www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Ikasbide kristinaukorraren azalduera laburrak
Andres Iturzaeta
1899

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Aita Gaspar Asteteren ikasbide kristinaukorraren azalduera laburrak, Andres Iturzaeta eta Egia. Roberto Soloaga, 1899

 

 

aurrekoa hurrengoa

LAUGARREN ZATIYA

 

 

Irakatsi lenengoa:
Sakramentuak guztieran

 

        Esan egizuz Sakramentuak. Eleiza Ama Santearen Sakramentuak dira zazpi: lenengo bostak dira naita naiezekoak, izatez edo borondatez, zeintzuk baga salbau ezin leiteke iñor, isten badituz nagitasunez edo ezetan ez eukiz: beste biyak dira borondatezkoak. Lenengoa Bateoa, bigarrena Konfirmazinoa, irugarrena Konfesinoa, laugarrena Komuninoa, bostgarrena Oliazinoa, seigarrena Ordea, zazpigarrena Ezkontzea.

 

AZALDUEREA

        Nor da Sakramentuen imintzallea? Guztiyeba da Jesukristo gure Jauna.

        Zelan bada deituten jake «Eleizearen Sakramentuak»? Eleizea dalako euren eukitzallea, eurak egin edo emoten dituzana bere eleizgizonen bitartez.

        Zergaitik dinozu «lenengo bostak dira naita naiezekoak, izatez edo borondatez»? Artu bear diralako egiaz eta benetan, edo beintzat gurariz eta borondatez; edo bardin dana, pekatu ilgarria egiten da, eurak ez arturik nagitasunez edo ezetan ez eukiz.

        Zergaitik bere dinozu «azkenengo biyak dira borondatezkoak»? Zergaitik, munduko alkartasun guztiagaz berba egiten ez dala, ez diralako bearbearrekoak eta naita naiezekoak, zerura joateko; orregaitik bere badagoz aldiyak, zeintzuetan egon leitekean, eurak artuteko eginbearra.

        Ze eratakoak dira? Bizien Sakramentuak eta ilen Sakramentuak.

        Zeintzuk dira ilenak? Bateoa eta Konfesinoa.

        Zergaitik deritxe ilenak? Dagozalako iminirik emoteko graziazko bizitzea, pekatuagaitik ilik dagozanai; eta orregaitik esaten da, emoten dabeela lenengo grazia.

        Zeintzuk dira biziyenak? Konfirmazinoa, Komuninoa, Oliazinoa, Ordea eta Ezkontzea.

        Zergaitik deritxe biziyenak? Eurak artuten dituezanak, graziazko bizitzeagaz bizi diralakotzat eukiyak izan bear diralako, eta grazia geituteko iminiyak izan diralako; orregaitik esaten da, emoten dabeela bigarren grazia.

        Zein da Sakramentu guztietatik eregiena eta goratuena? Komuninoa, beragan zarratuten dabelako Kristo gure Jauna, Sakramentu guztien imintzallea.

        Zeintzuk dira bearrekoenak? Bateoa guztientzat, Konfesinoa pekatu ilgarria egin izan dabenentzat, eta Ordea eta Ezkontzea munduko alkartasunarentzat.

        Zelako onerea atera bear dogu irakatsu onetik? Jesukristok gure zoriontasun betikorako imini izan dituzan eginbide oneek askotan euki eta eurai itzal andiagaz begiratutea.

 

JAZOEREA

        Gizonak eukiko badau gorputzeko bizitzea, bear dituz zazpi gauza: 1. jaiotea; 2. azi eta indartutea; 3. janariak artutea; 4. bere gatx eta geisotasunetatik osatutea; 5. bere indar argalduak barriztetea; 6. barriro ernetea; eta 7. iraupenerako neurriak betetea. Alan arimako bizitzan Bateoaren bitartez jaioten gara, Konfirmazinoan indartuten gara, Komuninoan janaria artuten dogu, Konfesinoan osatuten gara, Oliazinoan indar barriyak artuten doguz, Ezkontzeak irau eragiten deutse fededunai, eta Ordiak iraun eragiten deutso batintxekiari edo jerarkeari.

 

 

Irakatsi 2.a:
Sakramentuaren argipetzea

 

        Zer gauza dira Sakramentuak? Dira Jesukristok itxiriko ezaugarri agiri batzuk, euren bitartez emoteko guri grazia eta onoidadeak.

 

AZALDUEREA

        Zergaitik dinozu «ezaugarri agiriak»? Sakramentu guztia dalako eginera edp ezaugarri kanpotikoa, ariman egiten daben egikera ikusiezingarriaren antza edo irudiya emoten dabena.

        Azaldu eta adituten emon zinaike ori zerbaitegaz? Bateoan, gorputza garbituten daben ura isuri edo boteagaz, aditu eragin eta adierazoten da, ariman egiten daben egikera, ikusten ez dana, zein dan arimea pekatuaren loitasunetik garbirik imintea.

        Zergaitik dinozu «Jesukristok itxirikoak»? Bakarrik Jaungoikoak egin leikealako, gauza lurreko batek egin dagiala ariman egikera izatearen gañekoa.

        Zer esan gura dau esateak «euren bitartez emoteko guri grazia eta onoidadeak»? Sakramentu guztiak, egindariaren ontasun eta santutasunak zer-ikusirik ez daukela, emoten dabeela eurenez grazia izentaua eta señatua, prestaera onakaz eta bearrekoakaz eurak artuten dituezanai.

        Zein da Sakramentuen gauza irabazigarria? Jesukristo gure Jauna, bada berak bere pasinoe eta eriotzeagaz irabazi euskuzan grazia guztiak, eta grazia oneek jatorkuz, odiya batzuetatik legez, Sakramentuen bitartez.

        Zer da, Sakramentu guztien ganean gogoratu bear doguna? Euren geiya, berbaerea, artutzallea, egitadeak, eta premiñea.

        Zein da geiya? Gauza sentigarria, zeñegaz egiten dan Sakramentua, berbarako, ura, oriyo santua eta beste onelangoak.

        Zer da berbaerea? Dira arako berbak, zeintzukaz eregi eta goratuten dan geiya, egitade sakramentukorra egiteko.

        Nor da artutzallea? Sakramentua artuten dabena.

        Zelako egitadeak egiten dituez Sakramentuak? Lenengo, emoten dabe grazia santuegintzallea, Sakramentu guztiai dagokoena; 2. grazia sakramentukorra, Sakramentu bakotxean desbardina dana; eta 3. ezaugarri arimakoa, Bateoko, Konfirmazinoeko eta Ordiako sakramentuai bakarrik eta berariz dagokoena.

        Zer da ezaugarri arimakoa? Da ariman ezarririk geldituten dan ezaugarri kenduezingarria, zeinen bitartez desbardinduten dan bat beste enparauakgandik, emoten deutsala, artuten dabenari, arimako altasun edo eskubide bat.

        Ze onera atera bear dogu emendik? Sakramentuak, bear doguzan guztian, artuteko erabagia, guk euren onerak euki al izateko.

 

JAZOEREA

        Lege zarrean egoan urezko osin bat edo pozu bat, nun garbituten ziran, oparian eskini bear ziran bizidun iltekoak, eta deituten jakon Piscina edo urtokia. Urte guztietako egun baten jatsiten zan zerutik Jaungoikoaren angeru bat, eta urtoki atako urai, bizidun iltekoen odolagaz nastaurik egozanai, batera eta bestera erain egiten eutsen; eta ur aretan lenengo sartuten zan edozein geiso, geldituten zan guztiz eta mirariz osaturik, danik andiena izan arren bere, berak iragoten eban edo eukan geisotasuna. Lege barriyan bere daukagu Piscina edo urtokia bat, Jesukristoren odolagaz egina, eta bertara joaten diran, arimako geisotasunak iragoten dituezan guztiak, gelditu leitekez guztiz eta osoro osaturik, egun guztietan eta ordu guztietan, urreraturik Sakramentuak artutera, zeintzuen bitartez guri ezarten jakuzan Odol Jaungoikozko orren irabazi edo merezimentuak.

 

 

Irakatsi 3.a:
Grazia

 

        Zer da grazia? Da izate jaungoikozko bat, zeinek egiten daben gizona Jaungoikoaren seme eta zeruko jaubegei. Zelan deritxo grazia oni? Santuegingillea. Grazia onen ostean badagoz besten batzuk? Badagoz, egitaldikoak deritxenak, eta argitasun arimakoak, zeintzuk baga ezin asi, ez jarraitu, ez amaitu daikegun, betiko bizitzara eroan gaikezan gauzarik. Eta zeintzuk dira oneek? Jaungoikoak emoten deuskuzan laguntasun batzuk, txarra itxi eta ona egiteko, diran legez, Eleizako irakatsiak eta berbaldi jaungoikozkoak, eginbide onak, uste uste bagako eriotzak; Jaungoikoak gure bururako emoten deuskuzan argitasunak, eta gure borondateak gauza onetara poztu eta bizkortuteko gurari santuak. Zelango onoidadeak emoten dituez Sakramentuak graziagaz batera? Batezbere iru, Jaungoikoaganakoak eta Jaungoikozkoak. Zeintzuk dira? Sinismena, Itxaropena eta Maitetasuna.

 

AZALDUEREA

        Zeinbat erakoak dira graziak? Irutakoak: santuegingillea. lagungarria, eta sakramentukorra.

        Zer da grazia santuegingillea? Doe guztien gañeko doe bat, argitasun jaungoikozko bat legez, Jaungoikoaren gogoko eta bere seme egiten gaituzana, zoriontasun betikorako eskubideagaz.

        Zelango egitadeak egiten dituz ariman? Iru: Lenengo, egiten gaituz artezak eta Jaungoikoaren gogokoak; 2. emoten deusku izate edo bizitza izatez gañetikoa; eta 3. gure egite onak egiten dituz irabazigarri edo merezigarri bizitza betikorako.

        Nundik galduten da grazia au? Pekatu ilgarriaz.

        Nundik edo zelan barriro artuten da? Ilen Sakramentuakaz, eta baitabere amodiozko damuagaz edo maitetasunagaz, eurak artuteko gogo edo asmua eukirik.

        Zelan iraun eragin edo geituten da grazia gugan? Biziyen Sakramentukaz eta egite on era guztietakoakaz.

        Zer da grazia lagungarria? Jaungoikoak emoten deuskuzan laguntasun batzuk, geure adina argiturik, geure borondatea zirkindurik, txarrari itxi eta onari jarraitu dagiogun, betiko bizitzea eukiteko.

        Bearrekoak dira grazia oneek, ondo egiteko gauzak? Ain bearrekoak eta naita naiezekoak dira eze, eurak baga ezin asi, ez jarraitu, ez amaitu ginaike, betiko bizitzara eroan gaikezan gauzarik.

        Guztiai emoten deutsez Jaungoikoak grazia orreek? Bai; Jaungoikoak gura dau salbau daitezala gizakume eta emakume guzti guztiak, eta beraugaitik ez deutsoz iñori ukatuten, egiaren ezauperara eldu eta salbetako bearrekoak eta naikoak diran graziak.

        Eta zer egin bear dogu, eurak merezi edo irabazteko? Ondo erantzun bear deutsegu leen arturikoai, eta euren laguntasunagaz egin bear doguz erreguak eta egite onak.

        Zer da grazia sakramentukorra? Laguntasun jaungoikozko bat, Sakramentuaren azkena jaritxi eta alkantzetako dana.

        Emoten jaku grazia au, Sakramentuak artuten doguzan une atan beratan? Sinisgarriago da ezetz, ezpada bera denpora egokian artuteko eskubidea emoten deusku.

        Ze onera atera bear dogu irakatsi onetik? Grazia santuegingillea euki bear dogu ondasunik aberatsenentzat eta gauza guztiak baño geiyagotan, eta sarritan artu bear doguz Sakramentuak, grazia ori sendatuteko eta grazia lagungarri barriyak merezi eta irabazteko, alan iraun dagigun beti bide onean.

 

JAZOEREA

        San Ignazio Loiolakoa, Jaungoikoagana biurtu baño lenago zan munduko atseginen eta anditasunen zale eta maitetzalla; erreguak egitea, nekealdiak bere gorputzari emotea, Jaungoikoaren mendean egotea, ziran beretzat atsekabegarriak, gorrotogarriak, eta bere gogoan sartuten ez ziran gauzak. Baña Jaungoikoak bere graziagaz argitu eutsanean bere adina, erakutsirik bere arimearen egoera txarra eta munduko gauzen utskeria eta ezereztasuna, eta zirkindu eta bizkortu eutsanean bere borndatea, gauza guzti orreek gorrotetara eta begi txarrakaz begiratutera, artuten dau San Ignazio Loiolakoak, erregu beroak egin eta Jaungoikoaren serbitzalla egiazkoa izateko asmu sendoa; eta ondo erantzurik zeruko grazia lelengoai erreguaren eta egite onen bitartez, artuten dituz Jaungoikoagandik grazia barri eta ugariak, eta eldu zan izatera santu guztiz andi bat, Jesusen Konpañia edo Lagunkida ain ospetsua eta izen andikoa, Jaungoikoari ainbeste goraldi eta Eleizeari ezingeiagoko onera eta mesedeak ekarri izan deutsezan, eta ekarten deutsezana, imini izan ebana.

 

 

Irakatsi 4.a:
Bateoko Sakramentua

 

        Zetarako izan zan iminia Bateoko Sakramentua? Kenduteko pekatu jatorrizkoa, eta, bateatuten danagan, aurkituten dan beste edozein pekatu.

        Zer da pekatu jatorrizkoa? Da jaiotzan dakarguna, zein jatorkun geure lenengo gurasoakgandik. Eta estura-orduetan nok bateatu leike? Adieradun edozein gizonezkok nai andrazkok.

        Eta zelan egin bear da? Berezko ura umearen burura isuri edo bota, eta bateatuteko uste osoa daukala, berba oneek esanagaz: «Nik bateatuten zaitut Aitearen, eta Semearen eta Espiritu Santuaren izenean».

 

AZALDUEREA

        Zer diraustazu Sakramentu onen ganean? Dala guztietatik lenengoa eta bearrekoena.

        Zergaitik dinozu dala lenengoa? Dalako beste enparauen atea legez, eta Bateoa baga ezin egiaz eta benetan artu leitekean beste Sakramentu bat bere.

        Zergaitik diñozu dala bearrekoena? Bera baga ezin salbau leitekealako iñorbere. Bakarrik ezin artu leitekean aldian, gurarizkoa eta odolezkoa deritxen bateoak izan leitekez bere ordekoak.

        Zer da gurarizko bateoa? Da maitasuneko egite edo amodiozko damua, Jaungoikoak, gu salbetako, imini dituzan gauza guztiak egiteko gura eta asmuagaz.

        Zer da odolezko bateoa? Da Jesukristogaitik edo siniste santuagaitik iragoriko martiriyoa.

