www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Igandea edo Jaunaren eguna
Jean Pierre Arbelbide
1895

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Igandea edo Jaunaren Eguna, Jean Pierre Arbelbide. Lille, 1895

 

aurrekoa hurrengoa

I.— KAPITULUA
Igandea, Jainkoaren eguna

 

Bi Etxeko-Jaun aita Misionestez mintzo. — Igande egunaren sainduestea, gauzek berek eta gure izaiteak manatzen. — Haste-hastetik Jainkoak berak hautatu eta sainduetsi du asteko zazpigarren eguna. — Moisen legea. — Jesu-Kristoren eta Elizaren legea. — Igandea gizonarentzat ere egina.

 

        Eskual-Herrian eta aphirilaren azken egunetan, Igande goiz eder batekin, lehenbiziko Mezara zihoazin bi Etxeko-Jaun. Oilariza zen, argi-hastea; iguzkia ez zen oraino ageri; eta bidearen bazterretan loreak, belharrak, oihanak, xoriak, Jainkoaren eskuko gauza bizi horiek guziak, lotarik bezala iratzarten ari ziren, goizeko argiari irriz eta bozkarioz.

        Etxeko-Jaun horietarik gehiena, hiruretanhogoi urthetako gizon lerden erne bat, koplaria zen. Ikhusten zuena bai zerbait ederrik edo hunkigarririk, haren burua phindarka abiatuko zen; eta nola hegastinak beren ohantzetik, berdin neurthitzak hegaldaka airatuko ziren haren ezpainetarik.

        Horra non beraz oilariza eder horrek oro xoraturik ezartzen duen gure gizona; koplak gaindizka bururat heldu zaizkio, eta nola Eskual-Herrian neurthitzlari guziak kantari baitire, abiatzen da kanta errepiketan, dioelarik:

 

                Aspaldi mendietan

                Urthu da elhurra,

                Eta errepietan

                Beztitu da lurra;

                Orai dire bethetzen

                Bazterrak loreez,

                Orai dire estaltzen

                Arbolak hostoez.

 

                Hasi dire dostatzen

                Bildotsak phentzetan,

                Bai-ta ere agertzen

                Inharak airetan.

                Oi errexinoleta,

                Laster ager hadi,

                Goizetan hire kanta

                Adiaraz bedi...

 

        Bainan hemen kantaria ixilarazten du bere lagun gazteak eta diotso:

        Adiskidea, dakusagun orai zerbait goragorik, ezen, zure neurthitzetan aiphatu ditutzun ikhusgarri horiek altxatzen derautate bihotz guzia, eta gorphutzeko begiez ikhusten ditugun kanpo lorestatu horiek, Jainkoaren ganat hegaldarazten dute nere gogoa. Primadera hoin ederki aiphatzen duenak, bertzerik ere aipha dezake, behar derauzkidatzu bi hitz erran gure azken Misione hunek utzi derautan burujope batez. Zer mihiak dituzten Misionest horiek,... ez ahal ziren lehenago profetak hobeki mintzo. Eta bihotzean zer gozoa datxekon heien elhe sainduari! Nigar ezti nasaiak ixuri ditut hek entzutearekin, eta oraino ere barnean dadukat bethi Jainkozko zorion berezi bat, eta zinez iduri zaut zerua nibaithan dela. Oi Jauna, deskantsu gozo horrek iraun baleza bethi!

        Huna zerk nauen ni Misione hortan gehienik hunkitu. Dakizun bezala, nere auzoko etxean gizon bat bazen Igande-gabea, Meza-Bezperetako denboran kanpo lanetan trebeki ari zena. Abere basa batek baino gehiago ez zuen Jainkoaren beldurrik, ez giristino khararik, ez eta jende molderik. Harritua nindagon, iduri zaitan Jainkoaz madarikatua zela, ez nezakeen begien bixtan ikhus. Eta horra non misione hunek osoki itzulikatu duen; lehen sordiesa bezain, orai jarraikia da; ez du Igandearekin den gutieneko lanik hunkitzen, ez-eta sekulan hutsegiten Mezarik ez Bezperarik. Eta zerk uste duzu Misionean horrela oneratu duela? Berak errana daut: Igande egunaren gaineko prediku batek. Zer mirakulua! Eta orai gizon hura, nere adiskiderik minena dut. Oxala! gogoz banazki prediku haren xehetasun guziak!...

        —Etxeko-Jaun zaharrak: —Hori duka hire burujopea? Ah! bertzerik ez baduk, jarraik hadit, eta hitzez-hitz emanen derauzkiat Misionestaren elheak, ezen badakik ene buru zahar hunek barnean daduzkala bethi beharritik sarthuak oro, bai eta latina.

