www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Ikasbide kristinaukorraren azalduera laburrak
Andres Iturzaeta
1899

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Aita Gaspar Asteteren ikasbide kristinaukorraren azalduera laburrak, Andres Iturzaeta eta Egia. Roberto Soloaga, 1899

 

 

aurrekoa hurrengoa

BIGARREN ZATIYA: SARREREA

 

 

Irakatsi 1.a:
Itxaropena

 

        Zer da itxaropena? Da onoidade izatezgañetiko bat, Jaungoikoak emoten deuskuna, zeñaren bitartez itxaroten doguzan, berak eskini eta agindu deuskuzan on guztiak, Jesukristoren irabazi edo merezimentuakgaitik eta geure egite onakgaitik.

        Zeintzuk dira, berak eskini edo agindu deuskuzan onak, edo zeren ganekoa da itxaropena? Zoriontasun betikoa, eta au jaritxiteko edo alkantzetako bear diran gauzak, direan legez grazia zerukoa eta pekatuen parkazinoa.

        On denporazkoak edo mundukoak dira itxaropengarriak? Ez; baña izan leitekez, zoriontasun betikorako egokiak, oneragarriak eta mesedegarriak diranean.

        Zein da itxaropenaren oin sendoa? Jaungoikoaren ontasun azkenbagea, on guztiak emon gura deuskuzana eta eskini deuskuzana, eta berak agindu dabena betetako, daukan leiyaltasuna.

        Zergaitik dinozu «Jesukristoren irabaziakgaitik edo merezimentuakgaitik»? Eurak diralako, Jaungoikoak emoten deuskuzan grazia guztien irabazitzallak.

        Bearrekoa eta noraezekoa da itxaropena? Adinera edo ezauberara eldu diranentzat da osoro bearrekoa salbetako.

        Noz egin bear doguz itxaropeneko egiteak? Adinera edo ezauberara elduten gareanean, eriotzako orduan, esetsiyen bat edo tentazinoen bat daukagunean, graziaren baten bear edo premiñan gagozanean, eta sarri geure bizitzan.

        Ze pekatu doaz itxaropenaren kontra? Antustea eta ez-itxaropena.

        Zer da antustea? Da salbazinoa itxarotea Jaungoikoaren laguntasunak baga, berak iminiriko eginbideak baga, edo egite onen bear eta premiña bag.

        Zer da ez-itxaropena? Da salbazinoe betikoa jaritxi eta alkantzetako itxaropenik ez eukitea, edo Jaungoikoak geure pekatuak euren astuntasunagaitik ez deuskuzala parkatuko ustez bizitea eta egotea.

        Zelan batezbere indartuten dogu itxaropena? Erreguaren bitartez, zeinegan eskatuten deutsaguzan Jaungoikoari, berak eskini deuskuzan graziak, eta geure salbazinoe betikorako bear doguzanak.

        Ze onera atera bear dogu irakatsi onetik? Jaungoikoaren ontasunean eta leiyaltasunean errime itxarotea; baña denpora berean bearra egin bear dogu bildur santuagaz, ikusirik geure argaltasuna eta erkintasuna.

 

JAZOEREA

        San Bernardok indartu eta bizkortuten eban bere itxaropena, esanagaz:— «Ni ez naz Jaungoikoaren graziaren duin; baña Jesukristok irabazi euztan bere pasinoe eta eriotzeagaz, eta berak esan euskun:— eskatu egizue eta artuko dozue, eta nire izenean eskatu dagizuen guztia, emongo jatzue;— nik, bada, begiratu neinkeo zerutako erreñuari, neuri jatorkatan gauza bateri legez, Jesukristok beraganako emon euztan eskubideagaitik—.

 

 

Irakatsi 2.a:
Erreguaren izatea

 

        Nok esan eban Aita gurea? Jesukristok. Zetarako? Guri eskatuten irakasteko. Zer da eskatutea edo erregututea? Da Jaungoikoagana biotza jaso eta mesedeak eskatutea.

 

AZALDUEREA

        Zergaitik dinozu «Jaungoikoagana biotza jaso»? Zergaitik erregua da arimearen Jaungoikoaganako zirkin bat, zeñegan billatuten dituzan, bear dituzan onak, eta bera ingurututen dabeen gatx guztien osagarria.

        Ze mesede eskatu bear deutsaguz Jaungoikoari erreguan? Bar doguzan grazia guztiak, eta gatx eta premiña arimakoen eta gorputzekoen, norberarenen eta beste enparauen osagarria.

        Zelan eskatu bear dira grazia orreek? Arimakoak eta salbazinoe betikorako diranak, guztiz eta osoro; gorputzekoak eta denporazkoak, zerzeridadeagaz, au da, geure arimearen onerako badira.

        Jaungoikoak ezin emon leikeguz bere graziak, berari eskatu baga? Emon al dituz eta egiaz emoten dituz graziaren batzuk; baña berak eskini izan dau ez deuskuzala emongo beste batzuk, eskatuten deutsazanari ezpada.

        Zer dator emendik? Bearrekoa eta preminazkoa dala guretzat erregua; bada berau baga, ezin jaritxi eta alkantzau ginaikez, onoidade eta birtuteai jarraituteko bear diran laguntasun zeukoak, ezin azpiratu eta goitu ginaikez gatxtasun eta arriskuak, eta ezin irau ginaike eriotzaraño Jaungoikoaren adiskidetasunean.

        Noz erregutu bear dogu? Sarri; batezbere premiña edo estutasun amdi bakotxarenean edo bestenean ikusten garean guztian.

