www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Beribilez
Jean Etxepare Bidegorri
1931

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Beribilez, Jean Etchepare (Maria Jose Kerejetaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1988

 

aurrekoa hurrengoa

VIII
LOIOLAN

 

        Aurkintze hau zinez xoragarria da. Beheititurik gordetzera doan iguzkiak urreztatzen du oraino zeru-xoko bat, garaitiko eremu guzia urddin-argi dagolarik, eta lurra berotzen eztiki. Atsegin dute gure begiek, begien atseginaz alaitzen zaiku araberalat bihotza. Hemengoaren aldean, ikusi duten gutarik biek hitsa dela diote Provence eskualdeko zeru-gaina, iguzkiaren bero handixagoak langar arin batez azpiltzen diolakotz bere kapa urdina; gordina aldiz, aditu dutenaren arabera, Greziakoa, hau argiarenarekin batean iguzkiaren saminak lambro-lipits argalenetarik garbitzen omen duelakotz goien-goienean.

        Bainan zonbat eta zonbat mendi-lerroek inguratzen duten jaustera goazin ibarra! Hainbertze eta halako lur-mokorrek lotsa bat sortzen dauzute barnean. jakintsu hanitzek baitiote Lurra ez dela Iguzkiak noizbait airez-aire aurdiki ziliporta bat baizik, hastapenean su zarionetik emeki-emeki hoztua, daukat etzela iguzkiaren errai samurretarik arroltzeren idurirat osoki biribil eta leun jauzi pikorra, bainan ba ordukotz dena zimur eta konkor, guneka; gune hotan, azala gogortu zelarik behin, eta gero euriteekin zonbait menderen buruko gozatu, zela egin, hanitzez berantago ez dakigu nola Biziaz amatzeko, orai gabiltzan Gipuzkoako eskualde maitea.

        Zertako ordean mintza luzazago, inguratzen gituzten mendiez? Jada, patarrari-behera zeiharkatuz goazilarik, itzali dauzkigute bere kaskoak: doidoi ohartzen gitzaizko eskuin-aldean xutitzen zaikun Itzarraitz mendi aipatuaren mazelako peña kaskailari. Oixtiko ibarra zabaldu da bat-batean; zelai eder bilakatua, zelai gizen, dena pentze, dena artho-landa, daukute xoraturik ikusten begiek; bazter batean, eskuin, huna nun zaikun agertzen Azpeitiako herri tarro polita, hainbertze pilotari aipatuen sor-lekua.

        Sartzean, bizpahiru etxeek beren leiho guzietarik agur egiten daukute lañoki, aireak idortzearekin xafla-xafla igitzen dituen xuriketez. Karrikako bertze etxeak ez ditugu haatik hoin abegiar: hotz-hotza daude beren pareta xuri eta harri pikatu beltzaan dorpeekin, leiho-hegalak elgarri hurranduak, athe-aitzinean alhartzerik ere gabe. Gora dira gehienak, hiruna estaiekin bederen, lerro luze bedera egiten dutela bide galtzaratuaren bi sahetsetarik. Emazte bakar batzu gune batean, urgulu gutirekin jauntziak.

        Karrikatik athera orduko eguerdi-alde, bidea zabaltzen zaiku handizki eta beltz-beltza leuntzen, xuen-xuena luzatuz urruneraino.

        Zerbaiti bigarren aldikotz oharturik ixil-itxila egoiteko xedea bigarren aldian hartu dutaneko, bozkariozko oihu batzu gaitzak aditzen ditut ene gibelean, lau aho bederen baitira zintzurreraino idekiak: «Hara, hara Loiola! Hara komentua! Berehala han gira!»

        Botzago etzitazken, segur, itsasoz-itsaso lehen-lehenik Ameriketako lurra atzeman zuten eskualdun itsasturiak.

        Behatzen diot ene lagunari. Ezpain ala begi, oro irriz ari zaizko eztiki bere begitarte onean. Ahapetik erraiten daut: «Ederra da», hitzik ez gehiago, eta zangoa dank kentzen du motorraren akulatzetik. Bagoazi emeki, harrabots den-gutienik gabe, begiak luze bezain larri eta geldi.

 

* * *

 

        Ba, zinez ederra da aurkintze huntarik Loiolako komentua, Azpeitiako zelaiaren xoko bati erran baitzinezake gibelaz lotua.

        Gogoari emazu orok dakigun Larressohoko semenario ohia bezalako etxe bat gaitza, kilometra bat luze eta lau ehun metraren ingurua zabal den ordoki baten buru-buruan; zer diot! Larressohoko semenarioa baino bat eta erdiz zabalagoa, goragoa heren batez bederen.

        Ez ditu haatik paretak xuri, bainan ba beltzaan, murritz eta bizkitartean leun, beheretik gaineraino egiten duten harri pikatu gorratsak iguzki-sistek eta euriteek aspaldiko urthetarik hunat histu dituztelakotz, ara beraz nolazpait apainduz.

        Aitzinaldea iparrari dagokio, halako samur batean, leihoak bakan, teilatua hegatzik gabe.

        Lurretik gorasko, bi athe, bakotxa bere alhartzearekin, hunen hegirat heltzen dela, atalkia geroago ttipituagoz, harrizko mailadia.

