www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Ikasbide kristinaukorraren azalduera laburrak
Andres Iturzaeta
1899

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Aita Gaspar Asteteren ikasbide kristinaukorraren azalduera laburrak, Andres Iturzaeta eta Egia. Roberto Soloaga, 1899

 

 

aurrekoa hurrengoa

IRUGARREN ZATIYA: SARREREA

 

 

Irakatsi 1.a:
Maitetasuna edo Karidadea

 

        Zer da maitetasuna? Da izatearen gañeko onoidade bat, zeinen bitartez maitetuten dogun Jaungoikoa bere eregitasun amaibageagaitik, eta maite dogun lagun urkoa, geure burua legez, Jaungoikoari deutsagun amodioagaitik.

        Ori orrelan dala zeinbat agindu daukaz maitetasunak? Bi: 1. Da Jaungoikoa maite izatea gauza guztien gañetik; 2. Da lagun urkoa maite izatea geure burua legez: eta agin du bi onetan dago zarraturik lege guztia.

        Zelan betetan dogu, Jaungoikoa maite izateko lenengo agindua? Lenengo: poztuten gareala bere zoriontasun eta eregitasun amaibagakoakaz; bete eta gordetan doguzala, bere onerako zuzendu eta diran lenengo iru aginduak; eta 3. Pekaturik batbere egiten ez dogula, edo beste enparau aginduak austen ez doguzala.

        Zeinbat eratara maite izan ginaike Jaungoikoa? Geuretzat ona dan legez, edo amodio maitagarriagaz, eta Bera Beragan ona dan legez, edo amodio ondogurakoakaz; eta auxe da onena eta betena.

        Eta zergaitik maite izan bear dogu gauza guztien gañetik? 1. Daukazalako onoidade eta eregitasun guztiak, eta guztiak era amaibagakoan; 2. Dalako geure Aita, zeñegandik artu izan dogun guztia; eta 3. Dalako geure azkena, zeinegandik itxaron bear dogun guztia.

        Andia da onoidade onen eregitasuna? Da lenengoa eta onoidade guztien arimea. Onoidade bat, maitetasun baga, da ila, eta bizitza betikorako ezertarako ez dana.

        Zelan beteko dogu, lagun urkoa maite izateko bigarren agindua? Berari ondo gura izanagaz, bere gatxakgaitik min eta atsekabea artuagaz, beragana zuzenduten diran aginduak bete eta gordeagaz, eta errukizko eginak beteagaz.

        Nor da lagun urkoa? Zoriontasun betikoa jaritxi edo alkanzau al leikean gizakume edo emakume guztia, bai dala geure senidea edo senide ez dana, bai dala adiskidea edo arerioa.

        Gizakume eta emakume donga eta txarrak maite izan bear doguz bere? Gorrotau ginaikez euren ekandu txarrak eta dongakeriak, baña beti maite izan bear dogu gizona.

        Maite izan bear doguz geure arerioak? Bai; bada da Jesukristoren agindu bat eurak maitetutea; eta alan parkatu bear doguz eurak guri eginiko iraina eta txarkeriak, lagundu bear deutsegu euren premiñaldietan, eta emon bear deutseguz geure amodioaren ezaugarri geiyenetakoak eta oiturikoak.

        Parkatu bear deutseguz, eurak guri egin deuskuezan kalteak eta gatxak? Beti parkatu bear doguz eurak guri eginiko irainak eta txarkeriak; baña ez, geure ondasunetan, geure entzute onean, geure bizitzan, eurak eginiko kalteak eta gatxak, oneek osotu eta biurtuten ez diran artian.

        Zer egin bear dogu, maitetasun oni geure biotzean beti iraun egiteko? oitu bear gara beti ikusten gizonagan Jaungoikoaren antz edo irudiya, eta Jesukristoren odolagaz erosiriko arima bat, eta maite izan bear dogu gizonagan Jaungoikoaren egikera bet eta Jaungoikoaren amodioagaitik, zein dan irakatsi onetik atera bear dogun onerea.

 

JAZOEREA

        San Vicente Paulek, maitetasunaren apostoluak, esaten eban:— «Nik ezin emon neike neure eretxia eta erabagitu gizon basaerritar baten ganean, ez eta emakume premiñadun baten ganean bere, eurak kanpotik eta azaletik dirudiyenari bakarrik begiratuta; euretik batzuk dira ain ganora bagakoak eta aziera txarrekoak eze, nekez eta gatx ezagututen dira eurakgan kriatura errazoedunaren antz, irudi eta izatea; baña begiratuten badeutsegu siniste santuaren begiakaz, aurkituten dituguz ain inkaurik eta josirik Jaungoikoaren Semearen biotzean eze, bere odola eurakgaitik isuriteko, eta bere bizitzea eurakgaitik emoteko, badaezbadarik eta atzerapenik euki izan ez daben. O ze oneragarria eta mesedegarria dan ikustea lagun urkoagan Jaungoikoa bera, berari eukiteko, Jesukristok eutsan amodioa».

 

 

Irakatsi 2.a:
Jaungoikoaren aginduak

 

        Esan egizuz Jaungoikoaren legeko aginduak.— Jaungoikoaren legeko aginduak dira amar, lenengo irurak dagokaz Jaungoikoaren onriari, eta beste zazpirak lagun urkoaren onereari.

 

AZALDUEREA

        Zergaitik deritxoe Jaungoikoaren legeko aginduak? Diralako, Jaungoikoak iminiyak, gizonaren biotzeanasieratik Berak inkau eta ezarriyak, Sinaiko mendiyan geroago Berak adierazo eta agertuak, inskribidurik arrizko ol bitan emoten autsazala Moiseseri.

        Jakin bear doguz agindu orreek? Adinera edo ezauberara eldu dan kristinau guztiak jakin eta ezagutu bear dituz, beintzat euren esangura bearbearrekoaren aldetik.

        Zergaitik? Diralako neurriya, noraezekoa eta bearrekoa dana, gu ondo biziteko eta zerura gu eroateko; eta au ezin izan leiteke, eurak jakin eta ezagututen ez badoguz.

        Eta zeruan sartuteko bete eta gorde bear dira agindu guztiak? Bai; zergaitik guztiak datoz Jaungoikoagandik, eta agindu bat gitxitan auki eta austen dabenak, gitxitan dauko Jaungoikoaren agintaritza nagusia, egiten dala pekatuaren eta zorigatx betikoaren errudun eta duin.

        Bete eta gorde leitekez agindu guztiak? Jaungoikoak bere graziagaz lagunduten dabela, bai, zergaitik Jaungoikoak aginduten ez daben, ezin egin leitekean gauzarik; eta bestera uste izatea da sinisbagetasuna eta ernegua edo Jaungoikoaren kontrako irain andiya.

        Zelan gorde bear dira? Al dan osotasun guztiagaz, iges eginik ez bakarrik pekatu ilgarri edo mortalakgandik, baitabere pekatu arin, txiki eta parkarrak, eta pekaturako arrisku, galbide eta bide guztietatik.

        Zeinbat eratara ausi leitekez? Bitara: ezeginagaitik, eurak aginduten dabena egin ezagaz, eta eginagaitik, eurak galerazoten dabena, eginagaz.

        Zelako eginsariak eskiniten deutsez Jaungoikoak, bere aginduak ondo gordetan dituezanai? Bizitza onetan bere grazia eta bedeinkazinoe ugariak, eukiten dituzala bere adiskide onak legez; eta beste bizitzan Jaungoikoa bera izango da euren eginsari betikoa.

        Ze irakasti atera bear dogu emendik? Jaungoikoaren legea ondo ezagututeko gurari bero eta bizi bat, eta berak aginduten deuskun legez, geure bizitzako gauza guztiak egiteko asmu eta erabagi errime eta sendo bat.

 

JAZOEREA

        Ebanjelio Santuak dino, mutil gazte bat urreratu zala Jesukristogana, eta itandu eutsala:— «Maisua, zer egin bear dot nik salbetako?» eta Jesukristok erantzun eutsan:— «Bizitza betikoan sartu gura badozu, gorde egizuz aginduak». Gazteak barriro itandu eutsan:— «Zeintzuk dira agindu orreek?—. Jesukristok irakatsi eutsazan Jaungoikoaren legeko amar agindu santuak.

 

 

Irakatsi 3.a:
Lenengo aginduan aginduten diran gauzak

 

        Zein da Jaungoikoaren legeko lenengo agindua? Jaungoikoa maite izatea gauza guztien gañean. Nok maite Jaungoikoa? Bere agindu santuak gordetan dituzanak. Zer da Jaungoikoa maite izatea gauza guztien ganean? Gauza guztiak galdu gurago izatea, bera iraindu baño. Zetara geiyago beartuten gaituz agindu onek? Gorputzeko eta arimako makurtasunagaz bera bakarrik adoretara, siniste biziyagaz Beragan sinistu eta itxaroten dogula.

 

AZALDUEREA

        Zer da gurtutea edo adoretea? Jaungoikoari, dagoan guztiaren Egillea eta Jaube Gorengoa dan legez, kultu gorengoa emotea.

        Zergaitik adorau bear dogu «gorputzeko eta arimako makurtasunagaz»? Zergaitik, artu izanik Jaungoikoagandik gorputza eta arimea, gauza arteza da, batak eta besteak agertu dagiela euren makurtasuna.

        Zergaitik geituten dozu «siniste biziyakaz Beragan sinistu eta itxaroten dogula?». Zergaitik adorau bear dogun Bera, jarraiturik ziatz eta leiyal, Jaungoikoagana zuzenduten diran onoidadeai, zeintzuk diran sinistea, itxaropena, maitetasuna, eta errelijinoa.

        Zelan adoretan dogu sinisteagaz? Ezaguturik eta sinisturik Bera dagoala leku guztietan eta dala izatez egitiya, eta eskinirik Berari geure adinaren makurtasuna.

        Zelan adoretan dogu itxaropenagaz? Eskinirik Berari geure biotzaren makurtasuna, iminten dogula geure uste guztia bere ontasunean, bere guzti-altasunean eta bere leiyaltasunean.

        Zelan adoretan dogu maitetasunagaz? Eskinirik Berari geure borondatea, maitetuten dogula gauza guztiak baño geiyago bere ontasun azkenbageagaitik.

        Zelan adoretan dogu errelijinoagaz? Bere anditasun eta eregitasun amaibakoai zor jaken mendetasuneko eta makurtasuneko kultu barrukoa eta kanpokoa Berari emonagaz; eta au egiten da batezbere Mezako Eskintsari Santuan.

        Jesukristori eta Sakramentu guztiz Santuari bere, zor deutsegu gurtuerea edo adorazinoa? Bai, Jaungoikoari berari emon bear deutsaguna bera; Jesukristo dalako Jaungoikoa, eta dagoalako egiaz eta benetan Sakramentu guztiz Santuan.

        Eta Jesukristoren gizatasun donetiyari? Jaungoikoaren Semeari zor jakan adorazinoa bera, bada dago Beragaz izapero alkarturik eta baturik, eta zeñegan amaituten dan, berari emoten deutsagun kultua edo gurtea.

        Eta Jesusen Biotz Donetiya bere adorau edo gurtu bear dogu? Bai, dalako Jaungoikoaren Semearen Biotza, bere Gizatasun guztiz Santuaren alderik lenena; eta dalako Jaungoikoren amodiyo azkenbagearen ezaugarria.

        Zelako kultua emon bear deutsegu Kurutze Santuari eta Pasinoeko beste enparau gauzai? Adorazinoeko kultua, maituten dana Jaungoikoaren Seme Gizon eginagan, zeini ukatu izan eutsen gauza orreek.

        Zor bere deutsegu kultua Andra Mariari eta santuai eta euren irudi eta errelikia edo ondarrai? Bai; baña onoreko eta begirauneko kultu txikiago bat, Jaungoikoagan amaituten dana; erregea onretan dan legez, bere otseinak eta bere bialduak onretan diranean.

        Zer geiyago aginduten deusku agindu onek? Jaungoikoari eskinirik dagozan personak, lekuak eta gauzak onretea; baitabere Eleizearen bendezinoai, zeremoniyai eta eleizkizunai lotsa eta itzal andi bategaz begiratutea.

 

JAZOEREA

        Jesukristo gure Jauna irakasten egoala tenpluan, legeko irakasla batek itandu eutsan:— «Maisua zein da legeko agindu andiya?», eta jesusek erantzun eutsan:— «Maitetuteko dozu zeure Jaun Jaungoikoa zeure biotz guztiagaz, zeure arima guztiagaz eta zeure adin guztiagaz. Auxe da aginduetatik lenengoa eta andiena».

