www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Beribilez
Jean Etxepare Bidegorri
1931

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Beribilez, Jean Etchepare (Maria Jose Kerejetaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1988

 

aurrekoa hurrengoa

IX
ZIRIKANDO

 

        Bere luzetasun gehienean badu apiriko-azpi bat etxeño hunek, komentuko aitzinalderat idekia, hegatza jasaiten diotena harrizko pilar batzuek. Alderdi batean ikusten ditugu zurezko mahain luxe mehar bat, eta gibeleko paretan itzatuak estaiera batzu, San Inazioz orhoitzarentzat salgei-zurruburru batzuez mukurru-betheak. Badute hok erosle, Senar-emazte batzu ari dira, harrapaka, gauzetan truk jendeari sos biltzen. Bertze alderdiak erakusten dauku kafe eta edari edozer zerbitzaren ohi dutela hemen, egarri ditazkenendako; barnaxago baita etxeko athea, ezagun ere da jatera emaiten dutela berdin, galdatuz geroz. Gaineko estai bakarrean izan behar da orobat ganbera andana Loiola berean etzan nahi luketenentzat. Itxura onekoa, bertzalde, etxea: dena harri pikatuz eta beltzaana, komentua bezala.

        Ez egarri, ba egarri, ikusteko bagoazi jartzera mahain zabal baten ingurunerat. Eta ordu berean, ondoko mahain ttipi baten bazterretik erdi-xutitzen zaiku buru-has jaun bat, frantsesez erraiten daukuna: «Ene bihotz guzitik urrikari zaituztet jaun andereak». Kopeta beheititzen dugu, harriturik hainbertze ausartziaz. Eskuin eta ezker, irriz hasi dira bertze batzu: frantximantaren atheraldiaz othe, ala gure ahalgetzeaz?

        Zainak ernatu zaizkit; jaun horren mintzoa aditua duk hik berriki nubait? Behatzen diot aurpegirat: eniz ordean orhoit nihun ikusirik gizon hura, nor ditaken etzait gogoratzen batere.

        Zendako gituen urrikari, begiak ñirñir eta erkaitzak ximurtzen daizkola ezpain-xokoak, salhatzen dauku gora-gora:

        —Badu oren-erdi bat, hemen jarri-ta edateko bat galdegin nuela. Eta behazue ene mahai-gainari!

        Huts-hutsa, latsaarri bat bezain berdina duela ez ginezoke uka, bainan ez diogu erantzuten hitzik, gurea halaber egoitekoa ez othe denetz ez baikira orai fida...

        Khexatzera goazineko agertzen zaiku beharrik emazte adinetako bat, zer nahi dugun galdez. Ikustekoa da orduan gure jauna: ahantziarena eginez edo ahantzia dela ustez, tokiaren gainean xiribolaka baita abiatzen urtxintxa baten pare. Jin-berri guzien mahainez-mahain badabil emakumea, etxekandere haundi baten urratsean, kasaka nabar luze batek jauntzia lepotik belaunetaraino, ile zuri beltz adaska lodi batzu buru-gibelean antze handirekin kurubilkatuak.

        Noizbait ekartzen dauzkigu gure basoak, ur freskoz bethe garrafla batekin, bainan eskatu ginion hormarik ez. Nekez, arras nekez, diogu adiarazten horma-beharretan gintazkela bada, behar handitan.

        Zonbait minutaren buruko, azita batean eskua bezain zabaleko horma-mokor batzuekin, emaztea berriz gure ganat. Bainan zerekin hauts halako peñak? Gaixoak aithortzen dauku ez dutela etxean hortako tresnarik.

        —Hau da, hau egiazki Jesuisten kafea! dio bazterretik frantses harroak. Nahi dituzten sos guziak biltzen beren museoa erakutsiz, horma puska baten kraskatzeko aldiz mailuxkarik ere ez! Sakelak bethe ondoan, arrats guziez sorhopil huntan, gehiagoko deusen axolarik gabe, diren bezalakoek egiten ahal dituzten jauzi-putinkak! Madarikatuen gatik, egarriarekin hiltzea luke hemen gizonak.

        Ximista-zarrasta bat orduan nere buru-muñetan. Zilatu dut azkenekotz mihi-gaixtoa nor den: kapera mozaikadunezko kanoiaren ondoan frantsesez algerrekin hizkatu ginen gizon hura bera! Mintzoaren otsetik dut zilatu, hala nola mintzaiaren pollit arinetik.