        Zeinbat dira erreguaren eregitasunak eta anditasunak? Asko; batezberekoak eta lenenak dira: 1. da errelijinoeko egite bat, zeñegaz onretan dogun geure Jaungoikoa, ezaguntzat emoten dogula bere agintaritasun gorena eta ontasun azkenbagea, autortu eta adierazoten doguzala geure mendetasuna eta premiña andia; 2. da gizonaren egiterik goratuena eta andiena, zeñegaz sartuten garean berba egiten Jaungoikoagaz, egiten garean aingeruen irudiko eta antzeko; 3. da osagarri guztirakoa, on guztiak jaritxi eta alkantzetako, eta gatx guztietatik gu libretako edo gordetako.

        Ze onera atera bear dogu esan danetik? Erregua gauza anditzat eukitea, eskatu eta erregututea geure premiña guztietan, eta iñoz ez itxitea, kristinau on baten goizeko eta gabeko lan onak eta eskabideak egiteari.

 

JAZOEREA

        Jesukristo gure Salbagilleak ez bakarrik izan gura izan eban gure erreguaren irakasla, baitabere ispilua. Bere bizitza isileko eta ezkutuko ogetamar urteak izan ziran erreguaren eginera geratubagako bat; bere bizitza agiriari asierea emon baño lenago, aldendu eta joan zan eremura edo basamortura, bertan berrogei eguneko erregua egitera; bere bizitza agirian iragoten zituzan gaubak erreguetan, eta bere eriotzearen aurreko gabean erregutu eban, bere arimea prestau, indartu eta sendatuteko. Berak ez eukan erreguaren premiñarik, baña irakatsi gura izan euskun bere ejenpluagaz, guk egin bear doguna arrisku eta esetsietan.

 

 

Irakatsi 3.a:
Erregu-mueta desbardinak

 

        Zeinbat erakoa da erregua? Bitakoa, adinezkoa eta aozkoa. Zer da erregu adinezkoa? Egiten dana arimearen almenakaz, gauza onen bat gomutauagaz, bere ganean adinagaz gogoratu eta ezagutuagaz bera, borondateagaz eginik egiteren batzuk, diran legez pekatuen damua, edo beste erabagien batzuk, ondo konfesetako edo bizitza txarrari itxi eta bizitza on bat artutekoak. Zer da erregu aozkoa? Da berbakaz egiten dana: esaterako, egiten doguna, Aita gurea errezetan dogunean.

 

AZALDUEREA

        Bearrekoa eta noraezekoa da gogoartea salbazinoe batikorako? Begiratuten bajako esangura edo neurri guztiakaz egina izaten dan legez, ez, zergaitik guztiak ezin egin al leikeen, baña esangura zabalean. au da, begiratuten bajako gauza jaungoikozkoen gogorazinoari legez, bai; bada Espiritu Santuak izentetan dau gogoartea, pekaturik ez egiteko osagarria legez.

        Zeinbat aldiz daukaz gogoarteak? Iru: prestaerea, gorputza eta azkena.

        Zeinbat egite daukaz prestaereak? Iru: 1. sinisteko egitea Jaungoikoaren aurrean; 2. umiltasuneko eta damutasuneko beste egite bat; eta 3. eskabidea, eskaturik grazia ondo egiteko.

        Zeinbat egite daukaz gorputzak? Arimako iru almenak: 1. gomutearena, gomutetan dogula edo irakurten dogula gauza onen bat; 2. adinarena, gauza on ori gogoari ondo emoten deutsagula, aztertuten dogula, zelan bete dogun, irakatsi on orrek aginduten deuskuna, zer egin bear dogun aurrerantzean, zelako onera eta mesedeak ekarriko deuskuzan bera ondo bete eta gordeteak...; eta 3. borondatearena, biztuten doguzala geugan ontasunerako gurari sutsuak, eta egiten doguzala asmu eta erabagi on eta santuak.

        Zelan amaitu bear da gogoartea? 1. eskerrak emonik Jaungoikoari; 2. berari eskinirik asmu eta erabagi eginikoak; eta 3. eskaturik grazia bearrekoak, eurak betetako.

        Zeinbat erakoa izan leiteke erregu aozkoa? irutakoa: agiriya, batabesteagazkoa eta bakarrekoa.

        Zer da erregu agiriya? Errelijinoe santuko otseinak, arimazainak eta elizgizonak Jesukristoren izenean eta Eleizearen ordez egiten dabena; eta auxe da eregiena eta goratuena.

        Zer da erregu batabesteagazkoa? Bik edo geiagok baturik eta alkarturik egiten dabena; eta da indar andikoa.

        Zer da erregu bakarrekoa? Bakotxak bere bakarrean egiten dabena; eta auxe da errazena, bada egin ginaike ordu guztietan eta leku guztietan.

        Ze onera atera bear dogu irakatsi onetik? Egun guztietan edolabere ordu laureneko gogoartea eukitea, eta Errelijinoe santuko eleizkizun eta egite on guztietara zintzo eta leiyal joatea.

 

JAZOEREA

        Aita Suarez adin argikoak eta guztiz jakitunak esaten eban, berak emongo leukezala bere liburu guztiak ordu lauren bateko gogoarteagaitik;— «Santa Teresa Jesusenak esaten eban, gogoarteari itxiten eutsan arimeak, ez ebala bear demoninorik kondenetako»: eta beste leku baten dino:— «Eskini egidazue, ordu lauren bateko gogoartea egunoro egingo dozuela, eta nik Jesukristoren izenean eskiniten deutsuet zerua». —Gersonek ziñoan— «Gogoartea egin baga, ezin iñor bizi leiteke kristinaua legez, mirariz ezpada».— Eta orregaitik Santu guztiak, praile eta monja guztiak, euren arimen ardura andia dauken guztiak, egin izan dabe eta egiten dabe gogoarte ain oneragarri eta mesedegarri au.

