www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Ipuin eta ixtorio
Piarres Larzabal
1930-1964

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Piarres Larzabalen idazlanak (V), Piarres Larzabal (Piarres Xarrittonen edizioa). Elkar, 1996.

 

 

aurrekoa hurrengoa

PIERRE LOTI ETA GU

 

        Mundu guziak ezagutzen du, Pierre Loti-ren, «Ramuntxo» deitu liburua.

        Ez dut uste izan den gizonik, ez batasunik, liburu horrek bezenbat, lur zabalean, Eskual Herriari aipamen eman dionik.

        Nor zen Pierre Loti? Gutaz eman dituen xehetasunak, guhaurrek onartzen ote ditugu edo ez?... Nola ikusi gaitu, harek gu? Nola ikusi dugu guk hura? Galde hauieri nahi nuke ihardetsi buru-lan huntaz.

 

 

HAREN BIZIA LABURZKI

 

        Pierre Loti-k, bere egiazko izena zuen: Julien Viaud... Loti hartu zuen izen ordaintzat, bere liburuen sinatzeko. «Lotus» deitzen da Indietako lore xume, usain goxodun bat... Lore hari men Loti-k bere burua parekatzen.

        Loti, Rocheforten sortu zen 1850an, eta Hendaian hil da, paralesiaturik, 1923an. Bere bizi guzia ereman izan du armadan, marinelgoan. Hanitz kurritua, hanitz ikusia bere barneko berriak salatu dauzkigu berrogoi bat liburutan.

        Gazterik sartu zen Frantses-zaindian (Académie), Octave Feuillet-en ordain (1891). Bidasoan manalari egon zen, lehenik urte bat (1891), eta ondotik hiru urtez (1894-1897).

        «Ramuntxo» liburua atera zuen 1897an. Hendaian etxe bat erosi zuen eta bere zahartasuna iragan du, parte Hendaian eta parte Rochefort-en.

        Gobernuak bere gain hartu zituen haren ehortzetak... Haren hobia Oléron-go ugartean da.

 

 

HAREN BARNEKO BERRI

 

        Burasoz zen familia apaletik... Aita enplegatu baitzuen Rochefort-eko herriko-etxean, eskua zikindu zuelakoan, bere ogia kendu zioten, naski hobenik gabe... Goiz hil zitzaion.

        Viaud-tarrak protestantak ziren erlijionez... Protestantetan baita hanitz mota, hek ziren mota tinki jarraikitzaletik.

        Haurrean, Pierre Loti-k ukan zuen protestant misionest bilakatzeko tirria. Bainan, bere ametsa bazterturik, marinelgo eskolarat sartu zen. Han, frango goiz, bere fedea galdu zuen, eta, bertze munduarentzat zaukan karra, mundu huni eskaini zion.

        Arima bere alde utziz, bere gorputza zuen gehienik pazkatu eta ohoratu. Gorputzez baitzen beherapenean sortua eta odolaz, familia izenik gabekotik, ez zezaken irets bere apaltasuna. Eta, askotan gizon ttipieri gertatzen zaioten bezala, zernahi egiten zuen handi agertzeko.

        Gantzola lodiko takoinekin ibiltzen zituen zapetak eta kokotsa goratuz zuen kurritzen.

        Bere gorputza zailtzen zuen eta gaztetzen, jimaztikaz eta ere... tinduz.

        Bere amari biziki atxikia zen, eta, printsesa baten ohorekin ehortzi zuen.

        Bere biziteia altxatu zuen Rochefort-en, nehork ez bezalakoa. Oraino ere ikus ditake. Lau hegal dauzka: Eliza gotika gisako barne handi bat, arabaki deskantsa-leku bat, pagoda bat eta mozke bat, Damasen erosia, eta handik garreiaturik, han zen bezala, harriz-harri, hemen muntatua.

        Etxe hori zuen, ibilikako tokitan beretu orroitzapenen bil-tokia.

        Bere liburueri esker, aberats puxanta baitzen, holako xahupideak jasan zezazken.

 

 

MARIÑEL AINTZINDARI

 

        Loti, kolonelgo graduarekin zuten erretretan ezarri.

        Nolaz ote, holako gizon famatua, beti untzitan egona, bere heineko lagunak baino gutiago zen gradutan aintzinatu?

        Zonbaiten arabera, izarrik ez zuen bildu, marinako aintzindari buruzagiak haren jelos zirelakotz.

        Iragaiten zen portu hanitzetan, ohoratzaileak jiten zitzaizkon untzirat... Eta ez nornahi... Jende handieria, erreginak barne.

        Haren ohoretan, pestak ere muntatzen zituzten, hura kausitzen zen lekutan...

        Ez zen laket, untzitako aintzindari oroentzat, beren peko holako biligarro baten ukaitea, itzal egin baitzezoketen.

        Erran behar da ere, Loti, bere «emaxte» moldekin eta zeraman bizi berduratuarekin, ez zitakela izan konfiantzia pisuko gizona.

