www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Igandea edo Jaunaren eguna
Jean Pierre Arbelbide
1895

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Igandea edo Jaunaren Eguna, Jean Pierre Arbelbide. Lille, 1895

 

aurrekoa hurrengoa

III.— KAPITULUA
Meza entzun

 

Zertako behar dugu Meza Igande guziez entzun? — 1. Jainkoari emaiteko zor deraukogun ospe guzia. — 2. Guretzat ere osoki probetxos delakotz. — 3. Kalbarioko sakrifizioaren orhoitzapenetan. — 4. Gure bihotzminen estitzeko. — 5. Igandetan bederen komuniatzeko errextasuna guziek izan dezaguntzat. — 6. Gure etxetako griña eta hersturak errexkiago jasaiteagatik.

 

        Eskual-Herrian sakramenduak erietarat eraman behar direnean, maiz Etxeko- Jaunak dathozi berak aphezaren bilha eta laguntzera.

        Horrela egin du berriki Garaztar laborari on batek.

        Bazko denbora zen eta ordukotz elizatik oihu egina eriak aste hartan ikusiren zituela Jaun-Erretorak.

        Sakramenduen bilha ethorri zen beraz Etxeko-Jaun hori, eta norentzat uste duzu? ...bere sehi zahar batentzat, aspaldian ezindua, bainan Nagusiak maite zuena bere haurride bat bezain osoki.

        Jaun-Erretorak Meza erran-eta, berehala abiatu ziren sakramenduekin. Eta aphez khartsuak eriari artharik eztienak eta elherik sarkorrenak eman zerauzkon.

        Laborari etxe horren aitzinean haritz handi bat bada, oihanetako ederrenak baino are ederraagoa; laur edo bortz mende baditu, eta etxe-aitzin hortarik bazter hetako zuhaitz guziak ikhusi ditu sortzen, zahartzen, bai eta asko eiharturik erortzen.

        Gosari ttiki bat hartu-eta, Erretorak erran zeraukon Etxeko Jaunari: Goazin othoi zuen haritz eder horren itzalpera, han eginen dugu solas, ez hargatik luzaz, ezen larunbata dugu eta nik biharkotzat asko gauza aitzinetik begiestatu behar ditut.

        Badohazi beraz eta biak haritzaren ondoan jarririk solasean abiatzen.

 

                Etxeko Jaunak:

                Nere haritz maitea, bortz aldiz haurrean,

                Igandetan mezatik etxera sartzean,

                Bai, bortz aldiz jarri nauk amaren aldean,

                Hire adar handiek egin itzalean...

 

        Diot haurrean, ezen geroztik ere gure haritz ederrak ni eta nere etxekoak maiz bere itzalpean ikhusi gaitu, bainan dakizun bezala, ama gazterik galdu nuen, eta bethi hastapeneko urthe goxo hetaz orhoitzen naiz errexkienik.

        Larunbata dugunaz geroztik, Jaun Erretora, bihar ere beharko naiz ni, egun bezala, elizarat ethorri!... Zergatik bada atxikiak gare Igande guziez Mezaren entzutera, eta hori bekhatu mortalaren azpian?

        Jaun Erretorak: —Eliza katoliko gure Ama sainduak hala nahi duelakotz:

 

                Meza saindua entzun ezazu

                Besta Igandetan debotki.

 

        Bainan manu hori Elizak zertako ekharri izan du? Huna zertako: Mezako sakrifizioa delakotz Erlisionean Jainkoari ospe gehienik emaiten deraukona, eta gizonari probetxurik handiena.

        Kontsekratu geroz, Jesu-Kristo den guzia dago ala Ostia sainduan ala Kalizan, bere gorphutz, odol, arima eta Jainkotasunarekin; eta hori guzia, bere neurrigabeko merezimenduekin, eskeintzen derauko bere Aita-Jainkoari Meza guzietan. Nork erran lezake horien balioa?

        Zeruko aingeru eta saindu guziek elkharrekin Jainkoaren handitasunari emaiten derauzkoten ospe, esker-on eta goresteak, ai! osoki ederresgarriak eta aberatsak dire; bainan hekien merezimendu guziak bethi neurridunak, bethi kreatura huts batzuenak. Eta aldiz aldareko Ostia eta Kalizan dagoen Jesu-Kristo, Zeru-lurren-Jaun eta Errege soberanoa da; Jainko eta gizon da; Aita eternalaren seme egiazko eta bakharra da; bere Aitarekin eta Izpiritu-Sainduarekin Jainkotasun ber-bera daduka; eta haren merezimenduek neurririk ez dute, berak bakharrik eman dezake Jainkoaren handitasunari dagokion ohorea, Jainkoaren ontasunari dagokion esker-ona, Jainkoaren asarreari dagokion eztigailua; Jainkoaren eta gure arteko bakeak egin dezazke; harek bakharrik ongi bizitzeko eta zerurat heltzeko behar ditugun grazia eta laguntzak eman zerauzkiagu. Eta horra gure aldaretan zer den egun oroz gerthatzen. Hortik asma daite zer den Meza saindua eta zonbat den Jainkoarentzat ospagarri eta atsegingarri, eta berdin guretzat probetxos, aberats eta nasai.

