gizonak aski zuen ixil eta apal bere eginbidea betetzea. De Lancre-k segurik, berea beteko zuen. Gure lurrak sorgin haziaz zikinduak balin baziren, harek laster garbituko zituen, eta ez nola-nahizka, bainan suaz, suak baitu bakarrik landare tzarra betikotz suntsitzen. Beraz bego hitza eta lot lanari. Irakuts sorginak de Lancre-i, laster erre ditzan.

 

 

DE LANCRE LAPURDIN.

HAREN JAZAR-MOLDEA

 

        De Lancre Baionatik Lapurdirat sartu zen, uztailaren ondarrean, eta harekin jende-oste osoa: Tribunale batean behar den jauneria guzia, soldado andana bat, gizon urkariak beren tresnekin, miriku bat eta ere, hamazazpi urtetako neskatxa bat, La Morguy izenekoa. Urruntxago irakutsiren dugu hunen ofizioa.

        Epe laburrak barne, Lapurtarrek jakindu zuten, erregeak igorririk, jin zela sorgin gazitzaile bat, garratza baino garratzagokoa. Zalu hale, herritan, sorginak zirelako fama zuten guziak salatuak izan ziren eta preso altxatuak. Bainan hunkia denak atx egiten baitu, itzalpekoak ez zagozken ixilik. Zuzen edo aldrebes, bakotxa bere etsai berezien belzten hasi zen de Lancre-n aintzinean. Laster auzoa auzoen kontra, herria herrien kontra, zoinek bertzea gehiago zikin lotu ziren. Demendrenik uzkurtu gabe, de Lancre-k, salatuak zitzaizkon guziak, preso ezar-arazten zituen. Azkenean, itzalean ez baitzen tokirik, jauregietako ilunpeak, presondegi bilakatu zituzten. Denbora berean, tribunala lanetik ez zen gelditzen. Egun gehienez, han edo hemen, sorgin erretzeak ikus zitazken.

        Hainitz Lapurtar orduan, ikaratu-eta, mugaz gaindi ihesi abiatu zen, alegia Compostelarat beilaz gaki. Bainan gutik zuten han ere bakea aurkitu, ezen Espainian, Frantzian bezala, tribunale bat moldatua bazuten, erlijionearen etsaien eskuetarik, gogoeta xuxenetarat, onez ez bazen, minez bederen itzul-arazteko. Beraz, ohartu zeneko hobendun multzo bat haren aztaparren gerizan eman zela, de Lancre-k Espainiako tribunalari galdetu zion iheslariak preso hartu eta gazi zetzan.

        Gaixo Lapurtarrek bakarrak ikusi zituzten. Itzalean sartua zena, akabo zela, kasik aintzinetik erran zitaken. Gizon baten urkatzea eta erretzea zerbeit balin bazen, ene iduriz, hil baino lehen, jasaiten zituen oinazeak, oraino latzagoak eta bortitzagoak ziren. Jada aipatu dugun Sprenger frailearen liburutik ikasia zuen de Lancre-k, nola behar zen jazarri sorgineri. Eta huna zer dion liburu harek. Norbeitek sorgin fama balin badu, hura preso hartua izanen da. Deus zorte tzarrik ez dezan bota bere behakoez, jujea haren gibelean ezarriko da, bere galdeen egiteko. Debruarenganik ukanikako irin edo bertze zerbeit pusketeria, beren gainean sorginek gorde bailezakete, beldurrez-eta gauza horieri esker izan lezaketen indarraz balia daitzin, tribunalerat ez dituzte hauk sartuko, biluzirik baizik eta gorputz guzia bizar-nabaleztatu ondoan. Sorgintzat ekarria denak, mintzatzailerik ez dezake har bere xuritzeko, eta, kontra dituen lekukoak nor diren, ez zaio salatu behar.

        Egia jali-arazteko, jujeak lehenik onez onean solastatuko du sorgin delakoa, sekulako lausengu eta agintza ederrekin. Hunek debruari saldua duela bere burua aitortzen badu, segidan, saritzat, urka-hagatik zintzilik ezarriko dute. Ez badu deus aitortzen, soka batekin estekaturik airetan atxikiko dute apur bat. Hola egonez flakatzen bada, mirikuak argitaratuko du, ean haren flakezia egiazkoa den edo alegiazkoa. Alegiazkoa balin bada, gure flakatua sorgina delako seinale segura. Egiazkoa balin bada aldiz, mirikuaren arteri esker, zalu gure presuna, sokarekin berritz lurretik airatzeko on izanen da.

