www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Beribilez
Jean Etxepare Bidegorri
1931

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Beribilez, Jean Etchepare (Maria Jose Kerejetaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1988

 

aurrekoa hurrengoa

XI
BERTZE BIETAN AGERTZEN

 

        Gain-behera luze bezain ezti batek bageramatza xuxen bertze herri bildu-bildu, pollit batetarat. Embil aita seme pilotariak hemen direla bizi nik erran orduko, ihardesten dautet bertzeek: Orio! Bi oren lehenago iragan bagine, plazaratu zitzaizkikedan ene lagunak, ikusteko «joko garbiaren» aldezkari biak han othe zirenez. Aithor dut jarraiki nintzaikeela gogotik, beso zalu, xuxen, eta indar-neurri onekoa baitute bai aitak bai semeak.

        Badugu bertzalde zer ikus, gure bideari goazilarik. Ohartzen gira Bilbaoko olhentzat adailu bereziak egiten dituen fabrikari. Etzen segur hoin handi, gerlako lehen urthean. Aitzin-paretatik hitz larri batzuek iragartzen daukute, han moldatu adailuari sua ezin ditakela aiher. Ez balakite orok, guk bezala, ez dela adailurik su-gar biziskoarentzat guti edo aski minbera ez denik!

        Behinik behin, olhetako labeak berotuaren ariaz barnetik erreak eta janak izaiten ohi dira hiru ilhabeteren buruko. Azken gerlaren ondarrerat, lasterrago ere ez othe ziren kaskailtzen? Berri-berritarik egin batzu aldean badituzte beharrik ordaintzat, andeatu direneko. Horrela, lana bethi aitzina badoa, Bilbaon eta... Orion.

        Burdin-bide bat sartzen da delako fabrikaren barneraino. Aldeanbertze iragan orduko, agertzen zaiku Oria deitzen duten ibai polita. Apur bat zabaltzen da aipatu fabrikaren gibelean, hunek ukan ditzan, geiez bethetzeko nola etekinetarik husteko, bi errextasun: bat burdin-bidez, bertzea urez-ur. Erregebidea behar-orduko, hirugarren. Ederki.

        Ephe berean, arteka batetarik, ibaia ikusten dugu sartzen itsasorat. Gure loria itsasoaren begiztatzetik bigarren aldikotz, erran dugun bizkarrak Zarauzetik hunat gordetzen baitzaukun! Bainan, agertu orduko, egundaino bezala itzaltzen zaiku, egundainoko bizkar konkor luzeak gure sahetsaren parrez-par kukutua. Ikusi diogu haatik, nahiz doidoi, belazko untzixka bat, uhin gaxtoetarik landa eztiki zalantzatuz han-harat zoana, urrun.

        Guti bada guti, zonbat atsegin eman daukun guti horrek, nola adiaraz?

        Burrunban badoazkigu otoak mazela batean harat, bethi iparrerat buruz, Eskuinetarik, harana badarraikigu luzatuz, bainan zabaldu gabe hanbat, konkor berak erakusten dauzkigularik mendi-alde. Estaltzen den bezenbat du apaintzen belhar xehe batek. Sagardirik ez dugu bizkitartean ikusten. Adituaren adituz, uste ginuen Gipuzkoa sagar-ondoz landatua zela guzia! Ontsa nahi ginuke jakin nun egiten diren bada sagarno gozo, ezti, ahotik ezin-utzi hek, Normandiakoak heien aldean ez baitira pitar batzu baizik.

        Eskualde huntan, Gipuzkoako urgulu bakarra erregebidea ditake. Erdian bezain berdina da eta leuna bazterretan, sahetsetako arlaraino. Izerdiño bat badario bere azal beltzetik, iguzkiaren beroak jauzarazia. Nun holako biderik Frantzian?

        Zuhatzik ez du bizkitartean, doi itzal emaiten luketenik bidezkariaren gozagarritzat. Urrun othe gira bada oraino Donostiatik? Ez dut uste. Eta orhoitzeak berak atsegabezen nu.