        —Etxeko-Jaun gazteak: —Ez dut hoinbertzekorik nahi; eginen derauzkitzut xoilki galde zonbait; eta zuk, Misionestaren araura, emadazkitzut ihardeste zuzen eta garbiak.

        Lehenik beraz erradazut nolakoak diren Igande-egunaren erroak, ethorkiak, lehenbiziko hastapenak eta ithurburuak. Misionean adituak ditut, bainan oraiko graziak nere bihotzean diraueno, atsegin berri batekin entzunen ditut bethi egia horiek.

        —Etxeko-Jaun zaharrak: —Gizatasunaren erraietan landatua den sinestea da, gutaz gorago ezarriak direneri sortzez, ontasunez, botherez, antzez, jakitatez edo zerbait balentria ederrez, ohore eta begirune ekharri behar zaiela. Lurra lur denetik hunat horrela egin izan da jendaia guzietan, eta kristau legeak, hori debekatzetik urrun, hortaz beraz eginbide berezi bat egiten derauku. Jesus Jaunak nahi zuen Judu legeko aphezeri beren herrunka goraren gatik ohore bihur zekioten, urrun ziren arren behar zirenak izatetik; eta Jaundone Paulo, Ebanjelioaren adiarazale indartsuak nahi zuen nori bere ikhustasun zuzena eman zakion, honorem, honorem, bai eta manatzen zuen pekoek nagusieri jauspen eta ohore bethi ekhar zekiotela: Servi dominos suos omni honore dignos arbitrentur.

        Nor daiteke bada Jainkoa bezain gora eta nagusi denik? eta zeruko egoileek berek, ala aingeruek ala dohatsuek, ez othe dute bethi Jainkoa ahal guzian goresten eta handiesten?

        Bai, Jainkoari zor derauzkogu ohore eta ospe guziak, amodio eta maithagune guziak, delakotz nagusien Nagusia eta handitasun guzien jabe soberanoa; delakotz oraino gure egilea eta kreatzailea, guree eroslea eta salbatzailea; eta azkenik behar delakotz egun batez izan gure saristatzailea zeruko zorion bethiereko eta izarigabean. Jainkoaren alderako jauspen hori, maitagune hori, gure izaiteak berak manatzen derauku, eta hortarik zeihartzea, gure eginbide hertsienetik baztertzea laiteke eta zuzentasun guzien haustea. Baitezpadako urratsa, gure gizatasunari berari datxeikona da hori.

        Eta noiz uste duzu ospe eta maitagune horiek Jainkoari hobekienik eskein dezazkegula? Igande egunarekin.

        Urrunago ere banoha eta diot, Iganderik ez balitz, Jainkoak ere laster ez lukeela gutartean den gutieneko ikhustasunik, ezen, dio hemen Kardinale aiphatu batek, Igandea gal, Erlisione guzia ere gal! Herri bati khenozu Igandea, eta geroztik ez dukezu han arimagabeko abere multzo lurtiar bat beizik.

        Iguzkia bezain agerizko egia da beraz: Igande egunaren girixtinoki atxikitzea, dela eginbide bat gure gizatasunari berari, gure izaiteari hurbildanik datxeikona. Eta erran dut nolaz: Gure eginbide baitaezpadakoenak ezin bethe ginetzazkeelakotz igande eguna gabe.

 

* * *

 

        Bertzalde, munduaren haste-hastetik Jainkoak berak asteko zazpigarren eguna hautatu izan du othoitezko eta pausuzko egun berezi batentzat. Huna ezen Testament zaharrak zer dioen: Jainkoak zazpigarren eguneko osatu zuen bere eskuko lana, Kreazionea, eta pausu hartu zuen bere eginkari guzietarik, eta zazpigarren egun hura benedikatu zuen eta saindutu.

        Hortik ageri da Jainkoak asteko zazpigarren eguna bertze egunetarik berezi eta hautatu izan duela, ala bere hitzaz ala bere egintzaz; eta gure lehen burrasoeri, Adami eta Evari, bai eta hekien ondokoeri, eman zeraukotela othoitezko eta pausuzko denboratzat.

        Eta beraz, galdatzen baderautazu noiz danik abiatua den Jainkoari bakharrik zazpigarren egunaren emaiteko eginbidea, ihardetsiko derauzut gure lur hunen sortzetik beretik abiatu dela. Eta oraino, galdatzen baderautazu nork duen lehenik atxiki eta bere egintzaz santifikatu egun berezi hori, ihardetsiko derauzut: Jainkoak berak, egun hartan pausatuz, lanetik osoki baratuz zeru-lurrak egin-eta.