        Frangotan, oinazea ezin jasanez, dilindan zagonak aitortzen zuen: «Ba, sorgina naiz». Orduan dohakabea lurrerat jausten zuten eta bere hitzak, sahetseko gela batetarat gan-arazirik, berritz erran-arazten ziozkaten, ezen: «Hola jujeak deskantsu izaiten ahal ziren, ez zela minarengatik manera hortan mintzo gure gizona, bainan haren ezpainek egia ziotela». Batzuek ere, izan zaitzin onez onean edo tzarki hartuak, ahorik ez zuten idekitzen jujearen galdieri ihardesteko. Heientzat ez zen dudarik. Gisa hortako mututasuna, sorgina zirelako seinalea zen. Hala zion Sprengeren liburuak eta liburu haren erakaspena, bigarren Ebanjelioa zen de Lancre-entzat.

        Zonbaitek, oinaze eta mehatxu guziengatik, ez zirela hobendun gogor egiten zuten. Hemen La Morguy, nexkatxa ziztariari zen tribunalearen argitzea. Ziztaria diogu, eta huna zertako. Debruek omen, larru gainean uzten zuten seinale bat, o, ez haundia; xinaurri begia bezalatsukoa gehienaz. Seinale hari esker, sorginek gorputzean bazituzten leku bat edo bizpahiru, minberatasun gabeak, hainbertzetaraino non, leku hetan ixkilin batez ziztatuak zirelarik, ez baitzuten pitsik senditzen. Hortako deusere aitortu nahi ez zuteneri, La Morguy-k begiak tapatzen ziozkaten, eta ziztakoka gorputz guzia miatzen zioten, ean ez zuten bada alderdi minberatasun gaberik ikusteko. Zizta aldi bakotxean, gehienek atx baitzioten, arteka La Morguy-k, larrua ixkilinaren mutur ziztadunaz ukitzeko orde, mutur pilotadunaz ukitzen zioten. Maiz, sorgin zelako dohakabea, izan zadien ixkilinaren mutur xorrotxaz edo kamutsaz ukitua, ikararekin, atx erran gabe ez zagoken. Gaxoak bere burua oihu hortaz galtzen zuen, ezen, de Lancre-n arabera, hola minik gabe atx-ka aritzea, sorgina zinelako seinalea zen.

        Batzuetan, gorputzean La Morguy-k atzemaiten zituen leku bat edo bertze, non, ixkilinaz ziztaturik ere, tribunalerat deitua, ez baitzen batere kexatzen. Behin, jende guzia lekuko hartzen zuela de Lancre-k gauza hori frogatu zuen, Jeannette de Belloc, sorgintsaren gainean. Sorgintsa horri, besoko haragi ginarrean, orratz luze bat barna sartu zioten, intzirin bat haren ahotik aterarazi gabe. Gramont jauregi, Vausselos jauregi eta hunen andrea ikuslier baitziren, de Lancre-k bereri, orratzaz haragia sistarazi zakoten, erakusterat emaiteko ez zela gero hura airerat mintzo bere sorginkeriako solasetan. Gaurko egunean, holako istorioaren irakurtzeak irri egin-arazten dauku. Alabainan, orok badakigu gorputzean baditugula zonbait leku, eta bereziki besoko haragian, non ez baigira den gutienik minbera. Ferietako ttattoletan, noiznahi, hogoi sosetan ikus ditazke, hola beren burua orratzez ziztatzen aritzen diren jende-abusari batzu.

        Irrigarri bazaizkigu jazar molde horiek, ez dugu ahantzi behar, duela lau mende, orai baino ohidura zakarragoak eta bortitzagoak zirela. Halere de Lancre higuntzekoa da, Elizaren eta Jainkoaren izenean, bere sail okaztagarria ereman duelakotz. Arteka berak ere bihotza ez zuela sobera deskantsu iduri luke, Lapurdiko sorginen gainean idatzi izan dituen bi liburuen arabera. Han hemenka, berak bota eta berak errefera, garratzegia izan zela zioteneri, ihardesten diote: «Ez dela nehor sekulan sobera gaizkiaren kontra izanen». Garbitu zituen sorginetan, denak ez zirela hobendun zioteneri: «Zer erran nahi du, diote ihardesten, erre dituztenetan, hogoietarik biga balin baziren ere bakarrik debruari salduak? Hala, Jainkoak ez ote ditu bereak ezagutuko eta berexiko?» Birikarik gabeko gizona; espantularia, tupin aire puska batekin, horra zer izan den de Lancre.

