www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Ikasbide kristinaukorraren azalduera laburrak
Andres Iturzaeta
1899

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Aita Gaspar Asteteren ikasbide kristinaukorraren azalduera laburrak, Andres Iturzaeta eta Egia. Roberto Soloaga, 1899

 

 

aurrekoa hurrengoa

BOSTGARREN ZATIYA:
TXAR-OIDADEAK ETA ON-OIDADEAK

 

 

Irakatsi lenengoa:
Txar-oidadea guztieran.
Txar-oidade sustraizkoak

 

        Esan egizuz sustraizko pekatuak.— Dira zazpi: 1. andikeria; 2. zikozkeria; 3. loikeria; 4. aserrakeria; 5. guleria edo jatunkeria; 6. ondamua edo bekaizkeria; eta 7. nagikeria. Pekatu oneek, geienean ilgarriak izanik, zelan deituten jake sustraizkorrak? Sustraizkorrak deituten jake, eurotatik erneriko beste pekatu batzuen buruak, iturriak eta sustraiak legez diralako; ez jatorke barriz ain ondo pekatu ilgarrien izena, bada askotan ariñak baño ez dira. Noz dira ilgarriak? Jaungoikoari eta lagunari euki bear jaken maitetasunaren ausialdietan. Noz austen dabe maitetasuna? Eurokgaitik Jaungoikoaren aginduak eta Eleizakoak gauza andian austen diranean. Zer da andikeria? Inor baño geiago izateko gurari bidebagakoa. Zer da zikozkeria? Da ondasunen gurari geiyegi bat. Zer da loikeria? Da aragizko zantarkerien eta atsegin loiyen gurari erabagako bat. Zer da aserrakeria? Bengetako gurari oker bat. Zer da guleria edo jatunkeria? Jateko eta edateko gurari geiyegi bat. Zer da ondamua edo bekaizkeria? Besten ona ikusiezina. Zer da nagikeria? Gauza onak egiteko jausitasuna edo atzerapena.

 

AZALDUEREA

        Zer da txar-oidadea? Da txarrerako oiturea, ekandua, makurtasuna edo zaletasuna, edo Jaungoikoaren legearen kontrako egikerak egitea.

        Zeinbat eratakoa izan leiteke? Berezkoa eta norberak arturikoa.

        Zer da txar-oidade berezkoa? Gure izate argal eta zaurituak txarrerako euki daroan makurtasuna, eta onegaitik minduten zan Apostoloa, esaten ebanean: «Jaungoikoaren legeak atseginduten nau, baña ikusten dot beste lege bat neure gorputzeko aldetan, nire borondatearen kontrakoa dana, eta pekatura naroana».

        Txar-oidade berezkoa pekatu da? Ez; pekatu ez dan legez, pekatu egin al izatea; eta bai lenago irabazten dira zerurako garaitza eta merezimentuak, txar-oidadeak jarki eta gogor egin ezkero alegin guztiagaz.

        Zer da norberak arturiko txar-oidadeak? Pekatu mota batzuetan sarri jausiagaz, egiten dana, berbarako, ordituteko ekandua edo zaletasuna, sortu eta egiten da edan larregian eta geiegian sarri jausiagaz.

        Txar-oidadea beti da pekatu ilgarria? Jaungoikoaren legea gauza andian austera eroaten bagaituz, eta aleginak egiten ez badoguz, bera azpiratu eta goituteko, geituten dau pekatuaren anditasuna; berari jarki eta gogor egin arren bere, nozbait bagara goituak eta jausten bagara pekatuan, gitxitu eta arinduten dau pekatuaren astuntasuna; pekatu egiten bada bearreko ezaupera baga, azpiratu eta goitu gura dogun ekandu txar edo txar-oidadearen indarrez, izan leiteke, pekatu ez izatea; Jaungoikoaren legea bakarrik gauza txikian edo ariñean austera eroaten bagaituz, izango da pekatu ariña.

        Bardin da norberak arturiko txar-oidadea zein da pekatua? Ez: pekatua da, legea austen daben egikera guztia, eta onetarako asko eta naikoa da egikera bakar bat; ekandu txarra edo txar-oidadea da pekaturako erraztasuna edo makurtasuna, mueta bateko pekatuak sarri eginagaz sortu eta egiten dana.

        Badago beste desbardintasunik ekandu txarraren edo txar-oidadearen eta pekatu ilgarriaren artian? Bai: pekatu ilgarria da, Jaungoikoagazko bakean eta grazian batera egon ezin leitekeana, eta beraugaitik, pekatu ilgarrian dagoana, ezin sartu leiteke zeruan; ekandu txarra edo txar-oidadea barriz egon leiteke Jaungoikoagazko bakean eta grazian batera, eta beraugaitik, ekandu txarragaz dagoana, joan leiteke zerura, pekatu ilgarririk euki ezik.

        Azaldu eta adierazo egizu ori irusi bategaz.— Gizon batek gorrotau eta autortuten dau, bear dan legez, berak daukan ekandu txar edo txar-oidadea, barriro pekaturik ez egiteko gogo eta asmo sendoagaz; prestaera on onetan dagoan artian, eta beste pekaturik ez daukan artian, egongo da Jaungoikoagazko bakean eta grazian, pekaturako makurtasuna, ekandu txarra egiten dabena, galdu ez arren bere.

        Zelango ekandu txar edo txar-oidadetatik iges egin bear dogu ardurarik berarizkoenagaz eta andienagaz? Aita Astetek aitatu eta azalduten dituzan, eta beste ekandu txar askoren sustraiak eta buruak legez diran zazpi sustraizkoakgandik.

        Zer egin bear dogu, ekandu txar orrekgandik iges egiteko? Egin bear dogu alegin guztia, euren kontrakoak diran on-oidadeak artu eta geuganduteko, grazia zerukoa lagun dogula, eta ontasuneko egikera asko egiten doguzala; eta auxe da, irakatsi onetaik atera bear dogun onerea.

 

JAZOEREA

        Gizon batek, bere soloan edo kanpoan ebillela, aurkitu eta artu eban, ziraunez beterik egoan abiya bat; eroaten dituz bere etxera ziraun ain arriskugarrizkoak, eta jaten emoten deutse ardurarik andienagaz. Andik iru astera joan zan etxe atara bere adiskide bat, bera ikustera:— Zer egiten dozu? esan eutsan adiskideak guztia arriturik eta ikaraturik; ziraunak, txikiak eta gaztetxuak dirala, itoten ez badituzuz, eta eurai jaten emoten jarraituten badozu, laster eta bereala aziko dira, aginka egingo deutsue, eta galduko zara, zurtasun gitxi daukazulako. Itxi egioezu orrelango lelokeriai, erantzun eutsan bere adiskideari, oraindik txikiak dira, eta bestetik artuten ditudaz eurakaz bearreko ardurak; andiak eta arriskugarrizkoak diranean, egingo dot alegina, eurak ito eta neure begien aurretik kenduteko.— Uste larregia eta gauza txarra da ori, artuko zaituez, uste baga zagozala...— Ezin ezagutu eragin al izanik adiskideak gizon ari alako arriskuaren anditasuna, alde egin eban etxe atatik, baña bere barruan kezka andi bat eroiala. Andik amabost egunera joan zan adiskidea gizon a barriro ikustera, eta orra nun aurkituten daben guztizko min andiakaz; ziraunak azi ziran eta aginka egin eutsen gizonari; adiskidea bereala asiten da osagarriaren billa, baña belu zan; pozoiak edo benenoak indar andiak artu zituzan ordurako, sartu zan biotzeraño, eta gizon ardura gitxikoa il zan bere adiskidearen besoetan.— Auxe da askogaz jazoten dana: guztiok darabilguz geure barruan griña eta pekatu guztien sustraiak; ez badaukagu eurak itoteko ardurea, txikiak diranean, eta eurai atsegin emon eta janarituten badoguz, aziko dira, eta azkenean ilgo dabe arimea, pekatu ilgarrian jausi eraginagaz.

