www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Igandea edo Jaunaren eguna
Jean Pierre Arbelbide
1895

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Igandea edo Jaunaren Eguna, Jean Pierre Arbelbide. Lille, 1895

 

aurrekoa hurrengoa

IV.— KAPITULUA
Bezperetara jarraik

 

Zer den Igandearen ongi sainduestea. — Gure aitzineko giristino onetarik jakin dezakegu hori. — Zer erran eta zer egin duten Elizako gure arbasoek. — Kontzilioek zer dioten. — Aphezpiku handi baten hitza. — De Sonis Jenerala Bezperetan. — Giristino hoberenak, Bezperetara jarraikiak. — Bezperetako othoitz eta kantuak, zoin ederrak.

 

        Igande egunaren ongi sainduesteko aski othe da goizean meza baten entzutea? Ez, ez da aski.

        Oren erdi bat, gorenaz oren bat, Jainkoari emaitea, egun osoa zor deraukogularik, nolaz daite hori Igande-egunaren sainduestea? Legeak erraiten du Jainkoari eman behar dela, ez Igandearen oren erdi bat, ez eta oren bat, bainan eguna. Beraz hitzek berekin dakharten egia da hori.

        Legearen hitzari eztemozula zure gogorako itzulirik, bihurdikarik; har ezazu bere jite zuzen eta lañoan; eta ordutik ikhusiren duzu Igande-eguna ongi sainduestekotz, Jainkoari eman behar dela ez xoilki goizean oren erdi bat edo oren bat, bainan arratsaldean ere Bezperak. Eta horrela, eguna emanen deraukozu Jainkoari, goizarekin bezala, arratsaldearekin ere.

        Bertzalde, zuk ala nik nola dakikegu lege batek zer hedadura duen, noraino dohan, non gelditu nahi den? Hori dakikegu gutaz aitzineko mende eta gizonen eginmoldetik. Baldin aitzineko mende eta gizonek lege bat hulako edo halako zedarrietan atxiki badute, dakikezu zedarri beretan atxiki behar duzula zuk ere.

        Eta beraz, Igande-egunaren sainduesteaz den bezenbatean, zer diote gure aitzinekoek? nola jokhatu dire, zer egin dute?

        Munduaren haste-hastetik Kreatzaileak eguna bi zathitan ezarri zuen: Factum est vespere et mane dies unus, goizetik eta arratsaldetik egina izan zen eguna. Hastapeneko egunaren zathitze horri jarraikitzeagatik, Moisek bere legean bi sakrifizio ezarri zituen, bat goizean, bertzea arratsaldean.Eta Dabid erregeak goizean eskaintzen zeraukon Jainkoari bere othoitz berezia, bainan arratsaldean ere halaber eta khar berarekin.

        Geroztik, Apostoluak eta Eliza, mendez-mende, ohidura berari jarraiki dire, eta goizean bezala arratsaldean ere Jainkoari eman derauzkote eskaintza edo othoitz bereziak. Huna zer irakurtzen dugun Apostoluen denborako eginkundez mintzo den liburu zahar batean: Goiz-arrats elizara bil zaitezte eta egunean bietan Jainkoaren ospeak errepika.

        Eliza sainduaren lehenbiziko mendeetan girixtinoak goizeko ala arratsaldeko ofizioari egun guziez jarraikiak ziren. Bainan denbora hetan ere etzen eginbide edo obligazione egiazkorik igandetako beizik. Hortakotz dio San Krisostomek: Girixtinoa, Jainkoak astearen sei egun zure eskuko uzten derauzkitzu, beretzat aldiz ez du bat beizik atxikitzen; zuzen da beraz egun bakhar haren bi zathiak, goiza bezala arratsaldea ere, eman diozkotzun.

        Huna zer dioen Teologo aiphatu batek: Non da nagusia, non da aitzindaria, bere sehia edo bere langilea onets lezakeenik erraiten balaio: Jauna, nere eguna bethe dut, ezen oren-erdi bat aritu naiz lanean, eta gainerako denbora guzian ez dut nihorentzat deus lanik egin!...