 

 

DE LANCRE-N SARRASKIA

 

        Batetik edozoin lekukok norbeiten salatzea aski, haren hilarazteko bertzetik salatari herratsu edo ahul hainitz izaki, de Lancre-k bazka hauta zuen segaztatzeko. Zer izatu diren haren harat-hunatak, xuxen ez dakigu. Bainan iduri luke itsas hegiko Lapurtarreri gehiago jazarri zela, lur barnetakoeri baino. Ez da ere harritzeko, ezen, hor lan errexagoa zuen tribunalak, itsas hegiko gizoneria Ternurat gana zenaz geroz arrantzarat, zonbait hilabete hartan. Bertzalde, Kazkarotek Eskualdunekin, Ziburuk Donibanekin zituzten kasailez orroituz, nik uste ez deus bat aski zutela itsasturien emaztek, elkarri sorginka eta debruka aritzeko, bereziki egundainotik famatuak izan dituzten moko-zintzurrekin.

 

* * *

 

        Agorrilaren lehenean, Urruñan dugu tribunala. Eskuararen erdararat bihurtzeko, apez dohakabe bat hartua bazuen de Lancre-k. Urruñan bi emazteki zituzten partida: Nekato eta Marissans de Tartas. Lehenik, Marie de Gastagnalde, 15 urteko neska bat mintzatu zen, erranez, lo zagolarik, aintzineko gauean, Sandoteguy, 20 urteko bere lagun batekin, Nekatok ereman zuela Hendaiarat, Lakua deitu lekurat eta han zanpatu zuela. Nekatok hori ez zitakela ihardetsi zion, ezen, bai berak, bai Gastagnade-k gakoz preso iragan zuten aintzineko gaua.

        Bainan orduan bertze bi lekuko agertu ziren Nekatoren kontra, bi mutiko, 15na urtekoak: Kristobal de Garralde eta Aspileconette. Gauaz elkarrekin lo egina baitzuten, tira asti izatua zuten nola solasta elkar aditzeko. Beraz Aspilconette-k aitortu zuen, Hondarrabian bizi zen Urruñako errientak, gauaz debru bestarat gan-arazirik, han ikusi zuela Nekato, Gastagnalde-n jotzen. Cristobal berritz, Marissans de Tartasek airetan eremanik debru bestarat, Aspiconette-k egia ziola goraki mintzatu zen.

        Marissans de Tartas-en izena aipatzearekin, bortz haur tipi xutitu ziren, ziotelarik sorgintsa horrek Larrun kaskorat bizkarrean garraiatu zituela gauaz eta han odoleraino panpatu, errientak ekarrikako seigarren haur batekin. De Lancre-k haurrak mirikuaz biluzarazi zituen, ikusteko ean joak izatu zirelako seinalerik bazuten. Bainan, mirikuak deus ez baitzioten atzemaiten, haurrek ailegatu zuten, Marissans de Tartas-ek halako urin batez gantzuturik, uspel guziak gorde zitzaizkotela. Hortan, haurren amak hasi ziren oihuka eta nigarrez, de Lancre-i galdetzen ziotelarik urrikal zadien hetaz. De Lancre-k berehala bere bihotzaren onezia erakutsi zioten, Marissans de Tartas erretzerat kondenatuz.

        Bere aldetik Nekatok onez onean denak ukatzen baitzituen, azkenean tzarrean hartu zuten tribunaleko jaunek. Oinazeri esker edozoin gezur aitor-araz baititake, bereziki emazte bati, erran arazi zioten beraz Nekatori, Gastagnalde eho zuela, ez ziolakotz pot bat zaindu nahi. Hortan gure sorgintsak, Marissans de Tartasen gaztigu bera ukan zuen.

        Ahatik hil aintzinean Nekatok bere etsaiak belztu zituen, bereziki Estebe Detsail Hendaiarra, finkatuz, hunek, debru bestan, makil ukaldika bizkarra berotu ziola. Horra beraz Detsail preso. Nekatoren alde agertu zen Jeannette de Belloc, Atsoa deitzen zuten, 24 urtetako neskatx buru xoro bat. Hunek bere istorioa kondatu zioten jujeri. Oilarxahar emaztearekin gan zen lehen aldikotz debru bestarat eta gero berritz, Adamzehoreneko Marie Martinekin. Han, Jean de Harrosteguy Zubernuko apez baten izeba baitzen, apez harek zuen Atsoa, 1609ko otsailean, sorginen aztaparretarik atera. Debru bestan Atsoak ikusia zuen Detsail eta harekin bertze bi Hendaiar: Angusardo eta Gastellore.

