www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Beribilez
Jean Etxepare Bidegorri
1931

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Beribilez, Jean Etchepare (Maria Jose Kerejetaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1988

 

aurrekoa hurrengoa

III
NABARREKO HIRI-NAUSIAN

 

        Beribilak firrindan badoazkigu. 70 kilometra irets bailitzazkete oreneko.

        Iruña! Iruña!... Lehengo errege Nabarrekoen hiria huna nun dugun berehala begien aitzinean, munho ttipi bateko ordoki-gainean jarria, iduri alde orotarat so: baituke ere zeri egon beha, munhoa zelaiaren erditik eraikitzen delakotz, eta zelaia bera oixtiko mendi urrunek dutelakotz eguerdi ala ipar aldetik hesten.

        Aspaldiko orde, zelai huntan hala-nola hirian ikusten dugu zuhatz-andana pollita, atsinartzen baitute gure begiek.

        Sartzen gira Iruñan patar ezti bati goiti, kazerna berriak diren hegitik. Barnaxago bagoazi, datxikola, etxe-andana handi baten artetik, berriki eginak hok ere.

        Adituak ginen jadanik Iruña urthetik urthera aitzinatuz zoala, ederrago, garbiago, argiago ereba, urrundanik ekarri ur eta elektrikari esker. Ez dezakegu uka badela aurrerapen asko, bainan ez baita arabez merkatu ez besta eguna, nehor guti da ezagun karriketan; erdia lo bizi dela Iruña erraitera ginoazke, ez bagine orhoit San Ferminetako jaiek urthe guziez, aste bat dirauno, burburbur pizten duten alaitasun erhoaz.

        Beribileko ene lagunak behatzen du xixtez buru-gaineko saretik dilindan ezarria duen sakelorenari: hamabiak eta hogoi! Ez othe da berantegi, hiriko edergailuen ikusteko?

        Sartzen gira etxe gora batzuek lau aldetarik hesten duten Plaza Castillo aipatuan. Inguru guzian etxeek egiten dute arku-azpi; harrizko itzalpe goxoagorik ez dakigu badenez nihungo hirietan, nahiz ez den ageri hemen saltegi eder bat bakarra. Bi «kafe» handi ba haatik zoko batean, zumezko jar-alkiek hartzen daietenak parreko arku-azpi guzia.

        Bihurtzen gira erne kathedraleko alderat, eta hemen baratzen.

        Heltzearekin, hamar bat haur itxura-gaiztoko lotzen zaizkigu oihuka eta aztaparka beribiler. Ukondoez leihoetan bermatuz, lepoa luzatzen dute barnerat, zer guzier behaka; sudurraz hunkitzen gituzte kasik.

        Irri egiten diotet gozoki, orhoiturik gaztean hek bezalako batzuek zoin jakinki eta gogotik zautaten erakutsi, behin bat edo biez, hiria.

        Beribilaren aldean xut, huna haatik hamasei urthetako muthiko egin bat, beldurtzen nauena; zamar urdina soinean, galtzak histuxeak, espartin zabal batzuetan oinak biluz, larrua horail lodi du eta behakoa beltz, dirdira leunekoa, beribil-barnerat ikherkan derabilana begiak guti igituz. Soa gu-ganat itzuli ere gabe segurtatzen gitu, mintzo ezti batekin, beribila nahiko dugun bezain luzaz zainduko daukula harek.

        Jausten gira, besoez baztertuz xeheria ausarta. Muthiko txarrak aiher baitzitzaizkon azkarki, gibeleko beribilaren jabea ohartzen niz ari dela bereari athe guzien hesten gakoz.

 

* * *

 

        Kathedrale-sahetseko mailer gora bagoazi, Baionan egiten ohi dugun bezala.

        Omen handiko eliza da hau. Jakintsuek diote, Carlos hirugarrena eta haren emazte Leonor Castillakoa zirelarik Nabarreko buruzagi, hamalaugarren mendearen ondarrerat zutela Eskualdunek eraiki, ordukotz Parisen asmatua izana zen ara berrian. Huna nola:

        Bazter-harresiak guneka beheretik gaineraino gogorki lodi; harri lantuz eginikako estalgi arkatu xutaren jasaile, harresi hek; harresi hek berak teilatuaren jasaiteko, teilatu bat behar baitzen alabainan harrizko estalgiaren euritik beiratzekotz: hegatz-alde, beraz, teilatuko gapirioak bazter-harresietako gain-hegietan pausatuak; leihoak gora bezain zabal, tenteño batzuez petik goiti zatituak, eta gain-alderat ahoa xorrotx.