        Bai, diot berriz ere, horra zertako Eliza Ama Sainduak nahi duen Meza entzun dezagun Igandetan: Mezako sakrifizioa delakotz Jainkoari eman daiteken osperik handiena, eta giristinoari probetxu gehienik dakarkiona.

        Etxeko Jaunak: —Ederki, Jauna. Eta orai bertze xehetasun bat, bertze argialde bat. Zer da aiphatzen duzun Mezako sakrifizio hori? Erranen derautzu nik hori aspaldian jakin behar nukeela, eta kasik ahalke naiz horrelako galderik egiteaz, bainan guk, gaizo nekazalek, ah! zinezko jakitate guti dugu; igande guziez meza, asko predikuekin entzunagatik, gu bethi jakingabeak gare, guk behienere gauzak axaletik baizen ez ditugu ikhusten, erdizka eta lanbroan.

        Jaun Erretorak: —Ez lotsa, adiskidea; eskualdun nekazaleak ez du zeren bere burua gutietsi. Ez bide dute burgies hainitzek Erlisionean harek bezenbat ere jakitate, eta baldin egia bada gure arbasoen errana: Itsu baino okher hobe, asko arrotzek ez bezalako argiak baditu.

        Huna beraz Mezako sakrifizoa zer den: Jesu-Kristoren gorphutz eta odolaren sakrifizioa, Aphezak Jesu-kristo beraren eta Eliza guziaren izenean Jainkoari egiten deraukona, ogiaren eta arnoaren itxuran. Eta ohart huni: Mezako sakrifizioa ez da alegiazko itxura zerbait, bainan da sakrifizio egiazkoa, zinezkoa, berekin daduzkalakotz hortakotzat behar diren dohain guziak. Eta zer othe dire egiazko sakrifizioari dohazkon dohainak? Laur dire: — 1. Ageri den ofrenda baten eskeintzea, eta horrelakoa da Mezan, ez lehenago bezala bildots, ahari eta idi batzu, bainan Jesus, Jainko-gizona, ikhusten duguna bere estalkietan, ogiaren eta arnoaren itxuretan; — 2. hortakotz esku eta indar duenak eskeint dezan, eta Mezan horrela da egiten, ezen hortarako berezi aphezak beizik ezin eskeini dezake, Jesus beraren ordain bezala; — 3. Jainkoari bakharrik eskeintzea, eta Mezak ez du bertze xederik, Jainkoa nahi du gauza guziez gorago handietsi; — 4. eskeinia den gauzaren desegitea edo bederen leheneko moldetik bertze batetarat aldatzea, eta hori Mezan gerthatzen da bethi, lehenik ogia eta arnoa bilhakatzen direlakotz Jesusen gorphutz eta odol Aphezak erraitearekin kontsekrazioneko hitzak, eta bigarrenekorik Aphezak komuniatu-eta Sakramenduko itxurak laster desegiten direlakotz.

        Etxeko Jaunak: —Oi nik maite ditudala xehetasun horiek! Othoi, Jauna, aitzina zohazkit. Bainan lehenik arrangura bat khenazut burutik, eta huna zer: Maiz entzun dut kalbarioko eta Aldareko sakrifizioak bat-bera beizik ez direla, eta hori ez dut orainokoan zure elhetarik ongi ikhusten.

        Jaun Erretorak: —Dakusagun beraz. Munduaren hastapenetik izatu dire sakrifizioak, ezen bethidanik baitezpada beharrak ziren, alde batetik gure bekhatuek asarretu Jainkoaren ematzeko, eta bertze aldetik haren izaite soberanoari ospe eta esker bihurtzeko.

        Lege zaharrean Jainkoak berak ezarri zituen Aphezak eta eginarazi sakrifizioak, bainan nola lege hura baitzen eskasa, haren sakrifizoak ere berdin eskasak ziren; eta ordutik, ez Aaronen apheztasuna ez-eta haren bitimak ez ziren gai gizonaren bekhatuak borratzeko eta Jainkoari zor den ospearen emateko.