 

 

Irakatsi 2.a:
On-oidadeak guztieran

 

        Esan egidazuz zazpi txar-oidaden kontrakoen zazpi on-oidadeak. Bai, aita, eta dira: andikeriaren kontra, umiltasuna; zikozkeriaren kontra, prestutasuna edo emongurea; loikeriaren kontra, garbitasuna; aserrakeriaren kontra, onez iragotea edo eroapena; guleriaren edo jatunkeriaren kotra, jan-edanean begiratua izatea; ondamuaren edo bekaizkeriaren kontra, amodioa edo maitetasuna; eta nagikeriaren kontra, prestutasuna. Zeinbat dira Jaungoikoaganako on-oidadeak? Iru, eta dira oneek: Sinismena, Itxaropena eta maitetasuna.

 

AZALDUEREA

        Zer da on-oidadea edo birtutea? Gizona ontasun osora eroaten dabena, eta gauzak ondo egiten lagunduten deutsana.

        Zeinbat eratakoak izan leitekez on-oidadeak? Berezkoak eta izatez gañetikoak.

        Zer da on-oidade berezkoa? Ontasunaren asiera berezkotik urtenik, azken berezko batera zuzenduten dana; berbarako, gizonen arteko premiñak ikustetik sortu eta jaioten dan errukitasun berezkoa.

        Zer da on-oidade izatez gañetikoa? Zergaititasun izatez gañetiko batetik urtenik, azken izatez gañetiko batera zuzenduten dana; berbarako, Jaungoikoaganako maitetasunagaitik eukiten dan prestutasuna, premiñan dagoanari lagunduteko, geure pekatuen zorren onderako, eta beste onelango gauza izatez gañetikoak.

        Beste zeintzuk eratakoak izan leitekez on-oidadeak? Jaungoikoak guri emonak eta geuk geure aleginez artuak.

        Zeintzuk dira, Jaungoikoak guri emonak? Jaungoikoak gure arimetan isuri, inkau eta ezarten dituzanak, guk geure aldetik ezer egin baga; eta au batezbere egiten da Sakramentuen bitartez.

        Zeintzuk dira, geuk geure aleginez artuak? Jaungoikoaren grazia lagun dogula, eta mueta bat bateko egikera on-oidadetsuak sarri eginagaz, irabazi, jaritxi eta geuganduten doguzanak.

        Beste zein desbardintasun aurkituten da, on-oidade Jaungoikoak emonikoen eta geure aleginez arturikoen artian? Guk geure aleginez arturiko on-oidadeak, sortuten dabe eta dakarde erraztasuna edo makurtasuna, eta Jaungoikoak emonikoak, ez; bada oneek obeto dira prestaera oitukorrak, on-oidadeko egikerak egiteko.

        Beste zeinbat eratakoak izan leitekez on-oidadeak? Adinari dagokozanak, eta adinaren ontasunari begiratuten deutsenak; oiturakorrak, eta oneek dira, oituren ontasunerako diranak; eta Jaungoikoagazkoak, eta oneek dira, Jaungoikoagnako alkartasuna edo batutasuna egiten dabenak.

        Zelango desbardintasuna aurkituten da, Jaungoikoagazko on-oidaden eta beste enparauen artian? Jaungoikoagazkoak guk geure aleginez ezin irabazi eta geugandu ginaikez, dagoz gizonaren alizatearen gañetik, eta beraugaitik, eurenez beti dira, Jaungoikoak emonak; beste enparauak izan leitekez aleginez irabazi eta artuak, eta baitabere Jaungoikoak gure arimetan isuriak eta ezarriak.

        Zeintzuk dira on-oidaderik ederrenak, eregienak eta goratuenak? Jaungoikoagazkoak, eta oneen artian da maitetasuna.

        Zeintzuk dira on-oidaderik ederrenak, eregienak eta goratuenak oiturakorren artian? Asigarriak edo lenenak deritxoenak, eta oneen artian da zuzentasuna.

        On-oidade oiturakorrak aurkitu leitekez gizonagan, batzuk euki eta besteak euki bagarik? Oso osoan onak badira, ez, eta alan bat galdu ezkero, galduten dira beste guztiak; ez badira guztiz osoak, edo badira makurtasun berezkoak, bai; bat izan leiteke errukiorra, eta denpora berean izan leiteke nagia eta alperra.

        Zelan galduten dira on-oidadeak? Zuzen galduten dira, on-oidadearen kontrako gauzak eginagaz; ez ain zuzen, on-oidadeak irakasten dabeena ez eginagaz.

        Grazia galdu ezkero, galduten dira on-oidade oiturakorrak? Oso osokoak edo izatez gañetikoak badira, bai; guztiz osoak ez badira, edo makurtasun berezkoak badira, ez.

        Jaungoikoagazko on-oidaden eta bakotxaren biziereari dagokazanen ostean, zein da oiturakorren artian, guk geiagotan euki bear doguna? Daukagun griña edo ekandu txarraren kontrakoa dan on-oidadea; eta auxe da, irakatsi onetik atera bear dogun onerea.

 

JAZOEREA

        San Francisco Saleskoak diño: «Erlen erregiñak ez dabela iñoz urteten kanpora, bere erle-legunak eta otseinak beragaz eroaten ez dituzala; eta karidadea edo maitetasuna ez dala iñoz sartuten biotzean, beste enparau on-oidade guztiak beragaz ez daroazala. Gure eginbear berarizkoari ez dagokozan onoidaden artian, geiagotan euki bear doguz, eregienak diranak, eta ez argitsuenak diranak; sendoenak diranak, eta ez ederrenak diranak. Ondo da, bakotxak on-oidade berarizko bat eukiteko aleginak egitea, ez beste enparau on-oidadeak deslai legez itxiteko, ezpada arimea menderatuago eukiteko. Ekandu txarren bat azpiratu eta goitu gura dogunean, bere kontrako on-oidadea eukiteko aleginak egin bear doguz, onetara zuzenduten doguzala beste enparau on-oidadeak; bada onelan ez bakarrik goituko doguz geure arerioak, baitabere egingo doguz aurrerapen andiak on-oidadeko bidean. Burruka egin bear badogu andikeriaren eta aserrakeriaren kontra, makurtu egizue zeuen biotza umiltasunagana eta gozotasunagana, zuzendu egizuez onetara zeuen eskari eta erreguak, Sakramentuak, eta beste enparau on-oidadeak, diran legez zurtasuna, iraupena, jan-edanean begiratua izatea eta beste enparauak».

 

 

Irakatsi 3.a:
On-oidade asigarriak edo lenenak

 

        Esan egizuz on-oidade asigarriak edo lenenak.— On-oidade asigarriak edo lenenak dira lau: 1. zurtasuna; 2. zuzentasuna; 3. sendotasuna; eta 4. begiratua izatea.

 

AZALDUEREA

        Zergaitik deritxoe asigarriak edo lenenak lau on-oidade onei? Diralako on-oidade oiturakor guztien asiera eta jatorriak legez.

        Zer da zurtasuna? Da on-oidade bat, irakasten deuskuna, zer dan ona eta Jaungoikoaren gogokoa, zeintzuk diran, gauzak ondo egiteko bideak, noz, nun eta zelako zerzeridadeakaz egin bear diran, gure egikerak izan daitezan osoro eta guztiz onak.

        Zeintzuk on-oidade dira, zurtasunaren alabak legez eukiak izan bear diranak? Lenik-ikustea, mesedeak edo kalteak igarten dituzana; senerea, gauzak eldutasunagaz neurtuten dituzana; artustea, eginbiderik adjutuenak eta egokienak aututen dituzana; norberagan uste gitxi eukitea, eta jakitunen eretxi eta esanai erraz eta laster jarraitutea.

