www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Beribilez
Jean Etxepare Bidegorri
1931

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Beribilez, Jean Etchepare (Maria Jose Kerejetaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1988

 

  hurrengoa

AITZIN-SOLAS

 

        Broussain mediku eskualzale khartsuak maite baitzituen bihotzez eskualdun probintziak, laket zitzaion hango eremuetan barna zonbait egunen artetan iragaitea. Oinez zabilan ardura, aizina osoarekin. Abiatzean ez baitzuen gogoari emana norat hel, ez noizko, nun-nahi bazagon herritarrekin solasean, edo bazterrari so. Eta nolako begi erneak etzituen, beharriak zoin zabal etzatxikizkan eskuarazko hizkuntza edozoini! Bere biziko gozorik hoberenak Eskualerriari berari kendurik hil izana da. Orhoitgarrienak Donostiatik Bilbaorainoko itsas-hegiak, Lekeitio bid'erdi, utzi zaizkola zion.

        Haren ahaleko eskualzale guti orai, gutartean. Astia nun ginuke bertzalde? Urthe idorrak erori zaizkigu bizkarrerat: egiteko hanitz edo gutiegi, irabaziak xuhur, gogoa bethi artegatua...

        Noizean-behin baizik ez gitazke herritik athera, mendiez bertzaldeko joan-jin batentzat; orduan ere beribilez, tarrapataka, burrunban, begi beharriak gelditzen zaizkularik zoro eta burubarnea eltzagortua. Ikusi ala adituez zer derasakegu geroztik ahoz edo lumaz, mami hazkurritsu zerbait dakarkenik? Gauzen itxuraz, axalaz baizik ez gitazke mintza, izaitez nolako diren ezin dukegulakotz gure lasterkan zilatu.

        Irakurlea gogorkiegi jazarriko etzaitalakoan, ausartatuko niz halere, berriki auzoan eginikako itzuliño batez zonbait lerroren hemen ezartzera.

        Bioazi ene lumatik erori bezala. Irakurtu-arau adituko ez nuenak, hel egin beza, othoi, liburuxkaren ondarrean jarria dutan hiztegirat. Huni esker, agian elgar-adituko dugu biek, orai eta gero.

J.E.

Aldudetik, 1929-ko otsailaren 5-ean

 

  hurrengoa