        Behar zen agertu bertze Aphez bat bertze Sakrifizio batekin; eta ethorri zauku, eta hura da Jesu-Kristo, bere burua bitimatzat Aita-Jainkoari eskeintzen deraukona. Horra zertako lur huntarat jaustearekin hunela zaion mintzo bere Aitari: Ez duzu nahi izan lege zaharreko bitimarik, bainan ni gorphutz batez jauntzi nauzu, eta huna non heldu naizen zure nahikundearen bethetzera.

        Hortik, ortzirale sainduz, kalbarioko mendiaren gainean eta kurutze bati itzaturik Jesu-Kristok bere odola, bere bizia, bere izaite guzia eman du, osoki sakrifikatu izan du Bitima bezala Jainkoarentzat eta guretzat: Cum adhuc peccatores essemus, Christus pro nobis mortuus est. (Ad Roma. 5,6). Eta geroztik kurutzeko sakrifizio hori bera mendez mende Jesu-Kristok erreberritzen du gure aldaretan. Halako moldez non Mezako sakrifizioa ez baita xoilki kalbarioko heriotzearen gogorapen eta begitarapen bat, Salbatzailearen hitz haukien arabera: Hoc facite in meam commemorationem, hau bera nere orhoitzapenetan egizue; bainan oraino baita zinez eta egiazki Jesu-kristok kurutzean egin zuen sakrifizio hura bera. Horrela dio Trenteko kontzilioak; fedezko artikulua da.

        Aita Grazien, karmesetako buruzagi hainitz aiphatu batek, zerutikako ageraldi bat izan zuen Santa Theresa hil-eta laster. Sainda hori ikhusi zuen, argiz eta edergailuz oro jauntzirik. Botz ezti eta khar gozo batekin erran zeraukon aita Grazieni: Guk zeruan, zuek lurrean, Jainko bera amodio berarekin behar dugu maitatu, ezen aldarean kalbarioko Jesus bera duzue, nola guk zeruan.

        Ageraldi hori gerthatu zen hamabortz ehun eta lauretan hogoi eta bian (1582).

        Eskeintzeko moldean beizik ez da Mezako Sakrifizioa kurutzeko sakrifiziotik bertzelakoa; eta hori, zeren kurutzearen gainean odolezkoa izan baitzen, zelakotz orduan Jesu-Kristo pairakor eta hilkor; orai aldiz gure aldaretan egiten dena, odol-ixuri gabea baita... etc.

        Etxeko Jaunak: —Oh! beraz, ez balitz ere eginbide guzietarik hertsiena, zer lehiarekin, zer bihotzeko suarekin, eta begietako zer nigarrekin ez ginuke Igandetako Mezan aurkhitu behar, Kalbarioko sakrifizio bera denaz geroz! Doloresko gure Ama Andredena-Mariarekin, Jaundone Joanni apostoluarekin, Maria-Madalena bekhatoros urrikituarekin, ortzirale sainduz han ziren bertze arima kartsu guziekin, guk ere, bederen Igandetan Jesu-Kristo gure Salbatzailea ingura, maita, ohora eta othoitz dezagun Mezako Sakrifizioan!...

        Eta hastapenean erran baiterautazu Mezaren entzuterat atxikiak garela, sakrifizio hori delakotz Jainkoari eman daiteken osperik handiena, eta giristinoari probetxu gehienik dakarkiona, — ez othe gare oraino eginbide horri berari baitezpada jarraiki behar Kalbarioko sakrifizioaren orhoitzapenetan? Ezpalitz ere Jainko-gizonaren heriotzeaz eta gure Erospenaz orhoitzea beizik, ez othe laiteke gizonentzat eginbiderik hertsiena Igandetako Mezaren entzute hori?

        Jaun Erretorak: —Bai, bai, eta hortan datza Igandetako Mezara jarraikizeko hertsakunde minenetarik bat. Hala-nola kurutzearen gainean Jesu-Kristoren odola haren gorphutzetik izan baitzen berezia, berdin Mezan ere bereziki kontsekratzen da odola eta bereziki gorphutza. Eta berexte horri darontzala, Kalbarioko orhoitzapena gure aldaretako sakrifizioari datxeiko bethi, elkarri jarraikitzen eta lotzen dire. Eta nola baitezpadako eginbidea baita gizonentzat Erospeneko egikunde handiaz ahalik eta maiz orhoitzea, hortik Mezarat Igandetan bederen jarraikitzeko eginbide hertsia.

        Ez espanti beraz Igandeko Mezaren arbuiatzaileri Jainkoak gaztigu borthitzak igortzen baditu.

        Igande batez ihizira joan ziren bi muthiko gazte; bat ala bertzea lazoak, ezaxolak, osoki barreiatuak. Halarik ere batek bere meza nolazpait goiz hartan entzuna zuen.

