www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Baigorriko zazpi liliak
Jean Pierre Duvoisin
1884-1885, 1987

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Baigorriko zazpi liliak, Jean Duvoisin (Juan San Martinen edizioa). Elkar, 1987

 

 

aurrekoa hurrengoa

IV.— TARTAROA

 

Eder da eder besta-eguna,

Okher ez badu biharamuna.

 

        Herjauna, badakizu Jainko zuzenak maiz gaixtaginen eskuz gaztigatzen dituela heyen iduriko gaixtaginak.

        Debrua goazen behin Jainko Jaunaren aintzera eta hau erran zion:

        Jainko handi, Jainko botheretsua, zure ganik heldu diren gauza orotan agertzen da zure zuzentasuna, eta bidegabekeria ez da nihoiz ikusi zure erabakietan. Ni, naizen dohakea, izatu naiz gaztigatua; aithor dut merezi nuela. — Bizkitartean badaude gaixtagin asko ni bezala zathituak izan gabe. Nola jasaiten duzu jendaki bat, gauza izigarrienak eginez, kistau haragia janez bizi dena?

        Jaunak ihardetsi zuen:

        Ez dagokit hiri galdatzea zer ariaz egiten dutan hau edo hori. Utsak ene gain zeru lurren gobernua. Hi, izanen haiz bethi leheneko Satan zimarkhutsu hura bera. Aithortzen dut ene zuzentasuna, eta aitzakiatzen duk hambatean, erranez ez dutala gaztigatzen populu hobendun bat. Ez duk behinere aditu erraten:

 

Jainkoa luzakor,

Ez ordean ahanskor .

 

        Ethorria baita jendaki madarikatu haren gaztigatzeko ordua, habil heroni; oraikoan ematen dayat eskua halako gaixtagineri egiteko nahi ditukan min guziak.

        Habilkit begien aintzinetik.

        Gaizkiaren egitea, debruaren gogoko lana zen. Berehala goan zen handik eta lurrera jautsi zen, marruma ilhun itsusi bat eginez.

        Non zen bada jendaki tzar, Satanen eskura utzia izatea merezitu zuen hura? Urrun hemendik, urrun itsasoz eta leihorrez, itsasoz eta leihorrez urrun; gure leihorretarik eta itsasoetarik haratago, guk ezagutzen ez ditugun aurkhintzetan.

        Pesiak emanik, kosta basa hartara jotzen zuenean untzi batek, hango jende gizajaleek errerik iresten zituzten leihorra hartzen zuten mariñelak.

        Eta zertara ohartu zen debrua xahutzeko lanaren abiatzeko?

        Izenik ez duen mendi gora baten kaskoan zagon tartaro izigarri bat, harroka muthurrari burdinaz josia, egin izan zituen gaixtakeria handien gatik. Debrua goan zitzayon xixtu firrintaka, su phindarrak bidean zariotzala. Tartaroari erran zion: Nik manatuko darozkiatan guziak egin nahi badituk, nik urratuko ditiat hire burdinak eta hortik atheratuko haut.

        Tartaroak gogotik agiundu zuen eginen zituela debruak manatuko ziotzan guzi guziak. Orduan Satanek trenkatu zituen Tartaroaren burdinak, xotx iharrak izan balire bezala. Lepho zakitik hartu zuen tartaroa eta xirurika eraman zuen lasto izpia bezain errexki, urruneko itsaso gaitz haren bazterrera. Hamar idiren larruz egin zuen harritzeko zahagi bat; haren gainean ixtaklok ezarri zuen tartaroa, eta erran zion: Habil aitzinean dukan lur hortara, eta horko jendeari egiok ahal dukan min guzia.

        Tartaroa bozik eman zen itsasora; bere beso luzeak erabiltzen zituen hala nola mariñelek arrauak. Hariz hariz, ardietsi zuen leihorra.

