www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Igandea edo Jaunaren eguna
Jean Pierre Arbelbide
1895

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Igandea edo Jaunaren Eguna, Jean Pierre Arbelbide. Lille, 1895

 

aurrekoa hurrengoa

AITZIN SOLASAK

 

Jainkoak begira gure Eskuararen galtzetik. — Eskuara, mintzaia paregabea. — Eskuara, egiazko sinestearen zaintzale. — Gure frantximenten erdara, nahasia bezain bitxi. — Eskuara bastarta. — Hortaz zer dioen Neurthitzlariak. — Eskualdunak herritik ihesi, gaskoinak laster gure nagusi. — Oxala, gure herrian eta lur-lanean baginaude! — Geroaz ez othe da lotsatzeko? — Mintzaiarekin atxik othoi gure ohikuntza zahar eta onak! — Atxik guziz Igande-eguna!

 

        Zertako liburu berri hau? Lehenik eta oroz gainetik Igandeari dohazkon eginbide premiatsuak xehetasunekin aiphatzeko, eta bertzalde gure Eskual-Herri maitearen mintzai eta ohitura onak, gure ahal ttipiaren araura, hazkartzeko.

        Duela bizpahirur urthe, Agorrilako egun eder batez, Eskualdun andana handi bat Lurdera joana zen beilaz edo erromeriaz.

        Han zebiltzan gure herritar maite horiek, harpetik elizara, elizatik kalbariora, bethi othoitzean eta kantuz.

        Bazen, egun hartan berean, Jaun Paristar jakintsun bat Lurderat ethorria; eta Eskualdunen othoitzak eta kantuak entzutearekin, xoraturik zebilan hekien ondotik, zer othe zen mintzaia eder, sekulan aditu ez zuen hori. Hekien artean zegoen, beharriak landaturik, papera eskuan, entzun guziak izkribatuz. Ez dut uste ihiztaria erneago dagoen ihiziari, nola Jaun hura Eskualdun beilarien hitz bakhotxari; eta gogora ethorri zitzaitan ihiztariaren kobla hau:

 

                Jaun ihiztaria goizetan ernerik

                Ixil dago kaiolan kokorikaturik,

                Harma behar-ondoan, begiak argirik,

                Othe denez airean ihizi-lerrorik.

 

        Orobat zegoen gure paristar jauna, ernerik hartzen eta izkribatzen zituela Eskualdunen kantu ederrak.

        Huna kantu heietarik zonbait. Goizeko mezan, komuniatu aitzinean, guziek eman-ahala errepikatu zuten:

 

                Zato arima dohatsua,

                Ez ihes egin beldurrez;

                Amodioz sustatua,

                Jesus dago oihu minez;

                Baldin gaxtoak arbuiatzen

                Baditu Jainko justuak,

                Sainduak ditu gomidatzen

                Aita guziz amultsuak.

 

        Eta komuniatu ondoan:

 

                Kausitu dut xoilki maite dutana,

                Kausitu dut; ez daukat ez utzirik!

                Kausitu dut, neurea da bakharrik,

                Kausitu dut Jesus guziz ona!

 

                Jesus, oi zu eztitasuna bera,

                Zeruko dohainen ithurburua,

                Othoi gathez dezazu esteka

                Zuri bethikotz ene bihotza.

 

        Azkenik, Lurdeko Ama-Birjina zeruaren erdian ikhusten balute bezala, eta behinere baino khar gehiagorekin, batetan kantatzen dute:

 

                Oi erregina handia,

                Zoin zaren miresgarria!

                Ikhusten zaitut jarria

                Seme maitearen aldean

                Alkhirik distiantenean!

 

                Sainduek izarren pare

                Zeruan argitzen dute;

                Zu distiantago zare,

                Oi ama iduri-gabea,

                Birjina garbien lorea.

 

        Hoik guziak entzun, ezkiribatu eta ongi irakurri ondoan, Jaun Paristarra badoha lehenbiziko aphezaren gana eta galdegiten derauko: Zer othe da mintzaia hau? ederra zait eta eztia, bainan ez dezaket hitz bat ere konpreni!

        Ni nintzen aphez hura, eta ihardetsi neraukon: Mintzaia hori da Eskuara; eta nahi banauzu sinetsi, emazu oraino kobla hau, izkribatu ditutzun kantuen ondotik:

 

                Jakintsun erranetan

                Behar bada sineste,

                Ederrena mintzoetan

                Eskuara da, diote.

                Eskualdunek bazterretan

                Hortaz ohore dute.

 

        Eman nerauzkion gero xehetasun guziak Eskualdunen gainean eta hekien mintzaia ederraren gainean; eta erran zerautan: Agian atxikiren ditutzue bethi zuen mintzaia eta zuen bizimolde zaharrak; hetan duzue arbasoetarik ukhan duzuen primantzarik baliosoena!

 

* * *

 

        Oi herritar maiteak, gogo emazue beraz arbasoen aztura eta bizi-molde onak sekulan aldatzetik, sekulan trukatzetik jende arrotzetako ohitura herrebes eta galgarrietarat. Eta guziz, zuen mintzaia edarra, zuen Eskuara, ah! begira zazue bethi.