        Ihizin harat-hunat dabiltzalarik, horra non goibeltzen den zerua, eta laster ortzantza karraskan abiatzen. Ihurtzuria zartaka ihiztarietarat erortzen da, mezarik entzun gabeko dohakabe hura erretzen du.

        Eta bertzea harriturik ihesi, nonbait gorde nahiz...

        Botz batek hedoietarik oihu egiten du ihurtzuriari: Jo zak! jo zak!... Bainan bertze botz batek ihardesten du: Ez dezaket jo, ezen goiz huntan meza entzun du. (S. Antoninus).

        Huna bertze gerthakari bat. Italian bada gubio deritzon herri gothor bat, Urbineko hiritik hurbil. Larunbat goiz batez herri hortarik hirur merkhatari joan ziren Zizternoko feriara; hirurak gizon erneak, beren eginbidetan osoki ohartuak eta handizki heltzen zirenak.

        Zizternoko ferietan darabilate egun hura guzia, eta beren sal-erosteak eginik gaua ostatuan iragaiten dute.

        Biharamunean, igande goizarekin, zer eginen dute? nola behar dire etxerat itzuli? meza entzunik ala entzun gabe?

        Batak hau eta bertzeak hura, thirabiran dagozi askariteko denbora guzian. Azkenekotz batek derrote bertze bieri: Egizue biek nahi duzuena, bainan nik bidean abiatu baino lehen nahi dut Meza entzun.

        Bata beraz doha Mezaren entzutera, bertzeak aldiz, bide luzearen egiteko eta etxerat goizik heltzeko estakuruan, Mezarik gabe lotzen dire bideari.

        Eta orai, orhoit hemen gure arbasoen bi erran-zahar hotaz:

 

                Ago Jainkoarekin,

                Jainkoa duk hirekin.

 

        Horra lehena, huna bigarrena:

 

                Jainkoa luzakor, ez ahanzkor.

 

        Merkhatari horietarik bat mezaren entzuten elizan zegoelarik, bertze biak bidez bide etxeko aldera mezarik gabe zebiltzan.

        Biderditan bezalatsu, ibaia bat bada eta xuxen egun hetan uria jauts-ahala ari, urak gaindituak dire, osoki borthiztuak, eta harramantza handirekin joiten eta khordokatzen dute bazter hetako zubi bakharra. Gure bidelantak ez dire izitzen, zubian aitzina dohazi. Erditsutara direneko, horra non ur olde borthitzak errotik eramaiten duen zubia!

        Meza gabeko bidelant dohakabeak bethikotz galtzen dire.

        Eta aldiz hirurgarrena, bere Meza entzunik eta ur handiak untzi batean iraganik, etxerat bakean heltzen.

        Etxeko-Jaunak: —Bai, Eliza sainduaren irakaspenetik bezala, gaztigu horietarik ere ageri da zer bekhatu handia den Igandetan Meza gure faltaz ez entzutea.

        Ori, Jaun Erretora, hanbat gaxto Meza Igandearekin hutsegiten duenarentzat; nitaz den bezenbatean, ez balitz ere nere bihotzminen gozagarritzat beizik, deusetan truk ez nuke Mezarik gabe egon nahi.

        Nahi duenak nahi duena erranen du, bainan nik dakidana hau da: Gure bizia lur huntan nigarrezko ibaia khirets bat dela, eta gizon dohakabeak bere hersturetan ez dukeela nihon halako laguntza eztirik nola Aldareen oinetan, Mezako sakrifizioan.

        Jaun Erretorak: —Hanbatenaz egia diozu, Etxeko-Jauna, non mezan aurkhitzen direnak oro partalier baitire Aphezarekin aldareko Sakrifizio hortan.

        Hala-nola Aphezak, meza erratean, eskeintzen baitu sakrifizioa, bai beretzat bai bertze fededunentzat, halaber elizan aurkhitzen direnek berdin eskein dezakete harekin batean, nahiz beretzat, nahiz bertze zaizkotenentzat eta behar-ordu guzientzat. Eta nola herri batek mandatariz Errege bati dohain bat egortzen deraukonean, herriko guziek parte baitute eskeintze hartan, nahiz hotarik bakhar bat ere ez zaion mintzo; molde berean, Mezako Sakrifizioan ere, nahiz Apheza den bakharrik mintzo dena, han diren guziak ez dire gutiago partalier.

        Eta orduan orhoit bereziki Jainkoaren ontasunari zor deraukogun esker-onaz.

        Hori da Aphezak bereziki derrana Ofertorioko hitz hautaz: Ene anaiak, othoitz egizue ene eta zuen Sakrifizioa gogorako izan dadin Jainko Aita guziz botheretsuaren aitzinean.