 

 

Irakatsi 4.a:
Lenengo aginduaren kontrako pekatuak

 

        Agindu onen kontra nok pekatu egiten dau? Jaungoiko guzurrezkoak adorau eta sinistuten dituzanak; sinistearen kontrako gauzaren bat sinistuten dabenak, nai bere ezkutapen edo misteriyuak ezbaiyan daukazanak, nai bearrekoak ez dakizanak; sinistearen, itxaropenaren eta maitetasunaren egiteak, egin bear diranean, egiten ez dituzanak; Jaungoikoaren errukitasuna aintzat artuten ez dabenak, eta Sakramentu Santuren bat dongaro eta txarto artuten dabenak. Nok geiago? Sorginkeria eta aztuen barri emote, etorkizun amesezkuai, eta onelako bidebagako gauzai sinistea emoten deutsenak.

 

AZALDUEREA

        Au onelan, ze pekatu dira, lenengo agindu onen kontra doazanak? Sinisteko, itxaropeneko, maitetasuneko eta errelijinoeko onoidaden kontrakoak diran guztiak.

        Nortzuk pekatu egiten dabe sinistearen kontra? Jaungoikoa dagoala ukatuten dabenak; Jaungoikoaren Probidenzia ukatuten dabeenak; agertuera jaungoikozkoa ukatuten dabeen errazoe utsaren zaleak; siniste santuaren galtzalleak eta herejeak, siniste santuko egia guztiak edo euretatik bat edo beste ukatuten dabenak, edo ezbaiyan iminten dituezanak.

        Nortzuk geiyago? Siniste santuaren ezaugarriak, erakutsi bear izan da, erakusten ez dituezanak; errelijinoe guzurrezkoetako irakatsi txarretara eta batzar deabruzkoetara joaten diranak; donga eta txarrai lagunduten deutsenak; liburu txartzat emonak saldu, irakurri edo eurakgan daukezanak; siniste santuaren kontra berba egiten dabeenak, edo berba egiten dabeenai pozik entzun deutsenak; baitabere siniste santuko egia bearrekoak ez dakiezanak.

        Nortzuk pekatu egiten dabe itxaropenaren kontra? Jaungoikoaren errukitasuna aintzat ez daukenak; graziaren laguntasuna baga, edo egite onak baga, euren arimak salbetea uste dabeenak; Jaungoikoaganako euren biurrerea eriotzaraño luzatuten dabeenak; izentauriko eginbideak gitxitan eukirik, azken zorionekoa mirarien bategaz, edo laguntasun guztiz andi eta oiturakor-ezagaz, jaritxi eta alkantzau gura dabeenak.

        Nortzuk pekatu egiten dabe maitetasunaren kontra? Pekatu ilgarria edo mortala egiten dabeenak, batezbere bada Jaungoikoaren onore eta zorionaren kontra; Jaungoikoaren borondateagaz euren borondatea bat egiten ez dabeenak, edo euren estutasunetan Jaungoikoaren kontra jagiten diranak.

        Nortzuk dira, errelijinoaren kontra pekatu egiten dabeenak? Jaungoikoari, zor jakon gurte edo kultua, ukatuten deutsenak, donga eta txarrak legez; demoninoari deituten deutsenak, edo bear ez diran gauzakaz baliyetan diranak, gauza isilekoak edo etorteko dagozanak jakiteko, edo gatxen batetik libretako, sorginkeriazko gauzen zaleak legez.

        Nortzuk geiago? Persona onai, Eleizako zeremoniyai eta gauza santuai barre eta burla egiten deutsenak; Jaungoikoari eskinita dagozan gauzak, lekeuak edo personak dongaro eta txarto erabilten dituezan sakrilejiogillak, edo Sakramenturen bat txarto artuten dabeenak; eta arimako gauzak gorputzekoakgaitik salduten dituezan simoniakotarrak.

        Eta zer diraustazu magnetismoaren, espiritismoaren, eta hipnotismoaren ganean? Eleizeak txartzat emonda daukaz euren egitade izateraen kanpotikoetan; zergaitik ezin azaldu eta aitu leitekezan demoninoaren bitartekotasun baga, eta beraugaitik dira sinistearen, errelijinoaren eta oitura onen kontrako pekatu guztiz andi eta astunak.

        Nortzuk geiago pekatu egiten dabe onoidade onen kontra? Sinisteko, itxaropeneko, maitetasuneko eta errelijinoeko egiteak egiten ez dituezanak, egin bear dituezan aldi eta denporan.

 

JAZOEREA

        Nabukodonosor erregeak agindu eban, egin egiela urrezko irudi bat, eta bere mendeko guztiak adorau egiela; eta alan egiten ez eben guztiak, izan zeitezala suzko laba batera botaiyak. Iru mutil gaztetxuk, Ananias, Misael eta Azariasek, ez eben bete gura izan alako agindua, eta beraugaitik salatuak eta eroanak izan ziran erregearen aurrera; onek esan eutsen:— Egia da, zuek ez dozuezala adoretan nire jaungoikoak, eta ez zarela belaunbikotuten, nik egiteko agindu dodan irudiyaren aurrean? Egin eta betetan ea badozue nire agindua, bota eragingo zaituedaz labara; eta zein izango da, nire aserre gogorretik zuek zaindu eta gordeko zaituezan Jaungoikoa?— Erregea, erantzun eutsen mutil gaztetxuak, guk adoretan doguna, asko eta naiko altsua eta indartsua da, gu suaren gar isiotu eta galdatuetatik zaindu eta gordetako; baña, alan agingo ez baleu bere gugaz, jakin egizu, guk ez dogula adorauko zure irudiya, gure Jaungoikoa dalako Jaungoikoa bakarrik, eta bera bakarrik adoretan dogulako. Erregeak, aserre eta gorroto sutsuan sarturik alako erantzuerea entzunagz, agindu eban egin egiela su bat zazpi bidar andiagoa eta indartsuagoa, eta bota egiezala labara iru mutil gaztetxuak euren oñak loturik; baña Jaunaren angerua jatsi zan labara, egin eban urten egiala bertan aize guztiz otz batek, eta alan suak ez eutsen batbere gatxik egin, eta suaren erdian kantetan zituezan angeruagaz batera Jaungoikoaren alabantzak. Nabukodonosor erregeak berak, mirari andi au ikusirik, agindu eban atera egiezala labatik iru mutil gaztetxuak, eta galerazo eban eriotzearen beian, aurrerantzean euren Jaungoikoaren kontra dongaro berba egitea.

 

 

Irakatsi 5.a:
Bigarren agindua

 

        Zein da bigarrena? Jaungoikoaren izen santuagan juramenturik ez egitea alperrik. Gauza onen bat egiteko eskinia edo agintea juramentuz egiten dabenak, nai ta nai ez agindu ori bete bear dau? Bai, Aita; eta ez betetea eta erraz igarteko eran atzeratutea, pekatu ilgarria edo mortala izaten da, gauza astunean izan ezkero.

 

AZALDUEREA

        Zer aginduten jaku bigarren aginduan? Jaungoikoaren izen santua berbakaz onretea.

        Zelan onretan dogu? 1. onerazpenagaz eta makurtasunagaz berari deituagaz; 2. bera alabau eta bedeinkatuagaz; 3. zerzeridade bearrekoakaz juramentu eginagaz: 4. eskintsari edo botoakaz.

        Zer da juramentua? Jaungoikoaren izena aotan artutea egia baten lekukotasuntzat.

        Zeinbat erakoa izan leiteke juramentua? Bitakoa: baiezkoa, juramentu egiten bada iragoriko egia edo jazoerea; agindezkoa, juramentu egiten bada edo eskiniten bada, etorteko dagoan gauzea.

        Gauza bearrekoa da juramentu egiteko, Jaungoikoaren izena aotan artutea? Ez: juramentu bere egiten da, aotan artuagaz arako gauzak, zeintzuetan era berariz argi egiten dabeen Jaungoikoaren dagokerak; alan juramentu egiten da Kurutzeagaitik, Ebanjelioagaitik, eta beste era askotara.

        Ona da juramentua? Egiak, arteztasunak eta premiñeak lagunduten badeutse, onretan dau Jaungoikoa; zergaitik dan, bere egiari, arteztasunari eta anditasun azkenbagakoai emoniko makurtasuna.

        Zer da eskintsaria edo botoa? Jaungoikoari eginiko gauza on, egingarri eta bere arerioa baño obeagoa dan baten eskintsari borondatezkoa eta erabagi osokoa.

        Zelan bete bear dira eskintsariak edo botoak? Egin izan diran legez; norberak beartu gura izan eban denporan, eran eta zerzeridadeakaz, bitartean agertuten ez bada zerbait, edo ez badago gauzaren bat, alan ez egiteko eskubidea emoten dabenik.

        Gauza ona da eskintsariak edo botoak egitea? Ona eta santua; baña zelan eurakaz dakarren eginbear andi eta astun bat, ondo izango da, arrapataka eta lasterregi ez egitea, beti eukirik ardurea, lenaz jakiteko konfesorearen eretxiya.

        Izan leitekez ezereztuak eta indarbagetuak eskintsariak edo botoak? Gurasoak eta agintariak ezereztu eta indarbagetu leikeez euren semealaben eta mendekoen eskintsari edo botoen batzuk; Aita Santuak eta Apezpikoak edo Obispoak kendu leike eskintsarien eginbearra, atarako gauza egokia egon ezkero; konfesoreak aldatu leikez eskintsarien batzuk, Kruzada Santuko Bulearen bitartez.

        Zelako onera eta mesedeak eskinten dituez eskintsariak edo botoak? Batezbere iru: 1. beartuten dabe egiten dituzana, Jaungoikoari lotsa eta itzala eukitera, beraganako maitetasun eta amodiyoa biztu eta geituagaz; 2. indartu eta sendatuten dabe bakotxaren borondatea, gauzak egiteko aurkituten diran gatxtasun, ezdabaida eta argaltasunetan; eta 3. emoten deutse sendotasuna munduko alkartasunaren zimentua diran gizonen arteko baituerai, siniste onari eta leiyaltasunari.

 

JAZOEREA

        Bein baten euki eban Isaias igarleak ikuskizun bat, noz ikusi eban Jaungoikoa angeruz inguruturik, eta angeruak kantetan zituezala geratu baga Jaungoikoaren eregitasunak eta alabantzak, eta bedeinkatuten ebela bere izen santua, esanagaz:— «Santua, Santua, Santua da martizdiyen Jaun Jaungoikoa», eta Jaungoikoaren izen santua aitatuten eben bitartean, estalduten zituezala euren arpegiak lotsa eta itzal andiaren ezaugarritzat.

 

 

Irakatsi 6.a:
Bigarren aginduaren kontrako pekatuak

 

        Nok, esaten da, alperrik juramentu egiten dabela? Egiya baga, arteztasuna baga eta premiña baga, juramentu egiten dabenak. Zer da egiya baga juramentu egitea? Norberaren usteen kontra, edo guzurragaz, juramentu egitea. Eta zelako pekatua egiten dau, egiya baga, edo juramentu egitera doian gauzea badaezbadan daukala, juramentu egiten dabenak? Pekatu ilgarria edo mortala, gauza arin eta txikiaren ganean juramentua izan arren bere. Zer da arteztasun baga juramentu egitea? Gauza bidebagako eta txarraren ganean, berbarako lagunai kalteren bat egitekoaren ganean, juramentu egiten dabenak? Pekatu ilgarria edo mortala, gauza bidebagakoa eta txarra bada arina eta txikia, egingo dau pekatu arina eta txikia. Zer da, premiña baga, juramentu egitea? Bear-ordu andi baga, edo gauza baliyo gitxikoagaitik, juramentu egitea. Ze pekatu da au? Arina edo txikia, egiyari eta arteztasunari utsik egin ez ezkero, juramentu egiten danean. Eta pekatu da kriyaturakgan juramentu egitea? Bai, Jauna; eurakgan euren Egilleagaitik juramentu egiten dalako. Zelan juramentu egiten da kriyaturakgan? Esanik, berbarako, neure arimeagaitik, zeruagaitik, lurragaitik, au alan da. Alperrik juramentu ez egiteko biderik ete dago? Bai edo ez, Krsitok darakuskun legez, esaten oitutea. Eta beste gauzaren bat geiago eragozten da agindu onetan? Bai, Jauna; eragozten da ernegua, edo Jaungoikoaren eta bere santuen kontrako berba iraingarriak esatea; eta au da pekatu ilgarria edo mortala.

 

AZALDUEREA

        Zelan pekatu egiten da agindu onen kontra? Jaungoikoaren izena desonrauagaz: 1. aotan arturik lotsa eta itzal baga, destañaz eta burlaz; 2. erneguagaz eta biraubagaz; 3. juramentu guzurrezkoagaz: eta 4 eskiniriko gauzak ez eginagaz, edo eskintsaririk edo botoak ez beteagaz.