        Funtsezkoa ote zen bederen bere ofizioan?... Ba diote zonbaitek... Ez ahatik denek.

 

 

PIERRE LOTI, FRANCIS JAMMES
ETA PIERRE DUHOUR

 

        Francis Jammes, frantses idazlari famatuak, nahi zuen Loti ordaindu Pariseko Frantses-zaindian.

        Sarrerako mintzaldian, behar zituela Lotiz atera, nehork oraino aipatu ez zituen xehetasun batzu, ari zen, aski aintzinetik, xehetasun heien biltzen.

        Ahatik, ez zuen deus makurrik entzun nahi, ez bakarrik Loti-ren talenduez, bainan ez ere hura zen gizonaz.

        Pierre Loti-k hartzen baitzuen, gauaz laguntako, Pierre deitu bere zerbitzari zaukan marinel-ondo bat, behin norbaitek dudazko solas batzu jali zituen, Francis Jammes-en aintzinean, egitate hortaz.

        Francis Jammes su-pindartu zen: ez zela gero Pierre Loti zonbaitek uste zuten piltzar hetarik!... Bainan, heriotzearen beldur zelakotz zuela gauaz, delako mutila, hurbil nahi.

        Samurtze, oraino gogorragokoa bildu zuen Hazparne Xoriteian, Pierre Duhour, gure adixkidearekin. Hau zuen Francis Jammes-ek denbora batez bere ile eta bizar mozlea.

        Duhour egona baitzen hanitz urtez marinel, eta ezagutzen baitzuen Loti, errex da asmatzea, zoin gostuz Francis Jammes-ek hurrupatzen zituen Duhour-ek Loti-z ziozkanak. Egun batez haatik, hautsi zen heien arteko lokarria. Huna nola. Biloak orraztatuz, Duhour ari zen elhe eta elhe, denen buru, Loti gizon guti zela, ez-deus aintzindari, saluneko hobea, untziko baino... Emazte gobernatzeko hauta, bainan ez gizon manatzeko, eta bestalde aitzindari zitala.

        Loti, «Vautour», gerlako untzi ttipi baten aitzindari nagusi, «Constantinople» portuan zagon 1903ko otsailean.

        Untzian bazuen «siamois» gatu eder bat, izena «moumout»; hangotarren presenta, gain-gainetik mainatzen zuena; jantorduetan behar zuen berekin mahainean.

        Gatu hura, denek, untziko aintzindari azpikoek eta mariñelek ezin gehiago hastiro zuten, zikina zelakotz eta Loti-k ez baitzuen elhe goxorik harentzat baizik.

        Loti, hirirat jautsi zen batez, gatu hura, burdin maza bat lepotik ezarririk, urerat botatu zuen, «timonier» mariñel batek.

        Gero ziren gero xinximariak! Gatua falta, Loti erotu zen, untzi guzia miarazi debaldetan. Untziko mariñel guziek, zortzi egunen «barnea» ukan zuten gaztigutzat.

        Aintzindari kakola! Gatu tzar batengatik!

        Hola mintzatu zen Duhour; ba bainan Francis Jammes-i hori gaitzitu. Erasiatu zuen bere ile mozlea: Loti gizon handi bat zela, etzuela untsa ezagutu eta bere bizar handia dardarikatuz urrundu zen Duhour-enganik, Francis Jammes profeta.

        Gaizo Francis Jammes! Horiek hola, ez zuen aski bozik bildu Frantses-zaindian sartzeko... Ostiko hortaz ahal bezela kontsolatu zen, erranez: ez zela Francis Jammes-entzat bainan Frantses-zaindiarentzat ohore, hura hartan sartzea!

        Pierre Duhour-ek aldiz, maite baititu «mixterioaren fruituak» egun hetan bat geihago salatu omen zion bere aspaldiko adixkide Zerbitzarik:

 

                Gorapena karrosa

                Bota hari arrosa!

 

 

PIERRE LOTI ETA POLITIKA

 

        Baditake ere, Pierre Loti, goragoko gradutarik urrundua izan den politikarengatik.

        Orduko mariñako aintzindari handiak, erregetiarrak ziren... 1883an, Pierre Loti-k, «Figaro» kazetan aipaturik, Indoxinaz jabetzean, frantses soldadoek egin abrekeria batzu, gaitzeko burrunba muntatu zuen bere kontra. Ez baitzuen bere geroa ondu.

        Ordu hetan, politika bat biziki nahasia alha zen Frantzian.

        Erregetiarrak ziren partidan ari Errepublikanoekin.

        Zorigaitzez erlijionea zen politikaren trebesa.

        Erregetiarrak, erlijionearen alde ziren eta ez zezaketen onart katoliko bat Errepublikano izaitea.

        Errepublikanoak aldiz, erlijoneari jazar ziren, eta katoliko guziak erregetiartzat zauzkaten.

        Horra beraz, fedearen karrosa erregeari estekatua, katolikoek nahi edo ez.