        Beraz badagoz bateo bat baño geiago? Ez dago bat baño geiago, eta au da urezkoa; beste biyai deritxe bateoak alan ez-egokiro, artu ezin danean urezko bateoa, onen ordekoak diralako.

        Noz imini eban Jesukristok? Jordango errekako uretan, Bera San Juan Bautisteagaitik bateatua izan zanean.

        Nor da bateoaren egindaria? Egindari berezkoa eta eskubide osokoa da Arimazaina edo beronen baiemona daukan beste edozein Abade; eta ordu estuetan izan leiteke, adinera eldurik dagoan beste edozein adieradun.

        Zein da bateoaren geiya? Berezko ura, bai euritik arturikoa, bai errekatxuetakoa, abi iturrietakoa, bai pozuetakoa eta beste onelango ur garbiak.

        Zer da berbaerea? Da au: «Nik bateatuten zaitut Aitearen, eta Semearen eta Espiritu Santuaren izenean».

        Zer euki bear da gogoan emen? Ura isuri bear dala bateatuten danaren buru gañera, al bada, edo gorputzeko beste alde baten gañera, berbaerea esaten dan une atan beratan.

        Zelako egitadeak egiten dituz? Lenengo kenduten dau pekatu jatorrizkoa, eta, bateatuten danagan, aurkituten diran pekatu guztiak, euren zor betikoa eta denporazkoagaz batera; 2. emoten dau grazia santuegingillea, barriro jaio eragiten deutso bateatuten danari bizitza izatearen gañekora, eta isuriten dituz bere ariman Espiritu Santuaren onoidade eta doiak; 3. emoten deutso arimako ezaugarria, zeinen bitartez desbardinduten dan beste enparauakgandik, eta egiten dau, beste Sakramentuak artuteko duin eta eskubidedun; eta 4. emoten dau grazia sakramentukorra, kristinauaren eginbearrak ondo betetako.

        Zer diraustazu aita-pontekoen gañean? Dirala bigarren guraso batzuk edo fiatzalle batzuk legez, bateatuagaitik erantzun bear dabeenak, geldituten dirala, bera siniste santuko eta oitura onetako gauzetan argituteko, eginbearrean, eta artuten dabeela senitasun arimakoa bateatuagaz eta bere gurasoakaz.

        Zelako irakatsi mesedegarria atera bear dogu emendik? Izanik Sakramentu au ain bearrekoa eta naita naiezekoa, zer-erantzun andia daukela, euren semealabatxuai bateatutea luzatu edo bateo baga ilten itxiten deutsen gurasoak; eta izanik ainbeste, bateoaren bitartez emoten jakuzan onera eta mesedeak, izan bear gareala esker onekoak, barriztaurik sarritan, bateoan egin genduzan eskintsariak.

 

JAZOEREA

        San Francisco Saleskoak, izanik oraindik guztiz umea, aurreratuten zituzan, beragaz jolasean eta olgetan ibilten ziran umeak, beragaz batera Eleizara joatera. An urreratuten ziran pontara, eta Santuak esaten eutsen:— «Ementxe izan ginean Jaungoikoaren seme eginak. Eskerrak emon dagioguz Jaungoikoari, dinogula: Goraldia Aitari, Semeari eta Espiritu Santuari». Gero belaunbikoturik guztiak mun egiten eutsen bateoko ponteari.

 

 

Irakatsi 5.a:
Konfirmazinoeko Sakramentua

 

        Zetarako da Konfirmazinoeko Sakramentua? Bateoan artu genduan sinistea sendatuteko. Eta Sakramentu au pekatu ilgarriagaz artuten daben ezauperara elduriko adieradunak, egiten dau pekatu? Ilgarria. Zer egin bear dau bada, bera artuagaz, pekaturik ez egiteko? Prestau bear da, konfesinoe on bat lenaz eginik.

 

AZALDUEREA

        Zelan deritxo Sakramentu oni? Osotasuneko Sakramentua, bai emona izaten dalako Apezpiko edo Obispoakgaitik, zeintzuekgan aurkituten dan eskubidearen osotasuna; eta bai dalako bateoaren osotasuna legez, etorririk indartu eta sendatutera, guk bateoan artu genduan siniste edo bizitza arimakoa.

        Zein da Sakramentu onen geiya? Krisma Santua, oriyo eta balsamua nastauta egiten dana, eguben santu egunean Apezpikoak edo Obispoak donekidatu edo konsegretan dabena.

        Zein da berbaerea? Nik sillatuten zaitut Kurutzearen ezaugarriagaz, nik sendatuten zaitut osasuneko Krismeagaz Aitearen, Semearen eta Espiritu Santuaren izenean.

        Zelan emoten da Sakramentu au? Iminirik eskuak, Konfirmazinoa artu bear dabenen gañean, Espiritu Santuari deituten deutsan bitartean; igortzi edo gantzututen deutsala bere bekokiya Krisma Santuagaz, berbak esaten dituzan denpora berean; eta gero emoten deutsala zaplako bat bere matrallan.

        Zergaitik egiten deutso bekokiyan Kurutzearen ezaugarria? Bekokiya dalako alderik argiena eta ikusgarriena; eta adierazoten emoteko, kristinauak autortu bear dabela Jesukristo eta gauza andi eta onragarritzat euki bear dabela Kurutzearen ezaugarriagaz izentaurik egotea.

        Zergaitik emoten jako zaplakoa matrallan? Ezagututen emoteko, ordutisek egon bear dabela gertu eta prest iragoteko Jesukristogaitik lotsariak, barre eta burlak, esetsiak, nekegarriak, areriotasunak eta eriotzea bere bai, alan bear izan ezkero.

        Zelako egitadeak egiten dituz Sakramentu onek? Lenengo, emoten dau bigarren grazia, au da, geituten dau, Konfirmazinoa artu bear dabenak, aurrez euki bear daben lenengo grazia; 2. artuten dau Espiritu Santua, eta Beragaz batera arimako sendotasuna, siniste santua autortuteko; 3. emoten deutso arimako ezaugarria, zeinen bitartez izentetan dan Jesukristoren soldautzan.

        Zelako prestaerak bear dira, Sakramentu au ondo artuteko? Artu bear dabena bada ume ezaupera bagakoa, egon bear dau bateaturik; ezauperara elduriko adieraduna bada, euki bear dituz gañera artuteko gogo eta ezauperea, eta egon bear dau Jaungoikoaren adiskidetasunean.

        Zer jakin bear da aitabitxien eta amabitxien ganean? Aitabitxi bat egon oi dala gizonezkoentzat, eta amabitxi bat andrazkoentzat; oneek, aita eta ama pontekoetatik desbardinak izan bear dabeenak, artuten dituezala eginbearrak eurak eta senitasuna.

        Ze onera atera bear dogu esan danetik? Denpora oneetan ain bearrekoa dan Sakramentu andi au artuteko eta, geure mendean dagozanai, artu eragiteko aleginak egitea.

 

JAZOEREA

        San Francisco Saleskoa, bearreko irakatsiak artu ezkero, prestau zan guztiz ondo, Konfirmazinoeko Sakramentua artuteko; eta artutera joan zanean, agertu eban onerazpena, ainbestekoa izan zan eze, guztiak geratu ziran mirariturik, eta Apezpikoak edo Obispoak esan eban, ume a izango zala bere gizaldiko miragarria. Ordutisek ikusi zan, Espiritu Santuaren osotasuna sartu zala bere biotzean, eta egin ebala (arimearen aldetik) gizon eldu bat; bada au adierazoten emon eben bere geroko biziera santuak, bere onerazpenak, bere sendotasunak, arimakganako bere maitetasunak eta bere bizitza guztiak.

 

Irakatsi 6.a:
Konfesinoeko Sakramentua

 

        Zetarako da Konfesinoeko Sakramentua? Bateatu ezkero eginiko pekatuak parkatuteko. Ze pekatu dira orreek? Ilgarriak eta ez-ilgarriak edo arinak.

 

AZALDUEREA

        Noz imini edo egin eban Jesukristok Sakramentu au? Bera ilen artetik biztua izan eta gero, esan eutsenean Apostoloai: «Eutsiye Espiritu Santua; noren pekatuak parkatu daikezuezan, parkatuak izango jakoz; eta norenak geratu daikezuezan edo parkatu bagarik itxi daikezuezan, geratuko jakoz, edo parkatu bagarik itxiko jakoz».

        Bakarrik Apostoloai emon eutsen Jesukristok eskubide au? Ez, ezpada emon eutsen bere, abadetasunean eurai jarraituko eutsen guztiai; orregaitik abade guztiak eta bakarrik eurak dira Sakramentu onen emontzallak.

        Ze pekatu dira, parkatuak izan leitekezanak? Guztiak, dan danak: zeinbat bidar edo aldiz izango diran parkatuak, begiratu baga, zeinbat pekatu diran, jaramon egin baga, eta zelako anditasuna dauken, gogoratu baga, eukiten baldin badira bearbearreko eta naita naiezeko prestaera guztiak.

        Zein da Sakramentu onen geiya? Bateatu ezkero eginiko pekatu guztiak; eta gei au izan leiteke naita naiezekoa eta borondatezkoa, baña asko eta naikoa dana.

        Zein da gei naita naiezekoa? Pekatu ilgarri autortu bagako edo txarto autorturiko guztiak.

        Zein da gei borondatezkoa baña asko eta naikoa dana? Pekatu arinak eta pekatu ilgarri parkaturikoak.

        Pekaturik batbere ez daukanak, artu al izango leuke Sakramentu au? Ez; ez dagoalako beragan geirik, zeinen ganean jausi leitekezan penitentearen egiteak eta konfesorearen parkazinoa. Alan Andra Mariak ez eban artu eta ezin artu leikean bere Sakramentu au.

        Zer egin bear dau bada, azkenengo konfesinoetik geroko pekaturik ez daukanak? Imini bear dau pekatu arinen bat, edo obeto izango da bizitza iragoriko pekatu ilgarrien bat barriro autortutea, euren damu egiazkoa daukala.

        Zelan imini zan Sakramentu au? Erabagia legez, zeñetan penitentea dan erruduna eta salatzallea; auxe da, auzi-epalleak daukan eginbide bakarra, ondo jakiteko zer egin bear daben, parkatu bear daben edo ez; eta emetik dator bearrekoa eta naita naiezekoa izatea pekatuak autortea edo konfesinoa.

        Zeintzuk dira Konfesinoeko Sakramentu onen egitadeak? Lenengo parkatuten dituz pekatu guztiak, errua eta kastigu betikoa daukezan aldetik; 2. ostera biurtuten dauz graziazko bizitzea, zoriontasun betikorako eskubideagaz, eta egite onen irabazi guztiak; 3. artuten baldin bada graziazko egoeran, geituten dituz lengo grazia eta indarrak, pekatuan ez jausteko.

        Parkatu leitekez pekatu ilgarri batzuk, beste batzuk parkatuak izan baga? Ez; zergaitik ezin izan leitekean gauzea da, pekatua eta grazia alkarregaz une baten bere egon eta bizitzea: alan bada, edo parkatuten dira pekatu ilgarri guztiak edo ez da parkatuten batbere.

        Ze onera atera bear dogu emendik? Jaungoiko gure Jaunari esker andiak emotea, Sakramentu onen bitartez emon deuskulako eginbide ain erraz bat, grazia galdurikoa barriro geuganduteko eta bere adiskidetasunera biurtuteko.

 

JAZOEREA

        «San Juan Klimakok dino: bizitza guztiz txar bat eroan eban pekatari andi bat, biurtu zanean Jaungoikoagana, artu zituzala konbentu baten sartuteko asmu santuak, eta bertako nagusiak eskatu eutsala, autortu eta esan egizala guztien aurrean bere pekatu guztiak, etxe santu atan artua izango bazan. Damutasunez beterik egoan gizon onek, agertuten dituz, bere begi biyak negarrezko iturri bi eginik daukazala, bere txarkeria eta dongakeria guztiak Jaungoikoaren eta Fraile guzti areen aurrean. Eta onetatik batek ikusi eban gizon arpegi bildurgarrizko bat, bere eskuetan liburu bat eukana, eta liburu atatik pekatuak kenduten zituzana, gizon arek bere pekatuak autorten zituzan legez». Auxe berau jazoten da, Konfesinoeko Sakramentua bearreko eta egiazko prestaerakaz artuten dan guztian.

 

 

Irakatsi 7.a:
Pekatuak

 

        Zer da pekatu ilgarria? Da esatea, egitea, gogoratutea edo gura izatea zerbait Jaungoikoaren legearen kontra gauza andi edo astunean. Zergaitik deritxo ilgarria? Ilten dabelako, egiten dabenaren arimea.

 

AZALDUEREA

        Zelakoa izan leiteke pekatua? Era bitakoa, jatorrizkoa eta norberarena.

        Zein da pekatu jatorrizkoa? Geure lenengo gurasoakgandik guztioi datorkuna.

        Zein da pekatu norberarena? Guk geure borondateagaz egiten doguna.

        Zeinbat eratakoa izan leiteke pekatu norberarena? Gogozkoa, berbazkoa eta egitezkoa; gogozkoa izango da, arimearen almen barrukoakaz egiten danean, gorrotoa legez, berbazkoa, aoagaz egiten danean, birauba legez, eta egitezkoa, egikerakaz egiten danean, lapurretea legez.

        Zeinbat era geiagotakoa izan leiteke? Egin bear dana, egin ezagaitik, egiten dan pekatua, eta egin bear ez dana, egiteagaitik, egiten dan pekatua.

        Zein da, egin bear dana, egin ezagaitik, egiten dan pekatua? Agindurik dagoana, egin baga itxitea, berbarako, Mezea ez entzutea, bear dan denporan ez konfesetea.

        Zein da, egin bear ez dana, egiteagaitik, egiten dan pekatua? Eragotzirik eta galerazorik dagoan zerbait egitea, lapurretea legez.

        Zeinbat erakoa da batezbere pekatua? Bikoa, ilgarria eta arina; izango da ilgarria, agindua austen danean gauza astunean, eta arina, gauza arinean danean.

        Zeintzuk gauza bear dira, pekatua izateko ilgarria? Iru: 1. egitera doiana, txarra dala guztiz eta osoro ezagututea; 2. egiteko borondate osoa eukitea; eta 3. egin bear ez dana, edo egin bear dana, gauza andia eta astuna legez eragotzirik edo agindurik egotea.

        Gauza txarra da pekatu ilgarria? Da gatx bakar osoa, eta bere ondoan ez dira ezer munduko gatx guztiak bere.

        Ez litzateke gatx andiagoa izango, norberaren entzute on eta izen garbiya baga geratutea, ondasun eta aberastasunak guztiz galdutea? Ez; orrek kenduten deuskuz munduko on denporazkoak, eta zorigatx orreek, eruapen onagaz eroan ezkero, lagundu leikegue zerua irabazten; baña pekatu ilgarriak kenduten deuskuz ondasun eta aberastasun betikoak, eta egiten gaituz zorigatx betikoen duin eta merezitzalla.