        Jende guzia bildu zen haren ikustera; eta egundaino ez baitzen negurki hartako gizonik aurkhintza hetarat agertu, batzuk miretsiz, bertzeek beldurrez, orok egin zioten besta eta ongi-ethorri hainitz.

        Bandan behar zen hazi, eta etzen errex. — Xahal bat osoa jaten zuen gozaltzeko; eguerdi arratsetan etzuen gutiago behar. Hola, laster iretsi zituen tokiko xahal guziak. Orduan hasi zen haur jaten; eta norbait arranguratzera ausartatzen bazen, burutik behera jorik, odola zariola gordinik jaten zuen hura ere.

        Etzakioken gerlarik eman: haren larrua hain zen gogorra, non ez baitzen tresnarik hura zilhatuko zuenik. Jendea izitu zen; oihan eta harziloetara ihes egin zuen.

        Hortau ziren, lar-abereen pare, belhar eta basa fruituak hazkurri, uhartzean agertu zenean untzi bat. Pena gaitzak leihorrera hurbildu zuen laster. Mariñelak lurrera jautsi ziren. Beldurrak harziloan gordea zadukan gizon bat, bere zokhotik atheratu zen, arrotzak ikusi zituenean eta erran zioten: Nor edo nongoak zarete zuek? — Eskaldunak gare. — Ongi! ongi! badakit zuen fama, badakit prestuak zaretala eta gizon bihozdunak. Haorren gatik albiste salbagarri bat nahi darotzuet eman. Ez bide dakizue toki txarrean zabiltzatela. Bada hemen tartaro ezin-bentzutuzko bat, zeinari gozo baitzayo kristau haragia.

        Bethor! bethor! diote Eskaldunek, mintzatuko gare debruak berak ezin ikhasi duen mintzayaz. — Berautzue, dio gizonak; haren larrua burdina bera bezain gogorra da, harmaz ezin zilhatuzkoa; ahotik eta begitik baizen ez dakioke deus egin.

        Solasean daudelarik, hor agertzen da tartaroa. Arrotzak ikusi ditueneko lasterka heldu da eta irrintzinaka, bere ustez ase on baten egitera.

        Ganetxiki Hendayarra orduan baliatu zen gizonak eman albisteaz. Bazuen habala bat marrazo larruz egina. Xisparik etzen oraino dembora heyetan. Hendayarrak habalan ezartzen du harri bat, eskura heltzen zayon biribilena. Hirur edo lau aldiz birungatzen du habala buruz gainetik, eta igortzen harria hain zuzen eta zorrotz, non lehen aldian tartaroari lehertzen baitio bere begi bakharra.

        Digantea lurrera doha. Lazgarri zen haren ikustea herrautsean zalapartaka, ihauska eta marrumaz. Harri, zur puska, atzeman guziak hortzez karruskatzen zituen. Ez da hortaz izitu Hendayarra. Badohako tartaroari, lotzen zayo ileetarik, eta oihu egiteko ahoa ideki duen batez, haudik ezpata sartzen dio bihotzeraino.

        Bizi ziren jendeek jakin zuteneko tartaroaren heriotzea, ilkhi ziren gordegailuetarik. Ez dute geroztik leheneko tzarkeriarik egiten, orai ezagutzen dute Jainko legea. Mariñeleri behar-orduetan laguntza ematen diotete. Eskaldunek bereziki besta handiak izaten izaten dituzte heyen leihorretara jausten direnean, jan-edanak eta bizigailuak oro urrurik.

        Bainan non da toki hura? urrun gure lurretarik, urrun gure itsaso etarik. Satharitzeko eta Leizarazuko ene bi kusiak, eta Buzunaritze Salaberriko semea, Ziburun egoten eta itsaso guzietan barna ibiltzen direnak, izatu dire urruneko toki hartan. Heyen ganik dakitzat gauza horiek; seguratu naute arras egiak direla; eta gerthatu ez balire, etzarotetan naski segurantza hori emanen; heyek ere tokiko jendearen ganik ikasi dituzte.

 

aurrekoa hurrengoa