www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Ipuin eta ixtorio
Piarres Larzabal
1930-1964

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Piarres Larzabalen idazlanak (V), Piarres Larzabal (Piarres Xarrittonen edizioa). Elkar, 1996.

 

 

aurrekoa hurrengoa

ALDAIRA

 

        Zoin laster bizi-moldea bertzelakatu den ahatik! Horixe ene baitan nindagon berrikitan, gure etxetik aldaira egiten ari ziren bizpahiru kamioneri so.

        Duela berrogoi bat urte, ene haurrean, egin ginuen bertze, aldaira batetarat zoan ene gogoa.

        Orduan, aldaira, lan luze eta neke bat zen, bainan ere pesta bat. Orai, lan berak, egun erditsu bat du bakarrik irauten, ofizialeri esker, eta ez da pestarik aipu ere... Langileak diruz pagatuak dira, eta, irabazia eskuratu ondoan, etxerat haizu.

 

 

GURE ETXEKO BERRI

 

        Bainan mintza gaiten delako aldaira hartaz. Etxetiar ginen ontasun koxkor batean... Mahain inguruan, ahoen nonbrea goratuz baitzoan, laguntza ere, bertzalde, heldu baitzitzaion, aita abiatu zen etxalde joriago baten mian.

        Nunbaitik jakindurik, herrian, guk behar bezalako etxalde bat husterat zoala, hartan etxetiar sartzea, ixilik eta lehenbailehen galdatu zuen. Nausiak ihardetsi zion ez zela galdegile bakarra, bere gogoetak eginen zituela, eta errepusta ondoko merkatuan emanen ziola.

        Dautzuet, ondoko merkatua arte, familian larri ibili ginela... Batean ba, eta segur ere etxea guretzat zitakela. Nausia holakori hola, eta halakori hala, guri emaiteaz mintzatu zela... Bainan biharamuneko, gure amets guziak berdin lurrean ziren... Ezetz ez, bazela gu baino lehenagokorik... Kartierean berean, Piarres Etxoinek, etxetiargo hori beretzat ardiesteko segurtamena bazuela.

 

 

XINKATRES ETA GU

 

        Piarres Etxoini, gizon mainguxka bat zelakotz, «Xinkatres» bataioa emana zioten. Eta, zer den ahatik haurtasuna! Supazter-xokoan hartaz adituekin, halako hastiro bat bildu nuen, egun hetan, harentzat. Guk desiratzen ginuen etxalde bera, harek ere begiztatzen zuelakotz, gure familiaren etsaitzat naukan, eta, ikusten nuelarik, errabia batek su-egiten zautan barnetik.

        Dena den, ondoko merkatutik, aita arras «talenduan» itzuli zaukun. Ez ginion galdatu ere ean zer ihardetsi zion nausiak. Nausiaren errepusta argi zaukan bere begitarte irrikin, bapoan.

        Ez zuen nausirik aipatu ere etxerat sartzean, bainan denak besarkatu gintuen... Ama ere, ba... Arras bakan gertatzen baitzitzaion holakorik... gure aintzinean.

        Atorra mokasturik, mahain-muturrean jarri zen, eta, salda xorta bat edanez, nausiekin ibili solasen xehetasunak eman zauzkun... Artetik, Xinkatres, gorapenetik, ziliporta batzuz benedikatu zuen, eta ere aitor dut... ginuen: «Kanore baitzuen, nausi berriak, Xinkatres guri preferatzea!... Boho!... Holako ustekeriak nun zuen buru-buztanik?... Maingu debrua!... Segur bera ari izana zela fama horren hedatzen!»

 

 

BAKOTXA BEREARI

 

        Beraz, berritz ere abiatu ziren aintzina egunak egunen ondotik, eta, gure etxean ez ginen bizi San-Martinentzat baizik.

        Ene haur-izpirituaz, familiako erran guzieri erne nindagon.

        Aitatxik ez zuen iduri sobera kontent zela aldairaz: «Ba, ba... Hemen berean ere egin ginezakeian ba bizitze!... Etxe berriko teilatuak ere izanen ditik bere itaitzurak!»

        Amatxi zaukun pixka bat muturtu: «Ez gintuztena, hoinbertze urteren buruan, gure hezur zaharren pausatzerat uzten ahal hemen berean! Ha xaharra, gazteen meneko!»

        Ama, frango aintzinetik, aldairako apairuaz orroitua ginuen «Azken mementoari beha egoiteak ez dik deus onik!» Uda aintzin, koloka ziren oilo guziak xitan eman zituen. San-Martinetako oilaskoen muntatzeko.

        Kozinari bat ere beharko zela-eta, guk usaiazki etxerat ekartzen ginuena, Maria Zalantza, amak ez zuen gehiago nahi etor zadien... Zertako ote?... Hurbileko emazte bat entzun nuen amari sekretuzki kondatzen, nola delako Maria, heien komunioneko bazkaria erditaratu gabe, «jesusean» gertatu zen. «Itsusi, desohoragarria!», zuen atera gure amak.

        Ez bainakien xuxen zer zen «jesusean» izaite hori, eta, ene amarentzat nuen amodioak, emazte arraza guzia ohoragarri baitzautan kausiarazten, ez nuen berehala konprenitu eta onartu Maria Zalantzaren gaitz trixtea.

        Aitak zuen halere buru-hauste gehienik.

