www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Beribilez
Jean Etxepare Bidegorri
1931

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Beribilez, Jean Etchepare (Maria Jose Kerejetaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1988

 

aurrekoa hurrengoa

VI
GIPUZKOAKO SARGIA

 

        Mendealerat buruz goazi. Lekunberriko zelaia utzi orduko, horra nun sartzen giren arteka hertsi batean halako izialdura batek hartzen baikitu guziak: ezker, erregebidearen sahetsetik, erreka txar mehar barna bat, nasaiki urez bethea, eta hunen zaintzeko bezala bere luzetasun guzian, bixkar bat askitto xuta, gaineko hegi xorrotxa berrogoi ta hamar bat metraz gora, gure alderat daukan mazela belharrez jauntzia denik ere, zuhatz bakar batzuek ilhuntzen dutena han-hemenka beren itzalaz; eskuinetarik, lur-pareta xutsko bat, ezkerrekoa baino goraxago. Guneka haatik gogorki kazkarra, eskuineko hau; harri-mokor zuri-zuri kantoinka hautsi bazu lerratzen zaizko gain-beheiti, gu iragaitean.

        Goizetik hunat ez ginuen oraino ikusi holako arteka hertsirik. Erne dauzkagu begiak alde orotarat: hainbertze gaztelar Lekunberrirat jiten ohi denaz geroz udan, nunbait hemen izan behar dela zerbait, bertzetan ez denik... Errekako ur-laster hura bera nundik sortua ditaken, gaude, ez baiginitzaizkon den gutienik ohartuak Lekunberrin.

        Eite hanitz badu erreka hunek Agoitzekoarekin, bainan eitziar gehiago, eite baino. Meharrago da, behinik behin. Bertzalde, Auritzen-beheiti Agoitzerat jausten ginelarik, eskuinetik ginuen erreka; puska batez zabalago hangoa, dena harri konkor, agortua ere kasik. Han, bazterretako bi mendixka-lerroak larre murritz idor batzu ziren luzetasun gehienean, artetan arkaitz zurpail batzuekin; hemen, bederen ezkerreko alderdiak goxatzen dauku begia.

        Laster eskuinekoak ere iduri du bertze hainbertze nahi laukegula egin. Erakusten dauku, eremu puxka batean, egundaino ikusi ez ginuen bezalako xara bat: osto ñimiño gordin batzuekilako landareska pollit andana handi batek, elgarri tinki, beren abarrez elgar hunkitzen dutenak, elgarren neurrikoak oro —metra bat baino goraxago— dirdira berde leun bat hedatzen dute beren gainez-gain, mendi-hegitik erregebideraino.

        Ezpelki zerbait? Ezin ezagutu dugu, ontsa jakin-nahian ginelarik. Xara edo oihan apal hura ez da segur bere-baitarikakoa; legarren mandotzetik beiratzeko ereina izana da edo landatua han noizbait, zer ari zen ontsa zakien norbaitek.

 

* * *

 

        Bainan xafla musker haren aurkintzetik haratxago, mendi-pareta sekula baino buluziago zaiku agertzen. Euriak eta hormak emeki-emeki arrailduz, kraskatuz, harrotuz deramaten harri zuri batez egina da dena. Han-hemenka bizkitartean lur-azal mehe berde batek estaltzen du, larruarekilako haragi zirtzikatu batek bezala hil baten hezurrak; halaber, nahiz bakanago oraino, arbola txar batzu beren erroetako zain guziez lotuak dagozkio, doidoia xutik, makurtuak, bihurdikatuak, etsituak kasik beren bizitze xuhurraz. Errekaz bertzaldeko paretak aldiz badakar bethi bere hastapeneko itxura; zuhatz multzoño batzu ikusten ere daizkogu tokika, ez hanbatekoak haatik. Aroa eder denean, iguzkiak kiskailtzen duke erreka hunen alderdi bat, bertzea uspel dagolarik.