        Ez litzateke txarrago izango geisotasun andi bat? Ezta bere; geisotasunak, geiyen dala, bakarrik kendu leikegu gorputzeko bizitzea; baña pekatu ilgarriak kenduten deusku arimako bizitzea, eta bota al ginaikez infernuko ondarrera.

        Bada baldin arimea ilten bada pekatuagaz, zelan bizi dira pekatariak? Pekatu ilgarriak kenduten ez dabelako gorputzeko bizitzea, ezpada arimako bizitza izatearen gañekoa, zein dagoan, arimea Jaungoikoagaz graziaren bitartez alkarturik egotean.

        Zelako gatxak egiten dituz ariman pekatu ilgarriak? Guztiz eta osoro loiturik eta ezaindurik eta graziaren edertasuna baga itxiten dau; kenduten deutsoz, zerura joateko eskubideak, eta egite onakaz lenago irabazi izan eban guztia; eta egiten dau demoninoaren menpeko eta azpiko eta infernuko sugar betikoetara joateko duin eta merezitzalla.

        Ze onera atera bear dogu irakatsi onetik? Pekatua gatx bakar osoa dan ezkero, geure biotz guztitik bera gorrotetea eta beragandik iges egitea, suge bildurgarrizko bategandik legez.

 

JAZOEREA

        Franziako errege San Luiseren ama Blanka erreginak, bere seme au gaztetxua zanean, sarri esaten eutsazan, ama on baten duinekoak ziran berba oneek:— «Zuk badakizu, neure semea, zeinbat maite zaitudazan; orregaitik bere, gitxiago estutu eta larrituko nintzateke zu ilda ikusirik, pekatu ilgarri bakar bat zuk egin dozula jakinik baño».— Berba oneek ain inkaurik eta josirik geratu jakozan Luiseri bere biotzean eze, ez jakozan aztu iñozbere, eta eldu zan santu andi bat eta errege guztiz on bat izatera, bere erreñuko ainbeste arrisku, esetsi eta galbiden artian.

 

 

Irakatsi 8.a:
Arimako azterrena

 

        Noz artuten dogu Konfesinoeko Sakramentua? Ondo autortu eta parkazinoa artuten dogunean. Zeinbat gauza bear dira Konfesinoeko Sakramentua artuteko edo ondo autortuteko? Bost, eta dira oneek: arimako azterrena, biotzeko damua, onduteko asmua, aozko autormena eta egikerazko ordainpena edo kitugarria. Zer da arimako azterrena? Jaungoikoari, utsegite guztiak ezagututeko, argiya eskatu ezkero, autortu bagako pekatuak gomuta al izateko aleginak egitea, Jaungoikoaren eta Eleizearen aginduak eta norberaren ibiltokiak eta arazoak bein banan aratuagaz.

 

AZALDUEREA

        Beti bear dira bost gauzak, Konfesinoeko Sakramentua ondo artuteko? Bai, estu-orduetan ez izanik.

        Imini egidazu aldiren bat, zeinetan ez dagoan, bost gauzetatik bat edo beste egiteko eginbearrik.— Guztiz txarto dagoan geiso batek, ezin egin leike arimako azterrena; mutu batek edo aldi txarren bategaitik berbea joan jakon batek, ezin egin leikee aozko autormena edo ezin autortu leikeez euren pekatuak; eta orregaitik bere, artu al leikee eta artuten dabe Konfesinoeko Sakramentua.

        Zein da bost gauzetatik bearrekoena, zein baga ezin iñoz artu leitekean Sakramentu au? pekatuaren damua edo gorrotoa.

        Zelako zerzeridadeak euki bear dituz arimako azterrenak? Biz; izan bear dau arduratsuak eta gogorrak.

        Zer esan gura dau arduratsua izateak? Ardura andiagaz egin bear dogula geure arimako azterrena, balio andiko gauz abat balitz legez.

        Zer esan gura dau gogorra izateak? Gogortasunagaz emon bear dogula geure gañeko erabagia, beste edozeinegaz geuk egingo geunkegun legez.

        Zelan egiten da azterrena? Lenengo eskatuten jakoz Jaungoikoari bearreko argiyak, Andra Maria, geure angeru zaintzallea eta geure onerazpeneko santuak bitarteko iminten deutsaguzala, eta gero bein banan aratu eta aztertu bear dira aginduak, jakiteko zeinbat pekatu egin dogun agindu bakotxean, edo gitxi-gora-bera zeinbat izan diran, egin doguzan utsegiteak egunean edo astean, beste gauzarik ezin gomutau al bada.

        Bearrekoa eta naita naiezekoa da azterrena? Bai; zergaitik bera baga ezin argiro autortu al izango geintekez, ez eta bere euki damu egiazko eta bearrekoa.

        Zergaitik ezin autortu ginaitekez argiro? Zergaitik geure barruan gu sartu baga, eta geure bizitzearen ganean denporaren baten guk gogoratu baga, ezin gomuta geintekez pekatu guztiakaz, eurak bear dan eran autortuteko.

        Zergaitik euki ezin ginaike damu egiazkoa eta bearrekoa? Zergaitik ezin izan leiteke, ezagututen ez dan gauzeagaitik negar egitea; eta bestera, pekatuak zeinbat eta zelakoak diran, ondo ezagututen danean, guztiz erraz zirkindu eta aurreratuten da bat, euren damu egiazkoa eta bearrekoa eukitera.

        Zeinbat denpora bear da, azterrena ondo egiteko? Ezin izentau leiteke; bada orretarako gogoan euki bear da, zeinbat denpora dan azkenengo autormena egin zan, zelako bizitzea eroan dan, zelako jakituriakoa dan, azterrena egin bear dabena eta beste onelango gauzak; baña neurri guztirakotzat izentau leiteke ordu lauren bat, il bateko azterrena egiteko.

        Nortzuk ez dauke, azterrena egiteko eginbearrik? Ezaupera gitxikoak edo ezjakinak, eta, azterrena egiten, nekatu ezin leitekezan geiso txarto dagozanak; eta onelangoentzat asko eta naiko izango da, konfesoreak egiten deutsezan itaunai soiltasunagaz eta argiro erantzutea.

        Zein da biderik onena, azterrena ondo egiteko? Egun guztietan gaubean oera etzin baño lenago egiteko oitura ona eukitea, kristinau on guztiak egin oi dabeen legez; eta auxe da, irakatsi onetik atera bear dogun onerea.

 

JAZOEREA

        San Efrenek dino: «zelan merkatari arduratsu batek egunoro egiten daben alegina jakiteko zelan doian bere saldu-erosietan, eta nozik nozera euki daroan ardurea ikusteko galdu ete daben edo irabazi ete daben bere arazu eta artuemonetan; alan kristinauak egunoro aratu eta aztertu bear dau bere barrua, eta kontu artu bear deutso bere arimeari, eta nozik nozera egin bear dau azterrez arduratsuago eta geldirago bat, ondo autortuteko bere pekatuak».

 

 

Irakatsi 9.a:
Damua

 

        Zeinbaterikoa da biotzeko damua? Bitarikoa: bata osoa eta bestea ez-ain-osoa, eta oni deituten deutsagu bildurrezkoa. Zein da damu osoa? Jaungoikoa, on utsa izanik, iraindu dogulako daukagun garbai edo biotzmina, pekatuak autortuteko, eta onduteko eta penitenzia betetako asmoagaz. Zein da damu bildurrezkoa? Jaungoikoa iraindu dogulako daukagun garbai edo biotzmina, pekatuen ezaintasunagaitik, infernuaren bildurragaitik, zeruko atsegina galduteagaitik, pekatuak autortuteko, eta onduteko eta penitenzia betetako asmoagaz. Eta damu bi onetatik onena zein da? Damu osoa. Eta zergaitik? Damu osoa Aitaganako maitetasunetik, ez-ain-osoa edo bildurrezkoa barriz bildurretik sortua dalako; gañera, damu osoagaz, autortu orduko, parkatuten jakaz bati bere pekatu ilgarriak eta ondo geldituten da Jaungoikoagaz; baña damu ez-ain-osoagaz edo bildurrezkoagaz ez da orrelangorik egiten. Eta konfesinoe on bat egiteko, asko eta naikoa da damu ez-ain-osoa edo bildurrezkoa, ala damu osoa bear izaten da? Damu bildurrezkoa naikoa dala uste dabe geiyenak; baña obeto eta ziurragoa da, damu osoa edo maitetasunekoa eroatea; eta auxe da eukiteko alegina egin bear dau, ondo autortu gura dabenak. Eta noz euki bear da damua? Konfesoreak parkazinoa emon baño lenago.

 

AZALDUEREA

        Ori alan dala, zetan desbardinduten dira damu osoa etadamu ez-ain-osoa edo bildurrezkoa? Eure eragintzalletan eta egitadetan.

        Zelan desbardinduten dira euren eragintzalletan? Maitetasuna edo amodioa dalako damu osoaren eragintzallea, eta damu ez-ain-osoarena edo bildurrezkoarena dalako bildurra.

        Azaldu eta argitu al zinaike ori irudi edo jazoera bategaz? Bai: aita batek bialduten dituz bere seme bi ardiyak zainduten; eurak ardura gitxigaz dagozan une baten, otsoak eroaten dituz ardi batzuk; naiya biyak emoten deutse negarrari; batak dino: «nire errukarria, zelango kastigu gogorra emongo deuskun gure aitak!» onek eukan damu bildurrezkoa edo ez-ain-osoa, kastiguaren bildurretik sortu eta jaioten zalako; besteak esan eban: «ni ez nau minduten aitaren kastiguak, ezpada guk geure aitari emongo deutsagun atsekabeak»: onek eukan damu osoa edo maitetasunekoa, bere aitari eutsan amodiotik sortu eta jaioten zalako.

        Zelan desbardinduten dira euren egitadetan? Damu osoak parkatuten dituzalako pekatuak baño lenago, eta damu bildurrezkoak barriz ez dituz parkatuten, Konfesinoeko Sakramentuagaz alkarturik eta baturik ez badoa.

        Zelango zerzeridadeak euki bear dituz damuak? Lau: izan bear da barrukoa, izatez-gañekoa, andiena eta guztirakoa.

        Zer esan gura dau barruko izateak? Izan bear dala barrukoa edo arimakoa, arimeagaz iraindu dogulako Jaungoikoa, eta arimeagaz garbatu eta damutu bear garealako.

        Zer esan gura dau izatez-gañekoa izateak? Artu bear dogula damua, eragintzalle izatearen gañekoagaitik edo siniste santuaren bitartez ezagutuagaitik.

        Zer esan gura dau andiena izateak? Pekatua gorrotau bear dala gatx guztiak baño geiago.

        Zer esan gura dau guztirakoa izateak? Damua zabaldu bear dala pekatu ilgarri guztiakgana.

        Zelan artuten da damua? Lenengo, eskaturik Jaungoikoari eta Andra Mariari, egiaz eta benetan garbatu eta damututeko laguntasun zerukoa; eta gero, ondo gogoraturik zeinbat diran eginiko pekatuak eta euren anditasuna, zeintzukaz iraindu izan dogun Jaungoiko bat ain ona, egin bear da arimako berotasun sutsuagaz damu osoko edo maitetasuneko eginera.

        Eta damuak izan bear dau sentikorrak edo ikusgarriak, da esatea, agertu bear da zizpuruakaz eta negarrakaz? Ez, ezpada izan bear dau adinekoak eta arimakoak; izan bear dau, pekatuen ezaintasunagaitik eta ondorengo txarretik jaioten dan gorroto edo ikusiezina.

        Nozbait aurkitu leiteke bat, damurik ez eukiteko aldiyan? Iñozbere ez; ain bearrekoa eta naita naiezekoa da damua eze, berau baga, danik estuena izan arren bere premiñea, ezin artu leiteke Konfesinoeko Sakramentua, eta ezin bere parkatu leitekez pekatuak.

        Ze onera atera bear dogu irakatsi onetik? Ondo damutu baga, Konfesinoeko Sakramentura iñoz ez urreratutea, eta damu osoa edo amodiozkoa eroateko aleginak beti egitea.

 

JAZOEREA

        San Karlos Borromeo, Apezpikoak, damu egiazko bat artuteko, bere gogoagaz egiten zituzan iru geraldi: 1. jatsiten zan infernura, eta ikusirik zelango kastiguak irabazi zituzan bere pekatuagaitik, zirkindu eta aurreratuten zan, pekatuari gorroto andi bat eukitera; 2. igoten eban zerura, eta bere gogoan ondo arturik, Jaungoikoak arima artez eta onentzat prestaurik daukazan sari betikoen anditasuna, eta bere pekatuagaitik galdu zituzala, geiago eta geiago damutu eta garbatuten zan; 3. joaten zan bere gogoagaz Kalbarioko mendira, eta ikusirik an Jaungoiko-Gizona zauriz eta odolez beterik pekatuagaitik, geiago eta geiago ezagututen eban pekatuaren ezaintasuna, eta gorrotetan eban bere biotz guztiagaz.

 

 

Irakatsi 10.a:
Aozko autormena

 

        Zer da aozko autormena? Engañurik baga eta guzurrik esan baga, pekatu ilgarri guztiak konfesoreari argiro eta garbiro agertutea, penitenzia betetako gogoagaz. Eta lotsaz pekatu ilgarrien bat ezkutau, nai egin bagako pekatu ilgarrien bat agertu, nai damurik eta erabagirik ez daukala, nai penitenzia betetako uste bagarik autortuten dana, ondo autortuten da? Ez, Jauna; egiten dau donauste edo sakrilejio and bat, eta autorturiko eta autortu bagako pekatuak eta donaustea bera autortuteko bear izanean geldituten da.

 

AZALDUEREA

        Zergaitik autortu bear dira pekatuak? Gure Jaungoiko Jaunak alan agindu izan dabelako; eta Bateo ostean pekatu ilgarria egin izan dabenarentzat ez dago beste osagarririk, al dala, pekatuak autortutea edo betiko galdutea.

        Zeinbat denporakoak izan bear dau autormenak? Azkenengo autormen ondo eginikotik asi eta barriro autortu bear dan arterañokoak.

        Eta urte asko badira dongaro eta txarto autortu izan dala bat? Autortu bear dira, dongaro eta txarto autortuten asi zanetik geroko pekatu ilgarri guztiak.

        Bearreko eta naita naiezekoa da nozbait bizitza guztiko pekatuen autormena, edo konfesinoe jenerala esaten jakona? Dongaro eta txarto autortu izan dala, batek dakian aldi guztietan, da bearrekoa eta noraezekoa.

