www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bible Saindua (I) - Testament Zaharra, 1. zathia
Jean Pierre Duvoisin
1859-1865

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Bible Saindua¸Duvoisin (faksimilea). La Gran Enciclopedia Vasca, 1973

 

 

aurrekoa hurrengoa

ERRUTH

 

I. KAP.

        1. Juie baten egunetan, juieak buruzagi zirelarik, gosete bat gerthatu zen lurrera. Eta gizon bat goan zen Bethlehem Judakotik, Moab-herrira arrotz, bere emaztearekin eta bi haurrekin.

        2. Bera deitzen zen Elimelek, eta emaztea Noemi; eta bi semeak, bat Mahalon eta bertzea Kelion. Ephratarrak ziren Bethlehem Judakoak. Eta Moab-herrian sarthurik, han egoten ziren.

        3. Hil izan zen Elimelek, Noemiren senharra; eta Noemi bera gelditu zen bere bi semeekin;

        4. Haukiek Moabitar emazteak egin zituzten; bat deitzen zen Orpha, bertzea Erruth. Han egotu ziren hamar urthez;

        5. Eta biak hil izan ziren, erran nahi da Mahalon eta Kelion; eta Noemi gelditu zen bere bi haurrez eta senharraz gabetua.

        6. Eta jaiki zen bere herrialdera goateko bere bi erreinekin, Moab-herritik; aditu zuen ezik Jaunak begitharte egin zioela bere populuari, eta jatekoa eman.

        7. Hargatik bere bi erreinekin atheratu zen arrotz egotu zen lekhutik; eta jadanik bidean zelarik Judako lurrera bihurtzeko,

        8. Erran zioeten: Itzul zaitezte zuen amaren etxera: Jauna urrikalmendutsu izan bekizue, zuek hil direnen alderat eta ene alderat izatu zareten bezala.

        9. Phausua eman bezazuete hartuko ditutzuen senharren etxetan. Eta besarkatu zituen. Eta hekiek nigar marraskaz hasi ziren,

        10. Erraten zutelarik: Zurekin goanen gare zure populua gana.

        11. Noemik ihardetsi zioeten: Bihur zaitezte, ene haurrak; zertako ethor enekin? ene sabelean othe da gehiago semerik, zuek ni ganik igurikitzeko senharrik?

        12. Itzul zaizte, ene haurrak, eta zoazte: ezen jadanik adinak azpian naduka, ez naiz ezkontzako lokharriaz gai; gaur amatzen ahal banintz ere, eta bi semez erditzen,

        13. Baldin hekien begira egon nahi bazindute, hekiek handitu eta morroindu arteo, berriz ezkondu baino lehen xahartto egin zintezkete. Ez holakorik, othoi, ene haurrak, ezen zuen atsekabeak eneak baino gehiago nau hestutzen: Jaunaren eskua ene kontra ilkhia da.

        14. Berriz eman ziren nigar marrasketan. Orphak bere amaginarreba besarkatu zuen, eta gibelerat itzuli zen; Erruth josi zen bere amaginarrebari.

        15. Noemik erran zioen: Horra non zure ahizpa bihurtu den bere herritarretara eta bere jainkoetara; zu ere zoazi horrekin.

        16. Erruthek ihardetsi zuen: Ez bezaizkit trebes jar, utz zaitzadan eta goan nadientzat; ezen norat-nahi egin dezazun, haratko naiz; eta non-ere geldituko baitzare, ni geldituko naiz halaber. Zure populua ene populua izanen da, zure Jainkoa ene Jainkoa.

        17. Zein lurrek hartuko baitzaitu hiltzen zarenean, hartan hilen naiz ni ere, hartan izanen da ene hobia. Edozein gaitzez jo beneza Jaunak, eta egin bezat gehiago oraino, baldin deusek-ere, herioaz landan, berezten banau zu ganik.

        18. Noemik ikhusirik beraz gogo sendo batekin hartu zuela harekin goateko asmua, etzuen nahi izan zeiher jarri, ez-eta gehiago aiphatu bere herritarretara bihurtzeaz.

        19. Bideari batean eman ziren eta ethorri Bethlehemera. Hirira sarthu zirenean, berriak laster jo zuen orotara; eta emaztekiek erraten zuten: Hau da behialako Noemi.

        20. Noemik erran zioeten: Ez benezazue deith Noemi (erran nahi da ederra), bainan deith nezazue Mara (erran nahi da uherra), zeren uherdura handiz bethe bainau Ahalorotakoak.

