www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Beribilez
Jean Etxepare Bidegorri
1931

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Beribilez, Jean Etchepare (Maria Jose Kerejetaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1988

 

aurrekoa hurrengoa

IV
BAZKARIA

 

        Hariztegi hunek garbia zuelarik iduri, ez dugu bizkitartean errexki aurkitzen toki xahu bat nun bazkariteko jar. Barnasko atzemaiten dugu azkenan behar-bezalakoa, bospasei haritzondoren artean, erdi-iguzki, erdi-itzal. Sorhopilan hedatzen daukute andretarik biek dafaila, mahaineko untzi eta tresneria guziarekin, bertze lagunak bizkarraz zutoier ahal bezain erosoan gaudelarik, elgarri buruz-buru.

        Bainan zer jateko urintsu, hotz, usain gozo gabeko, muthiriak! Pizteko orde, lotsa lezagukete zinez barnea, ez bagine oro gose amikatuak. Bego nausi etxeko xokoa, eltzetik bafadan athera salda beroarekin.

        Urriki dugu Iruñan ez gelditurik, ostatu on batean. Zer bitxikeria bertzalde, halako hiri zahar orhoitzapenez hanpatuari ikuska gehiago ez emanik! Gai zitaken bada, nihun izaitekotz bat, bere jauregi, museo, udaletxe, liburutegi eta eliza ederrez. Kathedraleak berak merezi zuken egon gindizkion astikixago beha; etzaikularik nehori iduritu Baionakoa bezain arin eta begikoa barnez, orhoituko gira gure bizian haren gorputz gaitzaz eta sahetsari datxizkon kalostrazpi miragarriez. Nun da ere, erraiteko, Strasbourgekoan izan-ezik, Baionako eliza-nausiak daukan erdiko egoitegia bezain lirainik?

        Norbaitek miresten du bertzalde ez dugula ikusi San Frantses Javierekoaren sor-etxea. Egin ginuken gogotik, gure bidean izan balitz; bainan, Iruñako bertzaldean da aurkitzen Javier, urrunsko, iuzpegi-alderat.

        Nabar-Goitiko ogi ona lagun, baderamatzagu kilimiliklik xerriki hotz xeheak eta lotuak gira ja biperrekilako arroltze-moletari, noiz ere ohartzen baikira gure bi botoila Rioja hautak hustuak ditugula azken xortaraino. Berrogain bizkarra! Emazteek berek zoin gogotik hurrupatzen duten arnoa oihanean!... Ordaintzat, batek eskaintzen dauku urez betherikako botoila bat, ezin-bertzean hartarik bederen dezagun edan: orok ezetz, burua inharrosiz urari beltzurika...

        Hainbertzenarekin, laborari-etxearen aitzinean agertzen zaiku haur bat, bi begiez guri beha eta beha, bere zangoñoen gainean tente.

        Etxe hunek badauzkazke egoiliarrak, badukete arno xorta bat, ihintz bat sal lezagukete segur gogotik, dio berehala ene beribileko lagun sakelorenaz gabetuak, eta badoa eskuz-keinuka haurraren ganat.

        Ikusten ditugu biak etxean sartzen, aita seme batzuen arteko trebearekin elgarrentzat.

 

* * *

 

        Zonbait minuta iragaiten zaizkigu, aiduru. Ba, hobendun gira egiazki —derasa oixtiko gure mintzolariak, bere solasari jarraikiz— Iruñan luzazago ez egonik. Eskualerriko hiri guzien artean aipagarriena da Iruña.

        Hamaseigarren mendearen hastapenean, Espainiako errege Ferdinand Katolikoa deitzen dutenak hartu zuen, bainan, nahi bazuen edo ez, nabartarrer utziz beren zuzenak. Geroztik hunat, Nabar-Goitiko hiri-nausi dago bethi Iruña. Espainiaren meneko izana gatik, berez-bere dabil asko zeretan; hango buruzagier daude gehienik, gaur den egunean ere, Nabar-Goiti probintzia zabaleko eskualdunak, hein batean —ez dakigu noiz artio— lege zaharraren jabe, hala nola arbasoetarikako ekanduen bai eta mintzaiaren.