        Bitartean, horma-mokorren hausteak ez gitu den gutienik lotsatu. Ene bigarren lagunak, lurreko gizon ixilenetarik bat izanikan ere jeinutsua baita, bere makila ferratuari giderra kendu dio, eta burdin-gerren zorrotzaz eztiki zirringilatuz harri gogor hotzak, zapartarazi dauzkigu bederazka. Gero, edateko goxoagorik hurrupatu ginuela nihun, ez ginen orhoit nehor...

        Azkenean bada, zerbitzariak ekartzen dio gure aldeko frantximantari baso bat, ortzadarraren margo guziak nahastekatzen zaizkon edari batez bethea.

        Behatzen dio jaunak begi pinpalet batzuekin, jastatzen du behin, jastatzen bietan, jastatzen hiruetan, eta zazpi debru batean zintzurrari-beheiti sartu zaizkola erran zinezake, halakoak baitira eta hain bitxiak gizonaren ihakinak.

        Bere ezin-egonaz urtxintxa bat zirudiela baikinion oixtian, orai mathel, begi, esku eta zangoen igitzetik ximinoa dirudi. Ez dakit zer bidez. Voltaire zenaren orhoitzapena heldu zait gogora. Haren ilobasoetarik bat ditake gure auzoa.

        Jesuisten erakaspenari edo sinesteer berer sistako baten emaitera loake segur bere mihi ozpinduaz —bihotzean min egiten duten, eta sekula nehori-buruz igortzeko ez litazken sistako hetarik— noiz ere ene beribil-gidariak tinkatzen baitaut besoa indarrekin, bekuruntza gorri-samur dautalarik agertzen.

 

* * *

 

        —Ez dezagun gehiago beha gizon horri! daut egiten bortizki. Ni, okaztatzen nu. Horra nolakoa den frantsesa: bazter guzietan gizonkiaren desohoratzeko tresna bat. Ergela baizik ez balitz, ez litake oraino hanbat arranguratzekorik; bainan gaiztoa delakotz bertzalde, da ezin-jasana. Harrigarriak dira bere mihi txarraz, bere burujopeaz, bihurriaz, ihakin eta trufez, bere buruari lehenik eta gero bere herriari dakartzan kalteak. Horren gatik da bertze gizadi guzien artean gaizki ikusia. Bertzelakoak balitu bere bihotza eta egintzak, baluke doi itzal; adimendu ernekoa dela aithor lezakete bederen, eta onets orok. Ikusten duzun bezalakoa baita, azpitik daukate eta apal. Bizipide herresta batzuetan higatzen da ardunerik frantsesa. Erran behar ere da ez dela langile handia; jarraikia, are gutiago oraino; unhatzea ez du maite, aho-xuria da, bertzeen enganatzea zaio guziz laket. Sinets nezazu. Amerika beherean aski luzaz egona bainiz. Ez da erresumarik, Frantziak eskualde hartan bezain gizon egiazko guti duenik: koziner, ile-mozle, thindazale, musikari, tapizatzale, dantzari, komediant, ostaler, azti, kazeta-egile, modista, horra zer ofizio zurruburruak dituzten frantses-umeek han gaindi.

        —Biltzen dute ordean sos? diot galdatzen ene lagunari.

        Ihardesten daut, nakaitz batekin:

        —Irabazten dute ba, nahi baduzu, bainan ez halako izigarririk. Frantsesa bainiz gisa batera, nola zuhau, ahalgetzen niz hoinbertzeren erraiteaz; nundik halere gorde dezazuket komerzioko ala industriako giderrik hoberenak aspaldiskoan jadanik frantsesek galduak dituztela han beren faltaz! Banketxe handiak, halaber, bertzeen eskuko dira. Zer erran, ororen gainera, gobernioak bere ordain harat igorri gizonez? Aleman, ipar-amerikano, angles, italiano, español kontsuletarik badu edozoin frantsesek argi eta laguntza gehiago, bere herritar aitzinekoetarik baino, hain baitira hok ardurenean fluxak. Bihotz-erdiragarri da, zinez! Gerla hunen ondotik ez bazaio frantsesari bere kanaitatea ontzen, xahu da Frantzia; alferretan luke irabazi gerla. Garbiki derratzut: frantses guzien artean, guk Eskualdunek dugu, denik ere, konfiantzarik gehiena Ameriketako jendearen ganik. Nungo nahikoek badakite hitzeko gizonak girela, aho-onekoak bana-bertze, garbiak lagunaren alderat, zu entzutea ohore bezain zu erraitea atsegin zaikunak: goraki, aithortu dute, bethi, lan gogorrenek ez gituztela lotsatzen, guk ditugula hango eremu zabaletan erein aberastasunaren bi azi baitezpadakoak, hok baitira laborantza eta hazkuntza. Aita batek luken bihozminik handiena nuke, ene semetarik batek hartzen balitu aitzinean dugun pikabuztan horren manerak.