        Berdin doha Igandeaz; ez duzu zeren atrebitu Jainkoari erraitera: Jauna, zure eguna bethe dut, santifikatu dut, ezen oren-erdi batez elizan egon naiz Mezaren entzuten. Uste duzu Jainkoak onets dezakeen horrelako lazakeria? Ni haren Jujamenduaren beldur nindake, gure erran zaharraz orhoituz: nolako izari, halako sari.

        Zortzi ehun eta hamahirurean (813), Tourzeko kontzilioak erraiten zuen: Igande egunetan giristino guziek Jainkoaren goresten eta hari eskerrak bihurtzen iragan dezatela denbora guzia, Bezperak erran arte.

        Eta geroztik, hamabortz ehun eta lauretan hogoi eta hirurean (1583), Remesgo kontzilioak manu berezi hau ekharri izan zuen: Igande eta phesta egunetan, Jaun Erretorak bere jendea bil dezala, Mezarat eta Predikurat bezala, Bezperetarat ere.

        Mende hartan berean (1596), huna zer zioen Akileako kontzilioak: Igande arratsaldetan bilkhura tzar eta josteta gaxto guzietarik urrundu behar da eta joan Bezperetara. Jaun Aphezpikuek artha berezi bat atxik dezatela herri guzietako jendeak eginbide hortan jarraikarazteko nor bere Erretoraren bidez.

        Eta berriki oraino, Frantziako Aphezpiku handienetarik batek zioen: Bezperak zer dire? Igandetako zeremonia premiatsuenetarik bat. Eta noiz dire berezikienik kantatzen herri guziarentzat? Igandetan. Eta beraz ageri den gauza hau da: Elizak nahi duela Igande arratsaldearen hobeki sainduesteko girixtinoak Bezperetara arthoski jarraik ditezen.

        Ez othe dut erranik aski ikhusteko gure mende guzietako arbasoek zer hedadura ezagutu izan deraukoten Igandearen ongi santifikatzeko legeari. Kretzaileak berak munduaren haste-hastetik, eta gero Moisek, Dabidek, Apostoluek, kontzilioek, Teologoek, mendez-mende eta goraki errepikatu izan dute, Jaunaren eguna ongi santifikatzekotz, behar dela goiza bezala arratsaldea ere Jainkoari kontsekratu. Eta nola hori? Elizak nahi duen bezala, Bezperetara jarrakiz.

        Hortakotz aurthen berean, 1894, urtharilaren hogoi eta hamarrean, Katolikoen biltzarre handi batek xede berezi hau goraki hartu izan du: Bilkhura hartako gizon guziak Bezperetara jarraikiren direla bethi Igandearekin Mezara bezain ongi.

        Mila zortzi ehun eta hiruretanhogoi eta hamekan (1871), gure harmadetako Jeneral aiphatuenetarik bat, de Sonis, Pariseko eskola handi baten ikhustera joan zen Igandearekin. Kolejioan sartu deneko, izkilek Bezperetako deia joiten dute. Eta zer uste duzu Jeneralak egiten duela? Bere bisitaren ariaz gibelaraziko othe ditu Bezperak? Ez, urrun da! Berak entzun nahi ditu Eskola guziko hirur ehun muthil gazteekin. Bertze egiteko guziak bazterrerat utzirik, kaperara doha xuxen, eta han dago Bezperak burutik-buru akhabatu arte. Eta gehiago dena, kantu eder hek, aldareko aphaindura aberats hek, eta azkenik Sakramendu Sainduaren benedizioneko argi, othoitz eta bildutasun khartsu hek, hainbertzetaraino bihotz guzia hunkitzen eta hausten deraukote non nigarrak gainditzen baitzerauzko. Eta guziak elizatik atheratu-eta ere, han gelditzen da oraino luzaz Jeneral de Sonis, are osokiago gozatu beharrez Bezpera hekietarik bildu duen probetxua eta atsegina. Gero, elizatik atheratu denean, eskola handi hartako muthil gazteak biltzen ditu eta guzieri Bezperetarako jarraikitasuna bizi guzikotz gomendatzen.

        Egun hartan berean, Igandearekin eta Bezperetako denboran, huna zer gerthatu zen Pariseko kolejio edo eskola hortarik hurbil.