        Zeintzuk dira zurtasunaren kontrako ekandu edo txar-oidadeak? Urduritasuna, gogoarterik eza, deslaia, eta zurtasunik-eza; eta baitabere zurtasun aragikorra, astuzia edo gaizgandea, engañuz, malmuzkeria eta lurreko gauzakganako ardura larregia.

        Zer da zuzentasuna? Da on-oidade bat, bakotxari berea emotera aurreratu eta zirkinduten gaituzana.

        Zeintzuk on-oidade dira zuzentasunaren alabak? Errelijinoa, Jaungoikoari zor jakona emotera, aurreratu eta zirkinduten gaituzana; biotz-eukierea, senideai zor deutseguna egitera, aurreratu eta zirkinduten gaituzana; esanekotasuna, nagusiagoai eta zarragoai zor deutseguna egitera, aurreratu eta zirkinduten gaituzana; esker-ontasuna, ongillai eta mesedegillai zor deutseguna egitera, aurreratu eta zirkinduten gaituzana, eta adiskidetasuna, adiskideai zor deutseguna egitera, aurreratu eta zirkinduten gaituzana.

        Zeintzuk ekandu edo txar-oidade dira zuzentasunaren kontrakoak? Jaungoikoganako eta besteakganako daukaguzan eginbearrak egitera, atzeratuten gaituezanak, diran legez biotzberabakotasuna, errelijinoebakotasuna, gurasoakganako gogortasuna, eskerbakotasuna, esantxarrekotasuna, eta, guztia batera esateko, okertasun guztia.

        Zer da sendotasuna? Da on-oidade bat, ondo egin eta geure eginbearrak bete bear doguzanean, agertuten jakuzan eragozpenak, gatxtasunak eta arriskuak azpiratu eta goituten, lagunduten deuskuna.

        Zeintzuk on-oidade jaioten dira sendotasunetik? Uste betea, arriskuai arpegi emoten deutsena; arimandigoa, egikera andiak eta goratuak egiteko aurrerabidea emoten dabena; ekiñandigoa, gura dan gauzea jaritxi eta alkantzetako, bearrekoak diran eginbideak laster iminteko, aurreratu eta indartuten dabena; iraupena, azkeneraño lana egiten, lagunduten dabena; eta eroapena, bizitzako eragozpenak, atsekabeak eta naibageak onean eta bakean iragoteko, indartu eta aurreratuten dabena.

        Zeintzuk ekandu edo txar-oidade dira sendotasunaren kontrakoak? Geiyegiak diran aldetik, bildurbakotasun larregia, azartasuna, arrotasuna eta antustea; eta gitxiegiak diran aldetik, bildurra, biotzeko-jausitasuna, epeltasuna eta munduko esamezganako bildurra.

        Zer da begiratua-izatea? Gorputzeko zentzunak eta atseginak ondo neurtu eta zuzenduten dituzana.

        Zeintzuk on-oidade jaioten dira begiratua-izatetik? Jan-urritasuna, janari bearrekoak bakarrik artuten, irakaste dabena; edan-urritasuna, edarietan neurtua izaten, irakasten dabena; garbitasuna, aragiaren atseginak eta gozotasunak euren neurrian euki eragiten dituzana; moduztasuna, gizonari ganora onean ibili eta gauzak egiten, irakasten deutsana; umiltasuna, agerturik guri geure ezereztasuna eta argaltasunak, ezagutu eragiten deuskuna, gu gagozala Jaungoikoaren mendean eta premiñan; eta gozotasuna, arimako urduritasunak ezi eta menderatuten dituzana.

        Zeintzuk ekandu edo txar-oidade dira on-oidade onen kontrakoak? Begiratua-izatea, ordikeria, loikeria, andikeria, eta eurokgandik datozan beste enparau guztiak.

        Ze onera atera bear dogu irakatsi onetik? Zelan gizon zur eta jakitun batek egiten daben alegin guztia, bere etxea zimentu onetan egin eta jasoteko; alan guk egin bear dogu alegin guztia, on-oidade oneen zimentu gogor eta sendoa aurkituteko eta bere ganean gure arimako etxe ona egiteko.

 

JAZOEREA

        Gaumek dino: «zelan dagozan amar agindu, zeintzuetara zuzenduten diran beste enparau guztiak, alan dagoz amar onoidade, zeintzuetara zuzenduten diran beste enparau guztiak; (on-oidade oneek dira iru Jaungoikoagazkoak, iru adinkorrak eta lau asigarriak edo lenenak) eta zelan dagozan iru agindu, Jaungoikoaganako daukaguzan eginbearrak irakatsi eta zuzenduten dituezanak, eta beste zazpi agindu, guk geuganako eta bestekganako daukaguzan eginbearrak irakatsi etaz zuzenduten dituezanank; alan dagoz iru on-oidade, Jaungoikoagana zuzenduten diranak, eta zazpi geugana eta besteakgana zuzenduten diranak. Eta azkenez, zelan agindu guztiak dagozan zarraturik karidadeko edo maitasuneko aginduan, alan on-oidade guztiak zuzenduten dira eta dagoz zarraturik, on-oidade guztien asiera eta azkena da maitasuneko on-oidadean».

 

 

Irakatsi 4.a:
Arimearen arerioak: esetsiyak

 

        Zeinbat dira arimearen arerioak? Iru: mundua, demoninoa eta aragia. Zer aditu bear da mundua esanagaz? Gizakume gaizto, donga eta nasaiyak. Nor da demoninoa? Jaungoikoak zerurako eginiko aingeru bat, gero Jaungoikoari berari jarki eta matxinatu jakolako, bere lagunakaz betiko infernuan ondatua izan zana. Zer da aragia? Gure gorputz au berau bere griña eta makurtasun txarrakaz. Zelan goitu eta iges egiten da munduagandik? bere andikeriai eta arrokeriai jaramon egin ezagaz. Zelan goitu eta iges egiten da demoninogandik? Erreguagaz eta umiltasunagaz. Zelan goitu eta iges egiten da latztasunagaz, ezigarriagaz eta barauakaz; auxe da areriorik andiena eta bildurgarriena, geugandik ezin bota ginaikealako, mundua eta demoninoa legez.

 

AZALDUEREA

        Zer da esetsiya edo tentazinoa? Da pekaturako zirkingarria edo biztugarria, munduagaitik, demoninoagandik edo aragiagandik jaio eta etorri leitekeana.

        Ez dino bada Eskritura Santuak, Jaungoikoak esesten dituzala bere serbitzallak? Esaten da, Jaungoikoak esesten dabela, bai Berak gure arimen onerako itxi eta laketuten dituzalako gure arerioen esetsiyak edo tentazinoak, edo bai Berak ondo ikusi gura dabelako gure beraganako leiyaltasuna edo amodioa, guri gauza gatxak eta neke andikoak eskaturik; eta esangura onetan esaten da, Jaungoikoak esetsi ebala, au da, ikusi ebala Abrahamen leiyaltasuna.

        Esetsiya pekatu da? Esetsi batbere ez da pekatu, danik luzena eta eragokiena izan arren bere, aragiari zirkinen bat eragitera eta arimeari atsegin ustebagakoren bat artu eragin arren bere.

        Noz izango da bada pekatu? Bakarrik borondateak bere naiya edo baiya emoten dabenean, edo ezauperazko atsegina artuten dabenean pekatuan, pekatua egitez egin ez arren bere.

        Esetsiak eukitea da arima txarto dagoanaren ezaugarria? Guztia da bestera; esetsiak eukitea da, on-oidadeko bidean eta ontasunean aurrerapenak egin gura dituezan arimai dagokoena; alan diño San Pablok: «Jesukristogan biotzberaro bizi gura dabeen guztiak, iragoko dituezala esetsiak».