        Hortan garenaz geroztik behar derauzut bada gerthakari eder bat aiphatu, Mezaren entzutetik zer probetxu dukegun irakasiren derauzuna.

        Etxeko Jaunak: —Biba zu, Jauna; osoki maite ditut zure ixtorio ederrak.

        Jaun Erretorak: —Adi zazu beraz. Santa Elisabeth, Portugaleko erreginak, bi aitorenseme bazituen bere menean. Hetarik bat osoki ona zen eta Jainkotiarra, bertzea aldiz ahal bezalako jende minkhor gaizgarri bat.

        Ikhusteko da zoinen baithan zeduzkan Erreginak bere bihotza, bere adiskidantza, bere sinestea: Aitoronseme on eta Jainkotiar haren baithan.

        Hortik bertzearen bekhaizkeria. Barne guzia eritua du, osoki goibeldua, mendekiozko su beltzean jarria; nolazpeit, zuzenetik edo makhurretik, baitezpada, bere laguna galduko du, hilen edo hilaraziko du.

        Badoha beraz Erregearen gana eta derro: Jauna, zuk hainbertze maite duzun Erreginak, zure esposak, guphidesten zaitu, osoki arbuiatzen, gaizki bizi da aitorenseme nere lagunarekin.

        Ni nola, bertzeak hala, Errege hits harek berehala sinesten du bere idurikoa duela Erregina, eta den gutieneko duda-mudarik gabe gaztigurik ikharagarriena gogoratzen zaio. Gisulabe erretzaile bat deitzen du eta erraiten derauko: Aitorenseme bat igorriko deraiat galdetzera: —Erregearen nahia egin othe duzu? eta orduan berehala harturen duk eta gisulabearen surat aurthikiko, ezen hari bizirik erretzea zor ziakok.

        Aiphatu egunean Erregeak igortzen du aitorenseme dohakabea. Bainan nola, obendun izaitetik urrun, Jainkotiarra baitzen osoki aitorensemea, eliza baten aitzinean iragaitearekin sartzen da eta meza entzuten. Meza hori erran deneko bertze bat hasten da eta hura ere entzuten du.

        Arte hortan ez dauke Erregea zer gerthatu den jakin beharrez eta aitorenseme gezurtia gisulabe erretzailearen ganat igortzen du. Hunek egiten du laster eta galdatzen gizon hari: Erregearen nahia egin othe duzu? Hitz horietan, gisulabe erretzaileak kolpez hartzen du eta suaren erdirat aurthikitzen.

        Handik denbora puska baten buruan, ethortzen da aitorenseme Jainkotiarra, bere bi Mezak entzunik. Galde bera egiten du harek ere: Erregearen nahia egin othe duzu? Bai, ihardesten du gisulabe erretzaileak, errakozu Jaun Erregeari guziak harek nahi bezala egin ditudala.

        Gortherat itzultzen da aitorenseme ona bere ihardesmenarekin.

        Harritzen da Erregea. Xehetasunak jakitearekin, ikhusten du hor Jainkoaren mirakulu handi bat, Mezako debozionearen bidez egina. Bere espos sainduari barkhamendu eskatzen derauko eta geroztik ez du harentzat amodiorik baizen.

        Etxeko Jaunak: —Bai, sekulan izan bada mirakuilurik, hori hala da, eta itsu ez denak ikhusiren du hor Mezaren entzuteko urratsak zer ondorio handiak dituzken bethi. Halarik ere izanen dire sinestegabeak edo lazoak, Meza Igandearekin hutseginen dutenak, bertzeri ere bai galaraziko: Itsuak, bertzeak ere itsu nahi. Bainan horrelakoak alde guziz nigaregingarri dire eta jende basak baino ere sordiesago.

        Dugun orai bertzerik aipha, eta huna zer: Jende multzo bat ikhusten dut Mahain Saindura hurbiltzen Igande gutiz-gehienetan; ez bide zaiote iduri Mezarik hekientzat badela non ez duten komuniatzen. Holakorik ez zen gure denboran, Jauna, eta zure aitzineko Erretor zaharrek ausartzia batentzat zedukaten Igandeko Mezan zortzitik komuniatze hori... eta orai?...

        Jaun Erretora: —Badantzut, adiskidea, eta zuk aithortu gabe ikhusten dut zure barneko mina zer den. Amodioz baino gehiago larderiaz nahi zinituzke arimak Jainkoari buruz ibilkatu. Eta ondikotz! sobra denboraz horrela egin dute gure arbasoek.