        Alger-eko Lavigerie kardinale erdi-eskualdunak, aita saindu Léon XIII garrenarekin elgar aditurik, goraki jakinarazi zuen 1890an Elizaren erakaspena: katoliko ona, berdin izan zitakela Errepublikano.

        Nola Lavigerie-k hedatu zuen bere gogoaren berri, frangotan entzun diot erraiten, Kardinalea deitzen ginuen, Hazpandar Denizteiko xaharrari... (Gizon han, duela hamabortz bat urte hila da, Lavigerie-kin luzaz mutil egonik.)

        Beraz, Alger-en, Lavigerie-k muntatu zuen bazkari bat gaitza eta hartarat gomitatu mariñako aintzindari multzo bat... Bazkaria bururatzean, Kardinalea mintzatu zen, Errepublikari jarraikitzearen alde, eta, bere eskoletako musikari gazteri, «La Marseillaise» jo-arazi zioten.

        Ortzia erori bazitzaioten gainerat, ez bide ziren hoinbeste harrituko bazkaltiarrak... Gehienak, brau xutitu ziren, ez Errepublikaren xaramela ohoratzeko, bainan lehenbailehen lekuen husteko.

        Lavigerie-ri geroak arrazoin eman dio, bainan haren erakaspena goixko heldu zen, orduko izpirituentzat.

        Ez dakit Loti han ote zen, delako bazkarian... Bainan gertakari horrek erakusten du zer gogotako ziren marinako izardunak eta nola Loti «gorriak» mentura ttipia zuen izar hetarat heltzeko.

 

LOTI ETA GURE AXALA

 

        Mintza gaiten «Ramuntxo» liburuaz. Zer ote diogu, Lotik hortan kondatuez?

        Loti-k, bere begiz ikusten zuen bezala, gure axala ezin hobeki paperean ezarri du.

        Zoin ontsa ez ditu senditzen gure mendi eta erreken sasoinak, gure itsasoaren ibilerak, gure pilota, dantza eta elizako urratsak!

        Gure axalean dohatzinak, xuxen salatzen ditu, salbu xeheteri batzu. Hala nola, behin dio itzain batez: idiak abiarazi zituela, kopetan hunkituz... Idiak, oihuz eta, hala beharrrean, gorputzean ziztatuz, dira abiarazten.

        Bertze behin, bi pertsulari, ostatu batean, pertsutan ar-arazten ditu, airetzat emanez: Hiru damatxo Donostiako!

        Pertsuak aire hortan, ez da, arras ez ditakena, bainan nekez da ditakena.

        Loti, gure kanpoz ontsa mintzatu hada, ez ditake erran xuxen eman duela, gure barneko berri.

        Eskualdunen sentimenduak dira edozoin gizonenak, bainan arrazaren urinez orratuak eta erlijionez bataiatuak.

        Loti-k, guti ditu senditu arrazaz ditugun barneko moldadurak, eta are gutiago erlijioneak emaiten dauzkunak.

        Loti zen barne eriko gizon bat, sentimenduz «nexka» aire... Eskualduna aldiz duzu zimenduz adimendutsu. Sentimendu ere badugu, bainan ez gira sentimendukari.

        Eskualdun gizonkiari ez zaizko laket bihotzeko berdureria eta ttattulikeriak... Are gutiago, besteen aintzinean.

        Loti-k kondatzen du, gau batez, kontrabandako bidea hartu aintzin, Ramuntxo eta bere ama, luzaz egon zirela goxoki, matela matelaren kontra.

        Baditake ba, bainan nekez Eskualdunen artean.

        Apiril goiz batez, bere emaztegaiak, Ramuntxo elizarat joaiten du, han belauniko ezartzen potreta baten aintzinean, eta litanien erraiterat bortxatzen... Horiek guziak, Ramuntxok, bezperan sakre batzu jali zituelakotz eta heietaz barkamendu galda zezan...

        Gehiago dena, Ramuntxok litaniak bururatu artio, emaztegaia han dabil elizan harat eta hunarat, andere serora laguntzen duela...

        Ramuntxo pilotari eta kontrabandixta azkarra, hola «marikotillun» bilakatua?... «Bazkal ondoko kondairak» deitzen ditugu, guk, holakoak.

 

 

LOTIK GU KONPRENITZEKO
ESKAS ZUEN FEDEA

 

        «Ramuntxo»-ren urteetan, Loti arras erlijionetik urrundua bizi zen. Geroxago lerratu bada ere fedearen goratzerat, orduan bertze sentimendurik zuen.

        Eskualdunen barnea, fedez orratua delakotz, federik gabeak ez dezake gu bezala sendi... Hortakotz ez gaitu Loti-k konprenitu.

        Loti-k, «Ramuntxo»-n, gure erlijioneko usaiak eta sinesmenak, zaharkeria batzu direla dauka... Ohoragarri, eder ere bai, bainan halere zaharkeria batzu, hil hurranean, laster denborak eta jakitateen argiak kenduko dituenak gizonen baitarik.