        Gure arbaso eta herritar guziek mintzaia hortan dute Jainko maitea bethidanik othoiztu eta goretsi. Eta guk ere Aita-Amen ganik, hekien galtzarrean, altzoan eta besoetan, Eskuaraz ikhasi ditugu gure othoitzak. Eta Jainkoari bezala, berdin gure ahaide eta laguneri Eskuaraz abiatu gare mintzatzen; halako moldez non barneko gure bozkario ala bihotzminak, ez baititugu sekulan hain ongi aiphatzen eta kanporat agertzen nola haur denborako Eskuara gozo eta aberats horren bidez.

        Gure Eskuara, berenaz ere, daiteken mintzaia ederrenetarik bat da. Neurthitzlariak dio:

 

                Munduko mintzoetan ez da hain garbirik,

                Eta dakienarentzat hain gai handikorik.

 

        Huna zer zaitan niri gehienik laket Eskuaran. Elheak labur ditu, erne eta bizi. Erran nahi den hura erran, eta bethi aitzina doha. Iduri du zilhar bizia, ez du hitz bat hutsik ez alferrik. Berriz ere diot Eskuara garbi eta zalhu hori zaitala niri laket.

        Ez dakit nork darasan Eskuarak ez dezakela deus gauza gorarik eta barnarik aipha errexki, nasaiki eta ederki. Horrelakoak irakur ditzala Aita Mendiburu, Atxular eta bertze asko; ikhusiren du Eskuara, erdara bezain ongi mintza daitekela edozoin gauza handi eta goratikakoez.

        Huna zer dioen bertzalde gizon aiphatu batek: Gaskoina bera ere ez laiteke galtzerat utzi behar, bainan are gutiago Eskuara.

        Gaskoina ez da mintzai nahastekatu bat beizik, bertze askorekin hitz berak, molde berak eta itzuli berak darabiltzana.

        Bertzelakorik da Eskuara; ez du bertze mintzaiekin deus nahastekarik, garbia da eta osoki berezia; bere baithan daduzka bere erro, zimendu, ethorki eta ithurburu guziak; bere ganikako jitez eta indarrez asentatzen da burutik buru, nehondikako laguntza arrotzik gabe.

        Hortik, mintzai nahastekatu guziek ez bezalako premia du Eskuarak. Eta nola nihori zorrik ez duen Etxeko-Jauna hazkar eta burua gorarik baitago bere eremuetan, hala-hala gure mendien artean dago Eskuara.

        Bere baithakoa delarik osoki, ez duelarik deus maileatzen gaineratiko hizkuntza arrotzeri, Eskuararen eremuak hain dire zabalak eta nasaiak non behexkunde hortan berean aurkhitzen baitu aberastasunik handiena. Ez du zeren hitzketa nunbait ibil; herriko bere hitzekin errexki eta ausarki aipha dezazke gizonaren buruari darabilzkon asmu eta gogoeta guziak. Eta baldin, aldi bat edo bertze, ez balitz kausitzen gure gogoetari dohakon hitz garbi xuxena, baldin entsegaturik ere ezbalethor hitz hori, —mintzatu nahi eta ezin mintza—, ah! orduan ere ez ginuke zeren lotsatu, ezen gure mintzai-Eskuarak hitz berrien egiteko antzea badu, eta maiz berri horiek ez dire ederrago beizik. Zonbat eta zonbat aldiz ez dute hori egin gure izkiribatzaile zaharrek eta guziz Atxularrek, Larramendik, Mendiburuk eta Duhaldek!

        Mindegian nola haziak eta landareak, berdin Eskuaran hitz-gaiak aurkhitzen dire nasaiki; gai horiek elkharretara bil bitez, batzu bertzeri loth eta xerta bitez, ez nola-nahi, bainan behar den antzearekin eta jakitatearekin, eta geroztik errextasuna badukezu zure gogoeta guziak eskuaraz aiphatzeko.

        Bai, hizkuntza aberatsa da Eskuara. Eta zer erran haren itzuli trebe, zalhuez? Izan ahala ibil errexa da, nola-nahi molda daite, eta bethi ederki, gogoan ditutzun asmuak ausarki agertuz, nasaiki eta gozoki xehatuz. Hitz batetik ala bertzetik has dezazun solasa, zure elheak bethi xuxen adosturen dire, hala-nola ehaile trebearen eskuetan irazkia eta bilba elkharrekin trebeskatzen baitire, bata bertzeari lotzen, josten, eta tinki-tinkian oihal hazkar atheratzen.

        Bertzalde huna zer dioen Eskualdun gazetak:

        Eskuara da ere mundu zabalean ezagutuak diren mintzaia guzien artean zaharrenetarik bat. Nehork ez daki xuxen noiz, nork, nondik ekharria den eskuara toki hautarat. Ala hemen berean sorthua othe den hastapenean. Bertze asko mintzaien ethorkia, heien erroak eta adarrak errexak dire hatzemaiteko. Hala nola frantsesa, española, anglesa noizdanikakoak diren eta zertarik eginak, erranen dautzute xuxen gizon argituek.