        Uzten ginuen etxearen bordari berria laster agertu zen. Galdegin zaukun, sartu aintzin, bere baratzearen egiteko lurra, eta belar-iratzeen ezartzeko lekua. Guk ere, gauza bera ginuen ardietsi, ordaintzekoa ginuen etxetiarrarenganik. Bertzalde, neguko arbi eta perdailuak erain ginituen batzuk eta bertzek, leku berriez jabetu aintzin.

        Hola, asko gurutzamendu ibili baiginituen, ene haur izpintua gizonen arteko harat-hunatetan alhatu zen eta ernatu.

 

 

ONGARRI META

 

        Aitaren griñetarik bat zen, nola aldairako hitzarkiak beteko zituen. Bereziki, eta bertzeak bertze, etxea hartua zuen hamabortz metra ongarrirekin eta hitzemana, izan bereko ongarri meta utziko zuela, etxea libratzean.

        Sei buru ziren gure heian eta ehun bat ardi bordan... Udan, kabalak maizenik larrerat igortzen baiginituen, ez zen errex heia hutsetik ongarririk jalitzea.

        Behin ene aintzinean, Lazaro Beltza, kartiereko gizon bat, entzun nuen aitari kontseilu emaiten. Aski zituela ongarri metaren barnean sakatzea, larrekiko ote-heze batzu eta ere iraztorreko arto zango guziak. (Guk iraztorra deitzen dugu: samatsa). «Ez, zion ihardoki gure aitak, ez dugu gure mahainean holako jakitik zerbitzatzen!». Orroit naiz, fier izan nintzela aitaren errepusta hortaz eta hari jada ekartzen nion ohorea, berratu zela oraino ene baitan.

        Lazaro hura, espainolki gizon itsusi bat zen, muztatz berduratu batekin, erdi laborantzaz eta erdi kontrabandaz bizi... Aintzinetik ere ez bainuen hartan sobera konfiantzarik, solas horien ondotik, lazdura bat emaiten zautan harekin gurutzatzeak.

        Beraz, uda hartan, behiak alderat barnean atxiki ginituen, eta, azpiak zikin-arau erreberrituz, gure hamabortz metrako ongarri-meta altxatu ginuen, behar zen tenoreko.

 

 

ITZAINAK

 

        Eguna hurbilago eta ezkila minago, supazter-xokoan, Urriko arats guziak San-Martinak aipatuz pasatu ginituen: ean nor izanen ziren gure auzo berriak, nor gurutze-xirio, zer lur mota ziren guk beharrak.

        Aitatxi, bere zizeiluan jarria, amatxi puska zaharren peratxatzen, maizenik ixilik zagotzin... Haurrak, kontent ginen saindamenduaz: eskola hurbilago heldu zaukun, iturria ere urketako, eta auzoan izanen ginituen jostatzeko gure adineko lagunak.

        Holaka, supazter-xokoko solas aldiek, gure gogo-bihotzak ber janaritik haziz, guhaur ohart-gabean, orre bereziz moldatzen zaukuten gure familiako izpiritua.

        Aldairako itzainen hautatzea ez zen lan bat errexa. Azkenean ba, ados erori ginen, kartiereko etxalde guzieri gomita igortzeko. Jendaki eta adixkidetan aldiz, laguntzerat etor zadiela nahi zuena.

        Nahiz Xinkatres minberatua senditzen ginuen, jeloskeriaz, guk gureturik harek desiratzen zuen etxetiar-lekua, halere hura ez ginuela berexiko deliberatu ginuen. Merkatu-aratsalde batez, aitak egin zion beraz hari ere gomita... Xinkatres arras potrotu zitzaion, ean bazuen kopeta galdatzeko «ohoina ohointza-tokirat» lagun zezan. Ez baitziren bat ala bertzea goizeko freskuraz bakarrik haziak, zer-nahitakoak han atera zituzten elgarri... Etxean, aitaren eskualdea hartu ginuen, eta luzaz bi familiak egon ginen gurutzatu gabe... Maiz gertatzen dena da, Eskual Herrian, familiak hola samurtzea ez-deuskeria batzuentzat.

 

 

OSABA ERRAMUN

 

        Bertze pondu bat ere frango nekea baginuen haxean ezartzeko. Hura zen gure osaba Erramunen kasua... Behar ote zen edo ez itzaingorat galdatu? Haren emaztearekin zerbait pasaturik, handi ginen harekin ere, zonbait denbora hartan.

        Osaba Erramun, ez zen sortzez gu baino goragotik, bainan etxalde on batetako alaba bakarrarekin ezkondua, bi sehi laguntzeko, hogoi buru barrokian, kukuruku aise jotzen zuen.

        Emaztea zuen hotxa, dena «anddere faxoin», mihi eztenadun, leizafina motatik. Gure etxean sarpide laburrak zituen, ez ginelakotz haren mailako.

        Osaba Erramun boza basa kankar batez dohatua zen... Irri alimale batez ere. Emazteak, bere urguluan, haren larrikeriez sofritzen zuen, bainan lehuntze guti zuen ardiesten, adi-arazten ziozkan oharmen guziengatik. Izpirituko apainduraren eskasian, gorputzekoa bederen ematen zion. Berenaz, osaba Erramun gizon ederra baitzen, oraino ederrago egiten zuen, emazteak soinean ezartzen ziozkan arropa balios eta artexki josieri esker.