        Athe hetarik bat etxearen erdiz-erdi, nasaia; bertzea, etxearen erditik ezkerreko hegirat biderdi, hertsia athe hau eta orozbat apalxagoa. Lehenbizikoa, alhartzeaz bertzalde sarguia batekin, harrizko tente andana batek jasaiten diola, sartua izana gatik, bere atherbea; bigarrena, harri lantuz inguratua kanpo-alderat.

        Urrunetik ezagun da, Larresohoko semenarioaren idurirat, badituela komentu-aitzinalde hunek gibelerat bi hegal luze, eta hok harateko buruan lotuak direla trebes eraikia den laugarren etxe bati: lau etxeen gorputzek zedarri egiten baitukete inguruan, Larresohon bezala, ibil-toki huts zonbaiti.

        Larresohoko semenario ohiak ez duen edergailu zerbait badu bizkitartean Loiolako komentuak: aitzinaldea baino gibelxagodanik zerurat buruz goititzen zaion bulhar biribila. Harri argiagoz egina baita garaitiko harresi guziak baino, harek du ere joiten lehenik begia, hanbatenaz non molde hartako obrarik ez baita hanbat ikusten Eskualerrian. Erromako eliza-nausiarenaren aldean ttipia litake, bainan ez dugu uste Erromakoa bere tokian hobeki adozten den, begiarentzat, ingurunearekin.

        Atsegabe dugu ez oharturik kurutze bat badukenez mutturrean, ala San Inazioren gizairudia.

 

* * *

 

        Barkatu, irakurle maitea, ene luma hoin tontoki balin baderabilat orai, egun hartan gure begi-ukaldi osoa hain zalu izan zelarik eta erne. Xehetasun bakar zonbait eman nahi nauzkikezu oraino.

        Komentuko aitzinaldearen ezkerreko hegiari lotua, luxatzen da guri-buruz etxe apal bat: athezainaren egoitza othe? dautet galdatzen ene lagunek.

        Komentuko aitzinaldetik gureganatago apur bat, badira ere bi platana-lerro, apal mozkinduak, komentuko athe-nausiaren parretik doidoi aipatu dugun atxeñoaren muthurreraino baitira trebesean heltzen.

        Gabiltzan zelaia pentze bat baita bere eremu gehienean, belharraren muskerrak, platana-ostoen berdeak, komentuko pareten gorrats ilhun-ilhunak, goipularriaren nabar-arinak bazinaki zoin ontsa emaiten duten elgarrekin...

        Huntarik dathor guziz, begiarentzat, Loiolako xokoaren pollit, atsegingarria.

        Gure otoen hararatze hurrian, planaderaren erdirat ez gira arras helduak oraino, noiz ere ohartzen baikira, eskuinetarik, duela hamabortz bat urthe eraikia izan den serora-komentu handi bati. Aberaski egina da; bainan, estalgiaren nola atherbeen goratasuna desbardin duelakotz han-hemenka, berinazko beranda bat agertzen ere daukulakotz bidearen gainerat, bitxia kausitzen dugu eta dorpeskoa.

        Itxura hobea du, haratxago, eskualde beretik, bizkarño batean, bigarren serora-komentu batek: berria da hura ere, dena leiho zelai-alderat, bainan oso-osoan harri pikatu gorratsez egina da, pareta-gainetako hegiak mailka antze handirekin ozkatuak, eta neurri berekoa bere hedadura guzian.

        Bizpahiru ehun metra oraino, eta zubi labur xabal, sahetsak marbre xuriz dituen baten gainetik bagoazi, erran ditugun platana-lerroak ezker utziz; ez ordean komentuko athe-nausiari buruz, bainan ba, bihurrian, bertze athearen aitzineraino.

        Hamabortz bat otomobil eder gelditurik badaude hemen, jadanik hustuak.

        Bortzak eta erdia da.

        Gehiagoko solasik gabe, zaloin igaiten niz mailadiari gora, ene lagunak ondotik.

 

* * *

 

        Huna nun giren sartuak komentuaren barnerat, eta bizkitartean kanpoan gira oraino, zerua gure buruen gainetik... Huntarik dathor bitxikeria: zonbait urrats barnaxago baita eraikitzen San Inazioren jauregia, eremu huts puxka batek berexten duena komentuaren beraren aitzinaldetik.

        Komentuaren barnean da geroztik, komentuaren hegal ari bere eskuineko sahetsaz baizik ez lotua, delako jauregia; gordea dago hau osoki, komentuari inguruetarik beha legozkiokenentzat.

        Jauregiaren aitzinean bagaude zonbait minuta, nolakoa ditaken so. Etxe gora bat da, bi estai bederen badituzkena, bainan gora baino puska batez hertsiago, ez hain barna ere aitzin-gibel. Behere-aldea harri pikatuz egina du, athea —etxe-aitzinaren erditik ezkerrerat bazter— ederki lantua; garaitikoak adailuz dela du iduri, bainan zoin tinki ez josiak oraino elgarri adailuak, hoinbertze menderen buruan! Arku batzu derakuste, arkuen zango batetik bertzerako artean pareta askatzen delarik apur bat, zangoer atxikiz bizkitartean. Leiho guti, direnak ere hertsiak. Hor zen sortu 1491an, duela lau mende baino gehixago, eta bizi izan, haur-haurrean, Inazio Loiolakoa geroztik hunat orok deitzen dugun saindua.