        Bainan eskuara nondik atheratua den, nor eta zer ziren lehenbiziko Eskualdunak? Oraiko mintzaia hau bera zutenez, ala bertzelako bat gure lehen arbasoek, ez dakigu. Badakitela uste dutenak badire. Batzuek erdi trufaz bezala, bertzek espantu egiteko, erraten dute: Adam eta Eba eskuaraz mintzo zirela.

        Bertze batzuek diote Babeleko dorrearen egileri mintzoa makhurtu eta nahasi arte, gizon guzien mintzaia Eskuara zela: Omen hortaz ez dezakegu hemen deusik erran, baizik ere hola erraten dutela zonbaitek, egia bada eta ez bada. Guk dakiguna da, aspaldi-aspaldiko mintzaia zaharra dela gutartean eskuara.

        Eta nola gauza onak baitire iraunkor, ageri da behar duela ukhan eskuarak bertze asko mintzaiek ez duten zerbait, hoinbertze mendez, galdu gabe, desegin gabe, dirauenaz geroz.

        Deus ez da lakhetago, jakitate aphur bat eta lan-arte duenarentzat, nola baita ikhustea Eskuara zaharra eta Erdara gaztea elkarri parean emanik, bat ala bertzea den othe hobeago.

        Orduan da ageri gure mintzaia zoin den aberatsa, bai frantsesaren aldean, bai eta bertze edozoin erdaren aldean. Ez dugu zeren ahalge izan gure mintzaiaz. Izan dire eta badire gizon jakintsunak, beren bizia holako lanetan higatu ondoan, berrogoita hamar mintzaietaraino ikhasi-ta, goraki erran izan dutenak, asko eskualdez eskuara oroen nausi dela; nausi iraupenez, ba eta erran gogo duenaren arabera hitzen moldatzeko errextasunaz, eta bereziki mintzatzeko eta izkribatzeko moldeaz.

        Izkribatzeaz den bezenbatean, Eskuarak ez bezalako trabak ditu Frantsesak jende arrotzarentzat.

        Hortakotz behar dugu eskuara atxiki, begiratu galtzerat utzi gabe, eta ahal badugu oraino azkartu eta hedatu.

        Dugun orok gure ahala egin gure herritarreri hemengo mintzaia maitha-arazteko, eta arrotzeri ere ahalik hobekiena ezagut-arazteko.

 

* * *

 

        Gure mintzaiak badu oraino bertze dohain eta probetxu bat.

        Nola hesi hazkarra ogi-landaren edo mahastiaren inguruan, hala-hala dago gure mintzaia Eskual-herriaren eremuetan. Sineste zuzen, bizimolde on eta gure ohitura zahar guziak zaintzen eta tieso atxikitzen ditu; bainan bazterretako gezurkeria, egite makhur, aztura arrotz eta gaxtoak urruntzen ditu.

        Gure Eskuarak dirudi ibaia eder eta aberats bat: ez darabila gutartean ur garbirik baizen; arimetarat hedatzen ditu irakaspen eta argi frango, bainan ez tzarrik, ezen, Jainkoari esker, liburu gaxtorik ez dugu gure Eskuaran, hoberenetarik dire guziak.

        Berriki oraino Aphezpiku handi eta guziz aiphatu Jaun Freppel orobat mintzo zen Bretaniako jendaiari.

        Zer arren, ez othe dugu erdararik ikhasi behar? Bai, bai, ikhasi behar dire erdarak, eta ikhasi ahalik eta hobekienik, eta guziz gure erresuma maite huntako mintzaia, frantsesa.

        Bainan oroz gainetik Eskuara dezagun ikhas, mintza, irakur, osoki ezagut. Eskuaraz gaitezin elhesta ala etxeko jendeen artean, ala herriko adiskide eta lagunekin, bai eta herriz kanpo ere, hitz batez non-nahi, eskualdunekin garen ber. Bertzela zer gerthatuko da?

 

                Hizkuntz erdara frangok jakinen mintzatzen,

                Eskaraz jakin gabe kasik irakurtzen.

 

        Eta horrela gure mintzaia ederra bortxaz eta laster galduko da.

        Geroztik arren ez othe gare bakhan beizik erdaraz mintzatu behar? Ez! Ezen zer gerthatzen da hamarretarik bederatzietan?

        Huna nola deraukun koblariak ihardesten:

 

                Frantses murdukatzea ez da jakitate,

                Ixilik egotea segur hobe lukete.

 

        Eta bertzalde, erran dugun bezala, gure Eskuararen galtzeko liretezke erdarazko solas soberanioak.

 

* * *

 

        Bai, erdarez noiz-nahi mintzatzeko errebeskeriak errekarat garamatza eta makhur horrek diraueno, gure eskuara egunetik egunera galtzerat dabilke.