        Erazkoa da pekatu guztien autormena edo konfesinoe jenerala? Aldi askotan bai, eta andiak dira, berak ekarten dituzan onera eta mesedeak; baña onetan beti itundu eta aitu bear gara konfesore zur eta jakitun bategaz, berari agertuten deutsagula argiro eta garbiro gure arimako barrua, berak ondo ezagutu dagian gure bizierea.

        Zeinbat gauza euki bear dituz aozko autormenak? Bost; izan bear dau osoak, egiazkoak, norberarenak, umilak eta damutsuak.

        Zelan izango da osoa? Pekatu ilgarri guztiak, batbere itxi baga, autorturik eta agerturik.

        Eta baldin aldi txarren bategaitik edo beste gauzen bategaitik ezin autortu al baleikez batek bere pekatuak, zer egin bear dau? Aldi onetan asko eta naikoa izango da damuaren ezaugarriak emotea eta autortuteko daukan guraria agertutea, parkatua al izateko; eta osatu daitenean, autortu bear dituz, len autortu ezin zituzan pekatu guztiak.

        Baldin norbaitek lotsaz edo dongakeriaz itxiten badau pekatu bat autortu baga, parkatuko jakoz, autortu izan dituzan pekatuak? Ez jako parkatuten batbere, eta egiten dau donauste edo sakrilejio guztiz andi bat.

        Eta aztuta itxi izan badau? Orduan da ona autormena, eta parkatuten jakoz pekatuak; baña geldituten da, lenengo egiten daben autormenetan, aztuta itxi eban pekatua, autortuteko eginbearrean.

        Noz izango da egiazkoa? Konfesoreak itanduten deuskun guztira, esaten badogu egiya, ziurra dana ziurra legez, badaezbadakoa badaezbadakoa legez; agertuten deutsaguzala pekatuaren zerzeridade andigarriak, lengo pekatuetan barriro jausteak, arrisku edo galbide urrekoa, eta konfesoreak itanduten daben guztia.

        Noz izango da norberarena? Geure pekatuak, eta ez bestenak, autortuten doguzanean.

        Noz izango da umila? Tolesbaga eta lotsaz autortuten gareanean, atxakiarik batbere iminten ez dogula, geure buruak garbituteko, ezpada geu errudun eta pekatari egiten gareala.

        Noz izango da damutsua? Agertuten danean azaleko ezaugarriakaz, gure biotzak daukan damu egiazkoa.

        Agertu edo esan al leike konfesoreak, autormenan edo konfesinoan entzun izan dabena? Iñozbere ez, bere bizitzea galduteko arriskuan iminten bada bere, konfesinoan entzun izan dabena agertu edo esan gura ezagatik.

        Ze onera atera bear dogu esan danetik? Beti argiro, garbiro, tolesbaga eta laburkiro autorteko asmu sendoa; geure gogoan ondo eukiten dogula, iñozbere aztu baga, gu autortuten edo konfesetan gareala, guk engañau ezin giñaikean Jaungoikoagaz berberagaz.

 

JAZOEREA

        San Juan Nepomuzeno Wenceslao agintariaren emaztearen konfesorea zanak, gitxitan euki zituzan, agintariak egiten eutsazan eskintsariak, emon gura eutsazan doe, aberastasun eta ondasun andiak, agertu edo esaten baldin beutsazan, bere emazteak autormenan edo konfesinoan agerturiko gauzak; eta azkenez, zematu eban, zirautsala, ilgo ebala, agertuten ez beutsazan, eta Santuak erantzun eutsan:— «Berorren Anditasunak egin leike ni iltea; baña ez deust esan eragingo konfesinoan entzun izan ditudazan berbetatik batxu bere».— Bere oñin eta eskuak lotu egioezala, agindu eban agintariak, eta alantxe bota eben errekara, eta il zan konfesinoeko isiltasunaren martiri eginik.

 

 

Irakatsi 11.a:
Erabagia

 

        Zer da erabagia? Jaungoikoa gauza andian iñozbere ez irainduteko asmu sendoa. Eta nortzuk uste izan leike ez dabeela euki damurik ez erabagirik euren konfesinoetan? Galbide eta arrisku urrekoetatik iges egiten ez dabeenak, eta konfesinoe batetik bestera oekatu batzuetan euretan jausten diranak.

 

AZALDUEREA

        Zelako zerzeridadeak euki bear dituz erabagiak? Iru: izan bear da errimea, eragillea eta guztirakoa.

        Zer esan gura dau errimea izateak? Ez dala asko eta naikoa, onduteko gurariya eukitea, ezpada euki bear dala, pekatu ilgarriak ez egiteko borondate edo asmu sendo eta errime bat.

        Zer esan gura dau eragillea izateak? Euki bear dogula, pekatuan barriro ez jausteko iminirik dagozan eginbideak artuteko, gogo egiazko eta benetako bat.

        Zer esan gura dau guztirakoa izateak? Erabagia zabaldu bear dala, damua legez, pekatu ilgarri guztiakgana.

        Zelan ezagutuko dogu, gure erabagia izan dala egiazkoa eta benetakoa? Iges egiten badogu pekaturako arriskuetatik; artuten badoguz, pekatuan barriro ez jausteko, zurtasunak edo konfesoreak irakasten deuskuezan eginbideak; zuzendu eta osotuten badoguz, pekatuagaz egin izan doguzan gatx eta kalteak.

        Zer da pekaturako arrisku urrekoa? Pekatura arrastaka legez eroaten gaituzan arako itua, gauzea edo personea, eta zeñetan iminten gareanean, pekatuan jausten garean beti edo ozta beti.

        Zergaitik artu bear dira, pekatuan ez jausteko eginbideak? Zergaitik, zelan egiaz eta benetan osatu gura daben geiso batek, artuten dituzan, bere osagilleak aginduten deutsazan osagarriak; alan pekatariak artu bear dituz, zurtasunak edo konfesoreak aginduten deutsazan osagarriak, egiaz eta benetan osatu gura badau.

        Zelako gatx, pekatuagaz eginak, zuzendu eta osotu bear doguz? Lagunari edo besteari bere ondasunetan, bere entzute onean, bere izen argitsuan, bere bizitzan eta arimako gauzetan eginiko kalteak.

        Eta eginiko kalteak zuzendu eta osotuteko, osturikoa biurtuteko, pekaturako arrisku urrekotik iges egiteko, ezinean aurkituten danak, zer egin bear dau? Konfesore zur eta jakitun bategaz itundu etaaitu bear dau; eta egiazkoa bada ezintasuna, berak esan eta aginduko deutso zer egin bear daben aldi atan.

        Zelan zuzendu eta osotuko da, pekaturako bidea emonagaz eta biziera eta jarraigarri txar eta dongakaz egin izan dan gatxa? Al dan eran, konfesoreagaz lenago itundu eta aiturik; eta batezbere onbideak eta jarraigarri onak emonagaz aurrerantzeko bizitza guztian.

        Zer esan leiteke, pekaturako arrisku urrekoetatik iges egin gura ez dabeenakgaitik, pekatuan barriro ez jausteko diran bideak artu gura ez dituezanakgaitik, eginiko gatx eta kalteak zuzendu eta osotu gura ez dituezanakgaitik, eta parkatu gura ez dabeenakgaitik? Ez daukela damu egiazkorik ez erabagi benetakorik; eta beraugaitik euren autormenak edo konfesinoak dira donga eta txarrak.

        Pekatu batzuetan euretan barriro jaustea da beti konfesinoe txarraren ezaugarria? Baldin badauko onduteko borondate benetakoa, artuten baldin badituz, pekatuan ez jausteko diran eginbideak, eta egiten baldin badituz indar eta aleginak pekaturik ez egiteko, ez da konfesinoe txarraren ezaugarria, ezpada argaltasunaren eta erkintasunaren igargarria.

        Ze onera atera bear dogu esan danetik? Geure pekatuakaz eginiko gatx eta kalteak zuzendutea eta osotutea, bizitza on bat aurrerantzean eroanagaz.

 

JAZOEREA

        San Ambrosiok dino: mutil gazte bat izan zala guztiz donga eta txarra, bizitza nasai eta nabarmena egiten ebana, eta bere uritik leku batera joan zan aldi baten, ukutu eutsala bere biotzean Jaungoikoaren graziak, ondu zala eta guztiz aldatu ebala bere bizitzea. Bere urira eta etxera biurtu zanean, aurkitu eban aurrez aur bere pekatuko lagun antxinakoa, eta iragorik bere aurretik, berari jaramonik egin baga, arrituten da bere pekatuko laguna, eta uste izanik ez ebala ezagutu, urreratuten da beragana, eta dirautso:— «Ni naz a».— Mutil gazteak erantzun eutsan:— «Bada ni ez naiz a». Zergaitik etorren egiaz eta benetan garbaturik eta damuturik eta aldaturik; zan beste bat. Auxe berau egin bear dau gugan erabagi egiazko eta benetakoak.

 

 

Irakatsi 12.a:
Egikerazko ordaindutea edo kitugarria

 

        Zer da egikerazko ordaindutea? Pekatuakgaitik zor diran kastigu denporazkoak Jaungoikoari ordaindutea edo kitatutea, konfesoreak emoten daben penitenzia beterik. Eta zelango pekatua egiten dau, penitenzia betetan ez dabenak edo luzaro atzeratuten dabenak? Ilgarria, penitenzia astuna edo andia izan ezkero. Eta ordaindu edo kitutu al ginaikeoz Jaungoikoari kastigu denporazkoak, konfesoreak emoten deuskun penitenziagaz gañera? Bai, Jauna, Jaungoikoagaz ondo gagozala, egiten doguzan egikera on mueta guztikoakaz, eta parkamenak irabaziagaz.

 

AZALDUEREA

        Zer da ordaindutea edo kitututea? Egin izan dana, desegitea edo eginiko gatxa zuzendutea edo osotutea.

        Ordaindu edo kitutu gineikeo guk Jaungoikoari, pekatuagaz eginiko gatx guztia? Ori ezin egin al ginaike guk geurez; zergaitik pekatua da gatx azkenbagea, eta gizonaren kitugarriak beti dira neurtuak eta azkendunak.

        Bada zein osagarri geldituten jaku? Bateoko eta Konfesinoeko Sakramentuen bitartez batezbere ezarten jakuzan Jesukristoren kitugarri azkenbagakgana zuzendutea.

        Zelan ezarten jakuz Bateoan eta zelan Konfesinoan? Bateoan euren osotasun guztiagaz, osoro kenduten jakula pekatu guztia eta kastigu guztia; Konfesinoan barriz parkatuten da pekatua, eta bere kastigua, betiko zanetik, geldituten da kastigu denporazkoan edo amaikorrean.

        Zergaitik da desbardintasun ori? Zergaitik Jaungoikoaren arteztasunagaz ondo datorren gauzea da, gisa batera kastigauak izan daitezala, ezjakinez eta Bateoa artu baga pekatu eginizan ebenak; eta beste gisa batera, pekatuaren mendetik ateriak izan eta Espiritu Santuaren doiak artu ezkero, ezaupera eta gaiztakeria geiagogaz pekatuan jausten diranak.

        Eta geldituten dan kastigu denporazko au zelan ordaindu edo kitutu ginaike? Jaungoikoagazko bake eta adiskidetasunean gagozala, egiten doguzan egite on mueta guztikoakaz, parkamenak irabaziagaz, eta konfesoreak iminten deuskun penitenzia bete eta eginagaz.

        Zeinbat erakoa izan leiteke, konfesoreak iminten daben penitenzia? Bitakoa: osagarrizkoa eta kitugarrizkoa.

        Zein da osagarrizkoa? Pekatutik guri alde eragitera eta gure bizitzea ondutera, batezbere eta berariz zuzenduten dana.

        Zein da kitugarrizkoa? Pekatu autorturikoakgaitik zor dan kastigu denporazkoa eta amaikorra ordaindu eta kitututera, batezbere eta berariz zuzenduten dana.

        Penitenzia betetan ez dabena, ondo autortu edo konfesetan da? Baldin, autortu edo konfesau zan unean, euki beban, penitenzia ez betetako, gogoa, ez, bearreko prestaerarik eroan ez ebalako; baña eukibeban, penitenzia betetako, gogo ona, eta gero ez beban alan egin, izan zan ona eta egiazkoa bere autormena edo konfesinoa; baña penitenzia bazan astuna, egin eban pekatu ilgarria edo astuna, eta bazan arina, egin eban pekatu arina.

        Noz bete bear da penitenzia? Izentau beban denporeea, orduan; izentau ez beban, ainbat lasterren, eta, al dala, Jaungoikoaren bakean eta grazian.

        Ze onera atera bear dogu irakatsi onetik? Konfesoreak iminiriko penitenzia betetea konfesau eta bereala, geure pekatuakgaitik zor dogun kastigu denporazkoa ordaindu eta kitututeko; eta baitabere onetarako ezartea, arima garbiagaz eginiko egite on guztiak.

 

JAZOEREA

        Dabid erregeak autortu ebanean umiloro bere pekatua Natan igarlearen aurrean, onek esan eutsan Jaungoikoaren izenean:— «Jaunak parkatu dau zure pekatua, ez zara ilgo eriotza betikoagaz: baña iraindu eragin dozulako Jaungoikoaren izena, zure semea ilgo da», gañera aurrez adierazoten eutsazala beste kastigu denporazko batzuk. Emen ikusten dogu pekatua parkaturik eta denpora berean kastigaurik kastigu denporazko batzukaz; alan parkaturik Konfesinoeko Sakramentuan pekatua eta bere kastigu betikoa, ozta beti geratuten da kastigu denporazkoren bat, bizitza onetan edo bestean ordaindu edo kitutu bear dana.

 

 

Irakatsi 13.a:
Parkamenak

 

        Eta ze gauza dira parkamenak? Mundu onetan edo bestean pekatuakgaitik pagau bear dan kastigu denporazkoa, parkatuten dabeen grazia batzuk. Eta zelan irabazi bear dira? Jaungoikoagazko bakean eta grazian eginik, atarako aginduten dana. Eta mundu onetan bearreko ordaindutea edo kitugarria egin bagarik, Garbitegira doazanai, guk lagundu ginaikeoegu? Bai, Jauna, guk geure pekatu-zorrak ordaindu edo kitutu al ginaikezan egite onakaz eurakaz.

 

AZALDUEREA

        Zelako egiak euki bera doguz geure gogoan parkamenen irakatsiaren ganean? Oneek: 1. Konfesinoeko Sakramentuagaz parkatuten dala pekatua, eta kastigu betikoa geratuten dala kastigu denporazkoan; 2. konfesoreak iminten daben penitenziak, geienean bakarrik parkatuten dabela kastigu denporazko orren alde bat; 3. Eleizan dagoala ondasuntegi amaibagako bat, Jesukristoren irabazi etakitugarri azkenbagakoakaz, eta baita bere Andra Mariarenakaz eta santuenakaz egina eta beterik dagoana; 4. Eleizeak lagundu al leikegula, emonik ondasuntegi orretik, berak izentauriko egite on batzuk egiten dituezanai.