        Parisen orotarik ikhusten da, on ala tzar.

        Beraz, eskola hortan Bezperak ari zirelarik, gizon arnotu bat ostatu eder baten aitzinean xutik zegoen. Zer ari zela uste duzu? Ostatuko athearen neurtzen. Behin, bietan, hiruretan izariak har; gero berriz ere atheari so, eta alde guzietarik ikher eta hunki; azkenean bere mihi mothelarekin dio: «Bi metre gora, metre bat zabal, ez dezaket nik hori sinets!...».

        Zer bada ez dezakezu sinets? galdatzen derauko adizale batek.

        «Ez dezaket sinets athe hau hoin ttipia dela, ezen banituen idiak, banituen arthaldeak, banituen landak eta phentzeak, eta guziak sekulakotz ostatuko athe horri barna iragan dire! Ez dezaket hori sinets... Eta arditik nihon ez dut...».

        Gizon hori laboraria zen, hirirat Igandearekin ethorria, maiz gerthatzen den bezala Pariseko inguruetan. Ostatura jarraiki orde, Bezperetara jarraiki balitz, ez bide zen arditik gabe geldituko!...

        Bai horrela da. Jainkoari khen, debruari eman, dio erran zaharrak. Elizatik kanpo dabilana Igandetan, ostatuari jarraikitzen da; orduan zaio phizten, suhartzen, osoki moldegaizten edaneko thirria, galkor bezain ahalkegarri dena, arima, gorphutza, ohorea, oro joiten eta galtzen dituena.

        Igandeak urrundu behar ginituzke bekhatutik, eta aldiz ostatuak ez du are barnago beizik gizona pulunpatzen bekhatuzko leizetan.

        Igandeak deslothu behar ginituzke asko pendura lurtiar hastiagarrietarik, hala-nola jan-edanetako eta lohikeriazko zoramendu batzuetarik, eta aldiz ostatuak gorphutza berotzen du, nahasten, deboilatzen, sordiesten.

        Igandeak arimari indar berri bat eman leraukio ongiarentzat; eta nola aste guzian arima hori esku-lanetan oro griñaturik, ithorik eta ehortzirik bezala egon baita, ah! Igandeak behar luke xutiarazi, altxatu, bere Jainkoarekin bekhoz-bekho ezarri, zeruko alderat hegaldarazi; eta aldiz ostatuak zer egiten du egun hartan berean? arima gaixo hura goratu behar orde, ez du are aphalago beizik ukhurtzen eta lurtiartzen.

        Jainkoak eman derauko gizonari arnoa bainan izariz eta beharorduan edateko, bere neke-izerdieri hobeki ihardokitzeko, bere eritasun eta goibelduretan on egiteko, ahideri eta adiskideri zor zeraukoten bihotz edo arraitasunaren agertzeko. Eta zer gerthatzen da? Jainkoak egin emaitza hortaz beraz gizona baliatzen harren laidostatzeko eta Igande egunetik debruaren egun bat egiteko.

        Horra igande edo besta arrats bat; hordikeriari eta asekeriari emana den gizona heldu da etxerat, Jainkoak daki nola eta Jainkoak daki noiz, Bezperetako denbora eta arratsalde guzia ostatuan iraganik. Emazte hiratu bat han dago, nigarrez urturik, bere lagunaren beha; eta jin zeraukonean, ai ezin jasan dezake haren moldegaizkeria. Bihotzak goiti egiten derauko eta hasten da zerbaiten erraiten. Bainan horra non atheratzen diren gizon hordiaren ahotik madarizione, juramentu, etxea errotik eraman dezazketen zer-nahi burho ikharagarri; sukhalde harek, ganbara harek, ifernu bat iduri dute.

        Oi emazte dohakabea, atxik ezazu, zapha, bortxa zure bihotza eta bereziki zure mihia, bertzenaz eroriko dire zure gainera eta zure haurren gainera, solasik borthitzenak, egintzarik gogorrenak. Horiek dire bai zinak eta minak, eta bizkitartean hobe oraino, miletan hobe ixilik egoitea. Erran zaharra da:

 

                Zeha ezak ona, hobeturen duk,

                Zeha ezak gaxtoa, tzarturen duk.