        —Etxeko-Jaun gazteak: —Ederki, nere adiskidea; Ikhusten dut nolakoak diren Igande-egunaren erroak, ethorkiak, lehenbiziko hastapenak eta ithurburuak. Bainan oraiarte ez zaizkit Testament zaharraren araura beizik mintzatu. Ez othe du hemen lege berriak deusik aldatuko? Zerbait erradazut Jesu-Kristok Igandeari ekharri duzken aldamenez.

        —Etxeko-Jaun zaharrak: —Beraz huna non dathorrela Jesu-Kristo, mende guzietako Asmakariek urrundik agindu zutena. Zer xedez othe zerauku ethortzen? Zeruko bidea gizonari idek dakiontzat. Eta nola bere guzi-ahaltasunean baizekarkeien lege bat osoki berria, lege berri hori Ebanjelioan eman derauku.

        Ehun eta hogoi eta hamahirurean (133), Judu bati huna zer erraten zeraukon Elizako Aitetarik lehenak, San Justinek: Zuen liburuetarik ere banakien ethorriko zela lege bat berria eta bethierekoa, baliaturen zena mende eta bazter orotako jende guzientzat. Juduek lege bat zinuten hertsia eta zueri bakharrik zagoena; orai aldiz Jesu-Kristok eman derauku lege bat, lurraren laur izkinetarik gizonak nasaiki Elizaren arthalderat bilduren dituena.

        Horiek hola, zer eginen othe dute Jesu-Kristok eta Eliza Sainduak? Lege berri bat munduari ematearekin, khenduko othe dute Jaunaren eguna? Khentzetik urrun ez dute hazkartuko beizik. Xoilki zazpigarren eguna larunbatetik Iganderat aldaratuko dute. Eta nolaz hori? zer arrazoinez? Igandearekin hasi zuelakotz Kreatzaileak zeru-lurren egintza; Igandearekin phiztu zelakotz Jesus bere hobitik; Igandearekin behar zelakotz Izpiritu-Saindua Apostoluen gainerat jautsi.

        Eta geroztik hunat, Igande egunaren sainduesteko eginbide hori, mendez mende bethi errepikatu eta finkatu izan dute ala Aita-Sainduek ala Kontzilioek ala Enperadore, Errege eta gobernamendu suerte guziek, salbu framazonek.

        Igandeaz bertzalde, Apostoluek eta Elizak bertze zonbait Bestaegun hautatu izan dituzte, igande-egunak bezala begiratu behar direnak. Eta nondik dator hori? zer ariaz eta zer xedez? Jesu-Kristoren, Ama-Birjinaren eta Sainduen Misterioak, Egintza ederrak, berthute bereziak ospatzeko eta gure onetan baliarazteko.

        Besta premiazkoenak laur dire Frantzian: Eguberri, Jaundone Salbatore, Andredena Maria Aboztukoa eta Omia-Saindu.

        Eta igandeak ala bestak nola behar dire begiratu? Meza entzunez eta lan debekaturik behar gabe ez eginez.

        —Etxeko-Jaun gazteak: —Bertze zerbait jakin nahi nuke. Orai arte Igande-egunaren ethorkiaz eta hastapenaz mintzatu zaizkit, eta gero erran derautazu Jesu-Kristok eta Eliza-Sainduak Igandearentzat zer egin duten. Bainan guk ere, gizonek, ez othe dugu egin hor gure lan suertea? Igandetan ez bide gare Jainkoarentzat bakharrik Mezarat ibiltzen eta lanetik gelditzen; guhaurek ere badukegu hortan gure probetxua. Eta baldin Jainkoak astean egun bat beretzat atxiki badu, ez ahal du xoilki bere buruari behatu; gizonen beharorduari ere behatu duke.

        —Etxeko-Jaun zaharrak: —Bai, bai, Jainkoak hortan gure beharorduari behatu izan du, eta baldin Jaunaren eguna bada Igandea, erran dezakegu gizonaren eguna ere dela.

        Huntarik ikhusiren duzu.

        Israeldarreri erraiten zeraukoten Moisek: Orhoit zaitezte Jainkoak zonbat hersturetarik atheratu zaituzteten, eta aldiz maitagunezko zonbat emaitza aberatsez gainditurik ezarri zaituzteten. Eskerrak bihurtzeagatik, ai haren eguna, Zabatoa, ahalik eta arthoski begira zazue.