        Zelangoak izan leitekez parkamenak? Osoak eta aldekorrak.

        Zeintzuk dira parkamen osoak? Pekatu parkaturikoakgaitik zor dan kastigu denporazko guztia parkatuten dabeenak.

        Zeintzuk dira parkamen aldekorrak? Muga izentauagaz emoten diranak, berbarako, berrogei egunekoak, eun egunekoak, zazpi urtekoak.

        Zer esan gura dau, berrogei egunekoak, eun egunekoak, zazpi urtekoak, izateak? Emoten jakuzala, berrogei egunean, eun egunean, zazpi urtean geuk eginiko penitenziagaz, irabaziko geunkezan ordainpenak edo kitugarriak.

        Parkatuten dira pekatuak parkamenaz? Ez da parkatuten pekatu ilgarririk, ez arinik, batbere; ezpada pekatu parkaturikoakgaitik zor dan kastigu denporazkoa bakarrik parkatuten da.

        Nok emon leikez parkamenak? Aita Santuak batbere muga baga, eta muga izentaugaz Apezpikoak edo Obispoak eure barrutiyetan edo euren agindupean dagozan lekuetan.

        Zelako zerzeridadeak bear dira, parkamenak irabazteko? Iru: 1. Jaungoikoagazko bakean edo grazian egotea; 2. eurak irabazteko aginduten dana, egitea; 3. emoten dituzanaren mendekoa izatea.

        Bearrekoak eta naita naiezekoak dira konfesinoa eta komuninoa, parkamenak irabazteko? Parkamen osoak geiyenean alan eskatuten dabe; baña gogoan euki bear da, zortzi egunetik zortzi egunera konfesetako oitura ona daukenak, irabazi al leikeezala, aste-barruan dagozan parkamen guztiak.

        Oneragarria eta mesedegarria da parkamenaz baliyetea? Da oneragarria eta mesedegarria ezingeiagoan; bada eurak aurreratu eta poztuten dabe bat, Jaungoikoaren bakean irautera, Sakramentu Santuak sarri artutera, egite onak egitera; eta ordaindurik eta kituturik eurakaz, pekatuakgaitik zor dan kastigu denporazkoa, alan urrinduten doguz geugandik, Jaungoikoak mundu onetan bialdu leikeguzan beste nekegarri batzuk, edo gitxituten doguz beste munduan Garbitegiko neke eta minak.

        Zer da Jubileoa edo parka-doaiña? Denpora izentauriko batzuetan emoten dan parkamen osoa, beste doe eta grazia berarizko eta aparteko batzukaz batera.

        Garbitegiko arimai ezarri al ginaikeoeguz parkamenak? Bai; baña orretarko izan bear dira emonak, aurai ezarri al izateko eskubideagaz.

        Zelako onerea atera bear dogu emendik? Zelan diruzale baten egarria ez dan ase eta betetan, aberastasun andiak berak euki arren bere; alan guk bere euki bear dogula egarri sutsu bat, arimako ondasun egiazkoak diran parkamenak irabazteko.

 

JAZOEREA

        Sarritako ikusiak irakasten dau, Jubileoko edo Parka-doaiñeko denporea izaten dala guztiz ugaria, zerutik artu oi diran grazia eta Jaungoikoagana egiaz eginiko biurrera berarizkoetan. Milla zazpireun eta irurogeta amaseigarren urtean ainbeste eta ain ugariak izan ziran, egin ziran pekatarien Jaungoikoaganako biurrera santuak eze, D'Alambert eta Voltaire gaiztakeriaren eta nabarmenkeriaren irakasla eta zabaltzallak ziranak, ezagututen emon eben orduan, zelako atsekabea eta miña emon eutsen eurai alako jazoereak. D'Alambertek esan eban:— «Berak txarrerako eginiko lana atzeratu zala ogei urte». Voltairek barriz berba egin eban onelan:— «Etorten baldin bada best eJubileo edo Parka-doaiñ bat, utsean eta alperrik egin dogu txarrerako geure bear guztia».

 

 

Irakatsi 14.a:
Sarri konfesetea eta bere mesedeak

 

        Eta bear dau batek, pekatu ilgarrian jausi ezkero, bereala konfesau? Ondo izango litzateke, baña ez da premiñazkoa. Zer egin bear dau bada? Artu biotzeko damu osoa, pekatu egin dabelako, euki onduteko gogo sendo bat, eta konfesau, Eleiza Ama Santeak aginduten dabenean.

 

AZALDUEREA

        Zelan urten ginaike pekatutik? Era bitara: biotzeko damu osoagaz eta konfesinoagaz: eta zelan au dan errazena eta ziurrena, pekatuan jausi ezkero, ainbat lasterren konfesau bear gara.

        Noz baliyau bear gara biotzeko damu osoagaz? Estu-orduetan, pekatutik urteteko premiñan aurkituten gareanean, eta gatxtasun eta eragozpen andi baga konfesau ezin gareanean.

        Eta autortu edo konfesau gura ez dabenak, artu leike bere pekatuen parkazinoa biotzeko damu osoagaz nakarrik? Ez, zergaitik biotzeko damu osoa ez da egiazkoa, ez badaroa konfesetako gogo sendoa, edo Jaungoikoak pekatuak parkatuteko agindurik daukana egiteko asmo benetakoa.

        Bada batek egiten dau biotzeko damu osoa, konfesetako gogo sendoagaz, baña gero bere ardurabakotasunez edo nagitasunez konfesetan ez bada, zer jazoten da? Biotzeko damu osoak egiaz eta benetan parkatu eutsazan bere pekatuak; baña barriro jausten da pekatu ilgarrian, gitxitan euki izan dabelako, Jaungoikoak pekatuen parkazinoerako iminirik daukan Konfesinoeko Sakramentua.

        Eta biotzeko damu osoagaz parkatuak izan diran pekatuak, autortu eta konfesau bear dira? Bai, zergaitik Jaungoikoak agindu izan dau, pekatu guztiak izan daitezala Konfesinoeko Sakramentuan autortuak.

        Noz konfesau bear gara? Edolabere urtean bein; eriotzako orduan edo bizitzea galduteko arrisku andiyan; bizien Sakramentuak eta batezbere Komuninoa artu bear doguzan aldi guztietan, pekatu ilgarrian egon ezkero.

        Zeinbaterik zeinbatera ondo izango da konfesetea? Pekatu ilgarrian jausi eta ainbat lasterren, arimea betiko galduteko dagoan arrisku andiagaitik, eriotzeak batbatean artuten bagaituz; eta arimako aita jakitunak irakasten dabe, egin daitela Konfesinoa aste guztietan, beintzat edo gitxienez il guztietan.

        Zelako onera eta mesedeak ekarten dituz sarri konfeseteak? Asko, batezberekoenak dira: 1. nekezago eta gatxago jausten da pekatuan, Konfesinoeko Sakramentuak emoten dituzalako indarrak ez jausteko; 2. jausten bada bat, errazago jagiten da pekatutik, sarri alan egiteko oitura onagaitik; 3. norbera obeto ezagututen da, geiago eta geiago beeratu eta umilaugaz Konfesinoeko Sakramentuan, santutasunean aurrerapen geiago egiten dau, eta on eta artezak arimako gauzetan euki daroen ardura eta zintzotasun estua, artuten dituz batek; 4. egiten dira gauza on asko, egiten dira egikera irabazigarri eta merezigarriak, kitututen dira pekatu-zorrak, goraldiak emoten jakoz Jaungoikoari eta onretan da Jesukristo gure Jauna.

        Ze onera atera bear dogu esan danetik? Sarri konfesetea dala eginbiderik eragillena eta ziurrena, zoriontasun betikoa irabazteko; beraugaitik oneratzat atera bear dogu alan egiteko gogo sendoa.

 

JAZOEREA

        Ebanjelio Santuak dirausku: Lazaro il zanean, Jesukristok biztu gura izan ebala; joan izanik bada Jesus, bera lurpeturik egoan lekura, agindu ebala, jaso eta eregi egiela, obiya edo zuloa estalduten eban arrilozea, eta usaina botaten ebala gorputz ilak, bada ordurako baziran lau egun, Lazaro il zala; baña Jesukristok eregirik bere begiak zeruruntz, esan eutsan:— «Lazaro, jagi zaitez»,— eta Lazaro biztu zan; baña bere oiñak eta eskuak loturik, (bada antxinako denpora atan oituten zan, gorputz ilak estalgiagaz loturik lurpetutea) eta Jesusek bertan egozanai esan eutsen:— «Askatu egizue eta itxi egiozue joaten».— Askatu izan ez balebe, zirkinik egin ezin algaitik, ilgo zan barriro. Alan jazoten da biotzeko damu osoagaz eta Konfesinoeko Sakramentuagaz. Biotzeko damu osoagaz barriro artuten dau arimeak Jaungoikoaren grazia, biztuten da; baña oraindik dago pekatuaren lokarriakaz loturik, eta joan bear dau konfesoreagana, onek askatu dagian, bada bestelan barriro ilgo da pekatuagaz.

 

 

Irakatsi 15.a:
Pekatu ariña

 

        Ze gauza da pekatu ariña? Pekatu ilgarrirako prestaera bat. Zergaitik deritxo ariña? Zergaitik gizona ariñ, au da, erraz jausten dan pekatu ariñean, eta erraz parkatuten jakon. Zeinbat gauzakaz parkatuten jako? Bederatzigaz. Zeintzuk dira? Lenengoa, Meza entzunagaz; bigarrena, komulgeteagaz; irugarrena, Ni pekatariya esanagaz; laugarrena, Obispoaren bendezinoagaz; bostgarrena, ur bedeinkatua artuagaz; seigarrena, ogi bedeinkatua janagaz; zazpigarrena, Aita gurea esanagaz; zortzigarrena, sermoia entzunagaz; bederatzigarrena, Jaungoikoari parka eske daokala, bularra juaagaz. Zergaitik dinozu, Jaungoikoari parka eske daokala? Gauza onekaz pekatu ariñen parkamena artuteko, zelanbaiteko euren damu izatezgañetikoa euki bear dala, adierazoten emoteko. Eta pekatu ariñak autortu bear doguz? Ez, Jauna; baña ondo eta mesedetsua da. Eta azkenengo konfesinoa ezkero, pekatu ariñak baño ez daukazanak, zer egitea ondo izango jako, pekatuen damua eta erabagia ziurrago eukiteko? Pekatu ariñen gañera, bizitza iragoriko pekatu ilgarrien bat autortu eta agertutea.

 

AZALDUEREA

        Zeinbat aldetik izan leiteke ariña pekatu bat? Lautatik: 1. bere izatez, berez gei ariña edo txikia dalako, berbarako, guzurra, kalterik egin baga, biargin batek esatea; 2. geiaren txikitasunagaitik, berbarako, baruegunetan gaubeko aparitxuan apur bat geiago jatea; 3. ezjakintasun kenduezingarriagaitik, uste izanik, agindu andi bat bakarrik bete bear dala pekatu ariñaren beian; eta 4. bearreko ezauperara edo aukeratasuna euki ezagaitik, berbarako, bat bere burutik ondo ez dabilenean.

        Bizi geintekez, pekatu ariñak egin baga? Siniste santuko egiya da, pekatu baga ezin bizi geintekezala, grazia berizkoren bat guk zerutik euki ezik; baña gauza ziurra da bere, ez dagoala pekaturik, Jaungoikoaren graziagaz goitu eta egin baga itxi ezin leitekeanik.

        Zelako pekatu ariñak ezagututen dira? Batzuk dira argaltasunez egiten diranak, gogoa beste gauza batzuetan eukita edo gauzak ariñ eginda, edo beste onelango eran, egiten diranak; beste batzuk dira, dongakeriagaz eginikoak, bearreko ezaupera eta jakituriagaz egiten diranak; oneekgaitik dino Aita Astetek, dirala «pekatu ilgarrirako prestaera bat».

        Zelango kalteak egiten dituz ariman pekatu ariñak? Pekatu guztiai dagokoen kastigu denporazkoaren gañera, gitxituten dau maitetasunaren berotasuna, otzituten dau Jaungoikoagazko gure adiskidetasuna, galdu eragiten deuskuz, pekatuan ez jausteko bearrekoak diran zeruko grazia asko, eta esangura onetan esaten da, eurak prestetan dabeela bat, pekatu ilgarria egiteko.

        Zelan parkatuten da pekatu ariña? Sakramentu guztiakaz, eta Sakramentukorrak deritxoenakaz, eta dira, Aita Astetek dakarzan bederatzi gauzak.

        Parkatu al leitekez pekatu ariñ batzuk, besteak parkatu baga? Bai; zergaitik izanik pekatu ariña, Jaungoikoaren graziagaz batera aurkitu al leitekeana, pekatu ariñ batzuen damua euki ginaike eta oneen parkamena artu ginaike, beste enparau pekatu ariñak guri parkatuak izan baga.

        Baldin norbaitek autortuten badituz bakarrik pekatu ariñak eta euren damurik ez badaroa, parkatuten jakoz? Ez; zergaitk damurik baga ez dira parkatuten pekatuak; gañera da utsa eta alperrikoa bere konfesinoa, eta ezaupereagaz alan egin izan badau, egiten dau donauste edo sakrilejio bat.

        Gatx andia da pekatu ariña? Ain andia eze, mundu onetako ezergaitik bere ezin egin leiteke, bada da, Jaungoiko azkenbageari egiten jakon irain bat; eta deritxo ariña, pekatu ilgarriagaz daukan desbardintasunagaitik bakarrik.

        Ze onera atera bear dogu irakatsi onetik? Pekatu ariñak, batezbere dongakeriazkoak diranak, iñoz ez egiteko asmo edo gogo sendoa.

 

JAZOEREA

        Aita Claret beneragarriak, bere «San Ignazioren arimako Egitaldietan» pekatu ariñaren ganean berba egiten dabela, diño: «Pekatu ariñean dagoan arimea dala, bere gorputzeko alde guztiak mindurik daukazan geiso bat legez, gogo baga jaten dabena legez, oera etzin eta batbere lorik egiten ez dabena legez, atsegin baga barre egiten dabena legez, gauza guztietan nekatuten dana legez eta guztiak gogait eragiten deutsana legez, geiago dabilela arrastaka eta tatarraz bere oiñakaz baño. Pekatu ariñakaz geldika geldika doa arimea argalduagaz, zeruko grazia eta laguntasunak iges eginagaz doaz, eta azkenez dator pekatu ilgarrian jaustera».

 

 

Irakatsi 16.a:
Komuninoeko Sakramentua:
Sakramentu onen izatea,
eginaizantasuna eta egitadeak

 

        Zetarako da Komuninoeko Sakramentua? Ondo prestauta arturik, izan daiten gure arimen janaria eta geitu dagigun grazia.

