www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Ikasbide kristinaukorraren azalduera laburrak
Andres Iturzaeta
1899

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Aita Gaspar Asteteren ikasbide kristinaukorraren azalduera laburrak, Andres Iturzaeta eta Egia. Roberto Soloaga, 1899

 

 

aurrekoa hurrengoa

IKASBIDE KRISTINAUKORRAREN
AZALDUEREA

 

 

Lenengo irakatsia:
Kristinauaren izenaren ganean

 

        Itanduten dot: Kristinaua zara?

        Erantzuten dot: Bai; Jaungoikoaren graziagaz.

 

AZALDUEREA

        Zergaitik esaten dozu bai, Jaungoikoaren graziagaz? Ez nazalako neure irabaziakgaitik, ez neure gurasoenakgaitik, ezpada grazia utsagaitik eta Jaungoikoaren errukitasunagaitik.

        Andia da kristinauaren duintasuna? Lurreko duintasun guztietatik andiena.

        Zergaitik? Zergaitik egiten gaituzan Jaungoikoaren seme, Jesukristoren anaia, Espiritu Santuaren eleiza bizi eta zoriontasuneko erreñu betikoaren jaubegei.

        Ze eskubide emoten deusku kristinau izateak? Bein garbituak eta barriro jaioak gu izan ezkero bautismo santuan, daukagu eskubidea: 1. artuteko, euren denporan, Sakramentu guztiak; 2. Eleizako on arimako guztietan eta fededun guztien egite onetan alde eukiteko, eta 3. irauten badogu geure eginbear eta zereginen betetasunean, biziteko zeruan betikotasun guztian.

        Zer ikasi bear dogu, esan danetik? Kristinauen duintasun andi eta eregia gauza guztien ganetik maitetu eta askotan eukiten.

 

JAZOEREA

        Eleiza bateko atean batuten zan limosnea, Eleiza barri bat egiteko asmuagaz. Erriko emakume premiñadun batek emoten dau amar errialeko bat, zein zan, berak aukan diru guztia. erri atako arimazain edo abade, bera ondo ezagututen ebanak, dirautso:— Emakume premiñaduna! artu egizu diru ori, bada zuk orren premiña eta bear geiago daukazu.— Orduan emakumeak, sinistez eta arrotasun santuz beterik, erantzun eutsan: Ni premiñaduna! bada zer! ez al naz kristinaua, eta, beraugaitik, errege andi baten alabea eta erreñu andi baten jaubegeia?

        .

 

Irakatsi 2.a:
Kristinauaren eginbearrak

 

        Zer esan gura dau kristinauak? Kristoren gizona. Zer adietan dozu Kristoren gizonagaz? Jesukristoren fede edo sinistea daukana, zein artu eban Bateoan, eta bera serbietako eskinirik dagoana.

 

AZALDUEREA

        Zer izan bear dau kristinauak? Kristori guztiz eta osoro eskinirik dagoan gizon bat, Jesukristoren espirituagaz azkorturik eta indarturik dagoana, bere banderapean izentaurik dagoana, Kristoren arerioai jarki eta burrukan egiteko, Bateo santuan berba emon eban legez.

        Au onelan dala, zelako eginbearrak edo zereginak daukaz kristinauak? Kristoren gudari edo soldado on bat legez euki bear dau sinistea Jesukristogan, sinisturik, berak agertu eta irakatsi deuskun guztia, eta iraunik bere agindupean, bete eta gordetan dituzala bere aginduak.

        Sinistuten ez dabena, baña aginduak bete eta gordetan dituzana, da kristinaua? Ez: zergaitik ez daukan Jesukristoren sinisterik.

        Eta sinistuten dabena, eta sinisturiko gauzak egiten ez dituzana? Ez da kristinau ona, bete eta gordetan ez dituzalako Jesukristoren aginduak.

