www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Beribilez
Jean Etxepare Bidegorri
1931

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Beribilez, Jean Etchepare (Maria Jose Kerejetaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1988

 

aurrekoa hurrengoa

II
NABAR-GOITIN HARAT

 

        Anartean bagaude behin errekari beha. Nun dira ordean, duela bi urthe lanho baten lehertzez goititu zenuhalde izigarriaren herexak? Etxe-sahets baten arraildura baizik ez da orai ezagun.

        Ixtudiant gazte bat, sotanaz jauntzia, ikusten dugu etxe batetik atheratzen. Atxo xahar bat hurbiltzen zaiku, guk deus galdegin gabe erraiten daukuna, begiak dirdir, badituela aurthen eskoletan Arnegik hamabortz apez-gei. Karanbilo! Fede suharrekoa ditake Garaziko xoko hau!

        Errezebidorea ez bizkitartean ageri! Igitzeko, ezpata-sista baten beharra baluke nunbait, alfer zotz zarek, Primo de Riverak berak emanik...

        Oren bat osoa baderamagu tokiaren gainean. Noizbait, haatik, karabinero batek ekartzen dauzkigu gure paperak: erdi lotarik, kirrimarra batez sinatu daizko aitzindari nagiak!

        Bagoazi karraskan mendi-mazela bati goiti.

        Laster, huna Luzaide, bere karrika labur eta elizaren inguruko etxe-multzoñoarekin. Bainan zer erreka ikaragarria gure ezkerretarik, bere basura zolan! Arnegikoari darraio, edo, hobeki erran dezadan, Arnegikoaren hastapena da; bainan hertsiago hanitzez bere petik-goran, eta hiruzpalau aldiz bederen luzeago.

        Bethi goitiago geramatzate beribilek. Gu gorago, eta xutago gerenda, barnago ere ba. Amilka eror baginte, ekaitz batek bota balitza han-hemenka kasik dilindan dauden etxeño batzu, zer itzulipurdia leize-behererat!...

        Bihotza pilpil bagoazilarik, agertzen zaiku atxe-multzoño bat erreka-hegiaz bertzaldetik; urrunago, Luzaideko elektrik eihera aipatua. Noizko ordean helduko gira mendi-leporaino?

        Etsigarria da, zinez, hogoi kilometra luzeko patar hau, bihurgunea bihurgunearen ondotik. Bide ona da bizkitartean, eta askitto zabala; erreka hertsiaren bertzaldeko mendi handiek gozatzen ere dauzkute begiak. Oihanez estaliak ikusten ditugu, ostotsu, gordin.

        Aire hoxpil batek phagoen abarrak, farrastatuz, elgarri xaflatzen ditu xurruntxa ezti batekin.

        Erdi-lotsatuak baratzen gira eta jausten, gibelerat behatzeko. Erreka gaitza, diogu berritz orok batean, gain-behera gure begiez ikher baitezakegu bigarren aldikotz, kasik Arnegiraino. Bizkitartean, lurra ez baita larrutua nihun, belharrak estaltzen baitu eremu guzian, gaineraino helduxeak ere baikitazke, gerendari beha egoiteak ez gitu orai hanbat lazten.

        Begikoago zaiku halere eta laketago Izpegiko erreka; Izpegi, Baigorri herriko ikusgarrietan orhoitgarriena. Han, errekaren mazelak larre idor izana gatik eskuin ala ezker, arkaitz-mokor batzuek tokika goxoki beltzuritzen dituzte. Aithortzeko dugu, bertzalde, sei kilometra baizik ez dela luze Izpegiko patarra...

 

* * *

 

        Iragaiten dugu azkenekotz Ibañetako lepoa, Hainbertze mende huntan hainbertze miliun gizon, hanitzak armadetako soldado, bere arteka xabalari esker bidatu dituen lepoa.

        Napoleon Handiaren soldado aipatuak, zonbat etzen zuetarik eskualde hotan galdu, 1811-ko itzuli deithoragarrian! Zeren bilha zinabiltzaten ere hemen gaindi, zortzigarren mendearen ondartsurat, Charlemagnen gizonak, Roland gaizoa buruzagi?