 

AZALDUEREA

        Zer esan gura dau emen Komuninoak? Sakramentu adoragarri onetan emoten jakuzan Jesukristoren gorputz eta odola artutea.

        Noz egin eta imini eban Jesukristok Sakramentu au? Bere Pasinoe Santuaren aurreko gaubean, au da, Eguben Santuko gaubean, bere Apostoloai euren oiñak garbitu ezkero, artu ebanean ogia bere eskuetan, bedeinkatu eta emon eutsenean, zirautsela: «Eutziye, eta jan egizue, auxe da nire gorputza»; eta bardin edan-ontzia edo kalizea, zirautsela: «Auxe da nire odolaren kalizea, zuegaitik eta askogaitik isuria izango dana pekatuen parkazinoerako».

        Eta zelan egin eta imini eban? Konbit baten antzera, zeñetan emoten deuskun janaritzat bere beraren gorputza, eta edaritzat bere beraren odola.

        Zetarako egin eta imini eban? Iru gauzatarako; 1. izan zeiten gure arimen janaria; 2. lege barriko oparia iminteko; eta 3. bere Pasinoe Santuaren gomutagarria eta bere amodio edo maitetasun azkenbagakoaren ezaugarri betikoa izan zeiten.

        Zein da Sakramentu onen geiya? Garizko ogia eta matseko ardaoa.

        Zergaitik emon gura izan jakun ogiaren eta ardaoaren antz eta irudiyen beian? Iru errazoegaitik; 1. gu bere maitik atzeratu eta urrindu ez gengizan, zergaitik bere gorputza jan eta bere odola edateko iguiña eta atzerapena eukiko genduan, emon izan baleuskuz, gorputzak eta odolak eurenez dauken antz eta irudiyan; 2. ondo agertu gengian geure sinistea, eta siniste onegaitik guk euki gengizan betiko bizitzarako irabazi andiak; 3. eta batezberekoena da, guri adierazoteko, Sakramentu au dala arimearen janaria, ogiak gorputzari egiten deutsana berbera, arimeari egiten deutsana.

        Zer egiten dau Sakramentu onek, ondo prestauta edo duinoro bera artuten dabenaren ariman? Lenengo, iraun eragin eta indarrak emoten deutsoz graziazko bizitzeari, ogiak gorputzeko bizitzeari legez; 2. alkartu eta batuten gaituz Jesukristogaz, ogia geugaz alkartu eta batuten dan legez; 3. barriztetan dituz indar galduak, parkaturik pekatu ariñak, argaldurik grinak eta txarrerako etxuntasunak eta makurtasunak; eta 4 da betiko bizitzako azi eta ezaugarri ziurra.

        Nortzuk dira Sakramentu onen egindariak? Abade guztiak eta eurak bakarrik, zeintzuei emon eutsen eskubide ori Apostoloen personan, esan eutsenean: «Egizue au nire gomutan».

        Ze onera atera bear dogu irakatsi onetik? Gose-egarri sutsuagaz Sakramentu onetara urreratutea, aurrez ondo prestauta, izan daiten guretzat mesedegarria eta betiko bizitzako ezaugarria.

 

JAZOEREA

        San Francisco Saleskoak diño:— «Bere gorputza eta odola egiaz eta benetan dagozan Sakramentu au, egin eta imini ebala gure Jaunak, bera artu eta jan dagiana, betiko bizi daiten; eta orregaitik, sarri eta ondo prestauta bera artuten dabenak, alako eran ziurtau eta indartuten dau bere arimako osasuna eta bizitzea eze, ozta ezingarria da, izan daitela makurtasun eta zaletasun bakar bategaz bere ezaindua eta loitua eta pozoitua. Bada baldin ustelkorrak diran frutarik samurrenak, erraz irauten badabe denpora luzean, azukareagaz edo eztiyagaz go zoturik dagozanean, ez da mirari izateko, gure biotz ain argal eta erkinak euki ez dagiela pekatuaren usteltasunik, Jaungoikoaren Semearen aragi eta odolagaz gozoturik dagozanean».

 

 

Irakatsi 17.a:
Komuninoa: bera artu-bearra eta prestaerak

 

        Zergaitik diñozu, ondo prestauta? Adierazoteko, Sakramentu au ez dala izango gure arimen janaria, artuten badogu, arimearen eta gorputzaren aldetik bear diran prestaerak, eukiten ez badoguz. Bada zelako prestaerea bear da arimearen aldetik? Jaungoikoaren grazian egotea. Eta pekatu ilgarrian jausi izan dana, zelan prestauko da komulgetako? Ondo konfesauagaz. Eta esaniko prestaerak euki baga, komulgetara doianak, artuten dau bere Jesukristo? Bai, Jauna; baña onera eta mesede baga, sakrilejio edo donauste guztiz andi bat egiten dabelako. Eta komulgeteak mesede egiten deutsenak, zer egin bear dabe, len esanikoen ganera, mesede geiago artuteko? Komulgau baño lenago, eurakgana datorrena nor dan gogoratu, sinismen, itxaropen eta maitetasuneko eginaldietan jardun, eta umiltasun eta lotsa andiagaz artu, eta gero ondasun ain andiagaitik eskerrak emon.

 

AZALDUEREA

        Komulgetan diran guztiak, artuten dabe Jesukristo, beraz guztiak artuten dabe grazia bat bera? Ez; ezpada artuten dabe grazia geiago edo gitxiago, euren prestaera andiagoa edo txikiagoa dan legez.

        Azaldu eta adierazo egizu ori irudi bategaz:— Iturrira doiazan guztiak, eroaten dabe ura; baña eroango dabe ur geiago edo gitxiago, euren ontzia edo pitxarra andiagoa edo txikiagoa dan legez.

        Bada zelako prestaerak bear dira arimearen aldetik? Bat da bearrekoa eta naita naiezekoa, ondo prestauta edo diunoro artuteko, eta besteak dira onera eta mesede geiagogaz artuteko.

        Zein da bearrekoa, duinoro artuteko? Jaungoikoaren grazian eta bakeab egotea.

        Zer da Jaungoikoaren grazian eta bakean egotea? Pekaturik baga egotea; orregaitik, bat aurkituko balitz pekatu ilgarrian, ondo konfesau bear dau, komulgetara joan baño lenago.

        Eta Jaungoikoaren grazian ez dagoala, komulgetara doianak, artuten dau Jesukristo? Bai, baña egiten dau donauste edo sakrilejio guztiz andi bat, eta Apostoloak diñoan legez, «egiten da Jesukristoren gorputzaren eta odolaren errudun».

        Eta zelako prestaerak dira bearrekoak, mesede geiagogaz artuteko? Umiltasunagaz, itxaropenagaz eta gurariagaz artutea.

        Zer egingo dogu, umiltasunagaz, itxaropenagaz eta gurariagaz artutera urreratuteko? Zerbait denporan ondo gogoratu nor dan datorrena, norgana datorren eta zetara datorren.

        Nor dator? Jaungoikoaren Seme Betikoa, Andra Mariagandik jaio zana bera, gure amodooagaitik Kurutzean il zana, bere Aitaren eskumatik jarririk dagoana, eta gure Auzi-epallea izango dana; eta emetik aterako doguz, beeratu eta umiletako bideak.

        Norgana dator? Gu pekatari errukigarri, gisaxo, premiñaz eta pekatuz beterik gagozanokgana; eta emetik artuko dogu, itxaropena eukiteko geia.

        Zetara dator? Osagilla bat legez, gure arimetako geisotasunak osatutera; irakasla bat legez, guri bide ona irakastera; aita bat legez, berak deuskun amodioa, guri agertu eta erakustera; senar bat legez, bera dan guztia, eta berak daukan guztia, guri emotera; eta emetik aterako doguz, bera artuteko gurari sutsuak.

        Zelan urreratu bear da komulgetara? Onerzpen, itzal eta modu onagaz, pekatuen damu bizi bat artuten dala, esanik «Ni pekataria» eta gero iru bidar: «Neure Jesukristo Jauna, ni ez naz duin, Zu nire bizilekuan sartuteko; baña esan egizu berba bakar bat, eta nire arimea geratuko da osaturik eta salbaurik».

        Zer egin bear da, Ostiya Sagradua artuten danean? Itzal eta Lotsa andiagaz irago bear da ainbat lasterren eztarritik barrura, denpora atan beratan esaten dala: «Nire Jaun Jesukristoren gorputzak zaindu dagiala nire arimea eta eroan dagiala betiko bizitzara. Alan izan dedilla».

        Eta komulgau ezkero, zer egin bear da? Ordu laurenean edo ordu erdiyan egon bear da itzal eta norberaganako batuereagaz, emoten jakozala Jaungoikoari esker andiak, eta egiten dirala lau egikera oneek: adorazinokoa, eskerrak emotekoa, eskintsarikoa, eta eskabidekoa.

 

JAZOEREA

        San Francisco Saleskoak dino:— «Komuninoe batetik bestera illa batetik besterakoak izan bear dabela, Jaungoikoa ondo serbidu eta maitetu gura dabenen artian... Mundutarrak itanduten baldin badeutsue zergaitik komulgetan zareen ain sarri, erantzun egioezue, Jaungoikoa maitetuten ikasteko, zeuen ezaintasun eta loitasuntxuak guztiz garbituteko, zeuen argaltasunak sendatuteko eta zeuen estutasunetan eta larritasunetan poztuteko... Era bitakoak dira, sarri komulgau bear dabeenak: ontasun osoan bizi diranak, ondo prestaurik dagozalako... eta ontasun osoan ez dagozanak, ontasun osora eldu daitezan; indartsuak, argaldurik geratu ez daitezan eta argalak, indartu daitezan; geisoak, osatu daitezan eta osasuntsuak, geisotu ez daitezan; arazu eta zeregin gitxi daukenak... denporea enparetan jakelako, eta lan eta buruauste andiak daukezanak, alan egin bear dabeelako... bada biar eta lan asko egiten dabenak, eta atsekabez eta estutasunez beterik dagoanak, sarri artu bear dituz janaririk indartsuenak eta onenak. Komulgau zaiteze bada sarri, al dozuen sarriyen, jarraiturik beti zeuen arimako aitaren eretxi eta esanai».

 

 

Irakatsi 18.a:
Gorputzaren aldetik bear diran prestaerak,
eta Sakramentu au artuteko dagoan eginbearra

 

        Eta gorputzaren aldetik, ze prestaera bear da? Baraurik eldu bear da komulgetara, gauerdiko amabietatik ordu arteraño ezer jan ez edan bagarik egonagaz, gure Jauna, eriotza-aurreko geisoaldian, artu bear danean izan ezik.

 

AZALDUEREA

        Zelako prestaerak eroan bear dira gorputzaren aldetik? Barau osoa da bearbearrekoa dana; eta ondo eta egoki dan gauzea da, norbera, bere gorputzean, soñean, oñetan, garbirik eta antz onean, eta arpegiera umil, beeratu eta moduonekotasunagaz, gure Jauna artutera eldutea.

        Eta zer da barau osoa? Gauzarik batbere ez artutea, nai dala janaria, nai dala edaria eta nai dala osagarria, aurreko gauerdiko amabietatik gero.

        Eta batek, jakin baga, uste baga eta erru baga, gauza txikiren bat artu izan dabenak, artu leike gure Jauna? Ez; ausi izan dabelako barau osoa; eta alan komulgau bear dau urrengo egunean, barriro konfesau baga, pekatu ilgarriren bat egin izan ez badau bitartean; bada egin izan badau, ostera konfesau bear da, komulgau baño lenago.

        Eta izango balitz oietako odol apurren bat, edo aginen artian aurreko gaubeko ondarren bat geratu izan dana, artu leike gure Jauna? Bai; zergaitik bakarrik austen dau barau osoa, nai janaritzat, nai edaritzat, nai osagarritzat, kanpotik artu eta sabel barrura iragoten danak.

        Nozbait artu leiteke gure Jauna, baraurik ez dagoala? Bai, eriotza-aurreko geiso-aldian.

        Eta eriotza-aurreko geiso-aldian gure Jauna artuteko, itxaron bear da, eriotzako ordu urreko eta azkenengoa eldu arteraño? Ez, asko eta naikoa da ilteko arrisku ustekorra egotea; eta arrisku au dagoanean, ondo da ainbat lasterren artutea.

        Zergaitik alan? Errazoe bigaitik: 1. zergaitk obeto eta ezaupera geiagogaz prestau leitekealako, gure Jauna artuteko; 2. uste eta sinistu ez daiten, gure Jauna geisoaldian artutea dala eriotzearen ezaugarri ziurra eta utsik emon ezin leikeana, eta geisoai esan al daitekeoen, prestau daitezala gure Jauna artuteko, eurak ikaratu eta surtuko diran batbere bildur baga.

        Eta denpora luzean geisorik dagozanak, ilteko arrisku urrekorik euki baga, artu leikee gure Jauna? Bai; baña artu bear dabe, baraurik dagozala, gauerditik ordu batzuk geroago gure Jauna eurai eroan bear bajake bere.

        Eta osasun onean dagozanak, nozik nozera artu bear dabe gure Jauna? Daukagun agindu andiagaitik, edolabere edo gitxienez urtean bein; eta jakitunak dirauskuenez, ainbat sarrien, il guztietan, aste guztietan, eta egun guztietan bere, santuak egiten eben legez, eta Eleiza Ama Santeak gura daben legez.