        Garbiki erraiteko, ez dut maite Donostia. Aspaldiskoan, urthetik urthera ttipitu zait, ez bakarrik hiriarenzat naukan amodioa, bainan oraino tokiaren beraren alderakoa. Iduri zuen hunek ohantze bat lehen, laborantzako alhor bat, baratze bat kasik. Itsas-aldetik, dakizun bizkar konkor harek berak beiratzen zuen. Ez osoki, haatik; arteka batetarik uzten zuen itsaso-muttur bat sartzera alhorreraino, zabaltzera ere ba apur bat, eztiki. Arteka haren arditik xutitzen zen mendoi kazkar arkaizdun bat, iduriz itsasoaren oldarra hobeki hausteko oraino. Iuzpegi ala eguerdi alderat, lerdoin gorasko batzuek inguratzen zuten, mailez-mail bat bertzea baino larriago.

        Orai, baratze, alhor, pentze, iraztor, bazka-leku hek, dena etxe dira. Egoitzetako harri lantuek dituzte estali. Badela egoitza ederrik ez dut ukatuko, bainan arras gutiak dira begiarentzat bezala adimenduarentzat eder direnak. Geihenek badute eskas bat: arimakoa.

        Egileek beldurra dut etzakiten Olerkia zer den. Erosoan bizitzea, ba; ez, ordean, zeru-alde noizean behin gogoaren airatzea.

        Mediterranea etzuketen ezagutzen; Grezian gaindi etzitazken ibiliak nihoiz.

        Gaur den egunean, arruntago baizik ez da bilakatu jendea, han nola bertzetan. Metaka sartzen da atzerritarra. Aberasten duke tokia, bainan ez hobetzen. Aberastasuna ez da aski, gizonaren ontzeko. Ardurenean ez othe du apaltzen, bizizale zuhur eta geroago lehiatsuago batetik eginez gozazale iztil bat?

 

* * *

 

        Herri handi eder bat aurkitzen dugu bidean: Usurbil. Eder eta handi bezain aberatsa izan behar da, bazter zabala du eskuin alderat. Ez gira baratzen. Uste baino urrunago kausiturik Donostia, gure otomobilen gidariek akulatzen dute zoinek gehiago bere zaldia. Aurkintze huntako laborantzak ez du bertzalde deus, so gagozkiokenik.

        Kilometra andanaño baten buruko, gure ezkerretarikako bizkarra goratzen da, mendixka bat egiterainokoan. Ohartzen niz hunen gainean eraikia den hôtel handiari. Begien aitzinean dugu geroztik Igueldo deitzen duten mendiñoa; helduak gira Gipuzkoako hiri-nausirat.

        Huna, zolan, hiriko karrikak; huna, ezkerretarik, itsasoak berriki ginion artekatik hiriraino sartzen duen muttur kamutsa. Itsasoa bera ez da zeiharka baizik ezagun, bere mutturraren erditsutan xutitzen zaion mendoiak erdi-gordetzen duelakotz, xuxenetik beha legokeonari. Huna oraino, gure eskuinetarik, lerdoin batzu dena jauregiz estaliak: hotarik ederrena lehen mailean, gorrats, luze, itzalpe batzuekin harateko aldetik: erregeren eta hunen familiaren udako egoitza.

        Tranbiek, otomobilen ugariak, oinkarien usuak, alde orotarik beharrietarat heltzen zaikun burunba bitxiak, hiriko zer guziek, hots, erne baino erneago ezartzen gituzte eta orozbat erabetzen. Gainera, soldadoz eta hirizainez ebroa etzaikuia atheratzen zoko guzietarik! Xuxen ibiltzeko duke hemen gizonak, nor-nahi izan dadin.

        Hiriaren erditsutako karrika-bazter baterat lekuratzen dira gure otoak. Berehala jausten gira, bainan ez oro xede bereko.

        Beransko izana gatik —zortziak eta laurden da— itsas-mainu baten hartzeko, ene lagunek nahi dute egin legartzarako itzuli bat bederen. Jende hanitz ikusiko dutela han, iduri zaie. Aithor dut biziki egun-argi dela oraino, nahiz iguzkia bere osoan itzalia ditaken. Bainan, ene lagunekin berekin bada ere, harat-hunat hortako gogorik ez dut. Akitua nizalako estakuruan, banago bakarrik.