        Ze irakatsi atera bear dogu emendik? Izan bear gareala zuzenak geu geugan, geure sinisteagaz bat egiten doguzala geure egikera eta bizierak; edo bardin dan legez, ez dala asko eta naiko sinistea, egiteak baga, protestanteak gura dabeen legez; eta ez dirala asko eta naikoak egiteak, sinistea baga, donga eta txarrak esaten daben legez.

 

JAZOEREA

        San Pakomio zan jentila eta gudari edo soldaduen agintaria; gozez eta ibiltez degaiturik eta nekaturik joazan aldi baten, elzu ziran kristinauen erri batera, eta ozta sartuten dira erri atara, noz bertakoak bereala asiten diran, eurai, bear eben laguntasuna, emotera; ikusirik San Pakomiok karidade au, itandu eban: zelako jentea zan, ondo egiteko, ain makurturik eta etzunik egoan a,— eta erantzun eutsen:— zirala kristinauak. Eta zer da kristinaua?— barriro itandu eban, eta erantzun eutsen: kristinaua da Jaungoiko bakar baten adoratzallea, Jesukristoren irakaslea, iñori gatxik ez egiteko, eta bai al daben on guztia egiteko, eskinirik dagoana.— Onegaz biurtu zan, gizonak onak egiten dituzan Jesusen errelijione santura, eta elzu zan santu izatera.

        .

 

Irakatsi 3.a:
Kristinauaren ezaugarri edo señalea

 

        Zein da kristinauaren señalea? Kurutze Santua. Zergaitik? Zergaitik dan Kristo kurutzean josiyaren irudia, zeñetan erosi ginduzan. Zenbat modutan egiten dau kristinauak señale ori? Modu bitan. Zeintzuk dira? Zeñatutea eta Aitearen egitea. Zer da zeñatutea? Eskumako erpuruagaz iru kurutze egitea: lenengoa bekokian, bigarrena aoan, eta irugarrena bularrean, Jaungoikoagaz berba egiten dogula. Zergaitik zeñatuten zara bekokian? Jaungoikoak librau gagizan pensamentu gaiztoetatik. Zergaitik aoan? Jaungoikoak librau gagizan berba gaiztoetatik. Zergaitik bularrean? Jaungoikoak librau gagizan egite eta gurari gaiztoetatik. Zer da Aitearen egitea? Eskumako atz biyakaz kurutze bat egitea, bekokitik bularrera eta ezkerreko sorbaldatik eskumakora, Iru-batasun edo Trinidade guztiz Santuari gagokazala.

 

AZALDUEREA

        Zeintzuk dira Kurutze Santuaren eregitasunak? Batezbere dira iru: 1. Da ezaugarri bat, kristinauerria beste enperau guztiakgandik desbardindu eta ondo ezagutu eragiten dabena: 2. Da Jesus kurutzean josiaren irudi bat, bere amodio andia eta beraganako gure eginbearrak gogoratu eragiten deuskuzana. 3. Da gure sinistearen adierazoera labur bat; autortuten dogula bere bitartez Jaungoikoaren batasuna, edo Jaungoiko bakar bat dagoala, esaten dogunean izenean eta ez izenetan: Personen irutasuna, edo iru Persona dirala, iru Persona Jaungoikozkoak aitatuten doguzanean: eta Kurutzean egin zan gure erostea.

        Zer atera bear dogu emendik? Zoriontasun anditzat euki bear dogula Kurutze Santua, eta ez gareala iñoz lotsatu bear beragaz, dongak egiten dabeen legez.

 

JAZOEREA

        Lotsatu zan bat Kurutze Santuaren... egiten beste batzuen aurrean. Ikusirik beste an egoan batek lotsatu zala, gauza ain on bat egiten, siniste eta zelo andiz beterik, agiraka egin eutsan, zirautsala: Zelan! Jesukristo ez zan lotsatu Kurutze baten ilten, gu erostearren, eta i lotsatuten az eure ganean egiten geure erostearen ezaugarri eregi eta goratua?