        Detsailek ukatzen baitzuen beti, azkenean tribunaleko jaunetarik bat, Laurent Moisset, xutitu zen eta gezurretik egia aitor-arazi beharrez, huna nola zen mintzatu. Piaietan ibilki zelarik itsas hegian, bi Hendaiar neskatxekin buruz buru egin omen zuen bezperan Neskatil heiek erran omen zioten gauaz entzun zituztela Detsail eta Nekato kasailan ari zirelako oihuak. Laurent Moisseten lekukotasuna tira baitzen, deus bertze xehetasunik gabe, de Lancre-k Detsail erretzerat kondenatu zuen. Debru bestan ibili zirelakotz, Detsailen gaztigu beraz jo zituen de Lancre-k: hunen alaba, bi emazteki (Neskabeltza Hendaiakoa eta Martibelsarena), Ansuperomin, Ziburuko soinulari itsu bat, Petry d'Aguerre, 73 urteko gizon xahar bat, bere familia guziarekin, Catherine de Molères, behialako kalonjerari zortea bota ziona, Urruñako Johanisseguyren neskato, eta bertze frango.

        Marie d'Aspilconetta Hendaiarrari, zuela 14 urte, haurra zelarik, burua nahasi zitzaion. Sorgintzat ekarria, huna zer kondatu zioten jujeri: behin omen, Larrun kaskoan zelarik, debru bestan, bi atso sorgintsek egin zuten parioa, zoinek jautzi urrunago. Domingina Maleterra izan zen irabazlea, Hendaiako itsas ondoraino ailegatu baitzen, bertzea Hendaiako etxe baten ondoan, eroria utzirik. Dena den, hor ere de Lancre-k bazuen nor erre.

        Ziburuko neskatxa batek, Jeannette Dabadie-k, jende parrasta bat zikindu zuen, bereziki Gratiane, Donibaneko sorgintsa zelako bat eta Xantakorena, saratar emazte bat. Hau omen, irin batekin, sorro bateko bazkaren ihar-arazten aritua zen.

        Hendaian, Urruñan, Ziburun, Donibanen bertze sorgin frango erre bide zituen de Lancre-k, ezen, berak diona, debrua kexatu zen azkenean eta trufaz, zeru-lurren nausia, «Janicot» bertzerik ez zuen deitzen, bere sorginen ahotik. Horra beraz «Jainko» hitza, gure kaskoinak nola ederki erdararat bihurtu zaukun.

        Buruilaren hogoia aldean, tribunala Senperen dugu. De Lancre-k, berari arras ongi zohakon izeneko ostatu bat hautatua zuen egon tokitzat: Barbarenenia. Ez dakit bulunba aire bat badutelako errankizuna, nondik heldu zaioten Senpertarreri. Beti, orai duela hiru mende, hango sorginek bezenbat antzekin, nehongoek ez zuten beren burua debekatu. Beha-zue bada: bi 18na urteko neskatxa ziren, Senperen, sorgintzat ekarriak Marguerite eta de Lisalde. Lehenik, tipi tipi jarri ziren jujearen aintzinean. Ez zutela deus hobenik zioten. Alabainan, goseak hilak, gabezia gorrian, eske ibilki baitziren, atso zahar batek ogi puska bat emanik, hura jan zuten. Dohakabez, ogi puska hartan, debrua gordea zagon, eta geroztik, berek nahi edo ez nahi, Satanen peko bizitu behar zitzaioten. Espantularia zela de Lancre idatzi baitugu, gure neskatxak ederki de Lancre-n alderdi mainguaz ohartu ziren eta erran zuten: «Debrua zure kontra erotua baitago, gogoan hartu du, duela zonbait egun hatsaz behar zaituela gabetu. Beraz etorri da, gauaz, Barbareneneerat, Amoreta eta Sansinena andere sorgintsekin, bainan zalaparta guziengatik, bere lan tzarra ez du bururatu, Jainkoarenganik zure ukitzeko baimena ez baitu ardietsi». Kondatu zuten ere gure neskatxek, debrua hala hala debaldetan gan zela, Senpere jauregi urkatzerat, hiru atsoren laguntzarekin (Arrosteguy, Sansinena eta Laurensena).

        De Lancre sekulan baino gehiago bere buruaz hanpatu zen «Datorzila ifernuko debruak oro, zioten deneri; ez naute den gutienik kexatzen. Ala zer uste dute, de Lancre gizon tonto hetarik dela? Datorzila, ukanen dute biper eta gatz!»