        Jauregiaren aitzineko eremuñoa hutsa zela baikinion doidoi, makur ginen mintzo. Huna lurrean, hobeki erraiteko, harri-pikatuzko zolaren gainean, erdi-etzana, Inazioren gizairudi bat bronzaz; Iruñako guduan biarnesek zaurturik erori zitaken bezala, dugu hemen begien aitzinean erregetiar aitzindari gaztea, lagun batek belhauniko atxikitzen diola burua. Ontsa egina da gizairudia; behar zen tokian ezarri zuten hemen; hunkigarria da zinez.

        Huna oraino zipu bat, harresi biribil batek ziloa inguruan ezpaintzen diona goiti; harresi-hegiaren gainean xut, bronzazko bigarren gizairudi bat: Inazio berriz ere, bainan orai zaldizko aitzindari baten apainduran, hets eta idekaraz ditaken kaska batez estalirik buru lepoak. Aurpegia bera ez du haatik bronzaz, bainan ba xuri-gorratsezko orhe gogor batez egina, ez baitzira guti harritzen, aldarteka agertzen dauzunean kaskaren aho zabaldutik.

        Burdin-gider batek goiti ta beheiti derabil ponpa bat, ur-hotx garbia lupetik ausarkian dakarrana agerrerat. Gu hurbiltzearekin, bospasei ikusliarrek gogotik klaskarazten dute ponpako esku-ziria, bainan baso-beretik edateak kilikatzen daie barnea... elgarren ganikako kotsuen beldurrez! Basoa betherik dago sainduaren oinetan; tintik ez du edaten nehork!

        Nitaz bezenbatean, sartzen niz lehen-bai-lehen jauregirat.

        Eta sartu orduko, duela hemezortzi edo hogoi urtheko orhoitzapen bat jauzten zait berehala sudurrerat, holakorik erran badezaket: etxe-barne hartako usain onaren orhoitzapena, orduan. Ene ahal guziaz usnaturikan ere, usain hura den-gutienik ez dut hautemaiten egun: gaztetasuna hihauri joan baitzaik segur, gehiago ikusiko ez dukana, daut adiarazten bizkar-hezurrari beheiti trufari kixkil batek. Gogoa ilhun, banoa ezkaratzeko athe baten jotzera, ezkerretarik. Hetsia! Gauzak ez dituk lehen bezala hemen: bertzelakatu dituk zorigaitzez, eta hekin batean hiahu...

 

* * *

 

        Han, ezkaratz-barneko athe hartan, ene lehenbiziko ikustaldian zitzaitan bada agertu apez-jauntziarekilako gizon ttipi gaztesko bat, Jesuita batendako hartu nuena. Eskuaraz galdegin nion jauregiaren ikuskatzeko baimena; eskuaraz zaundan erantzun. Trebe jarri ginen ordu-beretik elgarrentzat. Guti haztatu dut ene bizian harena bezalako lañotasunik; eskualdun aneia batena zen, gainera gizon handizki argitu batena, fedezko khar ezti batek berotzen zuena eta sarkortzen orozbat.

        Iduri zait ene ondoan dutala oraino, egun, apezño hura.

        Duela hogoi urthe, solasean hasi eta laster, urraska ereman nuen atherat, galdegiten niolarik San Inazioren ithurriak egiten zuenez mirakulu hanitz. —Guti, arras guti, zaundan hotz-hotza erantzun, bide hortazko mirakuluek haren iduripenerat gibelondorik betere ukan ez balute bezala. Harritu nintzen, behin, haren atheraldi axola-gutikoaz.

        Gero, ezkaratzerat itzultzearekin biak, aipatu nion bada etxe-barneko usain goxoa. —Zedrarena da, ninduen ohartarazi irriz; jauregiko eskalerak zedra taulaz berrituak izan dira, hala-nola zureriaren bertze zati asko.

        Orhoitzapen horiek trumilka dabilzkitalarik buruan, hunat! hunat! dautet egiten ene lagunek. Eta bertze ikusliar andanaño batekin ikusten ditut sartzen ezkaratz-eskuinetarikako athe batetik barna.

        Gibelxago-danik banarraie, begiz ikusten ez dutan ene lehengo apez maitea sahetsean.

        Kaperaño batean gira, paretak, soailua, aldarea bera, oro mozaika xehe, xuri eta urdin batez estaliak. Elektrik argi bakar batek eztiki argitzen du guzia. Begientzat goxo balin bada barne hura, arimakotzat goxoago oraino ez othe den, gaude. Jabalduaz hausten ere zaizula apur bat bihotza, aithortuko dut den-gutieneko eraberik gabe.

        Erakusletzat badugu gizon luze bat, hartakoa, galtza-sahets eta maipuliseko esku-muthurrak gorriz galonatuak. Erdaraz mintzo da, lele-aire batekin, bere zereginaz iduri bailuke nardatuxea.

        Kaperaño hari datxikola, bertze kapera ttipi bat: hau dena zeruria urreztatuz; hain gordin eta samur urre-apaindura, nun itsutzen baitzitu. Nihun ditaken ederrena orobat, batzuentzat...

