www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Patxiko Txerren
Antero Apaolaza
1890

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Patxiko Txerren, Antonio Trueba / Antero Apaolaza. Auspoa, 1962

 

aurrekoa hurrengoa

—IX—

 

        Igande goiz batean Bergarako plazan eta amarrak inguruan, galai gazte batek esaten zion, arrautza, gazta, eta

egazti aurrean zituala, zegoan estalki zuri dun amonatxo bati.

        —Asko egiten dute arrautzak?

        Amonak, keskaz begiratuaz, esan zion:

        —Edo nik lañoak ditut begietan edo beroi da... Baña... bai zera... Ura ez an ain.

        —Orrela! Ez nau ezagututzen Mariyak?

        —Nere Ama Santisima! —esan zuan amonak, eta, jaregiñik, mantalean zeduzkan arrautzari, lepotikan eldu zion beso biakin, eta, laztan bat emanaz, esan zion:— Inazio!

        Eta amona eta Inazio gelditu ziran alkar estututaz.

        —Mari —esan zion aldamenean zegoan atso batek—. Senide al dezu galai ori?

        —Ez det senide, baña seme bati aña nai diot nik oni —erantzun zuan Marik, txitxi baño arruago—. Neronen belaunetan azia da au esate baterako. Zer ederra zauden, Inazio! Zenbat azi zeran!

        »Ay! Zure ama bizi balitz!

        »Zenbat nai zizun Fraiska gaixoak!

        »Askotan esan oi nion nik: Seme orrek txoratu egingo zaitu zu. Eta Don Josek esaten ziran: Utziozu, Inazio du orrek bere kutuna eta...

        »Zer negargarria, Inazio, zer negargarria! Ain famili ederra utzi joan ziñanean eta orain...

        »Batzuek illik! eta besteak...

        »Jaungoikoak daki non!

        —Zer esaten dezu, Mari? Nere anai arrebak... ez daude Etxe-alain?

        —Zer! Ez dakizu Patxi deabruak Simon uztargiñari etxea saldu eta Oñatira joan zala bere arrebarekin?

        —Ai nere Jaungoiko maitea! —esan zuan Inaziok buruari elduaz—. Nere anaiak saldu egin duala etxea, diozu?

        —Aditzen dezun bezela. Ark ez badu biotzikan! Ark ez badio legerikan iñori! Berak il zituan naigabez zure gurasoak!

        Inaziori bete zitzaizkon urez begiak eta aldatu zuan itz bidea.

        —Eta apaiza eta bere etxekoa nola daude?

        —Ala, ala, ba, Inazio; D, Jose oso lurra jota dago, eta Anjel oraindikan ez da saniatu. Orrengatikan ez da ezkondu zure arrebarekin, zergaitik berak esaten duan bezela: zertarako ezkonduko naiz ni neskatxa gaixo orrekin bigar edo etzi alargun utzitzeko edaderik onenean?... Zein dagoan anbestean ere, andra Josefa da; eta ori ark ere bereak ikusi dituala ainbeste joan etorrikin. Lege aundia dio etxeari eta, esan oi dan bezela, da emakume on bat.

        »Berak ezer izan ezkero, ez da ez auzoan negarrik izango. Eta bazenkizu zenbat nai dizun!

        »Beti dabil, Inazio gora eta Inazio bera...

        »Eta... nola ibilli zera baztar oietan?

        —Ni, Mariya, Amerikan ongi ibilli eta ongi joan zait, baña itxasoan gaizki... Ni nere ondasun guztiakin netorren ontzia, galdu egin zan bidean, eta berakin galdu zan nere izatea. Etorri naiz joan nintzan bezelaxe...

        —Ai zer damugarria! Baña... zer egingo da! Bizirik zaude eta ori da bearrena. Ez zaite estutu orrengatikan; osasunak lagundu ezkero, ez da faltako ogi puska bat...

        »Ez dago esan bearrik... Gaur alkarrekin joango gera Anzuelara; astoa nerekin det eta aretxek eramango ditu, tresnarikan badezu. Ez da ala?

        —Milla esker, Mariya, baña lenbizi Oñatira joan nai nuke, aiek an dauden ezkero.

        —Ondo egiten dezu, Inazio, ondo egiten dezu! zergatikan nor beran odolekuari legerik ez dionari, Jaungoikoak ere ezin lagundu leioke.

        »Egia da, Patxi dala arpegira begiratutzea merezi ez duana, baña, okerrenera jo eta ere, anaia dezu, eta, len esan dedan bezela, odolak betik ezartzen du. Alferrikan da!

        »Beti oi da etxe bakoitzean txerren bat!... Mikaela bai poztuko dala zu ikusiarekin. Ez du gaixoak Patxin antz aundirikan... Ama ber bera dator ura guztian...

        Beste ordu bian ez zan geldituko Mariyan iturria, bezero bat etorri ez balitza arrautz tratura.

        —Orain ba... zer nai dezu Anzuelarako?...

        —Eskumuñak etxian, Mari, eta denboraz alkar ikusiko degu...

        Egun ura igaro zuan Inaziok bere zer egin batzuetan, eta biaramon goizean joan zan Oñatira.

        Mikaela eta Patxi biak zeuden dendan, Inazio atean agertu zanean.

        Iruren eztarrietatikan atera zan pozezko deadar bat, eta alkarri elduaz gelditu ziraden bat egiñik.

        Ezin aditzera eman litezke Patxik egin ziozkan pozkeriak, Inaziori sinistu eragin naian bere naitasuna, eta gutxiago aitortu lezake, bear dan bezela, zeiñ gozoa eta aundia zan Mikaelaren eta Inazioren biotzak betetzen zituan poza...