        Osaba Erramunen etxean fantesia zuten, kartiereko lehenak izaiteko lanetan. Haren ontasuneko berroek, buruen buru, plomuz eta orrazez moztuak iduri zuten. Dautzuet ez zela hango ipularretan laparrik, ez hango baratzean belar gaxtorik.

        Hortakotz, nahiz amodio baino ohore gehiago ekartzen zion, gure aitak, maiz haren lana zaukun etsenplutzat hartzen. Iraulden edo markan, ildo eta izaka zuzenak nahi zituen, eta itots-emailea abisatzen gintuen: «Tira-aizik gero behi horiek tiroa bezen zuzen. Ene lerroak kordan nahi baititiat, osaba Erramunenak bezala!»

        Pesta burutan, osaba Erramun bazkariz esperantza ginuelarik, aitak, gure etxetan usaia zen bezala, jan aintzin edo ondo, ontasun eta alimaleteietan itzuli bat egin-arazten zion... Hamabortz egun aintzinetik, osaba Erramun etortzekoa zela eta ez zuela desohorerik nahi, ipularren garbitzen, berro mozten, belar gaxto jalitzen eta behi karatosatzen ar-arazten gintuen. Guretzat, osaba Erramunen bisita zen soldado xumeentzat jeneralena bezala.

        «Nor naiz ni»-ka lotzen zelarik, osaba ez zen bakarrik espantulari bere alde, bainan erdeinulari bertzeen kontra... Orroit naiz behin haren solas batek nola bihotza zimikatu zautan.

        Gure etxean ez zen behin ere mahastirik izanik eta gure aita ez zen trebatua mahats-lanetan. Osaba Erramunek aldiz fama handiko mahasti bat bazuen, ondo zaharretarik. Bere begiko ñiñikari bezenbat atxikia zen bere mahastiari, eta emaiten ziozkan artamendutan, bertzeak bertze, moxtean zuen bere fantesia. Aitatxik ikasiak, bazauzkan berekin mahats moxteko sekretuak, ez baitzituen urretan ere salatuko. Heien jakiteko nahikeria agertzen zioteneri: «Mahats-ondo bakotxa, neskatxa bat bezala duk! Zuen ihardesten. Bakotxak bere gisako «tualeta» berezia nahi dik!». Ez zuen beharirik ere onartzen bere ondoan, mahats mozten lotzen zelarik, eta, lan horren zerbitzua galdatzen ziotenek, ezetza segur zuten: «Esku bera nahi dik mahats-ondoak, landatzetik eihartzeraino!»

        Beraz, urte hetan, landa-mutur batean, aitak zonbait mahats ondo landatu zituen eta berak moxtu. Primaderako itzuli batez, galdatu zion osaban, batere salatu gabe nor zen lanaren egile, ean bere mahastia ontsa moxtua kausitzen zuen... Osabak, gorapen baino goragotik, trufa batean, ihardetsi zion: «Lehengo gizonek, ahuntzak emaiten omen zizteian mahastian, mahats mozten. Oraiko mahats-moztaile batzu, ahuntz heien pare, to!»

        Dena den, eta... Itzul gaiten gure sailerat, «hobe zela geroko batengatik», aitak osaba Erramuni, gure aldairaz parte eman zion. Eta osabak, ohoratua, gain-gainetik hitzeman: baietz ba, etorriko zela, uztarriko hoberenekin.

 

 

SAN-MARTIN GOIZA

 

        Goizeko zortzitarik lekorat, hasi zaizkigun itzainak etxerat heltzen. Orai pestetan ikusgarri agertzen dituzten karrosa apainduetarat bezala, begiak luzatuak hurbiltzen ginaizkoten.

        Kabala guziak ziren panpalinetan eta saiel edo kalainketan, kopetako itze eta kuskuladunekin... Itzain gehienek zituzten lepoan mokanes gorriak, gerrian zintak, eta eskuetan akulu apainduak... Heietarik bati, Matin Erloskori, esku-zartak jo giniozkan. Ba, egiazki ehoskoa zela Mattin!... Zerbait bitzikeria muntatzeko, betitik hauta baitzen, etorri zitzaukun galtza zuritan, orga-altzoan zutik, bere behiak gidatzen zituela soka batez, zaldiak bridatik bezala. Aintzineko tentearen gainean ezarria zuen lore-buketa bat, eta bi falkatsuetan (erruda-xapelak), bazituen lerrokatuak, kolorezko xingola batzu... «Bide, bide eni! Ari zen oihuka. Ni naiz Naparrako erregea!»

        Azkenik etorri zen osaba Erramun. Gutarat hurbildu aintzin tarte gorde batean egon-aldi bat egin zuen, segur azken torratze bat emaiteko bere idi eta orgeri.

        Ha, osaba Erramun! Bere eder eta muntadurez, agertu ordu, bertze guziak itzali zituen. Haren apaindura zintzoen aldean, bertzenek ergel iduri zuten. Harena urretik, bertzerena girigileriatik.

        Bera zen sekail eta zut, erdi-igandekari beztitua, ezpartin zuritan, atorra-gaineko botoina idekia, gapelua xurrutean, mizpirazko akilu koropilodun bat, bere puntako ditare kobrezkoarekin, bizkarrean zekarrela.