 

JAZOEREA

        Sarda eta Salvany, Jaun jakituria eta entzute andikoak, bere liburutxu baten dinoana, guztiz egoki eta ondo dator emen. «Ikaratuko da geisoa, aitatuten bajako Eleizakoen izena!— Ondo, guztiz ederto: betiko galdu daitela zure geisoa, ikaratu baga, ondo badereitxazu.— Jesus! Jaungoikoak zaindu gagizala onelango gauza bategandik!— Ondo bada, deitu bear deutso Arimazainari eta zuzendu bear dituz bere arimako gauzak beragaz, arrisku orretan bere burua imini gura ez badau.— Baña, eta ikaratuten bada!— Baña eta betiko galduten bada!— Esan egidazu, ez da gauza ikaragarrizkoa, iltera doiala, geisoari argiro ezagutu eragingo deutsan, bildurgarrizko berba orreek esan-bearra?— Esan egidazu zeuk bere, ez da gauza ikaragarrizkoa ikustea zelan geisoa, bere begiak estaldurik daukazala, doian sakontasun bildurgarriruntz, zeiñetan gurata guraez ondatu eta galdu bear daben betiraun baterako?— Ezagututen dot; baña nok, nik bera maite dodan legez, maite dabenak, biotza eukiko dau, alako barri edo albista bildurgarrizkoa berari emoteko?— Egia da; baña nok, zuk bera maite dozun legez, maite dabenak, biotza eukiko dau, batbere prestaera baga betiko sakontasun bildurgarrizko batera auspaz jausten doiala, odol otzagaz onean eroan eta ikusteko?— Badakizu zuk, bearbada, Jaungoikoagazko bake eta grazian ete dagoan?— Ez, ezelanbere, baña, badakizu zuk, bearbada, Jaungoikoagazko bake eta grazian ete dagoan?— Eta, nok esan deutsu zuri, Eleizakoen izena bere belarrian aitatu dagiodanean, ez dala geituko bere geisotasuna, eriotzea bereala ekarri daikeona? Mundu onetako ezergaitik ez neunke euki gura alako kezkarik.— Eta, nok esan deutsu zuri, zure isiltasun ori eta zure bildur uts eta alperriko ori ez dituzala ondo pagauko denpora gitxi barruan geisoak, bere arimea betiko galduagaz? Gitxi eta utsa dala uste dozu, zeure arimearen gañera jausiko dan kezka eta mina, zu isilik egonagaz?... Baña esan egidazu: Egia da, geisoak ainbestean bildurtuten dirala, Eleizakoen izena aitatuten jakenean? Niri deritxat, ori geiago dala osasundunen uste eta bildur txarto aitu bat; aurkitu izan naz orrelango aldi askotan, eta ozta beti ikusi izan dot, etxekoak eta senideak geiago ikaratu eta bildurtuten dirala geisoa bera baño. Ikusi izan dot, euren osasun betean ain onak eta Jaungoikoaren bildurrekoak izan ez ziranak, Eleizakoak artu bear dituezala esan jakenean ez dirala ikaratu ez bildurtu, ezpada pozik eta atseginez beterik geratu izan dirala. Desengañau gaitezan, eta ez dagizun aztu, geisotasun arrisku andikoan bat aurkituten danean, ez dala izaten eta ez dituzala gauzak ikusten, osasun on eta betean dagoanean legez».

 

 

Irakatsi 19.a:
Zelan Jesukristo dagoan egiaz eta benetan
Komuninoeko Sakramentuan

 

        Zer artuten dozu Komuninoeko Sakramentuan? Jesukristo Jaungoiko eta Gizon egiazkoa, Altarako Sakramentu guztiz santuan egiaz eta benetan dagoana. Onetara ezkero, nor dago ostiyan, donekida edo konsagrazio ostean? Jesukristoren gorputza, bere odol, arima eta jaungoikotasunagaz batera. Eta edan-ontzi edo kalizan? Jesukristoren odola, bere gorputz, arima eta jaungoikotasunagaz batera. Onetara ezkero, Jesukristo guzti guztia dago ostiya guztian, eta guzti guztia bere alde edo zati bakotxean, eta bardin kalizan. Eta donekida edo konsagrazino ostean badago ogirik ostiyan edo ardaorik kalizan? Ez, Jauna, ezpada ogiaren eta ardaoaren ganerantzekoak eta irudiak, diran legez usaina, kolorea eta margoa, dasta edo saborea eta enparauak. Eta ostiyea zatitu nai banatuten bada, edo kalizan dagoana, zatitu edo banatuten da Jesukristo? Ez, Jauna; guzti guztia geratuten da zati guztietan eta euretatik bakotxean.

 

AZALDUEREA

        Beraz ogia biurtuten da Jesukristoren gorputz eta ardaoa bere odol izatera? Bai; ogiaren izate guztia biurtuten da Jesukristoren gozputz izatera, eta ardaoaren izate guztia bere odol izatera; eta auxe da, guk Transustanziazionia edo Izate-bat-beste-izate-batera-biurtutea.

        Zelan izan leiteke ori? Jaungoikoak bere guzti-altasunagaz egiten dabelako, Kanago ezteguetan ura ardao biurtu eban legez, Niloko urak odol biurtu ziran legez, eta gauza guztiak ezerezetik egin zituzan guztian.

        Zelan izan leiteke, gauza ain txikia dan ostiya baten egotea Jesukristo? Baitabere, ain txikia dan begiko ikuslekutxuan, egiten da oso osorik gauza guztiz andiaren antz edo irudia; eta azi txikitxu batek beragan dauko sarturik azioro zugatz edo arbola guztia.

        Izanik Jesukristo bat bakarra, zelan egon leiteke ostiya askotan, eta emon leiteke guzti guztia ostiya guztietan? Baitabere, gure arimea izanik bat bakarra, denpora bat baten dago guzti guztia gorputzeko alde edo zati guztietan; eta gure berbea, bat bakarra izan arren, entzun eta artuten dabe guzti guztia, geure aurrean dagozan guztiak.

        Eta zelan egon leiteke Jesukristo, leku bata besteagandik ain urriñetako Sakramentuetan, bere izatea geitua eta askotua izan baga? Baitabere eguzkia dago guzti guztia leku askotan, guztiak argituten dituzala, bere berotasunagaz landara, zugatz, bedar eta beste enparau guztiai indarra emoten deutsela, bere izatea geitua eta askotua izan baga, eta bat bakarra izateari itxi baga.

        Baldin Jesukristo badago ostiya konsagraduan, zelan izan leiteke, ostiyea zaituten danean, Jesukristo zatitua ez izatea? Zatituten dira berordekoak, antzak eta irudiak, zatikorrak diralako; baña Jesukristo ez, zatikorra ez dalako bere egoera zoriontsuan: zelan ispillu bateko irudiya ez dan zatituten, apurtua eta zatitua izan arren ispillua, ezpada geratuten da oso osorik atal edo zati guztietan.

        Baña Sakramentuan ez dira ikusten berordekoak, antzak eta irudiyak ezpada? Eta alan izan bear dau, zergaitik berordekoak antz eta irudiyak geratuten dira, eta bakarrik izatea aldatu eta beste izate batera biurtuten da: geratuten dala orregaitik antz-irudiya, eta beronen barruan Jesukristo.

        Azaldu eta adierazo egidazu ori irudi bategaz.— Loten emaztea, gatz-arri biurtua: gatz-arri a ikusten ebanak, ikusten eban Loten emaztearen irudiya, eta orregaitik bere, ez zan Loten emaztea, ezpada gatza Loten emaztearen irudiyaren barruan; bada zelan biurtuera atan aldatu eta biurtu zan barruko izatea beste izate batera eta geratu zan kanpotiko eta azaletiko irudiya, alan Sakramentu onetan aldatu eta biurtuten da ogiaren barruko izatea Jesukristoren gorputzean, baña geratuten da, len eukazan berordekoen eta antzen irudiya.

        Baña orrek guzti orrek ez dau azalduten ez agertuten ezkutapena. Ez dogu bere gura izan bear. Amodioa berez da ezkutapenkorra; Jaungoikoaren amodio azkenbageak izan bear dau azkenbaga ezkutapenkorrak; eta beraugaitik, Jaungoikoaren amodoaren Sakramentua dan Sakramentu au da Gure Sinistearen Ezkutapena.

        Ze onera atera bear dogu esan danetik? Siniste bizi eta andi bategaz Sakramentu oni lotsa eta itzal ezingeiagoko bat eukitea, amodio jaungoikozkoaren ezkutapen au zelan izan leitekean jakiteko batbere aleginik egin baga, eta geure arazu, zeregin eta lanak itxi eta laketuten deuskuezan, egun guztietan, ikusaldiak berari egiten deutsaguzala bere Altara santuan.

 

JAZOEREA

        Bein baten dei eginik San Luis, Franziako Erregeari, esan eutsen, bereala joan zeitela Eleizara ikustera Jesus, bere beraren izate ostiya konsagraduan mirariz agertu eta ikusten zana; eta Errege andi arek erantzun eban:— «Joan bear dabe, Jesus Altarako Sakramentuan egiaz eta benetan dagoan edo ez dagoanaren gañeko ezdabaidea daukenak; nik sinistuten dot dagoala, neure begiakaz ikusiko baneu baño errimeago eta sendoago».— Eta ez eban joan gura izan, bere siniste andiaren irabazi eta merezimentua ez galdutearren.

 

 

Irakatsi 20.a:
Oleazinoko Sakramentua

 

        Zetarako da Oleazinoko Sakramentua? Iru gauzatarako. Zeintzuk dira? Lenengoa, iragoriko biziera txarraren sustarrak eta ondakinak kenduteko; bigarrena, sendotuteko arimea diabruaren asmo eta esetsien kontra; irugarrena, gorputzari, ondo etorri ezkero, osasuna emoteko. Adinera edo ezauberara eldu izan diranak eta geisorik oso dagozanak, artu bear izaten dabe pekatu ilgarria, artu al izanik, artuten ez dabeenak, edo pekatu ilgarrian dagozala, artuten dabeenak, Sakramentu au ondo artuteko? Lenaz konfesau bear da, eta au egin ezin al baleike, egin bear dau damu osoko eginerea.

 

AZALDUEREA

        Zergaitik deritxo Sakramentu oni Azkenunzinoa? Ez, bizitzearen azkeneraño itxaron bear dalako, bera artuko bada; ezpada kristinauak bere bizitzan artuten dituzan oriyo-igortzi edo unzinoetatik dalako azkenengoa.

        Zelan emoten da? Abadeak, Obispoak konsagrauriko oriyoagaz, igortziten dituzala, kurutzea eginagaz, bost zentzunak, eta Jaungoikoari eskatuten deutsala, zentzun bakotxagaz eginiko pekatuen parkazinoa.

        Nok artu leike? Adinera edo ezaubera eldu izan dan kristinau guztiak, eta oso geisorik dagoanak. Ez, osasun onean dagozanak, ilteko arriskuan aurkitu arren bere.

        Zeinbat bidar artu leiteke? Geisoa eriotzako arriskuan aurkituten dan beste bidar, geisotasun bat baten izan arren bere, baldin erdi osaturik eta barriro jausten bada arrisku bardiñean.

        Zelako prestaerak euki bear dituz, artu bear dabenak? Jaungoikoaren bakean eta grazian egotea, dalako bizien Sakramentua; alan bada konfesau bear dau, pekatu ilgarrian aurkituten bada; bestelan egingo leuke donauste edo sakrilejio bat.

        Eta konfesau ezin bada? Prestau bear da damu osoko edo gitxienez damu bildurrezko eginereagaz, eta orduan egiten dituz Konfesinoeko Sakramentuaren egitadeak, parkaturik pekatu ilgarriak.

        Eta Sakramentu onek egin dagizan bere onera eta mesede guztiak, zer egin bear dogu? Ainbat lasterren artu bear da ezaupera osoagaz, umiltasun guztiagaz, egiten dirala sinisteko, itxaropeneko, maitetasuneko eta pekatuen damuzko eginerak.

        Eta zelango egitadeak egiten dituz, esaniko prestaerakaz artuten danean? Graziaren geitupena, edo lenengo grazia emoten dau, pekatu ilgarrian aurkitu izan bada, zein dan Sakramentu guztiai dagokoena; eta gañera Aita Astetek izentauriko iru egitadeak.

        Zein da Sakramentu oni berariz dagokan lenengo egitadea? «Iragoriko bizitza txarraren susterrak eta ondakinak kendutea», diran legez pekatu ariñak, kastigu denporazko zor diranak, eta pekatuaren ostean ariman geratuten dan argaltasuna.

        Zein da bigarrena? «Diabruaren asmo eta esetsien kontra arimea sendotutea», zeñek ordu atan, ikusirik denpora gitxi geratuten jakola, egingo dituzan indarrik andienak, pekatuan jausi eragiteko; eta baitabere onean eta eroapen santuagaz eta irabazi andiagaz irago dagiguzan geisotasuneko nekeak, miñak, eta estutasunak.

        Zein da irugarrena? «Gorputzari, ondo etorri ezkero, osasuna emotea», eta egitade au egiten dau, mirariz ez, ezpada indar izatearen-gañeko baten bitartez, geisoaren indar berezkoai lagunduaz.

        Ze ateraten da emetik? Burubagako eta zentzun bagako gauzea egiten dabela, Sakramentu au artuteko, azkenengo ordura arteraño, au da, biziko diran uste guztia galdu arteraño, luzatu eta itxaroten dabeenak, noz osatu al izango ezin litzatekezan mirarien baten bitartez ezpada.

        Zergaitik dinozu «gorputzari, ondo etorri ezkero»? Zergaitik Sakramentuak batezbere eginak eta iminiak izan diran arimearen osasunerako, eta ezin emon leikeen gorputzeko osasuna, arimearen kaltean izaten bada.

        Andia da Sakramentu onen balioa? Da guztiz andia; sarri askotan bera ondo artutetik dator arimen zoriontasun betikoa; bada Jaungoiko beti errukiorra danak, ikusirik arako premiña estu eta larria, arimak azkenengo orduan euki daroena, prestaera gitxiago eskatuten dituz, eta laguntasun eta grazia geiago emoten dituz.

        Ze onera atera bear dogu irakatsi onetik? Geure agindupekoak eta geuk bere Sakramentu au ainbat lasterren artuteko alegin guztiak egitea, eta, al bada, gure Jauna artu eta bereala.

 

JAZOEREA

        Aita Wolfgan Frayle santuak eukan oitura guztiz on eta eder bat, eta zan, gau guztietan oera etzin baño lenago, ilteko aurrean eta Oleazinoeko Sakramentu artuten egoala, begitandu eta iruditutea. Artuten eban Santo Cristo bat, eta beragaz ukututen eutsen begiai, belarriai, surrari, aoari, eskuai eta oiñai, esaten ebala:— «Kurutze Santu onek eta bere errukitasun guztiz samurrak parkatu dagidezala, ikusteagaz, entzunagaz, usain eginagaz, berba eginagaz, eskuakaz eta oiñakaz, nik egin ditudazan pekatuak».

 

 

Irakatsi 21.a:
Ordiako Sakramentua

 

        Zetarako da Ordiako Sakramentua? Eleizgizonak donekidatu edo konsegretako, diran legez Apaizak edo Abadeak, Diakonoak edo Otseindarrak eta Subdiakonoak edo Otseindarpekoak. Eleizgizonak, batezbere Abadeak, lotsaz eta berarizko gizaonez begiratuak izan bear dabe? Bai, Aita.

 

AZALDUEREA

        Noz egin eta imini eban Jesukristok Sakramentu au? Bere gorputza eta odola donekidatu edo konsegretako eskubide lenena dan aldetik, bere azkenengo apariko gaubean, Berak konsagrau eta bere apostoloak komulgau eta bereala, esan eutsenean: «Egizue au nire gomutan».

        Noz emon eutsen, Jaungoikoaren berbea adierazo eta Sakramentuak egin eta emoteko eskubidea? Bera ilen artetik biztua izan eta esan eutsenean: «Eskubide guztia emon izan jat zeruan eta lurrean... zoaze, irakatsi egioezue jente guztiai, bateatu egizuez Aitearen, eta Semearen eta Espiritu Santuaren izenean».