        Bagoazi bethi, bainan ez xuxen-xuxena: mendealerat buruz geramatzalarik bideak, eskuin, ezker, andarkatzen gituzte noiz-nahi bihurguneek. Ustez zerbait berri ikusiko dugun, bethi bi aldetarik ager berak; erreka bethi berdin hertsi, bere bi pareta xutekin. Lotsa batek hartzen gitu, Loiolarat goazinez ala bertze norapait... Ez, ez gabiltza makur: gure sahetsean, gutarik hurbil-hurbila, errekako ura gurekin batean badoa, suge luze bat bezala bihurdikatuz ixil eta ezti, ez dakigu nola loditurik bere ohantzea barnatuz, apur bat zabalduz ere ba bere auzkia.

        Gehienik harritzen gituena, hauxe: ez baitugu arima bizirik ikusten, ez jende ez abre, ez eta orga bat bidean utzia, ez otomobil bat ere.

        Bero izana gatik, bada aire; saparik ez dugu hautemaiten.

        Bospasei kilometra badituzkegu doidoi eginak, gure kafe-xirrixta hartuz geroz. Toki arrotzetan, holakoak direlarik guziz, luze doazi orenak.

        Azkenekotz, huna erregebide-sahetsean, etxe bat dena leiho, biziki luzea, nahiz askitto apala. Mapari behatzen diogu: Betelu. Hurbiltzearekin, etxe-aitzineko paretan irakurtzen ditugu hitz hok, larri-larri thindatuak: Baños de Betelu. Aguas sulfurosas de Betelu, edo holako zerbait. Bainan ez eskuin, ez ezker, ez aitzinatu-ta haratxago ere, bertze etxe bihirik ez!

        Elgarri solas emanez, gaude ez othe duen etxe bakar harek egiten Beteluko herri guzia; ez othe diren etxe bakar haren beraren barnean bizi beteluarrak oro, alkatea eta ertora berekin. Gure irriñoak!... Egiaren aithortzeko, atsegin dugu guziz bizitegi bat bederen ediren baitugu, nahiz hainbertze leihoetan etzaikun agertu kristauik...

        Adio, Nabar-Goiti! Oraitan gira sartzen Gipuzkoako lurretan.

 

* * *

 

        Zer mila sorgin! Ez girea egun atherako arteka hertsi bezain lazgarri huntarik? Badiagu hoberik, Manex: hertsiagotzen zaiku-ta gure arteka, hertsiaren hertsiz irestera bezala geramatza artekak, bere bi pareta xuten artean. Eta nola murriztu den bat-batean ezkerrekoa bera! Ama maitea, zer behar othe dugu ikusi?...

        Begizta-ahal urrun, Jainkoak daki noraino, agertzen zaizkigu mendi-kasko zorrotz batzu, zuri-zuria, lerro-lerro, harri-dirdira idor bat daritela.

        Ez dugu toki hau ahantziko gure bizian. Laburzki, huna nolakoa den. Begien gozagarritzat ez duzu deus, bi aldetako mendixka larrutuak baizik: lur-mamirik ez da ezagun, ez belhar-ondo bat, ez zuhatz bat. Bidearen gainean ere, ez ginuen ikusi edozer, ez nehor. Eskuin ala ezker, beroak eta hotzak, haizeak eta euriteek mendez-mende emeki-emeki zizkatzen, zilatzen, irrikatzen, porroskatzen dituzten mendixka batzu baizik ez, deus.

        Badira itxura guzietakoak, biribilik ez haatik bihi bat, bainan ba dena ozka, dena arrail, dena sarraski, dena zurruta agor, dena hegi diren harrizko mendoitz hits batzu. Dituzten ziloetan sartuz geroz, lurrerat lehen-bai-lehen ezin jautsiarekin euriak janez deramatza hurriki, eta, zerenak zura egiten ohi duen bezala, barnez-barne suntsituz.

        Tokiaren gainean ari dira endurtzen bai azalez bai mamiz, holakorik erran baditake harriaz mintzatuz.