 

 

Irakatsi 4.a:
Erreguaren zerzeridadeak

 

        Zelan erregutu bear da? Gogoz, umiltasunagaz, itxaropenagaz eta iraupenagaz. Aita gurea esaten dozunean, nogaz berba egiten dozu? Gure Jaun Jaungoikoagaz. Nun dago gure Jaun Jaungoikoa? Leku guztietan, batezbere zeruan eta altarako Sakramentu guztiz Santuan.

 

AZALDUEREA

        Zelan erregutuko da gogoz? Siniste biziyagaz gogoraturik goazala berba egitera, aurrean daukagun Jaungoikoagaz, eta eginik alegina, gure biotza eta adina joan daitezan gure minagaz eta berbakaz batera.

        Zelan erregutuko da umiltasunagaz? Ezaguturik ez gareala gu, geure pekatuakgaitik, grazia bat bere jaritxi eta alkantzetako duin, eta iminirik geure uste guztia Jesukristoren irabazi eta merezimenduetan, zeñaren izenean eskatu bear dogun.

        Zelan erregutuko da itxaropenagaz? Eukirik siniste andia Jaungoikoaren ontasun azkenbagan, bere altasunean eta bere leiyaltasunean.

        Zelan erregutuko da iraupenagaz? Jarraiturik erreguak egiteari bein eta beste bein, egun baten eta bestean, iñoz nekatu eta gogait egin baga, iminirik geure aldetik dagoan guztia.

        Utsik-egin-ezingarria da erreguaren indarra? Egiten bada zerzeridade esanikoagaz, eskaturik norberarentzat eta arimearen salbazinoerako bear diran gauzak, da fedeko egia, dala utsik-ezingarria.

        Zetan dauko bere utsik-egin-ezintasuna? Jesukristoren egititasunean, zeñek leku askotan eta berba sarri esanikoakaz eskini deuskun. «Bere izenean sinisteagaz eskatuten dogun guztia, emona izango jakula».

        Eta beste batzuentzat eskatuten dogunean, da bardin utsik-egin-ezingarria erreguaren indarra? Onera eta indar andikoz izan arren bere, ez da utsik-egin-ezingarria: 1. Jesukristok alan eskini ez ebalako; 2. zergaitik arako arek, zeñegaitik eskatuten dogun, galerazo leikean erreguaren onerea bere borondateagaz.

        Ze onera atera bear dogu emendik? Onerazpen andiagaz eta esaniko zerzeridadeakaz geure erreguak egiteko asmu eta erabagi errime eta sendua, izan daitezan Jaungoikoaren gogokoak, eta guretzat oneragarriak eta mesedegarriak.

 

JAZOEREA

        San Mateok, bere Ebanjelioko amabostgarren kapituluan dirauzku: «Emakume kananeatar bat joiala Jesusen ondorik, deadar andiakaz zirautsala:— Jesus, Dabiden semea, errukitu zaitez nigaz; nire alabea da dongaro nekatua eta mindua demoninoakgaitik.— Eta Jesusek ez eutsan erantzuten, berak barriz jarraituten eutsan deadar egiteari, eta eldurik bere ikaslak beragana, erregutu eutsen, zirautsela:— «Entzun egizu bere erregua, bada deadarka dator gure ondorik», eta Jesusek erantzun eban:— «Ez naz izan bialdua, Israelgo etxeko ardiakgana ezpada». Baña emakume kananeatarra ez zan deslaitu, ezpada, aurreraturik Jesusegana eta bera adoraurik, esan eutsan:— «Jauna, baliyau zakidaz»; eta erantzun eutsan Jesusek:— «Ez da ondo semealaben ogiya artutea, eta txakurrai botatea». Eta emakumeak esan eutsan:— «Alan da, Jauna; baña txakurrak jaten dituez, euren ugazaben maitik jausten diran ogi-ondarrak». Sinistez eta umiltasunez beteriko berba oneek, aurreratu eta zirkindu eben Jesus gure Jauna, berak eskatuten ebana emotera, eta eregi eta alabetan ebala bere sinistea, esan eutsan:— «O emakumea, andia da zure sinistea; egin beite, zuk gura dozun legez!».— Eta ordu atatik osatu zan bere alabea.

 

 

Irakatsi 5.a:
Aita-gurearen iru eskabide lenengoak

 

        Zein da erreguetatik onena? Aita-gurea. Zergaitik? Jesukristok, Apostoluen eskabidez, bere aoz esan ebalako. Zergaitik geiyago? Karidade eta maitetasun guztian sarturiko zazpi eskabide daukazalako.

 

AZALDUEREA

        Zergaitik diñozu, daukazala zazpi eskabide maitetasun edo karidade guztian sarturikoak? Zergaitik erregu onek zarratuten dituzan, ez bakarrik eskatu eta gura izan bear diran gauzak, baitabere arako era arteza, zeñegaz eskatu bear diran maitetasun edo karidadean.

        Zein da, maitetasunak edo karidadeak aginduten daben era arteza? Guk billatu dagigula lenengo gauzak-ezerezetik-egitearen azkena; bigarren lekuan gizonaren azkena bizitza onetan eta bestean; eta azkenez azken orreek jaritxi eta alkantzetako eginbideak.

