www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Igandea edo Jaunaren eguna
Jean Pierre Arbelbide
1895

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Igandea edo Jaunaren Eguna, Jean Pierre Arbelbide. Lille, 1895

 

aurrekoa  

VIII.— MEZA SAINDUKO OTHOITZAK

 

Meza behar bezala entzuteko Preparazionea

        Zure aldare sainduaren oinetan ahuspez emanik, adoratzen zaitut, Jainko bothere guziak ditutzuna, fermuki sinhesten dut entzuterat nohan Meza dela Jesu-Kristo zure Seme-Jainkoaren Gorphutz eta Odolaren sakrifizioa; Kalbarioko mendian gizon guzientzat eskeindu zuen sakrifizio hura bera. Eskeintzen derautzut, bat egiten naizelarik Jesu-Kristoren eta haren Elizaren xedeekin. 1. Zure Maiestate dibinoari zor zaioen ohore soberenoa emaiteko; 2. Egin derauzkigutzun ongi guziez eskerrak bihurtzeko; 3. Munduko bekhatu guzientzat eta bereziki nereentzat zuri satisfakzione egiteko; finean arimako salbamenduarentzat eta gorphutzeko biziarentzat behar ditudan laguntzak zure ganik ardiesteko. Zure ganik grazia hauk guziak igurikitzen ditut, Jesu-Kristo zure Semearen merezimenduen bidez, nahi baitu berak izan Sakrifizio adoragarrai hunen Apheza eta biktima.

 

Mezaren hastean eta Confiteor erraitean

        Nere bekhatuen jakiteko eta ezagutzeko, o nere Jainkoa! behar ez duzun arren nere aithorrik eta kofesiorik, eta nere gaixtakeria guziak nere bihotzean irakurtzen dituzun arren, kofesatzen derauzkitzut halere zeruaren eta lurraren aitzinean: aithortzen dut ofentsatu zaitudala gogoz, hitzez eta obraz. Nere bekhatuak handiak dire, bainan zure miserikordiek neurririk ez dute. Urrikal nakizu, o nere Jainkoa! Orhoit zaite zure haurra, zure eskuko obra, zure odolaren prezioa naizela.

        Birjina saindua, Zeruko Aingeruak Parabizuko Saindu eta Saindak, guretzat othoitz egizue, eta nigarrezko eta miserikordiazko haran huntan dolhamenetan gaudezin orduetan, grazia eskazazue guretzat, eta ardiets iezaguzue bekhatuen barkhamendua.

 

Introitean

        Jauna! zuk Patriarkeri eta Profeteri eman zinerauen, zure Seme bakhotxa lurrerat jausten ikhusteko, hain gutizia khartsua; indazu heien khar saindutik pharte bat; eta egizu, bizitze hilkor hunen goitibeheitien erdian, nere baitan senti dezadan zurekin bat izaiteko lehia saindua.

 

Kyrie eleisonetan

        Dolhamen eta hatsbeherapenekin, o nere Jainkoa, errekeritzen zaitut, egidazu miserikordia. Memento guziez, bizi naizeno, erran baniezazu Jauna! nauzun urrikari; ez lizateke oraino aski nere bekhatuen nonbrearentzat eta handitasunaentzat.

 

Oremusetan edo Orazioneetan

        Agrada bekizkitzu, Jauna, guretzat egiten zaizkitzun othoitzak; igutzu, Eliza zure esposak, Aphezaren ahoz, gure fagoretan galdegiten derauzkitzun graziak eta berthuteak. Ez dugu merezi (hala da) entzunak izaitea; bainan kontsidera ezazu grazia hoik eskatzen derauzkitzugula, Jesu-Kristo, zure Semearen bidez, zurekin bizi baita, erreginatzen baitu mendeen mende guzietan. Halabiz.