        Nola daite bertzela? Erdaratar horiek gure bilkhura guzietan dathozi, erdi frantses eta erdi gaskoin; hastean ez deraue nihork irri beizik egiten, delakotz heien elhea nahasia bezain bitxi; bainan hek ez dire lotsatzen! Ergelkeriari datxeko thema, eta ihesi joan behar orde, listor-burrunba horiek darraizku bethi, erdara dariotela. Nik uste lotarik ere erdaraz amesten diren; eta ahalik balute, gauaz ere lethorzke berdin gure beharrietara.

 

                Xoriek nahi dute kaiolatik ilki,

                Liliek ere noizbait jastatu iguzki!

 

        Horrelako hainitz dagozi gutartean eta kalte frango egiten herriko mintzaiari. Eta ez erran: Zer dohaku hek erdaraz mintzaturik ere?... dathorke ni gana nor-nahi, eta darasala frantses ala gaskoin, nik bethi atxikiren dut nere eskuara.

        Bai, zuk uste; ez ordean ahantz erran zaharra: Otsoa lagun dukanean, ai! bahu hora sahetsean! Eta bertze hau: Erradak norekin bizi hizan, nik gero hiri nolako hizan.

        Beraz holakorik zu-gana balethor, ez ukho egin ez, bainan ezti-eztia erran: Ori, adiskidea, ez dakizu nik baino gehiago frantsesik, goazin othoi biak eskuaraz.

 

* * *

 

        Ez datza hortan bakharrik gure makhurra; bertze gaitz bat badugu are gehiago hedatzen dena eta eskuarari kalte egiten. Hura da eskuara bastarta, oro erdararat itzulia, gure hitzkuntza ederraren iduripen zerbait beizik ez duena. Athor beraz, erakurtzaile maitea, harrait, eta nerekin entzun ezak neurthitzlari zaharra; huna zer derron eskuararen bihurdikatzaile moldegaitzari:

 

                Munduko bazter orotan ohore dadukate,

                Mintzaia bere modutan oso baitadukate.

                Hemen aldiz guzieri zizaie desohore,

                Xumei nola handiei, garbi mintzo badire.

 

                Frantximanen aiphamenaz osoki hanpatuak,

                Eskaldunaren izenaz hurren ahalkatuak,

                Bere hitzkuntzaz oraino dute arnegatuko,

                Zilibokhata bat gero hainitzez egiteko.

 

                Adi zagun burigiesa, modara solasean;

                Non zinen atzo, diotza, non atzo arratsean?...

                Ez ninduzun aperzitu pontuaren gainean?

                Han nintzen han promenatu, damurik, zereinean!

 

                Hain ongi, nola handia, xumea ez da lotsa,

                Nahi du haren mihia mintza dadin frantsesa,

                Latina ere badaki Eskararekin lotzen;

                Izan naiz, dio ederki, kaiean ambulatzen.

 

        Huna zer den ene beldurra: erdarari sobera trebatuz, Eskualdunek premia ttipitan har dezaten herriko mintzaia, eta geroztik ezaxolaki bazterrerat utz dezaten. Ez zaiote iduri ez askori holakorik gertha daitekela.

        Bainan orhoit zer dioen erran zaharrak:

 

                Bide makhurrean trebatu,

                Onerat ezin gibelatu.

 

        Horra beraz bi izurrite, gure eskuara galtzen ari dutenak. Hirurgarrenbat badugu: Eskual-herritik kanpo, hirietarat edo ameriketarat joaiteko ezin egona. Eta zer gerthatzen da hortik? Bazterrak oro eskualdunez husten eta gaskoinez bethetzen! Etxetiar eta ofiziale gehienak arrotzak ditugu, nonbaitik ethorriak, osoki erdaldunak, eta gure mintzai ederraren orde, ez dakit zer hizkuntza ahalkegarri gutartean hedatzen ari dutenak.

        Herritik kanpo dohazin Eskualdunek, huna zer darasaten, berek uste gabean: «Goazin etxetik urrun, eta gure eskuara daramagun norapait gurekin, eta han erdara zerbaitekin trukatuko dugu; eta arte hortan, gure orde, guk herrian hutsik utzi etxeen bethetzerat eta gure lurren lantzerat eta gure ontasunen ibiltzerat, ethorriko dire gaskoin bonet handi batzu, eta diubibanka galaraziko dute gure arbasoen mintzaia, Eskuara!...».

        Badantzut, adiskidea, eta horrela mintzatzea eder bazauzu, zohazkit hirietarat eta Ameriketarat eta nahi duzun tokirat, ezen zuk ez duzu gaurgeroz eskualdun odolik zainetan. Eta ez erran niri bertze tokietan ere eskuaraz mintzatuko zarela, ez erran bertze Eskual-herri bat nahi duzula itsasoz haindian asentatu; hori ez da amets bat beizik.

        Zer dezaket bada? herrian egon eta goseak hil?...

        Zer dezakezun? Ah! guk guziek egiten duguna: Egon herrian, bainan othoi goserik gabe, ezen nihon ez duzu hemen bezain errexki bilduren ohorezki bizitzekoa. Nere bizian herri eta eskualde hainitz ikhusi dut, eta bihirik ez gure Eskual-herria bezain ederrik eta

aberatsik.