        Aditzen dut ene sahetseko apezñoa, han balitz bezala izaitez, ez baitakit ez dutanez ere ene burua itzultzen haren ganat: «Bi barne hauk —dio ene beharrirat nunbaitik— zuten egiten duela lau mende jauregi huntako barrokia. Oraiko etxetiar-etxeeen araberalat ziren, beihala, eskualde hotako aitoren-semeen egoitzak. Sei edo zortzi abere-buru koka zitazken doidoi hemen. Bizi giren mendean bekaizti guti zuketen, segur, saindu-geiaren aitamen aberastunek, inguruetan bertzerik ez balute jabeek ukan».

        Itzultzen gira mozaikazko kaperalat. Aitzinaldeko paretaren zolan huna nun ethe ñimiño bat ideki daukun erakusle muthilak. Ukurturik behatzen dugu guziek paretaren barnean agertua zaikun xiloka ilhunari.

        Uste gabeko gure zaintzoztea! Kanoi kurlo bat dugu begien aitzinean, besoa baino luzexago, ixterra bezain lodi, bere xangoaren gainean oilarkatua kanpo-alderat.

        Duela lau mende zukeen larderia, bizkitartean, Jainkoak begirala gitzala gutiestetik! Berrogoi ta hamar metretan-harat bederen igortzen zuken bere burdin-pikorra, nork daki zer zartako ikaragarran? Bi zakur muthur-motzek hobeki zaindu zuketela jauregia ez guri erran, halako zaintzaleak baitzitazken etxe gahienetan, ihausiz ala ausikiz etsaia izitzen etzuketenak hanbat.

        Hainbertzenarekin, ene aldeko ikusliar baten hitz hauiek jotzen dautate beharria frantsesez:

        —Ehun debruak berekin dituzte Jasuistek. Bazterretan dituzten komentu guziak holaxe zainduak dauzkate, beherean kanoiez, gainean aldiz mitrallusez. Orroaz jauzi baledi egun edo bihar jende xehea, baluzke hemen azpitik odoletan idukitzeko gupida ez litzaizkiokenak!

        —Ori, diot ihardesten mintzai berean, izan bedi norbait iharduk lezokena: oilo batzu bezala iziturik lasterka bailoazke ihes, jende handien hogoietarik hemeretziak!

 

* * *

 

        Marbrezko ezkaratz xuri ederretik barna bagoazi multzo handiagotuan —hogoi ta hamar bat orotarat— zedrazko eskaler xabalari gora. Gerezi-ondoaren zura baino ilhuntxago batez ditu mailak. Eztia da, lau batzuekin bihurgunetan. Bitrall batzuek argitzen dute, San Inazioren biziko gertakari zonbait agertzen dituztenak.

        Lehen estaian bertze kapera bat, handiagoa hau beherekoak baino. Soailuko zureria zaharra dena ezagun du, trebeseko habe lodiari datxizkola gapirio-lerroak, aizkoraz ezpalka lantu izanak oro, berritako thindu gorrats ilhunak ez baititu zorionez sobera leunduak utzi. Aldare-mahainaren gaineko arretaulak erakusten dauku saindua othoitzean, Jainkoarekin bekoz-beko, Manresako harpean.

        Dezagun erran hemen, ez lakiketenentzat, Loiolan bere zauritik sendatu urthearen buruko, Inazio fedearen suak ereman zuela Arantzazuko kaperalat, Loiolatik beheraxago, bospasei orenen bidetan, Oñateko herri ederretik askitto hurbil. Mendi kazkar ikusgarri batzuen mazelan eraikia zen eta geroztik-hunat handitua izan den kapera hartan zituen iragan, zeruetako Amaren itxuraren oinetan ahospez, bi egun eta bi gau.

        Handik landa jo zuen gero, oinez eta esketik biziz, Barzelonarat buruz, Manresako hiriñorat. Hunen bazterreko harpe batean ikusi zuten hanitz aldiz, bakarrik, gogoetatsu, othoitzari ardura kenduz arimakotzat indar. Han omen zuen asmatu Jesusen Lagundiaren egitea, batza hunek ethorkizunean erabiltzeko zituzken urratsekin. Azkenik, haratxago zen kaperaño batean zituen ereman zortzi gau eta egun datxikola, hazkurrik deus hartu gabe, osoki gogerauntzia Jainkoa-baitan.

        Ikuska gabiltzan kaperako erretaula hau igeltsuz egina ditake eta margoztatuz apaindua. Orhoitzarenago zitaken, gure iduriko, oihalaren gainean finkatu ukan balute margolariek sainduari Manresako kaperañoan gertatu gogo-bahitzea.

        Bainan huna nun beharrirat mintzo zaitan ene sahetseko lagun soingabea:

        —Barne hau, jauregiko belhartegia edo sabaia zen, lehen; hemen etzaten ere ziren, belharrean, jauregiko hiru nuthilak; orai, lerro-lerro ikusten dituzun alki horietan dira jartzen meza-entzuleak, hala-nola hemengo Aita jesuisten erakaspenen aditzera jiten direnak.

 

* * *

 

        Geroago begiak erneago bagoazi goiti, bigarren estairat. Hemen laugarren kapera bat, athearen orde burdinazko-grilla apal batekin sarguian. Aldarea dena altzeiruz, sahetsetako bi paretak dena marbrez, biak erle-orrazeak bezala dena xilokatuak; xiloka bakotxak badaukalarik barnean, berinazko athe baten gibelean, urrezko-kutxa ttikitto bat: eliki-untzia.