        Idiak zituen, ez handi kankail, bainan ez ere koxkor, ontsa paretuak, bortz bat urtetakoak, gizen bainan segorik gabe. Ileak karatosaz eta olioz lehun dirdiratuak zituzten, zango-behatzak ezkoz ziratuak, adarrak ozpinarekin eskoilatuak. Uztarri-estalgia zuten beltza, zabalez eta zamaz aberats, azken ile-alditakotik. Uztarri-hedeak estreinak, laura itzuli emanik, beren mutur ezpartxatuez ziren adarretan gora biribilkatuak... Urkidea fermu, ontsa bildua, gorrasta, toleta beltz batez marratua. (Urkidea deitzen dugu hedezko uztarri-burdina). Panpalina zilarrak eta lepo-uhalak, Espainiako jauregitako mandoenetarik. Orgek ez zuten apaindurarik, bainan eder ziren berenaz. Garbi ziren, tintatuak kolore sanoz, pertika (timoia), maxterrak, farak eta gain guzia, perdez, errudetako arraio, haxa-buruak eta zatiak, gudron beltzez. (Zatia deitzen dugu ferraduraren azpiko egurra).

        Ez dakit maleziarik gabe edo trufaz, osaba Erramunek bere idiak gelditu zituen Iexuxen behien aldean; bainan dautzuet heiek ez zituela holaz ohoratu... Gaixo Iexuxen behiak! Heientzat urte guzian garizuma zen... Hasteko, Iexux-baitan, denak, aita, ama, haurrak, behiak, xakurra ere, hezur eta larru ziren. Gure amak zion, jateko sustantziarik ez zutela etxe hortan «baxakana janez» bizi zirela. (Baxakana deitzen dugu elorri beltzaren fruitua).

 

 

GURE ARTEAN

 

        Itzainak lotu ziren beraz karga-lanari. Egia erran, frogatua baita hiru aldairek su batek bezainbat desmasia egiten dutela, aintzinetik guhaurrez garreiatuak ginituen etxe berrirat puska hauts-errex eta baliosenak. Halere, bazen zernahi kargatzeko, ezin-sinetsia baita, zoko guziak harrotuz, zonbat gauza ez diren ateratzen, frango uste-gabekoak eta bazitazkela ere ahantziak.

        Aldairako, aitak haur bakotxari emana zaukun gure kargua. Batek behar ginuen ama lagundu, bertzeak xahakoa itzainetan kurritu... Nik, fagore berezi batez, betroin ttipia behar nuen sokatik ereman.

        Gure etxean, heia-buruan, bazen behi betroinki ttipi bat: Bettoina ginuen deitzen. Ez zen baitezpada zaharra, bainan esne emankorraz higatua, bizkar-makila triparen kargaz uztaitua, errapea abantxu herrestan, zango-behatzak idorraz arrailduak eta gantzolaz gabetuak. Bainan halere, haurrek arras gurea ginaukan Bettoina. Titi lehun eta gure ahurren heinekoak baitzituen, behi prestua ere baitzen, harekin ginituen gehienik eginak gure deizteko aprendizgoak.

        Bainan, ez ginen etxean denak sentimendu beretan, aldairako goizean... Gure amatxi, argi-zirrintzako, betikotz etxe zaharretik urrundu zen, bakarrik eta mutu, esku batean zaukala makila koxkor bat eta bertzean... suko neskatoa. (Suko neskatoa deitzen dugu laratzatik dilingo ezartzen den untzien pausa-lekua).

        Aitatxi aldiz, itzainak abiatzean, jarri zaukun, etxetik hurbil ginuen gisu-labearen aintzineko soropilan, eta han egon zen goiztei guzia, nehorenganat hurbildu gabe. Denek errespetatu zuten haren barneko iluna. Ez dakit noiz zen xutitu eta handik lekutu.

        Batek eta bertzeak egun multxo bat eman zituzten eskarmentatzeko.

 

 

BIDEARI LOTZEN GIRA

 

        Eguerdiko etxea hutsa zen, orgak oro kargatuak. Apairuxka bat egin ginuen bideari lotu aintzin.

        Etorri zelarik tenorea tokien husteko, Mattin Erroskok baitzituen sekulako su-panpak, menttatik ekarriak, hetaz airea bonbardatu zaukun. Gizon guziak orduan, hasi ziren oihu-irrintzinaka inguruen abisatzen: «Ai, ai, ai!... Bagoatzi!» Ziotelarik. Gure etxe-bixkarretik harrabotsak urrun hedatzen baitziren, auzoetako irrintzinak gureeri erreferaka entzun ginituen.

        Ha! Zer proosione ezin-ahantzia, gure aldairakoa! Hamar bat itzain, lerro-lerro, denak kantuz, irrintzinaka eta zahakotik tragoka, Mattinen su-panpen, panpalin-xilintxen eta orgen kirrinken artetik!

        Aro ezti bat ginuen, guk behar bezalakoa.

        Bideko ziloen berdintzen eta sasien mehatzen ari izanak baiginen egun hari buruz, gure pasa-tokiek iduri zuten gure pestan partzuer!

        Bertzeen artean, ene Bettoina sokatik, lerroa segitzen nuen. Errege baten ohorezko zaldi-zaina ez bide da bere buruaz hain fier, nola bainintzen ni eneaz. Nehori ez bainion, urretan ere, ene ordaintza salduko.