        21. Bethea ilkhi naiz, eta hutsa bihurrarazten nau Jaunak. Zertako beraz deitzen duzue Noemi Jaunak aphaldu duena, Ahalorotakoak atsekabez bethe duena?

        22. Horreletan ethorri zen Noemi bere erromeriako lurretik, bere erreina Erruth Moabitarrarekin; eta Bethlehemera bihurtu zen garagarraren ephaiten hasiak zirenean.

 

II. KAP.

        1. Bada, ahal handiak eta onthasun hainitz zuen gizon bat bazen, Elimeleken ahaidea, Booz deitzen zena.

        2. Erruth Moabitarrak bere amaginarrebari erran zioen: Zuk nahi baduzu, goanen naiz landetara, eta uztazaleari itzuri burukak bilduko ditut, atzemanen dudan lekhu guzietan bihotz-oneko aita familiako bat, begitharte eginen darotana. Noemik ihardetsi zioen: Zoazi, ene haurra.

        3. Goan zen beraz, eta burukak biltzen zituen uztazaleen gibeletik. Gerthatu zen, bada, landa haren nausia zela Booz, Elimeleken ahaidea.

        4. Eta hara non bera Bethlehemetik ethortzen zen, eta uztazaleei erran zioeten: Jauna bedi zuekin. Haukiek ihardetsi zioten: Jaunak benedika bezaitza.

        5. Uztazaleen buruko zen gizon gazte bati erran zioen Boozek: Norena da neskatxa hori?

        6. Harek ihardetsi zuen: Noemirekin Moab-herritik ethorri den Moabitarra da hori.

        7. Othoiztu gaitu utz dezazun gelditzen diren buruken biltzera, uztazaleen ondotik; eta goizetik hunat landan da, eta ez da aphur bat ere etxera bihurtu.

        8. Boozek erran zioen Erruthi: Adi zazu, neskatxa, ez bezedi nihora goan buruka biltzera, bainan zaude landa huntan, eta zoazi ene neskatxetara,

        9. Eta jarraik zaitezi uzta egin duketen tokietara. Manatu diotet ezen ene muthilei, nihork ez dezazun nahigaberik eman: eta egarritzen bazina ere, zoazi untziak diren lekhura, eta edan zazu ene muthilek edaten duten uretarik.

        10. Ahuspez eroririk eta lurrean adoratzen zuelarik, Erruthek erran zioen: Nondik dathorkit grazia zure begien aitzinean aurkhitu dudala, eta nardatu gabe jausten zarela ene ezagutzera, ni arrotz gaixoa?

        11. Boozek ihardetsi zioen: Zure senharra hil ondoan, zure amaginarrebarentzat egin ditutzun guzien berriaz jakina naiz; nola utzi ditutzun zure ahaideak eta zure sorlekhua, ezagutzen etzinduen populu batera ethortzeko,

        12. Bihur bezazu Jaunak zure egintzaren arabera; sari oso bat ardiets dezazula Israelgo Jainko Jauna ganik, zeinaren gana ethorri baitzare eta zeinaren hegalen azpira ihes egin baituzu.

        13. Erruthek erran zioen: Grazia aurkhitu dut zure begien aitzinean, jauna, zu, kontsolatu nauzuna, eta mintzatu zarena zure sehiaren bihotzari, ez naizelarik zure sehietarik baten bethe.

        14. Boozek erran zioen: Jateko tenorea ethorri ditakeenean, zato hunat, jan zazu ogia, eta zure ahamena minagrean busti zazu. Jarri zen beraz uztazaleen sahetsean, garagar xigorretik hartu zuen beretzat, jan zuen eta ase zen eta ondarrak begiratu zituen.

        15. Eta handik jaiki zen, ohi bezala buruken biltzeko. Bada, Boozek manu hau eman zioten bere muthilei: Zuekin biltzen hari nahi balu ere, ez bezazue debeka.

        16. Zuen eskumenetarik ere berariaz arthik zatzue, eta utz gibelerat, ahalkerik gabe bil detzan, eta biltzen dituenean nihork ez bezo gaizkirik erran.

        17. Arrats arteo haritu zen beraz landan biltzen; eta bildu zuena zaharo batekin jorik eta iharrosirik, khausitu zuen ephi baten inguruaren garagarra, erran nahi da hirur gaitzeru.

        18. Hekiek soinean, itzuli zen hirira; erakhutsi ziozkan bere amaginarrebari; bertzalde aitzinera ekharri eta eman ziozkan, ase-ta begiratu zituen jateko ondarretarik.