        Berriz ere ene beharrirat lehengo boza: «Hemen dira bederatzi ehun sainduren erlikiak, lurreko-bazter guzietarik bainan guziz Erromatik hunat bilduak».

        Espantiturik gaude oro, urrezko-kutxaño heier so.

        Muthil erakusleak izendatzen dauzkigu sainduetarik zonbait. Erdaraz ari bada ere ezpain bare batzuekin, iduri baino jakintsuago da, bai eta ikuslarrier atsegin egiterat ixuriago.

        Ohartaratzen gitu emeki-emeki gibeleko paretan bi erretauler: batek badauka, ontsa aditu badut, Golgothako kurutzearen izpika bat; bertzeak, aldiz, oihalaren gainean olio margoztatuz erakusten dauku Inazio bere aitzindari-arropan, belhaun bat lurrari, apezpiku bati agurka, jende-andana handi baten erdian. Astia baginu, hobekixago beha ginezoke, ez bide baita nola-nahikoa.

        Xeheki ikuskatzekoa litake halaber kapera guzia, hain delakotz begikoa eta aberatsa: miliun bat baino gehiago gostaia, omen, egin zenean. Bainan arthaldeño bati bezala bere artzainaren ondotik, igaitea behartzen zaiku hirugarren estairat.

 

* * *

 

        Berehala erran dezadan, badute hemen ere gure begi bihotzek nun ase eta nun goza.

        Huna jauregiko bortzgarren kapera. Pareta guziak estaliak ditu onyx deitzen duten marbreaz, hau atheraia Eskualerritik hurbil Espainiako lurrean aurkitzen den harrobi batetarik. Soailuak aldiz, ez aldareak ere, ez dute aipagarririk deus.

        Bilha nabil badenez —izan behar da nunbait— erretaula bat, Inazio erakuts lezagukena Pariseko bere sei lagunekin, Montnmartreko eliza batean elgarri jarraikitzeko egin zutelarik zin, edo eliza hartarik lekora ithurriño baten inguruan jarri zirelarik baruraren hausteko ogi-idor-xerra batez, elgar nihoiz ukatu behar etzuten zazpi lagun khartsuak. Badakigu orok hetarik bat zela Frantses Javierekoa, Inaziori Parisen eskukaldi on batzu egin ondoan Inaziok emeki-emeki bere-ganat bildua zuena. Ez dut bada ikusten halako margo-lanik.

        Ikusgarriagorik badugu berdin, bi urratsetan. Kapera huni datxikola bada bertze bat, zurezko tente batzuek berexten dutena huntarik. Bigarren kapera hau da jauregiko orhoitzapen ederrena. Ikusliarrik ez da haizu sartzera. Tenteen arteketarik gagozkio beha bi begiez.

        Erditsutan badu harri xurizko aldare balios bat; bazter batean, Inazioren gizairudia, zur margoztatuz. Jarririk dago Inazio, eskuineko belhauna lotura batez inguratua. Barne huntarat zuten goititu aitzindari gaztea frantsez batzuek, Iruñako gudutik landa; hemen zituen iragan, oinhaze eta auhenen erdian, hamar edo hamabi ilabethe etsigarri, bere fedeak eta jite zailak sendalarien arthek baino zuhurkiago sendatzera zeramatelarik lehengo neurri bererat.

        Xoko batean bada oraino erretaula ttipi bat osoki begikoa, bainan orhoitzaren horiek guziak guti, paretako marbrearen xiloka batek agertzen daukunaren aldean.

        Han da, Lagundiak Erromatik ekarririk kokatua, bere lehen buruzagi Inazio sainduaren buru-hezurra bera.

        Diamant larri batek erdian, bazterretan diamant xehe batzuek izar-dirdira batez argitzen dute erlikiaren untzia.

 

* * *

 

        Atheratzen gira, begiak apur bat lilluraturik. Estai berean, orai, begien ondotik bihotza zaiku behar tanpako batez estali.

        Muthilak sartzen gitu berehala barne hertsi ñimiño baterat. Bertze guziak bezala elektrikaz argitua da hau ere, ezin eztikiago. Xuriak ditu soailua, paretak, zola bera, bainan ez dute gisuaren xuria, ez paperarena, ez marbrearena, ez thinduarena, ez zetarena. Gotorragoa da xuri hura, zertarik ere baita, hotza, beregizkoa, erraitera ginoazke berkoia.

        Harateko buruan, gizonak idekitzen dauzkgigu, zabal, armairuño baten athearen bi alderdiak: zurezko gizairudi ttipi andana bat agertzen zaiku, erdian zeruko Amarena, oro urrez margoztatuak.

        —Hemen —dugu jakiten erakuslearen ahotik— zuen ohi biltzea egun guziez jauregiko familiak; elgarrekilako othoitz-lekutzat zaukaten barneño hau. Behazue orai armairu-atheari, parater, gainari: zilar hutsez dira guziak. Arkuan jarria den soailuan, zilar-plaka lodi bakotxa hegiz-hegi zilarrezko lore ñimiño batzuek bere lagunetarik berexten dute, zedarritzen, ikusliarrarren begi-atseginarentzat. Behazue oinetarat: zola bera zilarrezkoa da, harri pikatuz balitz bezain zangoarentzat gogor.