        Egia othe da Charlemagne adostua zinutela lehentxago Moroekin? adixkidantzaz emana zuela Moroer, Zaragozarekin, Aragoniako bazterra? Moroak alderat koka zitezin Eskualerrian, Charlemagnek zuela urrarazia Iruñako hiria zaintzen zuen harresi gora?

        Egia balin bada, Eskualdunek bazuten zertaz izan hasarre, zuzenak Frantziako erregek ostikatu zaizkotenaz geroz; ostikatu, Nabarreko hiri-nausia Moro higuinari idekitzerainokoan.

        Ala, haratekoan nola hunatekoan, gure menditar gaizoen arthaldeer zineten gehienik oldartu?...

        Dena den, lepoaren bertze ixurkian, lepotik berehala, huna egun Orreaga, bere komentu famatuarekin. Zoin zahar orai, zoin huts eta hits, komentu hau bere etxe-andana gaitzarekin! Nork erranen luke bazirela noizbait, hortik atheraiak, bospasei mila fraidetaraino, erleak beren kofoirat bezala horrat biltzen zirenak noiztenka?

        Badakiguia ere Eskualdunek, komentu hortako fraide gaizoek zituztela, hamabigarren mendetik hamaseigarreraino, laguntzen Frantziatik Santiago Compostellakorat (Galizian), mendiz-mendi eta oinez bide egiten zuten beilatiar fede-azkarrekoak? Zaintzale hek ukan ez balituzte, zonbat gehiago frantses eta eskualdun zintzo etziren hilik geldituko, gure mendi-zoko guzietan gorderik zauden ohoinek buluzi ondoan garbiturik!

        Baratzen gira. Agur bat zor dugu Roland zenaren lagun hoberenetarik zonbait ehortziak izan ziren tokiaren gainean eraikirik dagon kapera komentukoari. Ttipia da, ilhunskoa. Ez dugu astirik sakristiak dauzkan elizkizunetako untzi eta jauntzi aberatsen ikusteko; ikusi gabe utzi behar dugu halaber komentuko liburutegia, adituak girelakotz berdin ez dela gehiago han Nabarreko erregeek gainean zin egiten ohi zuten zilar-estalgiarekilako liburu handia.

        Bertzerik ikusi nahiak dira orobat hemen gure andre lagunak, guziz bat. Nun othe da, gainean jartzen zitzaizkon emaztekiak amageitzen zituen harri aipatua? Abiatzen gira galdeka. Bizpahiru orreagatarrek ihardesten daukute ez dakitela; bertze batzuek, hitzik erantzun gabe, beren sorbalden goiti-beheititzeaz eta begien harritze larriaz, erakusten daukute beren ez-jakinarekin batean halako ahalge izi bat, guretzat berdin bitxia segur nola baita gure galde pikor tupustadakoa heientzat.

        Argirik ezin ukanez, neraman otomilaren jabea sartzen da azkenekotz alhor batean, hemen orga bat etxe-ongarriren hustera doan laborari zahar batek badakikela, nehork jakitekotz.

        Sarde-gider puntaren gainean trebesatzen ditu gizonak bere besoak, besoen gainera burua ukurtzen, eta irriño batekin ezpain-xokoetan:

        —Ez da gehiago hemen harria. Duela bi urthe eremana du berekin Burgozeko artxapezpikuak. Arras mehatua zen...

        Uste etzuten berri hau entzutearekin: «joanen gira beraz Burgozerat», diote gure andre lagunek bixi-bixia, apur bat samur Orreagatik harri hura kendu izan delakoan.

        Orai behintzat, ez lukete opor osorik nahi: «harria ereman badute, utzi dukete arabez Orreagako mirakuluen bertze ithurburua: komentuko pentze batean sortzen den ur-hotxa?».

        Hasiz geroz, mirakuluz-mirakulu hegaldaka baitabil emazteen irudimena, eta hamekak joak izana gatik Loiolarat baikinuke egun berean xede, agertzen dut ene barneko khexua... Berriz otomobiletarat iganik, adio erraiten dugu behingotz. Orreagako herri ñimiñoari.

 

* * *

 

        Erregebidearen bi bazterrak hesten dituzten zuhatz-lerroen hutsgunetarik, ordoki bat gaitza agertzen zaiku eskuin ala ezker —guziz ezker— mendixka batzuek inguratzen dutena urrundanik.

