www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Beribilez
Jean Etxepare Bidegorri
1931

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Beribilez, Jean Etchepare (Maria Jose Kerejetaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1988

 

aurrekoa hurrengoa

I
MUGARAINO

 

        Agorrilaren lehen astezken-goiz batez abiatu ginen beraz Cambotik zazpi lagun —hiru gizon eta lau andre, bi beribil atherbedunetan— aratsean berean gibelerat sartzeko xedearekin, Loiolako ikusgarri omen-handikoez begiak betherik.

        Gerla-aitzinean lauzpabortz aldiz mendiez-haraindiko eskualdetan ibilia nintzelakotz, —zoin urthez ez nakike orai xuxen— lehen beribilean jarrarazi ninduten bidearen erakusle, jabe gidariaren eskuinetarik. Aro ederra ginuen. Gu abiatu orduko, iguzkiak suntsitua zuen luarraren sapak gauaz airatu langarra; zerua gora zagon, urdin zuhail; bazterrak ederki argitzen zuen, beroa sartzen zitzaiolarik eztiki gain-behera; lanhoetarik garbi, mendiak berak lirainago zitzaizkigun agertzen; landarerik xumeena uda minaren indarrak harrotzen zuen, eta bere erroen gainean lerdentzen.

        Aire onak bizkortzen ez othe dauzkigunentz ere gure beribilak? Erasia gogorrean lotu zaizkigu, behinik behin, bideari. Motorren joite azkarrak indartzen gitu guziak. Bagoazi gaztetuak hamar urthez, dena begi, dena beharri, gogoa arin. Etxeaz, ez gure egitekoez, ez herritarrez, ez ahaideez, ez gira gehiago orhoit. Bertze kezkarik deus ez dugu buruan, Loiolaren ikustea baizik.

        Ororen jatekoa, bi otoetarik baten gibeleko malan kokaturik, guhaurekin bagineraman.

        Cambo-Gainean leihoak idekitzen ari zituzten. Dena xori-kantu ziren erregebidearen bi bazterretako arbola handiak.

        Ezin erranezko lelo batean bagoazi Itxasuko zubi berri ederraren gain-arku azpietarik harat. Zer aro xoragarria! Nolako urustasuna geure baitan! Hau bizitzearen zoriona!

        Sartu giren errekako mazeletarik batean bizpahiru zilokek, lur-xuri metaska bederarekin aitzinean, orhoitarazten gituzte Luhosotik hurbil girela. Patar luzesko baten zolara jautsi-ta laster, aurkitzen dugu herri pollita, bere etxe apainduen eta eliza zaharraren artean artharekin zaintzen duena orok dakigun plaza zahar famatua. Ez Azantzaren, ez Larralden ukaldi gogorrek eta joko garbiak, ez Beheran ezkerraren beso bihurriak ez dute zorigaitzez ospetzen gehiago.

        Bidea ez dugu beharrik galtzen, hanitzek egiten ohi duten bezala Heletako alderat xuxen aitzinatuz, Luhosoko haran gixenak apur bat lilluraturik: jakinaren oldez eskuin gira motz-zeiharkatu, Doniane-Garazirat buruz.

        Ehun eta berrogoi ta hamar bat metretan, eihera tarro bat, leihoak eta teilatua zurituak, bainan ez irinez. Hemen dute porroskatzen, erhausten, garbitzen bere zikinetarik lur xuria, igortzeko gero Limoges- hirirat, porzelenakien gei. Adituak gira porzelenaren egiteko behar dela alde batetik, eta guziz, kaolin deitzen den buztina, bertzetik feldspath deritzaion harri xuri gogorra, eta pegmatite erraiten dioten bertze lurki batetarik lipar bat. Lehenbiziko bietarik ba omen du ausarkian eskualde huntako lurrak, Makea eta lekorne auzo-herrietako eremuak barne, bainan ez orotan berdin lodi, ez mamitsu, ez hel-menean. Diote, hurbileko aurkintze hoberenak hustu ondoan, Baigura-mendiko erraietan barna zilatzen ari direla orai. Atsegin dugu jakinik ez derabilatela alferretan lana.

        Bihurgune andana bat iragaiten dute gero errexki gure otoek, berriki zabaldu izanak baitira, bide-zola bera orozbat leuntzen ziotelarik. Baionatik Donianera joaitea, eta hemendik behar-orduan Iruñara, besta bat da bizi giren mendean; ephe laburrik barne, handiagoa baizik ez dela izanen badugu uste, Baigorrin harat Alduden barna, Ahadiko mendiaren sahetsetik, Iruñan sartzeko bidea otoentzat antolatua izanen denean.

        Solas horiek derabiltzagularik, Harnabarrea uzten dugu eskuin. Burdin-bideak erditsutarik urratu balin bazuen ere, ondikotz, erreka izigarri batez, etxalde gizenagorik ez dugu hanbat ezagutzen, nihun. Hango laborantza jaten bezala dute gure begiek, bere hedadura nasai ordokian.