        1521-ean, Jean d'Albret kondeak, Biarnoan, Amikuzen eta Garazin-barna Iruñarat jo zuen bere soldadoekin, hiriaren Espainiari kentzeko xedetan; bainan jin-bidetik itzultzea behartu zitzaion, ederki zafratua izanik.

        Nabarreko erregeren alde gudukatu zen orduan Inazio Loiolakoa. Saki bat itsusia egin baitzioten belhaun batean biarnesek, zalditik alditxar erori zen aitzindari gaztea, eta ereman zuten ordu berean Gipuzkoako bere jauregirat.

        Loiolaren ikusterat gu abiatuak egun, ez denez bada deithoragarri, ez baitugu hartu-ahal oren-erdi bat, San Inazioren orhoitzapenetan Iruñan eraikia izan den eliza handirat joaiteko, ikustaldiz!...

        Duela mende baten ingurua, Iruñak gogor egin zion halaber Napoleon Handiari, hunek itsumenduz ezarri zuelarik Espainiako erregetzat bere aneia Joseph; bainan, xo! ez ditzagun hemen lehengo zauriak berri...

        Irria heldu zaiku berdin orori ezpainetarat, ikusiz gure arnoketaria emeki gutaratzen, botoila beltz bat eskuan. Orozbat ohartzen gira badirela orai, laborari-etxearen aitzinean, ez bat bainan hiru haur, elgarri ukondoz-ukondo, lerroan guri so daudenak begiak ernerik.

        Ordu oneko jina dugu arnoa, oilasko-errekia zintzurrean kokatzen zitzaikun. Badut uste haatik, derraiku karkailaz ekarzaleak, txakolin-pinta bakar hau aski ukanen dugun aldi huntan. Erhiaren lodi hartzen dugu bakotxak geure basorat, usaintzen, jastatzen, ahurraren barnean berotuz untzia. hauta kausitzen dugu guziek. Badu, ba, Axularrek erran zukena, zahagi-zapore kotsua, halako jan-edan bethe bat ere ba; berriskoa dirudi; irestearekin, sudur-barnetarat gibel-aitzin lanhotzen da pindarka; bainan zer berotasun gozoa ez deramauku laster urdailerat, hainbertze urinki hotzer gain-behera su eman nahi baliote bezala!

        Itzal handiko arnoa da zinez xakolin hau; hurrupañoka dugu edaten, beldurrez... Oilaskoen ondotik maionesa ruso titarratu guri leun bat xirrixtatzen dauku eta akulatzen zalu patarrari behera: berdin laguntzen derauku bidean, mahats melatuz jorikako pudding tinki bat. Zorionezko xakolina!

        Hiru haurrak hurbilduak ditugu hariztegiaren hegiraino; burdin-harien artetik beha dagozkigu, sagu batzuen pare.

 

* * *

 

        Gasna. Tuaxak. Madariak. Xakolinetik azken hurrupa.

        Etxearen leiho batetik ukurtzen da, erregebideari harat-hunat so, emazte adinetako bat. Ez iduria gatik, ohartu zaikegu. Haurren ondotik othe zabilan, bertzerik deus gogoan gabe?...

        Hemen bederen, español olio higuingarriaren usainak ez gitu nardatu, dio niri buruz itzulirik gure zerbitzarietarik batek.

        Egiaren aithortzeko, zor naizkon eskerren bihurtzea ahantzia zitzaitan. Gai zenez da guzia haatik, hainbertze jateko eta halakoak guri emanik. Han ginen bi medikuek lauda ginezakena zinez, baginakielarik bidean dabilanak guti duela behar jan —ogi eta gasna baizik ez, ahalaz, zaharren eta jakintsu zonbaiten arabera— eta edan are gutiago: xahakorik ez derabilanean, ithurriko uretik bakarrik noizean behin zintzurra bustiz.