        Marguerite-ek eta de Lisalde-k, beren etsai bat, Jeannette de Biscar maingua, Satanen bizkarrean, debru bestarat gaten zela, jujeri salatu zioten. Cathalin de Hilson eta Joannes Ditchinique harekin Barbarenenian sartu zela baitzion, de Lancre-n garbitzeko, Ditchinique-k aitortu zuen, bainan tink atxikiz, Barbarenena beherian egotu zela, de Lancre-n gelaraino upatu gabe. Nor izan zen gaztigatua saltsa hortan, xuxen ez dakigu, bainan gorago argitaratu ditugun legeen arabera, erreki ederrak egin bide zituen tribunalak Senperen ere.

 

* * *

 

        Sorginak nola hiltzen zituzten jakin nahiak direnentzat, huna zenbeit xehetasun. Arratsaldeko biak aldean, soldadoak sorginen bilarat gaten ziren presondegirat. Hauk karro batean ezartzen zituzten oinhutsik eta gurutze batekin, apezik gabe. Orduan elizako ezkilak brandan hasten ziren. Karroa hiltzeko lekuari buruz abiatzen zen, zaldizko eta oinezko soldadoez inguratua. Jende guziek ikusteko gisan, urka-haga taulazko altxadura baten gainean zuten eraikitzen. Urruntxago, egur meta bat gaitza, gorputzen erretzeko, suaren beha zagon.

        Taulazko altxaduraren gainerat, tribunaleko jaunetarik bat izatzen zen. Atabalaz jendea ixil-arazirik, goraki irakurtzen zituen sorginen izenak, bakotxarentzat erranez zertako kondenatua izatu zen. Irakurtze horren ondotik, galdetzen zioten karrokoeri, ean bazuten bertze deus argitasunik emaiteko. Nola sorgin hetarik hainitzek baitzituzten auzoak edo lagunak, zuzen kontra tribunalean zikinduak, orduan aitortzen zuten gezurrez mintzatu zirela. Sorginek zikindurikako persunen ahaideak eta burasoak han izaiten ziren, hiltzerat zoazineri otoizka, edo berdin, mehatxuka eta oihuka, belztu zituzten jendeak xuri zitzaten, han, denen aintzinean. Azken orenean, Marie Dindarte, 17 urteko neskatxa saratar batek aitortu zuen, berak amesturikako tiroak ziozkala de Lancre-i sakatu, salatu ziolarik Satani hau eremaiten aritzen zela eta herritar emazte batzu (izendatu zituen nor) debru bestan ibiltzen zirela. Hala hala, Marie Bonne, donibandar buhamesa bat, ez zen bururaino ele beretan tematu, bere gezurrez dohakabe bat baino gehiago hil-arazi ondoan. Horiek hola, sorginen gorputzak oraino sutan zagozilarik, urka-egun aratsetan, behiaren irri eta dorpe ixurtzen zituztela Lapurdiko bakarren etxetan.

 

 

ITSASTURIEN SAMURGOA

 

        Behialako ardieri, zakurra galdetu-eta, otsoa baitzitzaioten etorri, gauza bera zen gertatu Lapurtarrentzat. Hauk, de Lancre jin aintzinean bai bai zioten; ondotik egin zuten ai ai. Hainitz ihesi mugaz gaindi gan zela erran baitugu, hautarik zonbait Ternurat untziz abiatu ziren, lekuko berrien itsasturieri eremaiteko. Ezin sinetsia da, zer xixtuan jarri ziren arrantzariak ikasi zituztelarik hemengo harat-hunatak. «Zer, zioten elkarri! Ez dakiagu nondik agerturikako kaskoin bat, gure herrian nausi utziko diagu? Holakorik ez! Goazen, mutilak, goazen gibelarat. Gure haurrak, emazteak, gure beha zagotzik. Beharbada ez ditiagu bizirik atzemanen ere. Utz ditzagun gure irabazpideak eta goazen jendeen salbatzerat. Bizia dirua baino lehenago duk. Ha! De Lancre ustela! Eror dadiela gure aztaparretarat!»

        Haizeak alde suertaturik bide guzian, gure itsasturiak, nehork uste ez zuelarik ohi zuten baino bi hilabete lehenago, ttanpean Donibanen eta Ziburun sartu ziren. Sarraski gaitzean aitua baitzen de Lancre, arrantzari gehienek beren familiak dolutan kausitu zituzten. Hortan erotu ziren. Zuzenki, hekien etorriadako aratsaldean, sorgin erretze bat egitekoa baitzuten Donibanen, bortz edo sei milek elkar aditu zuten, inarros aldi bat ona behar ziotela eman de Lancre-i eta haren kidekoeri.