        Bainan lehenik dakusagun egia handi bat: Igandearen eginbidea, harek duela hobekienik bethetzen nork ere egun hartan komuniatzen baitu. Nolaz bada hori? Huna: Oroz gainetik eta lehenbizikorik zertako da Igandea? Jainkoari emaiteagatik zor deraukogun ospea, amodioa, adorazionea; eta eginbide hori bethetzen dugu Meza entzunez eta Meza hartan eskeiniz Jesusen gorphutzaren eta odolaren sakrifizioa, sakrifizio guzietarik baliosena. Bainan zu, giristino on eta Khartsua, urrunago nahi zare joan, Jainkoari zure Jesus maitea eskeini eta eman nahi deraukozu, ez xoilki aldarean Aphezaren arartekotasunaz, bainan zeronek eta zuhauren bihotzean; eta hortakotz komuniatzen duzu. Eta zer gerthatzen da? Jainkoari zeronek Jesusekin osperik eta adorazionerik aberatsena emaiten deraukozu. Ez daiteke deus hoberik Igande egunaren sainduesteko.

        Azken bi mendetan, hamazazpigarrenean eta hemetzortzigarrenean, Jansenistak, behinere agertu diren heretikorik kaltegarrienak, hasi ziren komunionetik urruntzen. Eta erran zaharrak dioena, zuzen-gabeak orro handi, zer nahi prediku, liburu, bilkura, bai eta komentu berriak egin zituzten makhurkeria horren hedatzeko, hainbertzetaraino non hekien izurriak laster bazterrak oro kutsatu baitzituen.

        Bertzalde mende hunen aitzineko izkribatzaile gaxtoek, eta hekien ondotik Frantziaren nahasmendu edo erreboluzione handiak, are gehiago jendeak hoztu zituzten, komunionetik baztertu eta jesusen ganik urrundu.

        Azkenik badakizu eliza guziak hetsi zituztela. Nihon gehiago aldarerik ez tabernaklerik. Orduan ikhusi zen mende galduenek sekulan ikhusi ez dutena: Jainko-Gizona, Jesu-Kristo, bere aphez errebelatuen eskuez norapait eramana, eta gauza ebatsi baten pare, nonbait gordea, mendietan, harroka ziloetan.

        Eta geroztik nolaz iraun zezaken komuniatzeko jarraikitasunak? Alde batetik Jansenisten irakaste gezurtiak, bertze aldetik erresuma osoki nahasia eta elizak oro hetsiak, ai ilhunbezko orena zen hura, ifernuak asmatu orena, giristinoak Jesu-Kristoren ganik urruntzeko.

        Halarik ere egia gezurrari nausitu azkenean!

        Emeki-emeki Jesusen Bihotz-Sakratuak berriz ere gizonen bihotzak bildu ditu, eta horra jadanik zonbait urthe giristinoak nonbre handitan komuniatzerat maiz jarraikitzen direla.

        Eta ez othoi uste izan jarraikitasun hori oraiko Aphezek asmatua dela. Ez; bethidanik, haste-hastetik, Eliza sainduak nahi zuen Mezaren entzule guziek komunionea egin zezaten. Horrelako ohitura zen Apostoluen denboran.

        Sakrifizioari berenaz datxeikon eginbidea da Mezaren entzulek aldi oroz komunia dezaten. Eta hori zertako? Komunioneak Sakrifizioa osotzen eta bethetzen baitu. Hortakotz lege zaharrean Bitimen haragitik jateko, ez xoilki baimena, bainan manua eta eginbide hertsia.

        Nere adiskidea, ez espanti beraz Igandeko Mezan ikhusten baditutzu giristinoak Mahain Saindura zortzitik hurbiltzen.

        Etxeko Jaunak: —Hitz derauzut, Jaun Erretora, ni ere gaurgero Igande guziez mahain saindura jarraikiren naizela. Eta nik bezala Eskual-Herriko gizon guziek, gaztek ala zaharrek, errexki eginen ahal lukete, ezen Igande goiza laborariak dukeien arterik lañoena da kofesatzeko eta komuniatzeko.

        Erradazut, Jauna, ez othe laiteke bada eder Igande guziez gizon andana bat mahain sainduetan ikhustea? Gizonez mintzo naiz, ezen goraxago erran baderauzut jende multzo bat ikhusten dudala Igandetan mahain saindura hurbiltzen, emaztekiak dire gutiz-gehienak.

        Jaun Erretorak: —Adiskidea, zeronek uste baino hobeki mintzo zare. Bai, eder baino ere probetxosagoa laiteke gizonak eta guziz muthil gazteak Igandearekin mahain saindura zortzitik hurbiltzen balire. Ez dezakete gazte gehienek ongian iraun non ez diren Sakramenduetara maiz hurbiltzen.

        Hortakotz muthil gazteen elkhartasunak, haurridetasunak, kongregazioneak, asentatzen eta biltzen ari dituzte beren elizetan asko Jaun Erretor khartsuek, Eskual-Herrian baino ere gehiago bertze hainitz herrietan, eta guziz Bretanian eta Lyoneko eskualdetan.