        Zeinbat eratara egin leiteke erneguzko pekatua? Lautara: 1. Jaungoikoari, Andra Mariari edo santuai, eurai dagoken zerbait, kenduagaz, berbarako, esanik: «Jaungoikoa ez dala arteza», «Andra Maria ez zala izan garbiya»: 2. eurai ezarriyagaz, eurai ez jatorkena, berbarako, «Jaungoikoa dala gorrotoduna»; 3. kriyaturai ezarriagaz, Jaungoikoari dagokona, berbarako, esanik, «urliyak daukala Jaungoikoak baño jakituria geiago», «berendiya dala Jaungoikoa baño artezago»: 4. Jaungoikoaren eta santuen izenak madarikatuagaz, edo aotan destañaz artuagaz, zein dan pekatu onen erarik ezainena eta lotsagarriena.

        Zer da birauba? Jaungoikoaren izena aotan artutea, gatxen bat norberarentzat edo bestentzat eskatuagaz.

        Pekaturik egin baga geratu leiteke, erneguak edo biraubak ekanduz edo oituraz botaten dituzana? Baldin, garbaturik eta damuturik ondo, badauko asmu eta erabagi sendo eta errimea, ekandu edo oitura txar ori kenduteko, oiturearen indarrez erneguren bat edo birauen bat urteten badeutso bere, ez da izango pekatu, ez daukalako bear-besteko ezauperarik; baña ekandu edo oitura txar ori eukirik, bera sustraitik atera eta kenduteko, aleginak egiten ez badituz, egiten da errudunago eta txarrago.

        Zer dinozu, juramentuen izena geiyenean emoten jaken berba lotsagarrizko orreen ganean? Badoaz Jaungoikoaren edo santuen izenagaz alkarturik eta baturik, dira ernegu egiazkoak, eta beti dira txarrak eta arriskugarriak, bada eguneroko ikusiyak irakasten dau, euretara oituten dana, elduten dala ernegugilla izatera.

        Zer egin bear dogu, erneguren bat entzuten dogunean? Bedeinkatu bear dogu, beintzat gure barruan, Jaungoikoaren izena eta erregutu bear dogu ernegugilleagaitik.

        Zer da juramentu guzurrezkoa? Jaungoikoa guzurraren ikusletzat ekartea, edo egiya baga, arteztasun baga eta premiña baga juramentu egitea.

        Ze pekatu da juramentu guzurrezkoa? Egiyari uts egiten badeutso, beti izango da pekatu ilgarria; arteztasunari uts egiten badeutso gauza andiyan, izango da pekatu andiya edo ilgarria, txikian bada, pekatu txikia edo arina; eta bakarrik uts egiten badeutso premiñeari, izango da pekatu txikia edo arina.

        Gauza txarren bat egiteko juramentu egin dabenak, bete bear dau eginiko juramentua? Ez zelanbere ez; pekatu egin eban, juramentu eginagaz, eta pekatu egingo dau, eginiko juramentua beteagaz.

        Ze pekatu da, eginiko eskintsariak edo botoak ez betetea edo austea? Ilgarriya edo andiya, gauza andiyan izan badira, eta txikiyan izan badira, pekatu txikiya edo arina.

 

JAZOEREA

        Amar urtetik amabi urteko mutil bat, eskolatik urten ezkero, biurtu zan bere etxera, bearbada zerbait beranduago beste egunetan baño; eta beruagaitik bere aita guztiz aserratu zanak, agiraka gogorrak egin eutsazan, eta denpora berean egiten zituzan Jaungoikoaren izen santuaren kontrako erneguak eta biraubak. Estuturik bere semetxua alako berbeta zantar eta deabruzkoakaz, etzuten da bere aitaren oñetan, eta, belaunbiko dagoala bere aurrean, dirautso:— «Neure aita, kastigau nagizu neu, baña arren ez egizuz atera zeure aotik Jaungoikoaren izen santuaren kontrako orrelako ernegu eta biruabak».— Arriturik aita, bere erneguak eta biraubak ainbestean bildurtu eta ikaratuten ebela bere semea, ikusiyagaz, bere semearen irakatsi ona izan zan asko eta naikoa, aurrerantzean ernegurik eta biraurik geiago ez egiteko.

 

 

Irakatsi 7.a:
Irugarren agindua

 

        Zein da irugarrena? Domekak eta jaiyak gordetea. Nok gordetan dituz jaiyak? Meza oso bat entzun, eta premiña baga biarrik egiten ez dabenak.

 

AZALDUEREA

        Nok imini izan dituz jaiyak? Jaungoikoak munduaren asieran imini izan eban zazpigarren eguneko atsedena; eta gero, mesederen bat egiten ebanean, aginduten eban egin zeitela urte guztietan mesede aren gomutea, eta beraganako esker-ontasuna erakusteko, gorde zeitela jai bat.

        Ez da bada Eleizea, jaiyak imini eta kenduten dituzana? Egiaz, Eleizeak, Jaungoikoaren agintaritasuna daukanak, Espiritu Santuagandik argitasunak eta zuzenbideak artuten dituzanak, imini izan dituz jaiyak, Jesukristoren, Andra Mariaren eta santuen ezkutapenak onretako; eta agintaritasun berberagaz kendu leikez, zerzeridadeak alan eskatuten dabenean.

        Zelako onera eta mesedeak dakardez jaiyak? Eleizearen gogoagaz gorde ezkero, 1. onretan dabe Jaungoikoa; 2. gomuta eragiten deuzkue geure azkena; 3. aurreratu eta zirkinduten gaituez, gauza onak egitera; eta 4. emoten deutse denporea biarginai eta langillai, euren gorputzeko indarrak barriztatzeko eta geituteko.

        Bada zelan gordetan dira jaiyak? Egite onakaz eta santuakaz, diran legez: limosnak, erreguak, Sakramentuak, eta onelango gauzak; eta batezbere Meza Santua entzunagaz, zein dan, pekatu ilgarriaren beian aginduten jakun egitea.

        Zer da Meza Santua? Jesukristo gure Jaunaren gorputzaren eta odolaren oparia, Jaungoikoari eskiniten jakona bere nagusitasun gorengoaren ezaugarritzat, beragandik arturiko mesedeakgaitik eskerrak emoteko, geure pekatuen kitugarri eta orderako, eta bizitza on eta santua iragoteko, bear diran grazia eta laguntasuna jaritxi eta alkantzetako.

        Zelan entzun bear da? Itzalagaz, gogo onagaz, onerazpenagaz eta osotasunagaz.

        Zelan entzungo dogu itzalagaz? Egonik taiyu eta ganora onean eleizean, soñeko eta jazteko antz-onekoakaz bertara joanik, berbetan, barreka, albuetara begira, zeresana eta pekaturako bidea emon leikean guztia, egin ezagaz.

        Zelan entzungo dogu gogo onagaz? Mezatan egonagaz, eta gogo ona galdu leikean guztia, egin ezagaz; baña ez da gauza bearrekoa eta noraezekoa agindu au betetako, abade meza-emotzallea ikusi eta bere berbak entzutea; asko eta naikoa da alkarturik eta baturik egotea beste enparau meza-entzulleakaz alako eran eze, beste enparauak agertuten dituezan ezaugarriyetatik, ezagutu al daitekeala zetan doian Meza santua.

        Zelan entzungo dogu onerazpenagaz? Jesukristoren pasinoe santua ondo gogoratuagaz, edo beste eskabide eta erregu batzuk eginagaz; eta onetarako lagunduten dau onerazpenerako liburuak.

        Zelan entzungo dogu osotasunagaz? Asieratik azkeneraño Meza osoa entzunagaz; orregaitikbere, bat elduko balitz, ebanjelioa edo kredoa amaitu baño lenago, beteko leuke agindu au.

        Nortzuk dira, Mezea entzuteko eginbearrik ez daukenak? Ezintasunean aurkituten diranak, diran legez geisoak, osatu-bitartedunak, eta alan beste asko.

        Eta gogo bagarik euren guraz dagozanak, berbetan, lo dagozanak... Meza santuaren zati andiyan, edo ez entzuteko arriskuan iminten diranak, zelako pekatua egiten dabe? Pekatu ilgarriya; baña zati ariñean eta konsagrazinoetik kanpora bada, egingo dabe pekatu ariña.

 

JAZOEREA

        Jaungoikoak berak agertu eta adierazo eban agindu au berba onekaz:— «Gomutau zaitez, zapatuko eguna santututeagaz: sei egunean biarra egingo dozu eta egingo dozuz zeure lan guztiak, baña zazpigarrena da zeure Jaungoiko Jaunaren eguna. Egun onetan ez dozu egingo lan serbigarririk batbere, ez zeuk, ez zeure semeak, ez zeure alabeak, ez zeure otseinak, ez zeure abereak, eta ez zeure etxean aurkituriko arrotzak; bada Jaunak egin zituzan sei egunean zerua, lurra eta itxasoa, eta euretan dagoan guztia, eta atseden egin eban zazpigarren egunean. Orregaitik Jaunak bedeinkatu eta santutu eban zapatuko eguna».

 

 

Irakatsi 8.a:
Irugarren Aginduaren kontrako pekatuak

 

        Eta zelako pekatua egiten dabe, premiña bagarik jai egunetan biarra edo lana egiten dabenak? Ilgarria, ordu bi baño luzeago lanean jardun ezkero, eta ordu bitik beera jardun ezkero, geiyenean pekatu arina egiten dabe.

 

AZALDUEREA

        Zelako lanak dagoz laketurik jai egunetan? Gorputzeko neke andirik ez dakarden, jaunai dagokezanak, diran legez irakurtea, iskribidutea, ibiltea, eta onelako beste asko.

        Zeintzuk dira, galerazota dagozanak? Gorputzeko nekea dakardenak eta langillai dagokezanak, diran legez, lurra landutea, josten egitea, etxegintzan ibiltea, eta onelako beste biar eta lan gogorrak egitea.

        Noz egin leitekez lan oneek jai-egunetan, pekatuan jausi bagarik? Oitura oneko aldiyetan, diran legez, jatekoa gertu eta prest imintea, etxea garbitutea; premiña egizkoko denporan, diran legez, menazteak urtuteko aldiyetan; guztioen onak edo lagunurkoaren premiña andiyak alan eskatuten dabenean, berbarako, etxeren bat erretan dagoanean, premiñadunari lagundu bear jakonean; eta Eleizako nagusiak eskubidea emoten dabenean.

        Bada ze gatx edo kalte egiten da, jai-egunean biarra edo lana eginagaz? Jaungoikoaren kontra pekatu eginagaz ganera, ausirik bere agindu santua, kalte egiten deutse arimeari, gorputzari, munduko alkartasunari eta lurreko ondasunai eurai.

        Ze kalte egiten deutso arimeari? Jai-egunean biarra edo lana egiteko ekandu txarrak, pekatu ilgarriagaz ganera, dakarz arimara fede eta errelijinoe santuen gitxituerea eta galduerea, eguneroko ikusiyak eta jazoereak irakasten dabeen legez.

        Ze kalte egiten deutso gorputzari? Osasunaren ganeko jakituriak irakasten dau, geratubagako lanak laburtuten dabela bizitzea, gitxituten dituzala gorputzeko indarrak eta gatx eta kalte andiak ekarten deutsazala osasunari.

        Ze kalte ekarten deutsoz munduko alkartasunari? Jai-egunetan biarra eta lana eginak, emoten daben pekaturako bideak, egiten dau: 1. galdu daitela Jaungoikoaren bildurra; 2. gitxitan euki daitezala agindu guztiak, zergaitik, baldin bat gitxitan euki al baleiteke, baitabere beste enparauak; eta 3. aintzat euki ez daitela nagusitasun guztia, zergaitik ez dago nagusitasunik, lotsa eta itzalagaz begiratuten jakonik, Jaungoikoaren nagusitasunari lotsa eta itzalagaz begiratuten ez jakon lekuan.

        Ze kalte egiten deutse lurreko ondasunai? Gorputzari eginiko gatxetik datozan kalteakaz gañera, gauza ziurra da, Jaungoikoak ukatu edo laburtu leikeoela bere bendezinoa kanpoai, bialdu leikezala legortasuna, sikutea, arriya, gorriñea, langillearen neke eta izerdiyak utsera bota eta ezereztuko dituezanak; edo geisotasunen bat edo zorigatxen bat, ondatu eragingo deutsana, daukan eta irabazi izan daben guztia, Jaungoikoaren jai-egunak ondo gordetan ez dituzanari.

        Beti da pekatu ilgarria, ordu bi baño luzeago biarra egitea? Baldin biarra edo lana bada serbigarri arina ed pekaturako biderik emon baga, jazo leiteke pekatu ilgarria ez izatea, ordu bi baño luzeago egin arren bere; baña bada serbigarri andia edo emoten bada pekaturako bidea, izango da pekatu ilgarria, ordu bira eldu ez arren bere.