        Ordutik haste, ara hortara zituzten egin elizak, aitzineko mendetan baino hanitzez luzeago eta zabalgo egin beharrez, doi argirekin orozbat.

        Biziki zabal nahi zutelarik leihorra, barnetik zango azkar batzuen gainean eraikitzen zituzten bertzalde, soailuraino, bi harresi lodi, erran dugun harrizko estalgi dorpea etzadin eror, eta harekin batean teilatua.

        Hiru barne-zerranga bazauzkan geroztik elizak, erdikoa gorenik, eta hiru soailu.

        Soailu bakotxean, begiaren gozagarritzat, azkarrago izan zadin ere estalgia, harri lantu batzu lerroan ezartzen zituzten, zorro biribil konkor bederarekin gain-beheiti. Lerro bakotxak iduri zuen, ordu beretik, gapirio arkatu bat. Harrizko gako azkar batzuetarat heltzen ziren gaineko muthurraz gapirio hek, soailuaren ardi-erdirat, batzu zeiharka, bertzeak trebesean xuxen.

        Horra zer moldetan egina izan zen, bertze asko bezala, Iruñako kathedralea.

        Denik ere, bazter-harresiak hain lodi egin zaizkoten non harrizko arku arin batzu ez baitziotzaten ostikoan eratxiki kanpotik, Baionakoari bezala. Hunen araberalat haatik, badauzka barnean hiru egoitegi luze, erdikoa gorenik, zabalenik ere ba, Baionakoarena baino zabalago.

        Jakintsuek kausitzen diote bizkitartean akatz bat: aitzinaldea, bere ezkila-dorre lau hegiekilako apalskoekin bazterretan, eta, erdian, sarguiako bere atherbeñoarekin —hau harrizko zango batzuen gainean xut— hanitzez berantago egina izan omen du aitznalde hura, dena ere ez garaitikoari eman zen molde beretan. Garbiki erraiteko, badu eite kotsua theatre batenarekin.

 

* * *

 

        Sartu orduko, sakristaua han dugu edergailuen erakusle.

        Ohartzen gira aldare-aitzina hetsia dela burdin-ziri gora batzuez, burdina ingudian jorik eginak. Bainan bitxikeria hau duzu: kalonjeen jar-alkiek eta elizako kantoreak jendeen aitzin-aitzineko jar-tokiak hartzen dituzte, haletan non mezatiarrek ez baitezakete ikus aldarea!

        Kantore eta apezen jar-alki, zurezko kaiola handi bat bezala dauzute egiten, gainetik eta aitzinetik idekia, elizaren trebeseko bideak aldare-aitzineko grillatik berexten duena.

        Ikusgarriak dira haatik zureriari datxizkon esku-lanak. Damurik da eliza ilhunskoa: ezin ditazke xeheki ikus, ez ditzazkete ere begiek gai litazken bezala ikher aldarearen gibeleko erretaula handiaren zati margoztatuak.

        Erran dugun kalonjeen jar-alkietako ozka-lanak ez gitu halere nehor harritzen. Ezagutzen ditugu guziek         St-Bertrand-De-Comminges elizako eskulturak, Luchoneko ondoan, Frantzian ez nihun ez baita bertze hainbertzekorik, hala nola harriaren gaineko eskulturentzat ez baitugu uste baden Chartresko kathedraleari nausi izan ditakenik.

 

* * *

 

        Sakristauak bageramatza, orai, sartu ginen athearen parreko bertze athe batetik harat. Eta plazaño bat inguratzen dugu kalostrazpiz-kalostrazpi, zabalak hok eta osoki miresgarriak beren soailu arin xorrotxekin.

        Iduri luke harat-hunat irakurtzen ibiltzeko, edo aire hartzeko bederen, eginak izan direla. Ez bizkitartean. Ohartzen gira berehala harri handi, zabal baino luzeago batzuez zolatuak direla; harri hotarik bakotxak badauzkala ere xixelaz askaturikako bi marka, noizbait burdinazko bi erhaztun gotor kokatzen baitzitzaizkioketen han, altxa-gidertzat.

        Erakasten dauku sakristauak Iruña-alderdi batetako hilak zituztela lehengo mendetan harri heien azpian ehortzen. Ontsa orhoit baniz gaztean ikusiez, elizaren beraren erdiko egoitegia halaber zolatua bide da. Eliza bere kalostrazpiekin hilerritako izana da beraz noizbait, elizkizunetakotz bertzalde.

        Huna orai bertzerik. Kathedralea, sahetseko bere plaza kalostrapiz inguratuarekin, San Agustinen ordenako fraide batzuek omen zuten zaintzen, eta arthatzen beren esku-lanaz. Sakristauak erakusten dauku fraideen egoitza: kalostrazpiari lotua, elizaren sahetsari datxiko halaber.