        Olio-urrin bortitz hura baino jasangaitzagorik bazen, lehengo urthetan bederen, Nabarreko eta bertze probintzietako ostatuetan, diot ihardesten noizbait zerbitzariari.

        Espainiako olioa berez-bere ona da, hoberenetarik; urrinari gizonki edozoin jarria zaioke zortzi egunik barne. Bertzerik da garbitasun-eskasa: huntaz etzuten den-gutieneko axolarik hemen-gaindi, lehen. Mahain-gainak okaztagarriak zituzten, jatekoak hautak zituztelarik eta gogaindigarriki nasaiak. Ez niz, bertzeak bertze, orhoit janik nihun eskualde hotan bezalako saltsa onik. Ikasi duketela garbitasuna geroztik hunat, ez dut bizkitartean dudarik. Lurraren ipar-aldeko atzerritar hanitz baitzabilkion ikuskari, diot ahoan bilorik gabe Lapurdi aitzinatuago izan dela bethi garbitasunean.

        Ganberak, aldiz, arras garbiak aurkitzen nintuen probintzietako ostatuetan. Bakarrik, oheko zomiera zen, lauetarik hiruetan, erditik gain-behera kraskatu, hautsi, lehertua: erreka hertsi batean luzaturik zineraman gaua. Gaztelarren gain zoan bethi zomieraren askatze itsusi hura. Egia erran, aditurik nago ez dela, Europan, nihun ikusi gaztelarren sorjesekorik oheen xehatzeko, bainan ez dakit egia denez. Ostatu hetan, atheratzen ere zaizkizun ba ardurasko, ohe-zur arteketarik, zimitz batzu guriki haziak. Zer harritzekoa ordean? Ez duguia Biarritzen berean ikusten, oraiko egunean ere, horrenbertze?

        Ene otomobil-lagunak keinu eginik irriño batekin, hiru haurrak jinak ditugu aitzinerat urrats ñimiñoka, erabearekin begiak larrituak., sorbaldez eta buruz zeihar-airean. Norat zoazkioken, etxetik atheratzen da oixtiko emazte adinetakoa, eta guri so gelditzen.

        Bihotz oneko bezain sudur xorrotxeko baita ene laguna, solas emaiten daie erdaraz, ondorat bilduak dituen bi nexker eta muthikoñoari. jakiten ditugu izenak, adina, aitamak zer ari zaizkoten. Soin xumeko haur batzu dira, xuhurki haziak itxuraz, bainan xailak beren ginartza mehean.

        Pastitza-xerra bat eskaintzen daiegu bederari. Eskuan idukitzen dute, hunki gabe. Zendako bada? Para la mamá, daukute ihardesten hiruek, kasik batean.

        Ohartuko zirete ardura, jende xeheen umeek sendimendu maiteagoak erakusten handienenek baino, dio bihotz-bethez gutarik batek. Atheraldi gotorra! Irriño bat jauzarazten dauku bertze bazkaltiarrei.

        Eskuaraz deitzen du orai gure lagunak haurren amaxo. Jiten zaiku emeki, urrats luzean haatik, soin-gaina den-gutien bat aitzineratua. Hiruetan hogoi ta hamabortz bat urthe eman zaioken atxo gurbil bat, zurpailduxea, zimurtua apur bat, ttipoi batez gerruntzetik goiti jauntzia, taulier-kantail bat petik-gora zeiharrean gerrirat bildua, zangar-behereak zaia xaharraren azpitik larru-has, espartin ihetxe batzuetan oinak zabal. Motho adardun histu batek gordetzen dio buru-gibela. Bere begi beltz ttipietako dirdira iduri luke zorroztua diotela urtheek.