 

Epistolan

        Epistola huni begiratzen deraukot o nere Jainkoa! zure nahien erakhasteko egortzen derautazun guthun bati bezala. Othoi, indazu manatzen derautazunaren konplizeko indarra. Zuk zuhaurek, Jauna, profeteri eta apostolueri erakatsi derauztetzu ezkiribuz utzi derauzkiguten egiak: heien argietarik pharte indazu, eta pitz ezazu nere bihotzean, hek erretzen zituen su sakratu hura, maita zaitzadan eta zerbitza, heiek bezala, nere bizi guzian.

 

Ebanjelioan xutiturik

        Xutitzen naiz, o Legegile soberanoa, zuri erakusteko Ebanjelio sainduan diren egia handiak, nere odolaz zigilatzerat ekharria naizela. Egia hoik nere bihotzean zuhaurek, othoi, Jauna, barneraino landa itzazu. Horiek bitzate molda nere gogoetak, nere hitzak eta nere obrak. Ez dut gehiago atxiki nahi zure legeaz bertzerik; mintza zaitezi Jauna; huna non aditzen zaitudan, sehi baten jauspen osoarekin. Indazu zure erranen bethetzeko hanbat indar nola baitut fermutasun heien sinhesteko.

 

Ofertorioan

        Kreatura hilkor, eta bekhatuz kargatu bat baizen ez naizen arren; eskeintzen derauzkitzut Aphezaren eskuz, o egiazko Jainko bizi eta eternala, ogi eta arno hori, izan behar baitute ganbiatuak zure Seme Jesu-Kristoren Gorphutzerat eta Odolerat. Onets ezazu, Jauna, ezin erranezko Sakrifizio hau, amulsuki eta gozoki. Ofrenda saindu horrekin juntatzen dut, nere gorphutzaz, arimaz, ontasunez, biziaz eta ditudan guziez egiten derautzudan sakrifizioa. Egizu nitaz, o nere Jainkoa kreatura berri bat; ogi hori eta arno hori zure bothereaz ganbiatzerat zohazin bezala.

 

Aphezak bere erhiak garbitzean

        Garbi nazazu, Jauna, sakrifikatua izaterat doatzun Bildotsaren odolean; notha guzietarik xahutua, eta zure graziaren espos-arropaz beztitua, zure ganat esku xuri eta bekhatugabeak altxaditzadan; esparantzarekin egun batez errezebitua izaiteko, zure hautatueri Zeruan pharatu derauezun aphairu sakratuan.

 

Ixildurik Aphezak erraiten dituen Othoitzetan

        Agrada bekizu, o nere Jainkoa, zure izen sainduaren ohoretan eta loriarentzat, gure probetxutan, eta zure Eliza sainduarenetan, eskeintzen zaitzun Sakrifizioa: haren xede beretan sarthurik, huna non galdatzen derauzkitzudan, Elizak orai, aphezaren bidez, eskatzen derauzkitzun grazia guziak. Eman dietzagutzu Jesu-Kristo gure Jaunaren bidez eta izenetan.

 

Prefazioan

        Ordu da, o nere arima, igan gaitezin behere huntako gauza guziez gorago. Altxa itzatzu, Jauna, altxa itzazu gure bihotzak zure ganat: zor zaizkitzun goresteak eta eskerrak zuri emaiteko juntatzen ditugu gure boz flakoak, Izpiritu dohatsuen alegrantziazko sentimenduekin; eta desterruko lekhu huntan erraiten derautzugu, hek loriaren egoitzan kantatzen derautzutena: Saindua, Saindua, Saindua, da armadetako Jainko Jauna, izan bedi lorifikatua zeruetako gorenean.

 

Sanctus erran-ondoan

        Aita bethierekoa, arzainetako arzain soberanoa! zure Eliza zain eta ebilka ezazu, finka ezazu eta heda lurraren bazter guzietarat. Izpiritu bat eta bihotz bat eman ietzetzu Kristau guzieri. Benedika itzatzu gure Aita saindua, gure aphezpikua, gure aintzindariak, gure erretora, eta zure Elizaren sinhestean bizi diren guziak.