        Aitak erakutsia zautan, kabala bat estekan joaitean, korda behar zela laxoan atxiki eta ez sekulan biribilkan edo soka-lasterrean. Kabala erotzen bazen ere, harek herrestan joaiteko lanjerarengatik. Gaixo betroina! Ez dut uste erotzeko irriskutan zen. Galtzarte zabalka kurritzen zautan, bere errape handia ezin moldatuz, eta urratsak dudaka, zango-behatz herbailengatik... Halere, izan zitakenaren ohorea ekarri nion, aitak erakutsi bezala, soka laxoki eskutan atxikiz.

 

 

ZUBIKO PATARRA

 

        Bainan berantetsirik nago, Zubiko patarran gertatu zaukuna kondatu nahiz. Patar hori zen laburra, bainan zuta eta harri idorrez galtzaratua. Itzainentzat zen leku hauta beren kabalen entseiatzeko.

        Horren zolarat jin-arau, itzainek geldi-aldi bat egiten zuten, heien aintzinekoa kaskorat heldu artio. Gelditze hartaz baliatzen ziren, ez bakarrik kabaleri hatsa emaiteko, bainan ere, nundik eta nola jokatuko ziren patar hartan, planen hartzeko.

        Lehen lau-bortzek, aise edo nekez, partida irabazia zuten, noiz eta ere Paskual Larrebordakoaren saindea etorri baitzen bide zutari lotzeko. Paskual zen gizon lodito bat, hedadura ttipikoa, kexa-errexa, eta astoa baino kasko gogorragoa berearen alde... Frangotan, ostatuan, buru-muntatzailek gontzetarik jali-arazten zuten...

        Uztarriko behiak tirariak zituen, bainan ez berak uste zuen bezenbat, itzaina zelakotz. Behiak zituen, tokiko arrazatik, ogi bihi koloreko. Ezkerrak zezenaren eite zuen bere lepo eta bularrez. Adar labur, punta kamuts batzuekin zen eta haren gorputzak iduri zuen dupela bat, lau pazota azkarren gainean pausatua. «Katxakar» zuen izena... Hitz horrek, gure eskualdean, erran nahi baitu «zalapart», edo holako zerbait.

        Behi eskuina berritz hezurrez larrixago zen, adar luze batzuen jabe, galtzez eta bularrez meharrago. «Jikutri» deitua zen, dena malezia zelakotz uztarri lanetan.

        Beraz Paskualek, apur bat deskantsatzerat utzi ondoan, bere kabalak manatu zituen.

        Itzainak ingururat bilduak ziren, patar hura baitzuten beren arteko izarien hartzeko toki ezin hobea... Paskualek senditzen zituen ofizio bereko lagunen begiak bere gainean pausatuak. Ez zitaken jujari garratzagorik, eta, haren itzain-ohorea kutx ala pil zen, memento hartan. Ahatik, berak ez zakiena, hauxe zen kargariak ari izanak zazkola saka ahala saka puska pisuenetarik, eta haren orgak, bertzeenak baino zonbait kintalez gehiago zirela.

        Manamenduan, Paskualek adarretik zituela, bi behiak laparra bezala lotu ziren patarrari gora, zango burdinak sutan, xinkako batez bururaino heldu nahizik. Bainan erditsutan gelditu ziren harri batek erruda bat trabaturik. Paskual entseatu zen zeharka malobratzerat, bainan bigarren arruda sartu zitzaion ziloka batean eta han kalatu, debruak berak ez ateratzeko gisan. Manatzen zituen ba kabalak, batean adarretik, bertzean errudatik lauzkatuz, batean goxoz eta lausenguz, bertzean orroz eta zafratuz, bainan debaldetan.

        Beren pestan ziren sahetseko itzainak. Dautzuet ez zuela Paskualek aholku eta arralleria eskasik: «Ixtringa duk ez aski largatua!», «Zer dituk behi horiek! Hetikak?», «Nahi duka salboin-puska bat haxarentzat?», «Emoi-tzioztek mando-uliak gibeletik! Hik baino lan hobea eginen ditek!»

        Osaba Erramunen boza ozen, larria ere adi zitaken: «Hum! Holako behi koxkorreri, ez orgak, bainan eskorgak!»

        Denetarik ozarrena, «Xerxebruit» zen, bere boza kalaxka txarraz pozoinaren aurtikitzeko: «Ekar-zkitzue hunarat bizpahiru biper gorri, behi eta itzain txar horien norapeit atzartzeko!» Edo oraino, nihundik ere Paskualen kabalak pertikatik nahi zituen kendu, heien ordain Iexuxen behi hamikatuak ezartzeko. Ez zitaken afruntu minagorik Paskualentzat.

        Bizkitartean, gaizoak ez zaukan zalaparta eskasiarik... Hastapenetik, bi behiek borondate ona erakutsi zioten; bainan, Jikutri laster oharturik indarren debaldeaz, zikanaka hasi zen... Batean, begitarat emaiteko Katxakarrek baino indar gehiago fornitzen zuela, muturra luzatzen zuen aintzinarat, bainan uztarriaren marraz gibeletik zela seinale zuen... Bertze batzuz, Katxakar trabatzen zuen, hura beheretik lotzen zelarik, bera goratik ariz, edo desberdinka tiratuz, edo oraino, trebeska eta lagunari pusaka indar eginez. Biltzen zituen ba akilu-kaska eta ziztako on batzu, ez baitzuen itzaina enganatzen; bainan Katxakar ez baitzen goxokiago tratatua, ez zuen arrazoinik hobeki gobernatzeko, ontsa zabilana ez zenaz geroz makur zabilana baino saristatuago.