        Zuk eta nik dagigun bertze herritar gehienek egiten dutena, laborantzari jarraik eta izan bethi girixtino on.

        Duela sei urthe huna neronek zer nion nere lehenbiziko liburuan, Bokazionean edo Jainkoaren deian:

        Baldin laborantzari zinez emaiten badire gure Eskualdunak, utziko dute hirietarat eta Ameriketarat joaiteko duten errabia. Eskual-herria, munduko ederrenetarik bat da, eta halere sor-tokian ezin egon! iduri, hemen ez bezalako atseginak eta aberastasunak badirela bethi bertze nonbait!

 

                Zeru gaina maiz urdin, denbora maiz gozo

                Hiru laurdenak leihor, bertzea itsaso,

                Asko mendi aberats, zelhai gizen asko...

                Non holakorik kausi urus bizitzeko!

 

        Ai gehienek bortz nigar egiten dituzte bai Eskual-Herria utzirik; ohartzen dire laster zer zorokeria den eskuko xoriaren uztea airekoaren menturan.

 

                        Nahiz ukhan ez dutena,

                        Galtzen dute badutena,

                Eta gaur bizitzekoa ausarki bazutenak,

                Aurkhitzen dire biharko kolpez errumesak.

                        Ar beraz tinki lanean,

                        Hor, etxeko laborantzan;

                        Zuhurki zazu goberna

                        Handik bildu dukezuna.

                        Etxea arthatzen baduzu,

                        Tresor handia hor duzu,

                        Eta doluturen ez zaitzu.

 

        Egungo egunean oraino ez ginuke gure Eskuara erdaran trukatu nahi. Bainan zonbatenaz baikare erdaran usu mintzatuko, hanbatenaz hartuko dugu harrekilako trebetasuna eta amodioa, eta geroztik deus antsiarik gabe bere gisa utziko dugu Eskuara.

        Beha zakozu herritik kanpo dohan gizon horri: Itsasoa hartzen du, untziak badarama Indietarat. Bere sor-tokia agerian eta bixtan dueno, maiz gibelera behatzen du, bihotzak min egiten dio, nigarra dario begietarik, gogo guziak etxeko alderat jauzi egiten derauko.

        Bainan herriko mendiak itzaliz geroz, ez duenean gehiago lurrik ikhusten ahal, nigarrak xukhatzen dire, barnea deskantsatzen da. Eta handik harat gizon horrek Indietako alderat itzultzen du bere bihotza; gogorik ez du gehiago hantgotzak beizik; amets guziak dohan tokirat landatuak ditu.

        Eta ni beldur naiz hola-hola gerta dakion Eskual-herriari: Bere mintzaia atxikiren dueno, behatuko da bethi bere arbasoen irakaspeneri eta hetan tieso egonen; bainan joanago eta sartzenago dohala mintzaia arrotzetan, ai geroztik akhabo izanen da laster Eskual-herriaz!...

        Halarik ere uste dut nik ez dela gure Eskuara sekulan galduko; eta guziz huna zerk atxikiko duen: Eskuarazko liburuek, denbora hotan ederki eta nasaiki agertzen diren liburuek. Huna zer dioen gazeta Eskualdunak:

        «Atsegin handirekin ikhusten dugu, liburu eskuarazkoen nonbrea bethi emendatuz dohala. Eskerrak diotzategu hemen, gure Eskual-herri maitearen izenean, liburu on heien egileri. Ez detzazkegu hemen oro aipha. Bertze alde aski ezagutuak dire. Aski ez; behinere ez dira obra onak eta heien egileak aski ezagutuak. Bainan bederen erran dezakegu, azken urthe hautan bezenbat liburu on eta eder agertzen bada ondoko urtheetan, erran dezakegu gure mintzaia zaharra eta nihon ez bezalakoa, izanen dela oraino behin eta behin aiphatua munduan. Biba bethi Eskuara!

        »Iraunen du Eskuarak, Eskual-herrian gizon deno. Eta goraki erraten ahal dugu: badira oraino gizonak, eta izanen ere ba agian gero eta gehiago, Eskual-herriaren Erlisionearekin batean Eskuara ere gure artean begiratuko dutenak, eta ahal bada —ahal da!— oraino hobeki ezagut-araziko eta maitha-araziko dutenak.

        »Behinik behin badut uste, goraxago aiphatu ditugun jaun horietarik zonbaitek segurik ez duten oraino bere azken hitza errana. Agian ez! Bainan nola ez baigira mundu huntan oro orotako, ez eta, are gutiago, bethiko, nahi gintuzke ikhusi, zaharren edo zahartzen ari direnen ondotik gazteak, gaztedanik lanari lotzen. Zer laiteke bada ederragorik ikhustea baino, zerbait dakiten edo ikhasteko gutizia duketen guziak, hala nola aphez gazteak, eta zertako ez aphez-gaiak ere? guziak Eskuarazko liburu zaharretan lehengo Eskuara zaharraren ongi ikhasten; eta gero, buruan zerbait onik ezarri eta bihotzean khar pixka bat phizten zaiotenean, berak ere lan berri zerbaiten egiten; handi edo ttipi, guti bada guti, bethi zerbait; ez balitz ere egiteko dituzketen predikuak ahalaz Eskuara garbiz egitea baizik! Nun nahi eta nor nahiren aitzinean, edo-zoin mintzaietan, ederki mintzo den gizona bethi atsegin gehiagorekin aditua da. Bethi badu harek, mintzo denean, bertzek ez duten indar berezi bat. Orok dakiguna da hori; eta bizkitartean egia hori hobekienik jakin behar ginukenek ardura ahantzten dugu. Ez dezagun bada ahantz, baldin gure herria maite badugu, eta nahi badugu herrian herriari eman zaion bezela, eta gure ahalaren arabera, ongi, ongi hainitz egin.