        Bere erasia luzeak akiturik, gelditzen zait mutu ene mintzolari sarkorra. Ohartzen niz makur erori ere dela azkenerat: nehork ez baitzioken kasurik egiten, basoa husturik Voltairen ilobasoa elizako saindu bat bezain geldi dago eta ixil, orai, bere kaderan. Alha zaizko haatik begiak, nahiz eztiki. Ihizi on baten aurpegia daukalarik, etzait iduri halako gizon gaixtoa dela.

        Zonbat aldiz ez ditut aditu ene lagunaren solasak, bertze batzuen ahotik! Ez dira segur oro gezurrak. Bizkitartean, ez nute nihoiz hunki barne-barneraino. Gizadi guzien artean frantses gizadia badaukat lehen, bat ez baita harek bezalako adimendu erne eta bihotz ona mendez-mende erakutsi izan dituenik. Nausi da bertze guziei. Ohart ez zitezin —eta ez dira ohartu nihoiz— nago bere izaitezko zilar bizia deusek hobeki gorde othe zezoken axaleko zanpailkeriak baino...

        Banagoke oraino hemen gogotik oren bat, ene lagunek besotik ez baninderamate otoetarat. Nahi-t'ez igan behar dut. Jar-orduko abiatuak gira, azken behako bat emanik Loiolako komentuari. Azken aldikotz ez othe dugun ikusi zonbaitek?

        Biziki argi dago eguna. Uste ginuenetik hanitzez goizago dugu. Emeki bagoazi, emeki, planaderan harat. Ezkerretarik, hunatekoan baino ederrago baizik etzaizkigu agertzen seroren bi komentuak. Nehor ez da leihoetarik ezagun. Gure aitzinean, elgarrekin elhe eta elhe badoazi oinez bi apez: bat adinetakoa, bertzea gazte hutsa, kasik haur bat bere lepo xuri luxe eta sorbalda hertsiekin. Urrats bakotx, bere sotana handiaren hegalak zaflaka sartzen zaizko zangar meharren arterat. Jesuista-gei ixtudiant zonbait? Behatu ere gabe aldaratzen zaizkigu biak, bethi beren solasari.

        Gure gibeletik, beribil barnean, aditzen ditugu solas hauk:

        —Hemen ez dute, Frantziako aldean baino gehiago, eliza-gizonek ixtudiant gazteer eman jautzi egoki bat. Semenario ttipietakoak, hasteko, gaztegi dira sotanaren erabiltzeko soinean. Etzaizkizu bixi, eta irringarri apur bat, holako haurrak beren jaka luzearekin? Nola etzaioten aitzindarier gogoratu, ixter erditarainoko tunika bat aski zuketela, papoan floka beltx batekin! Gapelua haatik, ez dut ikusten nolakoa zitaken begikoenik. Buruzagiek ixtudianten ama eta arreber galdegin belute bederen kontseilu... Apaintzeko zeretan, berez-bere gizonak deus ez dira.

 

* * *

 

        Azpeitiako karrika iragan-eta, hartzen dugu ezker; bainan, herriko etxetarik urrundu gabe, zubi baten ondoan horra nun elgarrekin hitzharturik bezala gelditzen zaizkigun bi otoak. Nor zen orhoit burdinazko zaldiek ere hatsa galtzen dutela azkenekotz, doi zaldare ez bazaiote emaiten? Beharrik orhoit zituzten ba gidariak...

        Ezantzaz zurrustan bethetzen ari zaiolarik berea, ene laguna, biderat jautsia, egundaino ikusiak ez dituen bi azpeitiarrekin mintzo da karraskan eskuaraz.

