www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Patxiko Txerren
Antero Apaolaza
1890

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Patxiko Txerren, Antonio Trueba / Antero Apaolaza. Auspoa, 1962

 

aurrekoa  

—X—

 

        Mikaela eta Inazio Etxe-alaira ziradenetikan illabetera, goiz batean, Anzuelako kale goena gora zijoan amonatxo bat bere estameñazko soñeko beltz ederrarekin, eta elurra baño zuriago zan estalkian azpitik kopetatxo urdiña zintzilik zuala.

        Pertzan ipurdia baño beltzago zan atso batek, ate zirriztu batetikan atera zuan burua, bata bestearen gañean bi edo iru estalki zarrekin jantzi.

        —Manu! —deitu zion amonatxoari—... ia oneraño.

        —Presaka nua, Pepa, eta ez det astirikan orain —erantzun zion Manuk aurrera joanaz.

        —Emakumea, ez zaitugu jango —esan zuan Pepak eta atetikan erten da joan zitzaion, arri muturretikan arri muturrera pauso egiñaz, katuak lokatza tartean egin oi duten gisa...

        —Gaur, ez dago zer esanikan. An izango zera? —esan zuan atso beltzak, Manun aurrean jarri eta esku batekin estalki zarrak aurreratu bekokian eta beste eskuko biatzarekin sudur zuluak errejistatuaz...

        —Bai... eta zer? —esan zion Manuk.

        —Zer... Badakizu zuk eta beste askok ere gure miseri...

        —Bai, bai, badakit zertara zuazen... Inposible ez bada, zu batiatu ziñuzten pondak izango zuan jarion bat... zuri... ez Lanzurdea, baizikan Pepa-negar jarri bear zizuten izena.

        —Bai... iñoren begiko negarrak, ez dit neri ere miñikan ematen, Manu.

        —Nik sinistu ori, Pepa, baña esan zazu laister esan bear dezuna.

        —Ba... esaten ari nintzan bezela, neu ez naiz ezertarako gauza, ala ere egualdi otz abekin...

        —Egualdi otzak baño gaitz geiago egiten dizu barrua geiegi epelduak, Pepa...

        —Bai... gure intxaurrak erak diraden baño soñu aundigoak izaten dituzte, Manu... gure agure kaskalari ere, besoak sortu zaizko dornuari eta kardari eragiteko, baña agiñak geroago eta azkarrago ditu. Aren ogi txikitzea!

        »Aren irintsi bear tristea!... berarentzat lain...

        —Ixilik egon zaite! Asko ezagun dute zure senar gizajoan masalla ertzak ase eta betean dabillela, zuk esan naia dezun bezela! baña zabiltz azkar presa dut eta.

        —Gaur, ba... iñoiz izatekoan izango dira an eskupekoak; eta zuk, D, Jose edo andra Josepari esango baziñio itz erditxo bat, zergatik, badakizu, gu bezelakoak... eta gañera zerri ezur batzuek edo beste edozer gauza etxeak dakarrena ez litzake.

        —Eta, zergatikan joaten ez zera zeori?

        —Ai Manu! Neretzat arpegi illunak egoten dirade an...

        —Merezia izango dezulako...

        —Zereko merezi. Iñoren etxeko gauzak jakiteagatikan, noizik beñean eramaten dute bera betekada bat ematera, eta deabru ark gezur eta abar... beti ni txar egin.

        —Bai, txoroak dituzu bai apaiza eta bai bere etxekoak, ez igartzeko zein zeraden zu eta nor dan zure agura gizajoa... Bai, naikoa esan dezu, eta banoa —esanaz, iges egin zion Manuk.

        —Gero, ez aztu nik esandakoa —deitu zion Lanzurdeak.

        —Bai, egon zai —erantzun zion Manuk—. Denboraz izango naiz emen, eskupekoa kolkoan eta upela txiki bat patarrez betea buruan detala...

        Pausoa arin arin emanaz, bazijoan gure Manutxo, non tellari buruan trin egin zuan Mariyarekin, zein zetorren galtzada ziar, bere pranelazko mataliña tolostuaz esku biakin artuaz ertz banatatikan, eta okotzarekin erditik eutsiaz, eta, nola Jaungoikoari eskerrak ez zan mutua, dakigun bezela, esan zion Manuri:

        —Linboan edo non egon zerade orain artean, Manu? Ez al dezu?...