        Horra beraz Jainkoak nola manatzen deraukun haren Eguna arthoski begiratzea, eta zeren gatik? ah! hari eskerrak bihurtzeagatik, hari zor zaion ospea emaiteagatik.

        Bainan orai huna gizonaren aldea: Jaunaren eguna egiazki eta bihotzez atxikitzen baduzu, Jainkoak ordainez zu lurreko goratasun guziak baino ere gorago altxaturen zaitu, eta patriarka Jakoberen primantzak emanen derauzkitzu; —erran nahi baita horrelako gizon jarraikiari, ala mundu huntan bere grazia, ala zeruan bere loria, emanen derauzkola: Tunc delectaveris super Domino, et sustollam te super altitudines terrae, et cibabo te hereditate Jacob patris tui. (Isa. 58, 14.).

        Ororen buruan, Jainkoak gure beharrik ez du, den gutienik; eta gu aldiz haren beharretan gare, gauza guzietan eta bethi; eta horra non laguntzarik aberatsenak hitzemaiten derauzkigun, haren Eguna sainduesten dugun ber; eta beraz errepika dezagun, Jainkoari bezala gizonari ere Igandea baliatzen zeraukola, eta dela gure eguna nola baita harena.

        Orhoit bertzalde jadanik erran dudanaz: Igandea gal, Erlisione guzia ere gal! Herri bati khenozu Igandea, eta geroztik ez dukezu han arimagabeko abere multzo lurtiar bat beizik.

        Igandeak laguntzen gaitu, ez xoilki arimarentzat eta zerukotzat, bainan halaber lur huntako bizimolde on, zuzen eta bakezkoarentzat. Iganderik ez balitz, ez ginduke laster gutarteko elkartasun egiazkorik. Eta aldiz igandeak, bere Meza, Bezpera, prediku, eta gainerateko othoitz edo bilkhurekin, gizonari zaphatzen derauzko bere baithako jaidura makhur eta bihurriak; gehiago dena, gogo zuzenez bethetzen du, eztitasuna maitarazten derauko, berari bezala bertzeeri ongia gutiziatzerat ekhartzen du; eta horra nola jendaia giristinoak diren bethi bertzeak ez bezalako eta hainitzez hobeak.

        Hortik erran behar dugu, Jainkoak, astearen egun bat beretzat hautatzearekin, gizonari ere behatu izan duela, eta baldin egun hautatu hura bere loria eta ospearentzat begiratzen badu, hala-hala gizonaren beharorduentzat ere baliarazten duela. Hitz batez, bere ospearentzat bezala Jainkoak gizonaren onetan egin du Igandea.

 

* * *

 

        Solas horietan bide egin zuten gure bi Etxeko-Jaunek, eta elhetik elhera, den gutienik ohartu gabe, elizaraino heldu izan ziren.

        Ordukotz ihesi juana zen oilariza, emeki-emeki iguzkia nausitu zen, eta nola errege bat distiradura handirekin jartzen baita bere alkhi aberatsaren gainean, hala eta ederkiago aitzinatu zen eta zeruko eremu zabalaz jabetu. Inguruko mendi-gainek sua zarioten; aldapetan behera, araneko larre, oihan, landa, sorho eta bazter guzietaraino dirdiraka jausten ari zen goizeko argi gozo hori.

        Eta horra non eliza dorretik ezkila saindua kantuz abiatzen den, Anjelus joiten duela. Gure bidelantak ixiltzen eta gelditzen dire; boneta eskuan hartzen dute eta Gabriel aingeruarekin Ama-Birjinari hirur Agur Mariak erraiten.

        —Etxeko-Jaun zaharrak: —Orai, nere adiskidea, badiaguk gutarteko predikurik aski, dugun adi gure Jaun Erretor onarena, ezen Meza hasiren duk laster; elizan sar gaiten.

        Sartzen dire beraz elizan eta Meza entzuten khartsuki.

 

                O Jaunaren amodio

                Bethi maitatzekoa,

                Graziazko misterio

                Bethi gorestekoa!

                Gizonek zure galtzeko

                Hartu zuten xedea,

                Gizonekin bizitzeko

                Zuk asmatu moldea!

 

                Dohain guzien dohaina

                Kristauentzat munduan:

                Zeruan gora dagona

                Gurekin desterruan!

                Gizona Jainkoztatzeko,

                Jautsirik aldarean!

                Zer ginuke bilhatzeko?

                Zerua da lurrean!

 

aurrekoa hurrengoa