        San Frantses salesekoak huna zer dioen:

        «Errana da Mithridate, Ponteko erregeak, asmaturik erremedio bat pozoinaren kontrakoa, eta hartarik maiz hartuz, tenperamendu bat hain sendoa eta borthitza egin zitzaiola, non gero ondoan, Erromaren eskuetara ez erortzea gatik, eta gathibo ez izan nahiz, bere burua pozoatzera entseiaturik ere, ezin egundaino pozoinak hilarazi baitzuen. Horra gure Salbatzaileak, aldareko Sakramendu sainduan bere gorphutza eta odola errealki jateko eta edateko guri ematean, presentatzen darokun erremedioaren itzal eta figura suerte bat. Nork ere maiz hartzen baitu bazka saindu eta erremedio salbagarri hori debozionerekin, eta hainak hartarainokoan borthizten du bere arimako osasuna eta bizia, non inposible bezala baita izan dadin posoatua afekzione gaxtoen pozoinaz; ezen bizitzeko haragi hortaz haztea eta bekhatuaren heriotzez hiltzea, ezin baltsa ditezken gauzak dire. Eta egiaz lurreko parabizuan gizonak iraun ahal bazezaken, gorphutzeko bizia galdu gabe, Jainkoak han ezarri zuen bizitzearen arbolako fruitutik janen zueno; miresteko othe da gizonek, bizitzezko sakramendu horren berthutez, orai irautea izpirituzko heriotzean erori gabe? Baldinetariak fruiturik samurrenak eta ustelkorrenak, nola baitire gereziak, abrikotak eta arregak, kontserbatzen badire errexki urthe batez, azukrean edo eztian konfitatzen direnean; ez da miresteko gure bihotzak, diren bezalako flakorik ere, iraun dezaten bekhatuaren ustelduraz khutsatuak izan gabe, Jainko-Semearen haragi eta odol ezin-ustelduzkoaz azukreztatzen direnean».

        San Frantses Salesekoa horrela da mintzo.

        Eta orai, jakiteaz noiz behar duen bakhotxak komuniatu, ala egun guziez, ala zortzitik, ala ilhabetetik, ala bertze edozoin ephetik, hori Jaun Aphezen eskuetan ezarria du Eliza katolikoak.

        Guziagatik ere huna nik zer diotan: — Ifernuko etsaiaren oldar gaxtoeri ihardokitzeko, gure jaidura tzarren garaitzeko, munduaren sare galkorretarik begiratzeko, Komunionea da Jainkoak eman deraukun laguntza guzietarik hazkarrena; — Igande eguna nekazalearentzat hauta da Sakramenduetara hurbiltzeko, orduan ditu jende xeheak errextasunik handienak, ephea, jaunztura, bertzeen etsenplu edo ikhusbidea, hitz batez eginkara lañoenak; — Maiz orok komuniatzea nahi du Jesu-Kristoren maitaguneak, bihotzeko suak. Eta huna amodio horrek egin mirakuiluetarik bat.

        Hamahirur ehun eta berrogoiean (1340), ekhainaren hemeretzian, eritasun luze baten ondotik hiltzera zohan Santa Juliana Falkonieri.

        Aspaldi hartan ez zezaken den gutieneko janharirik har, ez-eta komunionerik egin. Oi zer bihotzmina! Jesusentzat beizik amodiorik ez izanki, eta ezin komunia, ezin bat egin Jesus maite harekin!

        Bainan huna haren amodioak zer asmatzen duen. Bere aita kofesora errekeritzen du othoi bere ohe-ondora ekhar dezon ziborioan Sakramendu-Saindua. Kofesoreak ekhartzen derauko, eta Jesus hurbiltzearekin, eri khartsua amodiozko hasperenetan abiatzen da: Othoi, othoi, ezpadezaket Komunia, bederen nere bihotzaren gainean emadazuet Jesus!

        Mezako oihala bulharretara hedatzen deraukote eta Ostia-Saindua han ezartzen. Eta ordu berean, bihotzari barna Ostia-Saindua, bere baitharik, sartzen zaio; eta mirakuluzko komunione hortan emaiten du Santa Julianak bere azken hatsa; eta geroztik haren gorphutz sainduak bulharretan ekhartzen du bethi Ostiaren iduria edo zigilua, ezkerreko aldean, bihotzaren tokian.