 

 

Irakatsi 4.a:
Kurutze Santuaren indarrak

 

        Noz egin bear dogu Kurutze ori? Egite onen bat asten dogun guztian, premiña, tentaziñoe edo bidaune dongetan aurkituten gareanean; batezbere oetik jagieran, etxetik urteieran, Eleizan sartzeran, jatorduan eta oera etzieran. Zergaitik ain sarri? Zergaitik beti eta leku guztietan darraikuzan geure arerioak, gu goitu eta galtzeko asmoz. Ze arerio dira orrek? Demoninoa, mundua eta aragia. Beraz arerio orreek goituteko, Kurutzeak indarra dauko? Bai, Jauna. Nundik jatorko Kurutzeari indar ori? Kristok bere eriotzeagaz antxe goitu zituzalako. Kurutzea adoretan dozunean, zelan esaten dozu? Adoretan eta bedeinkatuten zaituguz, Kristo, zerren Kurutze Santuagaz librau zenduan mundua.

 

.

AZALDUEREA

        Esan al daikedazuz Kurutze Santuaren indarren batzuk? Bai, Jauna: 1. Da demoninoaren kontrako arma altsu eta sendo bat. Alan San Antoniok, Kurutze Santuagaz sendaturik, burrukarako aurrerabidea emoten eutsan demoninoari, zirautsala: «Kurutzearen ezaugarria eta Jaungoikoaganako itxaropena dok, ire indar guztiai eutsiko jeutsen orma lodi sendo bat».

        2. Da bizitzako estutasun eta larritasun guztietarako pozgarri andi bat. Zazpi urteko mutiltxu batek iragoten eban geisotasun andi bat, min guztiz ikaragarrizkoak emoten eutsazana: bere samintasun eta neken erdian ikusten eben, sarri artuten ebala Kurutze Santua bere eskuetan, eta onerazpen andiagaz mun gozo asko egiten eutsazala; eta berari itandurik zergaitik mun egiten eutsan ainbeste bidar, mutiltxu onak erantzun eban: «Berak lagundu eta poztuten nau».

        3. Da liburu zabalduriko bat, zeñetan irakurri eta ikasi leitekezan egirik andienak eta onoidaderik miragarrienak. Kristinau guztiz on batek geiago ezagutu eta maitetu gura eban Jaungoikoa, eta orretarako joan zan itundutera Jesus Kurutzean josiagaz, eta Onek erantzun eutsan: «Ni izango naz zure liburua».

        Zelan onretan sau Elizeak Kurutze Santua? Ezingeiagoan: Iminten dituz Kurutze Santu Egiazkoaren erlikiak lekurik eregienean, emoten deutse kulturik andiena Sakramentu guztiz Santuaren urrengo; balietan da Kurutzearen ezaugarriagaz bere bendezinoe guztietan, Sakramentuak emoten dituzanean, eta beragaz asi eta amaituten dituz bere erregu guztiak.

        Zer ikasi bear dogu, esan danetik? kurutze Santuari onerazpen, zaletasun eta amodio andi bat eukiten, eroaten dogula esegirik geure bularrean, iminten dogula geure bizilekuan, geure oeburuan, zuzenduten gareala beragana premiña, esetsi, estutasun, galbide eta arrisku gustietan.

 

JAZOEREA

        Arako Kurutze Santua, zeñetan il zan gure Salbagille Jaungoikozkoa, eskutaua izan zan jentilakgaitik, lurpetu izan ebela Jesusen obi edo sepulturearen ondoan, eta gero, bere gomutea aaztua izan zeiten, zamarrez eta lur-ondarrez bete eben leku a, eta bertan jaso eta eregi eutsen Eliza bat, Venus eritxon jaungoiko guzurrezkoari: andik irureun urtera aurkitu eban Santa Elenak, Konstantino agintariaren ama zanak, Jesusen Kurutzea lapurren Kurutze biyakaz batera, eta ondo ezagutu eta jakiteko, iru Kurutze aretatik zein zan Jesusena, San Makario, Jerusalengo Obispoaren aginduz, imini jakozan gañean iru Kurutzeak emakume il bateri, zein bereala biztu zan, Jesusen Kurutzeak ukutu eutsanean. Seigarren gizaldian jausi zan Jesusen Kurutzea persiarren eskuetan, eta andik amabost urtera beragandu eban Heraklio agintariak.