        Beste zeintzuk lan dagoz galerazota jai-egunean? Pekatuak, dantza nastuak, joko larregiak, ordikeriak, eta batzuk jai-egun santuetan egin daroezan nasaikeria eta nabarmenkeriak.

 

JAZOEREA

        Israeltarrak eremuan bizi zirala, artu eben jai-egun baten, egur-sendor bat batuten ebillan gizon bat. Eroana izanik gizon au Moisesen, Aaronen eta gizon zar guztien aurrera, oneek agindu eben sartu egiela presondegian, ez ekielako zer egin beragaz, arik eta Jaunagaz itandu artia. Eta Jaungoikoak esan eutsan Moiseseri:— «Egizu ila izan daitela bereala etxaguntzatik kanpora, eta erri guztiak arrika egin dagioela». Eta alantxe egin zan, erri guztiak arrika ilten ebela.

 

 

Irakatsi 9.a:
Laugarren Agindua.
Semealaben edo mendekoen eginbearrak

 

        Zein da laugarrena? Gurasoai lotsea gordetea. Nok gordetan deutse lotsea gurasoai? Euren esana egin, eurai lagundu eta eurai lotsa ona deutsenak. Nortzuk egiten dabe onen kontrako pekatu ilgarria? Etxeko joanetorriai eta oitura onai dagokeezan gauzetan, euren gurasoai menderatuten ez jakezan semealabak; euren bear-orduetan eta premiñaldietan lagunduten ez deutsenak; eurak madarikatu edo eurai irri eta barre egin edo eurai eskua ezarten deutsenak; eta euren bendezinoe eta oneretxia baga, ezkonduteko asmuan dabilzanak. Beste zeintzuk dira, gurasoen lekuan ezagututen diranak? Adinean edo urtetan, duintasunean edo aginpidean eta ardurapenean nagusiak diranak.

 

AZALDUEREA

        Zelako eginbearrak zarratuten dira laugarren aginduan? Semealaben eta mendekoen euren gurasoakganakoak eta nagusiakganakoak: gurasoen eta nagusien euren semealabakganakoak eta mendekoakganakoak; eta bakotxaren bizierari dagokazanak.

        Zeintzuk dira semealaben euren gurasoakganakoak? Zor deutsez maitetasuna, esanekotasuna, lotsea eta laguntasuna.

        Zelan maitetu bear dira gurasoak? Maitetasun egiazkoagaz eta betikoagaz, eurakgandik artu izan diran onegin eta mesede andiakgaitik; eta onen kontrako pekatua egiten dabe, eurai gorroto deutsenak, eurai eskua ezarten deutsenak, eurak madarikatuten dituezanak, euren gatxagaz poztuten diranak, eta beste onelako lotsabagakeriak eurakaz egiten dituezanak.

        Zelako esanekotasuna euki bear da gurasoakaz? Arin, laster eta pozik egin bear dira euren esanak, Jaungoikoaren aginduak legez, zeñaren ordekoak diran lurrean; pekatu egiten dabe, euren esanak egiten ez dituezanak, berandu eta gogo txarragaz egiten dituezanak, onelan eurai aserratu eragiten deutsela.

        Zelako lotsa eta itzala euki bear jake? Lotsa, itzal, begiraune eta moduonekotasun guztiz andia; pekatu egiten dabe, eurak gitxitan daukezanak, eurai barre eta burla egiten deutsenak, eurai euren utsegiteak et aargaltasunak arpegian emoten deutsezanak, eurak aintzakotzat ez artu eta eurakaz lotsatuten diranak, eta beste onelako gauza txarrak egiten dituezanak euren gurasoakaz.

        Noz izan bear dira lagunduak? Arimako eta gorputzeko premiñetan; pekatu egiten dabe, eurai euren premiñaldietan eta ezeukietan bear dabena emoten ez deutsenak, euren zartzaroan lagunduten ez deutsenak, euren geisotasunetan jaramonik egiten ez deutsenak, Sakramentu Santuak denporaz artu dagiezan, ardurarik artuten ez dabeenak, edo eural il eta gero, Jaungoikoari eurakgaitik erregututen ez deutsenak.

        Zelako aldiyetan ez dogu egin bear gurasoen eta nagusien esana? Ez dogu egin bear euren esana, aginduten dabeenean edo galerazoten dabenean zerbait, Jaungoikoaren borondatearen kontrakoa dana: «zergaitik lenago egin bear da Jaungoikoaren borondatea gizonena baño».

        Zelako eginsariak eskiniten deutsez Jaungoikoak, euren gurasoakaz onak eta errukiorrak diran semealabai? Mundu onetan bizitza dontsu eta zorionekoa, eta bestean eginsari betikoa.

        Zer izango da, euren gurasoakaz donga eta txarrak diran semealabakaz? Izango dira Jaungoikoaren eta gizonen madarikatuak, eukiko dituez zorigatx eta kastigu asko eta andiak bizitza onetan eta bestean.

        Nortzuk besterik adietan dira gurasoen izenagaz? Nagusiak alan arimakoak zeinda gorputzekoak.

        Zeintzuk dira arimako nagusiak? Aita Santu Erromakoa, Apezpikoak edo Obispoak, Arimazainak, Abadeak eta aita-pontekoak.

        Zeintzuk dira gorputzeko nagusiak? Erregeak, ardurapentzallak, agintariak, ugazaba eta etxekoandrak, maisuak eta zarrak.

        Zer zor deutsegu nagusiai? Maitetasuna, esanekotasuna eta lotsa ona.

 

JAZOEREA

        Euren gurasoakaz txarrak eta dongak izaten diran semealabak, geiyenean eukiten dabeen kastigua, da eurak bere euren semealabakgandik gogortasunak eta lotsabakeriak artutea. Ondo jakina eta ezagutua da, Aristotelesek dinoana seme baten ganean. Seme galdu au, sarturik aserre guztiz andian, azartuten da bere aita zarrari eskuak ezartera, eta oraturik bere buruko uletatik, eroaten dau tatarraz goiko eskallera-burutik bere etxeko atarteraño. Etxeko ate-buruan aurkituten zala, deadar egin eban aita zar errukigarriak, esaten zituzala berba oneek: «Geratu adi, semea, bada kastigu asko eta naikoa artu juat onezkero; zergaitik neuk bere beste denpora baten leku onetaraño ekarri nijuan tatarraz neure aita zarra, ik ni legez».

 

 

Irakatsi 10.a:
Nagusien eginbearrak

 

        Agindu onetan, semealaben euren gurasoakganako eginbearren ostean, zarratuta badagoz besten batzuk? Bai, aita; ugazabak eta nagusiak euren mendekoakaz, eta gurasoak euren semealabakaz daukezanak. Zeintzuk dira orreek? Eurak janaritutea, eurai irakatsiak emotea, eurai agiraka egitea, eurai egikera edo erakusmen onak emotea eta erazko bizibidea bear dan denporan emotea. Zelako pekatua egiten dabe, eginbear oneek benetan ez dituezanak? Geiyenean ilgarria edo mortala.

 

AZALDUEREA

        Zelan beteko dabe, eurak janarituteko dauken lenengo eginbearra? Euren bizitzearen eta premiña gorputzekoen ardurea eukirik, zuzenduten deutsezala bizigarriak eta jaztekoak, euren biziereari dagokazanak; euren geisotasunetan eurai lagundurik eta galbide eta arriskuetatik eurai alde eraginik.

        Zelan beteko dabe, eurai irakatsiak emoteko, dauken eginbearra? Argibideak eurai emonik, zuzenduten deutsezala maisuak edo irakaslak, irakatsi dagioenak, eurak ez dakiena, eta bear dana, arimak salbetako, eta etxadiarentzat eta munduko alkartasunarentzat oneragarriak eta mesedegarriak izateko.

        Zelan beteko dabe, eurai agiraka egiteko dauken eginbearra? Ondo zaindurik euren bizierea, euren oiturak eta adiskidetasunak; beti zuzenduten dituezala bide onetik eta kastigetan dituezala errime eta zurtasunagaz bearreko denporan.

        Ze gauzatan emon bear deutse egikera edo erakusmen ona? Gauza guztietan; Jaungoikoaren maitetasun eta bildur santuan, errelijinoeko eginbearren betetasunean, moduontasunean, lanean; beti egiten dabeela eurakaz, ondoena dala eretxiten jakena.

        Zelan beteko dabe, eurai bizierea emoteko dauken eginbearra? Lenengo, irakatsirik langintzen bat edo biargintzen bat, zeñegaz irabazi al dagien, biziteko bear dabena; eta bigarrengo, emonik eurai eretxiona, batbere bildur baga, bizibidea autu eta artu bear dabeenean, bakarbakarrik begiratuten deutsela Jaungoikoaren zorionari eta euren semen arimako onari.

        Zein da sementzat langintzarik edo biargintzarik onena? Geiyenean, euren gurasoak daukena, zeñetan aurkituten dabeen semeak erraztasun geiyago, gastu eta arrisku gitxiyago.

        Nori dagoko bizibidearen autuerea? Semeai, zergaitik eurak irago eta eroan bear dituezan, autuera onetik edo txarretik datozan kalteak edo onerak; baña gauza ona eta egokiya da, semealabak euren gurasoen oneretxia eta borondatea aurrez entzun eta jakitea.

        Zeintzuk guraso dira guztiz donga eta txarrak? Jaungoikoaren egikerea eragotzi eta desegiten dabeenak, edo ilten dituezanak euren semealabak, jaiyo baño lenago, edo deslai itxiten dituezanak, jaiyo eta gero; euren semealaben aziera errelijinoe santukoaren ardurarik artuten ez dabeenak, aziten dituezala, arimarik ez baleuke legez, edo iminten dituezala maisu, irakasla eta ugazaba txarren eta dongen ardurara; eta euren semealabai pekaturako bidea emoten deutsenak, gaiztakeriaren eta pekatuaren lupatzan sartu eta ondatuten dituezala.

        Zeintzuk dira ugazaben eta nagusien eginbearrak? Gurasoak euren semealabakaz daukezanakaz ozta bardiñak.

        Beste zeintzuk eginbear zarratuten agindu onetan?

Bakotxaren biziereari dagokazanak, diran legez osagillearenak, maisuarenak edo irakaslearenak, senarrarenak, emaztearenak, eta beste onelango asko.

        Badago zerzeridade berarizkoren bat eginbear oneetan? Nai ta naiez jakin eta ezagutu bear dituez, eta pekatu egiten dabe, eurai uts egiten deutsen guztiyan nagitasunez, ardurabakotasunez edo ez jakinez.

 

JAZOEREA

        San Francisco Salesek dino, San Bernardoren amak eukala, bere semeak, jaiyo orduko, bere besoetan bat banan artu eta Jaungoikoari eskiniteko oitura on eta santua; eta ordu atatik begiratuten eutsela itzal andiyagaz, Jaungoikoari eskiniriko gauza bateri legez, eta Jaungoikoak bere eskuetan iminiriko ondasun andi bateri legez, ondo azi eta gordetako. Eta ain dontsua eta zorionekoa izan zan oitura au eze, bere zazpi seme guztiak izan ziran santuak.

 

 

Irakatsi 11.a:
Bostgarren Agindua

 

        Zein da bostgarrena? Iñor ez iltea. Zer aginduten da agindu onetan? Iñori, ez egikeraz, ez berbaz, ez gogoz, kalterik ez egitea. Eta agindu onen kontrako pekatu ilgarria nok egiten dau? Norberaren buruari edo besteren bati eriotzea nai beste kalte andiren bat opa deutsanak, baita gorroto deutsanak; iñor il, edo zauritu, edo jo daianak; ordiyak; osasuna galdu eragiteko janariak artuten dabezanak; norberaren burua il edo ilteko arriskuan iminten dabenak; eta norbera nai besteren bat gatxtzetsi edo madarikatuten dabenak. Zer da madarikatutea edo birao egitea? Batek norberarentzat edo beste batentzat gatxen bat eskatutea, berbarako, esanaz: or jausiko alaz ilik. Eta zelako pekatua da birao egitea? Gatx andiaren gurarizkoa bada, ilgarria. Eta ainbagakoa danean? Arina, beti ezarren. Nortzuk bada egiten dabe pekatu ilgarria, onelango gurari baga birao egiten dabenean? Geiyenean mendekoen aurrean birao egiten dabeen gurasoak eta nagusiak; baita onetarako ekandua euki eta kenduteko aleginik egiten ez dabenak bere. Eta zergaitik alan? Euren berbakaz eta erakusmen txarrakaz zirikatuten dituezan besteak, Jaungoikoa gauza astunean iraindutera, eta oni deritxo pekaturako-bidea-emotea edo eskandalua.

 

AZALDUEREA

        Zer galerazoten da agindu onetan? Norberari edo besten bateri gatx egitea bizitza arimakoan edo bizitza gorputzekoan.