        Zergaitik alan? Gauza berezkoa dalako, demoninoak bakean itxi dagioela, bere bereak diran arima txarrai, eta zuzendu dagizala bere esetsiak eta indarrak Jaungoikoaren serbitzalla egiazkoagana; zelan dan gauza berezkoa, aragia mukertu eta jagi daitela, bera azpiratu, ezi eta menderatu gura danean, eta egon daitela bakean, atsegin guztiak artuten, berari itxiten jakonean; eta zelan dan gauza berezkoa, munduak maitetu dagizala, bere bereak diranak, eta gorrotau dagizala, Jesukristorenak diranak.

        Zergaitik itxi edo laketuten dau Jaungoikoak, gure arerioak gu esetsi gagiezala? Batezbere bost gauzatarako: 1. gure beraganako leiyaltasuna ikusteko; 2. arimako lanetan guri biarra eragiteko; 3. gure umiltasunerako; 4. gure eginsarirako; eta 5. gure zoriontasunerako.

        Zelan dira esetsiak, gure Jaungoikoaganako leiyaltasuna ikusteko? Eurak agirian iminten dituezalako Jaungoikoaren serbitzallen leiyaltasuna, eroapena, maitetasuna eta sendotasuna. Alan esetsien bitartez argi egin eben Joben eroapenak, Abrahamen leiyaltasunak, martiren sendotasunak eta santu guztien egikera miragarriak.

        Zelan dira, arimako lanetan guri biarra eragiteko? Zergaitik zelan soldadua, gerra-denporan, beti egoten dan zur, gertu eta prest; alan arima leiyala biziten da ardura eta berotasun geiagogaz, arerioz inguruturik eta esetsiz beterik ikusten danean.

        Zelan dira gure umiltasunerako? Esetsiak agertuten deuskuezalako geure ezereztasuna eta argaltasuna, eta eroaten gaituezalako, indarra eta laguntasuna Jaungoikoagan billatutera.

        Zelan dira gure eginsarirako? Azpiratua eta goitua dan esetsi bakotxagaz, indartu eta sendatuten da, bere kontrakoa dan on-oidadea, eta emoten deuskulako graziaren geitupena eta irabazi barri bat zeruko zoriontasunerako.

        Zelan dira gure zoriontasunerako? Ezin egon leitekealako arorik edo koroarik, garaitza bagarik; eta garaitza egoteko, egon bear dabe burrukak, gudak eta esetsiak; alan diño Apostoloak «ez dala izango arotua edo koronaua, ondo burrukan eginik, azkeneraño irauten dabena ezpada».

        Au onelan dala geuk billatu bear geunkez esetsiak, edo eurak eukiteko aleginak egin bear geunkez? Ezelanbere ez; ori izango litzateke antuste eta arrokeria andi bat eukitea, Jaungoikoak ondo kastigauko leukeana, pekatuan jausten guri itxiagaz.

        Bada zelan artu bear dira esetsiak? Umiltasunagaz eta bildur osagarriagaz, ezagututen dogula geure uste guztia, geure onerako laketuten dituzan eta deslai itxiko ez gaituzan Jaungoikoagan, eta geure aldetik alegina egiten dogula, geure indarrakaz, zeruko laguntasunakaz eta itxaropen osoagaz azpiratu eta goituteko esetsiak eta tentazinoak.

        Zelango egiak euki bear doguz geure gogoan, esetsiak edo tentazinoak etorten jakuzanean, deslaiturik eta kikildurik eta guztiz larriturik ez geratuteko? Urrengo oneek: 1. gure arerioak ezin esetsi eta estutu ginaikezala gu, Jaungoikoak eurai laketu edo itxiten deutsen baño geiago; 2. Jaungoikoak ez dabela iñoz laketu edo itxiko, gu izan gaitezala esetsiak eta estutuak, gure indarrak al dabeen baño geiago; 3. eginik guk geure aldetik alegin guztiak, Jaungoikoak ez deuskuzala ukatuko, esetsiak azpiratu eta goituteko bear doguzan laguntasun eta graziak; eta 4. demoninoa ezingo dala sartu iñoz gure ariman, guk geure guraz eta borondatez edegi eta zabalduten ez badeutsaguz geure barruko ateak.

        Zelako eginbideak artu bear doguz, esetsietan edo tentazinoetan ez jausteko? Ez dogu imini bear uste larregirik geure indarretan, eta bai euki bear dogu uste andi bat Jaungoikoagan; erregu beroak egin eta eskatu bear dira zeruko laguntasunak; egin bear da alegina, esetsiak lenengo unetik geugandik botateko, eta denpora egokian geure konfesoreari eurak agertuteko; eta onezaz gañera, imini bear dira, Aita Astetek dakarzan osagarriak, gogoan eukirik zein dan azpiratu bear dan arimearen arerioa.

        Zein da, irakatsi onetik atera bear dan onerea? Beti zur eta erreguakaz indarturik eta sendaturik aurkitutea, Jesukristok berak dirauskun legez, esetsi edo tentazinoan ez jausteko.

 

JAZOEREA

        Esetsi edo tentazinoe estu, luze eta bildurgarrizko bat irago izanik Santa Katalina Senakoak, agertu jakon Jauna berari, eta Santeak esan eutsan: «Nun zengozan, neure Jaun gozoa, nire biotza ainbeste iluntasunez eta loitasunez beterik ikusten zanean?— Zure biotzaren barruan nengoan ni, neure alabea, erantzun eutsan Jaungoikoak.— Zelan bizi al zeintekezan, barriro esan eutsan Santeak, nire biotz ainbeste ezaintasun eta zikinkeria eukazanagan? Bizi al zara zu leku ain itsusietan eta loiyetan?— Eta gure Jaunak esan eutsan: Esan egidazu: gogorazinoe loi orreek poztuten zinduezan ala estutasuna emoten eutsuen?— Estutasun eta larritasun guztiz andi bat, erantzun eutsan Santeak.— Bada nok artu eragiten eutsuzan estutasun eta larritasun ori, zeure arima barruan ezkutaurik nengoan neuronek ezpada? Sinistu egidazu; ni aurkitu ez banintz an, zure biotzaren inguruan, sartu ezinik ebilzan gogorazinoe txar orreek, sartuko ziran, zeure borondatearen naiyagaz eta baiyagaz, eta ilgo eben arimea.

 

 

Irakatsi 5.a:
Almenak eta zentzunak. Latztasunak

 

        Esan egizuz gorputzeko zentzunak.— Dira bost: lenengoa, begiakaz ikustea; bigarrena, belarriakaz entzutea; irugarrena, aoagaz dastatu edo gusto-artutea; laugarrena, surrakaz usain egitea; bostgarrena, eskuakaz ukututea. Zentzunak eta osterantzeko beste zati gorputzekoak, zetarako emon euskuzan Jaungoikoak? Guztiakaz eta gauza guztietan bera serbietako. Esan egizuz arimearen almenak:— Dira iru: lenengoa, gomutea; bigarrena, adina; irugarrena, borondatea. Zetarako emon euskun Jaungoikoak gomutea? Gomuta geintezen beragaz eta bere mesede guztiakaz. Zetarako emon euskun adina? Ezagututeko geure Jauna eta bera gogoan erabilteko. Zetarko emon euskun borondatea? Bera maite izateko, onik andiena legez, gauza guztien gañean, eta beragaitik geure laguna, geure buruak legez.

 

AZALDUEREA

        Baldin Jaungoikoak emon beuskuzan arimearen almenak eta gorputzeko zentzunak, bera serbiu eta maite izateko, zelan da bada, guztiak txarrerako makurturik egotea, eta Jaungoikoaren gogokoak diran gauzak egiteko, ainbeste atzerakuntza eukitea? Asieran ez zan izan alan; bada gizonak ondo eta zuzen eginik urten eban Jaungoikoaren eskuetatik; pekatua izan zan, okertasun eta naste txar ori ekarri zituzana.