        »Aphezez mintzatu naiz eta aphez-gaiez, zeren eta heiek baitukete aizinarik edo astirik gehiena, bai eta ere idekidurarik gehiena, gure herri gehienetan, Eskuararen buruz eta errotik ikhasterat eta behar-orduan bertzeri irakasterat artzeko. Bainan bertzenaz orori mintzo gare; zerbait dakiten, eta, aphezek bezala, astia edo aizina dutelarik, Eskualherriaren ethorkizunaz eta Eskuararen aiphamenaz den gutieneko axolarik duten guzieri. Zer? Munduaren bazter guzietan oraiko eta lehengo mintzaien gainean jendea bethi argitzen ari, eta guk behar ginukela utzi gure mintzaia zaharra eta ederra galtzerat! Ez, ez dugu utziko. Bertze alde, ez gare baitezpada gal dadin beldur ere. Sobera ditu erroak lurrean barna, eta adarrak lodi eta azkar, ez baditu ere oraino hanbat urrun hedatuak.

        »Nor ere baitzare, adiskidea, barkha zadazut ene bizitasuna eta luzetasuna. Ez nauke, behin bethikotz, gogoan dudana erran gabe.

        »Eskuara baizik ez dakienak ez du asmatzen ahal, bertze edo-zoin nahi mintzaien aldean zer esku-gaina dagokan Eskuarak. Bertze zonbait bezala hedatua balitz, ongi argi lezake munduan! Hola hola ere, zer dira Eskuarari begiratu eta, hor harat gure auzo-herrietako mintzaia eta erdara guziak?».

        Ez gare beraz harritu behar, nunbaitikako jaun handi batzu heldu badira ere, noizetik noizera, bere tokietan Eskual-herriaren eta eta bereziki Eskuararen aiphamena aditurik, gure herriaren ikhustera bere begiz; eta bere beharriz aditzera bertze nihon ez delako mintaia hura.

        Eskualdun maitea, begirauk gazetaren elhe zuhur eta argituari: Zer laiteke ederragorik ikhustea baino, zerbait dakiten edo ikhasteko gutizia duketen guziak, hala nola aphez gazteak, eta zertako ez aphez-gaiak ere? guziak Eskuarazko liburu zaharretan lehengo Eskuara zaharraren ongi ikhasten?... Eta lehia hadi arbasoen Eskuara guziz eder horren ongi ikhasterat.

        Gure izkribatzaile zahar eta lehenbiziko hetarik hunat erori da hainitz eskualdun mintzaia. Ez da beraz gazeta hori ustegabean arranguratzen, eta bizkitartean gehienek erranen dute: Zertako ibil leheneko zaharkeria eta illunbeetan? oraiko Eskuara errexarekin badugu guk jakitaterik aski! —Badantzut, adiskidea, bainan zuk ere entzun nazazu eta dugun elkhar adi: Zaharretik har dezagun on dena, berritik utz gaizki dena, eta bietarik egin Eskuara garbi eder bat.

        Eta hemen erran behar dut makhur handi batean behaztopatu direla gure izkribatzaile zaharrak: Eskuarari nola-nahika nahasi dute erdara, frantsesa ala española.

        Makhur hortarik begira gaitezen, ezen premia bezain errex da.

 

* * *

 

        Bainan bertzerik eta hobeagorik behar ginuke, eta huna zer.

        Bretaniako eskualdetan gaindi ibilia naiz denboran, eta nola Bretaniak mintzaia bat baitu gurea bezala zaharra eta alde guziz ederra, mintzai hortako gizon jakintsunenak ikhusi nahi izan ditut. Gu uzkur bezain hek erne eta lehiatuak dire. Ala aitorensemek, ala aphezek, bai eta aphezpikuek berek entsegu frango baderabilate herriko mintzaia zahar ederra xutik atxiki beharrez.