        19. Amaginarrebak erran zioen: Non haritu zare egun biltzen? non haritu zare landan? Benedikatua izan bedi zutaz urrikaldu dena. Erruthek erran zioen noren baithan haritu zen lanean; erran zioen gizonaren izena, zeina Booz deitzen baitzen.

        20. Noemik ihardetsi zioen: Jaunaz benedikatua izan bedi, zeren biziei erakhutsi izan dioeten begitharte bera begiratu baitiote hilei ere. Eta berriz erran zuen: Gure ahaide hurbila da gizon hura.

        21. Erruthek erran zuen: Hau ere manatu darot, haren uztazaleetara goan nadiela, uzta guziak bildu arteo.

        22. Amaginarrebak ihardetsi zioen: Hobe duzu, ene haurra, haren neskatxekin uztatzera ilkhi zaitezen, nahigaberik izan ez dezazun bertze baten landan

        23. Hargatik Boozen neskatxekin ibili zen, eta hekiekin biltzen haritu zen, garagarrak eta ogiak barnera sarthu arteo.

 

III. KAP.

        1. Bada, itzuli zenean bere amaginarrebaren gana, haren ganik entzun zuen solas hau: Ene haurra, phausua bilhatuko darotzut, eta zure ongi izateko bideak hartuko ditut.

        2. Booz hura, zeinaren neskatxekin landan ibili baitzare, gure ahaide hurbila da, eta gau huntan haizatzen du garagarra bere larrainean.

        3. Jaiki zaite beraz, gantzu zaite, eta zure soineko ederrenak jauntz zatzu; zoazi larrainera: Boozek ez bezaitza ikhus, bere jan-edanak egin dituen arteo.

        4. Ordean lotara goanen denean, begietan har zazu non lo eginen duen; goanen zare, agertuko duzu haren zangoen gaineko kapa, etzanen zare eta hedatua han egonen. Gero berak erranen darotzu zer egin behar duzun.

        5. Erruthek ihardetsi zuen: Zuk erran guzia eginen dut.

        6. Eta larrainera jautsi zen, eta amaginarrebak manatu-ziozkanak oro egin zituen.

        7. Jan eta edan ondoan, Booz arraiago egin zenean, lotara goan zen espal meta baten ondora; Erruth orduan ethorririk emekitto, kapa agertu zuen zangoen aldetik eta etzan zen.

        8. Eta hara non gauherdi gainean Booz laztu eta asaldatu zen, eta emaztekia ikhusi zuen bere oinetan etzana.

        9. Eta erran zioen: Nor zare? Harek ihardetsi zuen: Zure neskato, Erruth naiz; heda zazu zure kapa zure sehiaren gainera, ezen ahaide hurbila zare.

        10. Boozek erran zioen: Jaunaz benedikatua zare, haurra, zure urrikaltzapen bigarrenak txitzen du lehenbizikoa, zeren ez baitituzu bilhatu gizon-gazteak, nahiz beharrak, nahiz aberatsak.

        11. Ez izan beraz beldurrik, bainan erran darotazun guzia eginen dut; ezen badaki hiri huntako atheen artean dagoen populu guziak emazteki berthutetsu bat zarela.

        12. Ez dut erraten ez naizela ahaide hurbila, bainan bada bertze bat hurbilagoa dena.

        13. Phausa zaite gau huntan; eta goiza ethorri denean, harek nahi bazaitu iduki ahaidetasuneko zuzenez, gauza ongi egina da; bainan harek nahi ez badu, segurki hartuko zaitut nik, zin egiten dut Jaunaz. Lo egizu goiza arteo.

        14. Haren oinetan lo egin zuen beraz argitze arteo. Jaiki zen gizonek elkhar ezagut zezaketen baino lehen, eta Boozek erran zioen: Berautzu nihork jakin dezan hunat ethorri zarela.

        15. Erran zioen berriz: Heda zazu zure soineko kapa, eta bi eskuez atxik zazu. Erruthek kapa hedatua zadukalarik, Boozek neurtu ziozkan sei gaitzeru garagar eta hartan ezarri. Hekiek soinean, Erruth hirira sarthu zen.

        16. Goan zen bere amaginarreba gana, zeinak erran baitzioen: Haurra, zer egin duzu? Erruthek khondatu ziozkan Boozek harentzat egin zituen guziak.

        17. Eta erran zuen: Huna, sei gaitzeru garagar eman darozkit, zioelarik: Ez dut nahi zure amaginarreba gana hutsik itzul zaitezen.

        18. Noemik erran zioen: Zaude, haurra, ikhusi arteo zer atheratuko den huntarik: ezik Boozek ez du onik izanen erran dituenak bethe arteo.