        Gaizo Katxakar! Haguna darioan, muturra lurrari sartua, belaunka eta guziz, azkenekotz marruma batzu jaliz, jokatzen zitzaion... Ondarrean, etsiturik, ez bat eta ez bertzea, ez ziren lekutik kantitzen... Izaitekotz ere, «be» manatu-eta, «arre» zuten egiten.

        Halere, Paskualek, bere kasko gogorrarekin, ez zuen amor emaiteko aipurik... Dolutu behar zitzaion...

        Indarka ari zelarik, harri bat ezin jaliz orga-arrudaren libratzeko, ez zena, gaizoa, itzulipurdika erori! Dautzuet, haren tirabirakoak ez zituela itzainen mihiak lehundu: «Zer haiz, to! Ziminoan?», «Galtzak zikindu dituk gibeletik, to!», «Zer duk! Xatarra bustia?»

        Hortan, Paskual ondarra burutik galdu zen. Seko errotua, arneguka katixima beltzenekotik, akiluz eskainka, bilakatu zen ezin atxikia.

        Hein hortarik harat, irakinak gainditzeko irrisku baitzuen, gure aita eztiki mintzatu zitzaion: behien aintzinean eman zediela; denek pusaka gibeletik lagunduko zutela... Hala zuten egin, eta karga airoski patar gainerat jali.

 

 

ETXE ZAHARRARI ADIOS

 

        Deskargak bururatu-eta, puskak etxe berrian berritz muntatu tenoreko, ilun nabarra zen. Orduan, bi haur ttipienak ohartu ginen gure sukaldean eskas ginituela jostetako lagun maitagarrienak: gure gatuak. Biga baginituen arras eskutakoak: ama ume batzu... Ama, hiru koloretakoa, begi gozo batzuekin, xori-ihiztaria zen lehena, bainan ere pereka-gosea eta altzokaria... Umea berritz, zimino iduri bitzi bat, dena zalapart eta josteta, nehun ezin egona.

        Beraz, gakoak harturik, itzuli ginen bi ttipiak, gure etxe zaharrerat, gure adixkide gatuketarat... Atea ideki-eta, ez baitzen gure etxean eletrikarik, bihotza pilpilka ginen sartu barne ilunetan. Lotu ginen gatuak dei eta dei... Bainan heien orde, sagu eta marmaluek zaukuten tauletarik ihardesten, kraska xehe batzuz, eta ere, haizeak, ate-lehiotako kirrinken intzirinaz.

        Harrabots horiek entzunez, gogorat jin zitzauzkun aitatxiren supazter-xokoko lamin eta arima herratuen ixtorio latzak. Hunkitzez bezain ontsa senditzen ginuen, gure familiako aingeru eta arima gerizatzaileak ez zirela gehiago barne hetan. Heien orde, etxerik gabeko izpiritu pasaiant batzu zirela han, apur batentzat kokatuak, buhameak bizitei hutsetan egiten diren bezala, handik jabek kasatu artino... Ikaratuak, eta gaturik gabe, urrundu ginen gure etxe zaharretik, eta, utzi lekuarentzat, ondoko egunetan, ez nuen ene baitan, deus penarik senditu. Izaitekotz ere beldur mixteriozko bat.

 

 

XINA, GIZON AZKARRA

 

        Etxe berrian, itzainak jaten ari ziren, gu itzuli ginelarik. Mahain muturrean «gizonekin» jateko ohorea ardietsi zautan aitak amarenganik: «Ba, gizonekin jatea merexi du, gizon bat bezala baitu gobernatu Bettoina!»

        Itzainak jada harrotzen hasiak ziren eta zoin goragoka mintzo! Gizon azkar bat zuten aipu. Nor ote zitaken gizon hura? Nik ez dakit... Xina ematen zioten izena.

        Batek erran zuen harentzat, halako errespetu beldurtsu bat erakutsiz: «Hemengo bakarra duk, beharrian erreztuna ibiltzeko dretxoa duen!»

        Bertzeak segitu zuen: «Behin gizon horrek, Constantinople hiri guzia harri-arazi omen zian. Nik ez zakiat nun den Constantinople; bainan han omen dituk gizon azkarrak. Eta han omen zian gizon borrokari, nehork ezin bentzutu bat. Borrokari hura, ari baitzuan nahaskerian eta denen desafiatzen, Xinak zian hartu buruz-buru, han gertaturik untzitik jautsia. Eta nahi-t'ez, Xinak borrokari hari muturra bihurtu eta amor galdearazi!»

        «Bai, hori baino gogorragokoa egin omen dik berrikitan, zuen atera hirugarren batek. Senpere alde hortako gizonik azkarrenak nahi omen zian Xinaren indarra frogatu. Xina ez baitzian ezagutzen, jo dik hari buruz, behar zuela ikusi. Tokirat hurbildu-ta, hautematen dik gizon bat goldearekin iraulden ari, eta galdatzen ziok: «Barkamendurekin adixkidea, badakizuia nun den hemen Xina delako gizon azkarraren etxea?». «Ba, badakit», zion ihardetsi goldelariak, kopeta zimurtuz... Eta esku muturrean, makila koxkor bat bezala, goldea altxatuz, harekin zion erakutsi: «Horra nun duzun Xinaren etxea!» «Senpere aldeko gizonak, hori ikustean, ez zioian gainerateko xehetasunik galdatu, bainan airosko bere etxerat zuan itzuli han beretik, eta ez omen dik gehiago Xinaren hautemateko gutiziarik!»