        Zein da, guztiaz-ganetik eta lenengo lekuan billatu bear dan gauzak-ezerezetik-egitearen azken guztirakoa eta izatezkoa; eta auxe da, lenengo eskabidean eskatuten doguna.

        «Zein da lenengoa? Santifikadua izan bedi zure izena. Zer eskatuten dozu eskabide orretan? Jaungoikoaren izena izan daitela ezagutua eta onrauba mundu guztian».

        Zein da, bigarren lekuan eskatu bear dogun gizonaren azkena? Salbazinoe betikoa edo Jaungoikoaren erreñuan alde eukitea; eta alde-eukite asiriko bat legez, erreñu orretarako eskubidea emoten deuskun grazia: zein dan, bigarren eskabidean eskatuten doguna.

        «Zein da bigarrena? Betor gugana zure erreñua. Zer eskatuten dozu eskabide orretan? Jaungoikoak agintau dagiala gure ariman emen lurrean graziagaz, eta gero emon daigula zoriona».

        Zein da eginbide bearrekoa eta izatezkoa jaritxi eta alkantzetako, bizitza onetan gura izan bear dogun azkena? Jaungoikoaren borondatea egitea, beterik zintzo eta leiyal bere agindu guztiak; eta auxe da, irugarren eskabidean eskatuten doguna.

        «Zein da irugarrena? Egin bedi zure borondatea zelan zeruan alan lurrean. Zer eskatuten dozu eskabide orretan? Egin dagigula Jaungoikoaren borondatea, lurrean gagozanok, zorionekoak zeruan egiten dabeen legez».

        Zer irakasten deusku Aita-gurearen lenengo zati onek? Maitetu bear doguzala eta guztiaz-gañetik billatu bear doguzala, Jesukristok diñoan legez:— «Billatu egizuez lenengo Jaungoikoaren erreñua eta bere zuzentasuna, eta beste enparau guztia emongo jatzue eraiskunatzat».

 

JAZOEREA

        Itandu eutsan San Inaziok Aita Lainezeri:— «Zer autuko leukean berak, zeruan bereala sartutea, ala lurrean geratutea, Jaungoikoaren zorionakgaitik bearra egiteko», eta Aitak erantzun eutsan:— «Berak autuko leukeala zerura bereala joatea».— «Bada nik, esan eutsan San Inaziok, gurago dot emen geratutea, Jaungoikoaren borondatea betetako eta bere zorionagaitik bearra egiteko; eta nire salbazinoe betikoaren gañean barrtiz daukat uste oso bat, Jaungoikoak eukiko leukeala nire ardurea, eta ez leukeala itxiko galduten, bere amorearen borondatez zeruan sartutea atzeratu eta luzatu ebana».

 

 

Irakatsi 6.a:
Aita-gurearen beste enparau eskabideak

 

        Zein da laugarrena? Egunean eguneango geure ogiya gaur emon egiguzu. Zer eskatuten dozu eskabide orretan? Jaungoikoak emon daigula gorputzerako janari egokiya, eta arimearentzat grazia eta Sakramentuak.

 

AZALDUEREA

        Esan dozu, azkenak eskatu ezkero, eskatu bear dirala, areek jaritxi eta alkantzetako egibideak. Zeintzuk dira oneek? Batzuk dagoz, zuzen lagunduten deuskuenak, eta beste batzuk bakarrik zearka lagunduten deuskuenak, kendurik, azkenetik alde eragiten deuskuen eragozpenak eta gatxtasunak.

        Zeintzuk dira eginbide laguntari zuzenak? Gorputzaren janari egokiya, zeñetan dagoan sarturik, bizitzarako bear dan guztia; eta arimearentzat grazia eta Sakramentuak: eta au eskatuten dogu laugarren eskabidean.

        Ze eragozpenek alde eragiten deuskue azkenetik? Iruk: 1. pekatuak; 2. pekatura zirikatuten gaituezan esetsiyak; eta 3. pekatuaren kastigua diran gatxak: eta gatx onetatik librau gaitezala, eskatuten dogu beste enparau eskabidetan.

        «Zein da Bostgarrena? Parkatu egiguzuz geure zorrak, guk geure zordunai parkatuten deutseguzan legez. Zer ekatuten dozu eskabide orretan? Jaungoikoak parkatu dagiguzala geure pekatuak, geuk, gu iraindu gaituezanai edo gatx egin deuskuenai, parkatuten deutsegun legez».

        Zergaitik imini dau Jaungoikoak zerzeridadetzat edo bañatzat, guk parkatu dagigula, Berak guri parkatuteko? Batezbere errazoe bigaitik: 1. gure artean iraun eragiteko alkarganako maitetasunari; 2. gure argaltasuna eta erkintasuna indartu eta sendatuteko, ikusirik zein erraz jaritxi eta artuten dogun geure pekatuen parkazinoa.

        «Zein da seigarrena? Ez egiguzu itxi esetsiyan edo tentazinoan jausten. Zer eskatuten dozu eskabide orretan? Jaungoikoak itxi ez dagigula, deabruak, pekatuan guri jausi eragiteko, dakarguzan gogorazinoe txarretan eta esetsiyetan jausten, eta ez lekurik eurai emoten».

        Eskatu bearrean, itxi ez dagigula jausten ez litzateke obeto izango eskatutea, librau gagizala esetsietatik? Ez; zergaitik esetsiyak edo tentazinoak eurenez dira guztiz oneragarriak eta mesedegarriak; bada irakasten deuskue, iraun eragiten deuskue umiltasunean, sendatuten gaituez ontasunean, eta aberastuten gaituez bizitza betikoko irabaziyakaz eta merezimetuakaz.