 

 

Irakatsi 5.a:
Ikasbide kristinauaren zatituera

 

        Ikusi dogu, kristinau zareana Jaungoikoaren eta Kristo gure Jaunaren graziagaz; esan egidazu bada orain. Zenbat gauza jakin bear dituz kristinauak, adinera edo ezaguerara elduten danean? Lau gauza. Zeintzuk dira? Zer sinistu, zer eskatu, zer egin eta zer artu bear daben, jakitea. Zelan jakingo dau zer sinistu bear daben? Jakinagaz Kredoa edo Artikulu fedekoak. Zelan jakingo dau zer eskatu bear daben? Jakinagaz Aita gurea eta Eleizaren beste erreguak. Zelan jakingo dau zer egin bear daben? Jakinagaz Jaungoikoaren legeko eta Elizako aginduak edo mandamentuak, eta errukizko eginak edo obra miserikordiazkoak. Zelan jakingo dau zer artu bear daben? jakinagaz Eleiza Ama Santearen Sakramentuak.

 

AZALDUEREA

        Au onelan dala, badago eginbearrik, Ikasbide Kristinaua jakiteko? Bai, Jauna: jakin, aditu eta ezagutu bear dau bakotxak bere alizate eta ezauperearen neurrian.

        Eta nortzuk irakatsi bear dabe? Gurasoak euren seme-alabai, arimazainak euren elizatarrai, maisuak euren ikaslai, ugazaba eta etxekoandrak euren mendeko eta otseinai; eta alan egiten ez badabe egiten dabe pekatu ilkor eta astuna.

        Zelako arriskuan iminten dira, Ikasbide Kristinaua ez dakienak? Euren arimak betiko galduteko arrisku andian, ez baldin badakiez gauza bearbearrekoak; pekatu asko egiteko eta euren eginbearrak ez betetako arrisku urrekoan, ez baldin badakiez, agindurik dagozan gauzak; eta bide txarrean biziteko eta sinistea galduteko arriskuan, ez badauke ezaupera argi eta bearreko bat errelijinoaren ganean.

        Zer atera bear dogu emendik? Egin bear doguzala alegin guztiak ikasteko Ikasbide cristinaua, egunetik egunera geiago eta obetoago ezagututeko, beteko badoguz geure eginbearrak, eta bizi gura ez bagara bide txarrean.

 

JAZOEREA

        Bein baten aurkitu ziran batera gazte bi, bata zan kristinau, eta bestea donga eta txarra; onek esan eutsan, euki gura bazituzan beragaz baiyetzak eta ezetzak errelijinoaren ganean; kristinauak erantzun eutsan baiyetz, baña zerzeridade bategaz. Zein da? itandu eutsan donga eta txarrak. Gauza baten ganean baiyetzak eta ezetzak eukiteko, noraezekoa eta bearrekoa da, gauza ori ezagututea, eta alan lenago adierazo bear daustazu, zuk ezagututen dozula errelijinoa, beintzat dakizula katezismoa edo sinistamenen liburua.— Ez dot denporarik galduten, erantzun eutsan donga eta txarrak, liburu orreek irakurten.— Gitxienez jakingo dozuz Kredoa eta aginduak.— Nozbait banekizan, baña onezkero aazturik daukadaz.— Bada ezagututen ez baldin badituzuz errelijioneko gauzarik errazenak bere, zelan daukazu azarkeria, baiyetzak eta ezetzak eukiteko, ez dakizun gauza baten ganean?

 

aurrekoa hurrengoa