        Zelan gatx egin al leiteke bizitza gorputzekoan? Egitez, berbaz edo gurariz.

        Nortzuk gatx egiten dabe egitez? Besten bat il, zauritu edo joten dabenak; norberak bere burua ilten dabenak, bere bizitzea arriskuan iminten dabenak, edo zelanbait bere osasunari kalte egiten deutsanak.

        Nozbait izan leiteke leketua eta bidezkoa, besten bateri gatx egitea edo bizitzea kendutea? Bai: 1. norbera zaindu eta gordetako, gauza bearrekoa eta premiñazkoa danean; 2. guda edo gerra artezean; eta 3. Auzi-epalleak atarako erabagia emoten dabenean guztiyen onagaitik.

        Norberak bere burua il al leike, edo imini al leiteke, bere bizitzea galduteko arriskuan? Atarako asmua artez daukala, iñozbere ez: baña orrelango asmurik ez daukala, imini leiteke, bere bizitzea galduteko arriskuan, alan eskatuten dabeenean Jaungoikoaren zorionak, guztiyen on andi arimakoak, norberarenak edo bestenak; berbarako, penitenzia egiteagaitik, geiso txar geisotasun eraskorrakaz edo kolereagaz dagozanai lagunduteagaitik, Eleizakoak ilaginean dagozanai emoteagaitik, eta beste onelango gauzak egiteagaitik.

        Nortzuk egiten dabe pekatu, euren osasunari kalte egiteagaitik? Tema edo aposta gogorrak egiten dituezana, janari kaltegarriak artuten dituezanak, ordituten diranak; eta ordikeria da pekatu ilgarria, adiñeko argitasuna edo ezauperea galdu eragiten dabenean, aserrekuntzai, burrukai eta pekaturako bideari oña emoten deutsenean.

        Zer da bikuda edo desafioa? Biyen arteko burrukea; ataitik bereala izaten bada, deituten jako aserrerea; denporea, lekua, ikuslak eta beste onelango gauzak izentauta danean, deituten jako dueloa edo burruka zerzeridadeakaz egina, pekatu guztiz andia dana.

        Zelan pekatu egiten da berbaz agindu onen kontra? Burla eta barreakaz, iraingarriakaz, birao eta madarikazinoakaz, besteai aserratu eragiteko, edo atsekaberen bat emoteko, diran berba guztiakaz.

        Zelan pekatu egiten da gurariz? Gorrotoagaz, ondamuagaz, ikusiezinagaz: besteai gatxak eta kalteak opa izanik, jazoten bajakez, poza arturik, auren onakaz atsekabea eta min arturik, eurak gorrotaurik, eta maitetasunaren ezaugarriak eurai ukaturik.

        Nortzuk geiyago dira, onetan uts egiten dabeenak? Euren barriketakaz, berbeta dongakaz eta auzuetako barriemoteakaz, areriyotasunak, aserrakuntzak eta bengantzak iminten dituezanak.

        Zelan gatx egiten da bizitza arimakoan? Pekaturako-bidea-emoteagaz edo eskandaluagaz, zein dan berba edo egikera guztia, osoro ona tea arteza ez dana, besteai pekatu eragiteko oña emoten deutsena.

        Zeinbat eratarakoa izan leiteke pekaturako-bidea emotea edo eskandalua? Bitakoa: atarako asmoa artez daroana, eta onelango asmobagea.

        Zer da pekaturako-bide-emote edo eskandalurako asmoa artez daroana? Pekatuan jausi eragin gura dabena, berbarako, dongaro egitea eskaturik, agindurik, ederturik, eta beste onelango zirigarriak txarrerako emonik, eta au da demoninoen pekatua, zergaitik alan egiten dabena, biurtuten da demoninoaren lagun eta biargilla izatera, Jesukristoren odolagaz erosiriko arimak betiko galduteko.

        Zer da orrelango asmorik ez daroana? Besteak pekatura eroateko asmo baga, egiten danean edo esaten danean zerbait arimen galdugarria dana.

        Nortzuk dira pekaturako-bidea-emotearen errudun andiyak? Liburu eta paper txarrak eskribidu edo zabalduten dituezanak; euren berbeta eta esakune dongakaz arimak nasaitu eta txartuten dituezanak, nasaikeria eta nabarmenkeria orreek laketu eta ontzat iragoten dituezan ugazaba eta guraso Jaungoikoaren bildurbagakoak; gizon arimabagakoai eta errelijinoebagakoai laguntasuna emoten deutsenak.

        Eta besteai, esan diran eraren baten, gatx edo kalte egiten deutsenak, badauke eginbearren bat? Geratuten dira, eginiko gatxak eta kalteak osotuteko eginbear estu eta gogorrean.

 

JAZOEREA

        Bein baten Jesukristok artu eban mutiltxu gazte bat, eta, iminirik guztien aurrean, esan eban:— «Nigan sinistuten dabeen umetxu oneetatik bateri, pekaturako-bidea emoten deutsanari, obeto izango litzakeo, errota-arri bat bere samatik lotu eta botako balebe itxasoko ondarrera. Ay munduarena pekaturako-bidea emoteagaitik! Zergaitik gauza bearrekoa da pekaturako-bidea-emotea etortea; baña, ay, arako gizonarena, zeñegandik datorren pekaturako-bidea».

 

 

Irakatsi 12.a:
Seigarren Agindua

 

        Zein da seigarrena? Aragizko pekaturik ez egitea. Zer agimduten da agindu onetan? Izan gaitezala garbiyak gogo, berba, egite eta gurariyetan. Nortzuk dira, agindu onen kontrako pekatu ilgarria egiten dabeenak? Gogorazinoe loiyak, erakutsi ez arren, edo erakutsi gura ez arren egikeretan, bururatuagaz, jakinoro poztuten diranak; gauza zikinak esan eta kantetan dituezanak, edo gogoz entzuten dituezanak; baita norberagaz edo bestegaz eskuketa, ukutute, egite ezainak eta zantarkeriak egiten dituezanak edo egin gura dituezanak.

 

AZALDUEREA

        Ze pekatu galerazoten dira agindu onetan? Garbitasunaren kontrako berbak, gurariyak, gogorazinoak, edo norberagazko nai besteagazko egikera loiyak eta ezainak.

        Badago agindu onetan zerbait, berarizkoa eta apartekoa danik? Bai: eta da, ez dagoala gauza arinik edo txikirik, da esatea, guztia dala pekatu ilgarria, agindu onen kontra doiana; eta bakarrik izango da pekatu arina, adinaren aldetik bearreko ezauperea edo borondatearen bearreko erabagia ez dagoanean.

        Zer geiyago galerazoten da agindu onetan? Pekatu onen jatorriya edo sustraiya izan leitekean guztia; diran legez, irakurte nasai eta ezainak, begirakune zantarrak, berbeta eta adiskidetasun arrisku andikoak, dantza eta ikusgarri pekaturako-bide-emongarriak, eta artuemon eta joanetorri maitetsu luzarokoak.

        Nortzuk dira guztizko errudunak agindu onetan? Dantza eta ikusgarri nasaiegiyak euren etxetan asmau eta eukiten dituezanak; adiskidetasun luzegiyak eta bakarregiyak laketu eta ontzat emoten dituezan gurasoak; pekaturako bidea emon edo pekatu egiten irakasten dabenak; euren berbaldiakaz, billostasunakaz, eta edergarri eta apaingarriakaz, pekaturako aurrerabidea emoten dabeenak; gauza ezainak eta zikinak eskribiduten dituezanak, edo euren antz eta irudiyak egin edo erakusten dituezanak.

        Ze kalte egiten dau pekatu onek? Pekatu ilgarri guztiak beragaz dakarzan kalteakaz gañera, kalte andiya egiten deutse gorputzari, entzute onari, ondasunai, eta arimeari.

        Ze kalte egiten deutso gorputzari? Gitxituten deutsoz indarrak eta sendotasuna, eta sarri askotan elduten da osasuna galdu eta bizitzea laburtu eragitera.

        Zergaitik kalte egiten deutso entzute onari? Dalako pekatu ezaina eta itsusiya, bera egiten dabena, lotsariz eta iguingarriz betetan dabena.

        Zelan kalte egiten deutse ondasunai? Loikeriazko ekandu zital onek beragaz dakarz nagitasuna, alperreria, biarraganako gorrotoa, gauzak dongaro gastetea, eta onek guzti onek eroaten dabe biziera errukigarri, estu eta larria.

        Zelako kalteak egiten deutsoz arimeari? Illunduten deutso adineko argitasuna, errazoia bera galdutera bein baño geiyagotan elduten dala; beragaz dakarz sinisbagatasuna, Sakramentu Santuak dongaro artutea, umetxuen ilgintzak, gogait egin eta itxaropena galdutea; eta ez deutso itxiten, infernuko ondarrera bota artian.

        Gauzaren bat, garbitasunaren kontrako pekatu dan ala ez, ezbaiyan dagoanak, zer egin bear dau? Itundu bear da bere konfesoreagaz, eta bitartean itxi bear dau egin baga, badaezbadan daukan gauzea.

        Zeintzuk gauza dira, garbitasuna zaindu eta gordetan lagunduten dabeenak? Nagitasunetik eta arriskuetatik iges egin eta urrindutea, Sakramentu Santuak sarri artutea, erregu eta eskabideak egitea, Andra Mariaganako onerazpen eta maitetasuna, Jaungoikoaren aurrean beti ibiltea.

 

JAZOEREA

        Enrique zortzigarrena, Inglaterrako erregea, bere lenengo urtetan izan zan Eleizearen seme otzana, mena eta esanekoa, eta beraugaitik irabazi eban «Eleizearen zaintzallearen» izen eregi eta argitsua: baña loikeriazko griña zitalaren mendeko eta azpiko eginik geratu zanean, aztu zituzan bere eginbearrak, galdu eban siniste santua, alderatu zan Eleiza egiazkoagandik, egin zan Anglikanismoaren, au da, hereje arimagaldukuen buru eta agintari, Jesusen errelijinoari gorrotoz begiratu eta milla txarkeria egiten eutsazan, erbestuten zituzan Apezpikoak edo Obispoak eta Fraileak, oneen aberastasunak eta ondasunak beragandu zituzan, eta asko eta askoi emon eutsen martiriyoa. Bere griña zantar, ezeri bere jaramonik egiten ez eutsanak, ainbestean itsutu eban eze, egin zituzan, gogoratu eta iruditu al leitekean nasaikeria eta txarkeria guztiak, eta azkenean il zan, penitenziarik egin baga, Jaungoikoak bere agindupian iminiriko erreñua, Erromako Eleiza Santutik atera ezkero.

 

 

Irakatsi 13.a:
Zazpigarren Agindua

 

        Zein da zazpigarrena? Ez ostutea. Zer aginduten da agindu onetan? Ez dagigula iñoren gauzarik kendu, ez euki, ez gura izan, jaubeak gura ez dabela.

 

AZALDUEREA

        Zeinbat eratara pekatu egin leiteke agindu onen kontra? Askotara, lenenak dira: lapurretea, iñorena bide txarrez eukitea, kalte egitea, engañua, irabazgoiya, gurariya.

        Nortzuk pekatu egiten dabe lapurretaz? Iñorena artuten dabeenak, jaubeak gura ez dabela; eta au egiten bada isilean eta ezkutuan, deituten jako ostutea, eta jaubearen aurrean eta indarrez egin ezkero, deritxo arrapakeria.

        Nortzuk pekatu egiten dabe engañuz? Euren gauzak txarrakaz nastaurik, edo pisu eta neurri laburrakaz, salduten dituezanak; saldu-erosietan engañuren bat sartuten dabeenak besten kaltean.

        Nortzuk pekatu egiten dabe, iñorena bide txarrez eukirik? Besten ondasun eta gauzak, euren jaubeak gura ez dabela, daukezanak; euren zorrak pagetan ez dituezanak, eta biarginai eta alogerekoai bearreko eginsari eta alogerak denporaz emoten ez deutsezanak.

        Nortzuk dira kalte egitearen errudunak? Besteai gatxen bat edo kalten bat zelanbait egiten deutseenak, su emonik etxeai, soloai, basoai, eta beste onelako txarkeriak eginik; edo galdu eraginik dongakeriaz ondasunen bat, zeñeganako eskubidea euken besteak.

        Nortzuk egiten dabe irabazgoiya? Emoniko diruagaitik edo beste gauza desegingarriak epean emoteagaitik, irabazi larregiak edo euneko geiyegiak eroaten dituezanak, atarako eskubide zuzenik euki baga.

        Nortzuk pekatu egiten dabe gurari txarrez? Iñoren ondasun eta gauzak zikozkeriaz gura dituezanak, ikusirik ondamuagaz besten zoriontasuna, eta euren ondasunen jaube izateko gogoa eukirik.