        Eta geroztik ere, behin baino gehiagotan, Bretaniako asko Jaun argituekin solas egin dut gauza horren ariaz. Aurthen berean, urtharilaren seian, huna zer izkribatzen zautan Vanneko Bikario Jeneralak:

        «Aspaldiko gure mintzaia, oraino ere miliun bat herritarrek gutartean mintzatzen duguna, bethi osorik atxiki nahi ginuke. Aiphatzen derautazun biltzarreaz den bezenbatean, huna zer lanari dagoen orai: Molditza edo ortografa bethikotz asentatu eta finkatu behar du, eta hori, haurrek eskoletan errexkiago beren mintzaia ikhas dezatentzat. Bihotz guziz igortzen derauzkitzut, Jauna, ikhusbide horiek. Eskualdunek eta Bretonek elkhar iduri dute, ezen batzu ala bertzeak osoki bihotzdunak dire eta arbasoen Erlisioneari zinez atxikiak. Nahiz hekien mintzaiak ez ditezken berdinak, halarik ere biak elkharren heinekoak dire, direlakotz bada Europa guziko zaharrenak. Eta bertzalde Bretonek maitagune berezitan daduzkate Eskualdunak».

        Gehiago dena, Vanneko Jaun Aphezpikuak eskola girixtino guzietako irakasleri, Frera ala seroreri, manatu deraukote haurrak beren herriko mintzaiari jarraikaraz detzazten Erdarari bezala, artha ber-berarekin. Hortik, Bretaniako haurrek eskoletan bretona ikhasten dute frantsesa bezain ongi. Oxala hortaratuak bagine gure Eskual-Herri maitean! Ai orduan ez ginuke ez geroaz lotsatzerik, gure mendietako harrokek bezenbat iraun lezake gure Eskuarak.

 

* * *

 

        Dakusagun orai Eskualdunek nola daduzkaten herriko ohikuntza zaharrak.

        Goraxago aiphatu izan dut nola Eskuarak zaindu behar dituen gure bizimolde zahar eta onak. Bainan zer gerthatzen da? Gure mintzaia galtzerat uzten dugu, eta nondik-nahi sartzen zaizkigu ez dakit zer eta zer bitzikeria galgarri.

        Non dire leheneko jauntzturak eta aphaindurak? Non dire egiazki herrikoak eta gureak ziren soineko hek?

        Arruntak ziren, bainan merkeak, garbiak eta ederrak!

 

                Laborariak nahi du

                Goldea luman trukatu,

                Utzirik bonet mardua

                Xapelaz gorde burua.

 

        Denbora batez xoragarri zen gure Eskualdunak ikhustea, igande egunetan, pilota partidetan, merkhatuetan, bakhotxa bere gerriko gorriarekin eta bere makhilarekin. Bainan orai ez da kasik gehiago gerrikorik ez makhilarik. Gizon gaizoek athorra dute gerrian xamar petik ageri, eta bi esku hutsak luze-luzea lurrerat dilindan!

        Ai non dire leheneko gizon lerden, zalhu eta biziak? Hek zuten bihotzetik kantu hau errepikatzen:

 

                Loria zait loria!

                Aphaintzen naizenean,

                Zetha zinta gorria

                Ematea soinean.

                Egiazki orduan

                Zerbait baniz munduan!

 

                Arrosa primaderan

                Zoin den lore ederra!

                Idekitzen denean

                Bagohazi hartzera,

                Bainan laster da histen:

                Zintak bethi distiratzen!

 

        Eta makhila? Ez da kasik ageri ere gehiago Laphurdiko eskualdetan. Atharratzeko eta Garaziko bazterretara joan behar zare, nahi baditutzu Eskualdunak makhilarekin ikhusi. Ah! han bai gizon guziek badute makhila. Zohazi edozoin etxetara; nausiaren eta muthiko gaztearen ganbarako athe gibelari beha zakozu; horra non den makhila:

 

                Gau guzian atzarririk,

                Phartitzeko xutiturik,

 

                Argi izkila joitean,

                Etxetik atheratzean,

                Urrun naizela abian,

                Hartzen dut nere makhila,

                Zer-nahi gertha dadila.

                Airos banoha harekin,

                Lagun ona dut nerekin,

                Piaia dezaket egin.

 

                Ah! zer makhila dudana,

                Mizpira finik-finena,

                Hesian zen xuxenena!

                Han nihaurek dut hautatu,

                Ozkatu, gisuz gorritu.

                Beha, dir-dir du egiten!

                Guziak zaizkit jelosten,

                Eder, hazkarra, zeren den.

 

                Bai, egiaz, eder da Eskualdun lerdena,

                Su pindarrak begian, zalurik dohana,

                Gerriko sedarekin, poneta buruan,

                Ezpartinak oinetan, makila eskuan.

 

        Pilota ere uzten ari du gazteriak; plazara joan orde, doha dantzara eta ostatura; eta hortik, bekhatuak desmasia frango badarabiltza gure gizon gazte nagituen artean, ezen, dio erran zaharrak, lur beran zilo handi.

 

                Plaza bat izaiki'ta

                pilotaririk ez,

                Asko herritan hortaz

                dagozi ahalkez:

                Eskualdun aztureri

                ukho hoi egitez

                Eskualduna da hola

                Kaskointzen nahitez.

 

                Igande'ta bestetan

                ofizioz goiti,

                Pilota partida bat

                behar laite bethi:

                Hartan herriko seme

                hoberen zenbeiti

                Zor laie agertzea

                jokhatuz nobleki.

 

                Barne edo zokhotan

                dagon gazteari,

                Trufa egin dezagun,

                zeren den hoin nagi:

                Kaskoinen jostetetan

                gostu badu ari,

                Ez dela Eskualduna

                aise du ageri.