        Errobia agertzen zaiku berehala, burdin-bidearekin haren eta gure artean; ibaia badoa naro itsas-alde, iguzkiak perekatuz han-hemenka, eta argituz dirdir.

        Hartzamendiren konkor gora bezain zabal eta gaitzak ez ditu zorionez orainokoan lehertu ibaiaren bertzaldeko bospasei laborari-etxe pollitak! Goizeko iguzkiari bat bertzea baino goxokiago badaude guziak. Multxoan, Bidarraiko auzo bat egiten dute. Ikus-aldi bakotx, berazten dautet bihotza, haurreko orhoitzapen batzuen mina bat-batean jabetzen baitzait. Heien ondotik goiti, Hartza inguratuz, ama-zenarekin igaiten nintzen bada, noizean behin, aitatxo eta amatxoren ganat...

 

* * *

 

        Gure otoen zalua! Ikusmenean dugu ja Bidarraiko herria; ikusi orduko, haurren eskoletxea mutturrean goititzen zaion munhoari landatu zaizko gure behakoak. Han dira plaza, han ostatua, han apeztegiak; han, mail bat beherago, harateko hegiaren ozka batean apur bat sartua, eliza bera. Erromanoek egin zubi zahar beregizkoaren muthurretik etxe xuriño batzu, eslaian, harrapatzera bezala badoazkio petik gora. Munhoaren inguruan, ez urrunegi, mendi murritz gora batzu. Toki begikoagorik guti Eskualerrian. Grezian izan balitz holako bat duela bi mila urthe, segur erdi-erdian eraiki lioketela, marbrez, Olerkiaren tenplo bat. Adéma-Zalduby zenak egin zituen bakarrik hor ertor-etxea, eliza-pareta bat, eta, menuzergoko jeinua baitzuen, muble batzu ez nola-nahikoak. Bainan nork daki etzaizkonez hor berean Olerkiak bihotzean piztu, geroxago bere neurthitzetan aurdiki behar zituen urrezko pindarrak?

        Badu bertzela Bidarraiko herriak xoko laketgarri bat baino gehiago, bere ibarretan ere.

        Hala nola aldeanbertze iragaitera goazina: emazu, lats baten bi aldetarik, bospasei etxeñorekilako zabalgune bat, mendi-lerro handiari buruz idekia. Arrotzer hemen trikatzea goxo zaie; atzerritarrer, zonbait ilhabetez egoitea, osagarriaren ontzen. Edozoin bozten da ikusteaz beraz.

        Berehala zorigaitzez, harana hertsitzen da, errekatzeraino; mendiek elgarri hurbiltzearekin egiten duten artekak lur-xerranga mehar batzu baizik ez ditu uzten alhortzat; erregebideak, burdin-bideak, Errobiak, hiruek badaukate garaitikoa.

        Sartzearekin, gogoa den gutien bat ilhuntzen zaizu; laster jartzen zira bizkitartean; denik ere, luzesko badoalakotz erreka, lotsa batek uzkurtzen zitu; gero, etxeño bat edo bertze ikustearekin bidearen bazterrean edo mendi-mazelan xut, edo ibarño batean banakatuak, horra nun alegeratzen ziren; ondotik, bigarren ilhundura bat, etsimenduz guti edo aski belztua, arteka tinkatzen delakotz berriz; azkenean ilhundura, bozkario laburregia, lotsa eta batzutan izia bera gainditzen dauzkizu, estaltzen, esperantza bizi batek: noizbait bada noizbait, zerbait xoragarri behintgotz agerturen zaizulako esperantzak.

        Ezterenzubitik ala Urepelatik Baionaraino, noiz zabal, noiz hertsi, noiz herri, noiz bortu, nihoiz ez muthiri, Errobiaren harana holaxe da bidez-bide deramanaren begiekin, bihotzarekin ere ba, kukulaukari. Hortako bereko dugu hoinbertze maite, mendiez hunaindiko Eskualdunek.

        Erran dugun artekatik athera gireneko, horra nun zaikun begien aitzinean agertzen igurikian ginaudena: zelai gizen eder bat, Ortzaizeko zelaia. Bideak, inguru handi bat eginez, ordokiaren erditsutarik aldeanbertze geramatza gure beribilekin. Zendako ordean holako ingurua? Etxe-multxo bat aurkitu baitugu bi aldetarik, heien gatik othe? ala handik adar bat baitoa herrirat buruz, hunek hurbilago ukan zezan Baionatik Donianerako erregebidea? Sinets dezala nahi duenak: guk, ez dezakegu, ez bat ez bertzea.

        Halako ingurua, eta hain eztiki, egin izan behar balin badute gure otoek Errobiatik baztertuz, gure ustea da bidetako aintzindariek nahi ukan zutela, noizbait, han gaindi ibiliko zirenak aski luzaz eta astiki egon zitezin beha Arrosako xoko pinpirinari...