 

* * *

 

        Eskuaraz gogotik, lorietan, dauku erantzuten emazte xaharrak; solas guti haatik: ihardesteko baizik ez. Asko xehetasunen artetik, hau badatxikogu gogoan: ez girela lehenbizikoak, oihan hartan ikusten gituenak; udan noiz-nahi baratzen direla han donostiar familiak, gu bezala lurrean bazkariteko.

        Bertze zer hau ere ba: garia bihitzen dutela larrainean, bi behi uztartu espalen gainean lasterka erabiliaz; haratxago badela ba —erhiaz erakusten dauku— herri bat, orok elgarrekin partzuer jarririk, gari-joiteko mekanika erosia badaukana; makanikaz joiten dutela ba han garia, ba, ba, bainan... Sineste ttipia du atxoak, hobeki heltzen direla herri hartako laborariak, beren moda berriarekin.

        Biziki garbiki, ederki kasik, mintzo zaiku eskuaraz emazte gaixoa; ez du arras Gipuzkoako mintzaia, ez Baigorri-aldekoa, ez lapurdikoa; halere, ezin xuxenago heltzen daukute adimenerat mihiak, ezpainek, jabearen gogo-erabakia.

        Haurrak, jan zazue bada pastiza hori, huna oraino gainera tuaxa eta madari batzu, diozte ene aldekoak, eskuaraz, bi nexka maitagarrier eta muttiko pollitari, udareak eskainiz.

        Bat ez da hiruetarik kantitzen; eskuetan dauzkate tinki madari, tuaxa eta pastiza. Gu harrituak, haurño heien begiratuaz. Orduan amaxok:

        —Erdaraz mintza zaizkiote. ez dakite eskuara.

        —Eskuara ez dakitela! Nolaz bada hori? Zuk badakizu ontsa bizkitartean!

        —Nik, ba.

        —Ama da, orduan, ez dakikena?

        —Ama ene alaba dute. Badaki eskuara ene alabak.

        —Aita beraz, ez dakikena batere?

        —Aitak ere badaki ba, haratxagoko herri batetakoa da-ta, Iruñ'alde.

        —Eta haurrek ezdakitela eskuararik batere!?

        Burua inharrosiz, amaxok adiarazten dauku ezetz, ez dakitela haurrek eskuara-hitzik. Axola handirik baduela ez du haatik iduri, ez da kexu, etzaizko den-gutienik gorritzen mathelak. Ixildua orai, behakoa ximixtan derabila gure dafailako ondarretan gaindi.

        Comed, diote azkenean erraiten bere haurtxoer, eta hok ausikiño bat doidoi pudding-xerrari, garaitikoa oso beiratzen dutelarik Para la mamá.

        Bagaude behin gure aldetik, ez jakin zer asma, zer erran ez jakin.

        Nunbaitik solasari berriz lotzeko, galdegiten digogu atxoari etxetiar direnez, ala etxezain, ala etxearen jabe.

        Etxetiar dio, eta etxaldeaz guk elhe.

        Aditzen dugu badela lan hanitz, jiteak xuhur direla, bizia garesti, arrandak handi, zonbat abere-buru duten, zer uzta biltzen urtheka.

        Aditu bezala ditugu hartzen emaztearen erranak, begiz ez baititzazkegu egizta. Iduri luke bizkitartean alderdi huntako etxetiarrak gogorkixago bizi direla, nausiarekilakoaz bezenbatean, Hazparne-aldeko dazkigun batzu baino.

        Baditake haatik etxetiarrak hemen-bezain guriki ez diren nihun, erran nahi dugu etxetiarrak Hazparneko eskualdean.

        Abiatzen gira dafailako pusken biltzen. Amaxok bere taulier beheitituaz altzo, nexkek beren jaka laburrez ohantze, muthikoñoak bere besoez ustei. Baderamatzate hiruen artean direnak oro, hiru botoila hustuak ahantzi gabe, esker-mila eta agur bietan erdaraz erranik, ezpainetan irriño bederarekin, begiak idurikatzen zuten afaritekoñoari landatuak.

 

aurrekoa hurrengoa