        «Zein da zazpigarrena? Baña librau gagizuz gatxetik. Zer eskatuten dozu eskabide orretan? Librau gagizala Jaungoikoak gatx guztietatik, eta arimako eta gorputzeko arriskuetatik».

        Bada gatxak, diran legez geisotasunak, ondasunak galdutea eta beste onelango zorigatx asko, ezin izan leitekeguz irabazi eta onera andikoak, onian eta eroapenagaz eurak irago ezkero? Bai: orregaitik eskabide onek zuzendu bear dau, geure salbazinoe betikoa arriskuan iminten dabeen gatxetara, diran legez eriotza ustebagakoa eta batbatekoa, irago ezin dogun zorigatxen bat...

        Zelako asmuak atera bear doguz irakatsi onetik? Jesukristok berak eginiko erregu au askotan euki eta itzal andi bat berari izatea, esaten dogula sarri eta onerazpen andiagaz.

 

JAZOEREA

        San Bernardok, erreguak egiten ziarduala, ikusi eban, fraileak koruan erreguetan egozan bitartean, angeruak inskribiduten egozala, eta batzuk egiten ebela urrezko letrakaz, beste batzuk uragaz, eta besteak tinta beltzagaz. Gure Jaunak agertu eta adierazo eutsan ikuskizun onen esangurea, zirautsala:— Angeruak urrezko letrakaz inskribiduten zituezanak, zirala, berotasunagaz erregututen eben fraileak; uragaz inskribiduten zituezanak, zirala, ardurabakotasunen bategaz erregututen ebenak; eta tinta baltzagaz inskribiduten zituezanak, zirala, borondatezko ardurabakotasunagaz erregututen ebenak; alan lenegoak irabazten eben eginsari andi bat, bigarreank ezerberez edo ozta ezerberz, eta irugarrenak ziran kastiguaren duin.

 

 

Irakatsi 7.a:
Zelan erregutu bear deutsagun Jaungoikoari
eta zelan Santuai

 

        Bada zergaitik asieran «Aita gurea zeruetan zagozana»? Jasoteko biotza Jaungoikoagana, eta eskatuteko mesedeak umiltasunagaz eta uste bateagaz. Angeruai eta santuai bere erregutu bear deutsegu? Bai, aita; geure bitartekoai legez.

 

AZALDUEREA

        Deitu gineikeo Jaungoikoari, Aita? Bai; egiaz eta benetan dalako; 1. utsetik-egintasunagatik, bada Berak emon euskun izatea eta bizitzea; 2. gure erosteagaitik, bada Berak erosi eta atera ginduzan demoninoaren mendetik; eta 3. umetzat gu artuteagaitik, bada Berak artu ginduezan bere semetzat Bateoan.

        Eta zergaitik esaten dogu Aita gurea, eta ez Aita neurea? Gomuta gaitezan, guztiok gareala anaiak eta Aita baten semeak, eta daukagula guztiakgaitik eskatuteko eginbearra, iminirik onelan anaetasun guztioen egiazko bat.

        Egonik Jaungoikoa leku guztietan, zergaitik esaten dogu «zeruetan zagozana»? Zergaitik an geiago argi egiten daben bere zorionak, angeruen eta santuen ganean agintauagaz; eta beti euki dagigun gogoan, geure azkena dan zerua, nun agintetan daben gure Aitak.

        Zelako gurariak biztu bear dituz gugan sarrera guztiz samur orrek? Poztasun eta itxaropen andikoak, ikusirik, eskatutera goazan gure Aita, dala zeruetako Erregea, eta bear doguzan on guztien jaubea.

        Eskatu bear deutsagu Jaungoikoari, santuai legez? Ezetara bere ez; Jaungoikoagana zuzenduten gara artez eta osoro, grazia guztien asiera eta emollea dan legez; alan esaten dogu emon egiguzu, entzun egiguzu, parkatu egiguzu...

        Zelan bada eskatuten deutsegu santuai? Bakarrik geure bitartekoai legez, eroan dagiezan gure erreguak Jaungoikoaren aurrera, eta imini dagien euren bitartekotasuna gugaitik; alan esaten dogu: «erregutu egizue, gure bitarteko izan zaiteze».

        Zer adierazoten emon gura dogu, «alan izan dedilla» esan gura daben «amen» berba agaz? Jaungoikoak guri entzun dagigun, guk daukagun gurari beroa eta sutsua, eta guk eskatuten doguna, Jesukristoren irabazi azkenbagakgaitik jaritxiko dogula daukagun uste edo itxaropena.

        Ze onera atera bear dogu emendik? Jaungoikoa semearen uste beteagaz maitetutea Aita legez, eta santuak geure bitartekoak legez.

 

JAZOEREA

        Eskatuten deutsagunean Errege bateri edo beste andiki bateri, guk merezi ez dogun meseden bat, iminten deutsagu bitartekotzat, beragaz lagun edo adiskide danen bat, onek agertu dagion gure gurari edo naizatea, eta egin dagian alegina; eta alan jaritxi eta alkantzetan dogu, guk gura dogun eta merezi ez dogun gauzea; Alan agertuten doguzanean geure erreguak Jaungoikoaren aurrera guk errukigarri eta pekatariok, eta beraugaitik ezer merezi ez dogunok, iminten doguz bitartekotzat Maria guztiz Santea eta santuak, euren erreguakaz eta merezimentuakaz indarra emon dagioen gure eskabideari, eta alan euren bitartekotasunagaitik jaritxi eta alkantzetan dogu geure duinbakotasunagaitik ezin itxaron ginaikeana. Gañera, itxaropeneko eta onerazpeneko egite onegaz, onretan doguz Jaungoikoaren adiskideak diran santuak.