 

Lehenbiziko Mementoan

        Jauna, orai zure erresuman zarena, orhoit zaitezi nitaz zure miserikordian, eta sakrifizio saindu hunen merezimenduz indatzu eskas ditudan berthute guziak. Eta batak bertzearentzat othoitz egitea manatu deraukuzunaz geroz; Jauna, othoi adi itzatzu eta entzun, humilki eta konfidentziarekin egiten derauzkitzudan othoitzak nere ahaideentzat, adiskideentzat, arimako eta gorphutzeko ongiegileentzat. Nere bihotz guziaz halaber gomendatzen derauzkitzut nere etsaiak eta gaizki zonbait egin ahal derautaten guziak; ahantz bekizkitzu heien bekhatuak eta nereak, nere bihotzetik khen itzatzu khiratstasun eta gaitzirizko guziak. Mundu guziak senti beza sakrifizio hunen ona. O nere Jainkoa, iguzu guzieri bake egiazko bat, elkharrekin batasunean atxekiren gaituena, bethikotz bakean izaiteko Birjina-Amarekin, zure apostoluekin, martirekin, Saindu eta Sainda guziekin, eta finean eternitate guzian zurekin.

 

Oztia saindua altxatzean

        O Jesus, nere Salbatzailea, egiazko Jainkoa eta egiazko gizona, sinhesten dut zinez eta fermuki Ostia Sainduan errealki zarela, adoratzen zaitut hor, nere Jauna ete nere Jainkoa zarena. Iguzu, niri eta hemen garen guzieri, Misterio adoragarri huntan zor derautzugun debozionea, amodioa eta ezagutza.

 

Khalitza altxatzean

        Adoratzen dut khalitz hortan, o nere Jesus dibinoa, nere erospenaren prezioa, eta gizon guziena. Odol adoragarri hortarik xorta bat jausterat utzazu nere arimaren gainerat, izan dadintzat garbitua bekhatu guzietarik, eta sustatua zure amodioaren khar sakratuaz.

 

Jainkoa altxatu ondoan

        Ez derautzugu gehiago ogia eta arnoa eskeintzen, bainan bai Jesu-Kristo zure semearen gorphutz adoragarria, o nere Jainkoa, haren pasionearen, pitztearen, zerurat igaitearen orhoitzapenetan: gure eskutik, Jauna, har ezazu, eta bethe gaitzatzu zure graziez.

 

Bigarren Mementoan

        Orhoit zaitezi halaber, Jauna, Purgatorioan diren arima gaixoez, zureak dire, bai eta zure esposak. Bereziki gomendatzen derauzkitzut nere ahaideenak, adiskideenak, arimako eta gorphutzeko ongi egileenak, eta gure othoitzen behar gehiena dutenak.

 

Nobis quoque peccatoribus erraitean

        Guzia bekhatorea naizelarik, ausartatzen naiz galdazerat grazia bera neretzat, erran nahi da, o nere Salbatzailea, zure lorian pharte ttipi bat. Mila bekhatuz hango zuzena galdu dudala ikhusten dut eta aithortzen zure aitzinean, o nere Jainkoa! Nere merezietueri begiratzen baderauezu ez duket esparantzarik izaiteko erresuma hartan. Apostoluek, martirek, eta Birjina sainduek ezin ardietsi dute, sofrituz eta berthute guziei baizen jarraikiz. Nola beraz ausarta-ere othe naiteke, Jauna, esparantza izaiterat? zure odolak egiten du nere fidantzia guzia. Barkha lietzadatzu nere hutsak penitentzia egiazko batez zerurat helnadin.