        Laster, zuhatzik ez dugu gehiago betare bide-bazterretan: oso-osoan huna orai ageri, bi aldetarik, Auritzeko zelaia, den akasik pentze eta larre.

        Zortzi ehun metra goratasun badituzke munho hunek: ez ditake izan bazka-leku baizik. Eremuño batean ikusten dugu behi andanaño bat; zaharoa eskuan, zain badagote, itzea bezain xut, unhaia. Aldude eta Urepeleko behi batzu behar bada, jabeek hunenbertzeko batean zonbait ilhabetherendako harat asetzera igorriak.

        Bitxi zaiku haatik nolaz bada ez den mendixketan oihanik: pinoak bederen ez othe lezake har? Sugeiaz bertzalde, heze gehixago eman lezoke zelaiari, eta hunek belhar nasaiagoa aberentzat.

        Alhagia murritz iduritu baitzaiku eta ez Frantziako aldean bezain musker, baditake hobendun ere den Nabar-Goitiko iguzki samina. Bainan jin giren tokietan baino zendako ditake hemen saminago iguzkia? Berotzen badu gehiago Nabar-Goitin, ez othe da Nabar-Goitiko lurra idorrago delakotz, tinkiago, gogorrago Lapurdikoa baino?

        Gogoeta horiek ximixta bezala dabilzkitalarik pindar-ilhaunka buruan, Auritzeko etxe-multzoaren erdi-erditik bageramatza emeki bideak. Herri ttipi pollit bat da Auritze, bere etxe xuri garbietako leiho margoztatuekin; etxeek, apal izana gatik, teilatuko lau ixurkiak biziki gora dituzte eta xut, neguko elhur-erauntsi lodiek ez ditzaten leher. Ixurkiak erran dugun moldean izanez, elhurra edo lasterrago da urtzen edo lurrerat erortzen amilka, nahiz hegatz hertsi bat badaukan trebeserat teilatu-inguruak, begiarentzat, nik uste, behereko hegi murritzaren leuntzeko.

        Otomobil andanaño bat aurkitzen dugu karrikan: udako toki goxoa omen zaiote hau, Madrileko egoiliar batzuei. Tenore huntan haatik bero egiten izan behar du, hemen, nun-nahi bezain.

        Herritik atheratzean, ezkerraz agur bat igortzen dugu mendixkek gordetzen daukuten Ahezgo idorrari, eta berehala jausten gira bi lerdoin larrutuek hertsatzen duten erreka bati behera. Han gaindi zabilan «scout-boy» batek erakutsia dauku oraitan.

 

* * *

 

        Jainko maitea! Ahezgoari bizkarraz itzulirik harroan baikinen, Auritze murritza zela baikinion, erreka hau da, hau, zinez murritza! Ohantze harritsu itxuxi batean koskatuz, bidearen sahetsetik gurekin badoa beheiti lats mehe bat, neguko erauntsiek larritzen dutenean larderia handiko ditakena. Bidearen ezkerretarik, latsaren eskuinetarik lerdoinen mazelak bethi ta buluziago agertzen zaizkigu; legar-zuri-mokor batzu lerratzen zaizkote kaskotik zolaraino; arraildura batzuetarik ezagun da gei beretik egina dela lur-barnea; han-hemenka, bizkitartean, ilharka motz batek jaunzten dio, bere lore ñimiño amuskoez apaintzen ere ba den gutien bat, azal kazkarra.

        Bizpahiru ehun metraren buruko, zabaltzen hasten da izpi bat, guneka, erreka hertsi kakola. Huna, bi aldetarik, gari-landa ttipi batzu, berriki ebakiak. Kizkia bera urre-kolore dago: kizkien arteko belhar gaixtoak ere iguzkiak eta zola gogorretik airatu sapak horailduak dauzkate.

        Lerdoin konkor biribilen orde, mendixka batzu ditugu orai eskuin ala ezker, zuhatz bat gabe, ttutturruan ala mazeletan arkaitz zurpail izigarri batzuek khabarrotuak. Ez behirik, ez ardirik ez dugu ikusten. Eremu hits, agorrak!... Ixil-ixila bagoazi gure beribiletan patar eztiari beheiti. Zeru urdinetik, jostatuz, iguzkiaren iñarrek kizkietako urrea eta mendietako legar zuria argitzen dituzte eta orozbat berotuaren-berotuz kixkailtzen.