        Gutaz bezenbatean, ez dugu faltatzen. Toki berean lehengo guzien gainera, fotografia berri bat hartzen dute gure begiek; fotografia berri bat sortzen da eta atseginez bethetzen gituelarik hazten guru buru-muñen barnean. Bizi gireno, agian, nahiko dugun aldi bakotx edo berdin uste gabetarik erakutsiko dauzkigu, harek, Arrosako ibarra bere bizitegi apainekin, Arrosako mendia, aztaparkatzen zaizkon laborari-etxe xuriekin, Arrosako eliza bixkar baten gainetik zelaiari gibelaz dagona, ahalgetu nahi balu bezala inguruneko edertasunaren zoragarria. Hilarrien ikusteak gitu bakarrik apur bat ilhunduko, oraiko araberara...

        Horiek hola, hurbiltzen gitzaizko emeki-emeki Errobiari. Eskuin uzten dugu Baigorrirako bidea eta sartzen gira hamabortz bat kilometra luze ditaken erreka batean.

        Leunagoa da Bidarraitik Ortzaizerakoa baino; bi bazterretako mendiak berde ditu; zolan badauzka, hertsisko izana gatik, landa eta pentze batzu gizenak. Etxe guti bizkitartean. Gure sahetsetik ibaia, apur bat lohitsu, xurrungan jausten da, iguzkiaren hunkiak dirdira batekin han-hemenka kizkurtzen diolarik gaina. Aire goxo batek hanpatzen dauzkigu bulharrak. Begiak pausatzen zaizkigu.

        Errekatik landa, Azkarateko herriaren hegitik aitzinat goazilarik, ohartzen gira xoko hunek badituela lur batzu hautak, eskuaire bezenbat amodiorekin erabiliak oro. Gora hemengo laborariak!

        Bainan Donianeko zelai ederraren ikustea begiak zurituak igurikitu ondoan, ez ikustetik histen zaizkit ene lagunak. Larre-muthur batzu othartzen ohi diren bezala, urthetik urthera bizitegi berriz ari da alabainan estaltzen mendeal-elderat. Egoitza eder eta iraupeneko arras guti, bertzela.

        Berehala Uharte. Hunen karrika-buruan, xixtez ohartu gireneko harresi gorrats lodi batean idekitzen den athe bati, —Doniane-hiriko athea, alde huntarik— burrunban lotzen gira, eskuin, patar luze bati. Bideari hurbil, mendixkaren mazelan azkarki jarria, ondoan itzalpe batzuekin, aurkitzen dugu jauregi zabal eder bat. Donianeko zelai guzia bixtan duke, hunek; bainan adinak bere baitan sartua iduri du, eta aldetik gu bezala doakonari emaiten dio ahalako errespetu bat.

        Gogoa halere ene lagunek Donianeko zelaian derabilate. Ageri zait atsegabe dutela ez ikusirik, aditzen dutalakotz: «zendako bada hoin mozki itzuli gitzaizko bizkarrez?».

        Bihurtzen nitzaie bizi-bizia. Diotet Doniane-Garaziz gozatu nahi duenak ez duela guk orai arte gineraman erregebideaz joan behar harat, bainan ba burdin-bideaz; eta garalat jautsi orduko, Izpurako eliz ondorat igaitea duela hoberenik. Handik da, handik bakarrik, ontsa ezagun Donianeko zelaia, etxe berriek zorigaitzez geroago-gehiago jana, bai eta Donianeko hiri zaharra, bere inguruko harresi lodi gorratsak mendixkaren gaineko zitadelaren laguntzarekin hain gogorki zaintzen zuena etsaiaren oldarretarik; nahi bezala handik ditzazkezu ikus hiru herri elgarri josiak, bat bertzea bezain xoragarri, beren aldapa eta ordokiekin: Izpura, Doniane eta Uharte.

        Etsia ez dute hartzen ene lagunek, Lasako herri bildu, ñimiñoa eskuinetarik, bazter-aire, ikustearekin baizik. Ttipia izanagatik, ez du batere gaixtoa iduri laborantzako.

        Hirugarren erreka batek, bertzela, osoki bahitzen dauku gogoa: nolakoa izanen othe zaiku, hunatekoan ikusi ditugun bien ondotik?

        Biekin baduelarik eite, bietarik eiken da. Hertsatzen duten mendi-pareta goraskoak ez ditu leun, arbola zonbait lotzen bait-zaizkote; ez latz, ez baitute arkaitzik. zolan, pentze eta alhor batzuentzat bada doi-leku. Ur-handia ez da baitezpada zabal, barnasko balin bada ere ohatzen. Laburra da erreka; bospasei kilometra baino gehiago ez duke bururen-buru. Eta zelaiik ez dugu zeren iguriki harateko puntan, baizik herri xuri pollit bat: Arnegi, emokatua bezala bi mendi-lerroen arteko xokoari.

        Zortziak eta erditako, zubiaz bertze alderat helduak gira, muga zubi-erditan iraganik. Karabineroekin badugu orai behingo lan, errezibidore jauna ez omen dutelakotz jaikia.

 

aurrekoa hurrengoa