        Aratsaldean sorginen karroa, presondegitik urka-tokiri buruz abiatu zelarik, arrantzariak, beren puñal kanibetak eskuan, oldartu ziren karroaren eta haren zaintzaleen kontra. Orduan izigarriko nahaskeriak han ziren gertatu. Soldadoek berenak eta asto beltxarenak ikusi zituzten, hoinbertze zalaparten erdian. Nola Marie Bonne jada aipatu dugun buhamesa, erretzerat baitzeramaten, huni donibandar emazteak itsuski jazarri zitzaizkion. Gezurraz baitzituen jendeak tribunalean belztuak, oihu paturiaka, ezkilin ziztakoka eta muñotik tiraka, aitor-arazi zioten, herraz, zuzen kontra mintzatu zela. Tribunaleko jaunak, itsasturien larderiaren aintzinean, pareta bezala zurituak zauden eta doidoia zuten beren larrua salbatu, lausengu eta agintza eder batzueri esker. Egun hartan oraino sorginak erre zituzten, bainan azken aldikotz edo halatsu, ezen arrantzariek legea egin zuten eta huna zer lege. Hanbat gaxto sorgin erretzetan norbeitek sudurra den gutienik sartzen badu, kridari edo urkari gisa, edo bertze zerbeit aitzakiz. Holako gizona, bera dute itsasturiek kixkailduko.

        Ez zen goizegi hola arrantzariak mintzatu baitziren. Sei ehun arima bazituen jada de Lancre-k lurperat egorriak, berak espantuz dioen bezala. Ahatik hau zait bitxi: Donibaneko nahasmendua gertatu bazen gertatu, sorginak arras gutitu ziren. Tribunalak presondegiak hustu zituen eta handik goiti, ixilka bezala eta halako ikara batekin bakarrik, zituzten jujek, hobendunak kondenatzen. Lehengo xaharrek ongi hale arrazoin zuten, ziotelarik: beldurra dela zuhurtziaren hastapena.

 

 

APEZERI AIHER

 

        De Lancre-k, etorri zeneko, leku hautako apezeria begitan hartu zuen. Alabainan, haren arabera, apez on izaiteko, behar zuen gizonak «nor naiz ni» aire bat. Hemengo apezak aldiz xeheak eta jendekariak baitziren, trasteak eta zarpailak iduritu zitzaizkon. Ez zezaken ereman apezen pilotan ikustea, edo bestari beha edo ostatutan sartzen, orduan ohi zen bezala. Bertzalde harritu zen ohartu zelarik, gure elizak, emazte mutxurdin edo alarguntsa xahar batzuek zituztela garbitzen eta apaintzen. Eskual Herritik kanpo gizonek zuten lan hori egiten. De Lancre tipulak, halako duda-muda bat bere baitan bildu zuen, elizako emazte heien eta apezen arteko atxikimenduak garbiak ote ziren bederen. Geroztik, tribunalerat deitu sorginak hasi zirelatik apezen belzten, hauk gehienek debru bestan ibiltzen zirelakoan, gezur azia ez zitaken lur hobeagorat eror. Horra nola de Lancre-k kaskoan hartu zuen, sorginkeriaren erroak apezen baitan zirela eta hauk suntsitu gabe deus onik ez zezakela burura. Beraz apezen itzalpean ezartzen lotu zen. Ahatik, hainitz mugaz gaindi ihesi gan zitzaizkon.

        Nor izan ziren hunkiak, xuxen ez dakigu. Sorgintsa bat mintzatu zen Hirigoien, Pausuko bikarioaren kontra, erranez hau ikusi zuela debru bestan, dantzan, Marie de Hassy eta Salbonhouria alarguntsarekin. Senpereko apez bat ere zikindu zuten, etxe batean, Jainkoaz trufatzeko, debru meza emaiten aitua zelakoan. Halaber, Arancette, Hendaiako bikarioa, sorgin saltsan sartua izan zen. Bainan horiek baino gehiago merezi dute aipatuak izaitea hiru apezek. Huna heien izenak: d'Arguibel, Migalena eta Bocal.