        Bada zelan egin eban Jaungoikoak gizona? Graziako eta zuzentasun oso bateko egoera izatez gañetiko baten, zeñetan guztia egoan guztiz artez eta zuzen, aragia arimearen mendean, griñak errazoiaren azpian, eta errazoia Jaungoikoari menderaturik.

        Zelango gatx eta kalteak egin zituzan pekatuak gizonaren izatean? Zeruko grazia eta doe izatez gañetikoak galdu eraginagaz gañera, geratu zan zauriturik bere izatekorretan; adina iluntasunez inguruturik, borondatea txarrera makurturik, griñak eta gurariak errazoiaren kontra jagirik eta aragia arimeari jarkirik.

        Bada ez dira parkatuten bateoagaz pekatu jatorrizkoa eta bere ondorengo guztiak? Parkatuten dira pekatu jatorrizkoa eta norberak eginik daukazan pekatu guztiak, eurokgaitik zor dan kastigu guzti guztia parkatuagaz batera; baña geratuten da naieragillearen jarkierea, umiltasunerako, burrukarako eta indartsuen irabazi eta garaitza geiagorako.

        Zein da, pekatuaren gatx eta kalteak osatuteko, berarizkoa dan on-oidadea? Latztasuna, Jesukristok aginduten dabena, diñoanean: «Norbaitek etorri gura baldin badau nire atzetik, bera berari ukatu beitekeo, artu begi kurutzea, eta jarraitu begit».

        Zer da latztasuna? Naieragillearen griñen eta gurarien errazoiagazko alkartasun eta jokabide zuzen bat, Jaungoikoaren borondatearen erara.

        Zeinbat eratakoa izan leiteke latztasuna? Norberak artua eta norberak gura izan baga, etorriya.

        Zetan dago, norberak gura izan baga, etorririko latztasuna? Pozik, edo beintzat onean eta eroapenagaz, iragotean, geure borondatea baga jazoten jakuzan okerrak eta nekeak; diran legez gosea, otza, beroa, geisotasunak, samintasunak, esetsiak, eta beste onelangoak; eta baitabere norberaren bizierako eginbearrak ondo eta ziatz betebearrak beragaz dakarzan nekeak eta gatxtasunak.

        Zetan dago, latztasun norberak artua? Neketsua eta mingarria dana, billatutean edo norberaren guraz artutean, edo gogokoa eta gozogarria dan zerbait, ez artutean on-oidadeaganako maitetasunik.

        Zeinbat eratakoa izan leiteke, latztasun norberak artua? Naita naiezekoa eta onerazpenekoa, eta baitabere barrukoa eta kanpokoa.

        Zein da naita naiezekoa? Pekatura eroaten gaituzana, edo Jaungoikoaren aginduak eta norberaren bizierako eginbearrak ondo betetako eragozpena dan guztia, azpiratu edo kenduteko dana: berbarako, okelarik ezin jan leitekean egunetan, okelarik ez jatea, kalte egin leikean edaririk, ez artutea.

        Zein da onerazpenekoa? Ontasuneko bidean aurreratuteagaitik, egin leitekean zerbait, txarra ez dana, ez egitea; berbarako, olgantza on-antzeko batera ez joatea, barau egin bear ez dan egunetan, barau egitea.

        Zein da barrukoa? Arimearen almenakaz egiten dana, norberaren borondatearen itxierea; eta auxe da osoena eta beteena.

        Zein da kanpokoa? Gorputza eta bere zentzunak kastigau, ezi eta nekatuten dituzana; eta auxe da santu guztiak egin izan dabeena, eta guztiz gomendaturik dagoana.

        Bearrekoa eta noraezekoa da latztasuna? Latztasun naita naiezekoa da bearrekoa arimearen zoriontasunerako, bada Jesukristok esanik dauko: «Penitenzia egiten ez badozue, guztiok bardinoro galduko zare»: onerazpenekoa da guztiz osasungarria eta ona, eta ontasunean aurreratu gura dabenentzat, da osoro bearrekoa.

        Zer zarratu bear dau beragan latztasunak? Gizon guztia, bada guztia beragan dago okerturik eta nasturik; arimearen almenak, zentzunak, griñak eta aragiaren gurariak; Txarra dan guztitik, eurai alde eragiten jakela, pekaturik egin baga egin leitekezan gauzak, nozbait ukatuten jakezala, eta beti zuzenduten doguzala eurak, siniste santuagaz argituriko errazoiak eskatu eta aginduten daben erara.

        Baña latztasuna da gauza gogor eta mingarria.— Osagarria bere, izan arren garratza eta samina, artuten da, gorputzaren osasunerako bearrekoa danean; alan egin bear da latztasuna, gogorra eta neketsua izan arren, dalako arimearentzat ona eta osasungarria.

        Dirudi, norbera kastigau eta ezite ori dirala, geuk geuganako euki bear dogun maitetasunaren kontra.— Aragia kastigetea eta bere griñak ezitea da gauza bearrekoa arimearen zoriontasun betikorako, eta beraugaitik da guztiz ondo datorrena, geuk geure buruari zor deutsagun maitetasun edo amodio ondo aiturikoagaz; zelan dan guk geuganako euki bear dogun maitetasunaren kontrakoa, pekatura eta betiko ondamendira eroaten gaituezan griña zitalai nasaitasun askatu bat emotea.

        Edolabere edo bientzat ezin ukatu leiteke, latztasuna dala gizonaren duintasunaren eta aukeratasunaren kontrakoa. Gizonaren duintasunaren eta aukeratasunaren kontrako gauzea da, aragiaren griña aberekorrak azpiratu eta menderatu dagiela arimea, eta eroan dagiela, aragi ustelkorrak nai daben lekura; baña goratasun eta duintasun andiko gauzea da, arimea izan daitela griña guztien erregiña eta agintaria, eurak ezi eta azpiratu dagizala, eta zuzendu dagizala zeruko bide onetik.

        Azkenean bere ez dago ontasun osoa latztasunean.— Egia da; bada ontasun osoa dago maitetasunean edo Jaungoikoagazko batueran; baña, zelan goiyan dagoan arri bat, berari eutsiten deutsen eragozpenak kendi eta bertatik, jausiten dan bere beeko lekura; alan arimea, zeinbat eta lurreko eragozpen, zaletasun eta makurtasun gitxiagogaz aurkituten dan, ainbat eta indar geiagogaz zuzenduten da Jaungoikoagana eta batuten Jaungoikoagaz.

        Baña asko dagoz, euren bizierako eginbearrak eta zereginak egin eta bete ezin dituezanak, latztasun eta pennitenzia larregi egin izan dabeelako.— Zurtasuna da, on-oidade guztiak euren neurrian erabili bear dituzana, begiraturik bakotxaren urteai, osasunari, indarrai, eginbearrai eta biziereari, eta jarraiturik arimako aita eta zuzentzalle jakitunaren eretxi eta esanai; eta auxe da, irakatsi onetik atera bear dogun onerea.

 

JAZOEREA

        Aita Beneragarri Claretek «Bide zuzena» deritxon bere liburuan dino: «Latztasuna, San Francisco Saleskoaren esaera eta bardinkuntza ederrean, ain bearrekoa jakula zeinda gatza aragiaren edo okelearen iraupenerako dan bearreko eta naita naiezekoa: alan bada, zelan aragi ilak, gatz baga, galduten diran, ustelduten diran eta arreen janari izatera elduten diran, eta gatzagaz barriz iraun eragiten jaken urte guztian; alan guk latztasunaren gatzagaz irauten dogu on-oidadean eta bide onean, eta bera baga izango gara ekandu txarren eta griña zitalen janariak, eta azkenean guztiz eta osoro galduko gara betiko: eta ona emen zergaitik esaten eban San Pablok ainbeste ziurtasunagaz: "Anaiyak, biziten bazare aragiaren erara, berari atseginak emonik eta latztasunagaz bera ezi bagarik, ilgo zare, kondenauko zare; baña latztasunagaz eziten badozue aragia, biziko zare, salbauko zare"».

