www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Patxiko Txerren
Antero Apaolaza
1890

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Patxiko Txerren, Antonio Trueba / Antero Apaolaza. Auspoa, 1962

 

aurrekoa hurrengoa

—V—

 

        San Migel egun batean, eguzkiak Irimo gañetikan iges egiten duan sasoiean, kee beltz mordo batek irteten zuan, Korosotikan Anzuelara datorren bideaz gañean zegoan pagari batetikan, non señale zan txendorren bat zegoala egosten... Eta ala zan izan ere.

        Ikasgin bat txendorrari betegarriya sartzen, eta beste iru edo lau aren lagunak, ari ziran pagari barrenean subill gertatzen beste bat sututzeko.

        Txendorraren garaiko aldean ikusten zan etxabola bat, iru pago adarrekin egiña, eta garoz azpitik eta zoiez gañetik estalia.

        Ikazgin aietako bat joan zan etxabolara, zirri bat egin zion etxabolako ate muturrian zegoan suari eta non zegoan gal gal gal egosten topinkada bat baba, jarri zuan talo burnia berotzen eta botarik ganbela batera ura, gatza eta arto iriña, asi zan zaplaka orea gertatzen taloak egiteko.

        Abek erre zituanian, jarri zituan eskuak tronpetan gisa, eta euu... u... u... egin zuan deadar luze bat... «Bai»... erantzun zioten lagunak, eta, utzirik aizkorak pago gerrietan sartuta, abiatu ziraden etxabola aldera, batek gerrikoa lotu, besteak zintz egiñaz...

        Jan zituzten baba eta taloak, erre zuten pipada bana, baña ala ere iñor ez zan mugitzen. Illundu zuan izarrak agertuaz, eta ari ziran ikazgiñak txutxu mutxu alkarri belarrira itz egiñaz; ezagun zuten soseguz ez zeudela...

        Gizon bat azaldu zan bideak ziar eta asi zan pagaria gora etxabola aldera... Ura ikusi zutenean jaiki ziraden ikasgiñak...

        —Guazen —esan zuan gizon arek—, ez dezagun denborarikan galdu, zergaitik nik goiz joan nai nikek etxera, iñork gauza txarrik sospetxa ez dezan...

        —Guazen ba —erantzun zuten ikasgiñak.

        —Ezer badaramazute? —esan zuan gizonak.

        —Ez da ezertxo're...

        —Or konpon, Mari Anton. Nik zeramazkiat bi pistoleta eta kañabeta.

        —Gu goaz lapurretara, eta ez eriotzarik egitera, esan zioten ikazgiñak...

        —Bakoitzak ondo datorkiona egin dezala —esan zuan pistoleta dunak—. Baña... ez dezagun denborarikan galdu... Bidean esango dizuet zer egin bear degun...

        Beltzitu zituzten arpegiak iduri bustiarekin eta joan ziraden pagaria bera...

        —Zergatikan ez dator Mitxel? —esan zuan armatuta zijoanak.

        —Txendorra betegarri eske dago eta bear da bat emateko, —erantzun zuten ikasgiñak—. Gañera, aren lanak ez du gutxiago balioko, guk egiten degunak baño.

        —Nola izan lezake ori?

        —Kantuan egiñaz...

        —Zertarako?

        —Oñatitikan datozenak aditu dezaten, eta bigar edo etsi okerrikan balitz, esan dezaten San Migel arratsean ikasgiñak pagarian zeudela...

        —Mutill azkarrak zerate!

        —Bai... eta egin dezagun aberatsak izateko bidea.

        Andikan ordu erdi batera zetozen Koroson barrena bi gizon, elatzean zintzilika dagoan abarka baña igarragoak, eta ukalondotatikan ere berriketa zerioela. Zetozten bakoitzak bere kana bizkarrean zutela, eta loturik aien puntan aspandar pieza laurden bana.

        Pagari goenean aditzen zan kanta bat esaten zuana.

 

                Goiz, eguardi eta arrats

                beti porru salda,

                kopatsu nai izatea

                arrazoi ez al da?

                burrun burrun bun

                kopatsu nai izatea

                burrun burrun bun

                arrazoi ez al da?

 

        —Mitxel deabru orrek ez dik beste ametsik, kapañeri burla egitea baño —esan zuan batek.

        —Eori ere ez aiz ba ixilikan egotekoa —esan zuan lagunak— zergatik erantzuten ez diok, jakiñik, ik dakizkan bezela, itxu batek aña kanta...?

        —Aspaldi onetan joan zaizkidak kantatzeko gogoak Don Josen etxean igarotzen danarekin.

        —Arrazoia duk; txit damugarria duk indianoari gertatu zaiona.

        —Anjel gizajoa! Sinistu zak... Baldin da baldin ura iltzen baduk, gure Manuri ez zaiok sekula begirikan legortuko.

        Berak eman ziozkan lenbiziko bularra eta nai zioagu geure seme bat balitza bezela. Eta Don Jose gizajoa? Ikusiko duk, Anjel iltzen bada, laster jarraituko ziok ondoren...

        Ala itz egiñaz bazijoazen kapañak eren bidean, eta Mitxel gelditu zan geroago eta gogoazgo kantari...

 

aurrekoa hurrengoa