        Nortzuk geiyago pekatu egiten dabe agindu onen kontra? Lapurretea, edo kalten bat, egiteko, laguntasuna emoten dabeenak, agindurik, atarako aurrebidea emonik, lagundurik eta beste onelako gauzak eginik; osturiko gauzetan alde artuten dabeenak, edo erosten dituezanak, jakinik osturikoak dirala.

        Eta ezkonduen artian eta gurasoen eta semealaben artian aurkitu leiteke lapurretarik? Bai: zergaitik bakotxak daukaz bere ondasun eta gauzak, eta ez da gauza bidezkoa eta arteza, euretan kalte egitea.

 

JAZOEREA

        Fraile-etxe bat egiteko lurra artu izanik San Eloyk errege bategandik, etxea amaitua izan zanean, ikaratu zan ikusirik, emon izan jakon lurra baño oiñ bat geiyago artu ebala. Estutasunez eta atsekabez beterik joan zan erregeagana, eta bere aurrean belaunbikoturik, eta bere begi biyetatik negar-malku ugariyak eriozala, parka eskatu eutsan, gaiztakeria andi bat egin izan baleu legez. Erregeak, alako egite on eta samurraren saritzat emon eutsan beste ainbeste lur, eta San Eloy bere aurretik joan zanean, esan eutsen beragaz egozanai:— «Begira zelakoak diran Jesukristoren jarraillak eta ikaslak: nire mendeko agintariak eta zuzentzallak kenduten deuste, al dabeen guztia, eta Eloy ainbestean estutu eta larrituten da ontza bat lurreagaitik».

 

 

Irakatsi 14.a:
Zazpigarren Aginduaren jarraipena

 

        Nortzuk egiten dabe onen kontrako pekatu ilgarria? Esaniko edozein gauza orrek egiten dituzanak, edo besteari zelanbait kalte egiten deutsenak bere ondasunetan, gauza andian izan ezkero. Eta besteari, edozein eratara dala, kalte egiten deutsenak, geratuten dira eginbearren bategaz? Geratuten dira, osturiko gauza guztiak eta eginiko kalte guztiak ainbat lasterren biurtu eta osotu edo ordainduteko, eginbear gogor eta astunean.

 

AZALDUEREA

        Ze pekatu da lepurretea? Berez da pekatu ilgarria, bada San Pablok dino: «Ez dabeela eukiko Jaungoikoaren erreñua lapurrak ez zikoizkeriazaleak».

        Beti da pekatu ilgarria? Ez: izan leiteke pekatu arina, bearreko ezauperea edo erabagia euki ezagaitik, eta gauza txikian danean.

        Zeinbateko gauzea da asko eta naikoa, pekatu ilgarria izateko? Onen ganean ezin emon leiteke neurri edo erabagirik, zergaitik begiratu bear jake, jakiteko eta erabagia emoteko, pekatu ilgarria dan ala ez, lapurretea edo kaltea egiten jakenen biziereari eta bere zerzeridadeai, eta baitabere etorten jakezan kalteai, eta beste onelako gauzai; neurri edo erabagi guztirakotzat irakasten dabe jakitun eta erakusla batzuk, «besteari egun bateko bizigarri edo janari bearrekoa, eta berari jatorkana, ostutea dala pekatu ilgarria».

        Lapurreta txikiak egin leikee pekatu ilgarria? Bai: 1. gauza andi eta astuna egitera elduten diranean lapurreta txikiak; dendariak eta saltzalleak pisu eta neurri labur eta txikiyagaz salduerosiyak egiten dituezanean, jazoten dan legez; Eta 2. batek ostuten dabenean gauza txikia, lapurreta andira elduteko gogoagaz; berbarako, neskatilla serbitzalla batek, gauzak erostera doianean, bakotxean zentimo batzuk ostuten badituz, soñeko bat egiteko bear dabeneraño ostuteko gogoagaz.

        Pekatu au da gorrotogarria? Bai; ezin-geiyagoan: 1. beragaz daroalako ezaintasun lotsagarrizkoa; 2. lege guztiak gogortasun andiagaz kastigetan dabeelako; 3. beragaz daroalako, osturikoa biurtu eta kalte eginikoa ordaindu edo osotuteko eginbear estua, arimea betiko galdu gura ez bada.

        Premiñazkoa eta naita naiezekoa da osturikoa biurtutea edo kalte eginikoa ordaindu edo osotutea? Al izan ezkero, da osoro premiñazkoa eta naita naiezekoa, eta ez da geratuten beste igeslekurik ezpada biurtu osturikoa edo betiko galdu arimea; bada dino San Agustinek «ez dala parkatuten pekatua, ez bada egiten biurtuerea, al danean».

        Eta biurtuerea egiteko ezinean aurkituten danak, zer egin bera dau? Euki bear dau egiteko asmu errime eta erabagi sendoa, al dabenean; eta bitartean egin bear dau, al daben guztia, betetako bere eginbear astuna.

        Eta nor dago biurtuerea egiteko eginbearrean? Ostu izan dabena edo kalte egin izan dabena, lapurretan egiten zelanbait lagundu izan dabeenak, lapurrak berak egiten ez badau biurtuerea, eta arteztasunaren bitartez lapurretak galerazo al leikezanak eta galerazo bear dituezanak, zaintzallak legez, eta alan egiten ez dabenak.

        Eta nori biurtu bear jako? Jaubeari edo bere jaubegeiai; eta ezin zabaldu leiteke eskekoen eta premiñadunen artian biurtu bear dana, bere jaubea ezagutua danean.

        Eta jaubea agertuten ez bada, geratu leiteke beragaz? Ezzelanbere ez, zergaitik ezin aberastu leiteke iñor osturikoagaz; aldi onetan emon bear jake eskekoai eta premiñadunai, biurtu bear dana.

        Zeinbat biurtu bear da? Jaubeari kalte egin izan jakon beste.

        Eta gauzaren bat topau edo aurkitu izan dabenak, zer egin bear dau? Alegin guztiak egin bear dituz jakiteko edo aurkituteko bere jaubea, eta agertuten bada jaubea, berari biurtu bear deutso; eta alan egiten ez badau, izango da lapurra.

        Eta baldin, aleginak egin ezkero, agertuten ez bada jaubea, zer egin bearko dau? Geratu beragaz edo emon eskekoai.

 

JAZOEREA

        Bide txarretik ondasun eta aberastasun andi eta ugariyak egin zituzan gizon bat, geisotu zan aragiaren ustelera deritxon geisotasunagaz, eta ezaguturik urrean eukala eriotzea, orregatik bere ezin artu eban, biurtu bea ebana, biurtuteko asmua, bere iru semeak premiñan eta ezeukiyan itxite ez-arren. Au jakinik Arimazain on batek, egiten dituz, geisoa ikusteko, alegin guztiak, eta esanik bere etxekoai, berak ekiala,alako geisotasuna osatuteko osagarria, sartuten da geisoaren gelan, eta bere aurrean dagoala, dirautso:— Nik dakidan osagarria, da utsik emongo ez dabena, guztiz erraza, eta batbere minik egiten ez dabena; baña da, diru guztiz asko kostetan dana.— Kostau beite, gura dana, erantzun eutsan geisoak, berreun, bimilla ogerleko: zein da osagarri ori?— Arimazainak esan eutsan: ez da egin bear beste gauzarik ezpada isuri eta bota zure aragi ustelaren gañera gizon bizi eta osasun onekoaren koipe-tantaka batzuk; gatxtasun guztia dago aurkitutean gizon bat, bimilla ogerlekogaitik ordu laure baten bere eskua erretan itxi gura dagiyana.— Nire errukigarria, deadar egin eban geisoak, nun aurkitu orrelango gizonik?— Gozatu eta baketu zaitez, esan eutsan Arimazainak; zuk daukazuz iru seme, eta ez daki iñok zer egin leikean seme batek bere aitaren osasunagaitik; zuk irago dituzuz esturak, larritasunak eta neke gogorrak, zeure semeak aberats itxite arren, deitu egiozu seme nagusienari, gogoratu eragiozu deutsazun maitetasuna, esan egiozu itxiko dozula zeure ondasunen eta aberastasunen jaube, bere aitaren bizitzeagaitik erretan itxiten badau bere eskua; ez daukat badaezbadarik, gurago dabela eta erantzungo dabela; ezpada deitu egiozu bigarrenari, irugarrenari, eta egin egioezuz eskintsari eta agintsari bardiñak. Alan deitu eutsen iru semeai; baña guztiak ao batez ukatu eben egitea, aitak gura ebana, ziñoela: Zoraturik dago gure aita!— Ez dot aituten, esan eban orduan Arimazainak, geisoari begiratuten eutsala; baña bai diñot, zu izango ziñatekezala ero eta zoro andi bat, zeure gorputz eta arimea galduteko eta betiko infernuan erretako arriskuan iminiaz zeure burua, lurreko suban ordu lauren bateko mina irago gura ez dabeen semeak aberats itxiteagaitik. Ondo diñozu, esan eban geisoak, jazoera onek edegi eta zabalduten deustaz begiyak, joan daitezala bereala eskribau baten eske, eta bitartean zuk konfesa nagizu. Gero zuzendu zituzan bere arimako gauzak eta biurtu zituzan osturiko eta kalte eginiko gauza guztiak, bere semeen zoriontasun lurreko eta gerokoari batbere jaramonik egin baga.

 

 

Irakatsi 15.a:
Zortzigarren agindua

 

        Zein da zortzigarrena? Iñori, egin ez dabenik, ez ezartea eta guzurrik ez esatea. Zer aginduten da agindu onetan? Lagunagaitik arin, irazean edo geiagoko bagarik, txarrik use ez izatea, eta bere utseginik ez esan ez entzutea. Nok austen dau agindu au? Bide okerrez eretxia erakusten dabenak, au da, bear dan argitasun baga, iñoren izen ona galdu, bere gauza isillekoa agertu eta guzurrez iraina egiten deutsanak. Eta iñori guzurrezko pekatua leporatuaz, nai egiazko erruak baña isillekoak edo ezjakinak agertuaz, izen ona galduten deutsana, ezer eginbearrean geldituten da? Kenduriko onera eta izen ona biurtu bearrean geldituten da.

 

AZALDUEREA

        Zeintzuk pekatu dira, agindu onetan galerazoten diranak? Lagunaren izen onaren edo egiyaren kontra zelanbait doazanak; diran legez uste edo eretxi largoaia, lekukotasun guzurrezkoa, murmuretea, guzurra, donga-estalkeria, eta beste oneen antzekoak.

        Zer da uste edo eretxi largoaia? Lagunagaitik txarto uste izatea, atarako zergaitiko asko edo naikorik euki baga. Baldin, uste izatea dan denpora berean, geratuten bada kontrako ezdabaidarik, deituten jako suzpitza.

        Zer da murmureta? Da lagunaren kontrako berbeta bidebagakoa; egiten bada, pekatu egiazkoa agertuagaz, da bakarrik murmuretea; baña bada, pekatu guzurrezkoa agertuagaz, deituten jako salgaitza edo lekukotasun guzurrezkoa.

        Zeinbat eratara egin leiteke pekatu au? Lagunari pekatu edo txarkeria guzurrezkoa ezarriagaz, egiazkoa geituagaz, isileko edo ezjakina agertuagaz, egite onari antz txarra emonagaz, lagunaren ontasuna ukatuagaz, gitxituagaz edo ots-otsean alabau eta goratuagaz.

        Esan al leitekez pekatu edo gaiztakeria agiriyak edo jakinekoak? Badira, agiriyan egin izan diranak, edo badira agiriyak, auzi-epallak euren gañean erabagia emon izan dabelako, bai; bakarrik badira agiriyak, jenten artian isillean zabaldu izan diralako, uts egiten jako gitxienez maitetasunari.

        Zer egin bear dau, murmuretea entzuten dabenak? Bera bada nagusia, isilldu eragin bear dau; bada bardiña edo mendekoa, alde egin bear dau leku atatik, berbaldiya aldatu edo beste gauza batzuetara eroan bear dau, edo bere bekoki astunagaz eta arpegi ilunagaz adierazo bear dau ez dala bere gogoko alako murmuretea; eta onetan jakin bear da, pekatu andiagoa egiten dabela batzuetan, murmuretea entzuten dabenak, murmuratzalleak baño. Gorde bear doguz isilleko gauzak? Bai, pekatuaren azpian eta beiaan; naiz dala alan agindu izan dogulako, eta naiz dala jakin dogulako uste ustebaga edo guk jakiteko aleginak eginagaz.

        Gauza bidezkoa eta ona da nozbait, gauza isillekoa agertu eta esatea? Bai; errelijinoaren edo munduko alkartasunaren on guztirakoak alan eskatuten dabenean, edo norberaren nai lagunaren onera andirako danean bere bai.