        Xoratuak gaude zonbait minutaz, kokatzen ahal girenak oro. Halako othoitz-leku bat balu etxe bakotxak, segur hemen guhauri bezenbat bihotza uzter litzaikeela bizizaleer.

        Duda zirringila bat hautemaiten dut bizkitartean neure baitan: holako barnerik, orhoit bahiz, etzukean duela hogoi urthe estai huntan? Geroztik egina izan behar dik. Inazioren gelari kendua ziokeie xoko bat, oratorio-karialat dadin ager. Haren familiak etzikekan, orobat, othoitz-leku berezirik: sainduekilako armairuño hori ba, bakarrik, Inazio bere zortzi semetarik gaztenaren ohe-ondoan.

        Arras durduzatua, ene gaztetasuneko apez lagunari dei egiten diot argi nezan, bethi sahetsean dagokitala ustez: bainan ikusten nuen baino gehiago ez dut aditzen, ez dut hautemaiten ere orai. Zendako othe zait bertan ezeztatu?

 

* * *

 

        Bakar gelditzetik gogoa ilhun, banoa ene lagunen bilha.

        Korridor hertsiaren bertzaldetik aurkitzen ditutu zazpigarren kaperaño batean sartuak, haztatzeko eskutik eskura batek bertzeari irriz emaiten dituztela aldare-gibeleko gandeler-zango batzu. Ez dira baitezpada hain handi ez lodiak, bainan ba, altzeiru hutsak direlakotz, doidoi jasan ahalekoak.

        Zer diot altzeiru hutsak? Guneka, eta gainetik behereraino, ez dakigu nolako ez zer tresna zorrotzarekin zango bakotxak bere azala alde orotarat pikaturik, arrailkaturik izana du, zur guri bat zirrizti-zarrasta batzutan marratzen duen bezala xitxuketariaren kanibet-puntak. Eta ara hortaz urratua izan zen ildoxka mehar bakotxari bazaio bere bethean sakatua, tinki, urre-xixter luxe dirdiratsu bat. Ildo hek etzituzten bizkitartean itsura egin; urrea han dute lekuko, antzez erabili zuela ofizialeak bere eskua, desinu pollit zerbaiten atheratzeko lehiarekin. Zer lan xehe, xuhur, miragarria! Auzo herrian, Eibarren, dela izan egina, atsegin dugu muthilak erranik. Ohartarazten gitu, bertzalde, delako zangoen alkia gei berez eta ara beretan obratua dela, halaber ziborioa gorderik dagon armairuñoa, halaber aldare-mahaina jasaiten duten tenteak. Orori badarite urre-dirdira ezti bat: alzeiruaren argi gaixtoak nundik-nahi baitu hautsi eta histu, zangoa osoki urrea izaitetik jauz zitaken iguzki-sista beroa. Bainan, ezti bada ezti, ez da bihotzerakorrago baizik.

        Saminegi etzadin izan urre-iguzkia, egin zuten oraino hemen bertzerik. Etzinezake neholere asma zer: aldarea bizkarraz dagon pareta apaindu zuten marbre urdinez, bizkarraren eremua baino zabalago bat duela hunek hartzen. Austriatik ekarria izana da lapis-lazuli deritzaion marbre hura. Eta biderditarik so egoiten bazinaizko kaperañoaren buru-aldeari, han ginen guziak orduan egon ginen bezala, aithortzeko zinuke xedea bethe zutela osoki: begiak goxatuaren-goxatuz, bihotzaren beraztea baitzitaken.

        Xede hori bera zuketen segur, ezen, gainera, bertze hiru paretak onyxez apainduak dira; xafla neurrikoetan onyxa, hunen mamiko zain gorratsek izariz zezaten ager beren argia, aldare-tokikoaren ez bortizteko.

        Ohartzen niz behinik behin xoratuak dagozila gure ondoko emazte guziak; durduzaturik, gizonek berek ez dakigula norat itzul. Etxe huntako sorginkerier, holakorik erran badezaket, bihotz gogorrenekoentzat ihardukitzea lan.

        Ederrenez begiak lilluratuak, burua goititzen dugu soailu alderat; beheititzen ere ba berehala, xoradura guziak galdurik: apala da, gapirioen artetan berina batzuekin kanpoko argiarendako. Nimiñoago baizik ez da agertzen kapera, ñimiñoegi bere edergailuentzat.

        Muthilaren arabera, ikusiak omen ditugu etxeko ikusgarri guziak. Bageramatza bi ixtapez sakristiarat, hemen ixil-ixila xoko batean baratzen delarik bera.

        Barne handi apal bat da sakristia. Orhoitmeneko iduk dezakegunik ez du deus, non ez den ornamentak bere tiretetan etzanak daduzkan armairu beltz, zabal, laburra. Hoin beltza izaiteko, ebenazkoa du izan behar. Eskultura ugari batzuek musikatzen diote aitzinalde guzia.

 

* * *

 

        Baratu ere gabe, ene lagunak oro badoazi, muthilari eskupekoaren emaiteko baztertu ondoan, igan eskaleretik jaustera. Banago bakarrik, khexu hogoi ta bortz minutaz hoin arinki ibili izanik hainbertze ikuskizun miresgarrien artean, egun osoa bederen aztertuak izaiteko ez baitzuketen sobera.