 

 

Irakatsi 8.a:
Dontzellearen erregua

 

        Zelango erreguak egiten deutsaguz batezbere Andra Mariari? Abe-Maria edo Agur-Maria eta Salbea edo Agur-Erregina. Nok esan eban Agur-Maria? San Gabriel gar-angeruak, Andra Mariari agur egitera etorri zanean. Nok esan eban Salbea edo Agur-Erregina? Eleiza Ama Santeak dauko beretuta. Zetarako? Andra Mariari mesedeak eskatuteko.

 

AZALDUEREA

        Zergaitik geiyenean errezetan dogu Agur-Maria Aitagurearen urrengo? Maria gure Amaren bitartekotasunagaz obeto jaritxi eta alkantzetako, Jaungoiko gure Aitari eskatuten deutsaguna.

        Zeinbat alde daukaz Agur-Mariak? Iru: 1. angeruak esan zituzan berba oneek: «Jaungoikoak gorde zagizala, graziaz betea, Jauna da zugaz bedeinkatua andra guztien artian»; 2. Santa Isabelek esaniko berba oneek: «Bedeinkatua zure sabeleko frutua»; eta 3. beste enparau berbak «Santa Maria...», sinistea da izan zirala geituak Efesoko Batzar Santuagaitik bostgarren gizaldian.

        Zeintzuk beste erregu egiten deutsaguz Dontzella guztiz Santeari? Dagoz asko, bere onerazpeneko santuak imini dituezanak, Eleizeak ontzat emon dituzanak eta parkamenakaz aberastu dituzanak; baña lenenak dira Salbea, Letaniak eta Errosario Santua.

        Zer da Errosario Santua? Da, Jaungoikoaren errukitasunari eskatuteko era bat, esanik amabost bidar Aita-gurea, onen urrengo beste ainbeste bidar Abe-Mariaren amarrekoak, gogoratuten dala amarreko bakotxean gure siniste santuko ezkutapenetatik lenenen bat.

        Nok egin eban Errosario Santua? Dontzella guztiz Santeak berak, eta emon eutsan Santo Domingo Guzmangoari, premiña guztien osagarria legez; eta Aita Santu Erromakoak guztiz asko aberastu izan dabe Errosario Santua euren parkamen zenbatu ezingarriakaz, denpora berean adierazo izan dabeela, zein oneragarria eta mesedegarria dan beraganako zaletasun edo onerazpena.

        Ze onera atera bear dogu irakatsi onetik? Dontzella guztiz garbi gure Amari sarri erregututea, batezbere erloioak joten dabenean, goizeko, eguberdiko eta iluntzeko Abe-Mariyetakoetan, gogoratuten dogula geure Erostearen ezkutapena, eta berari emotea beraganako gure maitetasunaren ezaugarria, errezaurik egunean edolabere Errosario Santuaren iru zatiyetatik bat.

 

JAZOEREA

        San Francisco Javier, Jesusen Alkartasuneko goraldia eta edertasuna, izan zan Errosario Santuaren zabaltzalle berotasun andikoa. Ez bere arazu eta zeregin andiakgaitik, bere neke gogorrakgaitik, eta ezergaitik bere, itxi eban egunoro errezau baga bere bizitzako egun guztietan. Beti eroaten eban eskegirik bere samatik, mundu guztiak ikusi egian eta jakin egian, Errosario Santua zala lokarriya, bere biotza Mariaren Biotzagaz batu eta lotuten ebana. Geiso askogana joateko, izanik denpora bat batean deitua, eta ezin ikusi eta lagundu al izanik geiso guztiak egun baten ez eta sarritan aste guztian bere, leku urrinetarako ziralako egiten jakazan deiyak, bialduten eutsen geisoai Errosarioa, zirautsela, al eben errezau egiela, eta ezin beben, imini egiela samatik, eta berba emoten eutsela, batzuk obaria artuko ebela euren geisotasunean, besteak osatuko zirala, eta beintzat ez zirala ilgo Sakramentuak baga. Milla eta milla bidar izan zan egiaztua eta ziurtaua mirari askogaz San Francisco Javieren eskintsari au.

 

 

Irakatsi 9.a:
Maria Dontzella guztiz Santearen eregitasunak

 

        Nor da gure Andra Maria Dontzellea? Da Andra bat jatorrizko pekatua baga sortua, onoidadez betea, Jaungoikoaren Ama dana eta zeruan dagoana.

 

AZALDUEREA

        Zeintzuk dira, Maria Dontzella guztiz Santeagan miraritu bear doguzan eregitasunak edo doerik lenenenak? Bost: 1. bere Sortuera Orbanbagea; 2. bere Santutasun goratua; 3. bere Amatasun jaungoikozkoa; 4. gorputz eta arima zeruan artua-izate zorionekoa; eta 5. bere Bitartekotasun guztirakoa.

        Zetan dago bere Sortuera Orbanbagearen eregitasuna? Bera bakarrik, bere Seme Jesukristoren irabazi edo merezimetu lenaz ikusiagaitik, pekatu jatorrizkoa bagakoa izatean, eta bere Sortuerako lenengo unetik Espiritu Santuaren grazia eta doiakaz aberastua eta edertua izatean, beti izanik ederra, garbia eta zoragarria Jaungoikoaren begien aurrean.