        Izaitez, erabeak nauka legartzarat joaitetik. Goainditzen nu hango nagikeriak; ez dezaket jasan, itsasoari errara beha dagozin zonbaiten aberekeria. Zitzi eta mami, papo eta gibelalde ozar sobera dakusketalako izia larru-barneari datxit.

        Urrats zonbait egin banitza karrika-bazterrez... Ikus nitzazke eta adi eskualdun zonbait. Gelditzen da oraino hotarik multxo bat Donostian, atzerritarrek ezin ithoak. Ezagut-errexak dira begitartetik, mintzotik, ibileratik; lerden, ginarri eta zail, gogoz bezala mihiz osoki herrikoi, beren odol garbia ageri dute gizaseme hek. Bainan eriondo, uste baino akituago ere ba, nekez nabil; alki baten hunateko buruan jartzera banoa.

        Jende guti, karrikan. Hirizain bat urraska dabil, etxerat joaiteko tenorearen beha hura ere, naski. Jarririk nagon alkiaren harateko buruan ohartzen niz haatik badirela bi gizon, eskuaraz mintzo direnak. So banagote: poneta buruan, ontsasko emanak, Lapurdiko botiges batzu izan behar dira, edo amerikano ttipi zonbait. Alde orotarat derabiltzate begiak. Khexusko dirudite. Zeren aiduru othe dagozi?

 

* * *

 

        Hor, karrikaren bertzaldetik, hurbiltzen zaizkote bi gizon. Eta, erdi eskuaraz, erdi erdaraz, hasten dira elgarrekin lauak:

        —Hôtela bethea zen. Zortzi egunez ez da egitekorik deus. Ondoko zortzian behar bada, izena aitzinetik emanez...

        —Hanbat gaixtoago. Luze doakegu hola, jaun haren ikustea.

        —Zer nahuzu, mediku handien mintzatzea ez da nahi delarik. Eta hunen heinekorik ez da orainokoan agertu nihun. Magnetismoan du bere segeretua. Eta nor da bertzerik, horrek bezala dakienik magnetismoa zer den?

        —Errazkizu direnak oro. ez derabil magnetismoa bakarrik. Elektrik orratz goritu batez sudur-barnea toki batean edo bietan erretzen. Han aldaskatzen den zain batetik doa gure osagarriko gora-behera guzia. Mediku horrek du atzemana zer hori. Ohartzea bazen zerbait; zainaren xuxen kausitzea, hori da, hori handi! Hain da trebe jarria lan hortan, non bi begiak hetsirik kausitzen baitu zaina.

        —Eta, segur, sendatzen dituela guziak?

        —Oro xoratuak doazi gibelerat. Munduko bazter guzietarik abiatua du trumilka jendea. Bakotxa bere aldian baizik ez dezake haatik ikus ez artha, naturalki.

        Loriatua nago ene alkiaren gainean, ene errangura guzietarik sudur-erretzerik gabe orai beretik sendatua, ni. Lanak ditut bizkitartean irria ezin atxikiz. Hogoi ta hamalau urthez gaztetu nute, aditu solasek. Duela hogoi ta hamalau urtheren ingurua, hola-hola Frantzian mediku jakintsu batek eri batzuei erretzen ohi zuen sudur-barnea. Zainik etzuen ikusten bizkitartean harek, eta ez du nehork egundaino ikusi, ez baititake ikus elektrikargiarekin ere.

        Oinhaze hanitz gabatzen zuen ara hortaz, bainan zonbait egunendako baizik ez. Berriz agertzen ziren gero, berdin samin. Sendatze labur horiek ere, emaztekiekin zituen ardurenik.

        Noizetik noizera, bertzalde, asthmatika batzuei ederki bakantzen zerauzten aldigaizteak; bakar batzu alderat sendaturik gelditu ere zirela, diote.

        Horiek ba, gehiagokorik ez haatik. Donostian, holetan, bertzela dabiltza gauzak eta gehiagokoak dira. Erran behar dut frantses medikuak haro guti erabili zuela aitzinetik, gutiegi segur. Oraiko mendeak haroa duke nahi.