        Horra, horra Jesu-Kristoren amodioa guretzat Sakramendu sainduan, osoki handia, neurrigabea, deus izaririk ez duena, hitz batez Jainkoak bakharrik izan dezakeen bezalakoa. eta gero zuk horrelako maitaguneari trabak emanen derauzkotzula Mahain-Saindutik urrunduz! Othoi, othoi ez sekulan ahantz hitzeman derautazuna: Igande guziez Mezan komuniatuko duzula zortzitik.

        Etxeko Jaunak: —Bai, Jaun Erretora, berriz hitz derauzut Igande guziez jarriko naizela Mahain Sainduan.

        Bertze gauza bat ere erran behar derauzut. Dakizun bezala, laborariak eta guziz etxe handi baten nagusi denak, asko griña eta buru hauste baditu. Haurrak, sehiak, lanetako aro gaxtoak, aberetan eritasunak, auzoekin ere batzuetan thirabirak, ez dakit zer eta zer, bethi nonbaitik Khexa-bide frango. Eta herstura horietan nun uste duzu nik kausitu dudala bethi argia, indarra eta sosegua? Igandeko Mezan!

        Etxeko nere griñez mintzo naiz hemen, eta ez gorago aiphatu bihotzeko eta arimako herstura handiez; eta diot familiako griña arrunt horietan ere Igandeko Mezak gaituela hobekienik laguntzen.

        Ez dakit nola, bainan ezin ukhatua dut: Igande goizetan, bizarra eginik, athorra xuria eta soineko garbiak jauntzirik, elizarako bidean abiatu naizeneko deskantsatzen zait bihotza. Eta gero Mezan, ah! han bertze gizon bat naiz, nere arrangura gaxto guziak norapait hegaldatzen dire, gauza guziak begi garbiago batez ikhusten ditut, aldare gainetik bihotzera heldu zait nahigabe guzien alegeraki jasaiteko indar berezi bat. Ori, Jauna, munduko laguntza guziek ez dute neretzat balio Meza ongi entzuna; nekazale akhituak nahi badu bere nahigabetan deskantsatu, Igande guziez elizara ethor dadiela xuxen.

        Jaun Erretorak: —Gizona! liburu bat bezala mintzo zare. Egia diozu, nekazaleak Igandeko mezan aurkhituren ditu bethi laguntzarik hoberenak, ez xoilki arimarentzat, bainan oraino askotan bere ardurako nahigabeentzat. Gerthakari huntarik ikhusiren duzu.

        Huna zer irakurtzen dugun san Bartelemy martiraren bizian.

        Egun batez, meza erratean, prefaziotik lekhora, luzaz geldi-geldia egoiten da. Ustez-eta ahantzirik dagoen, beetterak ohartaraazten du.

        Eta ordutik meza zalhuki badarama azken hitzeraino; eta aldaretik jautsi deneko, eskerrik ere bihurtu gabe, igaiten da ganbarara eta muthil bat oihuka deitzen: Egizu laster, horra diru andana bat, zohaz holako tokira, eta han aurkhituko duzun gizonari, sokha bat besapean dohala, emokozu eta erran: Othoi ez zure buruaz etsi, Jainko bat badela orhoit zaite!

        Muthilak laster egiten du eta bere gizona hatzemaiten: Othoi, adiskidea, ez etsi, horra non Aita Bartelemik diru hau igortzen derauzun!

        Eta gizon harek nigarrez: Oi Jauna, bi behi galdurik, haurrak ezin haziz, nere buruaren hiltzera nindohan. Bainan orai bertze bi erosiren ahal ditut!...

 

* * *

 

        Nere adiskidea, egungotz badukegu erranik aski; eta elhestaldi hunen solasik premiatsuenak batetara biltzeko, orhoituren zare Jesu Kristok bere izaite guzia Meza sainduan eskeintzen eta sakrifikatzen duela: 1. Jainkoaren handitasun soberanoari dagokion ospea emateagatik; 2. Barkhamenduzko bitima bezala, zeruko bere Aitaren hasarrea eztitzeagatik; 3. Jainkoak egin ongiez hari eskerrak bihurtzeagatik; 4. Gure arimako eta gorphutzeko behar guziak zeruko gure Aita ganik edozoin hersturetan ardiesteagatik. Zer maitagunea eta zer emaitzak!... Dathorrela beraz neurthitzlaria eta dugun harekin bozkariotan errepika Aldaretako Jesus onari:

 

                Xoriek badituzte beren ohantzeak,

                Urzo tortoilek ere non eman umeak:

                Zure aldaretan da nere iheslekua,

                Nik han dut edireiten nere sosegua.

 

        Eta orai, adiskidea, bederatziak baitire hurbil, uzten zaitut eta banoha; Jainkoak dizula egun on.

        Etxeko Jaunak: —Milesker, Jaun Erretora, ez ditut nik behinere zuk egun erranak ahantziko.

 

aurrekoa hurrengoa