 

        Jainkoari altxa zozu bihotza, othoitz egizu haren kurutze sainduaren oinetan, eta bertze ordu batez balia zaite zure lagunari erran behar direnen erraiteko.

        Horrela ditu etxekoak asaldatzen eta zorigaizten, Bezperetara jarraiki behar orde Igandea ostatuan iragaiten duen gizon zintzurkoiak. Eta bertze desmasiarik ere baderabila, bere ontasunak xahutzen ditu. Alde batetik ostatu hartan ez dazkote kitorik emaiten bere jan-edanak; eta nork erran zer sosak ez dituen hor iresten urtheburu batetik bertzera? Eta bertze aldetik zonbat eta zonbat jende atrebitu ez dire baliatzen edale horren trenpu nahasiez, zer-nahi amarru eta maltzurkeria sakatzeko?

        Jende atrebitu horiek badukete gizon gaizo horrek ez bezalako sosik; bainan ikhusten arnotua dela eta baliatu nahi, erran zaharraren araura jokatzen dire: Ardia ahuntzari ileketa.

        Nihaurek ezagutu izan dut Etxeko-Jaun bat, familia handia eta ontasun ederrak zituena, bainan Igande gehienez, goizeko Meza entzun eta ostatuan sarturik, han bazkal eta han afal, deus Bezperarik gabe, jan-edanean ausarki zegoena.

        Eta huna zer egin zeraukoten adiskide etsai batzuek.

        Adiskide horiek ziren bi Etxeko-Jaun zorrez gaindituak eta ezin ihardokiz, bethi diru maileatzen ari zirenak. Emaki-emeki, ostatuan burua beroazi-eta, zortzi milaliera maileatu zazkoten; bertzalde dotzenabat milalieraren bermegua sinarazi; eta azkenean bi adiskide horiek Ameriketarat joan ziren ihesi, hekien etxeak saldu zituzten, eta gure Etxeko-Jaun edaleak ez zuen arditik bildu bere hartzetarik, bainan bai bermegua zozo hek oro pagatu. Errana den bezala gerthatu zaukon: Non fida, han gal.

        Hortik ageri da zer ostikua eman zeraukon bere etxeari. Bera hil da, arnoak gazterik itho du; bainan haren ontasun ederra ere zorrek eraman dute, eta haren familia handia, norapait barheiaturik, ahal den bezala bizi da.

        Bethidanik ikhusia dena giristinorik hoberenak arthoski jarraikitzen direla Bezperetara. Neronek gizon gazte bat ezagutu izan dut ez baitzuen Bezperarik sekulan huts egiten, eta ordu beretik herritar guziek ikhusbidetzat baitzedukaten; ororen lorea eta argia, egiazko saindua.

        Haren besta eta atsegin guziak izatu ziren bethi elizan, etxean, Bezperetarik lekhora pilota-partida eder batzuetan.

        Ilhabete guziez eta artetako besta gehienez kofesatzera eta komuniatzera xuxen ethorriko zen.

        Eta sekulan haren ahotik den gutieneko elhe arhin edo lizunik. Gogoan zarabiltzan bethi Jaundone Pauloren hitzak: «Jainkoaren nahia da izan zaitezten saindu, eta hortarakotz begira zaitezten lohikeria guzietarik, eta batbederak garbi atxik dezan bere gorphutza».

        Jitez hazkarra zen eta osasun onekoa, bainan bihotzmin bat handia garraiatzen zuen aspaldian berekin. Gazte-gazterik eta ezagutu gabe, galdu zuen bere Ama, eta hamabortz urthetara heltzearekin bere Aita maitea ere hiltzen ikhusi zuen. Ez ziren bi haurride beizik gelditu, hura hamabortz urthetan, eta bertze anaia bat hogoi eta bat urthetakoa. Anaia hori soldado joan behar izan zen; eta Jainkoaren nahia! eritu zen laster eta hil.

        Horra beraz bakharrik lur huntan gure muthil gazte prestua. Oi zer nigarrak! eta ere zerurat laster hegaldatzeko zer gutizia, zer lehia, zer ezin-egona!