        Saheskatzen gituztenek 30, 40, 50 metraren goratasuna dakarte; bazterxago dira goitiago aikatzen direnak, guziz eskuineko aldetik, ostikoan datxizkitela, nahiz ahulki, Pyrénées mendi-lerro izigarriaren hunaindiko mail konkorrak.

        Izialdurra badoakigu halere laster. Harrizko hilerri batean-barna geramatzate ba beribilek, harrien hilerri gogoetagarri batean; bainan iguzkiak argitzen du, berotzen, arintzen ere ba hilerri gogorra, han-hemenka eztiki urreztatuz lurrerat irintzen ari diren peña zurpailak; bainan gure buruen gainetik alaitzen dauku bihotza agorrileko zeru garbi urdinak.

 

* * *

 

        Peña kazkar ustel hek elgarrekin josteta ere ari direla erran zinezake batzutan. Betelutik laster, ezker ala eskuin, berexten dira osoki bat berzetik, bizpahiru tokitan; husguneari esker, bazterrak agertzen dauzkigu etxe txar apal batzu, teilatu xaharra baizik ez dutenak biziaren kolorekorik. Urruntxago, lerro bakotxean elgarri lotzen dira mendixkak; ezkerreko bat aitzinatzen da, eskuin-aldean parrekoa hunki nahiz bezala, hau ere aitzinatzen zaiolarik edo... gibelatzen.

        Batzuek badakarte orratza bezain zorrotzeko buru bat; bertze batzuek moztua dute aspaldi-danik, lurrerat eroria. Hunek ehortzia ez denenan, porroskak oraino zolan badaude ageri.

        Ura geroago lodiago sigisagaka baitoa bethi, bai eta hari-kontra erregebide zuriaren gainean gure beribilak, iduri zaiku noiztenka gurekin batean igitzen direla pareta hil mutu hek, kakolatuz, bihurdikatuz eskuin eta ezker zirurika nakaitz batean, igitzen ere ba iguzki-argiaren jogiak, igitzen iguzkia bera. Zoragarri da eta bitxi, orozbat.

 

* * *

 

        Gure begietako besta hunek badirau hemezortzi kilometraren luze. Gune batean bakarrik zaiku zabal ideki hilerriaren erreka, burdin-bideño bati zeiharrean leku egitea gatik, bainan are tinkiagotzeko berehala.

        Lapurtar, benabartar, ziberotar aberatsak baitabiltza hanitz aldiz herritik urrun, begiak ikusgailu arrotz zerbaitez ase nahiz, dathozila Izpegitik edo Ainhoan-barna Gipuzkoako sarguia huntarat egun eder batez: etzaie urrikituko. Gutarik bat ibilia baita Frantzian gorges du Tarn deitzen duten errekan gaindi, dio hau luzeagoa dela oraino hogoi bat kilometraz bederen, zabalagoa, harrigarriagoa bere sahetsetako arkaitz osoki murritz eta gainetako munho bipilekin, bainan halarik ere ikusgarria gelditzen dela Lekunberritik Tolosarako bidea, orhoitzapen goxo jostagarri bat uzten baitu hunek, ikusberriko iziaren ondotik.

        Labur egon ondoan ordu bat osoa eta bere atzarrian bildu, huna nun bat-batean zabaltzen zaikun airos behakoa, bulharrak beren aldetik hampatzen zaizkularik nasaikiago: ohantzearen bazterrek elgarretarik urrunduz bide gehiago uzten diotelakoan edo lagun zonbait ezkerretarik jin zaiolakotz guk uste gabean harekin batzera, gure errekako lats gottortua bilakatua dugu kasik tanpez ibai. Baiona-Santespiritako ibaiaren bortzetarik bat ur bederen baderama orai, halako andiantza naro batekin.

        Erregebiderat daudela huna eskuinetarik, banaka, etxe pollit batzu, hiritarren etxeak segur; ibaiaren bertze aldetik, luzera, zelai puxka bat: ezkerrago, bizkar biribil konkor batzu, artetan artho-landa gori batzuekin.

        Minutan Tolosan gira sartzen.

 

aurrekoa hurrengoa