www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Patxiko Txerren
Antero Apaolaza
1890

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Patxiko Txerren, Antonio Trueba / Antero Apaolaza. Auspoa, 1962

 

aurrekoa hurrengoa

—VI—

 

        San Blasko apaiz jaunaren etxea zegoan intxaur arbolaz inguratua eta eleizatikan ogeiren bat kana bezela, zan arlanduzkoa eta ago aldera zedukan baratza eder bat.

        Alde onetaraxe zeuden lo egiteko aposentuak eta bai ere sukaldea. Sukaldeko leioan azpian zegoan etxetxo bat, nun idukitzen zituzten zimaurraz gañera, atxur, laia eta ostiango joan etorriak.

        Denbora aretan oitzen zuten nola pobreak ala aberatsak goizean goiz jaikitzea, eta orrengaitikan, arratseko zortzirak ezkero aundi eta txiki egon oi ziran ankaz gora.

        Lenbiziko loa izan oi da gozoena eta astunena... Don Jose... lo bete betian zegoan, andra Josepa ere bai... Anjel bakarrikan zegoan ernai, zergatik nai ezak loa gal erazitzen zion.

        Zakurrak okolluan asi ziraden zangaz...

        —Osaba! —deitu zion Anjelek Don Joseri alboko aposentura.

        Apaizak ez zion erantzun... Zakurrak ez ziraden ixiltzen.

        —Osaba! Osaba! —deitu zion bigarren aldiz illobak.

        —Zer nai duk, Anjel?

        —Pintok eta Leonek estu zaunkatzen dute eta iruritzen zait etxetxoko tellatuan nor edo nor dabillela.

        —Bai... aizeak erabilliko zituk tellak eta zakurrak orrengatikan zaunkaz ariko dituk.

        Leon eta Pinto ari ziran geroago eta garratzago, norbaitek larrua kentzen bazioten bezela.

        —Osaba! —deitu zuan berriro Anjelek—. Uste dut sukaldeko leioari bultza egiten diotela.

        —Ez ari txorua izan, Anjel! —esan zion Don Josek erdi lotan—. Aizian otsak dituk oik....

        —Ikusi egingo degu ori —esan zuan Anjelek bere artean, eta zutikan egoteko indarrik ez iduki arren, jaiki zan ogetikan eta ixil ixilikan iriki zuan leioa, baña aiñ illun zegoan eta alako aizerik zebillen eze, ez zuan ez ezer ikusi eta ez ezer aditu.

        Itxi zuan leioa eta bazegoan oe aurrean...

        Pinto eta Leon ari ziran geroago eta estuago.

        Anjelek aditzen zituan len baño obeto tella otsak eta sukaldeko leioari egiten ziozkaten bultzatuak.

        —Ez, ikusi bear dut zer dan ori —esan zuan bere artean, eta eskopeta artuaz joan zan sukaldera, nun zegoan argi illun bat, katillu baten olioaz jartzen zuana egunero andra Josepak, Anjel eritu zan ezkero.

        Anjel sukaldera eldu zanean, rau, eregi zan bat batera leioa eta arpegia eta eskuak beltztuta zeduzkan gizon bat agertu zan bertan pistoleta eskuan zuala.

        Anjelek apuntatu zion bere eskopetarekin, baño tiroak irteteko astirikan gabe erori zitzaion eskuetatikan eskopeta, zatitua lapurrak tiratu zion pistoletazoarekin.

        Lapurra, beste iru ondoren zituala, sartu ziran salto batian barrura; eldu zioten danen artean Anjeli, bota zuten lurrera, estali zioten aoa zapi batekin eta lotu ziozkatzen eskuak eta oñak... Beste ainbeste egiñik Don Jose eta andra Joseparekin, artu zituzten diru eta gauzarik onenak eta balio aundienekoak. Ongi ezagututzen zituan lapur aietako batek etxe aretako zokoak, bada zuzen billatu zituzten, batere okerrikan gabe, ondo izkutatuak zeuden ontzako zarrak eta beste gauza eder asko...

        Bete zituzten iru saku, eta, nola ala zamatuaz ez zan errez leiotikan iges egiten, atera ziran atariko ate zabaletikan.

        Auzoak aditu zuten lapurrak egin zuan tiroan otsa, eta gogoraturik gauza okerren bat, zebiltzan illunean, batzuek makillakin eta zuanak eskopetarekin, non izan ote zan ots ura, lapurrak agertu ziradenean sakuak bizkarrean zituztela.

        —Geldi or! —deadar egin zuten lapur billa zebiltzanak, baña aiek orpoak jasoaz asi ziraden igesi.

        Dimbi! damba! aditu ziran tiro bi, eta lapur bat iztarrean eritua erori zan musuz aurrera... Beste irurak salto egiñik errekatxoa, esmendatu ziran an gertuan zegoan txara baten, eta txara ziar joan ziran Jaungoikoak daki nora...

 

aurrekoa hurrengoa