        D' Arguibel, Azkaingo erretora zen. Jadanik 80 urtetan iragana, zentzua pixka bat nahasten hasia zitzaion. Bere buruarekin noiznahi solasean zagon eta haren mintza, kurri-manerak bitziak ziren. Sorgintzat ekarria, de Lancre-k haren etxea miarazi zuen eta huna zer zuten atzeman. Egurrezko gurutze hautsi bat, gaineko adarraz gabetua. Bazen aski. Gurutze bat hiru adarrekin? Eta non zen laugarrena? Erretor sorginak trufaz moztua zuela, dudarik nehork ez zezaken izan, de Lancre-n arabera. Horra zertako surat zuten kondenatu d'Arguibel.

        De Lancre-k, erregearen dretxo-zalea zenaz geroz, nehori bere eginkizunen berri eman gabe, d'Arguibel hil-araz zezaken. Ahatik, nahi baitzuen, ez bakarrik erregearen bainan oraino Elizaren esku-makil agertu, Deschaux, Baionako apezpikuari galdetu zion, Azkaingo erretorari bere apeztasuneko ohorea gal-araz zezon, Elizak orduan, Jainkoa ukatzen zuten apezen gainean egiten zituen zeremoni berez. Deschaux apezpikua, Baigorri jauregitarretarik zen sortzez. Kartsua, argitua izanagatik, bere artaldeaz arta guti zaukan eta Baionan baino egun gehiago iragaiten zituen Parisko aldeetan. Beraz de Lancren galdea zertaz zen sobera barnatu gabe, bere amen egorri zion, Akizeko apezpikua otoiztuz Baionarat etor zadien, berak astirik ez zuelakoan.

        Egiazki zeremoni hitsak ziren d'Arguibelen gainean egin zituztenak, Sant-Izpiritako elizan. Gaxo apeza, meza erraiteko apainduretan, eliza erdian xutik ezarri zuten eta han jauntzi guziak kendu ziozkaten banazka. Biluz-ahala, apezpikuaren ahotik ateratzen ziren hitz hauk: «Ez zare holako jauntzien ekartzeko gai, zikindu ditutzunaz geroz, zure burua debruari salduz». Azkenekotz, sotana gain behera axturreztaturik, zaku tzar bat eman zioten, haren orde, tapaki gisa. Lehenago burua harrotzen hasia baitzuen d'Arguibelek, hortan arras nahasi zen. Dohakabea, ezkilaren brandan urka-tokiari buruz ereman zuten. Haren gorputza Azkaingo plazan izan zen.

        Migalena (71 urte) eta Bocal (27 urte), Ziburuko erretor eta bikario ziren. Hauk Jeannette Dabadie sorgintsak belztu zituen, finkatuz goraki, debru bestan ibiltzen zirela. Bocalentzat bereziki, jendea bortitz agertu zen. Alabainan, haren familiako guziek, sorgin zirelako fama aspaldi hartan bazuten. Deschaux apezpikuak jakindu zuelarik bertze bi apez auzitan zirela, kexatu zen eta bere ondoko lehena egorri zuen tribunaleko harat-hunaten zeletatzerat. Ziburuko erretor-bikarioak bain ziren gogoetatuak, non aldi bat ez baitzuten ahorik ideki, galdetu xehetasuneri ihardokitzeko. Zirikatzaile, de Lancre-k enganaturikako apez ez deus bat zuten. Ez baitzezaken hetarik fitsik atera, azkenean gure legezaleak, d'Arguibelen gaztigu beraz jo zituen, «ikustez» hobendun zirelakoan.

        Baionako apezpikuak nahiko zituen ongixko halere salbatu, bainan deus ez zezaken. Oraiko aldian, berari zitzaion tokatu jada aipatu ditugun zeremoni hitsen egitea. Ahatik, baitziren oraino bortz apez preso, hek bederen de Lancre-n aztaparretik aterako zituela, kaskoan hartu zuen. Hortako, segidan bi gutun, bat erregeari eta bertzea Bordeleko lege-gizoneri, egorri ziozkaten. Gutun hetan galdetzen zioten otoi tribunala leku hautarik ken zezaten.

        Denbora berean, de Lancre ez zen lo egotekotan. Buruilaren ondarrean baitziren Donibaneko nahaskeriak gertatu, geroztik Baiona zokoan kokatu zen. Alabainan Lapurtarrak kilikegi ziren eta heien artean ez zitaken bizi irriskurik gabe. Beraz, Baionan zazpi ahalak egin zituen preso ziren bortz apezen kondenatzeko. Hauk nor zitazken ez dezakegu erran. Iduri luke horietarik bat, François de Bidegaray, Ziburu Bordagaineko apeza zela eta bertze bat, Arancette, Hendaiako bikarioa, bainan deus segurtamenik ez dezakegu eman. Seigarren bat kaiolatik ihesi gan zen.