        Egiten dau pekatu, iñoren kartak irakurri edo zabalduten dituzanak? Bai, austen dituzalako, isilleko gauzea ez agertuteko daukan eginbearra eta jenten arteko eskubide berezkoa.

        Zer da guzurra? Norberaren eretxikoa ez dana, esatea, besteak engañetako gogoagaz; eta deituten jako barregarria, barre eragiteko esaten danean; langarrizkoa, onera edo mesederen bategaitik esaten danean; eta kaltegarria, beragaz kalte egiten danean.

        Ona izan leiteke nozbait guzurra? Iñozbere ez, munduko alkartasunak bere iraupenerako bear dituzan tolesbakotasunaren, leiyaltasunaren eta siniste onaren kontra doialako; baña nozbait, zergaitikotasun artezagaz, ezkutau leiteke egiya, guzurrik esan baga.

        Zer da donga-estalkeria? Norbera bere barruam donga eta txarra izanik, kanpotik eta azaletik ontzat agertutea, engañetako gogoagaz.

        Zelan biurtu eta osotuko da, salgaitzaz edo lekukotasun guzurrezkoagaz kendu izan dan izen edo entzute ona? Desesanik eta ukaturik, lenago guzurraz esan dana, eta juramentuagaz eta norberaren kaltean izan arren bere.

        Eta izen edo entzute ona kendu izan danean, pekatu edo gaiztakeria egiazkoa, baña isillekoa, agertu eta zabalduagaz? Guztiz gatx da biurtu edo osotutea; aldi onetan ondo da konfesoreagaz itundu eta aitutea, edo parka eskatutea, iraina eta kaltea egin izan jakonari.

 

JAZOEREA

        San Agustinek, janorduetan ain ugariya eta geiyenetakoa izaten dan murmuretea galerazo eta kenduteko, imini eragin zituzan bere etxeko jantokian latinezko berso bi, esaten ebenak au:

 

                «Murmurau gura dabena,

                izan daitela emetik joana».

 

        Eta adiskide batzuk lagunagaitik txarto esaka eta berbetan asi ziran egun baten, agiraka egin eutsen, zirautsela:— «Isillduten ez baziran, egin bearko zana zala, edo kendu berso areek leku atatik, edo jagi maitik».— Onelako gogortasuna edo sendotasuna euki eta erakutsi bear litzatekez, ainbeste gatx eta kalte ekarten dituzan murmuretea galerazo eta eragotziteko.

 

 

Irakatsi 16.a:
Eleizearen Aginduak

 

        Esan egizuz Eleiza Ama Santearen aginduak.— Eleiza Ama Santearen aginduak dira bost: 1. Meza osoa entzutea jai eta domeketan; 2. Edolabere urtean bein konfesetea, edo lenago eriotzako arriskuan badago, edo komulgau bear badau; 3. Pasko garizumakoetan komulgetea bere parrokiyan; 4. Barau egitea, Eleiza Ama Santeak aginduten daben guztiyan; eta 5. Amarrenak eta primiziyak edo lenengo ekarriak, edo orren ordez aginduten dana emotea. Zetarako dira agindu oneek? Jaungoikoarenak obeto gordetako.

 

AZALDUEREA

        Arima salbetako edo zerura joateko, asko eta naikoa da Jaungoikoaren legeko aginduak bete eta gordetea? Ez: bete eta gorde bear dira bere Eleizarenak, Jaungoikoak aginduten dabelako, obediu dagiogula Eleizeari, berari legez; eta ezin euki leike Jaungoikoa aitatzat, Eleizea amatzat ez daukanak.

        Badauko Eleizeak, legeak iminteko eskubiderik? Bai; artu izan dabelako Jesukristogandik, eta baitabere dauko, eurak ausi eta gordetan ez dituezanak, kastigetako eskubidea; eta au lurreko edo munduko agintariak beragaz zer-ikusirik ez daukela.

        Zetara zuzendu eta zabalduten da eskubide au? Siniste santuari, oitura onai, Eleizearen ardura eta zuzenereari eta arimen zoriontasun betikoai dagokoezan gauzetara.

        Baldin Aita Santua eta Apezpikoak edo Obispoak badira gizonak, zergaitik obediu bear jake eurai? Jaungoikoagandik artu izan dabeelako, gure arimak zaindu eta jagoteko ardurea, eta beraugaitik guk daukagu, eurai obediuteko eginbear andi eta astuna; daukagun legez, geure gurasoai, agintariai eta nagusiai obediuteko, eurak gizonak izan arren.

        Eleizearen agindu oneek izan leitekez aldatuak edo barriztauak? Bai, badaezbada baga; denporeak, lekuak eta beste onelako zerzeridadeak alan eskatuten dabeen guztian; jazo izan dan legez, Eleizearen bostgarren aginduagaz, bada len amarrenak eta primiziyak edo lenengo etorriyak emoten baziran, orain diruta egiten da euren pagua, Eleizeak erabagi dabelako.

        Agindu oneetik gañera badagoz besten batzuk? Dagoz asko, bete eta gorde bear doguzanak, diran legez Aita Santuaren eta Apezpiko edo Obispoen agindu guztiak, eta eurak betetea edo gordetea da irakatsi onen onerea.

 

JAZOEREA

        Okelarik edo aragirik ezin jan zeitekean egun baten, imini eutsen okelea bere maian Franziako errege Luis amalaugarrenari, eta jan gura ez izanik, bere mendeko soldadu-agintari zar batek egin zituzan alegin guztiak, jan leitekeala sinistu eragiteko, zirautsala: Jesukristok esaten ebala Ebanjelio Santuan, «aoan sartuten danak, ez ebala ezainduten ez loituten arimea». Ez, Jauna, erantzun eutsan erregeak bere nagusitasun guztiagaz, okelea jateak ez dau loituten arimea, ezpada esanik ez egiteak, agintaritasun egiazkoari jarkiteak, eta agindua ez gordeteak. Guztia dago jakitean, Jaungoikoak emon ete deutsan Eleizeari, bere semeai aginduteko eskubidea, eta bere semeak artu ete dabeen, Eleizearen esanak eta aginduak betetako eginbear andi eta astuna: alan darakusku ikasbide kristinauenak; baña zuk irakurten dozun ezkero Ebanjelio Santua, bertan ikusiko zenduan, Jesukristok argiro diñoala: «Eleizeari obediuten ez deutsan edozein, izan daitela jentiltzat eukiya».— Erantzuera eder au zan errege guztiz kristinau onaren duiñekoa.

 

 

Irakatsi 17.a:
Barauba eta janari debekauak ez jatea

 

        Eta laugarrena, zein dan barau egitea, nortzui jagoke? Ogetabat urte daukezanai. Eta zelan barau egin bear da? Janari debekauak itxi eta eguberdian bakarrik janagaz. Eta onetan utsik egin baga, goizean ezer artu al izango ete da? Zergaititasunagaz, au andia izan ez arren bere, ontza bat inguru artu leiteke. Eta gaubean? Apari arintzat, oitura onekoen artean oi dana, artu leiteke, abade edo konfesore zur bati onen galeko ezbaiak erakusten deutsaguzala. Eta zergaititasun egiazkoa baga, barau egiten ez dabeenak, zelango pekatua egiten dabe? Ilgarria. Eta baru-egunetan eta okelarik-ez-jateko egunetan okelarik ez jateko agindua; egun oneetan jatordu baten okelea eta arraña ez nastetako agindua, eta garizuman arrauzak eta esne-janariak, Bula baga, ez jateko agindua, nortzui dagokoez? Adinera edo ezauberara eldu diran guztiai. Zelango pekatua egiten dabe, betetan ez dituezanak? Ilgarria, egunean uts egiten deutseen bakotxean.

 

AZALDUEREA

        Zeinbat agindu dagoz sarturik barauban? Bi: 1. eguberdian bein bakarrik jatekoa; 2. janari batzuk ez jatekoa.

        Zeintzuk dira barau-egunak? Garizumako egun guztiak, ez izanik domekak; lau denporetako egubastenak, barikuak eta zapatuak; adbenduko bariku eta zapatuak; Jesusen jaiotzearen, Espiritu Santuaren etorrerearen, Andra Mariaren igoerearen, San Pedro Apostoloaren, Santiagoren eta Santu Guztien jaiaurreko egun bakotxak.

        Nortzuk ez dagoz, barau egiteko eginbearrean? Ogetabat urte ez daukenak eta irurogei urte irago dituezanak, lan eta biargintza gogor eta neketsuetan egunoroko ogiya irabazten dabeenak, geisoak eta guztiz osatu-bitartean dagozanak, seindun diran edo seina aziten aurkituten diran emakumeak, eta premiñadun aterik ate eskean dabilzanak.

        Barau egiteko agindua ausi baga, itxi al izango da gerorako, bein asi izan dan eguberdiko bazkariya? Zergaititasunen bategaitik itxi leiteke ordulauren edo orduerdi batean; eta zergaititasun egiazkoagaitik egin leiteke bazkariya gaubean, eginik apari arina eguberdian.

        Zelako janariyak artu leitekez apari arinean? Lurretik datozanak, ez badago beste oituren bat edo eskubide agintariak emonikoren bat, beste janari batzuk bere artuteko.

        Edariyak ausi eta galdu eragiten dabe barauba? Euren izatez edariyak bakarrik diranak, ardaoa, kafea eta beste onelangoak legez, ez; eurenez janaritzat ezagutuak diranak, txokolatea, saldea, esnea eta beste onelangoak legez, bai.

        Zeintzuk dira janari debekaubak eta eragotziak? Okelea edo okelatik datozanak; arrautzak, esnea, gaztaia legez, eta onei deituten jake esne-jakiak.

        Zeintzuk dira, janari debekaubak ez jateko egunak? Barauegunetako egun guztiak eta urteko bariku guztiak, zeintzuetan guztietan ezin jan leiteke okelarik; eta garizumako egunetan eta domeketan bere, ezin jan leitekez arrautzak eta esne-jakiak bere, euki ezin zergaititasunik edo Bula Santuak emondako eskubiderik.

        Nortzuk dagoz janari debekauak jateko alizatean? Adinera edo ezauberara eldu ez diranak edo adineko argitasunik ez dauken senbakoak; geisoak eta guztiz osatubitartean dagozanak, eta osagillaren eretxian okela-jakiak bear dituezanak; eskean bizi diranak, jan leikee emoten jakena; euren etxetatik urten eta, euren zereginak eta arazuak egiteko, bidetan dabilzanak, arrain-jakirik, edo beste janari egun aretan debekauta eta eragotzita ez dagoanik, eraz ez badauke edo ezin aurkitu al badabe.

 

JAZOEREA

        Barauba egiteko aginduari, lotsa eta itzal gitxigaz begiratu eta gorroto deutsenak, egiten dituezan urteiyeretatik geiyenekoena da au: esan oi dabe: «Zer deutse Jaungoikoari gure baraubak?». Urteiyera oni erantzuteko, esango deutsuet, Aita Frankok bere «Erantzuera errikorretan», ain ezagutuak eta entzunak diranetan, dakarrena. Ondo adierazo ezkero erri guztien eretxiagaz, liburu santuen irakatsiakaz, igarlen onbideagaz eta beste onelango bagusitasunakaz, barauba dala ona eta egokia Jaungoikoaren aserrea bigunduteko, eta errukitasun jaungoikozkoa eta zeruko laguntasuna jaritxi eta alkantzetako, iminten dau lekukotasun barriya, diñoala: «Jesukristok ondo argiro irakasten deusku dagozala demoninoe batzuk, bita ezin leitekezanak, erreguaren eta baraubaren bitartez ezpada; bera joan zeitenean, bere Apostoloak barauba egingo ebela; irakatsi eutsen zelan egingo eben barauba, eta au asko eta naikoa ez balitz legez, Berberak emon gura izan euskun, barauba egiteko onbidea, joanik eremura edo basamortura, nun egin eban berrogei egun eta gabeko barau gogorra. Baldin, onen ostean, norbaitek itanduten badeutsue, zer deutsen Jesukristori baraubak? erantzun zinaikeoe: Ainbeste deutse, zeinbat deutsan irakasla bateri, bere ikaslak egin dagiela, berak irakatsi izan deutsena. Ebanjelioko jakituria eta irakatsi guztia dago, guk azpiratu eta ezi dagigula geure aragia, eta euki dagigula arimearen mendean; eta zelan barauba dan eginbiderik onena eta egokiena, aragia ezi eta goituteko, guztiz asko deutso Jesuseri, guk barau egin dagigula. Ainbat deutso, zeinbat deutsan osagilla on bateri, bere geisoak artu dagiezala ardura guztiagaz, berak agindu izan deutsezan osagarriak edo osasungeiak. Gure geisotasunik andienak dira aragiaren gozamena, lurreko gauzakganako zaletasun larregia, eta pekaturako etsigitasun eta entzuntasuna; eta barauba da gatx eta geisotasun orreen kontrako osagarririk indartsuena eta eragillena. Ainbat deutso, zeinbat deutsan soldadu-agintariari, bere gudariak edo soldaduak gogor egin dagiela burruka eta esetsiyetan. Barauba da arma bat, esaten eban San Antoniok: demonino guztiai iges eragiten deutsena; zergaitik, zelan janedanetako asebeteak sortu eta ekarten dituzan milla griña eta gurari aberekorrak eta lotsagarrizkoak, baraubak, bestera, geituten dituz gogorazinoe garbiak, eregi eta goratuten dau arimea Jaungoikoagana, eta sendatuten dau, gaiztakeria guztiak laster eta bereala desegin eta goituteko. Ainbat deutso, zeinbat deutsan lege-imintzalla bateri, bere aginduak izan daitezala gorde eta beteak, eta aginduten daben Jaungoikoari, bere mendekoak izan daitezala esanekoak. Eta ainbeste deutso, ezingeiagoan eta egiaz gura dituzalako gure arimen ona, gure esetsialdiak eta burrukak, gure garaitzak, berba baten, gure zoriontasun betikoa; eta, zelan au jaritxi eta alkantzetako, dan barauba eginbiderik sendoena eta eragillena, orregaitik asko deutso guk barau egitea».