 

IV. KAP.

        1. Booz goan zen beraz hiriko athera eta han jarri zen. Eta iragaiten ikhusi zuenean aitzinean aiphatu den ahaidea, bere izenaz deitzen zuelarik, erran zioen: Zaude aphur bat, eta jar zaite hemen. Hau aldaratu zen eta jarri.

        2. Bada, Boozek hamar gizon harturik hiriko zaharretarik, erran zioeten: Jar zaizte hemen.

        3. Jarri zirenean, hunela mintzatu zen bere ahaideari: Gure anaia Elimeleken landaren zathi bat saltzera darama Noemi, Moab-herritik itzuli denak.

        4. Nahi izan zaitut hortaz jakintsun egin eta zuri erran hemen jarriak diren guzien eta ene herritarretako zaharren aitzinean. Baldin gozatu nahi baduzu ahaidetasuneko zuzenez, eros zazu eta goza; bainan hori ez bada zure gogara, mintza zaite, jakin dezadan zer dudan egiteko; ezen ez da ahaiderik, baizik-ere zu lehenbiziko zarena eta ni bigarren naizena. Hunek ihardetsi zuen: Nik erosiko dut landa.

        5. Boozek erran zioen: Noemiren eskutik landa erosi dukezunean, ezkontzaz beharko ere duzu hartu Erruth Moabitarra, hil denaren emazte izatua, zure ahaidearen izena biziarazteko haren primantzan.

        6. Hunek ihardetsi zuen: Uzten dut ahaidetasuneko zuzena, ezen ez dut galdu behar ene familiako leinua. Zu balia zaitezi ene zuzen bereziaz, zeinetaz gogo onez biluzten naizela aithorra ematen baitut.

        7. Bada, hau zen Israelen aztura zaharra ahaideen arteko, non batak bertzeari ematen zioenean bere zuzena, emaitza ona izatekotzat, emaileak khentzen zuen bere oinetakoa, eta bere ahaideari ematen zioen: hori zen, Israelen, emaitzaren lekhukotasuna.

        8. Boozek erran zioen beraz bere ahaideari: Khen zazu zure oinetakoa. Eta hunek khendu zuen berehala zangotik.

        9. Boozek erran zuen zaharren eta populu guziaren aitzinean: Lekhuko zarete egun, Elimelekenak, Kelionenak eta Mahalonenak izatu diren guziez jabetzen naizela Noemiren eskutik;

        10. Eta ezkontzaz hartzen dudala Erruth Moabitarra, Mahalonen emaztea, haren izena biziaraz dezadan haren primantzan, eta haren deithura gal ez dadien haren familiatik, anaietarik eta populutik. Zuek, diot, gauza horren lekhuko zarete.

        11. Athean zen populu guziak eta zaharrek ihardetsi zuten: Lekhuko gare: Jaunak, zure etxean sartzen den emazteki hori eragin beza iduri Errakel eta Lia, zeinek sorthu baitute Israelen etxea, Efratan izan dadientzat berthutezko ikhusgarri bat, eta haren izena deithatua izan dadien Bethlehemen.

        12. Phares, Thamarrek Judari eman semearen etxea iduri egin bedi zure etxea, Jaunak neskatxa horren ganik emanen darozkitzun umeetarik.

        13. Boozek Erruth hartu zuen beraz eta bere emazte egin. Sarthu zen haren gana, eta Jaunak eman zioen izorra gertha eta seme batez erdi zedin.

        14. Eta hango emaztekiek Noemiri erraten zioten: Benedika bedi Jauna, zeinak ez baitu jasan gal zedin zure familiako ondorea, eta zure izena deithua etzedin Israelen,

        15. Izan dezazuntzat nork kontsola zure anima eta nork haz zure zahartzea: ezen zure erreina maite zaituena ganik sorthu da seme bat; eta hainitzez hobe da zuretzat ezenez zazpi seme bazintu.

        16. Noemik haurra harturik, ezarri zuen bere altzoan, eta unhidearen eta haurzainaren eginbideak bethetzen zituen.

        17. Hauzoko emaztekiek berriz, bozten zirelarik, erraten zuten: Noemiri sorthu zaio seme bat. Deithu zuten Obed. Hura izan da Isairen aita, eta Isai Dabidena.

        18. Huna Pharesen ondoregoa: Pharasek izan zuen Efron,

        19. Efronek izan zuen Aram, Aramek Aminadab,

        20. Aminadabek Nahason, Nahasonek Salmon,

        21. Salmonek Booz, Boozek Obed,

        22. Obedek Isai, Isaik izan zuen Dabid.

 

aurrekoa hurrengoa