 

Pater erraitean

        Kreatura ez deus eta dohakabe bat baizen ez naizen arren; halere, Jainko handia, ausartatzen naiz zu nere aita deitzerat, zeren hola nahi duzun; egidazu grazia, o nere Jainkoa, bethi zure egiazko haur egoiteko. Gure Aita, Zeruetan zarena, erabil bedi sainduki zure Izena; ethor bedi zure erresuma; egin bedi zure borondatea, Zeruan bezala lurrean ere; iguzu egun gure eguneko ogia; barkha ietzagutzu gure zorrak, guk gure-ganat zordun direnei barkhatzen derauztegun bezala; eta ez gaitzazula utz tentamendutan erortzerat, bainan begira gaitzatzu gaitzetik. Halabiz.

 

Agnus Dei erraitean

        Jainkoaren bildotsa, munduko bekhatuez kargatu nahi ukhan duzuna, garbi zaitzu ene bekhatu guziak zure odolean hain khario erosi duzun bake hura ukhan dezadan zurekin, nere lagunarekin eta nere buruarekin.

 

Domine, non sum dignus erraitean

        A Jauna! egia da ez dudala merezi zure errezebitzea ene bekhatuen gatik: guziez urriki dut zeren damustatu baitzaituzte, eta zure ganik urrundu bainaute. Zure hitz bakhar batek senda dezake ene arima: ez nazazula abandona, o ene Jainkoa!

 

Aphezaren komunionean, nork berak komuniatzen ez duenean errealki

        O nere Jesus maitagarria! egun zure haragi sainduaz hazia izaiteko zoriona ezbadut: onets ezazu, errezebi zaitzadan bederen izpirituz eta bihotzez, eta zurekin bat egin nadin fedeaz, esparantzaz eta karitateaz. Sinhesten dut zure baitan; zure baitan dut nere esparantza; eta maite zaitut ene bihotz guziaz.

        Ala dohatsu bainintzateke, ene Salbatzaile maitea, zure ganat hurbiltzeko, zure mahain sainduan jartzeko, zure gorphutz sakratua jateko, eta zure odola edateko heinean banintz. Ah! zer indar, zer gozo eta grazia ez diozute hazten ditutzuneri!

 

Nork berak komuniatzen duenean, harren orde egin behar dire kommuniatzeko Aktak.

 

Ostia pixkak aphezak biltzean

        Jauna, ja erran dut: ez dut merezi zure mahainean zure haurren herrunkan jartzea; bainan onets iezadazu bil detzadan bederen erortzen diren papurrak, Kananearrak galdetzen zuen bezala. Egizu ezdezadan zure emaitzetarik deus ere gal.

 

Azkeneko orazioneetan

        Nahi duzu, Jauna, arterik utzi gabe, gure othoitzak erantzun dietzatzugun: zeren dugun bethi zure grazien beharra: Ixur ezazu gure gainerat eta iguzu othoitzaren izpiritua, zeina baita humiltasunezko, konfidentziazko eta amudiozko izpiritu bat: hortaz errekeritzen zaitugu zure Jesu-Kristo Semeaz, zurekin erreginatzen baitu lorian.

 

Benedikzionearen aitzinean

        Trinitate guziz saindu eta adoragarria, Aita Semea eta Izpiritu Saindua, Jainko, xoil eta bakhar bat zarena; zutaz sakrifizio hau hasi dugu, zutaz finitzen dugu, eta ez gaitzatzula egor zure benedizkionea gabe.

 

Azkeneko Ebanjelioa erraitean

        Berbo eternala, gauza guzien egilea, denborak bethe zirenean gure gatik gizon eginik, sakrifizio miragarri hau establitu duzuna; eskerrak humilki darozkitzugu zeren egin deraukuzun grazia, meza saindu hunen entzuteko. Barkha iezadatzu, o ene Jainkoa, ene izpirituko barraimendua eta ene bihotzeko hotztasuna; zu eta zure amodioa baizen ez nuelarik gogoan behar. Ahantz bekizkitzu, Jauna, ene bekhatuak, heientzat Jesu-Kristo zure Semea, aldare hunen gainean imolatu baita eta ez dezazula permeti aski ondizkokoa izan nadin, zu hemendik harat ofensatzeko. Halabiz.

aurrekoa