        Huna, barnez-barne, fraideen jan-tokia, orai kaperatzat derabilatena kathedraleko buruzagiek; huna fraideen sukaldea bera. Hamar bat metra luze, bertze hainbertze zabal, gogorki gora, soailu arkatu xorrotxaren erdi-erditik khe-bide luze batekin goiti, soailuaren lau kantoinetarik zirritu batzuekin, khearentzat hok ere arabez!

        Zolaren erdi-erdian, lehengo su-tokian, marbrezko mahain bat, sahetsak nola hegiak antze handirekin lantuak, Carlos errege eta Leonor erregina zirenen hobia estaltzen duena: mahainaren gainean luze-luzea etzanik senar emazteen marbrezko gizairudiak elgarren ondoan, batek ala bertzeak bere harrizko korona buruan.

        Sukalde bat hilerritua errege eta erregina batentzat, ez bide da hanbat ikusten nihun holako sukalderik....

 

* * *

 

        Sartu ginen athe ederretik bagoazi erdi-lasterka kanporat, ni lehen. Beribilak ikusten ditut nehor gabe inguruan, haurrek aserik utzi jostagailu batzuen pare. Erna! erna! daiet egiten mokorki ene laguner: bazkariterat joanak ditugu gure otoen zaintzale maitagarriñoak; eskupeko sariaren beha ere ez dute nahi ukan gaixoek egon!

        Abiatzen gira berriz burrunban eta berehala karrika bethean gelditzen, bi botoila arno onen erosteko, lauzpabortz ogirekin. Beribiletarat berriz! lehen bai lehen jaustekotan haatik gure ahamenaren jateko, ezen ahulduak gira guziak eta beranta ditake.

        Aldeanbertze baderamagu bigarren aldikotz hiria, ohartzen girelarik xixtez karrika eder, zuhatz eta loredun bati —Paseo de Valencia ez othe?— eta heltzen gira musika-joiteko atherbeño bat erdian daukan itzalpe baterat. Zer toki ona, elgarrekin goxoki bazkariteko! bainan gazte-andana bat buruz-buru heldu baitzaiku, ez oro itxuraz gardatsak, eta eskelari soberaren beldurra baitaukute emaiten, bagoazi zalu munhoari behera, mendeal-alderat. Eguerdi baino gehiago ez ditake orobat, oren zahar.

        Bagoazi, bagoazi bidez-bide, bainan nihun itzalpe goxorik ez ezagun, han-hemenka zuhatz argal gazteño batzu baizik ez. Ogi-leku da hemen ere zelaia; mendixka larrutu batzuek zaintzen dute ipar-aldetik.

        Huna, hogoi bat minutaren buruko, Irurzuneko herri bildu tarroa, Iruña-inguruko abere-merkatu handienetarik bat.

        Tipust-tapastean, beribileko ene lagunak behatzen du goiti, saretik dilindan ikusiren duelakoan zertsu tenore den. Behakoa goiti, eskua ondotik atzemanka, ikherka..., bainan gathearen muthurra baizik ez ageri beheiti!

        Ikher berriz eta berriz, bainan debaldetan. Ni ene xokoan, barneak ordukotz erakitzen dautalarik.

        Etsiturik azkenean, erraiten daut eztiki, itxuraz odol-hotz:

        —Muntra ebatsi dautate... Zilarra baitzen, ez urrea... Hiru ehun liberaren galtzea badut halere... Goazen aitzinat... Oixtiko muthiko tzar heien lana ditake...

        Ahalgez urtua nago nere alkian. Itsu izan niz beribilaren ez gakarazteko; haurra baino haurrago, ez ohartzeko lapur xikin batzuen lehia gaixtoari. Beribila bera ebatsirik ereman zezaguketen, okaztagarriek!

        Zainhartago zangoa bere khexuarekin, lasterragotzen du oraino ene lagunak motorraren itzulika. Zonbait ehun metraren buruko, huna zorionez bidearen ezkerretarik haritz-oihan pollit bat, bere itzala erregebidearen arditsutaraino hedatzen duena.

        Jausten gira, sartzen oihanean burdin-harien artetik ixtaklok ukurtuz, jatekoak guahurekin baderamatzagula. Hemen bederen gure otoak begien aitzinean idukiko ditugu...

        Ez niz sobera fida, haatik: erregebidearen bertze sahetsari luzatzen da laborari-etxe handisko bat, batere emokatzekoa, eta leihoak idekiak.

 

aurrekoa hurrengoa