        Piska bat sosegatu ziradenean, Inaziok aditzera eman zien anai arrebari bere ibilleran eta bere bizi moduan joan etorriak, eta esan zien Mariyari Bergaran esan ziona, au da, bere ondasun guztiak itxasoak irintsirik, arditikan gabe zetorrela.

        Inazio izketan ari zan artean, Patxik eta Mikaelak zeukaten beso banarekin lepotikan ezarrita, baña ez al zuan Patxik aditu joan bezin aberatsa zetorrela, alderandu zan anaiarengandikan, izurriaz edo atzez beterik etorri balitz bezela Inazio. Ez zuan egin alakorikan Mikaelak, ez bada eldu zion len baño gogotiago eta estutu zuan bere anai maitea biotzaren kontra. Baña Patxik egin zion begirakuna bat, aspaldi artan beldurrez eta izardi otzez bete oi zuten begirakuna aietako bat, eta Mikaela gaixoak, zer egiten zuan ez zekiala, biotza miñez zatiturik, alde egin bear izan zuan bere animako Inaziogandikan.

        —Inazio —esan zion Patxik—. Nik naikoa egin diat orain arte, i joan intzan ezkero, gure guraso eta arrebagatikan, eta ez diat uste geiago egiteko zorian arkitzen naizenik.

        »I pobrea ba aiz, ni ere ala nauk.

        »Jan nai baduk, lana egin zak, zergatikan nik naikoa diat gure arrebarentzat eta neuretzat ogia irabaztea...

        —Ori duk esatea, Patxi, ire etxeko atea eta ire biotza itxiak daudela anaiarentzat —esan zuan Inaziok, dolorez itzik asmatu eziñik—. Patxi! Zuk zere etxetikan botatzen banazu zakur bat banitza bezela, nik billatuko dut beste etxe bat, nik nereganatuko dut nere anai madarikatuak saldu zuana, eta bertan biziko naiz nere oñazakin eta nere miserian edo nere ondasun artean...

        Eta au esanaz erten zan dendatikan, eta eskuak gurutzatuaz esan zuan...

        —Nere arrebak ere saldu nau azkenik! Ai nere Jaungoikoa! Au geiegi da nere indarrarentzako! Egin bedi zure borondatea!

        Oñatitikan Korosora dagoan bidea gora zijoan Inazio gizajoa, burua makurturik eta noizik beñean negar tantoa zeriola, oroituaz bere bakardadearekin. Eldu zanean Koroso gañera, utzirik bidea, igo zuan aren eskuiko aldetikan zegoan tontor batera, nondikan agiri zan San Blas auzera eta non ikusten zan Etxe-alai, uso zuri bat erramu tartean balego gisa.

        —O nere jaiotetxe ederra! —esan zuan Inaziok esku zapiarekin kopeta legortuaz—. Ez dago zure sukalde baztarrean ama bat negarrez, bere seme maitea urruti dalako! Ni garaitzen naizenean zure atari aurreko intxaurretara, ez du iñork egingo pozezko garrasirikan leio oietatik!...

        »Ez ama, ez aita, ez arreba eta ez anairikan ez da besoak zabalduaz antxintxika etorriko errukigarri oni laztan ematera! Ai nere Jaungoikoa! Zergatik ito ez ninduzun itxasoan nere lagunak ito zenduzen bezela? Zergatik ez dezu sortu nere biotza ainbeste zauritu baño len?

        Oñazari eutsi eziñikan, jira zituan begiak beste aldera eta... txilio aundi bat egiñaz asi zan tontorra bera, bidea gora illeak narras eta arnasaz eziñ beterik, zetorren neskatxa gazte bat besoetan estutzera...

        Neskatxa au zan Mikaela, bere animako arreba kutuna...

        —Inazio! Inazio! Nere Inazio maitea! —esan zuan Mikaelak bere anaiaren lepotikan zintzilika geldituaz eta aren paparrean arpegia ezkutatuaz—. Zurekin nai det bizi, Inazio nerea! Zuri lagundu nai dizut zure miserian, anai biotzekoa!...

        »Patxin beldurraz ez dizut jarraitu lenago, baña errukiturikan zure bakardade eta samiñarekin, indartu naiz aregandikan iges egiteko. Ai Inazio! Zer arrazoia zuan gure aita zori onekoak esaten zuanean Patxik biotz gogorra zuala!

        »Patxi aberatsa da, eta bota zaitu bere etxetikan pobrea zeradelako!

        —Ez, nere arreba maitea! Ez naiz pobrea, zuk maitatzen banazu —esan zuan Inaziok, pozez eroturik, eroturik amorioz.

        »Zure naitasuna bakarrik falta zitzaidan, arreba biotzekoa, zergatik aberatsa naiz, izugarrizko ondasunak ditut, orain artean izkutatu nai izan ditudanak, jakiteagatikan leiala ote zan nere anai arrebaren naitasuna.

        »An! —esan zuan Inaziok, beatzarekin Etxe-alai erakutsiaz bere arrebari—. Antxe biziko gerade biok, Mikaela maitea, eta nik nere maitetasun bigunarekin sendatuko ditut zure biotz gaixoak daduzkan zauritu gogorrak...

        Eta eskuak emanda alkarri, izkutatu ziraden Elosegietan barrena eta Urkillun ziar, zeruko aingeruak zalez beterik uzteko zoriyan.

 

aurrekoa hurrengoa