        Baionako apezpikuak zalaparta gaitzak ibili zituen bortz apezen salbatzeko. De Lancre-k, Bocal eta Migalena hil-eta, urka tresnak, katedrale aintzinean utz-araziak baitzituen, hetaz laster berritz behartuko zirelakoan, apezpikuak tresna hek handik eraman zetzan, manatu zion. Bera agertu zen auzitarat, apezen kontrako lekukoen entzuteko. Hautarik suharrena, d'Aspilconette neskatxa buru-xoroa zen, behialako Larrungo pario irriegingarriaren ikuslea. De Lancre, apezak surat botatzeko solasetan hasten zen aldi guziz hauk aitzaki zerbeit atzemaiten zuten auzien luzarazteko. Batean Akizeko lege-zale haundiagoaren aldetasuna eskatzen zuten, bertzean Saint-Sever-ekoarena. Apezpikuaz, azpiz akulatuak ziren.

        Azkenenan Leporaino ase baitzen de Lancre, egun batez erretzerat kondenatu zituen. Bainan ordu berean Bordeletik etorri zitzaion gutun bat, huna zertsuko berriekin. «Jauna, ikasi dugu sail ederrean aritu zarela Lapurdin. Langile onak pausa merezi baitu, gutun hau hartu orduko, zure lana utziko duzu den bezala, gehiago pikorik tira gabe eta ahal bezen laster, itzuliko zare Bordelerat. Ez adiorik». Apezpikuak partida irabazia zuen. Apezak salbo ziren. De Lancre karratxo gorrian Deschaux-en kontra, hazilaren lehenean, betikotz leku hautarik urrundu zen, segur ez baitzen goizegi. Ahatik, gan aintzin, itzalpeko bortz apezak ez zituen libro utzi, bainan hetaz erregeari idatzi zion. Apezpikuak, presondegi zaintzaleak enganatu ondoan, apezeri ihes egin-arazi zioten Espainirat.

        Gatua gan-eta, saguak zalu agertzen baitire, hiru apez iheslari mugaz hunaindirat goixko aire itzuli ziren. Senpere jauregi, de Lancre-n gizonak, begiak erne baitzagozkan, Donibanen preso altxarazi zituen. Bainan ez zuten ondorio gaxtorik izatu. Bordelerat igorriak, nehor belztailerik gabe, han libratu zituzten.

 

 

ONDO-SOLAS

 

        Sei ehun erretze, hiru hilabetez, ikaragarri ere bada. Halere, erran ditake, de Lancre-k pitsik ez zuela bururatu. Hura gatean, etortzean bezain sineskor gelditu ziren Lapurtarrak. Bertzalde, hebainduak izanagatik, egun batetik bertzerat ez baitzezaketen ahantz, bereziki hunkituak izatu ziren familiek, nor zituzten zikintzaileak, hortarik, saltsa frango, mendekio frango izan zen. 1612an, Donibane eta Ziburu elkarri gerla emaiterat zoazin, ez balitu Baionako aintzindariak hautsi-mautsi batez baketu. Azkenean, Marie de Médicis, errege berriaren aman, gogoratu zitzaion Eskualdunak tzareriaz baino eztitasunaz aiseago bilduko zituela eta leku hautarat huiatu zituen bi jesuita, predikari gaitzak, kartsu bezain goxoak. Hetarik bat, aita Soccarro, garaztarra zen. Hastetik, Lapurtarrek ez zituzten sobera begi onez ikusi predikari horiek, ezen de Lancre-n zafraldiaz oraino ikaratuak zagozin. Bainan, ohartu zirelarik, armatzat, beren gurutzefikak zituztela bakarrik, hetan fidatu ziren. Hautarik ikasi zuten, debrua jazartzen bada ere arteka gizoneri, haren indarrek izan bat badutela eta apezek bentzu dezaketela. Geroztik, noiz nahi, egiazko edo ametsetako sorginez gudukatuak zirelakoan, apezen atzemaiterat gaten ziren eta haukien otoitzeri esker, gogo-bihotzak arras deskantsatzen zaizkoten. Horra nola, agian betikotz, Lapurditik haizatua izan zen sorgin hazi higuingarria.

 

(Gure Herria, 1936-1937, 398-407, 114-126)

 

aurrekoa hurrengoa