        Zelakoa da bere Santutasunaren eregitasuna? Goratuena eta andiena, egiten dabela berak bakarrik eregitasun berarizko bat, angeru guztiai eta santu guztiai batera aurrea eroanagaz.

        Zelakoa da bere Amatasun jaungoikozkoaren anditasuna? Andiena guztien artian, bada jaso eta goratuten dau duintasun azkenbagako batera legez, egiten dabela Jaungoikoaren Ama, bere garbitasun dontzellakorraren kalte baga.

        Zer miraritu bear dogu zeruetara Igoera dontsuaren ganean? Bere sarrera zorionekoa gorputz eta arima zeruan, nun aurkituten dan angeruen eta gizonen Erregina eginik, eta zeruen eta lurraren Agintari Nagusia dala.

        Zetan dago bere Bitartekotasun guztiena? Gizon guztien Ama, pekatari guztien bitarteko eta grazia guztien zabaltzalle eta emontzalle eginik egotean.

        Eta zer dirauztazu bere Biotz guztiz maitegarriaren ganean? Jaungoikoak egin ebala berariz ezkutapen andi orretarako, emoten eutsazala zoragarrizko edertasun miragarri bat, gizonen biotzak beragana eroaten dituzana, samurtasun eta errukitasun ain andiak eze, guztiakaz errukitu eragiten deutsena, eta eskubide eta agintaritasun azkenbagak legez, izan daiten premiña guztietarako osagarri eta laguntasun sendoa.

        Ze uste edo eretxi euki bear dogu Andra Mariaren eskapularioen ganean? Mariaren onerazpen eta adiskidetasunean bizi diranen ezaugarriak eta igargarriak dirala; dala onerazpen bat Dontzella guztiz Garbiaren guztoz gogokoa, eta Eleizeak ontzat emona.

        Ze onera atera bear dogu irakatsi onetik? Dontzella guztiz santua egun guztietan onretea, batezbere zapatuetan eta bere jaiegunetan, beti eroaten dogula bularrean bere eskapulario santua.

 

JAZOEREA

        San Alfonso Maria Ligoriok, «Mariaren Zoriontasunak» deritxon bere liburuan, dino:— «Zelan gizonak dauken gauza onragarritzat, besteak eroan dagiela euren soñeko ezaugarria, alan Maria guztiz Santeak pozik eta esker onagaz ikusten dau, bere onerazpenekoak eta adiskideak eroan dagiela bere eskapularioa, alan erakusteko, dirala bere mendean biziteko eskinirik dagozanak, eta dagozala sarturik Jaungoikoaren Amaren otseinen eta serbitzarien artian. Gaurko eguneko hereje barriyak, ekanduz legez, burla eta barre egiten deutse onerazpen oneri; baña Eleizeak ontzat emon izan dau bere nagusitasunagaz eta parkamen ugariagaz. Karmengo eskapularioari, Maria samintasunenkoari, Mercedkoarenari, eta batezbere Sortuerarenari, emonik dagozan parkamenak bai partearrak eta bai osoak, bizitzan eta eriotzanirabazi leitekezanak, dira zenbatu ezin leitekezan beste. Niri dagokanez, egin dot, eskapulario guztiak artuteko alegina».

 

 

Irakatsi 10.a:
Irudiyen kultua edo gurtea

 

        Eta altaran dagoana nor da? Da zeruan dagoanaren antz edo irudiya. Eta zetarako dago ana? Bere bitartez gomutau daigun, zeruan dagoana, eta bere irudiya dalako, begirunea izan dagiogun.

 

AZALDUEREA

        Ze gurte edo kultu emon bear deutsagu Dontzella guztiz Santeari? Onorezko eta itzalezko gurte edo kultu berarizko bat, Jaungoikoaren Ama dan legez.

        Eta santuai? Onorezko eta itzalezko gurte edo kultu txikiago bat, Jaungoikoaren serbitzallak diran legez.

        Bat egin eta nastau leiteke, Jaungoikoari emoten deutsagun gurte edo kultua, Maria guztiz Santeari eta santuai emoten deutsegunagaz? Iñoz bere ez; Jaungoikoari emoten deutsagu begirauneko eta mendetasuneko kultu osoa, bere beraren eregitasunagaitik, dalako Jaungoikoa; santuai emoten dautsegu onorezko kultu bat Jaungoikoaganako begirauneagaitik, izan ziralako Jaungoikoaren serbitzallak.

        Izan bear deutseguz begiraune eta itzala Andra Mariaren eta santuen ondar edo errelikiya eta irudiyai? Emon bear deutsegu onorezko kultua bera, ez eurak eurakgan dauken gauza geikorragaitik, ezpada eurak adierazo eta esan gura dabeenagaitik.

        Irudiyai emoten jaken gurteak edo kultuak, badauko zerbait ondo ez dana eta guzurrezkoa dana? Ez: zergaitik eurai emoten deutsegun kultua, ez da guk sinistuten dogulako, eurakgan aurkituten dala birtuten bat edo eregitasunen bat, ezpada zuzenduten da, zeruan dagozan Andra Mariagana eta santuakgana, zeintzuk ezin onrau al izanik guk, emen lurrean ez dagozalako, onretan doguzan euren antz eta irudiyen bitartez.

        Agertu eta azaldu daikedazu au bardinkuntza bategaz?— Ama batek daukaz maitegarritzat eta guztiz bere gogokotzat, bere seme ilarin edo urrin bizi danaren irudiya eta beste gauzak; maitetasun eta gogo on au ez deutse, gauza areek eurakgan dauken geikorragaitik, ezpada zuzenduten dira, irudi eta gauza areek gogoratu eragiten deutsen bere semeagana.