        Nun-nahi berehala egiten ditu adixkideak, errotik lotzen dela bihotzetik sakelerat eta sakelatik bihotzera doazin solaser. Gaitza da. Bekaizti nitzaio bere amarruarentzat. Bertze otoaren jabea, aldiz, bethiko ixil gogoetatsu hura, bere alkian. lau andreak jarririk elgarrekin zoin-gehiagoka Loiolako ikusgarriez, ez baitzituzten —aithor dutenaz— hoinbertzekoak uste. Lauek osoki ahantzia dute Orreagako harria. Burgozerat joaiterik ez dute orai den gutienik gogoan. Nik ere ez mihian... Eta berriz abiatzen gira, mendealerat buruz xuxen, aldi huntan.

        Bide ona dugu. Beude Giouzkoarrak nausi bide-egiteko; egin ondoan, ontsa atxikitzeko. Hunat igortzeko litazke, lanean ikastera, Frantziako kantonierat.

        Gogoa arintzen daukute, bertzalde, itsas-aldetik zeruari gora iguzkiak botatzen dituen urrezko iñar ahuldu goxoek.

        Zelai hertsi, gixen batean sartuak gira. Bortz ehun metra zabal balin bada, gorenaz. Bazter-aire, bere luzetasun guzian gure beribilek bezala ibaiño batek kurritzen du, ura lodi eta barna. Urola ere du bere izena. Han-hemenka, laborari-etxe bakar batzu, baratze on batzuekin aldean. Pentze-zolak berde agertzen zaizkigu. artho-alhorrak musker, belhar ala landare guziak hezean ditazkelakotz alha. Zelaiaren bi sahetsetarik bizkitartean, guziz eskuinetik, mendi-paretak larre, eta tokika harriraino larrutuak.

        Zonbait minutaren buruko, erregebidearen ezkerretarik etxe-lerro bat, luzatuz doana han-harat urrunsko. Ez dugu galdegitearen beharrik nun giren, afixa zozo batzuek erakutsia baitaukute. Cestonako hiriñoan gaindi bagoazi, alde orotarat beha, hanbatenaz begiak erneago non frantsesek toki hau irriz jokatzen ohi baitute, diotelarik: Cestona, le Vichy espagnol!

        Ene lagunak, eta ni ez gira den gutienik jostagura, harrituak baikaude hamabortz urthe huntan hiriño hunek, handitzera ez bada, edertzera egin duen jauziaz. Bidetik barnaxago, itzalpe batzuen gibelean, ikusten ditugu bai hôtelak bai ur-onen hartzeko atherbeak beren pareta xuriekin, leihoak berriki gorriz thindatuak, lorez apaindurikako askaño batzu erran baitzinezake behereko hegitik badatxizkitela dilingo.

        Badakigu bertzalde zer gibelondo ona duten hemengo urek. Medikurik jakintsuenak alde dituzte. Ezagutuak dira bazter guzietan. Eta zonbat bertze ithurri-mota ez dute xokoetan Gipuzkoako, Nabarreko, Bizkaiko, Arabako lurrek, elgarren lagunak oro ithurri hok, osagarriarentzat ezin hobeak, ezin hobeak asko gaitzen sendagailutzat!

        Cestonako zelaia bera da hertsiskoa, Vichy bezalako hiri bildu baten egiteko. Aithortzeko ere dute Gipuzkoarrek, ez dutela orai artean burua hanbat berotu hemen, hargintzako ala zurgintzako edergailuetan. Murritzak dira, lantze ttipikoak, berdinegiak, hotz eta motzak beren loreen gatik, Cestonako hôtelak Vichykoen aldean. Eskas ditu bertzalde toki hunek Vichyko itzalpe nasaiak, sar-atheratzeko burdin-bideak, eta naski jolas ala josta-lekuak.

        Durduza batek hartzen gitu bizkitartean, karrika luzearen harateko buruan ikusten dugularik, bere eliza apalarekin, lehengo herri zaharra. Askitto zabal emaiten du; etxeen kantoinetako nola athe, leihoen inguruetako harri pikatu beltzaan dorpeek, pareta histuek begia jotzen daukute, beratzen bihotza. Hor bizi izan ziren orai bizi direnen arbasoak, langile antzetsuagoak bere heinean, hek, oraikoak baino. Sail berari jarraikiz, ara beretan thematuz, semeak aitaren eskuan bere eskua, zendako ez dute bada ondokoek arbasoen herria toki berean ederragotuz goititu, zendako bada ez lezakete oraino goiti?

        Gure auhenez axolarik gabe, beribilek tarrapataka bageramatzate bethi mendealeratago.

 

aurrekoa hurrengoa