        Ni, loriatua nindagon holako istorio harrigarrien entzuten. Bainan Xerxebruitek ez bide zituen aski biper minez onduak kausitzen. Hortako, bere ahuntz bozaz, denak baino goragotik, lotu zen kozinaren pizten: «Xina bezalako gizon bat izan baginu, zuen erran, orgen tirari, Paskualen behi txar horien orde, ez ginian egun hoinbertze denbora galduko Zubiko patarrean!»

        Mintzatu bazen, gaizoa, nunbait mintzatu zen! Paskual han baitzagon, orenak hartan, hitzik jali gabe, potroz hantua, jasan afruntua ezin diserituz, supindartu zitzaion.

        Sakreka, hitz larrika, jo eta errefera, biak mitrallezian bezala hizketatu ziren.

        Bazterretik nehor ez zitzaioten arterat sartzen, salbu Iesus, eta hura ere, ez heien eztitzeko, bainan heien erran berduren gaitzesteko.

        Jada aipatu ditut Iexux eta haren etxeko garizuma. Bera zen gizon «itxuxi» bat, lausoa eta sudur zut luze batez lurra miratuz, kurritzen zuena. Se-ka mintzatzeko orde, xe-ka mintzo baitzen, ez zuen Jesus erraiten, bainan Iexux. Hortarik zuen bere izen-goitia. Ez zuen ez ostaturik, ez piparik. Holako hirukin, bat et'erdi gizon... Nago nola emazte bat bildu zuen.

        Dena den, konpainian, Iexuxen ele bakarrak ziren, aldekoek tanto larri batzu botatzen zituztelarik, erraiten zituenak, bere asalduraren agertzeko. Ele hek beti bertsuak: «Iexu, Iexu!... Ixiltxago! Hori xobera da!» eta holako. Erdi ahapetik jalitzen zituen, xixtuz bezala, bainan elizako litanien ondotik «ora pro nobis» bezain segur, litania beltz bakotxaren ondotik, Iexuxek aterako zuen bere errepika.

        Itzul gaiten gure itzain kalapitalarietarat: «Nahi dukana pariatzen deat, zion Xerxebruitek Paskuali, ene bi behiak buztanetik estekatuz, soka tiran, hire bi uztarrikoeri nausi direla!»

        «Bai, estekatzen ahal dituk, zion ihardetsi Paskualek, hire behiek buztanetik eta ere...!»

        Ez nion bururatzea konprenitu, bainan gaitzeko irri-karkailak jali zituzten afaltiar guziek.

        Eta, ez dakit zertako, gure aita betbetan berebaitatu zen, ni sobera nintzala mahain hartan, eta amari oihuz erran zion: «Haur hau joan-azu otoi hemendik!» Dautzuet ez nuela onartzen, aitak ohorezki «gizonen erdian» jar-arazi ondoan, berak handik, apur baten buruan, ni despeitzea. Beharrik amak ez zuen entzun aitaren oihua, edo bederen ez entzunarena zion egin.

        Bere errepustaz Xerxebruit zafraturik, eta, irrilariak bere alde emanik, Paskual norapeit deskantsatu zen eta eskarmentatu.

 

 

NOLA IHAURKIA JAUTS

 

        Bertzela ere, solas berri bati zoazin gehienen beharriak. Itzain batek zion, Harri-mendiko malda gaxtotarik, ihaurkia jaustea errexago zela gurdiz ezenetz-eta leraz. (Gurdia da orga ttipi, erruda betea... Lera, herrestan garreiatzekoa).

        Gurdilariek zioten, hango toki harkadietan, lerek, tornu bat gabe, galduko zituztela beren zola eta kokotsak, aldeak higatuko ere, gurbatoina jo artino.

        Lera baliatzaileek zioten aldiz, urrats guziz, hango patarretan, gurdiak irauliak izanen zirela.

        Xerxebruit, ixtaño bat hartan ixilik zagon... Handi baitzen harentzat. Noizbait ba mintzatu zen, apuñatik, erraiteko, haren arabera, ez gurdiak, ez lerak pits ez zutela balio Harri-mendian, ihaurkiketako, bainan hoberena zela arbazta bat urkamotzari lotu-eta.

        Ahoa ideki bazuen, ideki zuen... Denak kontra lotu zitzaizkon eta ozarkienik, bixtan da, Paskual. Solasak laster joan ziren lehunetik azkarrerat eta azkarretik kankarrerat... Gaixo Iexuxek izan zuen berritz ere lan litanieri ihardokitzen, eta berritz ere aitak pena egin zautan, oheko tenorea nuela amari orroitaraziz.

 

 

EMAZTE-SOLAS

 

        Ura, xirripatik errekarat bezain segur, solasak, indarkako aipamenetarik, emaztekilakotarat behar zuen jautsi... Ez dut hori erraiten Eskualduna holakoa delakotz, bainan egun hartako konpainia, gisa hartakoa zelakotz.

        Beraz, norbaitek aho-pazka berria forniturik, Gorgorio Menttako nausiaren kofesioa egiten ziren hasi: Espainia barnetik etorria zela, behatze zuriegia zuela bide oneko gizona izaiteko, bi emaztekin bizi zela.