 

 

Irakatsi 6.a:
Espiritu Santuaren doiak

 

        Esan egizuz Espiritu Santuaren doiak.— Dira zazpi: 1. jakituriaren doia; 2. adinaren doia; 3. zentzatuaren doia; 4. ulertasunaren doia; 5. sendotasunaren doia; 6. errukitasunaren doia; eta 7. Jaungoikoaganako bildurraren doia.

 

AZALDUEREA

        Zer dira Espiritu Santuaren doiak? Dira oitura izatez gañetiko batzuk, Espiritu Jaungoikozkoak gure arimakgan ezarri eta isuriak, ontasuneko bidean aurreratu eragiten deuskuenak, graziaren argitasunak leiyal artuteko, gu otzanak eta bigunak egiten gaituezanak.

        Zer jakin bear dogu doe oneen gañean? Beti doazala karidadeagaz edo maitetasunagaz alkarturik eta baturik, zoriontasun betikorako bearrekoak jakuzala, gizona aurreratu eta zirkinduten dabeela, on-oidadezko egikerak baño goragoak egitera, Santo Tomasek dirauskun legez.

        Zetarako emoten jakuz doe oneek? Zazpi txar-oidade sustraizko, San Antoninok irakasten daben legez, zazpi espiritu txarrak diranai, gogor eta burrukan egin, eta eurak azpiratu daiguzan.

        Nundik galduten dira doe oneek? Pekatu ilgarriagaz, bada Sakramentu ezin bizi leiteke, pekatuan dagoan arimeagan, eta barriro artuten dira graziagaz batera penitenziaren bitartez.

        Baldin doe oneek badira, pekatuagaz batera egon ezin leitekezanak, zelan azaldu eta adierazoten deustazu, pekatari askok eta txar eta dongak euki dagiezala uleratsuna, jakituria, indarra eta beste doeak, oneek agertuten ez dituezan arima artez eta zuzenak legez? Ulertasuna, jakituria eta besteak izan leitekez, 1. doe berezkoak legez; 2. Jaungoikoak emoten dituzan grazia berarizkoak legez; eta 3. Espiritu Santuaren doiak legez; lenengo esangura biyetan egon leitekez pekatuagaz batera, eta arima artezakgan eta pekatariakgan aurkitu leitekez; irugarren esanguran barriz pekatariak aurkitu leitekez; irugarren esanguran barriz bakarrik aurkitu leitekez, maitetasunaren bitartez Espiritu Santuaren bizilekuak diran arimakgan.

        Bada zelango desbardintasuna dago euren artian, doe berezkoak legez, grazia berarizkoak legez, eta Espiritu Santuaren doiak legez? Doe berezkoak legez dira bakotxaren argitasunaren eta nekearen etorriak eta ondorengoak; grazia berarizkoak legez Jaungoikoak emoten deutsoz, berak gura dabenari, gizonaren batbere neke bagarik, Apostoloai emon izan jakezan legez; Espiritu Santuaren doiak legez, dira arimako ontasunera batzuk legez, arimea prestau eta aurreratuten dabenak, gauza jaungoikozkoetan, gizakumekoetan eta on-oidadeko egikerarik goratuenetan Espiritu Santuaren beraren dei zerukoari jarraitutera.

        Azaldu eta adierazo egidazu irakatsi ori irudi bategaz jakituriako doian.— Munduak deituten deutse jakitunak, eta alan dira, jakituriako lenengo asierak ezagututen dituezanai; baña pekatuan badagoz, ero eta barbullo batzuk dira jaungoikozko eta arimako gauzetan, euren jakituria andia izan arren bere; bada San Pablok diño: «gizon aragikorrak ez dituzala ezagututen, Jaungoikoaren Espirituarenak diran gauzak»: bestera, arima on eta artezak erraz eta laster aurreratu eta zirkinduten dituz jakituriako doiak, jaungoikozko gauzak ezagututera, eta gauza guztiak erabagitutera, ezaupera jaungoikozkoak irakusten deutsen erara.

        Zeintzuk dira eregiagoak eta goratuagoak, doiak ala on-oidadeak? On-oidade asigarriak edo lenenak dira doiak baño eregiagoak eta goratuagoak; baña doiak dira beste enparau onoidade oiturakorrak eta adinkorrak guzti guztiak baño eregiagoak eta goratuagoak.

        Ze onera atera bear dogu esan danetik? Izanik ain eregiak eta ain bearrekoak doe oneek, askotan eta ezingeiagotan euki bear doguzala guk eurak, esker onagaz artu bear doguzala eta eurak galduteko bildur andi bat euki bear dogula.

 

JAZOEREA

        Gaumek «Iraupeneko Jakinbidea» deritxon bere liburuan, dino: «Jesukristok agertu deusku, demoninoa ariman sartuten danean, beragaz eroaten dituzala zazpi espiritu txar, zazpi txar-oidade edo ekandu txar sustraizkoak diranak; baitabere dakigu agertuera jaungoikozkoaren bitartez, Espiritu Santua graziagaitik gizonagaz sartuten danean, emoten deutsazala zazpi espiritu, doiak deritxoenak, zazpi espiritu txarrai burrukan egin eta eurak goituteko. Gizon pekatuan jausia da, zazpi zauri ilgarriz zauriturik dagoan geiso bat legez, edo soldadu argal bat legez, azapi arerio bildurgarrizkoak eseten deutsena. Espiritu Santua bere zazpi doiakaz da geisoaren osagillea, bere zauriak osatuteko, zazpi osagarri emoten deutsezana; da soldadu argalaren laguntasun indartsua, zazpi indar edo almenak emoten deutsazana, bere zazpi arerioak goituteko».

 

 

Irakatsi 7.a:
Espiritu Santuaren frutuak
edo ekarriak, eta Zoriontasunak

 

        Esan egizuz Espiritu Santuaren frutuak.— Dira amabi: lenengoa, maitetasuna edo karidadea; bigarrena, bakea; irugarrena, biotzeko anditasuna; laugarrena, errukitasuna edo biguntasuna; bostgarrena, sinistea; seigarrena, kontinenzia edo eukidagoa; zazpigarrena, atsegina edo poza; zortzigarrena, eroapena; bederatzigarrena, ontasuna; amargarrena, otzantasuna; amaikagarrena, moduontasuna; amabigarrena, garbitasuna. Esan egizuz zoriontasunak.— Dira zortzi: 1. Zorionekoak biotzetik ezeukiak edo premiñadunak, eurena dalako zeruetako erreñua; 2. Zorionekoak otzanak edo bigunak, euren mendean eukiko dabeelako lurra; 3. Zorionekoak negar egiten dabeenak, poztuak izango diralako; 4. Zorionekoak zuzentasunaren gose-egarri diranak, asebeteak izango diralako; 5. Zorionekoak errukiorrak, aurkituko dabeelako errukiya; 6. Zorionekoak biotz garbikoak, ikusiko dabeelako Jaungoikoa; 7. Zorionekoak baketsuak, Jaungoikoaren semeen izena emongo jakelako; 8. Zorionekoak zuzentasunagaitik gorrotoak eta esetsiak daroezanak, eurena dalako zeruetako erreñua. Nortzuk dira biotzetik ezeukiak edo premiñadunak? Onrarik ez aberastasun bidezkorik bere, gogoz beinik bein, gura ez dabeenak. Nortzuk dira otzanak edo bigunak? Aserrerik, ez eta ozta bere zirkinik bere, ez daukenak. Zelan eukiko dabe lurra euren mendean? Euren buruen jaube dirala. Nortzuk dira negar egiten dabeenak? Atsegin, dongak ez diranak bere, isten dituezanak. Nortzuk dira zuzentasunaren gose-egarri diranak? Alegiñaz ezetan bere utsik egitea nai ez leukeenak. Nortzuk dira errukiorrak? Urkoak ez diran erbestekoakaz bere, guztiz biotz-beerak. Nortzuk dira biotz garbikoak? Euren barruko gurari dongak goituten dituezanak. Nortzuk dira baketsuak? Euren buruai eta bestenai bakea emon daroekenak. Nortuzk dira zuzentasunagaitik gorrotoak eta esetsiak daroezanak? Sendo eta gogor dagozanak gauza on guztietan, mundukoen gatx-eretxian egon arren. Zergaitik deritxe onei zoriontasuna? Bizitza onetako zoriona eta besterako itxaropena eurotan dagozalako.