        Zetarako egin eta imini eban Sakramentu au? Abadetasunari edo Eleizgizontasunari iraun eragiteko eta iragoa izan zeiten gizaldi guztietara, eta bere bitartez gizaldi guztietako gizonezkoak eta andrazkoak artu egiezan, Jesukristok, gu erosiagaz, ekarri euskuzan onera eta mesede guztiz aberatsak eta ugariak.

        Zeintzuk dira Abadearen zeregin eta eginkizunak? Izatea bitartekoa, oparitzallea, emontzallea, irakasla, berba baten esateko, Jesukristoren ordekoa, jarraitu eragingo deutsana, Jesusek bere Aitagandik artu izan eban lanari, apostoloai esan autsen legez: «Ni neure Aitak bialdu ninduan legez, alan Nik biladuten zaituedaz zuek».

        Zer esan gura dau bitartekoa izateak? Eleizgizona izan dala iminia, zeruaren eta lurraren artean bitarteko izateko, eta sinistedun guztiakgaitik eta premiña guztiakgaitik eskatuteko.

        Ez dauke indar bardiña, edozein gizonek nai emakumek egiten dituezan erreguak eta eskariak? Ezelanbere ez; Abade edo Eleigizon ez danak, eskatu eta erregututen dau bere izenean, agirian alan egiteko zereginik ez eskubiderik euki baga; Abadeak barriz erregututen dau eginkizunez, Jesukristok iminiriko Eleizearen otseina legez, Aita Betikoak beti entzuten deutsan Jesukristoren beraren ordekoa legez.

        Zelan da oparitzallea? Bera bakarrik izan dalako deitua, Mezako Opari Santuan eskiniteko, Opari garbia, santua eta orbanbagakoa dan Jesukristo.

        Zelan da emontzallea? Artu izan dabelako, Sakramentuak egin eta emoteko eskubidea, eta euren bitartez lagunduteko Jesukristori, arimak betiko zorioneko egiteko lan eta zeregin santuan.

        Zelan da irakaslea? Dalako, zeruko bidetik gizon guztiak giyau eta zuzendu bear dituzan argi-zuziya; irakasten deutsela, egin bear dabeen ona eta egin bear ez dan txarra, zoriontasun betikoa irabazi eta jaritxiteko.

        Zelan da Jesukristoren ordekoa? Jesukristoren ordez eta bere izenean egiten dabelako guztia. Bateatuten badau, ez da bera, ezpada Jesukristo, bateatuten dabena; parkatuten badituz pekatuak, egiten dau Jesukristoren izenean; egiak adierazo eta irakasten badituz, ez dira bereak, ezpada Jesukristogandik artu izan dituzanak, esan al leikeala: «Nik irakasten dodana, ez da neurea, ni bialdu izan naben Jesukristorena ezpada».

        Da orregaitik andia Abadearen duintasuna? Da, gizonari lurrean emon izan jakonik arrigarriena eta miragarrizkena.

        Begiratu bear deutsegu lotsaz eta gizaonez Abadeai? Bai, lotsa eta itzal andi bat euki bear deutsegu, aurak diralako Jesusen ordekoak, eta euren bitartez Jaungoikoak emoten deuskuzan mesede eta onera guztiz andiakgaitik.

        Zelango pekatua egiten dabe, Abadeai zor jakezan lotsa, itzal eta gizaonari, utsegiten eutsenak? Ilgarria; ez bakarrik gitxitan eukiten dabeelako, Eleizearen otseina eta Jesukristoren ordekoa dana, baitabere arimetako aita gurea dana.

        Eta Abadea edo Eleizgizona bada donga eta txarra, zer egin bear dogu? Errukitu bear gara, gizona danez, eta lotsa eta itzal andi bat izan bear deutsegu bere duintasun eta Abadetasunari; alderatu bear doguz bere begiak bere argaltasunetik eta onrau bear dogu bere eginkizun eregi eta goratua; ause da, irakatsi onetik atera bear dogun onerea.

 

JAZOEREA

        Konstantino Agintari andiak, Apezpikoai edo Obispoai eta Abade eta Eleizgizonai eukiten eutsezan lotsa, itzal eta gizaona, ainbesterañokoak ziran eze, bein baten Batzar Santu batera joan zanean, ez eban jarri gura izan, bertan egozan Apezpiko eta Eleizako guraso santuen aurrean, arik eta jarri zeitela agindu eutsen artian; eta bere bizitzan bein baño sarriago esan oi eban:— «Gaiztakerien bat egiten eban Abadea, estaldu eta gorde gura leukeala bere soñeko agintariarenaren beian, munduaren begiraunetik zainduteko».

 

 

Irakatsi 22.a:
Ezkontzako Sakramentua. Bere izatea

 

        Zetarako da Ezkontzako Sakramentua? Ezkonduteko eta ezkonduai grazia emoteko, alkarren artian bakean bizi daitezan eta seiñak zerurako azi dagiezan.

 

AZALDUEREA

        Nok egin eta imini eban Ezkontzea? Jaungoikoak munduaren asieran baituera bat legez, eta Jesukristok eregi eta goratu eban baituera au Sakramentu izatera, emoten eutsala Eleizeari, Ezkontzea egiteko eskubidea.

        Zer dator esan danetik? Balio andiko etorri bi: 1. da, bakarrik Eleizeari, Sakramentu onen eta beste enparauen emontzallea danari, dagokola, Ezkontzearen gañeko gauzak ezagututea, eta beraugaitik ezkongaien zerzeridadeak eta prestaerak izentetea; 2. kristinauen artian ezin alderatu leitekeala baituerea Sakramentugandik; alan bada, badago baituera egiazkoa, badago bere Sakramentua; eta ez badago Sakramenturik, ez dago ezer, naste edo alkartasun loi bat ezpada.

        Erreñuko eskubideak agindu leike zerbait Ezkontzearen gañean? Ezin ezer egin leike, Sakramentua dan aldetik, Ezkontzeari dagokazan gauza sagraduen gañean; bakarrik egin leike munduko gauzen joanetorrien gañean, diran legez, eskongaiak ezkontzara eroaten dabeen ondasuna, ondasun onen jaubegei nor izango dan, eta beste onelango gauza sagraduak ez diranak.

        Eta zer egin bear dabe kristinauak, txarto deituriko matrimonio zibila iminita dagoan lekuetan? Ezkondu bear dira, Jaungoikoak aginduten daben legez, arturik Sakramentua; eta gero bete leikee, erreñuko legeak aginduten dabena, etorri leitekezan burukomiñak eta kalteak ez eukiteko.

        Eta batu izan diranak, erreñuko legearen erara, edo ezkondu izan diranak eragozpen ezkontza-desegilleagaz (au isilekoa izan arren bere) egon leitekez bakean eta rimako kezka bagarik? Ezelanbere ez: Jaungoikoaren aurrean ez dagoz ezkondurik, eta bai aurkituten dira pekatu ilgarrian.

        Zer egin bear da Ezkontzearen aurretik? Iru gauza; 1. egin bizierearen autuerea eta artu gurasoen eretxi-ona; 2. ikasbide kristinaukorraren azterrena; eta 3. deionak irakurtea.

        Balio andikoa da biziera aututea? Ain andikoa da eze, bizierea ondo eta denporaz aututetik ozta beti dator bizitza onetako zoriontasuna eta gure arimen salbazinoe betikoa.

        Zer egin bear dogu, bizierea ondo aututeko? Erregu eta eskari beroakaz zuzendu bear gara geure Jaungoikoagana, eta gurasoai eta konfesorai eskatu bear jake eure eretxi-ona, norberaren griña txarrai eta mundu onetako onera eta irabaziai batbere jaramonik egiten ez jakela, eta bai obeto begiratuten jakela ezkongaien ontasunari, onoidadeai, errelijinoaganako eta siniste santuaganako makurtasun eta zaletasunari.

        Zetarako da, deionak edo eleiz-deiak irakurtea? Jakiteko ete dagoan senitasunen bat edo eragozpenen bat, Ezkontzea galerazo leikeana.

        Eta badagoz, eragozpenak agertu eta esateko eginbearrean, eurak jakin ezkero? Bai, pekatu ilgarriaren beian; eta ala ez egitea da, ezkonduai eurai kalte andi bat egitea.

        Zergaitik egin bear da ikasbide kristinaukorraren azterrena, ezkondu baño lenago? Zelan ezkonduak artuten dabeen euren gañean, euren semealabak ondo azi eta errelijinoeko gauzetan argituteko eginbear edo zeregin estua, jakin bear dabe, atarako jakin bear dana.

        Zelango onerea atera bear dogu irakatsi onetik? Bizierearen autuereari begiratutea balio guztiz andiko gauza bateri legez, geure gogoan eukiten dogula erdaldunen esaera au «Ezkondu baño lenago, begiratu zer egiten dozun».

 

JAZOEREA

        Guraso on eta Jaungoikoaren bildurrekoak ziranen alaba bateri emonik eutsan ezkonduteko berbea osagille gazte batek. Ezteguetako eguna eldu baño amar egun lenago, osagille gazteak bere ezkongaiaren amari erregutu eutsan, itxi egiola bakarrean berba egiten bere alabeagaz. Amak ukatu eutsan, eskatu eutsana, zirautsala: bere alabeak ez ebala bakarrean berba egingo iñoz gizon bategaz bere.— «Orregaitik bere, barriro esan eutsan osagille gazteak: ni laster izango naz bere senarra, eta daukat isileko gauza bat, berari esan bear deutsadana».— «Bere senarra zareanean, izango da zeurea, erantzun eutsan amak: bitartean nik zaindu bear dot neure alabea».— Orduan osagille gaztea ikusi zan, bere barruko gauza isilekoa agertuteko premiñan, eta esan eutsan amari: berak ez ebala gura besterik ezpada aitatu eta esan bere alabeari, zelan zan bere borondatea, biyak egin egien konfesinoe pekatu guztiena, ondo prestau zeitezan, Ezkontzako Sakramentua artuteko. Amak, au entzunik, pozez beterik laztanduten dau bere suina izango zana, edo suingeia, eta itxiten deutso bere alabeagaz bakarrean berba egiten, eta biyak ain ondo prestau zeitezen. Amak agindu eban, zortzi egunean esan zeitela Meza Santua, Jaungoikoak bedeinkatu egian Ezkontzea; eta ezteguetako egunean biyak batera joan ziran gure Jauna artutera, pekatuen konfesinoe guztirakoa egin izan eta gero.— Zeinbat dontsuagoak eta zoriontsuagoak izango litzatekezan Ezkontzak eta munduko alkartasunak, ezkongei guztiak alan prestauko balira, Ezkontzako Sakramentu au artuteko.

 

 

Irakatsi 23.a:
Ezkontzaren azkenak eta eginbearrak

 

        Andia da Sakramentu au? Alan irakasten dau San Pablok, diñoanean: «Sakramentu au da andia Kristogan eta Eleizeagan».

 

AZALDUEREA

        Zer esan gura dau orrek? Ezkontzea dala batuera santu bat, Jesukristoren eta Eleizearen artekoa legez, eta beraugaitik, ezkonduak alkar maitetu bear dirala, Kristok Eleizea maite daben legez; eta zelan Jesukristok bakarrik Eleizea ezagututen daben bere emaztetzat, eta Eleizea beti dan Jesukristorena, alan ezkonduak osoro eta beti izan bear dira bata bestearenak; eta zelan Jesukristok ez daben iñoz deslai itxiten Eleizea, eta Eleizea bere ez dan aldenduten Jesukristogandik, alan senarra eta emaztea beti alkarregaz bizi bear dira eriotzara arteraño, bata besteagandik iñozbere aldendu baga.

        Zeintzuk dira Ezkontzearen azkenak? Lenenak eta berarizkoenak dira bi: 1. bata besteari lagundutea, ez bakarrik lurreko gauzetan, baitabere eta batezbere arimakoetan, Jaungoikoa maitetu eta arimak betiko zorioneko egiteko aleginak, alkarren artian egiten dituezala; 2. semealabak zerurako ondo azitea, eta eginbear au ez dabe ondo beteko, bakarrik begiratuten badeutse lurreko premiñai, eta ez badauke, Jaungoikoaren bildurrean eta zerurako bidean aziteko ardurarik.

        Zelango zerzeridadeak euki bear dira, Sakramentu au egiaz eta benetan artuteko? Ezkongeiak ezagutu bear dabe zer egiten daozan, euki bear dituez izentauriko urteak, borondate egiazkoa, eta ezkondu bear dira Arimazainaren eta ikuslen aurrean.

        Eta Sakramentu au, duinoro, au da, pekaturik egin baga, artuteko, zer geiago bear da? esan danaz gañetik: 1. Jaungoikoaren bakean eta grazian egotea, dalako bizien Sakramentua, eta orregaitik konfesau eta komulgau bear da, artu baño lenago; eta 2. euki bear da asmo artez eta zuzen bat, ondo gogoraturik, Tobiasek bere emazte Sarari esaten eutsana: «Gu gara santuen semeaak: ezin ezkondu geintekez, Jaungoikoa ezagututen ez dabeen jentilaak legez».

        Zelango egitadeak egiten dituz Sakramentu onek? Lenengo, geituten dau grazia santuegintzallea; 2. egiten dau alkartasun urratuezingarri bat ezkonduen artian, Jaungoikoak berak ezpada bestek askatu eta urratu ezin leikeana; eta 3. emoten dituz, ezkonduen zereginak eta eginbearrak ondo betetako laguntasun eta graziak.

        Zer esan gura dau, ezkontzan egiten dan elestunen bendezinoak? Ezkonduak alkarri euki bear deutsen leiyaltasuna.

        Zetarako dira, ezkontzea egin eta bereala esaten dan Meza Santuak eta egiten diran bendezinoe ezkontzakoak? Jaungoikoari eskatuteko ugaritasun santu bat eta beste grazia batzuk ezkonduentzat.

        Ze onera atera bear dogu irakatsi onetik? Ezkontzeari begiratutea biziera santu bateri legez, zeñetan ezkonduak santutu bear dabeen, ondo eta ziatz beterik euren eginbear eta zereginak, eta euren biziera santu eta onagaz euren semealabai onbidea emonik.

 

JAZOEREA

        Etxe bateko ezkondu batzuk bizi ziran, euren artian guztiz ikaragarrizkoak ziran aserre eta burruka geratubagakoetan. Etxe atan bizi zan gizon batek, jakinik ondo zer jazoten zan eurakaz, egun baten urten eban bere gelatik etxe ondoko leku batera, senar eta emazte areek iñoz baño aserretuago ebilzanean, eta bere indar guztiagaz asi zan dearka esaten:— «Suba, suba». Ezkondu areek, bereala itxirik alde batera, erabillen atralakada, aserre eta burrukeari, urteten dabe euren bizilekutik, nun zan suba jakiteko gogo eta asmuagaz. Euren auzoko gizon arek erantzun eutsen, zirautsela:— «Infernuan dago isioturik suba, betiko aserre, burruka eta gorrotoan bizi diran ezkonduentzat».

 

aurrekoa hurrengoa