 

                Aita Ama maiteak, zertako mundutik

                Zerurat joan zineten ni hemen utzirik?

 

                Ez dut mundu hunetan izan sosegurik,

                Ez baitut ezagutu amaren mintzorik.

                Anaia bat banuen haurra nitzalarik,.

 

                Soldado joan zen eta nik ez dut berririk;

                Aita Amekin dela ez dut ez dudarik,

                Eni begira daude hirurak zerutik.

 

        Emeki-emeki bihotzmin horrek osasun guzia galarazi zeraukon. Bainan lotsatzetik urrun, gorphutza eriago eta arima hazkarrago, irriz zagon heriotzeari. Bi ilhabetez egon zen ohean gelditurik. Egun guziez ibiltzen zitzaion bere Kofesora, eta astean behin, larunbatean, Ama-Birjinaren egunarekin, ekhartzen zeraukoten komunionea, bere Jesus maitea.

        Oh! muthil gazte hori dabilke beraz lañoki lurreko ilhunpe huntarik; Jainkoak bere besoetan harturen du; eta horra non haren bilha dathozin zerutik Aita, Ama, Anaia!...

        Hemeretzigarren urthean hil izan zen.

 

                Gora zare hegaldatu,

                Uso garbi aratza:

                Mundua duzu gaitzetsi,

                Ikustea berantetsi

                Aingeruen egoitza!

 

        Botz osoki ederra zuen muthil gazte horrek, kantari gozoa eta trebea zen, Igandeko meza-nagusian eta bezperetan eliza guzia xoraturik zedukan galeria gainetik. Bainan mezan baino ere hobeki Bezperetan zuen kantatzen, eta huna zertako. Bere adineko gizon-gazte andana bat elizan ongi kantatzera moldatu zuen Jaun-Erretoraren laguntzarekin, eta nola Igande goizetan ezpaitzitezken guziak Meza ber batetarat ethor, eta aldiz bai errexki Bezperetara, orduan zuten hobekienik elkhar aditzen orok batean kantatzeko.

        Ez dut nik sekulan halako Bezpera ederrik entzun, eta guziz Magnifikatean, gure muthil gazte prestu hunek bertze guzieri berak bakharrik ihardesten zuenean; ez dut uste deus xoragarriorik baditekeen. Biba Eskualdunak!

 

                Aspaldi bizi gare Kristoren legean,

                Betitik sinhesirik Jainko bakharrean.

                Igandetan lorian gure elizetan,

                Guziak garelarik kantaz hari betan.

 

        Bai, Igande arratsaldetan eliza jendez bethea eta guziak elkharrekin deblauki eta bozkariotan kantuz ari, ah! zer daiteke ederragorik?

        Jaundone Paulok dio: Gaindi bedi Kristoren bozkarioa zuen bihotzetan, eta haren hitza zuen aho-mihitan maiz ibil bedi, elkhar berotzen duzuelarik psalmo, himno eta kantika izpiritualez, Jainkoari eskerrekin bihotzetik kantatuz.

        Eta lehenago Esther erreginak othoitz hau egin zeraukon Jainkoari: Oi Jauna, nere othoitza entzun ezazu, gure nigarrak bozkariotara alda zaitzu, ospa dezaguntzat zure izena; ez hets othoi! zu kantatzen zaituzten ahoak.

        Ez zioen ez ustegabean izkribatzaile aiphatu batek: Aingeruetatarik heldu zerauku kantua, bere egiazko ithurburua zeruetan du.

        Urrunago ere badoha bertze bat: Ez xoilki aingeruetarik, bainanJesu-Kristo beraren ezpainetarik atheratuak dire elizako gure kanta ederrak, et hymno dicto exierunt in montem Oliveti.

        Jarraik beraz Bezperetara eta han bihotz guziz errepika psalmoak, himnoak, kantikak, commonentes vosmetipsos psalmis, hymnis et canticis sprititualibus; eta zerutik jautsi kantu Jainkozkoen bidez, gaiten zeruan berean aingeruekin khantatzerat hel.

 

aurrekoa hurrengoa