        Erlijionedunak urrikalduz bezala eta gain behera behatuz ditu aipatzen.

        Gure elizako urratsek, gure fedeak, seroren biziak, haren baitan sortarazten dituzte ilundura batzu.

        Ezin onetsiak ditu, eta dauka, fedezko sentimenduak direla, gizonaren barneko beldur eta goseduren ondorioak, etorkizunaz haziak eta azkartuak.

        Oroz gainetik, Loti heriotzearen ikaretan bizi da... Heriotzea zaio leize huts batetarat pulunpatzea.

        Baditake egia den, hiltzeaz beldur zelakotz zuela, gauazko, gizon bat lagun nahi.

        Axaletik zuelakotz gure erlijionea beretzen, gure fedeaz jalitzen ditu funtsgabekeriak.

        Gaxuxa da, 16 bat urtetako neskato gazte bat, egunaz beti elizan eta serorakerietan... Gauaz aldiz, lehiotik jauzi egiten du gizongaiarekin egoiteko. Ez dadien ezkont maite duenarekin, amak bortxaz komenturat sartzen du... Eta futxo, hiru urte barne, huna gure neskato gaztea, serora sainduño bat bilakatua!...

        Nork ez ditu senditzen kondaira hunen ahuleziak?... Ama bat izan ditakela hoin bihotz garratza, bere alaba bakarraren alderat? Serorak hoin okaztagarriak, ama hari esku emaiteko eta bortxaz neskato gazte bat berenganatzeko? Eta, gisa hortan komentuan sartu neskato gaztea, han laket ditakela, eta briu-brau sainduño bat bilaka? Nola onart holako enuxenkeriarik?

        Gure fedea funtski jastatu balu, Loti-k segur bertze itxurarik emanen ziola bere kondairari.

 

 

NOLAZ ZEN FEDERIK GABE

 

        Jada erran dugu, Loti, sortzez protestant zela...

        Fedez hustu zen, zeren munduko pazkaz hazia den ariman, ez baita Jainkoarentzat egoitzarik.

        Orroit gaiten ere nolakoak ziren Ramuntxoren inguruko urteak.

        Frantzian, apez-jale eta erlijionearen etsaiak nausi ziren eta harroki mintzo. Jaurès, Combes, Viviani eta holako biligarro pizkor batzu ziren fedearen kontrako xori kantariak.

        Jaurès-ek zion, 1895an, deputatuen ganbaran: «Jainkoa bera agert baladi gure aintzinean, eginbide ginuke hari desobeditzea eta hura errezebitzea, ez nausi bat bezala, bainan gure heineko bat bezala!»

        Eskual Herrian, radikalek, Morroxko buru, taria gaitza zeramakaten erregetiarren kontra.

        Eliza miatzeko urteen bezperan ginen...

        Handik laster, 1903an, Baionan, apezpikurik gabe baiginen, Combes-k, aita saindu balitz bezala, nahi izan zaukun diosesako buruzagitzat igorri Gazaniol, Konstantineko apezpikua.

        Nolako mende, halako gizon izaiten baita, ez da estonatzeko orduko burrunbek bereganatu badute Loti.

        Ez, Ramuntxok ez du erakusten gure fedea, bainan bai Loti-ren fede-eskasa.

        Bestalde, Ramuntxoren jite lehun, guri, zilinga, ez da Eskualdun pilotari kontrabandixta batena, bainan bertze nornahirena eta bereziki Loti-rena.

 

 

RAMUNTXOZ LAUDORIO

 

        Aipatu itzalak baztertuz, Ramuntxo liburuak baditu irakurlearentzat asko aberasgailu.

        Loti musikalari bat da hitzen lerrokatzeko moldean... Heien kurritzeak, beharrieri ematen diote goxotasun berezi bat.

        Loti-ren ernetasuna arras bizia da. Gauzen koloreak, usainak, mugimenduak, nehork baino hobeki bere zetabean pasatzen ditu eta bere mirailan erakusten.

        Loti ez da gogor, ez larri, ez barnakor bainan goralari, olerkari, axalkor.

        Haren gogoa, erlea liliz lili bezala dabila, nehon luzaz pausatu gabe, denetarik jastatuz eta denetarik arinki.

        Lumak salatzen baitu gizona, hemen hala gertatzen da.

        Loti mintzo zen boz ttipi, ezti batekin, behako laño bat nunbait galdua, golko gibelean beti izan balu bezala sekretuzko arrangura bat, nehork ezin kontsolatua.

        Eta preseski, emazteak baitituzu, jitez, kuriostasun eta kontsolamendukeriarat lerrakor, ez zitaken apasta hoberik izan heien tiratzeko...

        Loti-k bazuen emazte biltzeko «bikea». Ibili den toki guzitan, erregina eta printsesa, andere handi eta gutarteko, zernahi emazte bazituen bere ondotik eta bere gomendio.