        Ene lau gizonak, guziz bi jin-berriak, ez dira espantutik athertzen:

        —Aberastua da jadanik. Nork daki zonbat miliun badituen irabaziak? Jende beharrentzat urririk ari delarik bizkitartean, bainan jende beharrentzat bakarrik.

        —Izena eman, eta hôtelean sartzea, hôtelean egoitea dukezue hoberenik. Jan-edanak eta oheak onak dira. Eta aldiaren beha egon, bakotxa zuen ganberetan! Hanbat gaixtoago, aldia ebatsiz medikuaren aitzinerat agertzen denarentzat: bertze zortzi egunez berandua zaio, hari operazionea.

        Ikustekoak dira ene bi lapurtarrak: begiak handituak, ahoa xabal, bertze mundu batean dira oraikotz bizi.

        Deus handirik ez balin bazuten, elhe onek jada sendatu-hurran dituzte. Zinez eri balin baziren, hala ez iduri gatik, sendatzeko esperantzak arintzen derauete gaitza. Joanen dira segur hôtelerat. Nolako astea ez dute han iraganen, zain eta odol osasunerako segurtamenak egunetik egunera jabalduak! Sudur-barnea delako orratzak erre ondoan ez badira ontzen arras, hobekitu bederen direla usteko dute. Bizitzen badira luzaz eta zahartzen, zonbat aldiz ez dute errepikatuko beren ondokoer, gosta bazen gosta mediku haundi batek zituela salbatu behin Donostian!

        Eta medikuari berari zeren gatik ginuke aihertzeko? Zendako litzaizkioke lagunak bekaizti? Bizpahiru ilhabeteren buruko eroria izanen da, utzia bazterrerat, jendeak alda maitez labur baitu ezagutza. Anartean ahur-bethez aberats dadila beraz ahal badu, Donostiako sendalaria. Barkatua izanen zaio gogotik: dirua baino gehiago ez othe da, eta osagarria bera baino ere ez orobat, esperantzazko amets gozo, ederra?

        Ene alki-lagun gaizoekin banagoke aitzina gogotik, emeki-emeki hek bezain haur bilakatuz; gibelerat heldu zaizkit ordean, aztalez-aztal, legartzarakoak. Aurpegia hits dute, elhea bakan: ez omen dute ikusi nehor, ez deus, legartzan. banuen beldurra.

        Bigarren otomobilaren gidariak aithortzen dauku, bertzalde, berearen mekanikari hauteman daizkola, Donostiatik hurbiltzean, hats-bahidura batzu gogoetagarriak. Galtzen dut han berean ene barneko gozoa, egun guzian ukan dutan hoberena; xutitzen niz kezka saminetan. Bagoazi bi lagunak otoaren ganat. Ezagun du ba motorrak, nundik duen bere makurra, kasketarena ez badu; bainan ez dezokegu neholere xuxent, eta abiatzen gira berriz, nihoiz baino eztikiago aldi huntan, Jainkoaren menturalat.

        Ehun bat metretan ibai zabal, naro, polit bat, izaitez baino izenez maitagarriago oraino: Urumea. bainan zeren gatik umea? Zoazi zu... Zubi eder batetik harat bagoazkio gainez-gain. Norat doaken ibaia begiak luzatzearekin ezker, huna bigarren aldikotz agertzen zaikula, bainan agertzen eremu handian, itsasoa.

        Noizbait bederen gaitezin ase haren ederraz!

        Galdua du ordean, zorigaitzez, bere edertasunik handiena. Iguzkiak egiten zion, eta, iguzkiak zerua argitu arau, zeruak. Itzali baitzen iguzkia, eta ilhunduxe baita zerua, ur pulunpakari, gordin, hotz, burrunbatsu izigarri bat baizik ez da orai gure itsasoa. Graziarik ez du. Uhinik etzaio goititzen; talastatzen da; indarrak berak ez othe zaizkion ttipitu? Ez diogu eskerrik, ez delakotz gai. Beharrik laster gordetzen dauku «Monte Ulia» deitzen duten lerdoin gothorrak; huni daude ordainez estekan gure begi, bihotzak. Gau on zure ohantzean, Donostia!

 

aurrekoa hurrengoa