 

        Zuri menturaz, irakurtzaile maitea, idurituren zaitzu gauza gutiak eta aphurrak derauzkitzudala hemen aiphatzen; bainan gogo emazu huni: herriak eta jendaiak bakhan direla estropu handiz galtzen, bainan maizenik galtzen direla beren ardurako bizimoldeak erortzerat utziz.

        Lehenik erortzen da mintzaia, mintzaiarekin sinestea, eta sinestearekin ohitura on guziak. Emeki-emeki, inguruetako arrotzekin nahasten eta bat egiten dire jendeak, eta azkenean ez da gehiago ageri izan denez ere toki hetan deus jendakia berezirik.

        Etxe handi bat ez da ez betbetan eta kolpez erortzen. Ithaxurak abiatzen zaizko lehenik. Urthe osoak iraganen dire nihor ohartu gabe ithaxur hetaz; oharturik ere, ez deraukote khasu handirik egiten; eta horrela, ez balioz, uzten dituzte eta sekulan ez hesten.

        Bainan ur-kotera bethi eta barnago xortaka sartzen ari etxeari behara!

        Hegastegiko zur-arteak usteltzen ditu, murruaren asenturat idekitzen du sarbidea, morteroa bustitzen du, harriak desoltzen elkharren ganik, eta baratxe-baratxe zimenduetaraino jausten. Azkenekotz zimenduak urratzen ditu; eta gau batez, ustegabean, jendeak deskantsuki lo daudelarik, hain tieso zen etxe hazkarra lurrerat tipustapan erortzen da!

        Nolaz bada hori?

        Hastetik arrimatze ttipi zerbait egin eskasean; teilak itzuli gabez; ur xortari bere ixuria ez emanik!

        Horrelaxe da gerthatzen herri eta jendakia hazkarrenentzat. Iduri kanpoz berdin ongi dohazila bethi, bainan kasurik egin gabe galtzerat uzten beren mintzaia eta leheneko bizimoldeak, eta azkenean uzkailtzen eta osoki galtzen.

 

* * *

 

        Bizkitartean, irakurtzaile maitea, egia diozu, ez ditut oraino aiphatu gure ohikuntza arruntenak beizik, kanpoari eta gorphutzari behatzen direnak beizik.

        Premia handiagoko hainitz badire, arimen kaltetan erortzera eta galtzera dohazinak.

        Eskual-Herriak ederkienik atxiki izan duen ohikuntza badakikezu zoin den: Igande egunaren giristinoki eta osoki begiratzea, Meza-nausia eta Bezperak ahal guzian entzunez, lan debekatuetarik zin zinean begiratuz, arratsetan nor bere etxerat goizik bilduz, bai eta irakurtze ona frango eginez.

        Eta egungo egunean zer ikhusten dugu?

        Igande goizetan meza ixil bat lasterka entzun-eta, Meza-nausiaz deus axolarik;

        Arratsaldetan, Bezperak erraitearekin, eliza hutsik eta ostatuak jendez betherik.

        Aitzakia bano batzuez eta egiazko beharrik gabe, larunbatean belharrak ebakitzen Igandeaz baliatzeko;

        Etxe zokoetan emaztek asko joste, lisatze eta bertze lan debekatu, eta ez khexu Jainkoak ikhusteaz baldin jendeen begietarik gordetzen badire;

        Pilota-partida handi bat edo bertze zerbait libertimendu nunbait emaiten bada, bethi kasik Igandearekin, jendea ofizioetarik eta herriz kanpo barreiatzeagatik;

        Eta horrela Eskual-herrian Igandea bethi eta gehiago galtzen ari, eta hortan ere, bertze asko gauzetan bezala, gure mendea leheneko arbasoen bizimoldetarik urruntzen, eta aldiz ohitura eta egikunde arrotzak, nunbaitekoak, jabetzen gure bazterrez.

        Gure eskualdetara balethor zerbait izurrite, jende gehienak eri laitezke, ez ordean hein berean guziak; bainan nihor ez hilik ere, oro kutsutuak, orok zerbait min eta kalte.

        Berdin da gutartean gertatzen. Ez du ez Eskual-herriak bere Erlisionea galdu, bainan bai histerat utzi. Eta hortik gure leheneko ohikuntza giristinoak are histu dire. Eta nola jaunztura arrotz bitxi batzuek galarazten ari baiterauzkute herriko gure jaunztura ederrak, hala-hala mende hunen kutsua gure mendietan barna sarthu da, eta emeki-emeki, kasik gure ohargabean, ttipitu eta eta mendratu izan ditu gure bizimolde zahar giristinoak...

        Eta orai, Eskual-Herri maitea, zer dezaket bertzerik, baizik ere bihotzetik erran:

 

                Gauza handirik ez dut zuri eskeintzeko,

                Ez eta ahalik zu ongi ospatzeko;

                Onetsi behar duzu, nere Ama ona,

                Liburu xume hau nik zuretzat egina.

 

aurrekoa hurrengoa