 

AZALDUEREA

        Zer dira Espiritu Santuaren frutuak? Espiritu Santuaren graziagaz egiten diran egikera eregi batzuk, atsegingarriak diranak, arerio arimakoai gogor egitean, euki izan dan sendotasunaren saritzat emoten diranak.

        Zergaitik deritxe frutuak? Sartuten dabeelako gozotasuna gizonaren biotzean, zugatz edo arbola on baten frutuak aoari gozotasuna emoten deutsan legez.

        Zer dira zoriontasunak? Santutasuneko eta ontasuneko egikera batzuk, arimea egoera iraunkor eta on baten imini eta zeruko zoriontasun betikoaren asierea euki eragiten deutsenak.

        Zoriontasunari eskiniriko sariak dira, bizitza oneri ala bestekoari dagokozanak? Sariak diran aldetik, bizitza oneri dagokozanak dira, zoriontasunaren asierea iminten dabeela arimeagan; eta irabaziak edo merezimentuak diran aldetik, geroko beste bizitzeari dagokozanak dira, izaten dirala prestaera batzuk legez, zeruko zoriontasun betikora zuzenduten dabeenak arima ona.

        Zetan dira bardiñak Espiritu Santuaren frutuak eta zoriontasunak? Bitzuak eginsariaren izatea daukelako, atsegingarriak diralako, maitetasunagaz edo karidadeagaz beti alkarturik eta baturik doazalako, eta pekatuagaz galduten diralako.

        Nun aurkituten dira, edo nun agertuten dira Espiritu Santuaren frutuak eta zoriontasunak? Gizonaren alde eregian, au da, ariman; nozbait gañez-egin eta agertuten badira bere gorputzeko zentzunetan; baña au ez da izatekorra, eta geienean jazoten dana.

        Jazo al leiteke, batek bere gorputzean miñak eta nekeak euki eta iragotea, eta denpora berean bere arimeak Espiritu Santuaren frutuak eta zoriontasunak eukitea? Bai, badaezbada baga: eta geienetan jazoten dana da, gorputzeko miñen eta neken erdiyan, eta estutasunik eta larritasunik andienetan bere, arimea errime, sendo, bake gozoan eta pozik aurkitutea. Alan Apostoloak esaten eban: «Estutasun guztien erdiyan nago gozotasunez beterik».

        Zelango desbardintasuna aurkituten da Espiritu Santuaren frutuen eta zoriontasunen artian? Espiritu Santuaren frutuak dira azken urrekoak eta iragogarriak, eta zoriontasunak barriz dauke azken eregiago eta osoago bat, eta dira iraunkorrak.

        Azaldu eta adierazo al zinaikedazu ori irudi bategaz? Batek jaten dituzanean janari eta gauza gogoko eta gozoak, oneek bereala gozotuten deutse bere ao-sabiya; gañera janari oneek emoten deutse gorputzari osasuna, indarra, sendotasuna, egoeraona, eta atsegina; alan Espiritu Santuaren frutuak dira egite onen egikera urreko eta iragogarriak legez, eta zoriontasunak dira egite on euroren gozotasun, bake eta zoriontasunaren egikera iraunkor bat legez.

        Ze onera atera bear dogu irakatsi onetik? Espiritu Santuari onerazpen eta amodio andi bat eukitea, jarraituten deutsegula bere argitasunai, gauza onak eta eregiak egitera, zirkinduten gaituezanean, alan irabazi eta geuganduteko bere frutu guztiz gozoak eta zoriontasunak.

 

JAZOEREA

        San Francisco Saleskoak dino: «Onerazpeneko on-oidadeakdirala bakarrik, arimea asetan dabeenak. Begira ze gogokoak eta ederrak diran. Imini egizuz alde baten on-oidadeak, eta bestean euren kontrakoak diran txar-oidade edo ekandu dongak. Zelango gozotasuna aurkituten dan eroapenean, aserreagaz eta estutasunagaz bardinduten dana; umiltasunean, arrokeria eta diruzaletasuna bere onduan iminten bdaira; prestutasunean, zikozkeriagaz bardinduten dana; maitetasunean, gorrotoa eta ikusiezina bere alboan iminten badira; jan-edanean begiratua izatean, bere arerioak diran nasaikeriakaz bardinduten bada. On-oidadeak dira miragarrizkoak, gozotasun eta atsegin ezingeiagokoakaz betetan dabeelako arimea, arimeak on-oidadeak beragan daukazanean, eta txar oidadeak edo ekandu dongak barriz erkindurik, nekaturik eta samindurik itxiten dabe arima errukigarria. Eta au ezaguturik zergaitik egingo ez da alegina, ondasun ain aberatsak irabazteko? Txar-oidade edo ekandu dongen gañean ikusten dana da, ekandutxar-txikiduna dana ez dagoala atseginez, eta ekandutxar-askodunak ez daukala iñoz bakerik ez pozik. Bitartean, on oidadeko bidean ibilten asiten dana, dago atseginez eta pozik, atsegin eta poz au geitu eta ugarituten jakozala, bere on-oidadeak geituten diran neurrian».

 

 

Irakatsi 8.a:
Ontasuneko osotasuna eta
bere jaritxiteko eginbideak

 

        Zeinbat dira azkenkiak? Lau: Eriotzea, Erabagia, Infernua eta Zoriontasuna. Zer da Zoriontasuna? Ondasun guztiak, ezertariko mingarri bagarik, aurkituten diran egoera oso oso ona; infernuan barriz gatx guztiak, ezertariko pozgarri bagarik, aurkituten dira. Eta infernutik gorde eta zeruko zoriontasunean sartuteko, zer egin bear da? Gorde eta bete bear dira aginduak. Eta errazago gorde, eta utsik ez egiteko, erazko biderik badago? Bai, Jauna. Zeintzuk dira? Sakramentu Santuak sarri artu; goizean goizean Jaungoikoari egunoroko egikerak eskini; egunean egunean Meza santua entzun; Andra Mariaren atseginerako Errosario Santua errezau; arimako gauzetako liburuak irakurri; gaubean gaubean arimako azterrena egin; eta batera asko esateko, Konfesore jakintun on eta zuur bat artu eta beronen mendean beti egotea. Ondo diñozu; zergaitik Konfesore on bat autu eta artutea da, San Francisco Saleskoak diñoan legez, ardura guztien ardurea. Alan egizue bada zuek, bada Konfesore ona izango jatzue aingeru bet legez, ondo zuzezndu eta giyauko zaituezana, irakatsirik zer egin bear dozuen, aginduetako bidetik ondo ibilteko, eta Jaungoikoa zoriontasun betikoan ikusteko, zein dan, gu ezerezetik egitean, izentau jakun azken dontsua. Jaungoikoak ara eroan gagizala guztiok. Alan izan dedilla.

 

AZALDUEREA

        Ontasun osoa geugandu bearrean gagoz guztiok? Ez gagoz ontasun osoko bizierea autu eta artu bearrean; baña gagoz geure bizierako ontasun osoa geuganduteko aleginak egin bearrean.