        Bizpahiru kilometretarik, bide-bazterrari hurbil aurkitzen ditugu hiruzpalau herrixka. Etxe gehienak elgarren ondoan dituzte, direnak eliza ttipi baten inguruan kurubilkatuak. Bazterrari doazkon laborari-etxeak: leiho txar batzuekin, batere emokatzekoak ez thindatzekoak, harri lantu gotorrez eginak bizkitartean, bainan haize, euriek, erhautsarekin batean mendez-mende ñabar-likistuak.

        Erreka zabaltzen da apur bat. Bidearen eta ibaiñoaren sahetsetarik gari-alhorrak erakusten dauzku bethi urre-kolore; azauak oraino gainean dituzte, etxerat eremaitekoak. Ebakitzeko lana bururatua da orotan. Epailerik nihun ez ikusirikan ere, gogoak emaiten dauku igitagiaz egina izan dela lana, ez segaz, are gutiago mekanikaz.

        Etxe zonbaitetan ekarriak dituzte bizkitartean azauak larrainerat. Badugu uste «larraina» deitzen duten, hemen ere, etxetik hurran lurra joz eginikako ordoki ñimiño biribila. Ezpartzutik askatu-ta, haren gainean ari dituzte hedatzen azauak. Abere pare batek edo biek, buztarturik, beren harat-hunat ibiliaz zangopean bihitzen dituzte gero.

        Iguzkia samiñ izana gatik, gizonek poneta dakarte buran; begitartea zimail dute, eta gantza arin. Ogi-joiteko mekanikak ezagutuarren, moda xaharrari badarraizkio zuhurki, gizagaizoak: zonbatez xahubideak ez dituzte horrela gutiago! Aroa lagun, etxekoz-etxeko egiten den lana da merkeenik, ahantzixea balin badugu ere Lapurdi eta Benabarreko aldean.

 

* * *

 

        Sigisaga erreka latz, bere moldean osoki begiko hura oren-erditsu batez iraganik, sartzen gira Agoitzeko herri tarro bezain hutsa ohatzen duen xilokan.

        Gaude ez othe direnetz Agoitze eta Luzaide, bat mugaz hunainditik, bertzea harainditik, biak goratasun berean.

        Bazterra, hemen ere, berdin buluzi.

        Merkaturik ez balu, Iruñatik ez balitzaizko iragaiten egun guziez beribilak, Zaraitzu eta Erronkari, Ziberoako alderdirat goititzen diren bi eskualdun erreketako herrietarat, Agoitze ez litake berez-bere gauza handirik. Bere bizitegi larrien gatik, hutsa iduritu zaiku hango karrika makur, luze, kakola.

        Orai artio eguerdi-alderat baikinoazin, bihurtzen gira bata-batean mendealerat buruz. Eta zonbait ehun metraren buruko, zer ikuskizun zoragarria! Zelai bat gaitza, begi-ukaldia hel ahal baino luzeago, bi kilometra bederen zabal, erregebidea erdiz-erdi, eremu guzia urre-kolore.

        Alhor gutitan datza azauak; garia sartuxea da eta jadanik ehoa, bihia geroztik selauruetan idortzen ari.

        Arimarik ez da ageri nihun. Nihun ez dezakegu berex baratze bat, ez zuhatz bat, bide-bazterreko bakar batzu baizik.

        Han-hemenka herrixka bildu batzu, harri gotorrez eginak oro, bainan apaindurarik gabe; nork daki noizko iguzkiek apur bat horailduak, harri hek ere!

        Zelaiaren bi aldetarik, erregebidetik urrunsko, aipatu herriak zolan, mendixkak dira guziz ikusgarri: mailka zaizkote gari-alhorrak igaiten mazelari gora, gailurreraino batzuei.

        Bihotza jauzten zait, malda heier so nagolarik, urgoiaren ondotik ilhundura batek hausten dautala bizkitartean laster: zuen bizi xumearen atheratzeko, zer lanak ez dituzue hemen erabili, zer nekeak ez jasan eta zonbat mendez ez, ontasunarekin batean odola utzi daukuzuen arbaso maiteak!

        Orai niz garbiki ohartzen zer hazta daukan, eskualde hotako hizkuntzak dakarran «garesti» hitz sarkorrak...

 

aurrekoa hurrengoa