        Bere famaren edo diruarengatik ote?... Edo, hartaz aipamen ukaiteko nahikeriarengatik?... Arrazoin horientzat ere, dudarik ez da... Bainan, bai ere, zena zelakotz!

        Eskual Herrian egon den denboran, asko emaztek hurbildu izan dute. Arras barne sartua zen Durruti, Hendaiako mirikuaren familian eta, Ramuntxo-ko xehetasun frango galdatu izan ditu, andere Durruti ezin finagoari.

        Ramuntxo liburua Abadiako andere alarguntsari sinaduraz eskaini zion...

        Azkainen, hoteleko anderekin oso etxekotua zen.

        Denbora hartan, orai baino errexago baitzen, Bidasoan segurik, armadako untzietarat igaitea, maiz, Loti-k berekin pasaietan ibiltzen zituen, familia onetako edozoin andere gazte...

        Hautarik zonbait mintzatu ditugu... Denek daukute erran Loti zela manera goxoko, gizon ongi ikasi bat.

        Haren behakoa gehienek ezin ahantzia dute...

        Zonbait andere gazteri kasu berezi bat emaiten omen zioten... Zonbait emazte gaztek ere ba hari... Hautarik bat behin urerat erori omen zen untzitik, naski bere nahitarat, Loti-z salbatua izaiteko plazerrez.

        Loti-ren untzian omen ziren ere mariñelak... Alabainan! Batzu andereen gostukoak... Bertze batzu, hala hulakoak...

        Oroit 1900 garren urtearen inguruan girela, eta diotenaz, orduan, Frantzian, lurreko parabisua zela.

 

 

LOTI AZKAINEN

 

        Loti-k, Ramuntxo izkiriatu izan du, parte Azkainen eta parte Hendaian. Urte hetan, Azkainek 1.200 bat arima zituen... Auzapez zen Gracy Haranederrekoa... «Xuriak» ziren herrian nausi eta politikan bizi-bizi zabiltzan «gorriekin».

        Gorrien buruzagia zen Ottarre, hoteleko nausia... Bere alde zituen bereziki Portutarrak (Portua da kartier bat). Azkainen baziren asko ostatu, bainan hotela bakarra zen...

        Hotel hortarat zen jiten Loti... Ahatik ez zuen hor sekulan lo egiten...

        Etorri-eta, maiz esnea zuen edaten, eta gero, beti harentzat libro zaukaten, gaineko salunerat zen joaiten...

        Laket zitzaion, kanpoan, kanaberen artean, mahain pollit baten gainean, lauetakoa egitea, arroltze bat koskoan xurgatuz...

        Maiz berekin lagunak ekartzen zituen, eta ez beti nornahi... Hala nola: Nathalie erregina.

        Beti ontsa bezti zen, errespeturekin mintzo eta ez zuen bere inguruan onartzen larrikeriarik.

        Guti janez bizi zen, bainan janari finetik.

        Jean Pierre Ottarek, bere familiaz bertzalde, bazituen hotelean bi sehi eta mutil bat... Behar orduan, zerbitzari gehiago ere muntatzen zituen.

        Loti-k hotelean aurkitu ditu kontrabandixt eta pilotariak, aditu kantari eta pertsulariak.

        Hoteleko lehiotik ikusi ditu pilota partidak Azkaingo plazan. Bi urratsetan baitzuen eliza, hurbildik segitu ditu hango harat-hunatak: jendeen sar-jalitzeak, ahokuak, seroren urratsak.

        Han ezagutu du Elizalt, Azkaingo erretor apez jendekina... Hunek zuen eraiki oraiko erretor-etxea... Etxe hori altxatzeko denboran, Errebiran aloitu zen...

        Ezagutu ere du Montalibet, bikari gazte elhestaria.

        Bere begien aurrean zituen, Elizaldean, Lakarratarrak, orduko xixtera egile bakarrak.

        Hoteletik behatuz eta hortik ibiliz du Loti-k bildu hanitz xehetasun bere liburuarentzat.

 

 

LIBURUA ZERTAZ ETA
NORTAZ MINTZO DEN

 

        Bere liburuan, Loti-k, toki edo presuna bat aipatzean, ez du sekulan haren egiazko izena salatzen.

        Ez zezaken sala ere.

        Ezen Loti, ez da kondalari egizalea, bainan brodatzalea. Maiz presuna edo leku baten itxura jaliko du, bizpahiruenak elgarrekin petatxatuz.

        Haren broda-lanetan, ezagut ditazke herri zonbait: Azkaine, Biriatu, Sara, Itsasu eta holako. Bertze asko toki ere.

        Ez gira leku horien aipaketan baratuko, bainan zilatzerat entseatuko gira, nor dituen ekeitzat hartu Loti-k, bere liburuko presunen muntatzeko.

        «Muntatzeko» diot, ezen, jada erran dudan bezala, ez ditu Loti-k agertu... zirenak, bainan... zituztenak, eta berak heiekin ukanak.