        Gero, gogoa hasten zait erasiaka, hunelaxe: beren aita, beren buruzagi eta nausi lehenaren sor-etxea xutik iduki nahi ukan baitute Jesuistek, goretsiak izan bedite beren ezagutzarentzat. Bakar batzuendako hobeki zitaken, orobat, zen bezala beiratu balute etxea, zen bezala Inazio bere aitama eta haurridekin han bizi izan zenean. Bainan jendeak sinetsiko zukena halako jauregi xume batek ohatu zuela noizbait, eta moldatu, saindu handienetarik baten arima? Beiratu zukena luzaz huni bere atxikimendua, ez balu etxe-barna guziak erakutsi, begien ondotik bihotzak joz, jendeak gehienik maite dituen lurreko edergailu eta aberastasunetarik lipar bat?

        Ditzagun eskerrak bihur Lagundiari, lilluraz-lillura gauza baliosenen arartekoz arima baitauku goratu, ulertzerainokoan nolakoa zen Inaziok beretzat hautatu ontasun bakarra, hau baitzen —eta baita bethi— lagunaren alderako amodioa Jainkoa baitan.

        Gogoa horrela dabilkitalarik, ohartzen niz itze batetik dilindan dagon erretaulaño bati. Egiaren aithortzeko, duela hogoi urthe aurkintze berean ikusia nuelakotz, ez nuen ahantzia. Hurbiltzen nitzaio emeki, muthila oldar dakitan ez fidaz.

        Begien aitzinean ditut Inaziok berak izkiriatu lerro batzu. Irakur zitazken ene ondar ikustaldian, orai ez: erdoilak jaten ari ditu hitzak, papera bera andeatzen hasia da. Lauzpabortz mende baizik ez dirauke beraz, berinapean ezarririk ere, idazle baten esku-lanak. Zer deithoragarria!... Berdin, histuaren gatik irakurtzen ahal baginu, adi othe ginezakea den-gutienik sainduaren orduko hizkuntza? Gure oraiko mintzaiarena balitz ere, beldur niz ezetz. Beldur itsusiago bat badut —barkatu lumatik erortzen bazait aithorra— beldur niz Inazio gutarterat ager baledi eta dakigun eskuaraz aholka bagintza, behin Azpeitiarriak karrikan gaindi egin zituen bezala, gor eta elkor egon ginitzozken. Idek nola solasek, nola idaztiek, ez ote duten beren garaia edo sasoina, nago dardarika batekin...

 

* * *

 

        Hain xuxen, farrasta bat hautemaiten dut ene sahetsean, eta huna nun ikusten dutan —nundik jina othe?— uste gabetarik oixtian itxalia zitzaitan ene apez laguna. Ez daut orai behatzen ere. So gelditurik erretaulako izkirioneari, erhia xut adiarazten daut idorki:

        —Inazio etzen jakintsua. Nekez mintzo zen, hurriki zitzaion atheratzen elhea; haren idaztietan, halaber, ez da ezagun idazlearen antzerik.

        Solas berak atxikiak zauzkitan, lehen. Ez diot ihardesten batere. Baditake etzen hanbat aho ederrekoa Inazio; izan ditake lumaz ere etzela trebeenetarik. Bainan ez jakintsua! Ez dut sinesten tuntik. Argi laburretakoa, gizon egin artio jende argituen artean hazia izan zen aitoren semea, gizondu ondoan bere adimendua ezin aski argituzko themarekin ikastetxe aipatuenetan hogoi urthe ereman zituen entzule bipila, ohartze apurrekoa izan zela gizon hura!... Zonbat buru oneko gizon, buru handikoak ere ba eta gain-gainetik argituak, idazteko ala mintzatzeko deus guti direnak izan!

        Apezñoa aitzina bereari, idorkiago oraino, izaitekotz:

        —Inazio baitan izan den handia, da bakarrik bertutea. Maitatzearen ariaz, bere begiz ikusi zuen Jainkoa. Jainko-legearen ezagutarazteko lehiaz errea, bere indarrak higatu zituen Elizaren erakaspenak leihorrez-leihor hedatuak izan ziten lurreko bazter urrunetaraino. Guti ibili zen bizkitartean bera, herriz-herri. Erroman zituen ereman bere azken hamabortz urtheak, ez-deusez bizi, ardurenik othoitzean, bere gorputzaren alderat garratz, hartu xedeetan egunetik egunera gogorrago. Hurbiltzen zitzaizkonetarik hanitzak bereganatzen bazituen, bertuteaz zituen bereganatzen. Bertan eskaintzen zitzaizkon laguntzat, eta abiatzen lanerat. Dena sua baitzen, hura zen ororen berozale, hura ororen gider. Hil izan zelarik 1556an, hiruetan hogoi-ta bortz urthetan, baziren idekiak mila ikastetxe baino gehiago gazteriarentzat; milaka baziren Jesuistak, bazabiltzanak nun-nahi Jainko-legearen predikatzen, guziz haurrer.

        Ez da gutiago egia, diot ixil-ixila ihardesten, Inaziok nahi ukan zuela bere lagunek eta ondokoek gazteriari erakats zitzaten, ez bakarrik Elizaren erakaspenak, bainan oraino zuzenki eta ontsa bizitzeko behar diren jakitate mota guziak. Ez balitu berak jastatu bederen ukan, nundik zukeen bere laguner hainbertze arthamendatu erakats zitzaten?