        —Ixilikan zaude, Mari... Ernegatua nago nere artean ere... Lanzurde sorgiñak iduki nau, nai ta nai ez, ordubetean bere betiko negarrak esaten.

        —Ai Manu! Oraintxe betiko alkartu ditu Don Josek! Ai ura ikusgarria!... Mikaelak Ama Birjiña bat zirudian eta Anjelek aingeru San Gabriel. Ikusi baziñu!

        —Eta, nortzuek izan dituzte lagun?

        —Nortzuek izango zituzten, Manu... Andra Josepa eta Inazio edo Don Inazio; zergatik uste dut Don esan litzakiola emen inguruetako aberatsenari, berak nai ez baldin badu ere... Gaizto aundia! Zer patata sinistu eragin zidan Bergarako plazan!

        —Mariya, Jaungoikoak bedeinkatu ditzala; zergatik merezi dute.

        —Ala izan dedilla, Manu... Apaiz jauna ere... illabete onetan gaztetu da oso. Artu ditu berriz ere lengo kolore eder aiek...

        —Mariya, zu etxekoa nola zeraden an, jakingo dezu zerbait?

        —Jakin ez bada! Bai orixe! Ba... Inazio etorri zanean lenbizi egin zuan gauza izan zan, Don Josen etxera joan eta esatea:

        »Don Jose! Ni, diruz josiya nago, baña falta zaizkit aita, ama eta anaia; Anjel ezkondu dedilla Mikaelarekin, eta beori, Don Jose, izango da nere aita; beori, Andra Josepa, nere ama, eta zu, Anjel, izango zerade nere anaia.

        »Umian ondasunak dirade gurasoenak, eta orregatikan jakiñian egon bitez, nere ondasunak danorenak diradela. Udaberria eta uda igaroko ditugu Etxe-alaian, eta negua emen.

        »Ez al zuan au esan Inaziok, danak alkarri elduaz asi ziraden... baña... ixo... an non datozen... goazen ikustera, Manu —esanaz, joan ziraden biak eskolako umeak bezela, berriketan egiñaz eta korrika eleiza aldera.

        Gizon bi, San Inazio martxa joaz, bata txirolakin eta bestea atabalarekin; aien ondoren, pago gazteak baño bortitzago ziraden mutil tropel baten artean, Anjel; eta aben atzetikan, Mikaela, larrosaz eta krabelinaz egindako txorta bat baño ederragoago zan neskatxa mordo baten erdian, eta guztien jarrai, Don Jose, Simonen eta Inazioren erdian, zijoazen eleizatikan apaizaren etxera.

        —Ai Manu! —esan zuan Mariyak—. Zer damugarria gaur, ez eman bearra gure Jaungoikoak ordu beteko bizia Juane eta Fraiska zorionekoeri, au ikusi dezaten!

        —Bai! Arrazoi daukazu, Mari! Baña zerutikan egongo dirade begira eta... Gaña, zergatikan ote doaz ainbeste lagun korrika bide aldera? Zer ikusgarri ote dago an? Goazen geu ere zer ote dan.

        Eta, esan da egin, amonatxo biak joan ziraden antxintxika...

        An zegoan ikuskizuna zan, mutil sasoiko bat burnizko zepo batean eskuak sarturik eta soka batekin ukolondoak gogor loturik, lau txendarmen artean zeramatena Deskarga aldera.

        —Nere Ama Piedadekoa! Zer ikusten dut nik? —esan zuan Mariyak esnea baño zuriago eginda.

        —Patxi da loturik damaten ori!! Ai gure Jaungoikoa!! Bera da, bera da! —erantzun zion Manuel begiak estaliaz.

        —Ai Manu! Zenbat arrazoi zuan Fraiska gaixoak, esaten zuanian Patxik kartzelaren baten usteldu bear zuala!!!

        Patxik ikusi zuan Simon uztargiña Don Josen etxeko leio batean eta gelditu nai izan zuan arekin itz bat edo bi egiteko, baña txendarme batek «aurrera» esanaz, jo zuan bizkarrean fusiliaren ipurdiaz eta ezkutatu ziraden bidea gora.

        Txoriak kantatu egin zuan!!!

aurrekoa