        Ikus ditzagun beraz bederazka Ramuntxo liburuko presuna larrienak. Eta lehenik Dolorezen familia.

 

 

ARROXKOA

 

        Dolorezek baditu bi haur, seme alabak: Gaxuxa eta Arroxkoa...

        Ez da demendren dudarik, Loti-k Arroxkoa sortuz, Ottarre zuela gogoan. Ottarrek, Borda zuen deitura... Izen berri hori bildua zuen bere xixterarengatik.

        Ottarre zen gizon ontsa egin bat, jendekina, muztatx koxkor batekin.

        Esposatu zen Maddi Hirigoienekin eta hiru haur ukan zituzten. (Hiruak hilak dira).

        Ihiztaria zen errabiatua eta bere eskualdeko ihiztarien nausigoa harek zuen...

        Harrobi bat ere bazuen bere gain hartua, langile multxo batekin ibiltzen zuena. Paga egunetan, langileri hotelean afaria urririk ematen zioten... Afari haren gastua biltzen omen zuen aise, sahetsetik langilek han berean xahutzen zituztenekin... Hortakotz, hanitz langileen emazte, afari horren kontra ziren.

        Bere pilotako ofizioarengatik, maiz kurri zabilan, bere karro eta zaldi betroin pollitarekin.

        Azkaingo «errepublikanoek», hura zuten buruzagi... Ez zen elizan ibiltzalea, bainan ez zukeen fedea arnegatua.

        Oraino bizi den Justes apeza, haren besoetakoa da...

        Zahartu izan balitz, nik uste, bihotzaren punpak pixka bat eztitzearekin, berritz elizakotarat hurbilduko zela, orduko bertze hanitz «gorri» egin izan diren bezala.

        Zorigaitzez, oraino adin gordinean zelarik, tanpez hil zen.

        Nik ez dakit Loti-k zertako Ottarreri ematen dion «Arroxkoa» izentzat... Nekez Arroxkoak duen «Harroskoa» erran nahi... Gaxtakeria laiteke eta itxura guti du Loti hortaratzea...

        Nik uste, hitz hori, Loti-k «Arrosa»-tik moldatua du, bere gisako finitzearekin. Dena den, Loti-k, egiten du Arroxkoatik, Ottarreren trakako gizon bat, xixteraria, zaldi eta karroen jabea, fede gutikoa, serora baten anaia... Jitea ematen dio ez hain argia, pixka bat aingira eta faltsoa.

        Ottarrek aldiz zer ote zion Lotiz? Ottarrek ez diote, bere bizian, liburueri min handirik egin.

        Harentzat Loti zen gizon aberats bat, fama handikoa, liburu idazlari biziki artexa, jende tiratzalea, besoak luze zituen... Hots, pikor bat hauta bere hotelarentzat.

        Hortakotz, ahalaz hari kausitzerat ari zen... Bainan, ez zen bi gizon horien artean, barnetikako lokarri tinkirik... Ottarrek, jite eskualduna zuen errotik... Loti ez baitzen bakarrik jitez kaskoin bat, bainan «kaxkoin» bat, bi mutur horiek, bat bestearenganik urrunsko ziren, elgarri koropilatzeko.

 

 

GAXUXA

 

        Loti-ren liburuan, Gaxuxa da, Arroxkoaren arreba, Ramuntxoren emazte gaia, serora sartua.

        Egiazki, Ottarrek izan du arreba bat Gaxuxa, neskatxa sano elizatiarra, Angeluko seroretan sartu zena... Berrikitan hila da (1960), Angeluko komentuan.

        Fede gabeentzat eta fededun zonbait xoxoentzat, komentuan serora sartzeko, behar da baitezpada xoroa izan edo bihotza xangrinez joa.

        Guk segur dakiguna da, ez dela Gaxuxaren bihotzean, behin ere izan, ez xorokeriarik ez eta ere Ramuntxorik...

        Hanbat gaxto, Gaxuxaren bizian, ixtorio mixterioketan dabiltzanentzat. Erran ditakena da, Loti-k naski Gaxuxa sortzeko, modelatzat hartu zuela, Gaxuxaren lehen kusina, Zoe anderea, oraino bizi dena... Han, umexurtx gelditu zen gazterik, eta, Loti-en denboran, neskatxa gazte hotelean bizi zen...

        Loti-k dio Gaxuxa zela guarda brigadier baten alaba, aitaz gabetua... Preseski, Zoek, aita zuen guarda brigadiera.

        Loti, behin izan zen, Ottarrekin, hunen arreba seroraren ikusterat. Biziki barnez joa atera omen zen serorateiko mintzategitik... Han ukan sentimenduak aipatzen ditu bere liburuan.

 

 

DOLOREZ

 

        Dolorez da, Arroxkoaren eta Gaxuxaren ama alarguntsa. Ama hori, Loti-k biziki belzten du, ez baitu utzi nahi bere alaba, Ramuntxorekin ezkontzerat eta, hortako, seroretan preso sartzen duelakotz.