        Atheratzen gira adixkide halere sakristiatik, biak. Zonbait urrats oraino elgarrekin, eta eskaleretarik petik-gora heldu den argiak iatzartzen bezala nu. Ametsetarik ari bide nintzen: betespalak thorratu ondoan, ez dut ene aldean ikusten apez maitagarriaren itzalik ere...

        Nun othe dituzket ene lagunak?...

 

* * *

 

        Mailak tarrapatan behereraino jautsi gabe, baratzen niz ezkaratzari so.

        Ttipia da, bainan dena marbre xuriz apaindua, eta begikoa osoki. Bat-batean paretan thindatu hitz batzuek jotzen dauzkitet begiak: eskuaraz dute jakinarazten hau dela San Inazioren sor-etxea. Eta atsegin zait, atsegin handi, eskuaraz baitira. Doidoi, etxearen erakuslea eskuaraz mintzatu izan balitzaiku eskualduner, atzerritarrentzat idukiz erdara, orhoitzapen hobea baizik ez ginuken beiratu, hemen iragan minuta ezin-ahantzizkoez.

        Jauregi aitzinean atzemaiten ditut ene bideko lagunak, alde orotarat haserre dabiltzala, nere berriz ikusteaz etsituxeak, erasiaka. Agertu nintzaieneko, hasperen batekin besoak hagatzen dituzte ortzalde, eta, berehala, komentutik athera gabe sartzen gira, zipuko gizaiduriaren gibeletik, arteka batean barna.

        Hemen, bat bertzearen ondotik hiru neskatxa gazte, azkar eta eder, harat-hunat badabiltza, apezen ofizioetako liburu handi bati bat-bederak behakoa landatua, noiztenka kurutzearen seinalea eginez. Eretzearekin gu, begi larri beltz batzu eztiki zeiharkatzen dituzte bizkitartean gu hunat, mundutar batzuei urrikalmenduzko agur baten karialat. Serora-gei zonbait? dautazu eginen. Ez: bazterretarat behatzen dute. Beata batzu? Ez eta: othoitzean neurriz derabiltzate ezpainak. Hiruak hiru sintsa, geroztik? Are gutiago: buru-ahuleria mikorik badutela ez dirudi; aitzitik, gogoa bizi-molde bati finkatua dute ezagun.

        Neskatxa baten ethorkizunaz nork on egin? Halere gogotik berme jar gintazke ama familiako batzu hautak izanen direla hiruak: emazte batzu berekin ukanen dituztenak osasuna, fedea, esku-lanaren amodioa, jakitatea, bertze zerbait gehiagorekin oraino, hau baitzaiku nausi eta etxekandere gehienen gainerako itzala, herrian. Bere ohore eta edertasun berezia, halako emazteer ditu izan, bethi danik, zor gure Eskualerri maiteak.

        Bi urratsez helduak gira komentuaren erdiko athe-nausi zabalerat. Azpeitiaraino hedatzen den planaderari so egoiteko tirriak erretzen gitu, bainan nola utz Loiola, eskerrak bihurtu gabe holako aroa eta hoinbertze gauza ederren ikusteko zoriona eman dauzkigun Jainkoari.

        Sartzen gira beraz goipularriak estaltzen duen kaperan; komentuko Jesuista eskolemaileek, ixtudiantek, bai eta auzoek hau bide dute, goizetan, beren othoitzetako toki. Bagaude behin ixil eta geure baitan sartuak; eta gero, orok gure begiak goiti. Ez luzaz haatik, ez baita zorigaitzez gain hartan miresteko deus handirik. Kapera biribil-biribila da, askitto nasaia, argitua izariz bere inguruko tenteen artean ohatzen dituen aldaretaraino, bainan egiaz arruntkiegi duela gapeluak hesten, arroltze-kusku baten idurirat. Bertzerik ginaukan kanpotik Loiolako goipularria.

        Laster itzuliak gira athe-aitzinerat. Mailadiaren hegian xutik elgar hunkitzen dugula, bagaude ittan bat Azpeitiaraino luzatzen den planaderari so. Zer ordoki ederra, erregebide leun beltz zabalak hausten duela erditsutarik! Zer xoko maitagarria Eskualdunentzat! Beren hauturala lerro-lerro ibil ditazke hemen, herritar saindua othoiztuz, kantatuz bi bulharrez haren laudorioak. Gizon guti izan da lurraren gainean harek bezenbat eta halako kharrarekin gizoner Jainkoaren hitza ezagutarazi nahi ukan duenik; guti, harek bezalako sua piztu duenik laguntzara bildu zituenen bihotzetan; guti, halako lanak lurreko eskualde guzietan eginarazi dituenik bere xedeen arabera; nehor ez, bera bizi zeno bere erakaspenez langile bat argitu eta indartu duen nausirik, nola baitzuen egin harek bertze eskualdun bat: San Frances Javierekoa. Bi sainduen alderako beila-toki da, geroztik, Loiola eskualdunentzat.

        Gozo zaizkigu gogoeta horiek, San Inazioren sor-etxeko komentu-aitzinean. Baginagozken han luzaz, begiak aski ezin asez, noiz ere ohartzen baikira gure otoen sahetsetik jaun eta andre multxo bat zalu badoazila, komentu-hegiari lotua den etxeñoari buruz. Ardia ardiari bezala, gu berehala heien ondotik...

 

aurrekoa hurrengoa