        Azaldu eta adierazo egidazu argiroago.— Deituten jako ontasun osoko bizierea errelijiosoenari, bere iru eskintsari edo boto preminazkoa, garbitasunekoa eta esanekotasuna eskatuten dituzanari, eta biziera onetan sartu bearrean ez gagoz iñorbere, atara deituak izan ez bagara zerutik; baña guztiok gagoz geure bizieran oso onak izan bearrean: aitak izan bear dau oso onak, ezkonduak izan bear dau oso onak, semeak izan bear dau oso onak, eta alan beste enparau guztiak, Jaungoikoak aginduten daben legez.

        Zetan dago ontasun osoaren izatea? Jaungoikoagazko alkartasun edo batutasunean maitetasunaren bitartez; alan irakasten dau argiro Santo Tomasek, eta bardin Apostoloak, diñoanean: «Gauza guztien gañetik euki egizue maitetasuna edo karidadea, zein dan ontasun osoaren lokarria», eta San Agustinek emoten dau errazoia, diñoala, «zergaitik bakarrik maitetasunak alkartu eta batuten gaituzan, geure azkena dan Jaungoikoagaz».

        Nok dauko maitetasun ori? Jaungoikoagazko bakean eta grazian dagoanak, bere aginduak ondo gorde eta betetan dituzanak, bere bizierako eginbearrak ziatz betetan dituzanak, etagauza guztietab, bai kaltegarrietan eta bai mesedegarrietan bere borondatea Jaungoikoarenagaz bat egiten dabenak.

        Deitu leitekeoe ontasunean osoak edo onak, egikera eregiak eta goratuak egiten dituezanai, baña Jaungoikoaren aginduak eta euren bizierako eginbearrak ondo gorde eta betetan ez dituezanai? Ezelanbere ez; bada ontasun osoa dago, ez gauza eregiak eta goratuak egitean, ezpada Jaungoikoak aginduten dituzan gauzak, ondo egitean: alan guraso batek, eskekoai eta premiñadunai bere ondasun guztiak emon arren, ez badauko, bere semealabai eta etxekoai aziera ona emoteko, ardurarik, ez da izango guraso ona: abadetzarako edo beste bizibide baterako ikasten dabilenak, egun guztia erreguak egiten emon arren, ez leuke egingo, Jaungoikoak aginduten deutsana, eta ez litzateke izango ikasla ona, gauzak ikasteko alegina egingo ez baleu, egin bear daben legez.

        Ori orrelan dala, badagoz ontasun osoko mueta desbardiñak? Ez dago ontasun oso izatezko bakar bat baño, eta au da maitetasuna edo karidadea, eginik bakotxak, Jaungoikoak gura dabena eta aginduten dabena; baña desbardiñak dira, izatezkoak ez diranak: alan bat izan bear dau errelijiosoaren ontasun osoak, eta beste bat soldaduarenak, bat emakume ezkondu batenak, eta beste bat alargunarenak...

        Badagoz mailla desbardiñak ontasun osoan? Bai, ezdabaida baga; bada argiro dino Sakramentuk: «Arteza dana, oraindik geiago arteztu daitela, eta santua dana, geiago santutu daitela».

        Zelango mailla desbardiñak geienean ezagututen dira ontasun osoan? Iru; 1. asibarrien edo kristinau onena; 2. aurrera doazanena edo onerazpentsuena; eta 3. oso beteena.

        Zeintzuk dira lenengo maillakoak? Oituraz Jaungoikoagazko bakean eta grazian bizirik, Jaungoikoaren aginduak eta euren bizierako eginbearrak gorde eta betetako aleginak egiten dituezanak, edolabere edo beintzat pekatu ilgarrian ez jausteko ardureagaz, griña dongai eta gurari zitalai, oraindik ezirik eta azpiraturik ez daukezanai, burrukan eta gogor egiten deutsela.

        Zeintzuk dira bigarren maillakoak? Goituagaz eta azpiratuagaz eroanik euren griña dongak, borondate laster eta bizi bat daukenak, Jaungoikoaren gogoko diran gauza guztiak egiteko, eta euren bizierako on-oidadeak eskatuten dabeena, pozik eta sendotasunagaz egiten dabeenak.

        Zeintzk dira irugarren maillakoak? Euren griña zitalak guztiz azpiratua eukirik, pekaturik batbere, pekatu arin borondatezkoa bada bere, egiten ez dabeenak, ardura guztiagaz on-oidadeko bidean dabilzanak, Jaungoikoagaz alkarturik eta baturik bizi diranak, eta eurakgandik alde eragin eta urrinduten dituezan gauza guztiak, pekatu ez diranak bere, baña alkartasun orretarako eragozpenak izan leitekezanak, berbarako, zaletasunak, aberastasunerako makurtasuna, eta beste onelangoak.

        Jaungoikoak eskatuten deutse guztiai ontasun osoko mailla bardiña? Guztiai eskatuten deutse lenengo maillako ontasun osoa kastigu betikoaren beian, zergaitik ezin iñor salbau leiteke, maitetasuna edo karidadea euki baga; gero bakotxari eskatuko deutso Jaungoikoak geiago eta meseden neurrian, Jesukristok berak diñoan legez: «Asko artu izan dabenari, asko eskatuko jako».

        Izatezkoa eta bearrekoa da ontasun osorako eta onerazpenerako, gauzak atseginez eta pozik egitea? Onerazpenaren izatea dago, Jaungoikoaren gogokoa dana, eta berak aginduten dabena, arin, laster, eta sendotasunagaz egitean, aragiaren aldetik atzerakuntzen bat eta nekeren bat aurkitu arren bere.

        Imini al zinaikedazu jazoeren bat, irakatsi ori geiago azaldu eta argitu daikeana? Jesukristo gure Jaunak bere aragiaren aldetik euki zituzan Gesemaniko ortuan estutasun eta larritasun andiak, il aginean legez imini ebenak; baña bere borondatea egoan errime, sendo eta gertu, bere Aita Betikoak prestau eutsan kalizea edateko, esaten ebala: «ez beite egin nire borondatea, ezpada zeurea».

        Zer diraustazu onerazpeneko egitetako atseginen, pozen, negarren eta beste onelangoen gañean? Guzti ori ez dala onerazpenerako izatezkoa eta bearrekoa; baña ona da, gure argaltasunari laguntasuna emon eta sendatuten dabelako, edo egite onen saria dalako.

        Eta on-oidade oiturakorrak, biotzbeeratasuneko eginerak legez, zer dira ontasun osorako? Ontasun osora elduteko eginbide bearrekoak eta noraezekoak; zergaitik ezin iñor alkartu eta batu leiteke Jaungoikoagaz, eragozpenak diran griña txarrak eta pekatuak, on-oidade oiturakorren bitartez kendu eta azpiratu baga; eta ezin iñok jaritxi eta alknatzau leikez bearreko graziak, eskabideak, erreguak eta biotzbeeratasuneko eginerak egin baga.

        Zeintzuk dira, biziera guztientzat eta ontasun osoko maillentzat geien eta sarrien gomendaurik eta agindurik dagozan biotzbeeratasuneko eginerak? Aita Astetek aitatu eta dakarzanak, eta onei egotzi leitekeoez Jesus Sakramentaduaganako eta Jesusen Biotz gozoaganako zaletasun eta onerazpenak, Andra Mariaren eta bere senar San Joseren alkartasunak eta anaetasunak, eta batezbere sarturik egotea, Eleizeak ain ontzat eta ainbeste bidar gomendaurik daukazan irugarren Ordenetan, zeintzuetan, eginik euren neurriak irakatsi eta aginduten dabeena, dagozan sarturik esandako eginera guztiak; eta besten onbideagaz irauten daben batek bere eginbearren betetasunean, eta aurreratu eta poztuten dan, bere lagun alkartasunekoen bizitza onari jarraitutera.

 

aurrekoa hurrengoa