        «Emazte» hitza entzun orduko, ene ondoko gizonaren beharriak tente jarri ziren. Pitsik ez baitzakien itzaingoaz, gaizoa, ahoa hetsirik egona zen ordu artio. Bainan, emazte gobernuan bazituen petrentzioneak, eta hortaz saila idekitzea haren eremutarat sartzea zen.

        Ha! Ez dut ahatik oraino aipatu, nor zen delako ene sahetseko gizona! Gallego zuten denek deitzen. Eskuaraz bazakien, bainan, «pero» eta «si»-ka gure hizkuntza espainolarekin nahastekatuz. Donadoa, aspaldian Frantzirat lanerat etorria, gure etxe berriko auzoan zen pentxioner, eta bere laguntza eskainia zaukun aldairako.

        Gorputz labur gotor baten jabe, adin gordinetik urruntzen ari, larruz hauts kolore, haren arpegiak «mutur motz» egiten zuen, bere sudur lehertuarekin.

        Edan gaxtoak baitzituen, moldeak larri, mihia ere lizuna, ez zuen aitak nahi, haurrengatik, sobera gurutzamendu izan zezan gure familiarekin.

        Beraz Gallegor, emazteak aipatzearekin, arpegia argitu zitzaion, behakoa piztu eta sudur-hegalak, plazerrez, daldaraka lotu.

        Nolaz ba, zarioten itzainek, Espainian onartzen ote zuten, Gorgorio mentteroa bizi zadien bi emaztekin? Ez zirena Espainiako buruzagiak errotik katolikoak?

        Gallegok, mugaz bertzaldetik jina zelakotz, ez zuen nehorenganik erakaspenik hartu nahi Espainiako harat-hunatez. Berehala eman zuen beraz bere jakitatearen berri: «Ba, Espainian hola duk: Biba dios! Oihu eginez geroz, oro, haizu dituk. Hango erregea, munduko katolikoena omen duk, bainan zazpi emaztekin bizi».

        «Zer debrutako ditik zazpi emazte?» Zuen galdatu osaba Erramunek.

        Ene haur izpirituan, galde hori bera jina zautan gogorat. Ene baitan ari nintzen, dudarik gabe errege horren etxean hainitz lan bazitakela, eta emazte bat behar zuela kozina egiteko, bertze bat lisaketentzat, hirugarrena oilo pazkatzeko eta hola...

        Bainan badut uste itzainek ez zieten emazte heieri enplegu bera emaiten. Hala iduritu zautan heien solasetarik. Gallegok eta Xerxebruitek hizketa-tari bat gaitza egin zuten buruz-buru... Xerxebruit, Espainiako erregearen alde zen eta «idi»-en kontra. Gallegok aldiz, nahiz ez zuen deus konprenitzen kabaletan, jada erran dudan bezala, halere idiak gain-gainetik goresten zituen...

        Noizean-behinka, errefera baten ondotik, mahaineko jale guziek irri alimale batzu largatzen zituzten... Nik ere ba heiekin, beren alegeraz kotsatzen baininduten... Bat ginuen, gure zorionaren erdian, beti kexu eta ilun, eta hura: Iexux! Solasen izaria hartzeko erregla, arrunt nahasia, punpaka ari bide zitzaion. Hala iduritu zautan haren grimas eta asaldaduratik.

        Ez dut aipatzea beharrik, berritz eta berritz ere, oherat manatu nindutela. Ene koxkorrean, minberatua nintzen jende larrien kontra. Ez nezaken konpreni zertako zuten halako aiherkundea enetzat... Zertako heien irri karkaila larriago eta aita minberago mintzatzen zautan, lo-egiterat joan nadien.

 

 

GALLEGOREN SEGIDA

 

        Luzaz beretik artzea akitgarri baita, noizpait gure gizonak, deskantsaturik edo deskantsatzeko, kantuz hasi ziren.

        Afaria ere bururatuxea zuten eta zerbitzariak jar-xutika zabiltzan. Hetarik bat zen mutzurdin gordin bat, boza idor batekin, jitez gizontsa, sasi-peko moldetarik egundaino guti jalia.

        Ez dakit, arats hartan entzunengatik edo nolaz, Gallegok betbetan senditu bide zuen bakarrik bizitzearen pisua... Gizontsa hura bere ondoan jar zadien, plazerrekin onartzen zuen, begiz perekatzen zuen, solas lehun eta zintzoz inguratzen.

        Ene haurtasunean, halako bitzi bat kausitzen nioten heien goxokerieri, hain baitziren bat eta bertzea, usaiazki, larri eta hezkaitz.

        Dena den, eta erran baita ez dela uztar ez ditaken migarik... biak ezkondu ziren.

 

 

MIXTERIOAREN FRUITUA

 

        Holaka, gaua han joana zen. Ene haur begiak pisutu ziren eta ene burua agurka hasi. Amak goxoki eskutik hartu ninduen eta oherat ereman.

        Biharamunean etxekoak kontent ginen... Aldaira ederra egin ginuela... Gizonak berotu zirela, bainan nehor ez «pasatu», eta nehor ez kolpeka ari izan... Bertzalde, pesta horren orroitzapen eta ondorio ohoragarri, hor izanen zela: ezkontza baten abiadura.

 

* * *

 

        Kondaira huntarik asko erakaspen jali ditazke haurren altxatzeaz, eta ere Eskualdunen jiteaz... Ene mixterioaren fruitua, hau izanen da: Ha! Berritz haste balitz!

 

(Gure Herria, 1959, 81-96)

 

aurrekoa hurrengoa