 

 

Irakatsi 18.a:
Bula Santuaren gañeko eraiskuna

 

        Zer da Bula Santua? Da Aita Santuaren erabagia, zeñaren bitartez emoten jakezan grazia eta eskubide batzuk, Eleizearen gurte edo kulturako limosna egiten dabenai.

        Zelako eskubideak emoten dituz Kruzadako Bula Santuak baraubaren ganean? Lenengo emoten dau, garizumako egun guztietan arrautzak eta esne-jakiak jateko eskubidea (ez sarturik eskubide onetan abadeak): 2. baru-eguneko egun guztietan okela jan al izatekoa, arima eta gorputzeko osagille biyen eretxiagaz; eta 3. eskubide au zabalago egiten daben Okela-Bulea artu al izatekoa.

        Zelako eskubideak emoten dituz Okela-Buleak? Garizumako eta barueguneko egun guztietan okelea jan al izatekoa, ez izanik auts-eguneko egubastena, garizumako barikuak, Aste Santuko azkenengo lau egunak, eta Jesusen jaiotzearen, Espiritu Santuaren etorrerearen, Andra Mariaren igoerearen eta San Pedro Apostoloaren jai-aurreko egun guztiak, zeintzuetan ezin jan leitekean okelarik, Okela-Bulea euki arren bere.

        Eta Bulea daukenak, nastau leikeez okelea eta arraina jatordu baten, janari debekauak eta eragotziak jateko alizatean dagozan egunetan? Nastau leikeez urteko barikuetan; baña ezin nastau leikeez baruegunetan, ez eta garizumako domeketan bere.

        Beste zeintzuk eskubide emoten dituz Kruzada Santuko Buleak? Lenengo emoten dituz, zeinbatu ezin leitekezan beste parkamen osoak eta aldekorrak, Bulan bertan ikusi leitekezan legez; 2. emoten dau, pekatu loturiko eta gorderiko, bi ez enparau guztiak, parkatuteko eskubidea; 3. eskintsarik edo botoak aldatuak al izateko eskubidea; 4. esan-arteko denporarako emoten dituz beste eskubide batzuk; eta 5. beste enparau Bulak, ilena, okelakoa eta konposinoekoa, artuteko eta euren graziak eukiteko eskubidea.

        Zer emoten dau ilen Buleak? Parkamen oso bat, arima izentau bateri laguntasungarritzat ezarri leitekeona.

        Zer emoten dau konposinoeko Buleak? Konpondu al izatea, bide txarretik eginiko ondasunen ganean, euren jaubea ezagututen ez danean.

        Zeintzuk dira bear diran zerzeridadeak, Bula onegaz konpondu al izateko? Bi dira: 1. ondasunak ez daitezala izan bide txarretik eginak, Bula onegaz konponduteko uste eta gogoagaz; 2. eginik bearreko aleginak, ezin aurkitu eta jakin al izan daitela euren jaubea, ez batera ez bestera eginiko alegin guztiakas bere.

        Zer euki bear dogu geure gogoan Bula Santuen ganean? Dirala eskubidezkoak, eta beraugaitik ez dago, eurak artuteko eginbearrik; baña Bulak artuten ez dituzana, geldituten da Eleizeak guztiai iminiriko legearen azpiyan, eta ezin baliyau leiteke, pekatu egin baga, Bulak emoten dituezan grazia eta mesedeakaz; eta ez deutsala ezer baliyoko, limosnea emoten dabenari, Bulea aintzat artuten ez badau.

        Zetarako izaten dira, Bulea artuten dabeenak, emoten dituezan limosnak? Kruzada Santuaren Bulako limosnak dira eleiza ezeukiyai eta premiñatsuai lagunduteko, eta Okela-Bulearen limosnak izaten dira geisotegietarako, mesedezko-etxetarako eta umezurtzen tokietarako.

        Zer geiago da ondo, onen ganean jakitea? Biargin alogerekoak diranak, ez daukela Okela-Bulea artuteko premiñarik, eta artu ez arren bere, baliyau leitekezala bere grazia eta mesedeakaz, errezaurik Aita-gurea bat, eurakaz baliyetan diran bakotxean.

 

JAZOEREA

        Okelarik edo aragirik ezin jan zeitekean egun baten, egozan jaten mai baten gizakume on eta Jaungoikoaren bildur andiko bat eta mutil gazte zoro eta buru-eretxi batzuk, eurak gizon andiak eta jakitunak zirala usteebenak, eta agura zarrari barre eta burla egiten eutsenak, jaten ez ebalako okelarik, eurak legez, ezpada arraiñak eta debekaurik ez egozan janariak. Gizon onak, amaitu ebanean bere bazkariya, urreratu eta eroan eban beragana, aragiz edo okelaz beterik egoan erretilua, eta orra nun sinistuten dabeen mutil gazte zoro eta donga areek, euren berbeta eta esanak entzunagaz, azpiraturik eta goiturik gelditu zala agura zarra, eta okelea jatera joiala; baña ez zan alan jazo, ezpada arturik bere eskuetan bertako okela-zati andi bat, bota eutsan, an egoan txakur bateri, zirautsala:— «Eutso, bada txakurrentzat ez dozak izan eginak Eleizearen legeak».— Eta onegaz artu eben mutil nasai areek irakatsi guztiz eder bat.

 

 

Irakatsi 19.a:
Errukizko egikerak

 

        Esan egizuz errukizko egikerak. Errukizko egikerak dira amalau, zazpi arimakoak eta zazpi gorputzekoak. Arimakoak dira oneek; lenengoa, ez dakianari irakustea; bigarrena, bear dabenari konseju edo zentzun ona emotea; irugarrena, uts egiten dabena zuzendutea; laugarrena, gatx egina parkatutea; bostgarrena, triste dagoana poztutea; seigarrena, lagunaren falta eta argaltasunak pazienziagaz iragotea; zazpigarrena, biziak eta ilak gaitik Jaungoikoari erregututea. Gorputzekoak dira oneek: lenengoa, geisoak ikustea; bigarrena, gose danari jaten emotea; irugarrena, egarri danari edaten emotea; laugarrena, katiguak askatu eragitea; bostagrrena, bilosak jaztea; seigarrena, erromesai ostatua emotea; zazpigarrena, illai lurra emotea. Zergaitik deritxe errukizkoak? Naita naiezekoak ez diralako. Noz izaten dira agindupekoak? Gizon aituen eretxian astunak eta estuak direan bear-orduetan. Eta errukizko egikera onekaz, eta kristinauak bai egikizunez eta bai gura izate utsez egiten dituzan beste egikera onakaz, zer jaritxi eta alkantzetan dau? Jaungoikoaren grazian badago, irabazten dau, zeruko laguntasuna eta zoriontasuna geitutea, bere pekatuen zorra kitututea, eta Jaungoikoagandik arimako ondasunak eta, bear izan ezkero, gorputzekoaka jaritxi eta alkantzetea. Zergaitik dinozu, Jaungoikoaren grazian badago? Zergaitik pekatu ilgarrian dagozanak eginiko gauza onak, ez zorrik kitutu ez ezer merezi al dabeelako; bakar bakarrik dira jaritxigarriak, au da, euren bitartez Jaungoikoagandik meseden batzuk zelanbait jaritxi eta alkantzau al leitekez.

 

AZALDUEREA

        Lagunari dagokazan aginduak bete ezkero, bete izan doguz, beraganako daukaguzan eginbear guztiak? Ez: lagundu bear deutsagu bere bere arimako eta gorputzeko premiñaldietan, errukizko egikerak betetan doguzala; eginik beragaz, besteak gugaz egitea gurako geunkena, aurkituko bagintzez, berea lako bear-orduan.

        Nortzuk dagoz batezbere, errukizko egikera arimakoak egiteko premiña eta naita naiezean? Nagusi guztiak: Apezpikoak edo Obispoak, Arimazainak, Abadeak, agintariak, gurasoak, irakaslak, maisuak eta beste onelango guztiak, izanik geiyago edo gitxiago astuna eta estua euren eginbearra, andiagoa edo txikiagoa dan legez premiñea.

        Nortzui batezbere dagokoez errukizko egikera gorputzekoak? Aberatsai; bada eurak, euren bizierako bearbearrekoak ez dituezan ondasun enparaudikoakaz, lagundu bear deutse, premiñan dagozanai.

        Zeintzuk dira premiña estuak eta andiak, zeintzuetan lagundu bear dan, norberaren kalteren bategaz edo nekealdiren bategaz izan arren bere? Gorputzari dagokazan aldetik, dira geisotasunak eta bizitzea galduteko arriskua; eta arimeari dagokazanez, dira bearreko gauzen ganeko ezjakite andia, arimea betiko galduteko arriskua edo pekatuan biziteko ekandu txarra.

        Zek aurreratu bear gaituz, errukizko egikerak egitera? Jakiteak, Jesukristok eskini eta aginduta daukala, Berari egina legez artuko dabela, premiñadunagaz guk egiten doguna, eta emongo deuskula bateko eun eta gero zoriontasun betikoa.

        Zeintzuk dira egikera onen onera eta ekarriyak? Lau: irabazigarria, kitugarria, jaritxigarria eta erruki-eragingarria.

        Zein da irabazigarria? Egikera on guztiagaitik irabazten dan graziaren eta zoriontasunaren geitutea; baña onera au artuteko, naita naiez egon bear da Jaungoikoaren adiskidetasunean; da, ondo egiten dabenari, dagokona, eta besteari ezarri ezin leitekeona.

        Zein da kitugarria? Pekatu parkaturikoakgaitik zor dan pena denporazkoaren pagua, Jaungoikoaren zuzentasunari egiten deutsana; au besteai ezarri leitekeoe, baña oneragarria eta mesedegarria izango bajake, naita naiez egon bear dabe Jaungoikoaren adiskidetasunean.

        Zein da onera jaritxigarria? Egikera on guztiak daukan indarra, Jaungoikoagandik jaritxi eta alkantzetako, beragana egiaz biurtu eta bere adiskidetasunean irauteko graziak.

        Zein da onera erruki-eragingarria? Egikera on guztiak, Jaungoikoaren aserrea bigundu eta samurtuteko, daukan indarra, kastigau ez gagizan, eta onera bi oneek ezarri leitekeoez guztiai, pekatuan egon arren bere.

 

JAZOEREA

        San Martinek, soldadua zala, egiten eban bizitza guztiz on eta miragarri bat: egunean egunean emoten eutsen eskekoai eta premiñadunai, bere alogeretik enparetan jakona, bere bizierako premiñak bete ezkero. Egun baten, ez eukirik zer emon, aurkitu eban eskeko osoro bilosik egoan bat, izan arren bere guztiz andi eta ikaragarrizkoa, orduan egiten eban otza; atera eban ezpatea bere lekatik, zati bi egiten dau bere kapea, eta emoten deutso eskekoari bere kapa-erdiya. Urrengo gaubean agertu jakon Jesukristo, eskekoari emon eutsan kapa-erdiyagaz jantzirik. Soldadutzeari itxirik, guztiz eta osoro eskini jakon Jaungoikoari, eldu zan Toursgo Apezpiko edo Obispo izatera, eta bere bizitza guztian izan zan guztiz argitsua eta entzuna bere onoidade zerukoakgaitik, arimakganako bere zaletasun eta maitetasunagaitik, eta bere santutasun miragarrizkoagaitik.

 

aurrekoa hurrengoa