        Zer dirauztazu, Andra Mariari emoten jakazan izen gañerakoakgaitik? Eurak geure gomutara ekarten deuskuezala ezkutapen bat, jazoeren bat, mirarien bat, edo Mariaren irudiyen jatorrien bat; baña guztiak zuzenduten dira Jaungoikoaren Amagana.

        Ze onera atera bear dogu esan danetik? Andra Mariari eta santuai euren irudi, antz, errelikiya eta izen gañerakoetan onretea eta itzal andia eukitea.

 

JAZOEREA

        Guztiz entzute andikoa eta ospetsua da, Andra Mariak Lourdesen egin eban agertuerea; agertuera au izan da ainbeste ezdabaiden eta errazoen ostean egiazkotzat ezagutua eta ziurtaua, mirari ugari eta askogaz sendatua, bertan eginiko pekatarien biurrera santuakgaitik egiaztua, eta Eleizeak ontzat emona. Bertara joaten dira urte guztietan, ezin zenbatu al beste erromes penitenziagillak, agertuera onen azkena zan pekatarien euren Jaungoikoaganako biurrera santuagaitik, eskatu eta erregututeko. Ez dogu bere aztu bear españatarrok, Andra Mariak, aragi ilkorrean bizi zala oraindik, Zaragozako urian Santiagori eta bere ikaslai egin eutsen agertuerea, emoten eutsela irudi bat pilar ganean, bere bitartekotasunaren eta Españan siniste santuak utsik egingo ez daben ezaugarri ziurtzat.

 

 

Irakatsi 11.a:
Angeruak

 

        Ze gauza dira Angeruak? Zeruan Jaungoikoagazko atseginetan dagozan espiritu uts zorionekoak dira. Zetarako ezerezetik egin zituzan gure Jaun Jaungoikoak? Beti beti bera alabau eta bedeinkatu dagien. Eta zetarako geiago? Bere serbitzariak legez Eleizea zuzendu eta gizonak zainduteko. Beraz zuk bere badozu Angeru-jaolea? Bai, badaukat; eta gizon bakotxak dauko berea.

 

AZALDUEREA

        Zein da Angeruen izatea? Dira espiritu osoro utsak, batbere gorputzik ez daukenak.

        Zelako egoeran ezerezetik egin zituzan Jaungoikoak? Graziazko egoeran: eta alan iraun ebenak, dira Angeru onak; baña Jaungoikoaren kontra jarki eta urten ebenak, izan ziran infernuan ondatuak, eta oneek dira demoninoak.

        Zeinbat dira Angeru onak eta zelan berezituten dira edo desbardinduten dira euren artian? Dira zenbatu ezin leitekezan beste, eta ezagututen dira iru batin-txekia edo jerarkia eta bederatzi korutan: lenengo batintxekian: Serafinak Angeru Jaungoikoaren amodioz sutuak, Kerubinak edo Angeru jakin-beteak eta Tronoak edo Angeru jargoiak; bigarren batintxekian: Dominazinoak edo Angeru menpetzalleak, Birtuteak edo Angeru indartsuak eta Potestadeak edo Angeru zeruko mendeak, eta irugarren batintxekian: Prinzipaduak edo Angeru lenendaitzak, Arkanjeluak edo Goiangeruak eta Angeruak; azkenengo oneek dauke gizonak zainduteko ardurea.

        Ze onera eta mesede ekarten deuskuz Angeru-jaoleak? Guztiz asko; lenenak dira: beti lagun egiten deusku, irakasten deusku bere argitasunakaz, libretan gaituz arrisku askotatik, jaritxi eta alkantzetan deuskuz grazia eta laguntasun zerukoak, esetsiak eta tentazinoak azpiratu eta goituteko eta gure erregu eta eskabideak eroan eta agerturik Jaungoikoari.

        Zelako kultua emon bear deutsegu Angeruai? Santuai emoten deutseguna bera, bada, euren eregitasuna izan arren andia, dira kriatura utsak.

        Zelakoak dira, eurakganako dauzkagun eginbearrak? Lotsa eta itzala izan bear deutsegu euren gure aurrean egoteari, jarraitu bear deutsegu erraz eta umiltasunagaz euren argitasunai; erregutu bear deutsegu uste osoagaz geure arrisku eta premiñetan, eta onrau bear doguz egun guztietan.

        Ze onera atera bear dogu irakatsi onetik? Egun guztietan geure Angeru-jaoleagana zuzendutea, egiten deutsagula erregu au:— «Angeru santua, Jaungoikoak bere ontasun amaibageagaitik nire zaintzalle zu imini zaituzana, argitu nagizu, zaindu nagizu, zuzendu nagizu eta erondu nagizu».

 

JAZOEREA

        Eremu eta basamortuko Aita bateri itandu eutsen baten, zer egiten eban beti pozik eta bake dontsu bardin baten egoteko, berak erantzun eban:— «Gogoratuten naz, beti dagoala neure ondoan neure Angeru-jaolea, neure premiña guztietan lagunduten deustana, une eta aldi guztietan zer egin bear dodan eta zer esan bear dodan irakasten deustana, eta gero nire egikerak inskribiduten dituzana, nik egiten ditudazan legez. Gogorazinoe onek lotsa eta itzal onez betetan nau, eta galerazoten deust egitea, bere gogoko ez dan guztia».

 

aurrekoa hurrengoa