        Lotiren denboran, gure herritako neskatxak, orai baino tinkiago altxatuak ziren.

        «Neskatxak eta xakurrak, anjeluseko barnerat!», zen errana.

        Kongregazionean ez zen neskatxa, nekez zitaken izan zintzoa.

        Igandetan, bezperen ondotik, neskatxa jainkotiarrak, seroretarat joaiten ziren abusatzerat.

        Apezak bipilki mintzatzen ziren prediku alkitik neskatxen dantza, moda eta hirirat sehi joaiteaz... Oraino aipatuak dira, orduan Hazparnen misionest zen, Azkaindar Landaxkobaitako aita Larregain baten ahopaldiak.

        Kongregazioneko buruzagiek, serorek, ama familiakoek, elgar sustengatzen zuten, neskatxen zaintzeko.

        Horiek guziak, Loti-k ikusi ditu eta senditu, ba Azkainen, ba nunnahi...

        Loti, ez baitzen, beren esposako erreztuna errian tinki atxikitzen duten gizonetarik, behin baino gehiagotan serorek eta ama familiakoek urrundu izan dituzte harenganik, ihiztatzen zituen urtxo batzu.

        Hortarik ditake haren errabia Dolorez eta seroren kontra.

        Bertzeak bertze, bere sareak frango barna hedatu zituen Saran, ostatu bateko alaba beretu beharrez.

        Beharrik baitzituen alaba harek gidari onak! Bixtatik kendu zioten!

        Hortakotz, gure baitan pentsa dezagun delako Dolorez, ez zela Loti-k aiherkundez dion jandarmes higuina, bainan ba ama familiako bipil sano bat.

 

 

RAMUNTXO

 

        Ramuntxo da, Gaxuxaren gizongaia, Franxitaren seme, aitarik gabea.

        Gorputzez, Ramuntxo ditake, edozoin pilotari gazte, Loti-k maiz hotelean edo hoteletik ikusten zituen hetarik... Beharbada Ziki, Xilar, Santiago, Jatsa!... Nork daki?

        Barnez, Loti-k Ramuntxori, bere baitako sentimenduak prestatzen diozka. Sentimendu hoikietarat ez zuen auzorat joaiterik... Bere golkoan hameka bazauzkan, askotan jastatuak, frogatuak eta... jasanak.

        Bera zen bezala du Ramuntxo tindatzen: amakari, barnez eri, lehun, dudakari.

        Diote zonbaitek, Loti bilakatu zela kontrabandixt eta pilotari... Guk, Eskualdunek, holako xorokeriak, irriño batez baztertuko ditugu.

        Loti, adinez bi lerrotan iragana zen, gutarterat jitean... Ez da, adin hortan, pilota hartzen, bainan uzten. Egia da, Ottarrek ibili duela berekin Loti, pilota partidetan eta kontrabandako pasa tokietan... Bainan, ez du Loti-k bizkarrik busti kargaketan.

        Ramuntxo bezala, orduan, hanitz Azkaingo eta inguruko mutil gazte joaiten ziren Ameriketarat, bereziki «Buenos Aires»-etarat, batzu beharbada penen ahanzteko, bainan gehienak diru egiteko esperantzan.

        Ramuntxori, Loti-k eman dio beraz gure axala, bainan bere mamia... Ramuntxok kofesatzen du Loti, bainan Loti-k ez du kofesatzen Ramuntxo!

 

 

FRANXITA

 

        Franxita da Ramuntxoren ama, Dolorezek mespresatzen duena, aitarik gabeko haur batekin itzuli delakotz sehi zen hiritik.

        Egia da, ordu hetan, gure herrietako jendek arras garrazki jujatzen zituztela neskatxa amatuak.

        Ordukoa da gertakari hau Azkainen. Ezkontza kontrako haur bat sorturik etxe batean, gaztek, gauaz tutak jo zituzten etxe haren inguruan, artetik kantatuz: Gaur sortu da Jesus haurra!

        Franxitari, Loti-k bi bisai eman diozka: bat, bere amarena... Bertzea bere andere ordainarena.

        Jada erran dugu Loti-k bere amarentzat zuen bihotz eria... Bihotz hori dio, liburuaren buruen-buru, Ramuntxok zabaltzen bere ama Franxitari.

        Bainan, Franxitaren sentimenduetan kausitzen da bertze norbait... Bertze norbait hura da: Marie Gainza. Nor zen Marie Gainza hori?

        Loti, herriko etxez, esposatu zen, Dordognar, Betranet deitu jauregiko alabarekin... Hunenganik, ukan zuen seme bat, Samuel, oraino bizi dena.

        Bainan, bere espos lagunarekin ez zezakelakoan bertze haurrik ukan, eta haurrak nahi zituelakotz, emazte ordain bat hartu zuen, bere gostuaren araberakoa: eskualduna eta ederra.

        Emazte hori zen Marie Gainza, Hendaiakoa, arrain saltzale baten alaba.

        Loti, denen jakinean, bi emaztekin bizi izan da...

        Bigarren hunenganik ukan zituen bi seme eta zaharrenari, Ramuntxo eman zion izena. Orai, denak hilak dira.

        Marie Gainzak, Franxitaren ahotik, noizean behinka, aipatzen du bere gazte denborako bizia...

        Behin dio, aitak, hirian zelarik, eskuaraz izkiriatzen ziola elizako urratsak ez zitzan ahantz.

        Bertze behin, bere etsaia Dolorez nahi luke tapatu, hari salatuz nor duen bere haurraren aita... Huna zer dion aita hartaz: «Eskuaraz mintzatzen ez zakien... Begiak ametsetan galduak iduri, zabilzkan... Bere elhetan, beti nunbait zen, akitua, etsitua. Urrun zitaken leize ilun bati so bezala, zagon beti... Ez zen Jainkoaren eta erlijionearen kontra mintzatzen, bainan ez zuen otoitzik egiten... Gizon hura paganoa zen... Eta haren lagunak, hura iduriak... Gizon argituak, bainan otoitz eta fedegabeak. Beren artean arinkeria eta funtsgabekeria bakarrik zabilkatenak...».

        Hauk irakur-eta, ez da dudarik Franxita dela... delako Marie Gainza, eta harek aipatzen duen gizona: Pierre Loti bera.

 

 

ITSUA

 

        Ramuntxo liburuak, kontrabandixta zonbait aipatzen ditu: Florentino, Iraola eta bertze, bainan molde berezi batez «Itsua, elizako xantre eta giltzaina, adinik gabeko gizon bat, bizarra kendua, bisaia iduri pudaz moztua, matelak sartuak, matraila larri, gorputzez gora eta zabal, bularra lodi, begiak barne, kopeta zimurrez betea».

        Nor ote zen Itsu hori?

        Lotik dio izengoiti hori emana ziotela, gaitzeko bixta zorrotza zuelakotz. Nekez, izengoiti hori Eskual Herrian, Loti-k dion arrazoin horrentzat.

        Ramuntxon kondatua da, behin Itsuak, Endarlazako errekan, bere burua, kanibet ukaldiz, libratu zuela, bi karabineroen aztaparretarik. Urte hetan, Argibelekoa zen xantre Azkainen, eta «xantretarrak», kontrabandixta ezagutuak ziren.

        Bertzalde, Ottarrek bazuen adixkide bat, kontrabandixta nausi famatua, arras Loti-ren erranen trakakoa.

        Igantzitarra... Izena zuen Agustin Arrieta... Bainan, denek deitzen zuten «Galo Okerra» edo «Galo Itsua», begi bat baitzuen trebesa.

        Hamalaueko gerlan, Galok, Frantziako armada hanitz lagundu zuen, zaldiak hunarat pasatuz, eta hortakotz, gerla ondoan, Hendaian, medailaz saristatu zuten.

        Horra segur, nundik atera duken Loti-k bere Itsua!

 

 

FILMAK

 

        Ramuntxo gaitzat hartuz, bi filma handi jaliak izan dira.

        Bat 1938an.

        Hau, parte on bat, atera zuten Azkainen eta Saran, tokiko asko presunen laguntzarekin... Louis Jouvet famatua zen Itsuaren egile... Ezin ahantzizkoa baita zoin ongi.

        Bigarren filma, Schoendorfer alemanak jali zuen, 1957an, Baxenabarreko eskualdean, bereziki Baigorrin eta Iratin, Salbatoreko kaperan.

        Hunek ez du, urrundik ere, lehena balio.

        Bi filma horiek itzal bera dute, guretzat ezin jasanezkoa... Ez dute batere den bezala agertzen eskualdun neskatxa... Ez dira gure neskatxak panpin edo zantzail errex batzu, filma horietan agertuak diren bezala. Loti-ren Ramuntxo beharbada zineman agertu dute, bainan ez oraino Eskualdun litaken Ramuntxo.

 

 

AZKEN SOLAS

 

        Ramuntxoren hobiak baditu, oraino ere, bisitari eta lili ekartzaleak.

        Rochefort-en, Loti-ren etxerat heldu dira maiz xehetasun galdean eta galdetzaleak.

        Iduritu zaut, batetik, Eskual Herria hoinbeste ezagut-arazi duen gizonak, merezi zuela, Eskualdun batenganik aipamen zintzo bat, bertzetik, bazirela Lotiz erraiteko batzu, nehork oraino ez erranak.

        Hemen argitaratzen ditudan xehetasunak, bilduak ditut, zonbait liburu eta agerkarietarik, bertze hanitz, lekukoen ahotik.

        Ahalaz seguretik ikasiak baititut hemen agertzen, ez dut uste lan huntan egin dudan makur-erraite handirik.

        Dohala beraz hau ere, jendeen argitzale eta pentsagailu.

 

(Gure Herria, 1960, 225-241)

 

aurrekoa hurrengoa